Archives: <span>Timeline Express Announcements</span>

Martinez de Mendaroren botozko taularen ikerketa

GORDAILUA Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak Martinez de Mendaroren botozko taularen azterketa eta esku-hartze proiektua sustatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Higigarria Zaharberritze Planaren barruan txertatuta. Antolatu dituzten jardunaldien barruan gure lankidea den Iago Irixoaren partehartzea azpimarratu nahi dugu.
Nazioarteko jardunaldi hauetan Iagok  taula honen tokiko testuinguru sozio historikora hurbilduko gaitu, bere hitzaldiaren gaia honako izango da: “Mendarotarrak, itzal handiko familia Zumaian?”
**Irudiaren jatorria: Gordailua

LUMINESZENTEAK: emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak ikusarazteko 63 historia

 

  • ‘LUMINESZENTEAK. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait’ liburu eta erakusketa homonimoak diskurtso nagusietan oihartzunik eta lekurik ez duten emakumeen testigantzak nahiz argazkiak biltzen ditu.

 

  • Igone Mariezkurrena Fernandez kazetariak eta Irantzu Pastor Ordoki argazkilariak maiz erregistrorik, neurketarik eta izenik ere ez duten bortxetan ipini dute arreta.

 

  • Liburua 2018 eta 2021 bitarte Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian elkarrizketatutako 63 emakumeren bizitza-historiek eta erretratuek osatzen dute; Farmazia Beltza argitaletxearen eskutik ikusi du argia.

 

  • Erakusketak izen bereko liburua du oinarri, testu- zein irudi-narrazioa uztartzen ditu, eta Kultura Communication y Desarrollo GGKEk antolatzen duen Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 13. edizioarekin batera aurkeztuko dute. Erakusketak Bilbon bertan egingo du aurreneko geldialdia: urriaren 9tik 26ra bitarte, Zabalguneko Eraikinean.

 

  • Aurkezpen prentsaurrekorako deialdia:
    EGUNA: 2021eko urriaren 13a
    LEKUA: Bilboko Zabalguneko Eraikineko areto nagusia
    ORDUA: 11:30ean

 

Ikasturte hasiera Getariako Liburutegian

Abuztuak 30eko astelehen hartan itzuli ginen udako oporretatik Getariako Udal Liburutegira. Jakingo duzuen bezala, abuztuan itxita egon zen eta uztailean goizeko ordutegiarekin jardun genuen. Nahiko lasaiak izan zirenez, haur eta gazte literaturako liburuak berrantolatzeko probestu nahi izan genituen egun haiek. Etortzear zegoen ikasturte berria txukun hasi ahal izateko, besteak beste.

Lehen, egilearen arabera antolatuta eta ordenatuta zeuden liburu hauek. Txukunagoa ikusi eta suertatuko zelakoan, bildumaren arabera antolatu nahi izan genituen eta horri ekin genion ekaina bukaera aldera. Liburutegiko ohiko haur erabiltzaile batzuen laguntza tarteko,  8-12 urte arteko haur-liburuen (kolore berdearekin ezaugarritu ditugunak) eta 12 urtetik aurrerako gazte liburuen (kolore horidunak) apalategiak guztiz hustu eta denontzako errazagoa eta erosoagoa suertatuko delakoan gauden antolamendu berri batekin bete ditugu berriro. Liburu bakoitza dagokion bere bildumako beste liburuekin multzokatzen aritu ginen eta bildumarik gabekoak beste guztietatik bereizten. Bakoitzari zegokion aldaketa digital eta fisikoa egin ostean, apaletara eraman genituen guztiak berriz. Kasu honetan jadanik, bildumaka antolatuta. Apalak bizitza berri bat hartu du eta esango genuke harrera ona izaten ari dela erabiltzaileen aldetik. Laguntzaile benetan finak eduki genituen prozesu honetan eta hemendik gure eskerrak bidaltzeko probestu nahi dugu.

Apalategiaren antolaketa berri honetan hurrenkera honetan kokatu ditugu liburuak: lehen lehenik, haur literaturako klasikoak kokatu ditugu. Ondoren, bildumarik gabeko aleak, (gometx marroi batekin bereizi ditugunak). Azkenik, beste liburu guztiak bildumaka eta alfabetikoki ordenatuta. Honela, bilduma bereko liburuak nahi izanez gero, denontzat aurkitzeko errazagoa izango dela espero dugu. Kuxkuxeatzera animatzen bazarete, hemen izango gara, beti bezala, zuen zain. Prozesu berbera egiten gabiltza orain 5-8 urte arteko haur liburuekin, kolore gorriarekin ezaugarrituta daudenak. Horregatik sumatuko zenituzten agian liburu hauek apur bat aldrebesatuta.

Ikasturtea ondo hasteko asmoarekin ere, erosketatxo bat egin dugu irailean. Itsasoa, mundubira, erabiltzaileen eskaerak, euskarazko literatur berritasun batzuk, Getariako “Katukale” irakurle taldean landuko dituzten eleberriak eta beste proposamen apur batzuk adin eta gustu ezberdinetarako. Etorri hauxe kuxkuxeatzera ere bai eta zure gustokoa aukeratzera.

Gainera ikasturte berriak bere sorpresak ere ekarriko ditu. Beraz… adi egon.

GALDE: Gipuzkoako Artxibozain, Liburuzain eta Dokumentazio-guneen Enpresaburuen Elkartea

Honen bidez gure arloan lanean diharduten Gipuzkoako enpresaburuen elkartea aurkezten dizuegu: GALDE, hain zuzen ere.

Lanaren nolakotasuna sustatzea dugu Elkartearen lehenengoetako helburutzat, nolakotasun hori, arrazoi desberdinengatik, gero eta gehiago lausotzen ari baita, degradazio kontzeptuala zein laboralaren ondorioz. Egoera honek lan baldintzen okertzea, intrusismoa, deslokalizazioa, profesionaltasun eskasa… sortu ditu. Enpresaburuen Elkartean profesionaltasuna sendotzearen eta lan baldintzak hobetzearen alde lan egingo dugu gure lurraldean.

Elkartea abiatu berria bada ere, herrialdeko gainontzeko enpresentzat irekia da. Hortaz, hau bide luze baten lehen urratsa baino ez izatea espero dugu.

 

Domeinu publikoko irudiaren jatorria

Komikigunea eta Luis Gasca

Aste honetan amaitu da Luis Gascaren ibilia. Beti Komikiguneari lotuta gogoratuko dugun pertsona da honakoa. Komikigunean lanean hasi ginenean ezagutu genuen, berea baitzen Aldundiak eskuratu zuen lehen komiki funtsa eta Komikigunea sortzeko ideia ere ordutik izan baitu bueltaka Gipuzkoako Foru Aldundiak.

1933an sortu zen Luis Gasca Donostian eta gaztetatik izan zuen komikiarekiko zaletasuna, baita berak hainbestetan aipatzen zuen kultura popularrarekiko  hartu-emana ere. Alegia, ipuinak, ilustraziodun liburuak, izan fikziozkoak zein erreferentziazkoak… horrelakoak biltzen hasi zen kontzientzia hartu orduko. Gainera, bere ibilbidean zehar hainbat argitaletxetan lan egin du, baita baten bat sortu eta kudeatu ere, esaterako Buru Lan edo Pala. Komiki argitaratzaile handien ondoan egon da beti, esaterako Planeta argitaletxearekin harreman estua zuen, eta horren lekuko da Pere Olivé, argitaletxe handiaren zuzendari artistikoa, bere funtsa ere Komikigunean lagatzea erabaki zuena, dagoeneko Luisek ere bere funtsa hemen zuelako.

Eta ezin aipatu gabe utzi zinema eta Luisen arteko harremana ere. Zinemaldiko zuzendari kargua betetzeraino, aktore zein zinemagileekin hainbat hartu-eman izandakoa, hainbat biografiaren sustatzaile gisa aritua eta kritikari gisa egindako hainbat lan ere burutu dituena.

Gaur egun Komikigunean dauden funtsen artean berea da handiena, bai bolumenean eta baita aniztasunean ere. Dena den, geroztik euskarazko eta bertako beste hainbat funtsekin batera (Iñaki Larrimbe, Guereñu, Fanxinoteka e.a.) penintsulan dagoen zentro espezializatuenetarikoa da egun komikiaren esparruan Komikigunea.

 

Luis Gasca egile gisa duten argitalpenak

Luis Gascaren biografia bat

Luis Gasca, in memorian

 

 

*Irudiaren jatorria: Ricardo Iriarteren argazkia (Lizentzia CC by SA 3.0)

Igantziko Udal Artxiboa, antzinetik aitzinera

XVIII. mendeko garbilekua, XVI. mendeko Piedadegainako baseliza, San Juan Xar ingurua, herrian barna sakabanatutako hainbat gisulabe,… Herriko ondarea dira, kultura, iragana, artearen eta ohituren eredu… Gaur egun ordea beren jatorrizko funtzioa galdu dute, edo lausotua dago. Dagoeneko ez dira guztiz beharrezkoak. Baina ezin dira inolaz ere erortzen utzi. Honengatik, Udalak planen bidez babestu eta zaharberritzeko proiektuak gauzatu ditu.

Orain arte, ez dira talde horretan dokumentuak sartu. Udalak, bere eguneroko jardunean mendeetan zehar sortu dituen espediente eta dokumentuak. Gorde dira eta babestuak egon dira, baina lanerako tresna izaten jarraitzen dutenez ez zaie bestelako baliorik eman. Urteak dira ordea, udal langileek egoera horretan hutsune bat somatzen dutela. Batetik praktikoa, edozeinek jakin behar du Igantziko Udal Artxiboa hemen dagoela eta kontsultatu dezakeela. Bestetik, erromantikoagoa, etorkizunera begira, zer utziko diegu herritar eta udal langileei?

Eta hala da. Udalak sortu duen eta sortzen duen dokumentazioa legearen ikuspegitik ondarea da. Eta gainontzeko ondareari ematen zaion trataera bera eman behar zaio. Igantziko artxiboan gordetzen diren azken bost mendeetako dokumentu guztiak herriko ondare dira, kultura, iragana, artearen eta ohituren eredu… Han gordetzen diren edukiek oraindik funtzio bat edo gehiago dute (informazioa, legezkoa, ikerketarako, administratiboa…).

Hausnarketa hau izan da hain zuzen azken bi urteetan udala egiten ari den lanaren jatorria. Lan honi esker udalak 2019 urtera arte sortutako edukiak artxiboan gordeak dauzka, ordenatuak eta deskribatuak, aplikazio baten bidez aurkitzeko prest. Duela 500 urtetik honako espediente eta dokumentuak babesteko eta suntsiketa eragozteko, kontserbazio arauak jarraituz egokitu ditu espediente guztiak.

Baina gainera, beste pausu garrantzitsu bat ere eman du. Artxiboaren kokapena aldatu du. Gela egokiago batera lekualdatuko ditu oraingoz ia 700 kutxa hartzen dituen funtsa. Teilatupean bereizketa bat egin eta guztiz modernizatu du artxiboa jasoko duen txokoa. Honetarako, armairu konpaktuak ere erosi ditu. Lekua probesteaz gain, dokumentuak giltzapetuta egongo dira teilatupean.

Azken urteetan udalak hartutako ardurari esker, esan daiteke Igantziko ondarea primeran babestuta dagoela!

Pertsonaien animazio tailerra Komikigunearen eskutik

Komikigunean Ereitenen eskutik burutzen ditugun katalogazio eta funtsen kudeaketa lanez gain, komikigileei bereziki, baina edozein marrazkilariri zuzendutako formakuntza saioak ere antolatzen ditugu. Aurten, pertsonaiak nola animatu eta nola erabili erakutsiko digu Unai Gerra animazioan adituak. Hauxe da ikastaroari buruzko informazio zehatza:

 

Unai Guerrak 20 urte baino gehiago daramatza grafismoan eta animazioan profesionalki lanean. Hainbat zinema eta telebista ekoiztetxe zein telebista kateetan lan egin du. Orange, Ritz, Cinfa, Sony, Heineken… bezelako bezeroentzako kanpaina handiak egin izan ditu. Animaziozko film laburrak zuzendu ditu eta telesail eta luzemetraietarako kreditu eta efektu bisual ugari diseinatu ere bai.

Tailer honetan Adobe After Effectsen oinarrizko erabilera aztertuko dugu, gure marrazkiei mugimendua emateko eta animazioak esportatzen ikasteko, eta ostera, bakoitzaren sare sozialetan erabili ahal izateko.

Ez da beharrezkoa programari buruzko aurretiko ezagutzarik izatea, baina tailerrean parte hartu aurretik, programa instalatuta izatea gomendagarria da. Era berean, kominigarria da zuen ordenagailu eramangarriak ekartzea erabiltzen duzuen marrazketa-programa eskura izateko (Clip Art Studio, Photoshop, Illustrator, Krita…).

 

Ikastaroa: Pertsonaien animazio tailerra Adobe After Effects-ekin

Antolakuntza: Komikigunea

Tokia: Koldo Mitxelenako Aretoa eta zuzenean Youtube kanaletik

Data: Maiatzak 26 eta 27

Ordutegia: 10:00-13:00

Hizkuntza: elebitan

Izen-ematea: komikigunea@gipuzkoa.eus edo 943249690

Irakaslea: Unai Guerra

Edukia:
– After Effects-en interfazea
– Animazioak egiteko oinarrizko tresnak
– Marrazketa-programan elementuen prestaketa
– Inportazioa eta geruzen erabilera After Effects-en
– Hierarkiak eta materialaren antolaketa
– Pertsonaien animazioari buruzko oinarrizko kontzeptuak
– Pertsonaien animazioa
– Timing eta loopak
– Animazioaren esportazioa

Hondarribiko Liburutegia sormen iturri

Denok dakigu liburutegietan dagoen fondo mota adina erabiltzaile daudela. Erabiltzaileek zer topatzen duten liburutegietan ez da gehienetan erraza azaltzen edota ikusten. Baina Hondarribiko liburutegian saiatuko gara. Eta helburu horrekin Liburutegia sormen iturri programa aurkeztu nahi dizuegu.

Gehienoi gertatu zaigu noizbait zeozer ikusi, entzun, usaindu eta pelikula edota libururen batekin oroitzapen bat etortzea burura. Nori ez zaio gertatu tomate orlegi frijituak, katxiporreta, ziri magikoak… entzun, eta pelikula edota liburua burura etortzea. Hori erraz ikusten da, baina beste hainbatetan konturatu gabeko zenbat gauzek izan ote dute eragina gure egunerokoan!

Izandako eragin guztiak ezinezkoa da azaltzea, noski, baina liburutegian adibide batzuk eskuragarri jarri nahi izan ditugu. Gure erabiltzaileak diren hainbat sortzailerekin harremanetan jarri gara. Eskatu diegu beraien lanen bat liburutegian jartzeko, eta gure funtsean dauden materialetatik (aldizkariak, liburuak, cdak, dvdak…) aukeraketa bat egin behar izan dute beraien obran eragina izan dutena horiek elkarren ondoan jartzeko. Hori ondo ulertzeko bakoitzaren azalpena bideo laburretan jaso dugu, horiek QR bidez eskuragarri ere jarriz. Honako hau Urtzi Ibarguenena da.

Erakusketatxoan topatuko ditugun artistak:

  • Judas Arrieta
  • Telmo Basterretxea
  • Maite Caballero
  • Sandra Cuesta
  • Rosa Gomez
  • Urtzi Ibarguen
  • Ainara Oskoz
  • Menina tailerra
  • Santamariamadalena tailerra

Programaren barruan honako ekitaldi hauek antolatu ditugu:

Maiatzaren 19an, 19:00tan, sortzaileen dokumental hauek eskainiko ditugu: Telmo Basterretxea-ren “La persona que más admiro” (Showing Film Adwards, 2016), Maite Caballero-ren “Cuéntame mas sobre tu trabajo” (Genis Rigol-ekin batera, Residencias Irudika, 2019), Sandra Cuesta-ren “Vecinos, bandurrias & güateques” (Larraitz Torres-ekin batera, 2009) eta Ane Muñoz-en “Basurdea” (2002)

Maiatzaren 21ean, 18:30etan, gazteei zuzendutako Rap tailerra eskainiko dugu Andoni Olaetxea-k (Pelax taldea) gidatuta.

Maiatzaren 28an, 18etan, Hondarribiko Alde zaharrean dauden artelan obrak ezagutzeko bisita gidatua.

* Izena ematea gomendagarria da

Hitzarmen kolektiboaren lehen urratsak

Logika kapitalista, gure egunerokoa goitik behera gidatzen duen bat eta bakarra, kaleko pertsona xumeenetik gutako bakoitzaren eskubide eta ongizateaz arduratzen direla dioten erakunde publikoetaraino. Eskubideak. Ongizatea. Ahoa betetzen duten hitzak poltsikora begiratu bitartean noski, nola bestela?

Artxibo, liburutegi eta museoetan mugitzen gara ereitendarrak, nahiz eta bestelako zenbait txangurrotan aurkitzea arraroa ez izan. Gure lan mundu txiki honetako baso zakar eta ilunetan urte dezente daramatza Ereitenek argi pixka baten bila. Arautu gabeko iluntasunean argiaren bila. Urteetan zehar bila ibilita, azkenean konturatu gara argia bilatzerik ez zegoela, argia bera existitzen ez zelako. Argia eskaini behar zutenak ustelduta zeudelako.

Egoera honen aurrean, argia sortzeko erabakia hartu dugu langileok, gure lurraldean lan baldintza duin batzuen alde, gure eskubideak eta ongizatea bermatuko dituen sektoreko hitzarmen kolektibo baten alde.

Aste honetan sortu dira lehen argi izpiak, sektoreko hitzarmen kolektibora bidean Ereiteneko hauteskunde sindikalak ospatu baititugu. Bertan LABeko hiru ordezkari aukeratu eta argi izpi gehiagoren bila pausoak emateari ekin diogu. Bilaketa Ereiteneko lankideok antolatu dugu, lankideok baikara protagonistak eta gurea baita iniziatiba. Hauteskundeetan izandako parte hartze altuak erakusten du lankide guztion atxikipena ekimen honekiko, guztion elkarlanerako grina eta konpromisoa agerian utziz.

Zeroren ‘Armadiloaren igarkizuna’

Zerocalcare

Armadiloaren igarkizuna

Koldo Izagirrek euskaratua

140 orrialde

Farmazia Beltza, 2021

15 €

ISBN 978-84-123140-0-7

 

 

Euskarara orain ekarri dugun Zerocalcareren komikia haren lehen lan luzea izan zen. Italiako komikiaren aro berria zenbatzeko unitatea da lan hau; horrela, lehen argitaratzetik ehun eta hirurogeita hamar mila ale pasa dira dagoeneko (itzulpenak aintzat hartu gabe).

 

Italiako komikigintza eraldatzeaz gain, marrazkilariaren bizitza ere errotik aldatu zuen liburu honek: Zerobersoaren, Zeroren unibertsoaren jaiotza-eztanda izan zen hura. Horregatik ere, lehen lana izanagatik ere, orain arte euskaraz ezagutu dugun oso bestelako Zerocalcare topatuko dugu hemen.

 

Euskarazko edizioan italierazko La profezia dell’armadillo Artist Editon delakoaren azala aukeratu dugu, bai eta BAO argitaletxearen buru Michele Foschiniren hitzaurre propioa txertatu ere.

‘Ametsen portua’, Pasaia eta zinema lotzen dituen liburua

Koldo ALMANDOZ

Ametsen portua

Pasaia: Udala, 2020

(Zabaldiya bilduma, 6)

 

 

Liburuaren aurkezpena Pasaian:

Martxoaren 17an, asteazkenarekin, 19.00tan

TRINTXERPEko liburutegian

 

 

1918an eta Musidorak zuzenduta. Horixe da Pasaian grabatu lehen filma.

Hollywooden ametsen lantegia bataiatzen zen urtean.

Eta Musidora mitikoaren zuzendaritzapean.

Euskal Herrian grabatu lehen filma?

Harrapazak/n!

 

Pasaiako enegarren bitxikeria izan beharrean, Pasaia eta zinemaren arteko harremanak mende oso bat jada bete duela uzten du agerian.

Paisaia eta bizimodua, natura eta industria… arrazoiak binaka datoz.

Herri modernoa, jendarte modernoa, aisialdi modernoa eta industriala. Ez da harritzeko.

Egun, zinema aretorik ez; bai, ordea, euskal zinemagintzaren egoitza nagusienetakoa.

Hau, jakina, oharkabean.

Koldo Almandozen lan hau ez da solik ederra; ongi dokumentatua da gainera. Liburua izatearren, etorkizuneko badia amesteko film ona ere bada.

Erreferentziazko liburuen antolamendu berria Getariako liburutegian

Liburutegi guztietan egoten dira erreferentziazko liburuak deitzen ditugunak. Gaiak landu eta mundua ulertzen laguntzen digutenak dira baina, ez-fikziotik. Ikasketetarako, ikerketarako edota kontsultarako erabili izaten ditugun horiek.

Material mota hau badugu Getariako liburutegian ere bai, noski. Bai heldu eta haurren gunean. Eta ikusiko zenuten bezala, helduen gunekoarekin gora eta behera gabiltza azkenaldian. Izan ere, Getariako liburutegiak atal honetan dituen liburuentzat sailkapen edo antolamendu berri bat sortzen aritu gara iazko otsailetik. Bertan ditugun gai guztiak modu sinple eta errazago batean islatzen lagunduko digun antolamendu bat diseinatu nahi izan dugu. Baita, gero, eduki zehatzen bat topatzerako garaian, bidea erraztuko digun bat. Funtsa eta liburutegi berari Getariako nortasuna indartu nahi izan diogu ere bai. Horregatik, Getaria herri bezala ezaugarritu dezaketen gai batzuk lehenetsi egin ditugu.

Hortaz, bi ideia nagusi hauetatik abiatuta, bi bloke edo multzo nagusitan antolatu dugu funts osoa. Lehenengoa eta lehentasuna eman nahi izanagatik, Getaria munduan deitu dugu (oraindik honekin dihardugu) eta bertan Getaria eta Urola Kostari buruz jakintza ezberdinetatik idatzi diren lanak, Getariako sortzaileen lanak eta Getaria bera herri bezala ezaugarritzen duten hainbat gai eta hauen azpigaien materiala bilduko dugu. Hala nola Itsasoa, Bidaiak eta abenturak eta Migrazioa. Juan Sebastian Elkano eta berekin egon ziren guztien arrasto bidaiari eta abenturazalean eta honek guztiak eragin ditzakeen hausnarketetan oinarrituta, gehienbat. Migrazioa eta Mundu egoera atalak lehen multzo honekin lotu nahi izan ditugu ere bai. Izan ere, bidaia eta abenturek lehengo eta egungo migrazioez pentsatu eta hausnartzera bideratu gaitzakete eta migrazioaren gaiak aldi berean, mugimendu migratorioen arrazoietan hausnartzen gelditzen bagara, unean uneko mundu egoeraz pentsatu eta hausnartzera bideratu. Mundu-biraren ideiak berak ere, egungo munduaren nolakotasunaz galdetzera eraman gaitzake.

Bigarren multzoa, (eta mundu egoeraren haria jarraituta) jadanik bukatuta duguna, Euskal Herria eta inguratzen gaituen mundua deitu dugu eta bertan liburutegian ditugun beste gai guztiak eta hauen azpigaiak barne-bildu ditugu. Gure inguru eta mundua ulertzeko ere ezinbestekoak. Hementxe topatuko ditugu besteak beste: Euskal Herriko eta hemendik kanpoko lan munduaz, genero desorekaz, hizkuntzaren mundu eta aniztasunaz, usadio eta folkloreez, historiaz, hazkuntzaz eta hezkuntzaz, elikaduraz, osasunaz, aisialdiaz, sormenaz edota bere osotasunean bizitzaz hausnartzen lagundu diezaguketen materialak.

Ezagutzaren antolamendu honen bidez, munduan zehar murgiltzeko, bidaiatzeko, erantzunak topatzeko (edo nahiago baduzue, galtzeko) modu berri bat proposatu nahi izan dizuegu, funtsean. Helduleku bat eman. Liburutegietan azkenean, hori guztia egiten baitugu, ezta? Animatu zaitezte, hemen izango gara eta.

Alazne Madinabeitia

‘Komikia generoka’ erakusketa Koldo Mitxelena liburutegian

Gipuzkoako Aldundiaren Koldo Mitxelena Liburutegian (Donostian) Komikiguneak prestatutako erakusketa berri bat dago ikusgai. Bertan ‘Komikia generoka’ izenburupean, komiki zahar zein berrienen artean, generoka sailkatutako atal batzuk daude erakus-mahaietan ezarrita. Hauxe da erakusketaren haria:

Komikiak irudia oinarri duten kontakizunak dira. Zineman, literaturan edo beste medio batzuetan gertatzen den bezala, generoka ere sailka daitezke komikiak. Generoen sailkapena egiterakoan, nagusiki komikian jorratzen den gaia kontuan hartzen bada ere, ez da hau  elementu bakarra: irudien tratamendua, hau da, grafismoa, estiloa edota argia ere esanguratsuak dira genero bakoitzean. Sarritan genero bakoitzak, istorioak bere modu propioan kontatu ohi ditu. Esaterako, beldurrezko komikietan kolore ilunak nagusitzen diren bitartean, abenturetako komikietan kolore sorta biziago bat topatu ohi da.

Liburutegian 20 genero inguru bereiztu eta identifikatu ditugu: zientzia fikziozkoak, historikoak, umorezkoak e.a. Erakusketa honetan guztien artetik erreferentziazko genero multzo bat aukeratu dugu, batzuk oso potolo eta esanguratsuak dira, eta beste batzuk bitxi eta txikiagoak.

Genero bakoitzari eskaini zaion esparruan honakoa ikus daiteke: genero bakoitzeko komiki zaharrenetarikoak zein berrienak, hizkuntza bat baino gehiagotan, formatu anitzetan, bertan ekoitziak zein kanpokoak.

Koldo Mitxelena Liburutegia

2021-01-21 / 2021-02-13, Liburutegiko 1. solairuan
Astelehenetik ostiralera: 08:30-20:30
Larunbatetan: 08:30-14: 00

 

 

Ereitenen ere euskaraz GEHIAGO, GEHIAGOREKIN , GEHIAGOTAN

Aurten Euskaraldiko 2.edizioa tokatzen da, gaur bertatik hasiko dena 15 egunez abenduaren 4ra arte. Aurtengo edizioak berritasun bat izan du, hauxe: norbanakoez gain, elkarte edo entitate ezberdinek ere izena eman zezaketela. Izen emate mota hau egiteko baldintzetako bat, entitateak behintzat arigune (euskaraz lasai aritzeko guneak) bat edo bi izatea izan da. Euskaraldiko Koordinazio Orokorrak emandako datuen arabera, Euskal Herri osoan 6.700 entitatek eman dute izena eta hauetan guztietan 25.000 arigune inguru egongo omen dira/gara.

Ereitenen ekimenari gure atxikimendu eta babesa eman eta hizkuntza ohiturak euskararantz oraindik eta gehiago eraldatzeko  erronkarekin bat egin nahi izan dugu. Beraz, 6.700 horien artean gaude ere bai. Gure izen-emate eta atxikimendua Orereta-Errenteriko Euskaraldiko batzordetik egin dugu zehazki, han baitugu egoitza nagusia. Bertan beste 39 entitatek ere  eman dute izena.

Ereiten bera bere osotasunean jadanik badenez euskaraz aritzeko gune bat, lantegi osoa arigune gisa identifikatu gara. Hortaz, bertako lan eremu guztiak, Euskal Herriko toki ezberdinetan sakabanatuak, arigune  izango dira/gara. Hala izango garela ikusgarri egin eta bertako langile guztiak ahobizi  zein belarriprest izango gara.  Beraz, 15 egunez Euskaraldiko aurtengo lemarekin bat egin eta gure ohiturak barne zein kanporantz euskararantz gehiago nola aldatu ditzakegun deskubritzeko aukera izango dugu.  Eta ahal dela, hauek betirako eraldatu.

Beraz, aurten, euskararentzat ere urte zaila suertatzen ari den honetan, Ereiten-en ere are arrazoi gehiagorekin: euskaraz GEHIAGO, GEHIAGOREKIN eta GEHIAGOTAN. Gogoratu, ez da hizkuntza gaitasun kontua, jokabide kontua baizik.

Eta… inork oraindik egitasmoan izenik eman ez badu, jakin Euskaraldiko  Koordinazio Orokorrak belarriprest zein ahobizi izateko izen emate epea azaroak 24ra arte zabalduta mantenduko duela. Hemen izena emateko esteka.

Euskaraldi on!

Igantziko eta beste zenbait artxibotako harribitxien ingurukoak

Erran.eus-ek Ereiteneko bi langile elkarrizketatu ditu Igantziko artxiboan topatutako agiri bat aitzakitzat hartuta. Hauxe da egin dieten elkarrizketa.

Ereiten enpresako Amagoia Piá eta Beñat Ziarra historialariak artxiboen antolaketan espezializatuak dira. Bertze zenbait herriren artean Igantziko artxiboa eguneratzen ari dira.

Zein da egiten ari zareten lana?

Une honetan Igantziko udal artxiboa eguneratzen ari gara. Hau da, artxibo gelan dagoen informazioa antolatzen ari gara, edozein kontsulta eginez gero, informazioa azkar batean topatu ahal izateko.

Bertze nonbait ere aritu zarete?

Bai, Euskal Herrian zehar toki askotan; batez ere Gipuzkoan. Nafarroan Baztanen izan gara; une honetan, Igantzin ez ezik, Lesakan, Arantzan eta Uxuen ere dihardugu.

Egin dituzuen lanetan, zein izan da aurkitu duzuen dokumenturik bereziena edo arraroena?

Zaila da dokumentu bakarra aukeratzea. Asko dira edukiagatik, baliogatik edo momentuagatik gogoratzen ditugunak. Aukeratzen hasita aipatu ditzakegu Asteasuko Artxiboan gordeta dauden XVII. eta XVIII. mendeetako auziak (irainak, erailketak, bortxaketak, lapurretak,…), Baztanen dagoen auzi batetan aurkitutako karta-jokoan aritzeko karta bat (tranpatan omen zebiltzan), Uxueko liburu batean ikusi ditugun marrazkiak (XVIII.mende bukaerako janzkera jasotzen dutenak).

Hemen Igantzin, zein dokumentu iruditu zaizue bitxiena?

Igantzin azken hogei urteetako dokumentazioarekin lanean gabiltzan arren, beti aurkitzen dugu tarte bat artxiboko dokumentu historikoak irakurtzeko. Honela, ikusi dugu 1566. urtean latinez eskuz idatzitako zor baten inguruko gutun bat (honi buruz artikulua idatzi zuen gure lankide Olatz Etxeberriak). Badago 1816. urte inguruan Berrizaun zubia berritu zeneko espedientea, benetan interesgarria edukiengatik: planoak, langileen soldatak, eraikitzeko baldintzak,… Nabarmentzekoak dira XX. mendeko lehenengo erdialdeko jaien inguruko edukiak ere, neska-mutilak hurbilegi dantzatzearen inguruko gutuna, 1925. urteko jaietako programa (zaldi lasterketa eta guzti!),…

Zerbait gehiago aipatu nahi baduzue…

Artxiboak antolatzea eta informazioa eguneratua izatea funtsezkoa da bertze ekimenak abiatu ahal izateko. Lehenik eta behin, udalaren zein auzokoen eskubide eta betebeharrak aldarrikatzeko eta gauzatzeko; gardentasunarekin bat egiten du horrek. Bigarrenik, tokiko komunitateen sena indartzeko, herrien bilakaera laguntzen baitu honek. Biek ala biek etorkizunari so egiten diote, iraganean eta orainaldian abiatu arren. Horregatik da garrantzitsua.

*Irudiak eta testua Tipi-Taparenak dira

Nazioarteko Liburutegi Eguna Getarian

Bere txikitasunean, herriko liburutegia etengabe eraldatzen ari da.

 

Liburutegia berdintasunean erabiltzeko gunea da, ikastea, irakurtzea, sortzea… mundua hobeto ulertzeko gunea.

 

Pandemia garai honetan, aisialdia, informazioa, kultura eta bilgune segurua, dena batzen du. Beti ere babes neurriak barneratuta.

 

Nazioartean ospatzen den liburutegiaren eguna den honetan, gazteentzako irakurgaiak berritzeko eta irakurketa berriak ekartzeko esfortzua egin du udalak. Gazteen irakurzaletasuna eta jakin mina helduen gustuen arabera  beharrean, gazteen gustuan oinarrituko bagenu?

 

***Orri-markatzaile berriak egin ditugu eta zatoz zurearekin bila!

Nazioarteko Liburutegi Eguna Hondarribian

Urriaren 24an Nazioarteko Liburutegi eguna da. Hondarribiko Liburutegian data hori ospatzeko hainbat ekintza, ekitaldi, edota proposamen landu ditugu.

Aurtengoa desberdina izango dela kontuan hartu dugu, eta antolatutakoak segurtasun neurriak beteko ditu.

Liburutegian sartzearekin batera Bidaia agentzia topatuko dugu. Erabiltzaileak nora bidaiatu nahi duen aukeratu ahal izango du, eta horretarako bidaia txartela izango du eskuragarri. Horren atzean dagoen liburuak edota pelikulak bidaiatzen lagunduko die erabiltzaileei.

Topatuko dugun hurrengoa Erakusketxoak izango dira, bi izango ditugu:

– Erabiltzaileek utzitakoak: Erabiltzaileek dokumentu barruan utzitako gauzekin: marrazkiak, bidaia txartelak, errezetak…

– Liburutegietako orri markatzaileak: hainbat bitxikeri bildu ditugu azken urteetan

Putzuaren inguruan Liburutegia gaia edota aipatzen den dokumentuen bilduma jarriko dugu denon eskuragarri mailegurako prest.

Urriaren 21ean 17:30tan Haurren ipuin kontalaria izango dugu Lupe Lekuonarekin. Haur liburutegian izango da. Edukiera mugatua izango denez aurretik izena ematea gomendatzen da.

Urriaren 23ean 19:00tan 16 urtetik gorako ipuin kontalaria izango dugu Joxemari Carrererekin. Haur liburutegian izango da. Edukiera mugatua izango denez aurretik izena ematea gomendatzen da.

Urriaren 24an Liburutegia kalera. Goizean zehar San Pedro kalean egongo da Liburutegia. Honekin gure liburutegiak ateak zabalik dituela adierazi nahi dugu, eta gu ere erabiltzaileengana hurbiltzeko gogoz gaudela. Postuan maileguak eta bazkide berriak egiteko aukera izango da (eguraldiaren baitan).

Maite Caballerok egindako orri-markatzaile berriak denon eskura izango dira.

Eta sare sozialetan aste osoan zehar erabiltzaileei galderak egingo dizkiegu.

Ondo ospatu Liburutegi eguna!

Udazkena ere amaitzear da Usurbilen (Harria Hitz)

Hormekdiote, Adiorikez, HarriaHitz. Itxuraz elkarrrekin zerikusia ez duten ekimenak badira ere, ardatz bakarra dute: errealitatea eta gizartea arte-adierazpenaren bidez ulertzea eta komunikatzea.

 

Artista ugari ezagutu dugu haien baitan. Beren-beregi sortutako arte piezak, ala aurretik sortuak eta orain ehun berara ekarriak; irauteko eginak ala unean une errepresentatuak. Ondare bihurtzeko bidean ala galkorrak. Artea bere inguru hala sozialean nola estilistikoan ulertzen ikasi dugu. Baina, batez ere, arte lanak berak esanahi bat duela, hausnarketa baten emaitza dela; mezu bat konpartitzeko beharra azaltzen duela. Ateak dira arte lanak. Pasabideak.

 

Orain, baina, aurtengo sasoia ixtear da Usurbilgo Harria Hitz. Kultura herritartzen, artea ulerkorra egiten, artearen atea birakaria bihurtzen maisu diren Xabier Gantzarain eta Ismael Manterola gidatuta.

 

Harria Hitzen arlo bat baino ez da hau. Usurbil ezagutzeko bide gehiago daude oraindik. Alta, bisita hau da tokikotasuna eta unibertsala, tradizioa eta abanguardia hobekien lotzen dituena. Landa eremuan goi mailako arte garaikidea. Herria zein herria ezaugarritzeko balio duena. Herri errelatoa sortzeko tresna.

 

Era berean, aisialdia, slow bizimodua eta tokiko ekonomia saretzeko aitzakia paregabea.

 

Oraingoan gidari bereziak izango ditugu gainera udazkena ezin hobeto agurtzeko, Xabier Gantzarain eta Ismael Manterola. Bisita hau Ondare jardunaldien baitan antolatua da.

 

Urriak 24, larunbata. Egitaraua:

12:00 Usurbilgo frontoian elkartu

12:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean.

13:00 Amaiera

16:00 TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokora bisita

 

Bisitaren prezioa 5€koa izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.

Izen-ematea: aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (15 lagun, gehienez), 688 81 80 17 edo info@kultour.pro

Harria Hitz bisita Zirriborroren laguntzaz

Kalean, guztiona den espazio irekian, artea sortzeko ekitaldia eskeintzen dizuegu! HARRIA HITZ bisitarekin batera artea bizi bizi marrazketaren bidetik!

HARRIA HITZ ibilbideak euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu eta hortarako herrian ikus daitezkeen zenbait elementu ezagutuko ditugu bisitan: Dema Plaza, Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura, Jose Luis Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Alejandro Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua…

EGUNA ETA ORDUA: Urriak 10, larunbata, 11:00

EGITARAUA:

11:00 Usurbilgo frontoian elkartu
11:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean + ZIRRIBORRO
12:00 Amaiera

INFORMAZIOA ETA ERRESERBAK: 688 818 017 / info@kultour.pro

Bisitaren prezioa 5€koa izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (15 lagun, gehienez).

Harria Hitz bisita irailaren 26an

HARRIA HITZ bisita gidatu berri baten proposamena duzue honakoa. Udazkenari begira sorpresa eta ekitaldi berriak prestatu ditugu zuentzat, laster izango duzue berri gehiago. Larunbat honetan, goizeko 11:00etatik aurrera, HARRIA HITZ bisita gidatua eskainiko dugu Usurbilen.

Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen adibide garbia da Usurbil. Herriaren euskal arte eta sorkuntzarekin. konpromezua beti izan da senda. Inon baino hobeto islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda eta horren ondorena ere.

HARRIA HITZ ibilbideak euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu eta hortarako herrian ikus daitezkeen zenbait elementu ezagutuko ditugu bisitan: Dema Plaza, Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura, Jose Luis Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Alejandro Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua…

EGUNA ETA ORDUA: Irailak 26, larunbata, 11:00

EGITARAUA:

11:00 Usurbilgo frontoian elkartu

11:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean.

12:00 Amaiera

HIZKUNTZA: Azalpenak euskaraz emango dira

INFORMAZIOA ETA ERRESERBAK: 688 818 017 / info@kultour.pro

Bisitaren prezioa 5€koa izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (15 lagun, gehienez).