Tag: Ormaiztegi

Artxiboak

Ormaiztegi, Goierriko turistak eta luxua aurreko mendean

1900 urtea Goierrin. Donostiatik ordu betera, Zumarragatik 8 kilometrora. Zalgurdi bidezko zerbitzuaren edota trenaren bitartez Ordiziako eta Tolosako azokak zein Loiolako Santutegia bisitatzeko leku ederrean.

Garaiko propaganda liburuxken arabera, Espainia mailako ur sulfurosodun bakarra, non manganeso oxidoa burdinarekin eta gas sulfhidrikoarekin konbinatuz gaixotasun ugariren suspergarri ezin eraginkorragoak eskaintzen zituen. Azaleko gaixotasunak; neurastenia; klorosia; sudur, faringe eta laringeko gaixotasun kronikoak; bronkitis kronikoak; biriketako katarroak; eta bihotzeko gaixotasunak.

Herriaren ondoan, biaduktuaren edo zubi famatuaren oinean eta trenbideko geltokitik gertu. Sendatzeko eta jolasteko zentro orori zegozkion eta bainulariaren bizitzarako egokiak ziren gela guztiekin; lehen mailako jantoki dotorea, ehun pertsonarentzat, luxuz apaindua; beste jantoki berezi bat, hogei pertsonentzat; eta bigarren mailako bat, hogeita hamar lagunentzako; tertulia eta dantza areto zabala, pianoarekin; kapera; kafetea; irakurketa aretoa, iritzi eta probintzia guztietako egunkariekin; billar-mahaia, joko lirikoetarako mahaiak, etab. Erosotasuna, garbitasuna eta tratu arduratsua.

Gelak zabalak, erosotasuna eta erraztasuna, dena batera. Guztiek aireztapen bikaina eta haranaren gaineko bista ederrak.

ORMAIZTEGIKO BAINUETXEA. 1854 urtean eraiki eta 1964 urtera arte egon zen martxan. Egun, ur sufretsuen putzua besterik ez da zutik geratzen, bizilagunen artean Urbeltza izenez ezagutzen dena.

Artxiboak erakusten du bisitari (gaixo) ugari jasotzen zituela bainuetxeak udako sasoian. 1900eko irailaren 30ean datatutako bisitarien zerrendan ikus daitekeen moduan, bisitari gehienak Euskal Herritik zetozten (%80), nahiz eta espainiar dexente ere jaso ziren (%19). Deigarriena nazioartetik jasotako bisitariak ziren, agirian aztertzen den urtean Paristik zetozenak. Paris, maitasunaren eta luxuaren hiria.

Agiria ikusita, zenbait ondorio atera daitezke. Alde batetik, Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera 1900 urtean 639 biztanle zituen herri batek udan zehar 377 turista jasotzen zituela jakiteak, Ormaiztegi garai hartako Goierriko gune turistiko garrantzitsuenetako modura kontsideratzera behartzen gaitu. Bestalde, gune turisitikoaren mailaren inguruko ideia bat ere atera daiteke. Argi uzten da bisitarietatik bat bera ere ez zela txiroa, normala dena, liburuxketan egiten ziren eraikinaren deskribapenek ez baitirudi edonorentzako instalazioak eskaintzen zituztenik.

Hau ikusita, zalantzarik gabe esan genezake 1900 urtean Ormaiztegi goierriko luxuzko gune turistiko garrantzitsua zela.

Bainuetxea eta biaduktua. Duela urte batzuk Goierriko Hitzan aipatu zuten moduan, Ormaiztegi goierriko Paris txikia.

Xabier Etxeberria

*Ormaiztegiko bainuetxea (Gipuzkoa). 1900eko denboraldi ofizialean bildutako gaixoen egoera. Iturria: Ormaiztegiko Udal artxiboa.