Eta dagoeneko lau urte Hondarribiko Liburutegian!

Liburutegi eguna nazioarte mailakoa da eta urriak 24ean ospatzen da 1997tik. Egun honen oinarrian Sarajevoko Liburutegiaren efemeridea dago (izan ere, urriak 24 batean, 1992koan, guztiz suntsitua izan zen Balkanetako gatazka eta gerretan) eta Sarajevokoa bera eta munduko beste liburutegi mota guztiak omentzeko hasi zen ospatzen. Liburutegi guztiei merezitako aitortza egiten die, bakoitzak munduko bere  txokotik ezagutza eta kultura jendarte guztiaren eskura ipintzeko gauzatzen duten jardun anitzagatik.  Aurtengo lema “Liburutegiak: irakurtzea, ikastea, deskubritzea” da eta liburutegiek euskarri eta ekintza ezberdinen bidez, kultura, mundu ikuskera eta ezagutza anitzak zabaltzeko gauzatzen duten ezinbesteko paper hori aldarrikatu eta aitortu nahi du.

Liburutegien Nazioarteko eguna  Getariako herri liburutegiaren eguna ere bada, noski. Hemen ere bagara eta ahal dugun heinean izan nahi dugu, ezagutza eta mundu ikuskera anitzak euskarri ezberdinen bidez jendarte guztiaren eskuragarri ipini nahi dituen topaleku libre, anitz eta ireki bat. Horregatik guztiagatik, egun berezi hau ospatu egin nahi dugu hemen ere bai.

Getariako liburutegiak hain justu, itsasoa du gai ardatzetako bat. Beraz, Liburutegien Eguna itsasoko animali eta ekosistemak batez ere landuz ospatzea pentsatu dugu. Eta hauxe hain justu ere, jolasaren euskarria erabiliz egitea. Itsasoa lantzeko balio duen material bibliografiko ezberdina erakusgai eta erdigunean jarriko dugu ere bai eta ordenagailua egun batez behintzat ahal den heinean aisialdirako ez-erabilgarri ipintzea ere pentsatu dugu. Mahai jolasak erdigunean kokatzeko eta pantailekiko adikzioa pixka batean arintzeko.

Beraz, hauxe da Liburutegien Egunarekin bat egiteko Getariako Udal Liburutegian egingo duguna:

ZER Itsasoko ekosistemak lantzeko balio duten mahai jolasen saio bat. Beste jolas batzuk ere izango ditugu.
NON Getariako Udal Liburutegian
NOIZ Urriak 22an, ostirala, 17:30etatik aurrera
NORENTZAT 6 urtetik gorakoentzat. Txikiagoak heldu batekin egon beharko dira. Izen ematea gomendagarria izango da:

liburutegia@getaria.eus edo 943 896147