Komikigunea eta Luis Gasca
Aste honetan amaitu da Luis Gascaren ibilia. Beti Komikiguneari lotuta gogoratuko dugun pertsona da honakoa. Komikigunean lanean hasi ginenean ezagutu genuen, berea baitzen Aldundiak eskuratu zuen lehen komiki funtsa eta Komikigunea sortzeko ideia ere ordutik izan baitu bueltaka Gipuzkoako Foru Aldundiak.
1933an sortu zen Luis Gasca Donostian eta gaztetatik izan zuen komikiarekiko zaletasuna, baita berak hainbestetan aipatzen zuen kultura popularrarekiko hartu-emana ere. Alegia, ipuinak, ilustraziodun liburuak, izan fikziozkoak zein erreferentziazkoak… horrelakoak biltzen hasi zen kontzientzia hartu orduko. Gainera, bere ibilbidean zehar hainbat argitaletxetan lan egin du, baita baten bat sortu eta kudeatu ere, esaterako Buru Lan edo Pala. Komiki argitaratzaile handien ondoan egon da beti, esaterako Planeta argitaletxearekin harreman estua zuen, eta horren lekuko da Pere Olivé, argitaletxe handiaren zuzendari artistikoa, bere funtsa ere Komikigunean lagatzea erabaki zuena, dagoeneko Luisek ere bere funtsa hemen zuelako.
Eta ezin aipatu gabe utzi zinema eta Luisen arteko harremana ere. Zinemaldiko zuzendari kargua betetzeraino, aktore zein zinemagileekin hainbat hartu-eman izandakoa, hainbat biografiaren sustatzaile gisa aritua eta kritikari gisa egindako hainbat lan ere burutu dituena.
Gaur egun Komikigunean dauden funtsen artean berea da handiena, bai bolumenean eta baita aniztasunean ere. Dena den, geroztik euskarazko eta bertako beste hainbat funtsekin batera (Iñaki Larrimbe, Guereñu, Fanxinoteka e.a.) penintsulan dagoen zentro espezializatuenetarikoa da egun komikiaren esparruan Komikigunea.
Luis Gasca egile gisa duten argitalpenak
Luis Gascaren biografia bat
*Irudiaren jatorria: Ricardo Iriarteren argazkia (Lizentzia CC by SA 3.0)