Archives: <span>Timeline Express Announcements</span>

Getariako Liburutegia irekitzea eta erabilera neurri berriak

Martxoaren 12an jende-aurrerako zerbitzua eten egin genuen Getariako liburutegian eta ateak irekitzeko aukera hemen dugu berriro azkenean. Ekainak 1a dugu irekitzeko data. 

Edozein kasutan (eta oraingoz) zerbitzu mugatu baten aurrean egongo gara. Koronabirusa oraindik gure artean dabilen honetan, funtzionatzeko modua eraldatu behar izan dugu eta errespetatu beharreko araudi berri bat sortu. Denborak aurrera egin ahala  gure zerbitzua berreskuratzen eta berregituratzen joango garela espero dugu. Zalantzarik ez dugu zuen laguntzarekin eta denon artean ongi egingo dugula.

Getariako liburutegirako erabilera neurri hauek finkatzeko iturri ezberdinetan oinarritu gara. Gehienbat Eusko Jaurlaritzak eta OSALAN-ek liburutegiak irekitzen direnerako sortu duten protokoloan, ALDEE elkarteak sortu duen gidan eta IFLA nazioarteko elkarteak finkatutako neurrietan. Guztia Getariako Udalarekin elkar adostuta. Hemen doaz:

  • Irekiera ordutegia. Ohi bezalakoa: 17.00-20.00
  • Ezer ikutu aurretik eskuak garbitu. Garbigarria liburutegi barruan eskura izango dugu

 

  • Kultur Etxean sartzerakoan pertsonen arteko distantziak  (bi metro) errespetatu eta zuen artatze-txanda izan arte itxaron. Lurrean X-az markatu dugu zain non egon zaitezketan jakiteko

 

  • Barruan ahoa eta sudurra estaltzeko maskara janztea beharrezkoa izango da

 

  • Erabiltzaileek banaka etorri beharko duzue. Menpekotasun kasuan izan ezik.

 

  • 14 urtetik beherakoek familiako nagusi batekin etorri  beharko duzue egoera hau mantendu bitartean

 

  • Oraingoz maileguak eta itzulketak  bakarrik egin daitezke liburutegian.  Hau da, aleak etxera eramateko etorri. Edo etxean dituzuenak itzultzera. Ezingo da bertan geratu marraztera, aleak eta prentsa kontsultatzera, irakurtzera, ordenagailuan egotera, kultur ekintza presentzialak gauzatzera,…  eta abar

 

  • Itzultzeko dituzuen aleak liburutegiko sarreran espreski ipiniko dugun “itzultzepenen kutxa”-n utzi

 

  • Liburutegiko aleak ezingo dira oraingoz ikutu. Beharrezkoa duzuena liburutegiko arduradunari eskatu eta berak emango dizue

 

  • Behar duzuena aldez aurretik guri eskatzea gomendatzen dugu. Horretarako, nahiko zenuketena  telefonoz edo emailez eskatu eta guk prest dugunean bila etortzeko abixatuko dizuegu. Nahi duzuena libre dagoen jakiteko katalogoan kontsultatu dezakezue. Edo bestela, gurekin harremanetan jarri:

 

  • Mailegatutakoak etxera eramateko poltsa bat ekarri 

 

  • Ikasteko gela ez da erabilgarri egongo

 

  • Komunak ezingo dira erabili

Azpimarratu nahi genizueke ere, lasai etortzeko, herri liburutegia toki segurua dela. Eremua garbi mantendu dugu berrogeialdian zehar eta jende-aurrera irekitzeko gauden honetan, bertako arduradunek zainketa horrekin jarraitzeko baliabideak baditugu gurekin. Eusko Jaurlaritzak markatu digun protokoloa jarraitu eta denok babesteko neurriak hartzen jarraituko dugu.

Ikusten duzuen bezala, gure jende-aurrerako zerbitzua oso mugatuta egongo da oraingoz. Baina gogoratu liburutegiak normalean ez direla liburuz betetako eta mailegutarako eremu soilak. Badirela sorkuntzarako, ezagutzak elkartrukatzeko, jolastuz ikasteko, ikuspegi ezberdinak ezagutzeko… herri-eremuak. Eta Getariako liburutegian horrelakoak izaten jarraitzeko asmoz bagaude. Oraingoz behintzat, beste modu batez izan beharko da. Izango duzue gure berri…

Eta esaterik ez dago, edozein zalantza, kontsulta…eta abar, jarri gurekin lasai harremanetan. Aldez aurretik mila esker.

GETARIAKO UDAL LIBURUTEGIAren oharra, Getariako Udala eta Ereitenen artean burutua.

Irudiaren jatorria: www.getaria.eus

Pezeratik gure etxeetara

Duela bi hilabete baino gehiago gure ohiko lantokia utzi behar izan genuen “telelana” egiten hasteko, egun batetik bestera antolatu behar izan genuen etxetik lan egiteko, zer eta nola egin, nola burutu planifikatuta zeuden hainbat gauza, eta nola antolatu elkarren arteko komunikazioa… horretan ari gara eta horrela jarraituko dugu ez dakigu noiz arte; bakoitzak, etxean, bere txokoa bilatu eta egokitu dugu, ahal den neurrian, lana burutzeko eta, taldean aritzeko.
Bi hilabete hauetan, gutako bakoitza bere arloan, gauza asko egiten ari da, katalogazioan, artxiboan, datu-baseetan, eta edukien aukeraketan eta osaketan. Hona hemen egindakoa, laburbilduta:

– Bilduman:
Katalogatzen jarraitzen dugu, noizbehinka Ubikera joaten gara materialaren bila, eta katalogoa elikatzen segitzen dugu: Artelekuko bilduma, azken iritsitako berriak, Zinemalditik etorritako filmak, musika esperimentala…
Baina katalogazioaz gain beste lan batzuetan aritzen gara: online edukien irizpideak eguneratu ditugu eta bilduma berri bat sortu dugu, “sareko baliabideak” hain zuzen. Horrekin Ubik, bere espazio fisikotik haratago eramatea lortu da.
Eta ahaztu gabe, katalogoaren birpasaketa eta eguneraketa, autoritatearen kontrola, hau da, katalogoa behar den bezala izateko lan guztia garatzen ari gara.

Makusin, Tabakalerako artxiboan:
Uf! Familia berriak gehitzen goaz Makusin. Familiak, funtsak baldin badira, badauzkagu dagoeneko pare bat kide berri. #TabakaleraEtxean deitu zaion ekimena gehitzen joan gara, Kearen zigarrogileekin lanean jarraitzen dugu eta beste hainbat funtsei ere lekua egiten ari gara.

– Datu-baseetan:
Bulegotik izan edo etxe barruan egon, buru-belarri gaude datu-base ezberdinen makineria zaintzen eta bitamina askorekin elikatzen. Aprobetxatu dugu atzetik zetozen akatsak zuzentzeko baina baita datu-baseak etorkizunera begira jartzeko ere: eduki elektronikoen presentzia areagotu, pertsona autoritateak beste loturekin aberastu eta beti pentsatu… elkarrekin nola hobetu?

– Edukien aukeraketan eta osaketan:
Sukaldeko lanak. Inurri lanak. Inurriei beti gustatu izan zaizkie sukaldeak… lehen eta orain.
Txantxak eta metaforak alde batera utzita, lehengo lepotik burua. Azken hilabeteotako isolamendu garaian ere, lanean jarraitu dugu, jakina, eta, zergatik ez, atzeratuta genituen hainbat lani ere heldu diegu. Ahal izan dugun neurrian, gure ohiko hornitzaileekin lanean jarraitu dugu, eta berriak ezagutzeko aukera ere izan dugu, konfinatuta egoteak “lagun” berriak egiteko ausardia eman digulako. Hamaikatxo eskaera egin dizkiegu (liburuak, fanzineak, aldizkariak, filmak, CDak, bideo-jokoak…). Ubikeko erabiltzaile bazarete, laster izango dituzue eskura eta erabilgarri.
Nabigatu dugu. Nabigatu dugu gure kultura-proiektuaren itsaso zabalean esploratzaile bilakatuz: izaera ezberdina zuten webgune, buletin, bilduma, katalogo eta abarrak begiratu eta aztertu ditugu, behatzaile aseezinaren begiradaz. Talde-lanean aritu gara, sarean (inoiz baino gehiago), eta finkatutako irizpideen arabera, “hau bai, hau ez”, erabakiak hartu eta eskaerak egiten jarraitu dugu, Liburutegian bertan sortutako beharrei erantzunez, eta baita Tabakalerako beste departamentu batzuetatik egin dizkiguten eskaerei toki eginez ere (Zinema, Erakusketak, Hezkuntza…).
Aurrekontu eta faktura artean galdu gara; hori ere bai, nola ez. Ez dakigu azkenaldian barneratu dugun naufrago izaera honek zein hondartzatara eramango gaituen, baina kultura-esparruan mugitzen zaretenongandik gertu segituko dugula… ia seguru dakigu.
Zintzilik geratu den lantxo bakoitzeko (eta motibatzen gaituen esaldi bakoitzeko), post-it bat ipini dugu. Eta horrela, mapamundi zahar bat estali arte. Bidaiatzeko aukerarik ez dugun garai honetan…
Ezetz? Ez duzuela sinesten lanean ari garenik? Challenge-ak gogoko badituzue, egin aproba: Ubikeko erabiltzaile bazarete, desiderata bat (edo bi, edo hiru…) egin dezakezue eta… uste baino lehen jasoko duzue erantzuna, ziur nago 😉

Dauzkagun baliabideekin lan egiteko modu berriak ikasten ari gara, bizitzea egokitu zaigun egoera berri honetara moldatuz…

Ubik-eko Ereiten-taldea

Udal artxiboetan ere lanean

Azken bi hilabete hauetan gure herrietako artxiboak itxita egon diren arren, lanak ez dira eten. Etxean lanean jarraitu dugu. Pandemia garaietan ere Udalak ezin dira gelditu. Lanean jarraitu dute, hauek ere beren mugekin noski.

Baina, horrelako gertakizunetan Udalen lehentasunak eta prozesuak guztiz aldatzen dira. Batetik, gertatzen ari dena dokumentatu behar da. Nola jakingo da bestela etorkizunean herriak nola egin zion aurre honelako kontu bati? Zergatik hartu zen erabaki bat edo beste? Nola aztertu ahalko du bere historia?

Bestetik, irekita dauden prozedura guztiak ezin dira bapatean gelditu eta ondoren hutsetik hasi. Batzuek aurrera jarraitu behar dute. Tramitazioak segi eta akordioak hartzea eskatzen dute.

Baina guzti hau gaur egungo baldintza nagusiak ahaztu gabe noski: gardentasuna eta efizientzia. Gardentasuna bermatzeko, prozedura guztiak jaso behar dira, dokumentazioa egoki sortu eta kudeatuz. Ondoren, Artxiboetan jasoko dugula ziurtatuz.

Efizentzia bilatzea uneoroko baldintza da. Udalek lanean jarraitu dutenez, Artxibozainak ere hortxe aritu gara. Udal langileei momentuan bertan erantzuna emanaz eta digitalizazioen bidez azkartasuna eta emaitza baliogarriak bilatuz.
Honela aritu gara Amezketa, Asteasu, Villabona, Usurbil, Ormaiztegi, Hondarribia, Zizurkil eta beste hainbat herritako artxiboetan.

Hondarribiko Udal Liburutegiaren sailkapen berritua

Hondarribiko Udal Liburutegian ere itxialdia probestu dugu hainbat lan burutzeko, jende-aurreko lanetan buru-belarri gaudenean ezinezkoa litzateke horrelakotan hastea. Honakoa hau da burutu dugun prozesu bat:

Jakintza arloak liburutegi batean ordenatuak egon behar dira, noski. Erabiltzaileek informazioa era antolatu batean eskura izan dezaten. Fondoa gordea baldin badago zenbaki korrelatiboekin nahikoa izango zen (1, 2, 3…) eta fitxan hori isladatuta egonda. Baina zer gertatzen da eskuragarri dagoenarekin? Koloreka? Izan daiteke. Tamainaren arabera? Polita geratuko zen. Baina ez zen izango praktikoa.

Era logiko bat behar da. Eta munduan sistema desberdinak daude, guretzat ezagunena SHU (Sailkapena Hamartar Unibertsala) da. Baina sistema honek 100 urte ditu. Eta gizartea, liburutegiaren oinarria, mende horretan asko aldatu dela ezin dugu ahaztu, ezta ukatu ere. Interesak, ikuspuntuak, tresnak, kokapenak… etengabeko aldaketa jasotzen ari da. Eta liburutegia egokitu egin behar da.

Hondarribiko Liburutegian erabiltzaileen interesa eta ohiturak aztertu ditugu eta erabaki dugu jakintza arloak lau ataletan sailkatzea. Atal bakoitzak bere azpiatalak dituela:

– Pertsonak. Lehendabizikoa pertsona dela sinisten dugulako. Eta hortan zer topatuko dugu? bidaiak, eskulanak, zaintza, ongizatea, sukaldea….
– Kultura: artea, literatura…
– Mundua: globalizazioa, historia, pentsamendua
– Zientziak: astronomia, eboluzioa…

Argi geratzen al da, ez?
Hemen duzue azalpena

‘Belardoren komiki tailerra’ online eta zuzenean Getariako liburutegitik

Ongi jakingo duzuen bezala, koronabirusak eta berrogeialdiak Getariako liburutegiko zerbitzuari ere eragin dio. Martxoaren 12an jende-aurrerako zerbitzua eten egin behar izan genuen eta ordutik ateak itxita gabiltza. Jende-aurrera berriro noiz irekitzerik izango dugun ezin dugu oraindik ziurtatu  eta irekitzen dugun unean ere, oso litekeena da zerbitzua oso mugatua izatea. Bai behintzat hasieran (erabilera eta funtzionamenduari buruzko araudi berria prest dugu jadanik, izango duzue honen berri).

Baina… honek guztiak ez digu eragotziko liburutegia sorkuntzarako, ezagutzak elkar-trukatzeko, jolastuz ikasteko, ikuspegi ezberdinak ezagutzeko… herri-eremua izaten jarraitu dezan ari gara. Ez dugu eragozterik nahi, behintzat. Guztiok bezala, bide ezberdinak baliatu beharko ditugu zuen etxeetara hurbildu ahal izateko baina saiatu, saiatuko gara. Eta saiakera hauetako bat ekainean bertan izango dugu. Izan ere, Iñaki Martiarena, “Mattin” marrazkilariak komiki-tailer bat eskainiko du online eta zuzenean 7-10 urte arteko haurrentzat.

Tailer hau, “Sortu zure pertsonaia” edukiduna, liburutegiko Facebook-etik zuzenean eskainiko dugu eta bi saio jarraituz osatuta egongo da: Lehena ekainak 4ean izango da. Hurrena 11ean. Bi saioak arratsaldez izango dira 17.00etatik 18.30etara. Behar izango duzuen materiala ere hauxe: arkatz beltz bat, errotulagailu bat, A3 papera (ez baduzue lasai, ohiko tamainako bi folio elkartuta A3ko folio bat lortzen da) eta borragoma. Saioaren egun eta orduetan gure facebook-ean sartu (gogoratu gure perfila “Getariako Udal Liburutegia” izena duena dela) eta hor topatuko gaituzue zuen etxeetan. Hala ere, aurretik tailerrean izena ematea gomendatu egiten dugu. Horretarako:

  • Deitu gure telefonora astelehenetik ostiralera 16.00etatik 20:00tara. 943896147
  • Edo nahiago baduzu bidali email bat libgetaria@gmail.com helbidera datu hauekin: zure izen-abizenak, adina eta telefonoa.
  • Izen ematea ekainak 2ra arte

Mattin (1967, Donostia) kazetaritzan lizentziatua, nekazal begiralea, marrazkilaria, eta beste askoren artean, “Zarrakamalda” (2006) komikiaren egilea dugu. Ipuin kontalaritza eta ilustrazioa nahasten dituen proiektuetan ere aritzen da. Behin baino gehiagotan saritua, ibilbide luze eta oparoko komikigile eta ilustratzailea da. Euskarazko prentsan tira komiko eta askotan aldarrikatzaileak argitaratuz lan handia egindakoa da eta egun oraindik, bera da Berria egunkariko Mantangorri gehigarrian agertzen den Belardo pertsonaiaren eta bere abenturen egilea. Euskarazko haur eta gazte literaturan egin duen lana ere oso esanguratsua du. Euskal idazle askoren liburuak ilustratu baititu. Seguru izan duzuela inoiz bere lanen bat esku artean.

Oraingo honetan, ikusten duzuen bezala, Belardoren komiki tailer hau ekarriko digu liburutegira eta Getariara. Jakin badakigu, Getariako liburutegiko erabiltzaile askok marraztea oso gustukoa duzuela. Beraz… 7-10 urte artean badituzu, aukera hau probestu, eman izena eta animatu zure irudimena astintzen jarraitzera. Zuen zain gaude!!

BERAZ:

ZER: Belardoren Komiki Tailerra

NOIZ: ekainaren 4 eta 11ean. 17.00etatik 18.30etara.

      NON: Online eta zuzenean. Liburutegiko facebook-ean: “Getariako Udal Liburutegia”

NORENTZAT: 7-10 adinekoentzat

BEHARREZKO MATERIALA: arkatz beltz bat, errotulki bat, A3 papera eta borragoma

IZENEMATEA: Ekainak 2 arte. 943896147 telefonoan (astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20.00tara) edo email bat bidali libgetaria@gmail.com helbidera datu hauekin: izen-abizenak, adina eta telefonoa.

Zuen zain!!

Komikigunean ere lanean

Fisikoki ez bagaude ere, hementxe jarraitzen dugu. Bi lan esparru nagusi ari gara jorratzen itxialdi egoeran. Alde batetik katalogoa, eta bertan egindakoak errepasatu, zuzendu, azalpenak erantsi, eta erregistroak osatzen dihardugu. Ikusi ez arren, edo katalogazio berririk egin ez arren, sekulako errepasoa ematen ari gatzaizkio komikien bilduma osoari.

Are gehiago, errepaso honen karietara, bildumaren ikuspegi orokorrago bat osatzen ari gara. Hutsuneak non dauden, zein gai edo egile ez dugun aspaldian konprobatu, serien jarraipena egin, maileguen estatistikak birpasatzen, erosketa zerrenda berriak prestatzen ere bagabiltza.

Eta bestalde, dossier txiki batzuk ere prestatzen ari gara ohiko kanaletan argitaratzeko. Komikigunearen Berriketan atalean. Bertan landu ditugu manga estiloa, zientziari buruzko komikiak, komikiaren jatorria, komikigileen itxialdia zertan den…

Udazkenerako ekimentxo batzuk ere prestatzen hasiak gara, espero dugu laster hauen berri eman ahal izatea.

Eta egindako lan ordu hauen atzean dagoen egoera bikain azaltzen duten irudi hauek hautatu ditugu testu hau borobiltzeko. Marko Armspach eta Mikel Antero komikigileenak dira. Etxe askotako erronka berria!

Komikigunearen Berriketan atala
KMko katalogoan komikiak
Mikel Antero
Marko Armspach

Hondamuinean, bigarrena ere eskura

Honekin batera “Hondamuinean 6 hilabete geroago” irakurri ahal izateko esteka ere eskuragarri jarri dizuegu. Beti ere lehena irakurtzeko astia hartu eta amaitu duzuelakoan, noski!

Zerocalcareren bizipenak eta bizipozak, gordinean, oso gordin! Porrot posible guztiak gauzatu dira. Erakundeak herritarren etsai. Zerocalcare bere betean gordinez eta esperantzez. Jendaila interesgarria, zaborra omen den hori…

Pozarren ikusten dugu, zenbat euskaldun dagoen Italian. Euskal Herria Italia da elkartekoek arrazoi ote dute? BAO Publishing Zerocalcareren argitaletxearen facebookean euskaldun-italiarrak daude, edo italiar euskaldunak, auskalo!

Hondamuinean: sei hilabete beranduago
Farmazia Beltza, 2019
Itzultzailea: Koldo Izagirre

Kobane calling salgai!

Apirila hilabete ederra da Italian. Apirila hilabate ederra da gure Botika nagusian. Urtebete pasa da Hondamuinean argitaratu genuenetik. Data ezin hobea Kobane Calling euskaratua aurkezteko. Aurkezpena iritsiko da.

Bitartean, interneten aurre-salgai jarriko dugu “Kobane Calling: orain”, Zerocalcarek Kurdistanera eginiko bidaien kronikak… eta gehiago.

Edizio honek Italiako bigarren argitaraldia hartzen du abiapuntu. Are, biak batera, italiarra eta euskalduna, karrikaratu behar genituen. “Euskal Herria Italia Da” elkartearen aginduz.

Azala, mapak eta oharrak dira bi edizioen arteko ezberdintasun nagusiak. Alabaina, guk bi berdel extra sartu dugu. Ezinezkoa da Kurdistango egunerokotasuna etengabe komikiratzea. Hori beharrean, Zerok tarteka istorio laburrak argitaratu ditu, Kurdistani lotuak. Beraz, primizian dituzue bi horiek: “Groviglio” eta “Macelli” dituzte jatorrizko izenburu, kuxkuxeatu nahi baduzue.

Azkenik, bigarren edizioan Zerok berak sarrera egiten badu ere, gurean sarreran Sustrai Colinak hartuko zaituzte.

Berdel hau 20 €tan dago salgai. Orain hemen salgai, erosteko klik: . “Hau” amaitzean gure ohiko botiketan jasoko duzu. Modu honetan, liburudenda horietara itzultzeko ohitura berreskuratu nahi dugu. Hau da: ez dugu berehala bidaliko, txangurro honen amaieran baizik.

Eta ondoko dendetan jaso ahalko duzu (zerrenda handituko dugu parafarmaziek hala baieztatu ahala):

Donostian: Hontza, Tobacco Days

Iruñea: Katakrak

Bilbo: Joker

Orereta: Ereiten-en bulegoan

Durango: Hitz

Zarautz: Garoa

 

Botika hauek ez bazaizkizu komeni, esan. Korreoz bidaliko edo beste toki/modu bat bilatuko.

Aurkezpenean ikusiko dugu elkar. Bitartean, eskatu zure berdela orain. Eta jaso gure parafarmazietan.

Zaindu.

Cobane calling orain

Zerocalcarek eta BAO argitaletxeak Kobane Calling-en bigarren argitaraldia “orain” egitea eta honi “orain” azpititulua ematea ez da kasualitatea.  Izan ere,  “Zer zioskun mundu guztiak? Turkia hastear dela gerra berri batean kurduen aurka?”, 2016ko martxoan horrela bukatu zuen Zerok Kurdistango bidaien kronika. Orduan da orain.

“Hondamuinean” agertu oso bestelako Zero dugu hemen. Are, hein handi batean, Kobane Calling-en ondokoak izango dira bere baitan hondamuina sortuko dutenak. 2016ko Zero brigadista, Rojavan sendo bezain izutua agertzen zaigu Michelle da. Barne erredurarik gabe, erromintxelaz mintzatzen ez dena, ISISen infernuaren atean egoteak sortarazten dion izua musika zein umorez laguntzen duena, kurduen gizatasuna, umanitatea, miresten duena.

Italierazko bigarren edizioa hartu dugu abiapuntu. Zeroren hitzaurrea Sustrai Colinak emandako aitzinsolasak ordezkatuta dakar. Koldo Izagirrek ekarri du gurera. Jatorrizko Kobane Calling ez ezik, bi gehigarri ere erantsi ditugu:

“Zurrunbuila” (Imbroglio) 2016ko abenduaren 24an argitaratu zen, La Repubblica egunkarian.

Garhaziak(Macelli) 2019ko uztailaren 19an argitaratu zen, Internazionale astekarian.

Bizitzaren alde borrokan bizitza eman dutenak dituzte hizpide istorio hauek guztiek. Haiek ditugu gogoan edizio honetan; haiek omendu eta haiei eskerrak ematen dizkiegu, Hevrin Khalaf zein Ayse Deniz Karacagil oroiminaren bidez.

Hondarribiko Udal Liburutegian aurten Txanogorritxo

Hondarribiko Liburutegian urtero aitzaki bat hartuta eraskusketa, solasaldiak, tailerrak, eta hainbat ekintzez osatutako programa bat aurrera eramaten dugu. Lehendabiziko urtea Mary Shelleyren Frankenstein izan zen, iaz Herman Melville eta Moby Dick izan ziren eta aurten Txanogorritxoren txanda izango da.

Programa prestatzerakoan hainbat gauza kontuan hartzen ditugu: adinak, Hondarribia herriak eskaintzen dituen artistak, idazleak, e.a. Eta baita gaiak lantzerakoan ere, garrantzi berezia dutenak edota momentuan ikuspuntu desberdinak azalarazten lagunduko digutenak hautatzen ditugu.

Aurten Txanogorritxo izango dugu protagonista. Eta zein da burura etortzen zaigun irudia? Pertsona bat, eta emakumezkoa. Beraz Martxoaren 8ko astean emango diogu hasiera.

Zer eskaintzen digu Txanogorritxok? Alor asko jorratzen dira bertan: Txanogorritxo emakumea, Txanogorritxoren sinbologia, Txanogorritxoren indarra… ez dugu ahaztu behar bera bakarrik sartu zela basoan, bere erabakia izan zela! Eta zer esan bere kolore gorriaz? Zerekin lotuko genuke? Eta basoa? Eta otsoa? Amonaren heriotza, zenbat hitz egin daitekeen gai honetaz…

Gure Martxoaren 8aren ospakizunak hasiera emango dio gai horri baina martxoaren 8tik aurrera hauek izango dira liburutegian izango ditugunak:

– Zuhaitz morea: zuhaitza bat eraikiko dugu liburutegian eta bere hostoek idatziak, marrazkiak, arte lanak… hartuko dituzte, nahi duenak parte hartu ahal izango du. Denona izan dadin.

– Itsu-itsuan: dagoeneko gure irakurleek ezagutzen duten dinamika berreskuratuko dugu eta guk egindako liburu aukeraketa izkutatuko dugu, paketeetan bilduko ditugu, kanpoan liburu horrekin lotura duen ideia bat jarriko dugu eta maileguan hartzen duenak ez du jakingo zer eramaten duen. Zer izango da barrukoa?

– Bechdel testa oinarri hartuta gure bideotekan dauden DVD-en aukeraketa bat egin dugu eta Bideotekan horiek jarriko ditugu ikusgai.

– Gure apaletegietan liburu feministez osatutako Txoko morea sortu genuen eta ikustarazi nahi dugu. Horretarako erakusketa bat prestatuko dugu bertako aukeraketa batekin.

– Orain dela bi urte Pikara aldizkariaren harpidetza egin genuen. Martxoaren 9an Pikara aldizkarikoek Liburutegian beraien aurkezpena egingo digute.

Eta urtea aurrera joan ahala sorpresa asko izango ditugu!

Hondarribiako Udal Liburutegiko lantaldea

Ilustratzaileak ikasleekin solasean

Komikiguneko hedapen eskaintzaren barruan egindako ekimena izan da honako hau: Ikasleekin solasean: Maite Caballero eta Maite Gurrutxaga. Koldo Mitxelenako Aretoan, 2020ko urtarrilaren 28an.

Oraindik lanbidea aukeratu gabe daukaten gazteengana zuzendu gara oraingoan. Bi ilustratzaile eta komikigile jarri ditugu mahaian ikasle gazteei beraien ibilbide profesionalaren berri emateko.

Solasaldiaren helburua diseinu grafikoa, arte ederrak eta antzekoak ikasi asmo dituztenen, bide berdina urratu dutenen esperientzia azaltzea da. Honela, ikasketa berdinetan hasi eta gaur egun bi ibilbide desberdin dauzkaten artistak ezagutzeko parada sortu dugu.

Maite Gurrutxagak eta Maite Caballerok Arte Ederrak ikasi zituzten, eta segidan Bartzelonako Escola De La Donnan ilustrazioa landu zuten. Hortik aurrera berriz, Maite Caballerok kontratupean eta beste zeregin batzuetan lan egin izan du, tarteka fanzineak eginez eta ilustrazioko proiektuak landuz. Eta Maite Gurrutxagak, aldiz, batik bat enkarguz, autonomo gisa landu du bere bidea.

Lan egiteko modu asko aztertu ditugu: erakusketak, albumak, aldizkariak, autoedizioak, maketazioak, impresioak, lapitzez zein ordenagailuz. Eta aldi berean, lan horiek burutzeko eta lan horiek dakartzaten albo-lanak ere kontuan hartzeko beharra azpimarratu dute bi artistek: sare sozialetan zer eta nola zabaldu, web orrian zer erakutsi, editoreekin nola harremandu, ogasunarekiko tramiteak, fakturak e.a.

Maite Caballerok, esaterako, 2019an Irudikaren bidez lortu zuen egonaldiaren berri eman digu, baita bertan garatutako animazioa erakutsi ere. Eta Gurrutxagak, antzerkitik komikira eraman zuen Habiak proiektuaren berri zehatza eman digu, ixileko lan handia, gerora Euskadi Literatura saria eskuratu zuena.

Elkarrekin ere lan egin izan du bikote honek, esaterako, Tupust komikian. Proiektu hau nola sortu zen, zertarako, zein ibilbide urratu duen, eta jarraipena ere izango duela adierazi digute artistek.

Beraien hainbat lan ere eskura izan ditugu, ikusi, irakurri zein ukitzeko moduan, eta gainera ikasleen kezkak eta zalantzak primeran erantzun dituzte, beti ere norberaren esperientzian oinarrituz.

Abenduaren 14ko Harria Hitz, urtea amaitzeko

 

Abenduaren 14an izango duzuen ibilbide proposamen berria egin nahi dizuegu. Lehenik Judas Arrietaren mural berriaren aurkezpena ere burutuko da 10:30tan eta jarraian Harria Hitz bisita gidatua.

Gidari berezi bat izango dugu gainera, Irati Otamendi arkitektoa. Bere ikerketa nagusiak Gipuzkoako, eta bereziki, Oriaren ibai-arroko ondare industriala ardatz duen arren, oraingoan bere ezagutzaren bitartez 60ko hamarkadara bidaia (eta gogoeta) proposatuko dizkigu.

Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da eta euskal sorkuntzarekin lotura zuzenekoa. Horrela, “Harria Hitz” ibilbide gidatuan aurrekoaren erakusle diren izaera anitzeko mugarri ugari ezagutuko dugu.

TxTxTx Txokoaldeko Txalaparta Txokoa –Oreka TX taldeko txalapartariek Usurbilen entseatzeko eta erakustaldiak egiteko duten gunea– ezagutzeko aukera ere izango dugu.

Gehiago jakin nahi izatera, ibilbide honetan parte hartzera animatzen zaitugu.

EGUNA ETA ORDUA: Abenduak 14, larunbata, 11:00

EGITARAUA:

10:30 Judas Arrietaren muralaren aurkezpena

11:00 Usurbilgo frontoian elkartu
11:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean. Gidaria Irati Otamendi ikerlari eta arkitektoa
11:45 TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokora bisita
13:00 amaiera

HIZKUNTZA: Azalpenak euskaraz emango dira
INFORMAZIOA ETA ERRESERBAK: 688 818 017 / info@kultour.pro
Bisita DOAKOA izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (25 lagun, gehienez).

Poesia italiarraren artista-liburu aurkezpena azaroaren 21ean

Artista-liburu bat sortu dute Damaris Pan artista eta EHUko pintura irakasleak eta Iñigo Astiz idazleak Sandro Penna poeta italiarraren testuak euskarara ekarriz eta haren unibertso poetikoa margolan bilakatuz. Besteak beste, Pier Paolo Pasolini eta Natalia Ginzburg idazleen autore kuttuna zen Penna, eta gardentasuna eta erotismoa dira bere poesiaren gako nagusiak, eta euskaraz eta arkatzez sortutako margolan zainduz hornituta disfrutatu ahalko da hemendik aurrera.

 

Artea eta literatura uztartzen dituen proiektua izanik, elkarlanean kaleratu dute 200 orritik gorako irudidun liburua Farmazia Beltza eta EFi argitaletxeek.

 

Proiektuaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte sortzaileek eta argitaletxeetako arduradunek AZAROAREN 21ean, 11:00etan, Bilboko Aire galerian (San Mames zumarkalea, 11, El Zollo kalezuloa).

 

Horrez gainera, arratsaldez, Donostiako Tobacco Days liburudendan egongo dira, 19:00etan, liburuaren aurkezpen publikoa egiten, pianoa, bideoa, irudiak eta, noski, Pennaren poemak uztartzen dituen ikuskizun batekin.

 

Harria Hitz Irati Otamendirekin

HARRIA HITZ bisitaren azaroko saioa gainean dugu jada. Azaroaren 23an burutuko da eta gidari berezi bat izango dugu gainera, Irati Otamendi arkitektoa. Bere ikerketa nagusiak Gipuzkoako, eta bereziki, Oriaren ibai-arroko ondare industriala ardatz duen arren, oraingoan bere ezagutzaren bitartez 60ko hamarkadara bidaia (eta gogoeta) proposatuko digu.

Arestik zioen bezala, “harria” eta “herria” elkarren osagarri diren bi kontzeptu dira. Non egiten dute bat hargintzak eta herrigintzak? Bestalde, herri baten identitatearen eraikuntza ez al da harri anitzez jositako ibilbidea? Zein leku dute arteak, poesiak, kantagintzak, arkitekturak, hirigintzak… bide honetan?

Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da eta euskal sorkuntzarekin lotura zuzenekoa.  Horrela, “Harria Hitz” ibilbide gidatuan aurrekoaren erakusle diren izaera anitzeko mugarri ugari ezagutuko dugu.

EGUNA ETA ORDUA: Azaroak 23, larunbata, 10:00

EGITARAUA:

10:00 Usurbilgo frontoian elkartu

10:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean. Gidaria Irati Otamendi ikerlari eta arkitektoa.

11:00 Amaiera

HIZKUNTZA: Azalpenak euskaraz emango dira

INFORMAZIOA ETA ERRESERBAK: 688 818 017 / info@kultour.pro

Bisita DOAKOA izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (25 lagun, gehienez)

Harria Hitz eta argazpitituluak

Urriak 26

HARRIA HIT

HARRIA HITZ bisitaren udazkeneko egutegia prest dugu dagoeneko. Urriaren 26an izango duzue ibilbidea egiteko lehen aukera. 60ko hamarkadara bidaia (eta gogoeta) proposatuko dizuegu eta, bide batez, egun-pasa ederra egiteko aitzakia ere bai, 12:30etatik aurrera, Harria Hitz bisita gidatua eta arratsaldean Koldo Almandozen Argazpitituluak tailerra eskainiko baititugu Usurbilen.  

HARRIA HITZ ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu: 60ko hamarkadako kultur-eztanda, tradizioa eta modernitatea, euskara, artea, euskal kultura… izango ditugu hizpide.


Koldo Almandozen ARGAZPITITULUAK tailerra kale arte jarduera bat da. Oso xumea eta minimala. Herriaren ezaguerarekin, ironiarekin eta zentzu bikoitzekin jolasten duena. Herritarrek egina eta herritarrentzat. Ez du trazarik utziko edo gunerik zikinduko baina herria begi berriekin deskubritzeko aukera emango du.


EGUNA ETA ORDUA: Urriak 26, larunbata, 12:30


EGITARAUA:

12:30 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean

16:00 Dema plazan KOLDO ALMANDOZekin elkartu

16:05 ARGAZPITITULUAK tailerra

19:00 Amaiera


PREZIOA: 5€ (Doakoa 18 urtetik beherakoentzat)


HIZKUNTZA: Azalpenak euskaraz emango dira


INFORMAZIOA ETA ERRESERBAK: 688 818 017 / info@kultour.pro


Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (25 lagun, gehienez).


Kultour Incoming Service

www.kultour.pro

688 818 017

Larrotxene bideo

Ikasturte honetan ere Larrotxene Bideok bere ateak ireki berri ditu hogeita hamabigarren aldiz.


1987. urtean Larrotxene Kultur Etxeak hasi zuen bere ibilbidea eta milaka dira bertan antolatzen diren ikastaro eta ekitaldietan parte hartu izan duten ikasleak. Besteak beste Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Borja Cobeaga, Andoni de Carlos edo Pablo Malo.


Intxaurrondo zaharrean kokatzen den Larrotxene baserriak erabilera desberdinak izan ditu urteetan zehar: taberna eta upategia izan zen, zalgurdien alokairurako gunea eta Artzak-Ortzeok elkartearen egoitza ere bai. Letaman goma-fabrikak erabili zuen azken aldiz eta geroztik, hutsik geratu zen. Intxaurrondoko gazte talde batek okupatu eta kultur jardueretarako erabiltzen hasi arte.


1984. urtean Donostiako Udalak erosi zuen eraikina eta 1987an gaur egungo ikus-entzunezkoetan espezializatuta dagoen Larrotxene kultur etxea inauguratu zuen baserri zaharberrituan.


2019-2020 ikasturte honetan ikastaro-eskaintza zabala antolatu da bertan:

•    Bideojokuak, Youtube eta Transmedia Kontakizun Digitalak. Jon Sanchez

•    Ez Fikzioa, Ez Dirua. Ander Iriarte

•    Fikzio Zuzendaritza eta antzezleekin lana. Ander Iriarte

•    Gidoigintza hastapena: Andoni de Carlos

•    Irudia eta Soinua. Pello Gutierrez eta Haimar Olaskoaga

•    Composición de Bandas Sonoras para Cine, Videojuegos y Multimedia. Paula Olaz

•    Dirección de Cine. Pablo Malo

•    Grabación y Postproducción de Chroma Key. Ignacio Zabala

•    Guión Avanzado. Michel Gaztambide

•    Más allá del Cine Expandido. Zazpi t’erdi

•    Producción Audiovisual. Iñaki Sagastume

•    Realización de Documentales. Oskar Tejedor

•    Teoría del Montaje. Laurent Dufreche


Irakasle guztiak zinemagintza munduan aktiboan dauden izen handiko profesionalak dira. Ikastaro gehienak alde praktikoa dute eta ikasturte amaieran Bideoaldia izeneko emanaldia antolatzen da Donostiako Antzoki Zaharrean, bertan ikasleek landutako lanak ikusgai izango dira.


Izen emateko epea dagoeneko irekita dago. Donostiakulturako webgunean edo Donostiako edozein kultur etxetan egin daiteke.


DonostiaKulturua

Larrotxene bideo

Dzirt-Dzart eta Harria Hitz

Ikasturte hasiera umorez hartzeko irailaren 28an HARRIA HITZ- DZIRT DZART ekimena proposatuko dizuegu. Dzirt-Dzart, izenak berak dioen bezala, bat-batean marrazteko saioa da. Joseba Larratxe eta Antton Olariaga marrazkilariak eta Idoia Torregarai aurkezlea izango dira protagonistak. Marrazkilariak aurkezlearen esanetara marraztuko dute, bertso saioetan egiten den moduan gutxi gorabehera. Ariketa bitxiak burutzen jarriko ditugu komikigileak: minututan neurtutako ariketak, batak bestearen atzetik komikia osatuz segidilla baten gisan…


Horretarako, lehenengo Harria Hitz ibilbidea burutuko dugu. 60ko hamarkadara egingo dugun bidaia (eta gogoeta) hau izango da Dzirt-Dzart saioaren haria. Tradizioa eta modernitatea uztartzeko beharra, euskal sorkutzarekin konpromezua eta 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda, eta baita eztanda horren ondorena ere izango dira jorratuko diren gaiak besteak beste.


EGUNA ETA ORDUA: Irailak 28, larunbata, 10:00


EGITARAUA:


10:00 Usurbilgo frontoian elkartu


10:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean


11:15 DZIRT-DZART saioa


HIZKUNTZA: Azalpenak euskaraz emango dira


INFORMAZIOA ETA ERRESERBAK: 688 818 017 / info@kultour.pro


Bisita DOAKOA izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (25 lagun, gehienez).


Kultour Incoming Service

www.kultour.pro

688 81 80 17

Oteizaren erakusketa

Pasaiako Victor Hugo etxean Oteizaren lanaren bestelako ikuspuntua dugu ikusgai. Poetikoa, hain zuzen ere. Ustekabean harrapatzen zaituen erakusketa da, Félix Marañak komisariatua.

Harreran gaituzue, ongi etorria emateko.

Harria Hitz irailaren 7an

Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da Usurbil, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. HARRIA HITZ ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu.

Egitaraua:

10:00 Usurbilgo frontoian elkartu

10:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean

11:15 Zumeta Arte Estudiora bisita

12:35 TxTxTx Txokoaldeko Txalapartaren Txokora bisita

Informazioa eta erreserbak: harriahitz.eus ; info@kultour.pro ; 688 818 017

Argazkia: TaPunturen Harria Hitz webgunetik hartutakoa

Harria Hitz hedatzen

Nolakoak dira Harria Hitz osatzen duten harrik eta hitzak?

Muralismoa oinarri hartuta, udalak bi alor lantzen ditu ekimen honen bidez.

Bata, herri nortasunaren ingurukoa; bestea, sormenari buruzkoa.

Biek ala biek Hitz gehiago sortzen dute, Harria bihurtuko direnak. Alegia, sormena eta artea, aurrerago ondarea izango dena.

Hori lortzeko bideak oso bestelakoak dira.

Adibidez…