Orrimarkatzaileak liburutegietan

Eta zuk? zer jartzen duzu liburuen orri tartean?

Liburutegietako zerbitzuen artean gehien ezagutzen dena liburuen mailegua da. Prozedura sinplea da, denok dakigu: erabiltzaileak liburu bat nahi du, eta maileguan eramaten du, erraza.

Baina, zer gertatzen da gero? Noizbait pentsatu al duzue zer gertatzen den erabiltzaileak liburu horrekin ateratzen den unetik liburutegira bueltatzen duen arte? Egia esan batek daki.

Baina liburua itzultzen dutenean! Hor bai, barruan topatzen dugunak horri buruzko informazioa ematen digu!. Eta zer da hor egoten dena? Ahaztutako orrimarkatzaileak!

Guk topatu ditugunekin sei “sailkapen” egin ditugu:

1. Egindako markatzaileak:
Funtzio horretarako enpresek, erakundeek, liburutegiek… inprimitutakoak. Hauen bidez Alcoy, Arrasate, Zaldibar, Bilbo, Aguilar de Campoo, Egipto, Bartzelona, Getaria, Amsterdam, Argentinako Cordoba, Andorra, Londres, Cadiz (Los verdes alderdi politikoak egindakoa!), New York, Hernani eta Donostiako Prebentzio Zentro Penitentziarioa ezagutu ditugu besteak beste.
Baina badakigu ere 1991ko Donostian Ikarazko zinea izan zela, Aitana 2017an Paris-en Klimt-en erakusketa batean egon zela. Gin tonic errezeta bat ere badugu Room liburua irakurtzeko bereziki prestatuta, ezkontza baten oroigarria eta Margarita pastela Yuzu birrindurarekin egiteko errezeta


2. Sorkuntza prozesu baten emaitza direnak:
Eskolenak, tailerrenak…

3. Bidaia txartelak:
2020an Bilboko aireportuan eta Leondik Donostirako trenean, eta 2016an Tokyoko metroan egon gara.

4. Erlijio alorrekoak:
Ama birjinak, jainkoak, hildakoen oroigarriak

5. Bestelakoak:
Nahita aukeratutakoak edo eskura besterik ez.
Hiru egutegi, lehengoa, 1974koa Arrasateko Talleres Mondragoneses de Precision (beste aldetik neurgailua duena), bigarrena 1977ko Aministia eta ikurriña duena, bestea 2013koa Inposaketarik ez, ez Hezkuntzan, ez inon dioena. 2018ko Fifa world cup Errusia kromo bat etabonboien kutxa bat ere baditugu. Gijongo Juan Barjola eta Madrilgo Thyssen Bornemisza Museoetako sarrerak iritsi zaizkigu ere.
Hainbat eskutitz edota postal: neederlanderaz, portugesez, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez Lekaroztik, Mexikotik, Paristik eta Birminghamdetik! Hondarribitik batek “Maite zaituztet” dio!
2018ko Jaizubiako jaietako rifa. Eta haragi gisatua txokolatearekin prestatzeko errezeta goxoa.

6. Liburutegiari utzitako mezuak:
Batek “barkatu berandu itzultzea!, besteak “bitan irakurri dut!, hurrengoak “gogoratu jendeari ez dela azpimarratu behar!” Bihotzak eta maitasun handia ere jasotzen ditugu. Eta erabiltzaile batek tabernetako serbiletetan espreski egindako marrazki zoragarriak.

Eta zuk? Zer erabiltzen duzu?