Tag: <span>Igantzi</span>

Artxiboak

Igantziko kontuen zirimola

Nominen ordainketa, ibilgailuen gaineko zerga kobratzea, teilatua berritzeko obra baimenaren tasa kobratzea, bulegoko materiala ordaintzea, igerilekuetako jardinetan haziak botatzeagatik ordaintzea,… Ordainketa aginduak gora eta kobratzeko aginduak behera. Urteak aurrera eta urteak atzera. Horrela gabiltza Igantziko Udal Artixboan.1993 urtetik aurrerako kontuen antolaketa lanak egiten. Lankide batek esaten duen moduan, “badira 30 urte, hain gertu ikusten dugun arren, badira 30 urte”.

Eta aspergarria dirudien arren, ez da hala. Lan zehatza bai, originala bilatu, ezaugarriak aztertu, gorde edo suntsitu erabaki, grapak kendu, espedientea osatu, deksribapena egin, kutxan gorde. Udal artxiboen ezagutza eskatzen duen arren mekanikoa da guztiz. Eta horrela ikusita aspergarria da, bai.

Baina, kontzeptuak irakurtzeak interesgarri bihurtzen du. Iraganera, orainaldira eta etorkizunera eramaten gaitu uneoro. Zirimola batean. Zeren (eta Thoreauk barka nazala), denbora aldatzen doa, gu aldatzen goaz, eta gauzak ere aldatzen doaz. Gauza txikiak, egunerokoa handia egiten dituztenak, aldatu direla ohartarazten digute. “Bollicaos y refrescos fiestas niños” dio batek. Gogoan dut oraindik, 1991.ko herriko jaietan “bollicao eta kas naranja” bana banatu zigutenean lehiaketa batean parte hartu genuelako. Gaur egun, ez zait oso ideia ona iruditzen nere seme-alabek horrelako “saria” jasotzea. Sagarra ezta ere, noski. Baina koaderno bat, margo batzuek,… Eta etorkizunean, gauzek balioa dutela ahaztuko dute? Ordun, berriz kas eta bollicaora itzuliko gera?

Ez da hori aldaketa bakarra, ordainketa eta kobratzeko aginduetan aldaketa gehiago ikusi daitezke. Oso nabarmena, hizkuntzarena. Aspaldian administrazioaren hizkuntza gaztelera zen. 80.garren hamarkadan ehuneko 98 batean hala zen. Dokumentazioaren ehuneko bi txiki batean euskarazko esaldiak azaltzen hasi ziren. Ez dokumentu osoa euskaraz idatzita, baina bai oharrak, agurrak, kontzeptuak,… 90.garren hamarkadan zehar asko aldatzen da kontua. Dokumentu ofizialak elebidunak egiten hasten dira, urteak aurrera doazen heinean euskara lehenengo aukera bezala jasoaz, Gaur egun, administrazio elektronikoak agindu nahi duen honetan, jakinarazpenak jasotzeko euskara/gaztelera aukeratzen ahal dugu. Eta laister, agian, beste hizkuntza batzuek ere aukeran sartuko dira.

Ehundaka dauden arren, azkena. Igantzin garai batean azeriak ehizatzen ziren, besterik gabe, aziendak babesteko ohiko lan moduan. 1995 urtean, azeri bat ehizatzeagatik saria ordaindu zion udalak ehiztari ausartari. Gaur egun, salaketa jasoko luke tipo anker horrek.

Gauzak, denbora eta gu, denak aldatzen gera eta aldatzen jarraituko dugu. Honek, askoz konplikatuagoa bihurtzen du dena. Baina era berean, hau ulertzeak ere errazten du.

Amagoia Piá

Artxiboak

Igantziko bestak: bertsolariak, kirola eta zenbait dantza polemiko XX.…

Gainean dugu 2022ko San Miguel eguna, Igantziko herriak gogotsu itxoiten duen data, buruilaren egun honekin hasten baitute herriko bestak igantziarrek. Udal artxiboan daukaten funts interesgarrietan arakatzen ibili gara, bertan dituzten bestetako programak kuxkuxeatuz. Zenbait ale dituzte, XX. mende hasierakoak, intereseko datuak ematen dizkigutenak Igantzi eta igantzitarren inguruan, duela ia 100 urteko jaiak nola ospatzen zituzten ikusteko aukera ematen baitute.

Esaterako, artikulu honen hasmentan daukagun lehen irudia 1925eko besten programazioaren portada da. Urte hartako bestetan, sei egunez aritu ziren parrandan garai hartan ohikoak ziren ekitaldiez beteriko egunetan.

Bestei hasmenta emateko, hilaren 27an dantzaldi handi batekin hasi ziren plazan, Jazz-Band orkesta baten debutak alaiturik. Ondoko egunean eskema errepikatu zuten, dantzaldi eta musika gehiagorekin atsaldean zehar. 29an ordea, egun handiena izanik, Angelusarekin batera herritarrek 12 tiro bota zituzten salba moduan, egunaren garrantzia azpimarratzeko. Holako egunarekin ezin zen meza nagusiaren ospakizuna faltatu. Orduko apaizak, on Juan Bautista Labaien, hamarretarako bilduak zituen fededunak eta udal kargodunak. Koro jendetsu batek, “elementu arras baliotsuen” errefortzuaz, herriko apaiza lagundu zuten elizako otoitzetan. Herri guztia bildurik zegoela probestuz, herrira ur korrontea sartu izana ospatu eta inauguratu zuten, Lina Irigoien Lizardi, alkatearen emaztea, izan zelarik inaugurazioaren amabitxia. Antolatzaileen erranetan, ur-ekartze hori herritarren “kultura maila altua” eta “herritarrentzako urte luzez izandako ametsa” irudikatzen zuen lorpen hurak, herritar guzien esfortzuarekin lortu zena, alegia.

Ondotik, pilota partida bat jokatu zuten, Igantziko eta Arantzako bi bikoteren artian eta eguna akitzeko, dantzaldi ederra ospatu zuten gauerdira arte, Lesakako Bandak animaturik.

Hurrengo egunean, hilak 30, goiza pilota partidu interesgarri batekin hasi zuten, izan ere garaian famatuak ziren Castillo eta Lesakako Antonio, Berako Santxez eta Igantziko Lizardiren kontra aritu baitziren buruz-buru.  Atsaldeko plana ere etzen batere makala izan, luxuzko bertso saioa ekarri baitzuten: Jose Manuel Lujanbio, “Txirrita” famatua, Kanboko Pedro Tolosarekin aritu baitzen plaza alaitzen.

Azkeneko egunetan, Arantza-Igantzi arteko pilota erronkak errepikatu ziren, baita Lesakako Bandaren emanaldiak.

Jaialdiekin akitzeko, Bidasoaren ertzetan famatuak ziren bi txistularien arteko norgehiagoka eta omenaldia antolatu zuten. Hauek, Arantzako Biurrarena txistulari eta txistugilea eta Igantziko “Baxar Beltza” izan ziren. Aipatzekoa, txistulari igantziarrak 90 urterekin gaztaroko sasoia mantentzen zuela txistua jotzerakuan. Zein ote bere sekretua?

Mieltxo Sobrino

Artxiboak

Euskara herritarrena da

XVIII.mendean idatzizko komunikazioa erdaraz egiten zen ia erabat. Bai partikularren artean eta baita erakundeekin ere. Hori egunero ikusten dugu udal Artxiboetan. Tarteka, baina, errealiteateak zirrikitua topatzen du idaztizko agirietan. Horrelakoetan, euskarazko hitzak protagonista bihurtzen dira. Hobe erranda, ezarritako langa gainditu egiten dute euskal hiztunek. Ohikoa agerian geratzen da, ofizialtasun baztertzaileari izkin eginez. Errealitatea   “…en lengoa vascongada…” pasatzen zen eta. 

Honelako dokumentu bat aurkitzen dugunean artxibozainak arnasik gabe geratzen gara une batez, hitz horiek irakurri bitartean. 

Baina, honek ez du esan nahi euskara bakan batzuek hitz egiten zutenik. Ezta gutxiago ere. Orduan ere hizkuntza bizia zen. Kaleko harremanetan euskaraz egiten zen. Baieztapen hau egiteko gorago aipatutako hitz bakanez gain baditugu ere dokumentuetan adibide ugari: lan tresnak izendatzeko orduan, etxeen izenak esateko orduan… Honen harira, Arantza eta Igantzin jasota dauden agiri banaren inguruan hitz egingo dugu gaur.

Batetik, 1768 urtean Arantzako apaizak zerrenda bat egin zuen. Bertan jaso zituen etxez etxe herrian bizi ziren guztien datuak, sexuaren eta adinaren arabera banatuta. Erroldaren antzeko izan arren errolda ez dena, ez bait ditu auzokoen izen abizenak biltzen.

Zerrenda horretan azaltzen diren etxe ia guztiek euskarazko izena dute.150 etxe baina gehiago biltzen ditu. Izen hauek 4 eremu edo talde nagusitan bildu ditzakegu: kokapen geografikoen izenak, pertsona izenak, etxeen deskribapen izenak eta ogibideen araberakoak. Ikusi ditzagun adibide batzuek:

Hasteko, elementu geografikoei erreferentzia egiten dieten izenak. Hau da, kokapen geografiko bati erreferentzia egiten diotenak: Larrearenborda, Osiñalde, Gaztañaondoa, Sagardia, Landakoetxea, Arrondoa, Bazterrenea,…

Badaude ere pertsona izenei lotutakoak: Martiñuenea, Andresbaita, Petrigalantenea, Loperenea, Arrueneko borda, Petritxonea, Simontxobaita, Mariurdiñenea,…

Hirugarrenez, etxeen deskribapen zehatza egiten duena: Oruenea, Etxezuria, Etxetxipia, Etxazarreta,..

Amaitzeko, lanbideetara zuzenean lotutakoak: Seroriaren borda, Errementenea, Auspagileabaita, Zapatariabaita, Texeria, 

Zerrenda honi esker dakigu, gainera, Arantzan 1768 urtean 854 pertsona bizi zirela. Nahiko orekatua gainera, hauetatik 441 emakumezkoak bait ziren. Guztira 151 bikote ezkondu zeuden.  Gainera, 303 lagun 16 urtetik beherako haurrak zirela ere ikusi daiteke bertan. Honela ba, Arantzako apaizak ikerketa demografiko sakona egiteko informazioa biltzeaz gain toponimia jasotzen ere “nahi gabeko” lan itzela egin zuen.

Bestetik, Igantziko Lehen Hezkuntzako ikuskatzaileen liburua, 1871. eta 1900, urteetako ikuskatze aktak jasotzen dituena. Bertan hizkuntzaren inguruko oharrak agertzen dira.  Akta horretan Gorgonio Parra ikuskatzaileak Igantziko nesken eskolan bisita egin duela eta zuzendu beharreko “akatsak” zerrendatzen ditu. Besteak beste, “… procurará que las niñas se egerciten en la labor de aguja corta…”, “…cantarán letrillas que hay destinadas a cada una de las asginaturas…”. Baina gainera, hizkuntzaren inguruan bi ohar: “…destinará un cuarto de hora cada clase para conversación en castellano sobre objetos…” eta “…No consentirá se hable dentro de la escuela por las niñas y a ser posible fuera de ella otro idioma que el castellano…”.

Bi hauek beraz, agerian uzten dute euskara hizkuntza guztiz bizia zela orduan ere,  nahiz eta administrazioaren joera antzinako garaietan “castellanoa” erabili eta bultzatzea izan zen.

Amagoia Piá Aranguren

Artxiboak

Berrizaungo zubia

Artxibo “berri” batean lanean hastean, dokumenturik zaharrena zein den bilatzea da edozein artxibozainek egiten duen lehen lana. Bigarrena, ostera, zein den planorik zaharrena.

Gu ez gaude salbuetsita. Horrela, Igantziko Udal Artxibora lanera sartu ginenean hartu genituen lehen bi lanak horiexek izan ziren, jakina. Idatzizko dokumenturik zaharrenaren berri eman genuen blog honetan, zaharra ez ezik harrigarria ere bazelakoan. Hortaz, planorik zaharrena ere topatu dugu, eta hau ere ez da nolanahikoa: Berrizaungo zubia, hain zuzen ere.

XIX. mende hasiera arte Berrizaungo zubia egurrezkoa zen. Zubi honek Bidasoa ibaia zeharkatzen zuen eta erortzear zegoen. Zaharkitua, zama handiko gurdiei eusteko makal. Horiek horrela, hala haren gertu omen zegoen burdinola nola zubia bera berritzeko deliberoa hartu zuen udalak: “…puente que hai de madera para el paso y reparo de su herrería maior y menor que se halla amenazando ruina para efecto de ejecutar a cal y canto…”

Honetarako, 1816 urtean, Martin Jose Belarra maisu harginak proiektu bat garatu zuen. Maisu harginak bi begitako zubia egiteko gomendioa luzatu zuen. Proiektu honetan biltzen da Igantziko Udal Artxiboan gordeta dagoen planorik zaharrena.

Planoa benetan berezia da. Ez soilik bere aintzinakotasunagatik, baizik eta gainera, bere irudiengatik. Bere edukia ez da gaur egun ikustera ohituak gauden oinplano, perfilak,… zubiaren begietako bat eraikitzeko erabiliko den egurrezko egitura nolakoa izango den eta zein neurri izango dituen azaltzen du. Plano hori ikusita lanaren azken emaitza zein izango den asmatzea zaila da. Gainera, neurria ez da ohiko gaztelako oinetan ematen, baizik eta noski, oin nafarretan. Honi lotuta dihoakion erregela ere ikusten dugu bertan.

Idatzitako txostena berriz oso lan zehatza da. Zubia eraikitzeko egin beharko diren lan guztiak banaka eta pausuz pausu deskribatzen dira, baita materialak nondik jasoko diren ere. Adibidez, behin zubia amaituta azken lana izango da hura zolatzea “… en toda su tira y anchura se executara calzada con piedra del río…”. Bestalde, ohi bezala, hormak egiteko erabiliko den harrobia ere zehazten da “… en mampostería buena rancada en las canteras de Basateandi o Zereneta…”. Prozesu guztia zein izango den eta pausu bakoitzerako beharko diren material mota eta kopuruak zerrendatzen eta baloratzen dira.

Hala ere, zubia eraiki eta 40 urte beranduago hirugarren begi bat egiteko lanak egin ziren. Orduan Manuel Ansa izan zen proiektuaren arduraduna. Honen planoa ere jasota dago Udal Artxiboan. Plano honek hirugarren begiaren diseinuak azaltzen ditu. Kasu honetan, ordea, gaztelako oinak dira neurriak zehazteko erabilitako unitateak. Idatzitako proiektua berriz ez dago hain garatua.

Hortaz, erraza da ulertzen zergatik artxibozainen lehenengo lana (edo jakin-mina) espediente eta proiektu zaharrenak bilatzea izan ohi den.

Artxiboak

Katalina de Zabaleta

2020 ilun honetan Ereitenek lanean darrai, aspaldiko lagunei berriak batuz. Azken horietako bat Igantziko Udala dugu. Hango artxiboa antolatzeko helburuari ekin zaio eta beti bezala, lan horrek uzta berezia biltzeko aukera ematen du.

Igantziko Udal Artxiboan topaturiko dokumentu batek piztu du oraingoan gure arreta. Idazkera oso txukuna du eta latinez idatzia dago. 1599. urtekoa da. Alfontso del Mazo, Iruñeko apezpikutzako notario eklesiastikoa da dokumentuaren egilea. Notario eklesiastikoek gotzain-barrutietan gertatutako jarduera zibil, kriminal, ekonomiko edo patrimonial oro eskrituratzen zuten eta dokumentu hauek latinez idatzi ohi zituzten.

Katalina Zabaletakoa da testuaren protagonista, Lesakako dorretxeko oinordekoa. Zabaletatarrak Bortzirietako leinurik boteretsuenetako bat izan ziren Erdi Aroan: Altzatetarrekin batera. XIV eta XV. mendeetan Lesakako erroten gaineko kontrola izan zuten, Etxalarko burdinolaren eta bertako ustiapenen jabe izan ziren eta bailarako larreen gozamena ere kontrolatzen zuten. Bada, 1473az geroztik Igantziko San Migel abadiaren patronatua ere Zabaletatarren esku geratu zen, Igantziko elizaren gaineko kontrol osoa eskuratuz. Hala, orduz geroztik Zabaletatarrek Igantziko auzoek bildutako uztaren hamarrena jaso, eta aldi berean, herriko abadea izendatu ahal izango zuten. Azken hau oso eskumen erakargarria zen Erdi Aroko nobleziarentzat, Elizak jendearen eguneroko bizitzaren gainean ezarritako erabateko kontrola zela eta, oso garrantzitsua baitzen beren gustuko edo beraien kontrolpeko apaizak izendatu ahal izatea.

Erabateko botere hau ez zen, ordea, betierekoa izan. XVI. mendean nobleziaren eskumenak murriztuz joan ziren. Bortzirietako auzoak ere nobleziak ezarritako gehiegizko karga hauen inguruko ezinegona erakusten hasiak ziren ordurako. Eta horren erakusle da Igantziko herriak 1566an Juan Zabaletaren aurka egin izana, San Migel elizaren gaineko patronatua auzitan jarriz.

Testuinguru horretan sorturiko dokumentua da esku artean duguna. Baina kasu honetan ez da auziaren inguruko xehetasun askorik ematen. Zor bat kitatzeari buruzkoa da. Domingo Errekaldek Pedro Ortzaitzekin zuen zorra Katalina Zabaletakoari ordaindu beharko diola esaten da bertan, azken hau Ortzaitzen lagapen-hartzailea zelako. Azken honen eta Domingo Errekalderen inguruan, ordea, ezin izan dugu oraingoz ezer gehiago jakin; baina Igantziko Artxiboan lanean dihardugun bitartean dokumentu honen inguruan sortu zaizkigun galderei erantzuna eman ahal izango zaie agian; bai guk, baita oraingo eta etorkizuneko erabiltzaileek ere.

Olatz Etxeberria, Igantziko artxiboa.