Tag: <span>Villabona</span>

Artxiboak

Emakumeak artxibo historikoetan

Emakumearen eguna dela eta artxibozainen artean jarduera txiki bat sustatu dugu. Gure artxiboetan zein dokumentazio dugu esanguratsua eta historikoa (50 urte baino gehiagokoa) emakume bat protagonista duena. Abiapuntua tipikoa, edozein ikerketa historiko egiteko erabiltzen dena. Hipotesia ere: dokumentazio historikoan azalduko zaigu alarguna bezala, ezkonkide bezala,… beti bigarren mailako paperak egiten. Emaitza, polita.

3 arlo bereiztu ditugu:

Denbora librea

Arlo honetarako, nola ez, Eibarko Klub Deportiboaren funtsa aukeratu dugu. Elkarte honek azken ehun urteetan itzelezko presentzia izan du Eibarren orohar. Bai kiroletan, eta baita denbora librea eta gizartean bertan ere. Tarteka, Kezka izeneko aldizkaria argitaratzen du elkarteak. Bertan, bazkideek beren kirol frogen inguruko berri ematen dute. 1967 urteko apirileko alean baina hara non kirolaz gain ere beste gai interesgarri bat lantzen den. Emakume batek gainera! “Clima del club” izenburua duen artikulua sinatzen du Amaya Aseguinolazak. Bertan, emakumearen papera klubean eta bere tabernan ausnartzen duelarik: “…las chicas que formamos parte del club, podríamos cambiar el ambiente que ahora reina en nuestra querida sociedad…”.

Eibarko Klub Deportiboaren Artxiboa, signatura: CDE0651

Editorialak berak ere jasotzen du honen inguruko hausnarketa. Hitzak gaur egun bizi dugun momenturako oso aproposak ez diren arren, kontestuan jarrita izugarrizko pisua dutela eta garaian eztabaida sortuko zutela garbi dago: “… Ahora que la mujer ha invadido la Sociedad, ocupando puestos y desempeñando cargos que antaño eran de exclusividad masculina, no es de extrañar que haya puesto sus ojos en nuestro Club Deportivo…”.

Morala

Emakumea beti galtzaile atera da arlo honetan. Bere ardura izan da betidanik (eta gehiegitan baita oraindik ere) zuzentasunaren eta “garbitasunaren” eredu izatea. Emakumeek moraltasuna inposatua zuten jaiotzen ziren momentutik eta horren baldintzapean jardun behar ziren beti. Zarautzeko udal artxiboan 1948 urteko agiri bat aurkitu dugu. Bertan erabakitzen da Isabel zentzategian sartu behar dela: “…la gravedad de su conducta moral, que produce el natural escándalo en la población, aparte del mal ejemplo… entre la juventud…”.

Zarauzko Udal Artxiboa, signatura: 113-17

Zeren, emakumearen ardura zen moralaren aginduak beteaz jokatzea eta bizitzea. Baina baita honen adibide eman eta hezitzea ere. Horregatik, emakumeak izan ohi ziren, besteak beste:

Irakaslea: Villabonan 1793 urtean, María Micaela Atxukarrok eskatu zuen haurren irakasle izateko lana. Udalbatzak eskaera akta liburuan kopiatu eta ardura berari ematen dio. Honela dio: “…suplica se le conceda la enseñanza de niñas y muchachas de esta villa, en leer, escribir, coser, planchar y otras habilidades correspondientes a una mujer…”.

Villabonako Udal Artxiboa, signatura: 0005CF

Serora: eliza eta baselizetako zaindariak, noski ohikoenak, emakumeak. Orendainek 1884 urtean Josefa Antonia Zubillaga izendatu zuen San Sebastian baselizako serora. Bere funtzioen artean soldata eliza garbia mantentzea, santuaren irudiaren aurrean argia jartzea gabetan eta apaizak meza emango duenetan… horiek ohikoak, baina harritu gaituen beste bat: “…de retejar el tejado cuando convenga…”. Langileak deitu eta ordaintzea esan nahiko dute? Ez du zehazten.

Orendaingo Udal artxiboa, signatura: 003-40

Ogibideak

Gorago aipatu ditugu bi, serora eta irakaslea, baina bazeuden emakumeentzako beste ohiko lan batzuek ere: tabernariak, ileapaindegiak, jostunak… beranduxeago baita bulegoetako administrariak ere. 1910 urtean Ibarrako “La Tolosana” paper frabikan lanean hasiko zen Agueda Zinkunegi Lazkano. Baina horretarako lehendabizi aitak baimena eman behar izan zion udaletxean bertan alkatearen eta idazkariaren aurrean. Honela dio aitak: “…otorgaba mi pleno consentimiento y autorización para que como jornalera pueda dedicarse a trabajar…”.

Orendaingo Udal Artxiboa, signatura: 003-40

Baina, gure harridura sortu duten dokumentuak ere aurkitu ditugu ogibideen gaian: hainbat artxibotan topatu ditugu gizonentzako ogibideak izan ohi zirenak emakumeek egiten. Gehienetan, hala beharrez eta aldi batekoak, hutsuneak bete bitartean, baina ez beti eta ez edonolakoak. Hona hemen adibide batzuek:

Villabonan 1805 urtean herria haragiz hornitzeko esleipena zuen gizonezkoa hil zen eta hitzarmenaren epea bete bitartean lan hori Magdalena Garmendiak betetzea onartu zen udalbatzak. Ez hori bakarrik, baldintza berdinak errespetatu zizkioten.

Villabonako Udal Artxiboa, signatura: signatura: 0005CF

Asteasu berriz bi adibide ditugu. Batetik, Guda Zibila hasi zenean idazkaria atxilotua izan zen eta bere alabak ordezkatu zuen hilabete batzutan. Urtebete beranduago, udal arielen administratzailearen kargua ere libre geratu zen eta emakume batek bete zuen. Kasu honetan eztabaida akta liburuan jaso zen. Lehenengo osokoan mahai gainean geratu zen gaia honako arrazoiagatik: “…por encontrar alguna dificultad en que no sea hombre quien haya de desempeñar dicho cargo…”. Pare bat hilabete beranduago ospatutako osokoan berriz aukera hau onartu eta Concepción Esnaola izendatu zuten arielen administratzaile.

Asteasuko Udal Artxiboa, signatura: H280-04

Abaltzisketan 1871 urtean medikua hil eta bere ordez Juliana Onzalo alaba kontratatu zuten berria aurkitu bitartean. Honek garbi uzten du alabak behar adina formakuntza zuela mediku eta zirujau ardura bere gain hartzeko. Kasu honetan ere nabarmentzekoa da aurreko kontratatuaren baldintza berdinetan aritu zela lanean. Honela erabaki zuen osokoak: “…y se obligaban a pagar igual salario que al cirujano anterior y en la misma forma…”.

Abaltzisketako Udal Artxiboa, signatura: 0003-09

Ogibide arrotzetan azken adibide bat. Gipuzkoako Artxibo Orokorrean Anselma Berrotaran Sagarzazuk errege-zergak ordaintzearen salbuespena eskatu zuen Glorioso San Antonio arrantza untzia legeak aginduta bezala herrialdean bertan eraiki bait zuen. 1936 urtean Anselmak untzi bat eraikitzeko hitzarmenak egin zituen Hondarribiako ontziola batean.

Gipuzkoako Artxibo Orokorra, signatura: AGG-GAO DPG JDIT1434

Amaitzeko, hiru multzoetan zuzenean sartu daitekeen espedientea. Hondarribiako Udal Artxiboan gordeta dagoena. 1611 urtean sorginak zirela eta sei emakumek jasandako auzia. Honela zioten: “…brujas maestras que embrujaban y habían embrujado muchas criaturas y las dichas criaturas lo decían, declaraban y manifestaban y que en dicho ofício y secta demoniaca…”. Bi urteko zigor espetxea jasan zuten, baina gero aske utzi zituzten. Orduan hasi omen zen gizartearen pentsatzeko modua aldatzen eta sorginen jazarpena alde batera uzten.

Hondarribiako Udal Artxiboa, signatura: B-1-I-5-2

Ondorioz, emakumezkoak presente daude gure Artxiboetan. Neurri txikiago batean, bai, baina bilaketa egokiak eginda uste duguna baino gehiagotan eta egoera kuriosoetan aurkitu dugu adibidea. Gutxi azaltzen bagara historiako liburuetan, bada dokumentazio asko ez dugulako, baina baita bilatzeko lanak gutxi direlako ere. Honetan guztian sakontzeko beharrezkoa da erakundeek ikerketak sustatzea.

Ereiteneko artxibozainak

Artxiboak Bloga

Francisco de Paula Borbon infantearen egonaldia Villabonan

Noizean behin, herriaren iragana gogora ekartzen duen dokumentazioa agertzen da artxiboan. Orain dela gutxi jakin dugu 1830eko uztailaren 26an, Zestoako Bainuetxetik etorrita eta Donostiarako bidean, Francisco de Paula de Borbón eta Luisa Carlota de Borbón-Dos Sicilias infanteak Villabonako Zubiaurre Zarra ostatuan egon zirela. Egonaldi honek herriko jaiekin kointziditu zuenez, ostatu jabeak, Juan Ignacio Etxabegurenek, jasandako kalteen erreklamazioa eskatu zuen.


Udal artxiboan egonaldi honen inguruko dokumentazio gehiagoren bila, gutun bat ageri da, 1830eko uztailaren 18an datatua eta Ladislao Zabalak sinatutakoa (sig. 0609 – 02). Gutun honek errege bisitaren berri ematen du, eta bazkaltzeko egonaldia gauzatzeko Pedro Nolasco Telleria arkitektoari herriko etxerik onenak erakusteko agindua ematen du:

Gauzak honela, badirudi aukeratutako etxea Juan Ignacio Etxabegurenen Zubiaurre Zarra ostatua izan zela. Hala ere, oraingoz ez dugu jabeak sustatutako kalte-ordainen erreklamaziorik topatu udal artxiboan.

Urte bereko uztailaren 18an ospatutako Osoko Bilkuran (0006 cf – 02) infanteen iritsierari buruz hitz egin zen, eta batzorde bat eratu zen Asteasu eta Zizurkilerantz igotzen zen harrizko zubia konpontzeko helburuarekin:

Miriam Ruiz
Argazkiak: Villabonako Udal Artxiboa

Artxiboak

Uraren erabilera: “Una mala inteligencia”

Ura beti izan da lehenengo mailako beharra. Gure gorputzaren %75 ura dugu eta horrek, bizitzeko nahitaezko elementu bihurtzen du. Hortaz gain, gure baserrietako larreak mantentzeko ere behar dugu, eta baita gure animalien elikadurarako ere, hau da, gure bizitzako edozer gauzarako behar dugu ura. Beste maila batzuetako gauzetarako ere erabiltzen dugu, higienea mantentzeko, arropa garbitzeko, elikagaiak prestatzeko… Oso baliabide garrantzitsua da eta artxiboan uraren erabilerari buruzko dokumentazio ugari dugu. Oraingoan, Villabonako bizilagunek Udalari egindako eskaera sorta batekin gatoz (sig. 692-02).

Mota desberdinetako eskaerak topatu ditugu, batzuetan baserritarrek euren larreak ureztatu ahal izateko ubide batetik ura hartu nahi dute; beste batzuetan, bizilagunen batek bere lurretan putzu bat du eta horren erabilerarako bide edo lur publikoak okupatu behar ditu; edo bizilagunen arteko liskarrak direla eta, hauek Udalari eskatzen diote arazoari irteera “inteligente” bat bilatzeko. Mota honetako gutun asko daude 1862 urtetik aurrera, baina antzematen da, urteak pasa ahala herritarren beharrak aldatu egiten direla eta beste mota bateko kezkak dituztela. Izan ere, XX. mende hasieratik aurrera, herriko edo kalean bizi diren herritarren eskaerak geroz eta gehiago dira herriko saneamenduagatik eta ur zikinen tratamenduagatik kezkatuta.

Mota horretako eskaeren artean, 1926 urteko abuztuaren 26ko gutun bat aurkitu dugu, herriko harraska publikoaren baldintzen inguruan. Bizilagun desberdinek sinatzen duten eskaera hau, Tokiko Osasun Batzordeari zuzenduta dago eta harraskako ur kutsatuaren arazoa konpontzeko eskatzen diote. Testuak dioenez, ur horniduran aldaketak egon ziren eta ondorioz, harraskako ura, ur-emari gutxi zuen ubide batetik iristen zen: “una mala inteligencia en la distribución de las aguas ha sido la causa de los hechos que sometemos a la consideración de esa Junta”. Horrek bi arazo nagusi suposatu zituen, batetik, ur hori oso erraz kutsatu zitekeela abereengatik eta bertatik pasatzen ziren gurdiengatik, pertsonen osasunari kalte larriak eragiteko arriskuarekin. Eta beste alde batetik, estolda nagusiko hondakinak eramateko indar gutxi zuen ubideak, eta horrek usain jasanezinak eragiten zituen. Bizilagunek euren gutunean, aldaketen aurreko egoerara bueltatzeko eskatzen dute, hau da, harraska iturburuetako urarekin hornitzeko eskatzen dute.

Dokumentu sorta honetako beste eskaera baten bidez jakin dezakegu, Udalak bizilagun hauen eskaerari erantzun pozgarria eman ziela.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Villabonako argazkiak

Egia da artxibo batean gordetzen den dokumentazioaren gehiengoa idatzizko testuen dokumentuak direla, papera izanik hauen euskarri. Ez da hau ordea, gordetzen den dokumentu mota bakarra, planoak, argazkiak, e.a. ere badaude artxiboetako apaletan. Villabonaren kasuan, argazki bilduma oso urria da. Behin baino gehiagotan aipatu izan dugun sutearen ondorioz, XIX. mendeko gerran suertatutakoa, dokumentazio baliagarri asko galdu zen, argazkiak tartean.

Hala ere, baditugu argazki polit eta interesgarriak. Alde batetik, argazki zahar sorta bat dugu, non herriaren aireko irudiak ikus ditzakegun. Hauen artean XIX. mende amaierako bat dugu non Subijana eta Salvadora papertegiaren zonaldea ikusten dugun, Fraisoro atzealdean dutelarik, ibaiaren beste aldean. Ez da hori ordea, argazki honen deigarriena. Berezitasun nabarmenena Villabonako eliza falta dela da, hau da, eliza eraiki aurreko argazki bat da eta garai honetakoak, oso gutxi ditugu. Datu horrek hurbiltzen gaitu argazkiaren datara. Badakigu eliza 1907 urtean eraiki zela, beraz, argazki hau XIX. mende amaierakoa edo XX. mende hasierakoa izango da.

Aireko argazki hauetaz gain, badugu fotolito bilduma txiki bat (sig. 217). Fotolito bat bai argazki eta baita testuen inpresioaren prozesuaren zati bat izango da. Fotolitoetan inprimatu nahi denaren irudia dago marraztuta euskarri transparente baten gainean, lehengoko klixe edo negatiboen antzera. Gure kasuan, euskarri transparenteak edukitzeaz gain, metalezkoak eta beste material batzuetakoak ere baditugu. Udalerriaren armarriarena esate baterako, metalezkoa da eta 4 fotolito ditu, bakoitza kolore batekoa: gorria, urdina, horia eta beltza. Bildumatxo honetan, armarriaz gain, 1965 eta 1975 urteetako festetako kartelen fotolitoak ere aurki ditzakegu, eta baita, festetan elkarte desberdinetan banderadun bezala parte hartu zuten neskenak ere.

Baditugu beraz, nahiz eta gutxi izan, argazki berezi eta interesgarriak Villabonako artxiboan. Gainera, orain jaso berri dugun argazki sorta baten doaintzari esker, bilduma hau aberastu egingo da. Hontaz, baina, beste batean hitz egingo dugu.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Artxiboan egindakoak

Orain dela urte bete argitaratu genuen berrietako batean esan genuenez, blog honen helburuetako bat artxiboan egiten dugun lana plazaratzea da. Horretarako, Villabonan ekimen desberdinak jarri genituen martxan, beti ere, gordetzen dugun dokumentazioaren kontserbazioa bermatzeko helburua jarraituz. Oraingo honetan beraz, ekimen horien erantzunak adierazi nahi ditugu.

Orduan esan genuen bezala, artxibo gelak baldintza egoki batzuk izan behar ditu, beste batzuen artean, hezetasun eta tenperatura maila kontrolatuak izurriteak saihesteko. Nahiz eta gure kasuan bi faktore horien neurriak egokiak izan, kaja batzuetan onddoen arrastoak topatu genituen eta are gehiago, dokumentu batzuetan pipienak ere bai. Arazo honi aurre egiteko, enpresa aditu bati deitu zitzaion garbiketa sakon bat egiteko gela osoan. Fase hori bukatzean, lanpara intsektokutatzaile bat instalatu da eta horrela egoera konpontzea eta kontrolatzea lortu da.

Hortaz gain, beste bigarren ekimen bat ere jarri genuen martxan, dokumentuen zaharberritzearena alegia. Aurrekoan esan bezala, gordetzen ditugun bi dokumentu historikoren egoera oso txarra zen. Horietako bat XIX. mendeko planoek osatzen dute (sig. 1092-01), udaletxearen planoek esate baterako. Hauek urte askotan zehar tolestuta gordeta egoteagatik erditik puskatuta zeuden. Bigarren dokumentuari dagokionez, XVI. mendeko testuak ditu, Villabona eta Amasaren arteko liskarrei buruzkoak beste batzuen artean (sig. 117). Kasu honetan, dokumentuaren beraren ezaugarriak izan dira kaltearen jatorri. Izan ere, testu batzuk idazteko erabili zen tinta ferrogalikoak papera jan duela esan daiteke; eta bestalde, dokumentuei balioa emateko, mozketa batzuk egiten ziren orriaren erdialdean. Gauzak horrela eta denbora pasa ahala, orrietan gertatutako kalteak handiak izan dira. Egoera honen aurrean, bi dokumentu hauek zaharberritzeko erabakia hartu zuen Udalak eta profesional bati enkargatu zitzaion lan hori. Gaur, bi dokumentuak bueltatu dira artxibora eta hemen erakusten dizuegu nola gelditu diren.

Azkenik, 2018 urtean aurrera eramandako azken proiektua XVI eta XVII. mendeetako dokumentu historikoen digitalizazioa izan da. Kontserbazioa bermatzeko helburuarekin jarraituz, zaharberritu diren bi dokumentu horiekin batera, beste hiru gehiago digitalizatu dira. Honek, aipatutako helburua lortzeaz gain, dokumentuak edonork edonondik modu erosoan kontsultatzea ahalbideratuko du. Nahiz eta momentuz kontsultagarri ez dauden, etorkizunean gure artxiboaren web orrian bilatu ahal izango dira.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Subijana udalaren esku

Urteko azken berri honek emango dio amaiera Subijanari buruz idatzi dugun berri sortari eta nola ez, enpresaren azken faseari buruzkoa izango da, hau da, estanpatuen fabrika izatetik, abandonatze garai bat pasa eta Mintzola ahozko lantegiak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak erabili arte.

XX. mendearen erdialdean hasi zen enpresaren beherakada, 1966 urtean ordainketen etetea adierazi zuelarik Hartzekodunen Batzordeak. Artxiboan gordetzen dugun dokumentuetako bat Batzorde horrek 1968ko martxoaren 12an ospatu zuen Batzar Orokorraren akta izango da eta bertan jasota agertzen dira enpresak urte horietan jasan zituen zailtasunak, izan ere, Batzorde hau Subijana y Cia, S.A. enpresaren jabe 1966ko urrian egin zen. Dirudienez, urte horietan Subijanaren bezero bakarra Bartzelonako Industrias Benguerel S.A. zen eta hori ere egoera zail bat jasaten ari zen, Villabonako enpresari zuzenean eraginez. Batzordearen eskuetara pasa zenean, bezero gehiagoren bilaketari ekin zitzaion. Batzuk aurkitu zituen Batzordeak, baina ez ziren nahikoak izan eta 1970eko gutun baten arabera, talde bati saltzen dio fabrika “ha procedido a efectuar la venta del negocio de Subijana y Cía., S.A., a un grupo de industriales textiles, en condiciones especiales, dada la situación por la que la Empresa viene atravesando” (sig. 701-01).

Hala ere, badakigu 1978 urtean oraindik ere martxan zegoela, bere jabetzako lurretan etxebizitzak eraikitzeko proiektua baitzuen. Etxebizitza horien salmentarekin egoera ekonomikoa arintzeko esperantza zuen. Horretarako baina, lurzoruaren erabilera aldatu behar zen lehenengo. Ez da ahaztu behar fabrika hau 1860 urtean eraiki zela eta hirigintzaren ikuspuntutik, garapen gutxi eduki zuela urte guzti hauetan zehar. Tamalez, beharrezko baimena ukatu egin zitzaion eta proiektua bertan behera gelditu zen. Hau izango da Udalak eskua sartzen duen momentua (sig. 701-01).

1985 urtean enpresa jadanik itxita egongo da eta bere eraikuntzak hutsik, erabili gabe eta geroz eta egoera okerragoan; kokapena ordea, ezin hobea zen herriaren erdi-erdian eta Oria ibaiaren ondoan dagoelako. Hortaz, kokapenaz baliatuz eta herriak behar zuen ekipamendu publikoa garatzeko helburuarekin, estanpatuen fabrikaren lurren erosketa planteatuko du Udalak. Momentu honetan enpresaren ondasunen jabe langileak dira, baina hauek eta Udala akordio batetara iristen dira eta 1988 urteko urriaren 3an, Villabonako udalbatzarrean, ondorengo ondasunen erosketa adosten da:

1. Tornatxulo izeneko etxea eta patioa, kale Nagusia 76

2. Estanpatuen fabrika, kale Nagusia 73 zenbakian, Subijana enpresa zaharra

3. Finka horietako lursail eta eraikuntza guztiak

Hemendik aurrera zonalde guztiari buelta handia emango zaio, itxura guztiz aldatuz. Eraikuntzen eraisketarekin hasiko da. Subijanaren etxebizitzak balio historiko eta arkitektonikoa edukiko du, beraz, ezin da hala nola bota, gainontzekoa ordea, bai eta 1994 urtean emango zaio hasiera proiektu horri (sig. 1708-08). Gaur egun, bertan Maiatzaren Lehena plaza, frontoia eta etxebizitzak aurkitzen ditugu. Hurrengo urtean matrizea botatzeko asmoa dago, baina lehenengo eraikuntzaren azterketa bat egin behar da. Azterketa horretan, 1997 urtean egiten dena (sig. 668-08), berri honen irudi den argazkia erantsia da eta eraikuntzak duen balio historikoa azpimarratzen da “Aún considerando las trasformaciones y adaptaciones que ha podido sufrir la distribución original, -construcción de aseos o subdivisión de algunas piezas-, no se han perdido, en general, las características propias de una buena construcción de aquella época en cuanto a amplitud y generosidad de los espacios y a la calidad de los materiales empleados”. Azkenean, ez da eraikuntza botako, horren ordez 1999 urtean egitura eta fatxadak sendotu egingo dira (sig. 1815) eta 2004 urtean hasiko zaio gaur egun ikusten dugun itxura ematen. 2007 urtera arte luzatuko dira lanak eta 2008an Udalaren eta Mintzolaren arteko hitzarmena sinatuko da (sig. 2863-15) elkarte horrek eraikina erabili ahal izateko.

Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi 2018 urteko Europako Ondare Industrialaren jardunaldietan Villabonako protagonista izan dena: uharka. 2009 urtean ekin zitzaion honen birgaitzeari (sig. 2711), 2012an bukatu zirelarik lanak. Balio anitzeko gela bihurtu eta gaur egun, bertan hitzaldi, jarduera eta ekitaldi desberdinak burutzen dira.

Aljibe hau aitzaki hartuta, Villabonako industrializazioan eta garapen ekonomikoan indar handia eduki zuen protagonistetako bat hobeto ezagutzeko aukera eduki dugu hilabete hauetan. Sorta honetako lehenengo berrian esan genuen bezala, Villabonan ez ditugu industria garai honetako aztarna asko, horregatik, gure betebeharra da ditugunak zaintzea, hauen artean Subijana etxea eta bere aljibea daudelarik.

Irudian: Subijana etxearen atzeko fatxada 1997 urtean (sig. 668-08)

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Ondare idatziaren bitartez oroitzapenak berreraikitzen

Aurreko hilabetean Aljibera antolatu zen bisitetan parte hartu zenutenek ezagutuko duzue gaurko berri honetan jarri dugun argazkia. Estanpatuen fabrika osoaren planoa da eta bertan, argi eta garbi ikusi daiteke enpresak barnean zuen sistema hidrologikoa, ura behar zen tokietara bideratzeko kanalekin eta biltzeko uharka edo andelarekin.

Plano hau beste dokumentu handiago baten zati bat da. Dokumentu hau fabrikaren inbentario bat da eta zehatz-mehatz irudikatzen digu fabrika nolakoa zen Subijanaren eskuetara pasa zenean: eraikuntzak, eraikuntzarako materialak, lantzen ziren produktuak, e.a. Dena deskribatzen da “A los señores Subijana y Cía. Tintorería y estampados. Villabona. Guipúzcoa” izenburuko lan honetan (sig. 1389-05). Tamalez, ezin dugu zehazki jakin noiz idatzi zen dokumentu hau datarik ez baita inon adierazten. Badakigu ordea, fabrika Subijanaren eskuetara 1907 urtean pasa zela, beraz, XX. mendearen lehenengo erdialdekoa izango dela pentsa daiteke.

Esan bezala beraz, testu hau inbentario bat da, fabrikaren balio ekonomikoa ezagutzeko egin zen, bertan zegoen guztia azaltzen baita deskribapen eta balio ekonomiko batekin. Gaur egun ordea, dokumentuak beste balio bat edukiko du. Egun desagertua dagoen Villabonako ikur baten itxura eskaintzen du eta horri esker oso erraza egiten da bertan gertatzen zena gure buruan irudikatzea.

Dokumentuak lau zati ditu. Lehenengoan eraikuntzak deskribatzen dira. Guztira 21 ziren (tximiniaz gain) eta bakoitza oso modu sakonean deskribatzen da. Horietako bakoitzean betetzen ziren funtzioak, azalera, erabilitako eraikuntza materialak, zenbat solairu zituen eta bakoitzaren deskribapen sakona (batzuk solairu bakarrekoak izango ziren, baino beste batzuk bi eta hiru ere edukiko zituzten), barnealdeko banaketak, leihoak edo argiteria sistema,… Eta noski, eraikin bakoitzaren balioa. Atal honen amaieran laburpen bat erantsi da eta hor ikus daiteke eraikin garestiena lehenengoa zela. Hauek dira bakoitzaren izenak (zenbakiei esker planoan erraz kokatu daitezke):

1.Koloreak prestatu eta zapiak estanpatu

2.Garbitokia, tindaketak, zuriketak, artilezko piezak

3.Galdara gela, lehortegia

4.Estanpatzeko makinen eta zilindroen makina gela, lehortegia eta estanpatzeko gela

5.Zuriketak

6.Estanpatzeko plantxen biltegia, aireko lehortegia

7.Zurgindegia, pieza zurien biltegia, lehortegia

8.Zalditegia

9.Langileentzat etxea

10.Estanpatzeko plantxen biltegia

11.Drogen eta estanpatzeko plantxen biltegia

12.Etxebizitza. Etxabea eta hiru solairu; egongela eta jangela tximiniarekin batera bigarren solairuan zeudelarik

13.Bulegoa eta biltegia

14.Idaztegia eta biltegia

15.Erabilera anitzeko gela

16.Konponketa mekanikoen lantegia

17.Turbinak

18.Sutegia edo errementeria

19.Biribilkiak grabatzeko gela, txatar biltegia

20.Tindategia

21.Komunak

Dokumentuaren bigarren zatiak eraikin bakoitzaren gela bakoitza deskribatzen du. Hauek ere modu sakonean. Eraikinez-eraikin doa eta solairu bakoitzeko gela bakoitza nolakoa den, zertarako den eta bertan dauden gauza guztiak (makinak, altzariak,…) zerrendatzen ditu, ondoren bakoitzaren balorazio ekonomikoa kalkulatzeko. Adibide batzuk jartzearren: “Edificio 1. Planta Baja. Sala A. Sala de iluminación a mano: 2 mesas de pino de 9400x1200x100 m/m con tapiz de fieltro y tela de yute” edo “Edificio 13. Planta Baja. Sala B. Despacho del director. 1 mesa ministro de 1.65×1.00 de nogal doble, cara superior de molesquin. 2 sillones nogal, asientos y respaldos tapizados”. Ez da oso zaila horrelako bulego batean ospatuko ziren bilerak irudikatzea.

Hirugarren atala ekoizpenari buruzkoa izango da. Erabiltzen ziren materialak, moldeak edo ereduak aipatzen dira bertan. Ehun mota eta kolore bakoitzerako erabiltzen ziren moldeak zehazten dira. Hauetako gehienak egurrezkoak edo berunezkoak ziren, nahiz eta kobrezko batzuk ere erabili. Eredu desberdinak erabiltzen ziren kotoiarentzako, kaxmirrarentzako, zapi gorriak egiteko, kafe kolorekoak,… Ehun frantsesak (bordatuak normalean) edo alemanak egiteko ere, molde bereziak erabiliko ziren. izan ere, fabrika honetan ekoiztutako ehunen artean aukera zabala zegoen.

Azkenik, dokumentu honen laugarren atala fabrikaren planoek osatuko dute. Berri honen irudi fabrika osoaren planoa dugu, baina eraikuntza bakoitzak ere bere planoa edukiko du, non gela bakoitza ondo islatua egongo den.

Oso dokumentu berezia dugu esku tartean beraz. Villabonako fabrika nagusienetako bat XX. mende hasieran nolakoa zen jakiteko datu eta informazio baliotsua eskaintzen digu. Eta zergatik ez, nostalgia puntu bat ere ekar diezaguke.

Amaia Mendizabal

Artxiboak Bisita gidatuak

Subijanako uharkara bisita

Oraingoan ez dugu Artxiboan gordetzen dugun dokumenturik aurkeztuko, ostera, Europa mailan antolatzen diren Ondareari buruzko jardunaldiak aurkeztuko ditugu. Jardunaldi hauek urtero antolatzen dira bisita gidatuak, erakusketak, hitzaldiak eta bestelakoak eskainiz. Udazkena izaten da jardunaldi hauek ospatzeko garaia eta horregatik, urriko berria hauei eskaini nahi diegu, eta zergatik ez, Villabonak eskaintzeko duenari buruz pixka bat hitz egiteko. Noski, Villabonak honen inguruan asko dauka eskaintzeko eta Gipuzkoako beste 32 udalerrirekin batera, 2018ko Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du.

Aurten jarri den gaia emakumearen emaria izan da eta hauen rola ondarean zein izan den aztertzeko eta erakusteko aukera ezin hobea da. Azkeneko hilabete hauetan Subijana enpresari buruz idatzi ditugun berrien bitartez, enpresak herriarekiko eduki duen eragina eta garrantzia islatu nahi izan dugu, denboran izan duen garapena deskribatuz eta Udalarekin edukitako harremanak eta tratuak plazaratuz. Enpresa honetan Villabonako bizilagun askok lan egiten zuten, horien artean emakumeak aurkitzen zirelarik. 1908 urtean adin desberdinetako 48 emakume eta neska zeuden bertan lan egiten, gehienak 23 urte baino gutxiagokoak. Urte batzuk beranduago, 136 izango ziren, enpresako gehiengoa osatuz (gizonezkoak 124 izango ziren) eta berriro ere, gehiengo nagusiak 23 urte baino gutxiago edukiko zituen.

Hauek betetzen zituzten lan postuak ezagutzeko bertan lan egin zutenen testigantzak ezinbestekoak dira, Artxiboan dugun dokumentazioaren artean honi buruzko datuak ezin baitira bilatu. Testigantza hauek oso baliotsuak dira hutsune handi horiek betetzeko eta garai hartako lan mundua nolakoa zen jakiteko. Izan ere, emakumeek Subijana enpresan betetzen zuten lanetako bat oihalen tindaketa eta zuritze kupeletan ematen zela horiei esker dakigu, hau da, urez betetako kupeletan egingo zuten lan.

Aurreko berrian agerian gelditu zen bezala, ura ezinbesteko baliabidea zen enpresaren funtzionamendurako, herriko ur-iturri desberdinetako ura ustiatzen zuelarik. Horretaz gain, enpresa eraiki zenean ura bideratzeko sistemak ere eraiki behar izan zituzten, horien artean kanalak eta uharka edo aljibea aurkitzen direlarik.

Artxiboan tamalez, uharka horri buruzko informaziorik ez dugu, ez dakigu zehazki nork eta nola eraikia izan zen. Horri buruz dugun informazio bakarra 2009 urtekoa da, hau da, balioanitzeko gela bihurtu zenekoa. Hori dela eta, Ondarearen Jardunaldi hauek uharka ezagutarazteko aukera paregabea eman digute eta bertara bisita gidatuak antolatu dira hilabete honetarako. Gainera, bisita hauetan, Subijana enpresako ikur hau ezagutzeaz gain, estanpazioari buruzko tailer bat egiteko aukera ere egongo da. Informazio guztia Udalaren web orrian aurkitu daiteke, baino guk txoko honetaz baliatu nahi izan dugu interesa duen edonor gonbidatzeko bisita hauetan parte hartzera. Urriaren 20an izango da lehenengoa, goizez eta euskaraz, eta urriaren 27an bigarrena, kasu honetan gaztelaniaz, ordutegi berdinean. Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen kontsulatu daiteke.

Argazkiaren iturria: https://t.co/JPSiENbhix

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Uraren erabilera

Villabonako estanpatuen fabrikari buruzko berri sortarekin jarraituz, enpresa honek bere funtzionamendurako behar zuen baliabide natural garrantzitsuenetako baten kudeaketari buruz hitz egingo dugu oraingoan.

Industria aroan edo industrializazio garaian, fabrika haundi nagusienen ekoizpenerako ura ezinbestekoa zen. Villabonan, hala nola Gipuzkoako beste toki batzuetan ere, ikatza ez zen baliabide nagusi bat, izan ere, hemen zaila zen lortzea eta horregatik uraren indarraz baliatuko ziren industriak martxan jartzeko. Egoera hau ez da XIX. edo XX. mendeko berezitasun bat, baizik eta atzeragotik dator. Erdi Aroan dagoeneko, burdinolak eta errotak ibai ertzetan kokatzen ziren arrazoi horrexegatik. Villabonaren kasuan kokapen estrategikoa zuen ez bakarrik Oria ibaiaren ertzean egotegatik, baizik eta trenbide sarean barneratua egoteagatik ere, eta horrek erakargarri bihurtzen zuen herria industriaren garapenerako.

Estanpatuen enpresa hau, aurreko batean esan bezala, 1860 urtean eraiki zuten Silva anaiek eta Frois-ek, baina horren aurretik pertsonai hauek Villabonako beste industria batzuetan ere parte hartu zuten. Horrela adierazten dute Udaleko batzarretako akta desberdinek (sig. 0007-01 CF). 1858 urtean Rodolfo Silva Arroa errotaren jabeetako bat izango da. Errota hau gaur egun izen hori duen auzoan egongo zen eta akziodun desberdinak izango ziren jabe garai horretan. Urte horren hasieran baimena eskatuko diote Udalari errotatik irteten den ura bideratzeko kanal bat eraikitzeko Butron izeneko parajean. Bestalde, 1860 urteko akta baten arabera, Silva burdinola baten jabe dela aipatzen da, Olaederra burdinola izango ote da?

1860 urte horretan beraz, estanpatuen fabrika eraikitzen da barnean bi ur kanal edukiko dituelarik, eta bertan zeuden turbinak, oihalak lehortzeko berogailuak, tindaketarako eta zuriketarako behar ziren galdara eta kupelak uraren bitartez funtzionatuko zuten. Bistakoa da beraz, enpresa honek urarekiko zuen menpekotasuna.

Herrirako zerbitzuak ere eskaini zituen, nolabait esateko. Udalarekin harreman onak zituela nabarmen geratzen da Artxiboan ditugun agiri desberdinetan zehar. Enpresa eraiki zenean, bertako ura Oria ibaira ateratzeko ubidearen tamaina dela eta, zubi berri eta handiago bat eraiki behar izan zuten Silva anaiek eta Frois-ek Olalde inguruan. Zubi hori edonork erabili ahal izango zuen baina hori bai, naiz eta enpresak eraiki, ez dute mantentze lanez arduratu nahi eta udalbatzan esaten dute “que aunque por su conveniencia haya egecutado este puente, no por eso se le debia considerar obligado a que en lo sucesivo quedase a su cargo su composicion y mucho menos su renovacion por causas imprevistas y que pudiesen ocasionar las grandes avenidas de aguas”. Gauzak horrela, Udalak bere adostasuna adieraziko du eta momentu horretatik aurrera bere ardurapean geldituko da zubia.

Beranduago “Subijana y Cia.” izango den enpresa honek ez du Oria ibaiko ura bakarrik erabiliko, Villabonako beste errekasto eta errekak ere ustiatuko ditu eta. Baliabide hau ordea, ezin da nolanahi erabili, erregulatu eta kontrolatu beharreko gauza bat da eta horretarako baimena lortu behar da, bai Udalarena eta baita Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoarena ere. Artxiboan mota honetako baimen espediente desberdinak ditugu. 1962 urtean adibidez, Akulubi errekastotik segundoko 9 litro hartu nahi zituzten. Errekasto hori ordea, nekazal helburuetarako beste pertsona batzuek ere ustiatzen zuten eta ur emaria murriztu egingo zela alegatu zuten enpresa horrek baimena eskatu zuela jakin zutenean. Konferentzia eta Udala ordea, ez zeuden beraiekin ados eta baimena eman zioten. 3 urte beranduago, beste errekasto bateko ura erabiltzeko beharra zutela jakinarazi zion Subijanak Udalari. Oraingoan Sorredoreko ura behar zuten eta berriz ere, kexak egon ziren herritarren eskutik. Partikular batek Sorredore eta Etxeondo erreka gauza bera zirela esanez, Subijanak hortik ura hartzen bazuen bere lurretan eragina edukiko zuela salatu zuen. Hala ere, oraingoan ere fabrikak behar zuen baimena lortu zuen (sig. 625-32).

Beste erreka bat ere ustiatuko zuen, baina oraingoan tratu bat edukiko zuen Udalarekin. Otsabi erreka, errepidea azpitik zeharkatuz enpresa ondotik pasatzen zen Oriara isurtzeko bere urak, eta horregatik Subijana enpresak edukiko du ur horien gaineko eskubidea. 1897-09-05eko Udalbatzarrean (sig. 0008-02 CF), Udalak bertako ura herritarren erabilerarako eraiki duen harraska batera eramatearen trukean, fabrikari baimena emango dio sare orokorretik edateko ura doan hartzeko. Akordio hau oso baliotsua zen “Subijana y Cía.”-rentzat eta momentu horretatik aurrera Otsabi errekaren inguruko erabakiak hartzen dituzten bakoitzean Udalak akordioa berretsi beharko du. Horrela egin zuen 1897 urtean eta baita 1909 urtean ere. 1944 urteak emango dio amaiera akordio honi. Udalak hartzen du erabakia eta enpresak adostasuna ematen duenean, honek edateko urari dagokion zerga ordainduko du eta Otsabitik herriko estolda sarera ura eramaten zuen hodia itxi egingo da.

Artxiboak

Fabrikaren barne araudia, atzoko kezkak ala gaurkoak?

Gune hau bai Villabonako herriko gai desberdinak jorratzeko edo efemerideetaz hitz egiteko aprobetxatzen dugu, baina baita ere, leku aproposa da Artxiboan aurkitu daitezkeen dokumentu bitxiak erakusteko eta herritarrengana iritsarazteko. Aurreko berrian Subijana y Cia. enpresaren hastapenei buruz hitz egin bagenuen (enpresa Silva anaien eta Frois jaunaren eskuetan zegoen garaiari buruz), oraingoan garai horretakoa den dokumentu berezi bat aurkeztu nahi dugu. 1867-05-01ean idatzi zen estanpatuen enpresaren barne araudia, bai garaiko alkatea zen Juan Miguel de Lizurunek eta baita enpresako jabeek sinatutako dokumentua dugu hau (sig. 68-05). Badirudi araudi hau indarrean sartzeko, Villabonako alkatearen oniritzia behar zuela, sinaduran alkateak onartu duela zehazten baita.

Arreta deitzen duen lehenengo gauza dokumentuaren data da. Hau bitxikeri moduan aipatu nahi dugu, izan ere, langileen mugimendua ez da urte batzuk beranduago arte hasiko. Baina maiatzaren lehenengoan langileei araudi hau ezagutarazteak gure atentzioa deitu du.

Guztira 7 arau dira dokumentu honetan zehazten direnak eta esan daiteke gaur egungo arau edo legeek garatzen dituzten hainbat gai 1867 urtean ere punta-puntako gaiak zirela. Izan ere, nabarmen da garai batean garrantzia zuten gaiek gaur egun ere oraindik arduratzen gaituztela, adibidez, lan orduak, lanetik irteteko baimenak, lan ordutik kanpo lan egindako orduak, e.a. Dokumentu honetan islatzen diren artikulu desberdinek lan orduei zuzenean eragingo die, hauen inguruko artikulu desberdinak argitaratuz. Banan-banan aztertuko ditugu datozen lerroetan dokumentu honek islatzen ditun arauak. Gogoan eduki behar dugu enpresaren hasierako urteetan idatzi zela, 1860 urtean eraiki baitzen fabrika hau.

Lehenengo artikuluari dagokionean, urtaro bakoitzean zehazten diren lan ordu kopurua lan egin behar dela dio. Ez da ordu kopurua zehazten ordea. Enpresan zehar hiru gune zeuden mota honetako oharrak jartzeko, informazio txokoak balira bezala. Gune horietan jarri zuten araudi hau langileriari ezagutarazteko eta bertan jarriko dute baita ere, urtaro bakoitzari dagokion lanaldia. Bigarren artikuluak ere lan orduei eragingo die, ordutegia errespetatzeari hain zuzen ere. Kanpai batek adierazten zuen lanean hasteko eta bukatzeko ordua. Gaur egun ere lantegi batzuk oraindik mantentzen dute adarra jotzeko ohitura, eta ez bakarrik lantegiek, hainbat eskoletan ere adarra edo txirrina erabiltzen da eskola amaiera jakinarazteko. Artikulu honek agintzen duenaren arabera, kanpaiak jo eta 10 minutu beranduago sartzen zenari, kanpaiak jo baino lehenago irteten zenari edo kontramaisuak agindu baino lehenago irteten zenari lan-egunaren laurden bat galdaraziko zitzaion. Gaur egun horrelako neurriak indarrean dituzten tokiak ere badaude, izan ere, kasu batzuetan lanaldiaren erdia kentzera ere iritsi izan dira beste fabrika batzuetan.

Hirugarren artikuluak aparteko lan orduak nola ordainduko diren zehazten du. Aparteko lan orduak egiteko langileak aukeratu egiten ziren eta 12 ordu gehigarri egiten zituztenean lan-egun oso bat ematen zitzaiela dirudi “Al obrero que se le designe para que trabaje en horas extraordinarias, se le anotarán a parte, abonándoselas al respecto de doce horas por un día de trabajo”.

Hurrengo arauaren arabera, langileek egun bat edo gehiago lanetik irten nahi bazuten kontramaisuari baimena eskatu behar zioten lehenengo, honek ondoren nagusiengana bidaliko zuen eskaera eta hauek erabakiko zuten baimena eman ala ez.

Bosgarren artikuluak esaten digu fabrika barruan garbitasun eta txukuntasun arauak errespetatzea derrigorrezkoa zela langile guztientzat. Mota honetako arauren bat beteko ez balitz, zegokion isuna ordaindu beharko zen.

Seigarren arauak enpresa uzteari buruz dihardu. Bertan esaten du langile batek nahi duenean lana utzi dezakeela, hori bai, nagusiek ere jendea enpresatik botatzeko eskubidea badutela argi geratzen da. Momentuko gauza izan daiteke gainera, hau da, nagusi batek langile bat enpresatik botatzeko erabakia hartzen badu, momentu horretan bertan kaleratzeko aukera edukiko du.

Azkenik, zazpigarren arauak langile zehatz batzuei eragiten die: inprimatzaileei. Hauek ezingo zuten enpresa utzi hasitako lana amaitu arte. Bestalde, artikulu honek aipatzen du langile hauek hamabostaldietan jasotzen zutela soldata eta fabrika utzitakoan, hamabost egun ondoren jasoko zutela euren azken hamabostaldiari zegokiona. Honekin langileek lana ondo egiten zutela ziurtatu nahi dute, lana ondo egina ez badago, soldatatik kenduko baitiete isunengatik kobratu beharrekoa.

Zazpi hauek izango dira 1867an Hermanos Silva y Frois estanpatu fabrikako lan mundua arautuko zuten arauak. Ikusten da beraz, orain dela 150 urte estanpatuen enpresako lan mundua kontrolatzeko ezarri ziren neurriak egungo lan munduko kezka nagusienetakoak direla oraindik, nahiz eta gaurko baldintzetara egokituak izan, ardurak ez dira gehiegi aldatu urte guzti hauetan zehar.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

“Silva hermanos y Frois”

Azkeneko berrian Villabonan industriak eduki zuen eraginari buruz Artxiboan dauzkagun baliabideek eskaintzen dizkiguten datuez hitz egin bagenuen, urte honetan zehar gure blog honetan Villabonari buruz argitaratuko ditugun hurrengo berriak, herri honetako industria enpresa garrantzitsuenetako baten inguruan idatziko ditugu. Subijana enpresan herritar askok lan egin zuten, baita ere kanpotar askok, ibilbide luzeko enpresa bat izan zen gainera, izan ere, 100 urte baino gehiagoko ibilbidea izan zuen, horrek dakarzkien gora behera guztiekin. Udal Artxiboan badauzkagu horri buruzko hainbat dokumentu, beraz, horiek erabilita enpresaren ibilbideari buruzko berri sorta bat prestatu dugu datozen hilabeteetan argitara emango ditugunak.

XIX. mendean eman zen industrializazio prozesuan, Gipuzkoan garrantzi handia eduki zuten atzerritik etorritako inbertsioek, frantsesen eskutik zetozenak nagusiki. Horiek izango dira Subijana enpresaren sorreraren errudun. Gaur egun, Subijana izenarekin ezagutzen dugu estanpatuen enpresa hau, baino ez zen izen horrekin jaio. Baionako Teofilo eta Rodolfo Silva eta Eliseo Frois izan ziren sortzaileak eta “Silva hermanos y Frois” izena eman zioten, hortaz, sorta honetako lehenengo berrian frantses hauek jabe izan zireneko garaiari buruz hitz egingo dugu. Hauek, beste inbertitzaile batzuekin batera, 1846an “Fabrica de Hilados, Tejidos y Estampados de Vergara” sortu zuten izen berdineko herrian, hortaz, Villabonakoa sortu zutenean eskarmentua bazuten eta bazekiten zertan zebiltzan.

Ehungintzako enpresa lehen aldiz 1960 urteko otsailaren 02an ospatu zen osoko bilkuraren aktetan aipatzen da (sig. 0007-01 CF) eta bertan idatzi ziren gai honi buruzko bi parrafotxoak oso mamitsuak dira. Datu garrantzitsuak eskaintzen dituzte enpresaren hasierari buruz. Rodolfo Silvak egindako eskaera bat da zeinetan eskatzen duen “que se le provea de una nota de los materiales que se le han franqueado para la construcción de su fabrica de tegidos, rebajando el 25% segun se le prometio en Diciembre del año 1858 al tiempo en que se apropio de la ferreria con el indicado objeto”. Esaldi honekin alde batetik, Udalak fabrika eraikitzeko materialak baldintza berezietan saldu zizkiola esaten digu, gainera aurrerago, prezioaren beherapenaren oneritzia adierazten da, fabrika hori onuragarria izango delako herritarrentzat. Material horien zerrenda Artxiboan gordetzen da (sig. 276-10) eta bertan zehazten da egur kopurua eta balioa errealetan 1860ko martxoaren 8ko datarekin. Bestalde, Silva jaunak lantegia eraikitzeko burdinola bat erosi zuela dio eskaeran, burdinola hori Olaederrakoa izanik. Gaur egun ez da honen arrastorik gelditzen, baina biztanleen oroimenean egongo da, polikiroldegiak hortik hartzen baitu izena.

Hasierako urteak onak izan zirela dirudi baina lehenengo hamarkada bukatu aurretik arazo larriak izaten hasi ziren eta 1870 urtean izena aldatuko zaio, orain “Fábrica de Villabona” bezala ezagutuko da. Arazo ekonomikoek urte batzuk iraungo dute. Gipuzkoako Diputatu Nagusiak alkateari bidalitako gutun desberdinak gordetzen ditugu Artxiboan, zeintzuetan fabrikaren zorrez ari den. Hauetan, industria-kontribuzioa ez duela ordaintzen jakinaraziko dio eta etxebizitzako altzariak enbargatzeko esaten dio, 1874 urteko gutun batek ondorengoa dio esate baterako: “Si no se pueden vender en esa los estampados que tiene embargados para realizar la contribucion de la fabrica, me parece que hara V. bien en ponerlos a la venta en la villa de Tolosa. Sin embargo, el Ayuntamiento puede embargar los efectos y muebles que quiera, con tal que sean del contribuyente moroso” (sig. 68-07). Honen ondorioz, Udalak ideia hori aurrera eramateko erabakia hartzen du eta horren aurka Telesforo Subijanak bidalitako gutun bat daukagu. Badirudi lantegiaren etxebizitzan bizi zirenak beregana jo zutela laguntza eske. Gutun honetan erabakiaren aurkako ardura adierazten du Subijana jaunak: “no puedo menos de protestar en nombre de dichos propietarios, de dicho embargo que no puede llevarse a efecto sin menoscabo de las leyes vigentes, que no dudo querra V. respetar”, honela zuzentzen zaio T. Subijana alkateari.

Barneko krisi ekonomiko hau dela eta, produkzioaren espezializaziorako apustua egiten da kotoizko ehungintza bertan behera utziz eta estanpatuetara bideratuz enpresaren ekoizpena. Honekin batera beste erabaki garrantzitsu bat hartu zuten jabe hauek eta hori, paper fabrika bat eratzea izan zen. Modu horretan, ehungintzarako erabiltzen ziren instalazioak fabrika berriak erabiliko zituen maiztertzan eta diru horri esker, Fabrica de Villabonak zorrak kitatzea lortuko zuen urte batzuen ondoren. Paper fabrika horri “La Salvadora” izena eman zitzaion. Hasierako urteak gorrak izan ziren honentzat, izan ere, papera enbargatzeaz gain, jabetzaren gaineko zerga ordaintzea exijitzen zioten nahiz eta bera instalazioen jabe ez izan. Honen inguruan gutun desberdinak daude Artxiboan, horietako bat ordainketa horren aurkako gutun luze bat izanik: “debo manifestar que la sociedad “La Salvadora”, como sabe muy bien V.I. es mera arrendataria de la sociedad “Fábrica de Villabona”; por consiguiente a esta corresponde atender a las contribuciones de la propiedad” (sig. 68-02). Arrazoia eman ziotela ere badakigu.

Aipatu ez dugun arren, kontutan hartzeko da krisi guzti honetako eragileetako bat hirugarren Karlistada izan zela. Bestalde, egoera kaxkar hau gainditu zenean estanpatuen fabrika jabez aldatu eta gaur egun ezagutzen dugun izena jaso zuen “Subijana y Cía.”, 1907an kokatzen da titulartasun aldaketaren lekukoa (0009-02 CF). Hemendik aurrera enpresaren beste garai bat hasten da, beraz, hurrengo berri batean jarraituko dugu.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Industriaren aztarnak jarraituz

Villabonako herritik paseatzen dugunean eta inguruan arreta jartzen dugunean, segituan datorkigu burura bertan industriak eduki duen garrantzia, izan ere, herri honen ondare industriala handia da.

Honaino industria nola iritsi zen jakiteko, urte batzuk atzera egin behar dugu, XVIII. mendera arte. Garai horretan eman zen Industria Iraultza Europan, Ingalaterran hasi zelarik eta aldaketa sakonak eragin zituelarik gizartearen eta biztanleen bizitzako arlo guztietan. Irletatik, industriak kontinentera salto egin eta Frantziatik pasa ostean Espainiara iritsi zen, Madrilera, Kataluniara, Asturiasera eta Euskal Herrira. Hemen, Bizkaia eta Gipuzkoa izan ziren prozesu honetan murgildu ziren lehenengoak.

Enpresa industrialak agertu aurretik, nekazaritza zen Villabonako ekonomiaren oinarri eta horren adierazle diren dokumentuak badauzkagu artxiboan, gai honen inguruko datu oso zehatzez bete beharreko galdeketak gordetzen baitira bertan, XIX. mende hasierakoak gehienak. Baina geografikoki, leku estrategikoan dago kokatuta Villabona, Oria ibaiaren ertzean, eta horrek erakargarri bihurtu zuen industriarako. Horrela, Euskal Herriko beste zonalde batzuetan metalurgia garatu zen bitartean, Villabonan eta Oria ibaiaren ertzetan kokatuta dauden beste herri batzuetan, paper fabrikak eta ehungintza fabrikak agertu ziren, hau da, ibaietako ura behar zutenak indar eragile. Gauzak horrela, XIX. mendearen bigarren erdialdean eraikita zeuden herriko lantegi garrantzitsuenetako bi: La Salvadora papertegia eta Subijana enpresa, Silva anaien estanpatuen lantegi bezala sortu zena. Hauekin batera ordea, beste industria txikiago batzuk ere bazeuden, arropa zuria egiten zuen Achaga tailerra adibide.

Aipatu bezala, industria hauen zabaltzeak eragin handia eduki zuen gizartean eta Europako eta Espainiako beste toki batzuetan gertatu zen bezala, hemen ere gizarte gatazkak agertu ziren lantegietako langileen eta nagusien arten. Horien inguruko informazioa Artxiboko dokumentu desberdinetatik jaso dezakegu. Esanguratsuenetako bat La Salvadoran gertaturikoa izango da XX. mende hasieran. 1904 urteko martxoan asteko derrigorrezko atsedenaldia igandetan ezartzen zuen Errege Agindua argitaratu zen. Agindu horrek langile guztiek (bai lantegietan lan egiten zutenek eta baita norberaren kontura lan egiten zutenek) igandetan jai egin behar zutela zioen, baino salbuespen batzuekin. Hauen artean, ur-indarrez mugitutako makinak erabiltzen zituzten lantegiak zeuden, hau da, La Salvadora. Bertako langileak salbuespen horren aurka jarri eta mugitzen hasi ziren, 1913 urtean nagusiekin hitzarmen bat sinatzea lortu zuten arte (sig. 68-11). Hitzarmen horren arabera, igandetan lan egitearen trukean, asteko beste egun bat jai hartuko zutela adostu zuten. Gatazka honi buruz sakonago hitz egin genuen orain dela urte batzuk argitaratu genuen beste berri honetan.

1900 urtea baino lehen ez zegoen langile eta nagusien arten harreman asko, horregatik, Estatuak eskua sartzeko erabakia hartu zuen langileen lan baldintzak erregulatzeko asmoz. Hori dela eta, Errege Agindu ugari agertu ziren garai honetan, lan munduaren inguruko gai desberdinak arautuz: goran aipatutako asteko derrigorrezko atsedenaldia, emakume eta umeen lan baldintzak, lan istripuak, e.a. izango zirelarik horietako batzuk. Testuinguru honetan Gizarte Erreformen Tokiko Batzordeak sortu ziren, lantegietako langileen ordezkariak, nagusien ordezkariak (bi talde hauek ordezkari kopuru berdina edukiko zuten), herriko alkatea batzorde-buru bezala, parrokoak eta medikuak osatuko zituzten batzorde hauek. Villabonakoa 1900-06-05ean eratu zen (sig. 43-01) eta idazkari Carlos Darras langilea izendatu zuten. Ordezkari hauek 4 urtera aldatzen ziren hauteskundeen bidez eta artxiboan dauzkagu hautaketa horien emaitzen dokumentuak (sig. 43-03 eta 43-08). Batzordeetan beraz, lan munduko gai desberdinak jorratzen ziren, Estatuak emandako agindu eta legeen azterketa helburu nagusienetakoa zelarik. Eztabaida guzti hauek, artxiboan gordetzen ditugun akta batzuetan jasota gelditzen ziren (sig. 43-06).

Jakina da garai honetan, lantegietako langileria profil demografiko desberdinek osatzen zutela, beste era batera esanda, gizonekin batera emakumezkoek eta umeek (neska eta mutilak) ere lan egiten zutela. Zaila izaten da ordea, langile horiei buruzko informazioa lortzea. Gai honi buruzko ikerketa lan bat jorratzerakoan, kontutan eduki behar da garai hartan gai hauek ez zutela gaur duten garrantzia eta datuak ez zirela sistemikoki jasotzen. Edonola ere, badaude hainbat testu eta taula informazio hau jasotzen dutenak, esate baterako, 1908 urtean Gobernazio Zibileko ikuskaritzatik egindako taula bat dugu (sig. 68-10). Informazio mamitsua eskaintzen digu gainera. Bertan aipatzen da herriko 4 lantegi garrantzitsuenetan, hau da, Subijanan, La Salvadora papertegian, Achagaren bordatzeko makinen lantegian eta igeltso edo harlauza harrobian lan egiten duten gizon eta emakume heldu, 14 eta 16 urteen bitarteko mutil, 14 eta 23 urte bitarteko neska eta 14 urte arteko neska-mutil kopurua. Gainera, talde bakoitzak lantegi bakoitzean kobratzen duen soldata eta egiten duen lan-ordu kopurua ere adierazten da.

Villabonako industrializazio horren aztarna batzuk gaur egun ikus daitezke oraindik, Sacem lantegia eta Zizurkilgo Oria papertegia adibide nabarmenenak izanik. Subijanaren ordez gaur Mintzola aurkitzen dugu “Subijana etxean” eta La Salvadoraren ordez, Pilotaria kalea, urbanistikoki “La Salvadora gunea” bezala ezagutzen dena. Aztarnarik egon ez arren, Villabonako biztanleen oroimenean egoten jarraituko du iragan horrek eta baita gure artxiboan ere, bertan aurkituko baititugu garai hori ezagutzeko lehen eskuko informazio iturriak.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Artxiboetan zer?

Artxiboetan egiten dugun
lana eta aurrera eramaten ditugun ekimen desberdinak ezagutaraztea eta
gerturatzea da berri honen helburua. Artxiboak, orokorrean, toki
ezezagunak direla esan dezakegu, bertan lan egiten dugunok eta
ikerketaren munduan lan egiten dutenak alde batera utziz gero.
Imajinario kolektiboan, Artxibo bat irudikatzean paper multzoz betetako
gela ilun eta zahar bat datorkigu burura, dena antolatu gabe eta
trasteleku bat balitz bezala irudikatzen dugu. Honen aurrean esan
beharra dago, nahiz eta hau noiz behinka horrela izan, normalean irudi
okerra dela. Gelak apalez beteta egoten dira, eta apal horiek ondo
antolatuta eta ordenatuta dauden paperak edo espedienteak dituzten
kutxaz beteta daude, denak hurrenkera bat jarraitzen dutelarik
zenbakiekin markatuta, kontsultatu behar diren espedienteak ahalik eta
azkarren eta era eraginkorrenean bilatzeko. Batzuetan gainera instalazio
moderno eta erosoak dituzte apal konpaktu mugikorrekin.

Bertan
mota askotako dokumentazioa aurkitu dezakegu: obra haundi eta txikien
proiektuak eta planoak, errolda desberdinak, udaletxeko sail desberdinek
aurrera eramaten dituzten ekimenen espedienteak,… Eta noski, garai
ezberdinetakoa: pasa den urtekoak edota, Villabonaren kasuan, orain 500
urtekoak. Dokumentazio hau, edo ia dena, eskuragarri dugu artxiboan
norbaitek kontsultatu nahi izan ez gero. Hori baita artxiboetan lan
egiten dugunon helburu nagusietako bat, jendeari arreta ematea.

Esan
beharrik ez dago, gure helburu nagusia dokumentazioa ahalik eta egoera
hoberenean gordetzea eta zaintzea dela. Dokumentazio hori ez da paper
hutsa, baliorik ez duen paper multzoa baizik eta gure ondarea da,
idatzizko ondare kulturala da eta babestu behar dugu. Zerbaitek ondare
izaera edukitzeko ez du monumentu izan behar, objektu txiki bat izan
daiteke edo hitz gutxiko testutxo bat. Beraz, ondo gorde behar da, gaur
egundo dokumentu berrien etorkizuna bermatuz eta dokumentazio zaharra
baldintza egokietan mantenduz.

Dokumentuen
kontserbaziorako, artxibo gelak baldintza berezi batzuk bete behar
ditu. Alde batetik, toki asko behar da, papera pilatuta eta airerik
gabe badago, kaltetua izan daiteke eta, hortaz bere espazioa behar du
estutasunik gabe. Beste alde batetik, tenperatura eta hezetasun maila
zehatzak mantendu behar dira, hauek desegokiak direnean dokumentazioa
arriskuan jartzen duten izurrite desberdinak gerta daitezkeelako,
onddoak, pipia, xomorroak… ager daitezke.

Gerta
daiteke baita ere, beste arrazoi batzuengatik dokumentuak kaltetuak
izatea. Villabonako Artxiboan badauzkagu egoera txarrean dauden hainbat
eredu. Hauetako bat izango da 1828 eta 1829 urteen artean Tolosako Pedro
Nolasco de Telleriak idatzitako obra proiektu bat eta eskuz egindako
planoak. Udaletxea Napoleondar gerren bitartean erre egin zuten eta
Udalak aipatutako arkitektoari eskatu zion eraikuntza berriaren
proiektua. Villabonako dokumentazio guztia udaletxean zegoen Artxiboan
zegoen, eta sutearen ondorioz ia guztia galdu egin zen, horregatik dugu
fondo historikoan hain sorta gutxi. Aipatutako obraren espedientea,
ordea, Artxiboan dugu eta kontsultagarri dago momentuz. Planoak
tolestuta gordeak izan ziren eta denbora pasa ahala tolesdurako tokitik
puskatu egin dira, gainera egoera okerrera doa hezetasunak ere kalte
egiten dielako. Egoera honek horrela jarraitzen badu kontsulta murriztu
egin beharko da edo guztiz debekatu. Arazoak baina, badu konponbide
erraz bat: planoen zaharberritzea. Dokumentuak aditu bati bidaltzen
zaizkio eta honek konpondu egiten ditu murrizpenak kenduz edo saihestuz.
Mota honetako lanak ohikoak izaten dira artxiboetan, izan ere, paperak
arrazoi desberdin askorengatik sufritu dezake. Arrazoi batzuk, ez daude
artxibozainen esku, baizik eta dokumentuen ezaugarriek eragindakoak izan
daitezke. Hau gertatzen zaie Villabonako artxiboko dokumentu
zaharrenetako biri. 1561 eta 1799 urteen bitarteko auziak eta epaiak
jasotzen dizuten bi liburu dira. Horietan Villabonako mugak, Amasa eta
Villabonaren arteko liskarrak, Piedadeko ermitaren jabetzaren inguruko
auzia eta hainbat zentsuren kitapenak jasotzen dira besteak beste. Garai
hartan ohikoa zen liburuetan marka batzuk egitea dokumentua benetakoa
zela jakiteko, kasu honetan, sigi-saga itxurako mozketak. Mozketa horiei
tinta ferrogalikoaren erabilera eransten badiogu, orrietan gertatu
diren kalteak oso haundiak izan dira, horregatik zaharberritzea
beharrezko bihurtu da.

Gorago
hitz egin dugu gure ondareaz, XIX. mendeko eta XVI. mendeko bi
dokumentu horiek gure ondare kulturalaren parte dira eta gure esku dago
horien kontserbazioa. Kasu honetan konponbide erraza dute gainera.
Horregatik, 2018 urte honetan horien zaharberritzea aurrera eramaten
saiatuko gara.

Gorago
hitz egin dugu gure ondareaz, eta kontutan hartu behar dugu XIX.
mendeko eta XVI. mendeko bi dokumentu horiek gure herriaren ondare
kulturalaren parte direla. Gure esku dago, beraz, horien kontserbazioa
bermatzea. Horregatik, 2018 urte honetan Udalak horien zaharberritzea
aurrera eramateko ekimena abiatuko du. Hau aurrerapauso garrantzitsu bat
da Villabonan, bertako ondare dokumentala oso eskasa bait da. Kontutan
hartu behar dugu herriko udaletxeak gorago aipatutako sutean artxiboa ia
osorik galdu zuela. Datu modura, erantsiko dugu artxiboan dauden 12.000
erreferentzia ingurutik 100 besterik ez direla XVIII mendea baino
lehenagoko dokumentuak (hauen artean akta liburuak). Beraz, gure
herriaren ondarea babesteko asmoen barruan dokumentuen zaharberritzea
eransteko bideari ekitea jakinarazteko berria da!

Amaia Mendizabal

1. irudia: Tolesduratik puskatuta dauden planoen eredua (sig. 1092-01). Argazkia M. Gatell.

2. irudia: Sigi-sagan mozketak dituen liburuetako baten eredua (sig. 117). Argazkia M. Gatell.

Artxiboak

Luxuaren balioa

Udal guztietan badaude
udalerri bakoitzari eragiten dien arau juridiko batzuk ordenantza bezala
ezagutzen direnak. Udalerrian ordena mantentzeko egiten diren arauak
dira eta Udalak osoko bilkuran onartu behar ditu balekoak izan daitezen.
Mota desberdinetako ordenantzak egiten dira: fiskalitate kontuak
erregulatzen dituztenak, hirigintzako gai desberdinak antolatzen
dituztenak (txabolak, estetika, terrazak e.a.) edo poliziari eragiten
dietenak. Villabonako Artxiboan mota eta garai desberdinetakoak
dauzkagu, zaharrenak XVI. mendekoak izanik. Oraingo honetan ordea,
kronologikoki gertuago dugun bati buruz hitz egin nahi dugu, pasa den
mendeko 70. hamarkadako ordenantza fiskal bati buruz hain zuzen ere.
Gainean ditugun egunak direla eta, aproposa dirudi dokumentu hau
jorratzea. Izan ere denok erosiko ditugu bene-benetan behar ez ditugun
luxuak, jan behar ez ditugun kapritxoak edo tankerakoak.

Aurrean
dugun ordenantzaren izenburua “Luxuzko Gastuen gaineko Udal zergaren
Ordenantza” da (sig. 920-04), hau da, gastu berezien edo bizioen gaineko
zerga bat izango litzateke. Gastu mota desberdinak datoz azalduta
dokumentuan, konkretuki 6 gai dira ordenantza honek arautzen dituenak.
Lehenengoa hoteletan, apartamentuetan edo erresidentzietan ostatu
hartzeari dagokiona izango da, hori bai, beti ere lau izar edo gehiago
dituzten hoteletan egindako egonaldiengatik. Atal honi dagokionean,
zehazki aipatzen da zerga hau zein hotel motetan ezarriko den, nola
kobratuko den, zenbatekoa izango den balioa e.a. Hoteletako egonaldiekin
batera, beste zerga bat ezarriko zaio toki horietan jan eta edaten
denari, baita ere 3 sardexka baino gehiago dituzten jatetxeei, A eta B
kategoria bereziko tabernei eta 3 sardexka dituzten jatetxeak baino
prezio altuagoa duten taberna edo jatetxeei. Hauekin batera, festa
aretoetan sartzeko sarrerak eta edariak ere zerga honen eragina
nabarituko dute. Festa aretoak, dantzalekuak, diskotekak eta ikuskizunak
antolatzen dituzten edonolako kasino edo elkarteetan ere aplikatuko da
zerga hau. Aipatutako kasu hauetan, bezero guztiek ordaindu beharko
dute, baina ez dute banatuta ordainduko, baizik eta edariaren, hoteleko
gelaren edo dantzalekuko sarreraren prezioarekin batera ordainduko dute,
hau da, gaur egun ordaintzen ditugun zerga guztien modura, ordainketa
bakar batean bi gauzak. Ondoren, taberna, hotel edo dantzaleku
bakoitzeko arduradunak lagun pasibo edo ordezkari izango dira, eta
hilero lehenengo hamabostaldian Udalari ordaindu beharko diote zerga
honengatik dagokiona.

Zerga
honek apustuei ere eragingo die. Ikuskizun publikoetan aurrera eramaten
diren apustuetan parte hartzen dutenen artean, irabazleek egin beharko
dute ordainketa. Kasu honetan ordezkaria, enkantea antolatu duen
pertsona izango da. Elkarte pribatuak ere ez dira libratuko zerga hau
ordaintzez, hauen barne sartzen da edozein elkarte mota, bai kasinoak,
bai kirol elkarteak edo klubak. Hori bai, luxuzko gastuak 10.000 pezeta
baino gehiago direnean aplikatuko zaie zerga hau. Etxebizitzen inguruan,
luxuzkoak izango dira 7.000.000 pezeta baino gehiago balio dutenak eta
horiek dira zerga hau jasan beharko dutenak eta urtero ordaindu beharko
dutenak. Hauen kasuan, jabeak dira urtero urtarrilean Udaletxetik pasako
direnak zergaren kitapenerako. Azkenik, arrantza eta ehiza-barruti
pribatuen erabilera ere zerga honekin kargatuko da. Hemen ordezkaria
jabetzaren jabea izango da eta honek egin beharko dio ordainketa Udalari
urtero.

Ordenantza
honek arautzen duen luxuaren gaineko zerga hau ez da berdina izango
aipatzen diren 6 kasu horietarako, baizik eta gastuaren arabera ehuneko
bat edo beste ezarriko da. Horrela gauzak, luxuzko etxebizitza bat
erosten zuenak etxearen balioari %0,60ko karga gehitu behar zion eta
festa areto batera sartzeko sarrera erosi nahi zuenak, balioaren %50eko
karga. Hortaz, gastuaren balioaren arabera ezartzen zen karga edo zerga
hau oso desberdina izango zen egiten zen erosketaren arabera. Hoteletako
egonaldiak ere desberdin kargatuko ziren lau izarreko hotel bat bazen
edo lau izar baino gehiago bazituen.

Aurkeztu
dugun dokumentu hau Udalak onartu zuen 1977 urteko maiatzaren 2ko
udalbatzan. Urte dezente pasa dira ordutik eta dagoeneko aldatu egin
dira gauzak, gaur egun beste zerga batzuk baititugu ordaintzeko.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Zinematografoa Villabonan

Datozen egunetan Donostiako Zinemaldiaren 65. edizioa ospatzen dela eta, Villabonan zinemak eduki duen garapenari buruzko berri batekin gatoz oraingoan. Gure erara zineari omenaldi xume bat egiteko modua da.

Villabonako artxiboan zineari buruz hitz egiten diguten testu desberdinak dauzkagu, zaharrenak akta liburuetan jasotakoak izanik. Lehenengo erreferentzia mende hasierakoa da, 1909 urtekoa, Lumière anaiek lehen aldiz mugimenduan irudiak kaleratu eta 14 urte beranduagokoa hain zuzen ere. Urte horretako aktei esker, badakigu garai hartan filme proiekzioak aukeratzeko gaur egun egiten diren kontratazioen antzeko sistema erabiltzen zutela. Hau da, pertsona desberdinek euren eskaintzak edo proposamenak egiten zituzten eta ondoren Udalak udalbatzan aukera egokiena, edo beste era batera esanda, merkeena aukeratzen zuen. Kasu honetan bi sesio zinematografiko daude jokoan 1909 urteko uztailaren 20ko udalbatzan. Hau dio testuak:

“Luego se dio cuenta de las proposiciones presentadas para dos sesiones cinematograficas los días veinte y cinco y veinte y seis del actual, por los Sres. D. Hilario Lopez, D. Pedro Lopez Gallego y D. Antonio Martin, mediante las sumas de ciento diez, cien y noventa pesetas respectivamente; y el Aynto. acordó aceptar la última de D. Antonio Martin, por resultar la más económica” (Sig.: 0010.01 CF).

Horrela, XX. mende hasieran bi egunetan eskaintzen ziren zine emanaldiak. Soinu gabeko pelikulak izango ziren hauek, hau da, mutuak izango ziren, soinudunak agertu arte oraindik urte batzuk pasa behar baitziren, eta noski, txuri beltzekoak. Ez dakigu ordea, emanaldi horien maiztasuna eta lekua. Honen inguruan, kronologikoki daukagun hurrengo dokumentuak argitzen digu zerbait. Izan ere, pertsona partikular bat zen zinematografoaren jabe. Francisco Locamorak 1910eko urtarrilaren 18an udaletxeko kapitulu-gelaren erabilera eskatzen du, baina Osoko bilkuran bere eskaera atzera botatzen dute udal ordenantzen aurka joateagatik. Hilabete batzuk beranduago, maiatzean, herriko festak hurbiltzen direnez zinematografoa eskaintzen dio Udalari festetan erabili dezan herritar guztien gozamenerako. Artxiboan dugun dokumentazioari so eginez, ikus daiteke urtero Santioko festetan zine proiekzioak eskaintzen zirela. Zerbait berezia zela garai hartan nabarmen da. Charles Chaplinen pelikularen bat eman ote zuten Villabonako zinean?

Mendearen erdialdekoa izango da Gurea zinemaren inguruko lehenengo aipamena. 1946 urtean eraiki zen kale Berrian Parrokia etxearekin batera, izan ere, hasiera horretan “Acción Católica” izan zen zinemaren sustatzaile. Ez dakigu zehazki zenbait denbora iraun zuen aretoaren eraikuntzak baina badakigu 1955erako martxan zegoela, urte horretako dokumentu batek ikuskizunen gaineko zergaren ezarpenari buruz hitz egiten digu eta.

Beraz, XX. mende erdialderako Gurea zinema eraikita eta bere ibilbidea hasita dago. Garai honetarako oso hedatuta egongo da zinema eta Villabonan badakigu hileroko programazioa zegoela. Kontutan edukita garai hau frankismoaren garaia dela, ez digu harrituko zinema propaganda bezala erabili izana eta bizitzako adar hau ere kontrolatua egotea. Biztanleriari iristen zitzaion informazioa ondo kontrolatu behar zen eta horretarako, hilero Informazio eta Turismoko Ordezkaritza Probintzialetik gutun bat jasotzen zen udaletxean hilabete bakoitzean proiektatuko ziren pelikulen zerrenda jakinarazteko. Modu honetan, sistemaren aurka zihoan pelikularik ez zela argitaratuko ziurtatzen zuten. Garai honetako zineari buruz hitz egitean ezin dugu aipatu gabe utzi frankismoaren propaganda tresna garrantzitsu bat: NO-Doa, “Noticiarios y Documentales”. Pelikulen proiekzioaren aurretik ematen zen NO-DOa eta bertan erregimenaren aldeko berriak eta erreportajek argitaratzen ziren.

1965 urtean Jesusen Bihotza Ikastolaren eraikuntzarekin batera, Gurea zinemaren handitze proiektua ere proposatuko da. Obra proiektu honen sustatzaile Villabonako parrokia izango da eta bere ardurapean egongo da zinea 1991 urtera arte. Momentu honetan Udalari eraikuntzaren lagapena egingo dio eta hemendik aurrera Udalaren esku geldituko da gaur egun arte.

Eraikina eta instalakuntzak eguneratuz joan dira etengabe. Orain dela urte batzuk 3D pelikulak proiektatzeko pantaila bat jarri zen eta instalazioak jarduera anitzetarako erabiltzen dira. Azken 20 urteetan ez da pelikulen proiekzioetarako soilik erabiliko Gurearen eraikuntza, baizik eta ekitaldi kultural desberdineratako. Bertan erakusketak, antzezlanak, musika emanaldiak, hitzaldiak, e.a. ospatuko dira. Hori bai, nahiz eta kulturgintzako arlo desberdineratarako erabilia izan eta izena ere aldatu izan, beti ezagutuko dugu Gurea Zinea bezala eta bere ibilbidearen hasieran bertan proiektatuko zituzten seguruenik Metropolis, Lo que el Viento se Llevó, edo Charloten pelikula desberdinak.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Villabonako inudeak

XX. mende hasiera arte lanean jarduten zuten inudeen irudiak ezagunak dira. Herri askotako jaietan, inudeen desfileak egiten dira oraindik, emakume haiek gogoan.

Orain arte entzun eta pentsatu dugunaren arabera emakume hauek hiri handietan aberatsen seme-alabak edo erditzean hiltzen ziren amenak elikatzen zituzten. Hori izan da betidanik inude hitzarekin erlazionatu duguna.

Adibidez, XVIII. mendean zehar Probintziak umezurtzaz arduratzeko antolatu inude zerbitzuak arazo franko sortu zuen. Umeen ongi izatea (ondorioz, gizartearena) bermatzeko abiatu plana ez zen behar bezala finantzatu. Inudeen soldatak kolakan jartzen ziren behin eta berriz.

Villabonako artxiboan, baina, inudeen lanaren bestelako bariante bat topatu dugu. Bertan ez dago ez aberatsen gutunik; baina, umezurtz geratutako haurren kasu ugarien artean, gurasoek inudeari ordaintzen laguntzeko egiten zituzten eskaerak ikusi ditzakegu. Kasu guztietan bixkiak erditutako amak ziren eta bi haurretako bat elikatzen laguntzeko beharra zuten. Guztiak mende bateko bueltan eginak, 1815 eta 1931 bitartean.

Familiak Udalaren laguntza jasotzen zuen, txiroak izanda, inudeari ordaintzeko dirulaguntza eman eta honekin hitzarmena sinatzeko bitartekari lanak eginaz. Hitzarmen hauen arabera inudeak 18 hilabetez hartzen zuen haurra berarekin eta hazi bitartean hileroko soldata bat jasotzen zuen.

Eskaera eta hitzarmen horiez gain artxiboan gorde diren agiriak dira haur horien inguruko informazioak, inudeen soldata erreklamazioak edo familiaren egoera aldaketagatik egindako jakinarazpenak (baldintza ekonomikoen aldaketak, herritik joango direla…).

Horra hor inudeek gure herrian egindako lana.

Amagoia Piá

Artxiboak

Ijito Herriaren Historia jorratzeko modu berriei buruz

Euskal artxibo baten funtsak arakatuz ijitoei buruzko dokumentazioa topatu dezakegu. Gehienetan, halako idatziek natura juridiko-arautzaile, prozesal edo penala izaten dute. Halakoa da, besteak beste, Villabonako artxiboan 692-4 signaturan gordetzen dena. Oraingoan, Gipuzkoako Gobernadore Zibila eta hiribilduko alkatearen arteko korrespondentzia dugu protagonista, 1851 urtekoa. Bertan, Jose Manuel Minaberriaren egoerari aipamena egiten zaio. Pertsona hau “ijito” bezala kalifikatzen da; ordurako guztiz errotu eta erabilitako adiera zen hura, nahiz eta Karlos III.a erregeak, bere 1783ko pragmatikaren bidez, kontzeptu horren erabilera debekatu eta “gaztelar berri” eufemismoagatik ordezkatu nahi izan.

Dokumentuan, Gobernadoreak Guardia Zibilak ijito hori entregatu diola jakinarazten dio Villabonako alkateari. Minaberria egoera legalean zegoen, hau da, paperak behar bezala zituen, eta, beraz, ezin zitzaion inolako akusaziorik egotzi. Baina hala ere, alkateari ijitoa kontrolatzeko agintzen zaio, eta kontrol honek bizikidetza beste auzoen antzera egitea badakar, askoz hobe:

“…como ningún hecho marcado había contra él, y además llevaba su pasaporte en regla, se le ha refrendado para ese pueblo con prevención de presentarse a V. (…) y haciéndole comparecer a su presencia le reconvenga severamente por esa vida herrante a que está entregado, escitándole y estrechándole tambien a que adopte otro modo de vivir más en armonía con el que observan los demás vecinos, que exigen las leyes y convienen al País”.

Hala da. “Herrialdea”-k ijito arloteek nola bizi behar zuten eta beraien aurka zein neurri aplikatu behar ziren arautzen zuen. XVI. mendetik aurrerako Gipuzkoako Batzar Nagusien aktek prozesu hori oso ongi islatzen dute, baita XIX. mende amaieran ere. Gure dokumentua, beraz, testuinguru horretan kokatu behar da. Halaber, ijitoei buruzko Guardia Zibilaren eta herri-agintarien arteko korrespondentziak XX. mende hasierako hamarkadetan jarraituko du. Are gehiago: 1931n, ijito, eskale eta “jende txarra” jazartzeko eta kanporatzeko Foru Aldundiek hartutako akordioen bilduma bat argitaratuko da.

Dokumentuan gainera, Gobernadoreak honakoa agintzen dio alkateari:

…que en lo sucesivo ni a este interesado ni a ningún otro que pertenezca a su clase le espida pasaporte por más de un mes (…) y, finalmente, que vigile V. muy de cerca su conducta procurando evitar todo desmán…”.

Ez dakigu alkateak Gobernadoren “gomendioak” jarraitu zituen ala ez. Guardia Zibilak aldiz, bai, egin zuen; izan ere, 1978ra arte bere araudian ijitoen zelatatzea helburu zuten hainbat kapitulu jasotzen ziren (4., 5. eta 6. kapituluak hain zuzen ere).

Hau da lehen begiratuan dokumentuak islatzen duena eta ematen diguna: agintariek sortutako dokumentazioan oinarritutako ohiko azterketa bat, non ijitoak arau juridikoen biktima edo delitu-jokabide baten errudun moduan azalten diren. Honen aurrean historialariak bi jarrera hartu ditzake. Batetik, jazarpen jarduera horren alde agertzea (Gorosabelek egin zuen antzera). XXI. mendean, ordea, etikak kontrako jarrera hartzera eramango gintuzke, hau da, jokabide arrazista, politika baztertzaile eta Ijito Herriaren aurka agintariek burututako jazarpenari buruz hitz egitera.

Baina honekin ez da nahikoa. Zoritxarrez, ikerlariak ijitoen historia aztertzeko ondare partziala du, agintariek sortutako idatziak hain zuzen ere. Ijitoek, herri agrafo bezala, ia ez dute beraien iraganari buruzko idatzirik utzi eta ondorioz, ditugun dokumentuak sakonki aztertu beharrean gaude. Halakorik egingo ez bagenu, azken urteotan “ijitologoek” horrenbeste landu duten jazarpenaren historioa besterik ez genuke jorratuko.

Ikuspegi kritiko horrekin, Villabonako dokumentuak eskaintzen dizkigun datuek beste hainbat hausnarketa egiteko aukera emango digute. Hasteko, jasotzen den abizenaren inguruan. Izan ere, ez da ohikoa Minaberria Ijito Herriarekin lotzea. Gehienek Jimenez, Valdez edo Etxeberria bakarrik izango dituzte buruan, baina gaia uste baino aberatsagoa da. Egiari zor, ijitoen genealogia eta abizenen inguruan aritzeak luze eta zabal joko luke; hau dela eta, hemen ohar batzuk besterik ez ditugu emango. Hasteko, aipatutako abizen horiek baino gehiago daudela, eta hauei orain azaltzen zaigun Minaberria gehitu behar diegula.

Dokumentuan azaltzen den “ijito” hitza kategoria penal hutsa dela, eta horrekin ijitoa ez den euskal herritar bati aipamena egiten zaiola pentsatzea akats larria da; ijitoak gaur egun beraien burua hala dutenak besterik ez direla pentsatzuz gero, behinik behin. Beste era batera esanda, Minaberria orain arte ijito abizentzat ez genuenez, besterik gabe bizimodu arlotea duen euskalduna zelaren ustea izatea. Horregatik, garrantzitsua da orain arte ijitoekin ageriko loturatik ez zuen abizen bat topatzea eta, ahal den heinean, bere familia-loturak bilatzea.

Hasteko, eliz-erregistroak kontsultatuz gero gure abizenak Etxeberria, Valdes edota Jimenez bezalako ijito abizenekin zuzeneko loturak dituela ikusiko dugu, baita Berrio eta Altimasberetarrekin. Hauek, halaber, Etxepare eta Larralde bezalakoetara eramaten gaituzte. Bigarren hauek XVII eta XVIII mendeko dokumentazioan asko agertzen dira, eta jatorrian “Yturbide” abizena zuten. Baina hori ez da guztia.

Izan ere, Minaberrietatik inolako ijito kutsurik ez duten Agirregomezkora, Kerexeta edo Barrenetxea abizenetara ere iristen gara. Azken elkartze hauekin oso prozesu interesgarria agerian geratzen da: euskaraz bakarrik zekiten euskal ijito askoren eta gizartearen gehiengoa osatzen zuten landa mailen arteko nahasketa eta asimilazio prozesua hain zuzen ere. Elkartze hauek argiak dira XIX. mendeko bigarren erdialdeko Zestoan edo Mendaron. Batzuetan gainera, asimilazioa horren sakona izan da, ezen gaur egun beraien ondorengoek benetan duten jatorri etnikoa ahaztu dutela.

Ondorioz, ikerketa genealogikoa egitea garrantzitsua da, Ijito Herriaren Historiari buruz sortu diren hipotesiak baieztatzeko edo baztertzeko balio baitu. Juan Martin Larralde eta Frantziska Etxepare ijito bikoteak “Minaberriatarrekin lotura dutenak- beraien sei seme-alabetatik lau, 13 urteko epean hiribildu ezberdinetako parrokietan bataiatu izanak (Andoain, Donostia, Hernani eta Berastegin 1844-1857 artean), ijitoak herri nomada direlaren baieztapena ezbaian jartzen du, hein batean behintzat. Izan ere, mugimendu horrek bizimodu sedentario eskasa adierazten badu ere, Probintzia beretik ez direla mugitu agerian uzten du. Gaur egun alokairuan bizi diren eta horren arabera noizean behin etxebizitzaz aldatzen diren familiak nomadak al dira akaso? Halaber, elkarren artean oso urruti ez dauden udalerrietan bataiatuak, ezkonduak edo ehortziak direla ikusteak, bizimodu ibiltari hori baieztatzen du, baina ez nomada bat. Minaberriatarren kasua halakoa izan daiteke; izan ere, Jose Maria izenekoa Zestoan bataiatua izan zen 1850ean, Mendaron ezkondu zen 1868an eta Azpeitian hilobiratu zuten. Baliteke gure Jose Manuel zonalde horretakoa izatea, Villabonako alkateak Gobernadoreari jakinarazten diona oso argia baita: ez da bertan jaioa, ezta bertako auzo ere. Are gehiago, herriko agintariek ez diote pasaporte edo bestelako dokumenturik luzatu.

Dokumentuak informazio gehiago eskaintzen digu, beti ere lege edo zigor alorretatik kanpo. Ikus dezagun testuaren hasierak zer dioen:

“Los guardias civiles me presentaron ayer a José Manuel Minaberria, gitano conducido desde la Ante-Yglesia de Abadiano, el cual fue detenido en la romería del Santuario de Urquiola…”.

Ijitoen lan esparruari zuzenean egiten dion aipamena da; bai behintzat, XX. mendearen bigarren erdialdeko landa-exodoa eta gehiegizko industralizazioa gertatu arte zutenari buruzkoa; hau da, herri azoka eta erromerien mundua. Ziurrenik, “susmagarri itxuragatik” atxilotua izan zen gure Jose Manuel Minaberria, Abadiñora zamari tratutan aritzeko edo mandoak mutiltzeko joan zen, ogibide hauek baitziren ijito askok burutzen zituztenetako bi. Aurreiritziek eta Guardia Zibilak lantzen dugun gertakaria eragingo zuten.

Orain arte egin den Ijito Herriaren historia orekatzeko, beraz, guregana iritsi diren dokumentuetan arkeologia-lana egin behar da; ez dago besterik. Beraiei buruz hitz egiten duen dokumentu oro irakurri eta berrirakurri behar da zukua ateratzeko, agerian ez dagoena ikusteko. Izan ere, esplizitua denak ez du beti Historia osatu bat idatzeko aukera ematen. Arthur Conan Doyle-n hitzak geure eginaz: “Ez dago gauza engainiagarriagorik, ageriko gertakari bat baino”.

David Martín Sánchez

Artxiboak

Idi-probak

Villabonako bizilagun askorentzat ez da oso ezaguna garai batean idi proben inguruan herrian izandako zaletasuna. Baina zaletasun hau benetan sakona eta sendoa izan zen eta honen froga bezala baditugu artxiboan ikusgarri diren hainbat agiri.

Hasi gaitezen probalekuarekin. Honen inguruan topatu dugun lehenengo erreferentzia 1895. urteko akta liburuan dago. Azaroaren 3.an ospatutako udalbatzarrean Frantzisko Zalduak probak egiteko harlauza jartzea eskatu zuen. Udalak ezezkoa erabaki zuen hainbat herritarren artean aurkako kexak sortuko zituen beldur.

Hala ere, jakin badakigu demalekua ez eraikitzea ez zela oztopoa izan probak ospatzen jarraitzeko. Bai lehenago eta baita eskaera honen ondoren ere udaletxean idi probak egiteko hitzarmen eta baimen eskaera ugari aurkeztu ziren. Hitzarmen hauetan bereziki zehaztu ohi ziren datuak hauek dira: partaideak eta botilero edo laguntzaileen izenak, dema mota (bustarri-bakarra, gizonezkoen aurka, harri txikia, bustarri-bikoitza,…) zein egun eta orduetan ospatuko zen eta zein baldintza bete beharko ziren matxura kasuetan.

7 urte beranduago, 1902. urteko urriaren 2a ospatutako beste udalbatzarrean, probaleku berria egiteko erabakia heldu zen azkenean. Bertan adierazten denaren arabera Manuel Jauregik eta beste batzuek lehengaiak emango zizkioten udalari harlauza herriko plazan eraikitzeko. Udalak dohaintza hau onartu eta pilotalekuaren parean egitea erabaki zuten. Hilabete batzuek beranduago, 1903. urteko martxoan demaleku berria bukatu zela eta inaugurazio festa ospatzeko egindako demaren saria, 50 pezetatakoa, Nikasio Urkizuri emango zaiola jaso zen akta liburuan bere aurkariak sariari uko egin ondoren.

Sariak bai, gizartean onartuak zeuden eta ematen ziren, baina apostuen kontua bestelakoa zen. Herri kirol guztiek izan dituzte hainbat gorabehera apustuak legezkoak direla eta ez direla, eta animaliak erabiltzen badira arazo hori hareago eraman da sufrimendua eragiten zaielako arrazoi ekonomiko hutsagatik. Gobernadore Zibilek historian zehar dema hauen debekuak askotan argitaratu dituzte eta herritarren artean ez dute oso harrera ona izaten oraintxe ikusiko degun bezala.

1906. urteko akta liburuan udalak idi proben eta apostuen aldeko gutuna idatzi eta gobernadoreari bidaltzea erabaki zuen. Bertan zehazten denaren arabera, proba hauetan ez zen sarrerarik kobratzen eta ez zuten iruzur deliturik ikusten, are gehiago, onurak gehiago ziren kalteak baino: inguruetako herrietako baserritarrak beren artean ezagutu eta harremanak estutzeko, nekazarien eta idien lana hobetzeko eta trebatzeko eta inguruko dendak gehixeago saltzeko oso interesgarriak zen urtean zehar hainbat dema antolatzea.

Hitz hauek eraginik izan zuten ala ez ezin jakin. Debekua, ordea, gehiagotan eman zen. Betetzen ez zela adierazten al du honek? Bai eta horren aurkako erantzunak ere topatu ditugu. Villabonan 1920. urteko eskaera batetan nekazari batzuek idi demen debekua bertan behera uzteko eskaera egin zuten, betiko ohitura bat zela argudiatuaz eta debekua kenduz gero garai horietan zentsuragarri ziren ekintzak baztertzeko borondatea adieraziaz.

Debeku honek zehazki noiz arte iraun zuen ez dakigu. Baina denbora luzean aritu zirela eztabaida honekin bai. Honela, artxiboan 1938. urteko beste gutun batean Gobernadore Zibilak debekuaren berri eman zuen berriro, inongo arrazoirik erantsi gabe.

Badiruri 1940. urte inguruan debekua kentzea erabaki zela, (agian beren eragina oso eskasa zelako, kasu askotan apustuak ospatzen jarraitzen zutela ikusi da) urte honetatik aurrera artxiboan daduen eskaera eta hitzarmen kopurua izugarri hazten bait da. Hitzarmen hauen ezaugarriak lehenago aipatutakoen berdintsuak ziren , nahiz eta bi desberdintasun nabarmen ikusten diren: idien jabeen artean apostuan jarritako diruen zenbatekoak eta Gipuzkoako Atletismo Federazioko ikuskariak (lehenengo urteetan Gobernazio Zibilekoak, 1940-1960 bitartean) proban bertan egon behar zirela bai materiala eta baita probaren jarraipena egiteko.

Hitzarmenak ahalik eta itxien eta zorrotzen izaten baziren ere, eztabaida eta gatazkak saihestezinak ziren. Hauen artean bi azpimarratu nahi ditugu. Lehenengoa, 1960. urtekoa, Udalak Gobernadore Zibilari bidalitako eskaera. Bertan botilero batek irregulartasun larriak egin eta dirutza izugarria eraman omen zuen herritik. Gertatutakoak ikertu eta eragindako kalteengatik isuna jartzeko eskaera egin zuen Udalak. Bigarrena, 1962.urtekoa. Orduan proba baten ospakizuna bertan behera utzi behar izan zuten norbaitek gauean demalekua substantzia koipetsu batez zikindu bait zuen. Hala ere, sarrerak kobratu ziren eta diru hori Villabonako Txiro Etxerako erabili zela dirudi.

Honela, berriro ere idi probak indarra hartuz joan ziren herrian eta 1971. urterako demaleku berri baten beharra ikusi zuten. Hau uztailean bertan eraiki zen udaletxearen eta pilotalekuaren artean eta erantsitako planoan bertan ikusten den planta eta neurriak zeuzkan. Egunkarian argitaratutako berrian irakurri daitekeenez estalia izateko asmoa bazuen ere, azkenean jarri eta kendu egiten den toldo horietako bat erosi zen eta materialak hiltegiko biltegian gordetzen zituzten.

Probaleku berri honen inaugurazioa urrian egin zuten 3 eguneko dema batekin. Bertan garaile Andoaingo Gabirondo izan zen. Probak goiz, arratsalde eta gauez ospatu zituzten, sarrera kobratuaz eta artekarien partaidetza garrantzitsuarekin. Honen inguruko dokumentazio guztia Udal Artxiboan ikusi badaiteke ere hona hemen egun haietako argazki eta dokumentu batzuek.

Harlauza berri honek indar berria eman zien idi probei eta hau argi eta garbi ikusi daiteke 1971. eta 1972. urte urteetako egunkarietan Villabonako ospakizunen inguruan jasotako albiste ugariengatik eta baita propaganda karteletan azaltzen diren sari geroz eta mardulagoengatik ere. Baina indar hau badirudi ez zela nahikoa izan herrian zaletasuna mantentzeko, 1973. urtetik aurrera ez bait dago artxiboan kirol honen inguruko bestelako daturik.

Amagoia Piá

Artxiboak

Lan hitzarmena La Salvadoran

Duela 100 urte sinatu zen Villabonako “La Salvadora” paper fabrikan honako hitzarmen hau. Sinplea bezain bitxia dena. Langileak dagokion igandean lana egingo du eta nagusiak asteko beste edozein egunetan 24 orduko jaia emango dio. Logikoa da. Hau adostu beharra zegoen? herriko alkatearen aurrean akta bidez sinatzeko beharra zuen?

Ba bai, garai hartan pil-pilean zeuden langileen eskubideak defendatzen zituzten hainbat mugimendu eta talde. Guzti hauek eguneroko borrokak egiten zituzten langileen lan baldintza gogorrak hobetu eta segurtasuna bermatzeko. Hauek lortu zuten 1903 urtean Espainiako Kongresuko Diputatuek Ley del Descanso Dominical” deritzona onartzea. Lege honen arabera, langile guztiek zuten igandean lanik ez egiteko eskubidea (taberna, meatzaritza, burdingintza, lurruna erabiltzen zuten makinak…). Hala ere, bazeuden salbuespenak, dendak, egunkariak, bizarginak, ur-indarrez mugitutako makinak,…

Hara hor gure paper fabrikaren arazoa, bai lurruna eta bai ur-indarra erabiltzen zituen bere makinetan (beharko) eta honek eztabaida sortu zuen. Azkenean 1913 urtean, eztabaida hau saihesteko patroiek beraiek eskatu zuten udalaren aurrean hitzarmen baten beharra. Legearen aurka joateagatik isunaren beldur? langile mugimenduen beldur? bietatik? Askotan entzun ditugu gure helduen hitzetan fabrikako lan baldintzen inguruan izandako iskanbila eta liskarren berri.

Gregorio Urdapilleta eta F.N. Lasarte gerenteak alde batetik eta Ezequiel Ezquioga bestetik (makina eta galdaren langileen ordezkari bezala onartua), Pedro Mutio alkatearen aurrean bildu (deialdi ofizial baten medio) eta hitzarmenasinatu zen: baporea erabiliaz igandean ere makinetan lana egitea bai, baina astean zehar egun oso bat jai hartzeko eskubidea ere bai.

Esan dugun bezala, hitzarmen hau akta batetan jasotzen zen. Alkateak hau probidentzia baten bidez onartu behar zuen, zehaztuaz hitzarmena sinatzeko bai langileak eta baita nagusiak ere bere borondatez etorriak zirela eta lege eta arau guztiak errespetatuaz hitzartu zela. Espediente osoa Probintzi Gobernuari bidali zitzaion bere behin-betiko onarpenerako.

Amagoia Piá

Artxiboak

Urkatzeak XVII. mende hasierako Villabonan

Artxiboko dokumentaziorik zaharrenak herriari buruzko hainbat eta hainbat berri bitxiren eta arlo ezberdinen inguruko berriak aditzera ematen dizkigu. Izan ere, udal kontuek, udalbatzak zituen gastu ugari islatzeaz gain, hauen zergatia adierazten du.

1622ko abenduaren 12ko dokumentuan adibidez, auzien eta epaien inguruan berri bitxi zein latza eskaintzen digute: urkatze bat, hain zuzen ere.

Iturriak islatutakoaren arabera, urkatua Alontso Perez Liedenakoa izeneko pertsona izan zen. Eta delitua: Bizente Egizarkoa hiltzea.

Liburuak ez du gaia edo auziaren inguruan datu gehiagorik eskaintzen. Hau da, ez dakigu hilketa noiz, zein egoeratan eta zein arrazoigatik gertatu zen. Eta bi aldeak nongoak ziren ere. Alontsoren abizena irakurrita, nafarra zela pentsa dezakegu. Bizente, aldiz, Villabonako udalbatzak hainbat gasturi aurre egin behar izan zienez, bertakoa edo Amasakoa.

Datuek prozesuarekin, kartzelaratzearekin eta epaiarekin zerikusia dute. Hala, badakigu borreroa edo urkatzailea Gasteiztik ekarri zutela. Urkamendiaren inguruan, berriz, hainbat datu ageri zaizkigu: egin zela (beraz, ez zegoen horretarako azpiegitura edo tresnarik), ekitaldian urkatuak arropa jakin bat erabili zuela (nolakoa zen adierazten ez bada ere). Honen ildotik, kondenatuari jarri zitzaizkion kateak eta kartzelan eman zitzaion janariaren gastuen arrastoa dugu.

Gaia Villabonan jorratzeaz gain, Donostian eta Tolosan ere landu zen. Jakina denez, bi hiribildu hauetan (Azpeitin eta Azkoitin ere bai) korrejidoreak bere epaitegiak zituen eta bertan aritzen zen justizia lanetan. Horregatik, gune horien aipamenak ofizial horrek auzia epaitu zuela aditzera ematen digula uste dugu. Ondorioz, baliteke urkatze zigorrarekin amaitu zen espediente hau, gaur egun Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorrean gordetzea.

Iago Irixoa