Ikasturte hasiera Getariako Liburutegian

Abuztuak 30eko astelehen hartan itzuli ginen udako oporretatik Getariako Udal Liburutegira. Jakingo duzuen bezala, abuztuan itxita egon zen eta uztailean goizeko ordutegiarekin jardun genuen. Nahiko lasaiak izan zirenez, haur eta gazte literaturako liburuak berrantolatzeko probestu nahi izan genituen egun haiek. Etortzear zegoen ikasturte berria txukun hasi ahal izateko, besteak beste.

Lehen, egilearen arabera antolatuta eta ordenatuta zeuden liburu hauek. Txukunagoa ikusi eta suertatuko zelakoan, bildumaren arabera antolatu nahi izan genituen eta horri ekin genion ekaina bukaera aldera. Liburutegiko ohiko haur erabiltzaile batzuen laguntza tarteko,  8-12 urte arteko haur-liburuen (kolore berdearekin ezaugarritu ditugunak) eta 12 urtetik aurrerako gazte liburuen (kolore horidunak) apalategiak guztiz hustu eta denontzako errazagoa eta erosoagoa suertatuko delakoan gauden antolamendu berri batekin bete ditugu berriro. Liburu bakoitza dagokion bere bildumako beste liburuekin multzokatzen aritu ginen eta bildumarik gabekoak beste guztietatik bereizten. Bakoitzari zegokion aldaketa digital eta fisikoa egin ostean, apaletara eraman genituen guztiak berriz. Kasu honetan jadanik, bildumaka antolatuta. Apalak bizitza berri bat hartu du eta esango genuke harrera ona izaten ari dela erabiltzaileen aldetik. Laguntzaile benetan finak eduki genituen prozesu honetan eta hemendik gure eskerrak bidaltzeko probestu nahi dugu.

Apalategiaren antolaketa berri honetan hurrenkera honetan kokatu ditugu liburuak: lehen lehenik, haur literaturako klasikoak kokatu ditugu. Ondoren, bildumarik gabeko aleak, (gometx marroi batekin bereizi ditugunak). Azkenik, beste liburu guztiak bildumaka eta alfabetikoki ordenatuta. Honela, bilduma bereko liburuak nahi izanez gero, denontzat aurkitzeko errazagoa izango dela espero dugu. Kuxkuxeatzera animatzen bazarete, hemen izango gara, beti bezala, zuen zain. Prozesu berbera egiten gabiltza orain 5-8 urte arteko haur liburuekin, kolore gorriarekin ezaugarrituta daudenak. Horregatik sumatuko zenituzten agian liburu hauek apur bat aldrebesatuta.

Ikasturtea ondo hasteko asmoarekin ere, erosketatxo bat egin dugu irailean. Itsasoa, mundubira, erabiltzaileen eskaerak, euskarazko literatur berritasun batzuk, Getariako “Katukale” irakurle taldean landuko dituzten eleberriak eta beste proposamen apur batzuk adin eta gustu ezberdinetarako. Etorri hauxe kuxkuxeatzera ere bai eta zure gustokoa aukeratzera.

Gainera ikasturte berriak bere sorpresak ere ekarriko ditu. Beraz… adi egon.