Tag: <span>Orendain</span>

Artxiboak

Lan eskaintza berezia Orendainen

1894 urteko 57 zenbakidun Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez, Orendaingo Udaleko idazkari-lanpostua hutsik zegoela iragarri zen, baina postu horrek berekin beste bi kargu izango zituen: sakristauarena eta organo-jolearena. Lan eskaintza berezia, zalantzarik gabe. 

Osoko Bilkurako akta liburuetan arakatuz, 1894ko azaroaren 4ko Osoko Bilkuran lanpostua betetzeko deialdia iragartzea adosten dela irakurtzen dugu. Bilkurako aktan ikus dezakegun bezala, lanpostu horretako baldintzak ondorengoak ziren: izangaiak euskaraz jakin behar zuen; urteko soldata 750 pezetakoa zen; eta funtzionario horrek, udal legeak adierazitakoaz gain, Udalaren ardurapeko bulegoko lan guztiak egin behar zituen, hala nola: udal kontuak prestatzea indarrean zegoen kontabilitatearen arabera, errolda eta zedula pertsonalen kobrantza-zerrenda egitea, etab.

1894ko abenduaren 11ko Osoko Bilkuran ikus dezakegunez, eta gure harridurarako, 7 hautagai aurkeztu ziren lan eskaintza horretara. Horien artean aukeratua Juan Azarola Txindurreta izanik:

“De entre los siete aspirantes que se han presentado… se procedió a un detenido examen de las solicitudes y documentos presentados y examinados, considerando que el aspirante Juan Azarola Chindurreta, vecino de Ichaso… reúne las circunstancias más favorables y apetecibles para este municipio”.

Aukeratutako langile honen izendapenaren berri dugu 1895eko urtarrilaren 7ko Osoko Bilkuraren aktari esker. Bertan, lanpostuaren eginkizunak zehazten dira, haien artean azpimagarria izanik erabaki hau:

“Esta corporación no tiene intervención ninguna en cuanto a los cargos referidos de Organista-Sacristán, y solo podrá tomarle cuenta en el desempeño de los mismos el sr. cura párroco”

Hau da, udalak idazkari gisa zuen lanpostuagatik bakarrik ordaindu behar zion, eta gainerakoa apaizaren mende zegoen.

Juan Azarolak 1896ko maiatzaren 17an utzi zuen kargua, eta, jakina, oso zaila izan zen hiru karguak betetzeko prest zegoen edo gaitasuna zuen norbait aurkitzea. 1908ko urriaren 11ko Osoko Bilkuran gai hori berreskuratzen dute: 

“…acordó también esta Corporación que, si algún día se estableciese en esta Villa un hombre de disposición y confianza del Ayuntamiento para desempeñar por si el cargo de secretario, organista, etc., los individuos que hoy le componen son de parecer que se le podían dar dichos cargos…”

Iturria: Orendaingo Udal Artxiboa