Azaroak 25, tximeleta moreak Hondarribiko eta Getariako liburutegietan
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren harira, tximeleta more eraldatzaileak ekarri nahi izan ditugu Hondarribiako eta Getariako Udal Liburutegietara.
Tximeleta hauek sortzeko proiektua Itziar Prats eta Isabel Gallardok hasi zuten 2018an. Urte horretan indarkeria matxistak Itziar Prats eta bere bi alaben bizitzak guztiz zeharkatu eta suntsitu zituen. Suntsipen hartatik hasiera berri bat sortu nahi izan zuten aipatutako bi emakumeek: jendarte errespetuzko eta berdinzaleago baten eraikuntzan beraien aletxoa utzi nahian, denontzako proiektu eraldatzaiIe feminista bat abiaraztea erabaki zuten. Honetarako, “Mariposas” ezizenez ezagunak diren Mirabal ahizpen erailketa matxista hartu zuten abiapuntutzat (erailketa hau genero indarkeriaren lehenengo kasua bezala jasoa izan 1960an eta hauxe dago hain justu ere, azaroak 25aren egun aldarrikatzaile honen jatorrian).
Bi ahizpa hauen ezizenaz baliatuta eta tximeleta baten hegaldiak munduko toki ezberdinetan eragin dezakeen indar eraldatzailearen teoria abiapuntutzat hartuta, jendarte hobeago baten eraikuntza sinbolizatzen eta aldarrikatzen duten tximeleta moreak sortzen hasi ziren Itziar eta Isabel. Ordutik hona, pertsona eta eragile mordo bat atxikitu zaizkie tximeleta eraldatzaile hauen sorkuntzara, gero eta handiagoa bihurtu da mugimendua. Getariako eta Hondarribiako Udal Liburutegietan ere ekimenarekin bat egin nahi izan dugu eta horregatik, tximeleta more eraldatzaileak sortzera gonbidatu nahi zaituztegu azaro honetan zehar. Nahi duzuen material edo gisakoak izan daitezke eta jendarte hobeago baten eraikuntzan lagundu dezakeela iruditzen zaizun hitz, esaldi, aldarri edo marrazkia ipini diezaiokezue. Hauek guztiak bi liburutegiak azaroaren 25aren kontestura atontzeko erabiliko ditugu.
Tximeleta hauen bidez denontzat hobeagoa izango den jendarte horren bidean gure hondar ale sinbolikoa ipiniko dugu… Beraz, Hondarribian ala Getarian, animatu zurea sortzera eta ekarriguzu! Edo etorri liburutegietara hauexek sortzera… Zuen zain.