Category: <span>Bisita gidatuak</span>

Artxiboak Bisita gidatuak

Subijanako uharkara bisita

Oraingoan ez dugu Artxiboan gordetzen dugun dokumenturik aurkeztuko, ostera, Europa mailan antolatzen diren Ondareari buruzko jardunaldiak aurkeztuko ditugu. Jardunaldi hauek urtero antolatzen dira bisita gidatuak, erakusketak, hitzaldiak eta bestelakoak eskainiz. Udazkena izaten da jardunaldi hauek ospatzeko garaia eta horregatik, urriko berria hauei eskaini nahi diegu, eta zergatik ez, Villabonak eskaintzeko duenari buruz pixka bat hitz egiteko. Noski, Villabonak honen inguruan asko dauka eskaintzeko eta Gipuzkoako beste 32 udalerrirekin batera, 2018ko Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du.

Aurten jarri den gaia emakumearen emaria izan da eta hauen rola ondarean zein izan den aztertzeko eta erakusteko aukera ezin hobea da. Azkeneko hilabete hauetan Subijana enpresari buruz idatzi ditugun berrien bitartez, enpresak herriarekiko eduki duen eragina eta garrantzia islatu nahi izan dugu, denboran izan duen garapena deskribatuz eta Udalarekin edukitako harremanak eta tratuak plazaratuz. Enpresa honetan Villabonako bizilagun askok lan egiten zuten, horien artean emakumeak aurkitzen zirelarik. 1908 urtean adin desberdinetako 48 emakume eta neska zeuden bertan lan egiten, gehienak 23 urte baino gutxiagokoak. Urte batzuk beranduago, 136 izango ziren, enpresako gehiengoa osatuz (gizonezkoak 124 izango ziren) eta berriro ere, gehiengo nagusiak 23 urte baino gutxiago edukiko zituen.

Hauek betetzen zituzten lan postuak ezagutzeko bertan lan egin zutenen testigantzak ezinbestekoak dira, Artxiboan dugun dokumentazioaren artean honi buruzko datuak ezin baitira bilatu. Testigantza hauek oso baliotsuak dira hutsune handi horiek betetzeko eta garai hartako lan mundua nolakoa zen jakiteko. Izan ere, emakumeek Subijana enpresan betetzen zuten lanetako bat oihalen tindaketa eta zuritze kupeletan ematen zela horiei esker dakigu, hau da, urez betetako kupeletan egingo zuten lan.

Aurreko berrian agerian gelditu zen bezala, ura ezinbesteko baliabidea zen enpresaren funtzionamendurako, herriko ur-iturri desberdinetako ura ustiatzen zuelarik. Horretaz gain, enpresa eraiki zenean ura bideratzeko sistemak ere eraiki behar izan zituzten, horien artean kanalak eta uharka edo aljibea aurkitzen direlarik.

Artxiboan tamalez, uharka horri buruzko informaziorik ez dugu, ez dakigu zehazki nork eta nola eraikia izan zen. Horri buruz dugun informazio bakarra 2009 urtekoa da, hau da, balioanitzeko gela bihurtu zenekoa. Hori dela eta, Ondarearen Jardunaldi hauek uharka ezagutarazteko aukera paregabea eman digute eta bertara bisita gidatuak antolatu dira hilabete honetarako. Gainera, bisita hauetan, Subijana enpresako ikur hau ezagutzeaz gain, estanpazioari buruzko tailer bat egiteko aukera ere egongo da. Informazio guztia Udalaren web orrian aurkitu daiteke, baino guk txoko honetaz baliatu nahi izan dugu interesa duen edonor gonbidatzeko bisita hauetan parte hartzera. Urriaren 20an izango da lehenengoa, goizez eta euskaraz, eta urriaren 27an bigarrena, kasu honetan gaztelaniaz, ordutegi berdinean. Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen kontsulatu daiteke.

Argazkiaren iturria: https://t.co/JPSiENbhix

Amaia Mendizabal

Bisita gidatuak Erakusketak

HORMEKDIOTE: Did I do that? (Steve Urkel)

Urte
baten buruan Hormek sarri hitz egin dute. Urte bete pasa ondoren, egun
Hormek zer dioten, ez da hori galdera makala. Halere, galdetzeak berak
egun Hormek hitz egiten segitzen dutela ematen du aditzera.

Izan
ere, Hormek diote guk urte honetan zehar asko ikasi dugula. Orain dela
urtebete (pasatxo) gure baliabide eta ezagutzarekin lan bati ekiten
geniola uste genuen. Errealitateak, baina, bestela erakatsi digu. Hau
da, lana, agindutakoa eta zehaztu bezala bete dugu. Ez ordea orduan
genekienarekin, ekinaren poderioz ikasi dugunari esker baizik.

Horrela, Hormek esan ez ezik, erakatsi egin digute. Besteak beste:

– Besteon lana gehiago errespetatzen eta baloratzen

– Kultura komuna partekatzen dugun lagunekin lana egita pribilejio dela

– Saldias zuzen zela, eta… lagunekin bai!

– Kultura popularra kultura unibertsalaren zati bat dela eta horri esker identitea propioa eta komuna dugula

– Edertasuna sortzean datzala

– Akaso Sor/tzaileak gure Sor/ginak direla

– Artearekiko, artearen funtzio sozialarekiko interesa berpiztu zaigula

– Aurre iritzi sobera ditugula.

Era
berean, “ondoretza” lehengoz aipatu zigutela harrituta geratu baginen
ere, harro ikusten ari gara legatu zehatza utzi dugula: elkarren
ezagutza, denborari eusten dioten muralak, jabetza pribatuak ezabatu
duen murala, bidaiatzen hasiak diren “Gure Hormek”, buruan ditugun ideia
berriak, ezagutu dugun jende eskuzabala, Haatik Dantza Taldeak
taularatuko duen espektakulu berria… Esperimentua ondo atera da,
beraz.

Horiek
horrela, hormatu ez garela uste dugu. Zintzo jokatu dugula eta helburuak
bete ditugula. Kontraesanak zamalkatu ditugun edo ez, ez dakigu, baina
zizelkatu bai, zizelkatu behar izan ditugu. Alegia, elkarbizitza ekimen
artistikoetan bezain beste, proiektuak sortu dituen harremanetan bizi
izan dugu. Eta ederra izan da.

Urkelekin hasi eta Hannibal Smithekin amaitu: I love it when a plan comes together

David Zapirain

Bisita gidatuak Erakusketak Lugorri

Hormen artean dantzan

Haatik Dantza Konpainiak Hormek Diote ekimenaren helburuak jarraituz, Horma ezberdinetan egindako muraletan oinarritu eta bizikidetza ardatz izan duten bost sorkuntza aurkeztuko ditu. Dantza, kaleko arte bezela ere aldarrikatuz.

2015eko urte amaieratik oso izaera eta lengoaia ezberdineko hiru dantza-sortzaile elkartu ziren proiektu hau aurrera eramateko. Hauetako bakoitzak ikuspegi pertsonal batetik abiatuz gure gizarteak elkarbizitzeko dituen konplexutasun eta gabezietaz hausnartu eta konpainiako dantzarien bitartez agertzeko erronka izan du.

Guztira Pascal Gaignen musikarekin sortutako 5 koreografia labur izango dira. Horretaz gain, emanaldi bakoitzean proiektuaren beste sorkuntzen aurrerapen bat eskeiniko da ere.

Emanaldi bakoitzaren iraupena: 30 minutu.

Emanaldi eta sorkuntzak:

* Altza Ekainak 29, 19tan. “Drawing Sounds” Vitali Safronkine

* Intxaurrondo uztailak 7, 19tan. “Timeless Moments” Vitali Safronkine

* Trintxerpe, Uztailak 14, 19:30tan. “Korronteeri aurre eginez” Aiert Beobide

* Errenteria. Uztailak 24, 20tan. “70+1” Iker Arrue

* Urumea uztailak 29, 19tan. “Black Chain Link Fence” Iker Arrue

Haatik-eko dantzariak: Anne Jauregi, Irati Sorondo, Itziar Dohyarzabal, Nerea Ezenarro, Nagore Zabala, Iker Sanz, Iñigo Etxeberria eta Aiert Beobide.

Jantzi aholkularitza: Ramon Garcia

Haatikeko ekoizpen arduraduna: Iurre Aranburu


Haatik Dantza Konpainia

Bisita gidatuak Erakusketak Lugorri

Hormek Diote proiektuaren egitasmo berriak

Hormek Diote proiektua, 2015. urtean hasi zen Donostiako eta inguruko hainbat herrietako (Pasaia eta Orereta) paretetan mural erraldoi ezberdinak margotzen. Orduan, artista ezberdinak gonbidatu genituen muralak egitera (Arantxa Recio eta Jenni, Igor Rezola, Judas Arrieta, Ismael Iglesias, Hormachick kolektiboa).

Orain, proiektua bildu eta garatzen duen webgunea aurkezteaz gain (www.hormekdiote.com), Hormek Diote muralen mapa fisikoa ere erakutsi eta banatzera gatoz. Mapa honetan, muralen ibilbidea proposatu eta Donostiako auzoak eta Pasaia eta Orereta ezagutu eta bizitzeko aukera berri bat proposatzen dugu, ibilbide eta ohiko zirkuitoetatik at dagoena gainera, eta gure hiriaren ikuspegi berri bat eskaintzen diona, kanpotik datorrenari eta hiriko biztanleari ere bai.

Baina ez dugu muralak eta kale artearen inguruko hausnarketa eta ekintza paretetan soilik geratzea nahi. Horregatik, martxoaren 2an hasi eta 12ra bitarte Hormek Diotek hainbat ekimen antolatu ditu. Guztiak irekiak eta musutruk.

Martxoak 4BYG artista kolektiboak mural berri bat margotuko du. Eta kolektibo berak Kontadores grafiti taldearekin elkarlanean, Papiromancias izeneko tailerra eskainiko du.

Martxoak 5 (Tabakalera, 18:00) – Tabakalerako hormak zine pantaila bihurtuko zaizkigu Horma/Pantaila egitasmoan. Hormek Diotek, Las Chicas de Pasaik kolektiboari (Maria Elorza eta Maider Fernandez) eta Iñigo Salaberria artistei bideomural bana egiteko enkargua luzatu zien. Enkargu horren emaitza ikusiko dugu primizian, BLU grafitigilearen film laburrarekin batera.

Martxoak 5 (Tabakalera, 20:00) – Punto de Vista jaialdian berriki estreinu mundiala izan duen Keiwan Karimi zinegile iraniarraren Writing in the City filma eskainiko dugu. Keiwan Karimi egun, 6 urteko kartzela eta 223 zigorkada jasoztera kondenatua dago. Hain zuzen ere film hau egiteagatik. Filmaren ostean 223 Words filma eskainiko da. Punto de Vista jaialdiak ekoizturiko pelikula labur honetan, nazioarteko zinemagile ezberdinek, Keiwanen Karimiren egoera salatzeko, eta hari elkartasuna adierazteko zigorkadak hitz bihurtu dituzte. Emanaldian, Keiwanen kasuaren berri izango dugu, eta modu batera edo bestera, zinegilea bertan izango dugu…

Martxoak 9 (Garoa liburudenda, 19:00) – Arteak kale egiten duenean hitzaldia ospatuko da Xabier Gantzarainen eskutik. Arte aditua eta itxi berri duten Kalostra eskolako zuzendaria izandakoak, besteak beste, kale arteaz eta arteak kalean duen eraginaz hitz egingo du.

Martxoak 12 (10:00-13:00) – Judas Arrieta artistaren eskutik Planetak Dantzan tiza jolas tailerra izango da haurrentzat. Aire librean eginiko ekimen honetan, haurrek, elkarlanean, kultur aniztasun eta ezberdinatsunaren balioaren inguruko klarion murala eta jolasa egingo dute.

Hormek Diote proiektuan lanean jarraitzen dugu, aurrera begira ere proiektu eta ekimen berriak gauzatzeko… urtea luzea da…