Category: <span>Lugorri</span>

Liburutegiak Lugorri

2022an Txanogorritxo Hondarribiko Liburutegian

Aurreko urteetan bezala, 2022an Txanogorritxo gaiaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu genituen helburu batzuekin: gaiaren ikuspuntu desberdinak izatea eta komunitatearen beharrei erantzutea.

Eskolako tailerrekin eskolen komunitatearekin aritu ginen; zinemaren bidez natura, helduak edota emakumea ekarri genuen liburutegira; autodefentsa ikastaroa ere izan genuen; Jokin Mitxelenaren, zuzeneko, marrazkiek gure idazleek, beraien testuen, irakurketa lagundu zuten; liburutegian izaten diren idazketa tailerrean aritzen direnen testuekin gure orrimarkatzaileak egin genituen;…

Liburutegia ez doala norabide bakarrean argi dugunez, jasotakoa komunitateari itzuli behar zaio. Horren adibide bat Hondarribiko Liburutegiaren bildumaren lehendabiziko zenbakia da: Txanogorritxo. Bertan Amaia Egidazu-k, Ainara Oscoz-ek eta liburutegiak berak dinamizatutako tailerren materiala bildu eta monografia bezala parte hartu zutenei banatu diegu, eta liburutegian bertan ere denon eskura izango dugu. Horrekin nahikoa ez eta era digitalean ere jarri dugu zabaltzeko asmoz. Hemen dauzkazue Txanogorritxo1 eta Txanogorritxo2

Bloga Liburutegiak Lugorri

Ekialde Hurbila komiki bidez, tunel batetik abiatuta

Rutu Modan

Túnels. Llibreria Finestres 

Kidetzaren Kutxa Indiana Jones ala Laura Croft-en helburuen artean, edo jabetzen artean badugu ere, hura topatzea dute helburu Rutu Modanen komiki honen protagonistek. Hauek talde heterogeneo batera batu beharko dute, nork berak bere txangurro tartean, kutxa sakratuaren bila abiatzeko. 

Abentura klasiko bezala irakurtzen ahal da komikia, Tintin ala Blake eta Mortimerren kutsukoa. Bederen, estilo argiari nahiz narrazioaren zein bineten antolaketari dagokionez. Umorea eta tentsioa ere badauzka tartean. 

Bistan denez, dialogo eta egoera surrealistek errealitatea behar dute oin gisa, nekez dira asmatzekoak. Esaterako, unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen herrak eta zitalkeriak oso errealak dirudite. 

Lurralde okupatuen inguruan bizi diren pertsonak gizaki gisa portatzen dira, bakoitza bere izaeraren arabera. Protagonista nagusia emakumezkoa eta judutarra izatea ez da kasualitatea, autorearen nolabaiteko sosias papera egiten baitu. Alegia, abentura klasikoaren funtzioa oso ondo betetzen du komikiak, entretenigarria da. 

Ostera, lehen irakurketa horrek oihartzuna uzten du. Bukaerako cliffhangerrak erremate bikaina da, baina, era berean, amildegian esekita uzten gaitu eta, ondorioz, narrazioak abentura klasikoa baino askoz gehiago ezkutatzen duela pentsatu behar dugu. Azken batean, hobeto pentsatuz gero, heterogeneidadea ez da soilik errekurtso literarioa, eta bilaketa lur azpian eta estrategia ezberdinetan gertatzea ere ez. Horretan datza komikiaren handitasuna: bigarren irakurketaz eta esanahiaz jabetzeaz.

Ezin aipatu gabe utzi argitaletxea, Bartzelonako Llibreria Finestres-ek sortutako Finestres argitaletxea hain zuzen ere. Liburu dendetan liburuak saltzen badira ere, Finestresen gehiago topatuko duzu. Harrera goxoa, liburu funtsa itzela (“sarrera”ko gunetik ateratzea oso latza da), irakurtzeko Diogenes gunea, kafetegia, giroa, jarduerak, liburuen iruzkinak… eta orain, gainera, komiki edizioa. Ez nolanahikoa, kaleratu dituzten tituluak zein baino zein interesgarriagoak dira! Eta itzulpenak katalanera irakurtzea horren urrun ez dagoen kulturara hurbiltzeko bide erraza da. 

Azkenik, Ekialde Hurbilaren gaineko komikiak uste baino ugariagoak dira. Aski ezagunak diren kanpotarren kronikekin batera (Delisleren Jerusalemgoak, Saccoren Palestinari buruzkoak, Zerocalcareren Kobane eta gainontzeko kurdulogiarenak), bertoko emakumezkoen lanak ere aipagarriak dira: Doganen Prison n.5; Girardiren Kurden people; Merhejen Erreximentadun yogurta eta, orain Modanen tunelak. Paisaiak, gaiak, pertsonak, gatazkak, nahiak… gureak ez diren begien bidez azalduta.

Dst jauna.

Bloga Lugorri

Ereiten ere ‘Komunitatea eta komunikazioa’ ardatz hartuta

Ereitenkumeak Talaioseko lagunei esker ‘Komunitatea eta komunikazioa’ lantzen aritu gara formakuntza saio batean. Esperimentu positiboa izan da zinez, bai barrura, eta baita kanpora begira ere, zer hobetu detektatu eta hainbat kanal berri martxan jartzeko akuilu gisa.

Hasierako helburua gure lanari beste dimentsio bat ematea bazen ere, hau da, garatzen eta gauzatzen dugun gure lan teknika eta jarduera ona ez ezik, gure lanak beste esanahi berezi bat ere baduela ikusi dugu: hartzaileak behar du gure lana (teknikariek, ikerlariek, publiko orokorrak, irakurleek…), hartzaileentzat egiten dugu lan, eta horren kontzientzia hartu dugu.

Hausnarketa hortatik abiatuta, beste arlo batzuk ere landu ditugu. Horra hor Ereitenen lan egiten dugunok ere komunitatea osatzen dugula eta, ondorioz, zeintzuk garen eta zertan ari garen lanean besteei esatea eta haiekin partekatzea interesgarria bezain beharrezkoa dela azpimarratzea lortu dugu.

Ereiten
Luberri, Lugorri, hazia mintegi
Adarrak lepotzen ari gara, basoa berritzen

Irudia: ataria.eus
Lugorri

Hondamuinean ere eskura tarte batez

BAO publishing-en laguntzaz, Zerocalcareren Hondamuinean (Macerie Prime) paratu dugu hemen.

Lehen berdela duzue hau. Ondo portatzen bazarete, (alegia, leitu zakilbaba halangoak!) behar bada bigarrena ere emango dugu.

Edozelan ere, itxialdia amaitu bezain pronto, gure herrietako liburudendak berpiztea denon lana izango da; ta han topatuko duzue berriro komikia.
Txangurroa denontzat, uzkitik txakolina jare arte.

Artxiboak Lugorri

Trintxer ala Trincher aldizkaria

Trintxer ala Trincher aldizkaria 1954 – 1975 bitartean argitaratu zen. S. Esnaolaren arrastoa nabaria da bertan. Trintxerpe auzo moderno gisa aurkezten du; alegia, historikoa, etengabeko eraldaketan, arazoz eta pozez, komunitate ezberdinek sortuta eta EHn errotuta.

Trintxerpeko berri emateaz gain, herri osoa jorratu zuen, batasun grina zein barrutien arteko elkarlana sustatuz. Harrigarria ere moral katoliko frankistak eta materialismo historikoak biak batera agertzen baitira tarteka. Itsasoa eta lana lehenesten zuen foroa. Aldizkari harrigarria. Herri memoriaren lekuko ezin hobia. Gaurkotasun handikoa.

Josetxo Dominguezi esker gorde da orain arte altxor hau paperean, eta hemendik aurrera denon eskura ere badaukazue hemen.

Lugorri

Historia zertarako?

Galdera hori askotan egin digute. Batzuetan espresuki; bestetan hitzik esan gabe, errukiz begiratuz. Azken hilabeteotan lanerako Historian lizentziadunak bilatzen ari garela ez dizuegu hemen kontatuko; (lan eskaintzak izan arren). “Historia zertarako?” galderaren inguruko hainbat burutazio aipatuko dizkizuegu.

Izan ere, unibertsitatean irakasle izena merezi zuen bakarrenetakoak, E. Barrenak hain zuzen ere, historialariok komunitatearen azti gisakoak ginela esan zigun. Zer esan nahi zuen, jakina, arrastorik ez orduan. Behar bada zuek, zuen karrerak iraun bitartean gauzak oso argi zenituzten;guk bestelako lehentasunak geneuzkan orduan. Ikasle garaian guk geuk historialariak ginenik ez genekien; are gutxiago historialaria izatea zertan zetzan. Hori guztia aurrerago deskubritu genuen.

Harira. Orain patuak bi matx-ball eman dizkigu, irakasle izena merezi izateko ala zen, besteak beste. Eta jokaldia harilkatzeko, demontreko galderaren hausnarketa hauspotu behar ikasleen artean. Historia liburu mardul eta batere glamurrik gabekotzat jo eta bestelako karrera ikasten edo ari diren ikasleen artean.

Historia prozesu modua; irrazionaltasunaren itxurapean ezkutatzen diren arrazoiak; kapitala versus bizitza; balizko geroak; errealitatea aldatzeko eta etorkizuna irudikatzeko materiaren ezaugarriak ezagutu beharrak… hori dena kontatu nahi genien. Stiglitzen zein Varoufakisen testu bana genuen prest, Historiaren garrantziaz ohartzen dutenak. Gaur goizean, baina, “7K” gehigarrian Fintan O’Tooleren liburuaren kritikaren harian ([GAZ]: Un fracaso heroico: el Brexit y la política del dolor. Capitán Swing, 2020) zera irakurri dugu: “… el irlandés Fintan O’Toole, columnista y editor del The Irish Times descubre cómo mentiras periodisticas triviales se convirtieron en obsesionales nacionales nada triviales; cómo la indiferencia hacia la verdad y el hecho histórico han definido el estilo de toda una élite política; cómo un país colonialista se está redefiniendo como una nación oprimida que requiere liberación”.

Beraz, oraindik pentsatzen duzue beharrezkoa dela “Historia zertarako” galdetzea?

Irudiaren iturria: Zazpika, Naiz webgunea

Lugorri

500 azal. Egin, Euskadi información, Gara: 1977-2019

The past is a foreign country. Hala erakatsi zigun Lowenthalek. Arrotza ez ezik, azkarra da ere, iraganak beti harrapatzen baikaitu, Back the future-n edo Denboraren menpe-n gertatu bezala. Izan ere, Gure baitan daramagu, gogoan zein orbainetan. Haren gainean eraiki dugu gure uste asko, gure nortasunaren zati handia. Hala behar du, gainera. Hura bridatu beharrekoa bada ere, iragana iraungituko ez bada; eta bidean gu ere iraungi, fosilizatu edo Zero bezala Hondamuinean izoztu.

Gara egunkariak argitaratu azal bilduma zoragarriak hori dena erakusten du. Orainaldia, gure gizartea, prozesuaren emaitza eta era berean prozesua dela, hain zuzen ere. Egungo kezkak eta arazoak ez direla bat-batean jaio, alegia. Iraganak jarritako autopistan gertatzen ari direla baizik. Eta, aldi berean, atzo eta gaur gauza bera ez direla; ezta, jakina, atzo eta bihar. Historialaria hor mugitzen da, lur malgu horretan: prozesuaren garapenari so. Eredutzat hartu beharrean, baina, errealitatea ulertu ahal izateko.

Ariketa itzela da azal hauek ikustea. Harrigarria da pertzepzioa nola aldatu den, nola bihurritu du oroimenak errealitatea. Esaterako azalen datak kenduta, gai izango al ginateke ordena zuzenean ematen? GU EZ!!!! Garunak bere errenkada propioa sortu du, iragana beste modu batean kokatu du; kronologia pertsonalizatua: hau hura baino lehenago gertatu zenik ezin sinetsi.

Edo saiatu lehen oroitzapena zein izen zen zehazten. Sandinistak Managuan sartzen edo Baader-Meinhoff ez genituen azal hauetan ikusi; eta sanfermin odoltsuak? Bai ordea Ortuella, Ryan, Monzon. Zer esanik ez Boris Beckerren garaipena ez ezik ihesaldi musikatuarena dakarrena. Beste batzuk, berriz, ezin berezitu: Bilbo 1997 / 2007, bi aldiz izan zen hori?. Eta gertakizun parekaezinak batera, Irak eta Oteiza zerk lotzen ditu?

Jakina! Buruan beldurra eta izua gordetzeko dugun zirrikituan Krisen infernua edo 97ko otsailaren egunak iltzatzeko ez genuen bilduma honen beharra.

… ad infinitum.

Azken batean, egin – ikusi – pairatu duguna da historia. Aberri besteratu hartan eman zen guztia. Ostera, historialaren lana ez da iragana atorkizunerantz eramatea, Historian geratu denaren eragina gure errainetan topatzea, identifikatzea, azaltzea; gure ondarea, gure orainaldia horri esker ulertu, bizitzaren prozesuan zeinen puntuan gauden ulertzen lagundu.

Horretarako, memoria ordenatu behar dugu; iragana sedimentatu lagundu; loturak azalera ekarri; etorkizunak proposatu. Ordenatze eta ulertze aldera, datuak behar ditugu: iturriak. Azalak barrukoak ulertzeko.

Lugorri

Ingalaterrako bihotza

Coe, Jonathan

Middle England. Viking, 2018

El corazón de Inglaterra. Anagrama, 2019

Le couer de l’Anglaterre. Gallimard, 2019

The Rotters’ Club (2001) eta The Closed Circle (2004) lanetan egin bezala, Coek Ingalaterrako gizartea xehetzen du Middle England-en. Aurreneko liburuetan Ingalaterrako arazoaz ari zen Coe. Sharpek Wilten agertu british umorez; herrikide duen Millsek The Restraint of beastsen azaldu mikaztasunaz; Mortimerrek Paridese postpeneden ireki bidean.

Lan berrian, baina, Ingalaterran jazotzeagatik Mendebaldeko Europaz deitu dugun “horretaz” ari da. Agian konturatu gabe, baina arazoak, oraingo honetan ez daude uharte handiaren zati batean mugatuta. Ingalaterrakoa jada ez da urrun geratzen den afera; dagoeneko hango buruhausteak gurean dira. Coeren kronika ez da hemendik 10 urtera gure kronika izango; gure kronika da jada. British kutsua badu ere, nobela europearra da.

Azken urteotakoa kronika soziopolitikoa egin bitartean, ingelesa izateko moduak aztertzen ditu Coek. Are, nobela kostunbrista idatzi duela ematen du. Izaera hori aztertu eta tokian-toki ondo baino hobeto kokatu arren, Coek agur esaten dio, baita betiko agur esan ere, Maalouf-en Le périple de Baldassaren egin bezala (2000). Orainaldiaren gainean egindako errepasoa, iraganarekin kontuak kitatzeko unea da. Iragana galbaetu eta gure nortasunean zer iltzatuko dugun erabakitzeko unea. Ohiturak, tokiak, bizimodua… etengabe aldatzen ari dira; zer salbatu eta nola onartu; zer baztertu eta ukatu. Hori egiten du Coek. Hautua nola, gizartea hala. Bidean ordea, ezer baztertu ez, dena salbatu beharra, ezer berri onartu ez… jarrera horren ondorioak Coek brexitean laburbiltzen ditu. Eta jarrera pertsonal zitaletan.

Alabaina, hautua pertsonek egiten badute ere, Coek ez ditu ahazten egoera zehatzak probokatu dituztenen izen-abizenak. Ideologia kriptofaxista eta interes ekonomikoak uztarten dituztenen eragina; alegia, neoliberalismoaren liderren eragina.

Coeren gertukoak, bere pertsonaiak, anabasa horretan erori egiten dira. Jeikitzea eta nola jeiki, horretan datza hautua; horretan datza aurrera egitea; horretan datza eraiki behar dugun gizarte berria.

Coeren nobelarik onena den edo ez, hori ez dakigu ta gutxi axola gainera; hori nola ebatsi ere ez dakigu. Dakiguna da, berriz, nobela sabelean itsasia geratzen dela, ezin guztiz pasa, jakin badakigulako irakurri duguna ez dela fikzioa. Gu guztion egoneza biltzen duen narrazio bikaina baizik.

Liburutegiak Lugorri

Libro de historia

OHO ere ez genuen egin, EGB baizik. Iristear ziren fisika eta kimika ikasteko liburu berri zoragarriak, izen alemaniarra, tapa gogorrak, beltzak, irudiz eta ariketaz josita. “Cosmos” zaharra atzean utzita, frantseseko sonimagek ·écoutez et répetez- bi bobinadun grabazioa zuen; laster Sorian jaiotako irakasleak euskara irakasten hasiko zen, Jalgi Hadi lagun “ama nor da bi emakume dira”…

Eta hara! gogoan betiko iltzatua geratu zaigun liburua gomendatu nork eta zeinek!. Nola ote posible hamar urtetako haurrak ginen horiei politikoki gogor xaxatzen gintuenak horrelako irakurketa iradokitzea? Eta, sinestu, xaxatzeak ez du esan nahi pedagogia egiteak.

Historia liburua. Komikia zirudien. Ez zen testu liburua. Historia gordina kontatzen zuen, Mendebaldeko Zibilizazioaren Historia gore xamarra baita. Kapitala, lanaren antolaketa, mundu-ekonomia, ekoizpena… gure ingurune industriala hobetzo ulertzeko tresna bikaina; egunkarian irakurtzen eta irakurriko genuena ulertzeko gida ezin hobea.

Hamar urtez ezin dena ulertu, SESBi kritika Argel, Kuba, Txina aldarrikatu behar nola ote? Amilcar Cabralen atzetik Sankara eta Lumumba topatu genituen; baina Mandela beranduago agertu zen gure munduan. (Kasrils are beranduago).

Adinean aurrera joan ahala jabetu gara: sasoi hartan haur harengan mundua ikusteko finkatu moldea lagun izan zaio egundaino. Zer esanik ez, Historia ulertzeko edo Historian gure protagonistak identifkatzeko.

Annika Elmqvist, Gittan Jönsson, Annmari Langemar, Pål Rydberg. Laukote honek gerora Laboak Brechti ahotsa jarriz kantatuko zuena aurreratzen zigun. Eta lagunei liburuetan sinatzerakoan NG-ri lapurtu eta idatzitakoarekin bat egin zuen: Irakatsitako Historia Hiltzaileek idatzi zuten eta ikasi genuena sinetsi ere egin genuen.

Ogibidea ez ote genuen aukeratu César Viguerari esker (-http://www.viguera.com-)

David Zapirain

Artxiboak Lugorri

Saskiak

Azkeneko
hilabeteetan ezohiko jarduera bat burutu dugu Ereitenen. Gipuzkoako
Foru Aldundiaren Gordailua eraikinean gordetzen diren 300 saski baino
gehiagoren kontserbazio lanetan laguntzeko aukera izan dugu.

Dakizuen
moduan Gordailua Irunen dago kokatua eta Gipuzkoako Ondare Bildumen
Zentroa da. Artea eta ondare higiezinaz gain, etnogintzari eskainitako
bilduma izugarria dute. Aipatutako saskien kopuru handiena, esaterako,
etnogintzako bilduma horretatik dator eta tipologia ugariren, lanbide
tradizionalen eta jarduera ezberdinen erakusgarri dira. Saski horietatik
ugari urteetan zehar erabili dira baina beste asko, apropos eginak izan
ziren tipologia ezberdinen errepresentazio anitza lortzearren.
Gainontzekoak Untzi Museoak egindako bilketa lanengatik eta bestelako
bildumei esker daude Gordailuan.

Arrantza
eta itsas munduarekin erlazionatutako saskiak (nasak, otarreak, butroik
eta millotarrak, besteak beste), nekazal jarduerekin loturikoak
(kopa-saskiak eta simaur saskiak, adibidez), bestelako lanbideekin
erlazionatutakoak (erlauntzak, okindegiko otarrak etab.) eta
saskigintzaren jarduera berarekin zerikusia duten piezak (tresneria eta
lehengaiak) izan ditugu esku artean. Baliabide eta material modernoek
saskigintza ia gutiz alboratu duten garai honetan, zorteko sentitzen
gara altxor hau gertutik ikusteko aukera izan dugulako.

Sara Etxebeste

*Irudia: Jatorri ezezaguna

Lugorri

Bidebietako Institutua

Irutxulon
irakurri dugu: Bidebietako Institutua itxiko dute. Berri gehiagoren
bila, “ghetto”tzat hartzen dutela irakurri dugu ere. Hara! Sikiera
horrek Dangerous Mindseko Michelle Pfeiffer irakasle gisa izateko balio
izan bazitzaigun!

Orduan
ere ez zen Gipuzkoako ikastetxerik baloratuena; aitzitik, okerrena ez
bazen, azken aurreko okerrena. Barregurea ematen zigun, gu baino pringao
handiagoak zeudela irudikatze hutsak.

Ez
dugu ukatuko: bai, Rob Brownek han ikasi zuela esatea sinisgarria da.
Baina Institutu horretan guk ere Forrester izan genuen alboan.

PC
zer zen inork ez zekienean, irakasle talde batek informatikan hasi
behar ginela erabaki zuen. Sinclairrak eskutan izan genuen; Donostiko
unibertsitate pribatuan, ordenagailua idazten eta bekarekin dirua PC
batean gastatuta joando bakarrak izan ginen. Ghettokoak.

Goizueta
eta Aranotik euskaldunak Bidebietara etortzen ziren. Ez galdetu nola
ematen zen mirari hura. Eraman handi izan zuten gurekin,
nork-nori-norrean trabatuak, euskaltegiko kumeekin. Errespetu handiz
euskaraz egiten ziguten. Are, euskara ikasi beharrean, euskalduberri
heldugabekoak euskaraz ikastera ausartu ginen, euskarazko lehen
liburuak, apunteak… bai eta baten batek zuzenean euskal filologiara
egitera jo ere.

Idazten,
marrazten, galdetzen… lanak bildu eta fanzinea egiten genuen;
fotokopiagailua erabiltzea ez zen eskatu behar egin ere.

Ea, ea… Institutuak M-ak eta Takolo, Pirritx eta Porrotx Trintxerpeko frontoira eraman zituela zin dagizuet.

Sona
handiko politikaria izango zenak literatura irakasten zigun,
Garcilasorekin tematua; jakin gabe bere klaseetan, ipuinak idazten
genituen eta postaz (hau da, kartazala selloa eta dena) elkarri
bidaltzen genizkion. Sasi analfabetoak ginelakoan, Hesse, Tolkien, Ende
(Mikel, sé donde curras y me debes un libro), Asimov, Brecht… (boh,
bale, Vazquez Figueroa ere) ez ziren gure irakurgai bakarrak. Izan
ere…

Oraindik
egun, gure betiko herri horietako bateko institutuan liburutegirik gabe
segitzen duten bitartean, institutuan liburutegia genuen. Presaka eta
korrika iritsi behar, misterioa, nobela beltza eta komikiak (asterix,
tintin, valerian y laureline, el víbora, cimoc-eko ale bereziak)
eskuratzea ez zen batere erraza.

Institutuak
bere espazioa eskaini zion auzoari: non ikasi ez (badakizue nolakoak
diren etxe apostuluak?) eta liburutegia auzo osorako apaltasunez ireki.
Nire CV-tik inoiz kenduko ez dudan aipamena da, Bidebietako
liburutegiaren liburuzaina.

Ikasi?
Jakina. Bizitzen ikasi genuen; Unibertsitatean lanak nola egin, hori
jada Forresterrekin egiten genuen. Jendearekin nola portatu, elkarri
irakatsi genion.

Ortzimuga
gainbaloratua dagoela idatzi zuen batek lehengoan; Bidebietako
institutuko ortzimuga bakarra zen mahaietara igo eta Asuncion-eko
lehioetara begira eta agurtu; labiritinto igotzeak errazten zuen hori,
arratsaldeko unerik zirarragarriena. Etxera hiru aldiz itzulta eta
hirian txirrindaz ibiltzen ikasi bitartean.

Ez,
ez zen xamurra izan. Colowall zeharkatu behar zen: eta Isasa parkea.
Baina hil arteko iraungo duten laguntasunak eta etsaiak sortu ziren. Non
egongo dira lagun galduak? Idatzi bitartean izen eta aurpegi! Izenak
emateko lotsa gehiegi. Ondo al zaudete Fredi, Idoia, Susana, Laura,
Kontxi, Eba, Jone, Mikel, Rober, Guti, Angel, Sergio? Besteak bai, ondo
daude.

Irakasleek
egin gintuzten on. Gu txikitu nahi gintuztenek eta gu maite
gintuztenek. Ghettotik ateratzeko aukera eman ziguten, ghettoa aldatzeko
bidea eman ziguten. Merezi genuelako.

Ikusten
ditut erreportajearen haurren aurpegiak. Ikaskideen seme-alabak izan
zitezkeen. Ez dira inongo ghettokoak. Auzo langilearen alabak dira.
Onera egin duten bi auzokoenak, hain zuzen ere. 49. Matematika
Olinpiadetan brontzea irabazi zuen neskatoa nongoa zen ba? Eta sutean
kaltetuentzat 1420 kapoi bildu zituztenak?.

Itxieraren
arrazoia Trintxerpeko Karmengo Amaren euskarazko DBH berria balitz,
gaitzerdi. (Hori bere baitan itzela baita). Baina honen atzean ez ote
dagoen aurre iritzia eta urtetako utzikeria.

Lagun
on batek bota zidan bezperan. Zein izan zen nire heldutasunerako
urratsa. Amaren iritziaren aurka Bidebietako institutura joatea. Han
ikasitakoa naiz. Hori da gordetzen dudan institutua (une txarrak bera
eta nire artean geratzen dira).

David Zapirain

Artxiboak Erakusketak Liburutegiak Lugorri

Zaharrak berri

Euskal sorgortasunaren
adiera nagusiena ematen duen esaera zaharrak bizitasuna eta etengabeko
mugimendua estaltzen du. Ez soilik iraupena. Mugimendua.

Gure
amets (profesional) zaharrenetarikoa berri egin zaigu: Gipuzkoako
artxibategi orokorrean gordeta dagoen auzietako agiriak indexatzea.
Kontu zaharrak modu berrian prestatu; ikerketan lagungarria. Jada COUCI
osoa dago kontsultagai http://www.artxibogipuzkoa.gipuzkoakultura.net/funtsak.php
gunearen bitartez. Urtea amaitu baino lehen, baita besteak ere! Hobe
dugu bai, bestela ametsak betetzea komenigarria ez dela iragartzen duen
bestelako esaera zaharra aipatu beharko dugu.

Aintzinako
lekuko material ez dira soilik agiriak. Bestelakoak gordetzen dira
Aldundiko Gordailuan; eta han ere kolaboratzeko aukera izango dugu
hurrengo asteotan.

Zaharra
dugu ere Komikigunearekiko gure harremana; berria, ordea, urteotako
interes zientifikoa horren agerikoa izatea. Batetik, Kike Infame eta
Mikel Begoñak sortu erakusketa; bestetik, Jose Carlos Torresen tesia,
komikiguneko bilduma oin hartuta Egilleorri buruzkoa. Bidean, batetik
Castañeda eta Pinedaren eta bestetik Tapizen artikuluak errekuperatu
ditugu.

Honek
guztiak udazken beroa aurreratzen du Komikigunean, ohi bihurtu den
bezala. Adi egon, berriak zahar bihurtuko zaizkizue bestela.

Liburutegien
zein artxiboen gaineko formakuntzarekin segitzen dugu, erronkan berrien
aurrean zehar ez geratzeko, hala administrazio elektronikoaren arloan
nola hedapenari dagokienez.

Eta, amaitzeko, HormekDiote zaharberritu da; berriz ere. Horrela, inteneteko berkokatu dugu; honatx: http://hormekdiote.ereiten.eus/home
Eta, gainera, Pasaiako udalaren ekipamendu kultural berria
inauguratzeko zer aukeratu eta… Haatik Dantza Konpainiaren HormekDiote
lana.

Bai, zaharrak berri. Baina ez ahantzi: Dabilen harriari goroldiorik ez.

Lugorri

The Balde: agur eta ohore

89.a da azkena. Denbora pasa da gero! Pentsa, lehen alearekin Osasuna taldean Balde futbolaria aritzen zen!

Magazine
honen jaiotza gertutik ezagutzeko pribilejio izan genuen. Garai betean
“prentsa arrosa” eta txutxu-muxuak gaitzat hartu zuen Napartheid hura
ekarri dit beti gogora. Amaiera ez dugu ere oso urrundik kausitu.
Bidean, ale zoragarriak. Are, heldu ahala ikaragarri ondu dela iruditzen
zaigu.

The Balde
ez da ohiko argitalpena izan. Ez da normala izan. Ez hizkuntza
trataeragatik, ezta gaiagatik, ezta estiloagatik ere. Hori da bere
xarma. Gure bizarrokeriaz edo berezitasunean murgildu beharrean, gauza
bizarroak hartu ditu hizpide. Bizarroak, kulturetak, tendentziazkoak,
kuriositateak, modak, artea… Alegia unibertso urbanoa, unibertsala,
horri buruz euskaraz idaztea normala izan beharko luke. Horregatik
aldizkari hau a-normala zen. Kultura popularra lantzen zuelako, eta
kultura popularizatzen zuelako dramarik gabe eta modu arinean.

Askotan
The Balden irakurritakoa edo The Balden agertu datua osatzeko beharra
izan dugu. The Baldian Cards faltan izango dugu aurrerantzean. Hori da
kultura egitea. Hori bideratzen zuen. Horregatik ere, aldizkari
garrantzitsua izan da.

Gure unibertso kuriosoa murritzago baita 2017tik aurrera.

Alabaina,
The Baldek erakutsi du posiblea dela. Orain, itxierarekin, negarrak eta
hau bezalako agur melengeak hasiko dira. Negarrak baino, eredua hartu
eta itxiera ez dadila debalde izan.

David Zapirain

Bisita gidatuak Erakusketak Lugorri

Hormen artean dantzan

Haatik Dantza Konpainiak Hormek Diote ekimenaren helburuak jarraituz, Horma ezberdinetan egindako muraletan oinarritu eta bizikidetza ardatz izan duten bost sorkuntza aurkeztuko ditu. Dantza, kaleko arte bezela ere aldarrikatuz.

2015eko urte amaieratik oso izaera eta lengoaia ezberdineko hiru dantza-sortzaile elkartu ziren proiektu hau aurrera eramateko. Hauetako bakoitzak ikuspegi pertsonal batetik abiatuz gure gizarteak elkarbizitzeko dituen konplexutasun eta gabezietaz hausnartu eta konpainiako dantzarien bitartez agertzeko erronka izan du.

Guztira Pascal Gaignen musikarekin sortutako 5 koreografia labur izango dira. Horretaz gain, emanaldi bakoitzean proiektuaren beste sorkuntzen aurrerapen bat eskeiniko da ere.

Emanaldi bakoitzaren iraupena: 30 minutu.

Emanaldi eta sorkuntzak:

* Altza Ekainak 29, 19tan. “Drawing Sounds” Vitali Safronkine

* Intxaurrondo uztailak 7, 19tan. “Timeless Moments” Vitali Safronkine

* Trintxerpe, Uztailak 14, 19:30tan. “Korronteeri aurre eginez” Aiert Beobide

* Errenteria. Uztailak 24, 20tan. “70+1” Iker Arrue

* Urumea uztailak 29, 19tan. “Black Chain Link Fence” Iker Arrue

Haatik-eko dantzariak: Anne Jauregi, Irati Sorondo, Itziar Dohyarzabal, Nerea Ezenarro, Nagore Zabala, Iker Sanz, Iñigo Etxeberria eta Aiert Beobide.

Jantzi aholkularitza: Ramon Garcia

Haatikeko ekoizpen arduraduna: Iurre Aranburu


Haatik Dantza Konpainia

Bisita gidatuak Erakusketak Lugorri

Hormek Diote proiektuaren egitasmo berriak

Hormek Diote proiektua, 2015. urtean hasi zen Donostiako eta inguruko hainbat herrietako (Pasaia eta Orereta) paretetan mural erraldoi ezberdinak margotzen. Orduan, artista ezberdinak gonbidatu genituen muralak egitera (Arantxa Recio eta Jenni, Igor Rezola, Judas Arrieta, Ismael Iglesias, Hormachick kolektiboa).

Orain, proiektua bildu eta garatzen duen webgunea aurkezteaz gain (www.hormekdiote.com), Hormek Diote muralen mapa fisikoa ere erakutsi eta banatzera gatoz. Mapa honetan, muralen ibilbidea proposatu eta Donostiako auzoak eta Pasaia eta Orereta ezagutu eta bizitzeko aukera berri bat proposatzen dugu, ibilbide eta ohiko zirkuitoetatik at dagoena gainera, eta gure hiriaren ikuspegi berri bat eskaintzen diona, kanpotik datorrenari eta hiriko biztanleari ere bai.

Baina ez dugu muralak eta kale artearen inguruko hausnarketa eta ekintza paretetan soilik geratzea nahi. Horregatik, martxoaren 2an hasi eta 12ra bitarte Hormek Diotek hainbat ekimen antolatu ditu. Guztiak irekiak eta musutruk.

Martxoak 4BYG artista kolektiboak mural berri bat margotuko du. Eta kolektibo berak Kontadores grafiti taldearekin elkarlanean, Papiromancias izeneko tailerra eskainiko du.

Martxoak 5 (Tabakalera, 18:00) – Tabakalerako hormak zine pantaila bihurtuko zaizkigu Horma/Pantaila egitasmoan. Hormek Diotek, Las Chicas de Pasaik kolektiboari (Maria Elorza eta Maider Fernandez) eta Iñigo Salaberria artistei bideomural bana egiteko enkargua luzatu zien. Enkargu horren emaitza ikusiko dugu primizian, BLU grafitigilearen film laburrarekin batera.

Martxoak 5 (Tabakalera, 20:00) – Punto de Vista jaialdian berriki estreinu mundiala izan duen Keiwan Karimi zinegile iraniarraren Writing in the City filma eskainiko dugu. Keiwan Karimi egun, 6 urteko kartzela eta 223 zigorkada jasoztera kondenatua dago. Hain zuzen ere film hau egiteagatik. Filmaren ostean 223 Words filma eskainiko da. Punto de Vista jaialdiak ekoizturiko pelikula labur honetan, nazioarteko zinemagile ezberdinek, Keiwanen Karimiren egoera salatzeko, eta hari elkartasuna adierazteko zigorkadak hitz bihurtu dituzte. Emanaldian, Keiwanen kasuaren berri izango dugu, eta modu batera edo bestera, zinegilea bertan izango dugu…

Martxoak 9 (Garoa liburudenda, 19:00) – Arteak kale egiten duenean hitzaldia ospatuko da Xabier Gantzarainen eskutik. Arte aditua eta itxi berri duten Kalostra eskolako zuzendaria izandakoak, besteak beste, kale arteaz eta arteak kalean duen eraginaz hitz egingo du.

Martxoak 12 (10:00-13:00) – Judas Arrieta artistaren eskutik Planetak Dantzan tiza jolas tailerra izango da haurrentzat. Aire librean eginiko ekimen honetan, haurrek, elkarlanean, kultur aniztasun eta ezberdinatsunaren balioaren inguruko klarion murala eta jolasa egingo dute.

Hormek Diote proiektuan lanean jarraitzen dugu, aurrera begira ere proiektu eta ekimen berriak gauzatzeko… urtea luzea da…

Bloga Lugorri

Hausbero: 1813-2013 gazteentzako gida

Gaurkotasun gaia ematen du. Tiranoen eskutik lurraldea askatzeko, lurraldea txikitzea. Atzo eta gaur, inork ez du kolokan jartzen askatzaileen interesak, motiboak…

Gaiaren inguruan osatu dugun unitate didaktiko honen helburua, baina, ez zen atzoko eta gaurko gertakizunak alderatzea eta enpatia edo ulermena sortzea. Tira, hori ere bilatzen du, noski. Testuinguru bat eman prozesu historikoak ulertzen laguntzeko.

Halere, unitate hau txikizioaren ondoko egunean kokatzen da. Hauts beroetan. Zero egunaren ondokoan.

Izan ere, Donostia berreraikitzea erabaki zuten orduan.

Lehenik eta behin, borondate irmoa, irauteko gogoa, sugarraren luzapena,… ez zen erraza izango, anabasa, mina, odola, errea, etsipena, eromena,… Donostia ez eraikitzea, Donostia beste toki batera eramatea, Donostia ahaztea,… aukera asko ziren.

Era berean, eraikitzea ez zen guztiz erabaki inuxentea. Eraikitzeko ere ereduak hamaika ziren. Baina lurraren jabeek euren interesak nagusitu eta berriz ere eredu hertsia antolatu zuten. Hori ere gure historia da.

Hirigintza oso erabaki politikoa delako.

Hori ere gaurkotasun handiko gaia da. Hiriaren eredua eztabaidagai izan daitekelako.

Hortaz, hauts beroan jorratu unitate honek horretarako laguntzaile izan nahi du.

Unitateari, baina, balio anitza ere eskatu zitzaion. Horregatik, gida modukoa da ekoiztu duguna. Irakasleentzako gida, haurrek familiarekin edo lagunekin Donostia deskubritzeko gida, edo bisitan etortzen denari gure hiri modernoaren jatorria ezagutzeko gida.

David Zapirain

Bloga Lugorri

Zer egin nahi dugu dakigunarekin?

Azken
10 urteotan informazioaren antolaketa eta hedapena landu dugu.
Informazioa antolatzea zegoen gure lanaren abiapuntua, baina laster
konturatu ginen oso joera desbiazionista genuela! Orain lasaiago gaude,
edukien marketina deitzen baitzaio gure kabuz guk ere jorratu genuen
bidea. Ufa! Eskerrak Pulizziri eta Franki.

Informazioa,
datuak, edukiak, espedienteak… erabilgarritasuna, horizontaltasuna,
ezagutza barraietzea,… artxiboetako, liburutegietako, bildumetako
informazioa ezagutza bihurtu. Aisialdian erabili, kulturan, lanean,
formakuntzan…

Informazioa, esan gabe doa, garesti kotizatzen den gaia dugu. Ezin genuen imajinatu XVIII. mendeko tesi baten amaieran Echelon eta Patriot Act-i buruz hitz egingo genuenik.

Baina
behin aipatzen hasita, nazioarteko zuzenbidea egunero txikitzen den
garai honetan eta seguritatearen izenean zaintza lehenesten den honetan,
informazioaren kontrolari lotutakoak topatzeak ez gaitu harritzen.

Galdera erraza: zeinek zaintzen ditu zaintzaileak? Quis custodiet ipsos custodes? Galdetzen zuen Juvenalek. Horri erantzun zion Alan Moorek. Zorionekoak guk, kudeatzen dugun informazioaren artean komikiak ere badaude eta.

Juvenal
esan dugu, lastima Horatio ez izatea. Aitzakia perfektua baitzen CSItik
NCISera salto egiteko. Laburragoa, ordea NCIS NSAra, ta abiapuntuan
gaude. Zertarako nahi dugu informazioa? Zeinen esku uzten dugu gure
informazioa? Zer egiten dugu guk zure erakundearen informazioarekin?

Zer egin nahi dugu dakigunarekin?

David Zapirain