Tag: Koldo Mitxelena Kulturunea

Erakusketak

Kaosari eta zoriari forma

Alonso Pimentelek Amable Arias liburuan gorde zuenez, Amablek berak dio txikitatik izan zuela pintatzeko beharra, eta honela, erabaki zuen inoiz ez zizkiotela gehien maite zituen bi gauzak kenduko, haiengatik borrokatuko zela: idazteagatik eta pintatzeagatik.

Eta horretan eman zuen bere bizitza osoa Amable Ariasek, sortzeari utzi gabe, hitzaren zentzurik zabalenean baitzen sortzaile. Inguruko guztiaz elikatzen zen, inkontzientearen galbahetik pasa eta munduari bueltatzen zion, gizaki guztiona den mundu honi, bere ikuspegi berezia gehitzen ziolarik.

Artelan hauekin, Amablek, bere barne mundura daramaten ateak irekitzen dizkigu, izaki goxo eta bitxiez josita dagoen kaosean sakontzera gonbidatzen gaitu. Bere izaeraren adierazgarri, satirismoz betetako esperientzia lazgarriak erakusten dizkigu. Bere burua hustutzen du, gu errealitatez betetzeko.

Erakusketa hau zeharkatzea artista-egunkari bat ikustea bezala izango da. Bertan, Ariasen bizitzako gertakari pisutsuenak asmatu daitezke, teknika ezberdinen bitartez; collage-a, urreak, paper txinatarrak, tintak, tinta erdoilduak, pastelak, akuarelak eta marrazkiak. Azken hauetan, tupamaroak nabarmenduko ditugu. Ezohiko euskarrietan garatutako lanak dira hauek, 400 liburu baina gehiagoren marjinak izaki txikiz hornituta ageri zaizkigu.

Amable Ariasen lanaren alderik ezezagunena ere ikusgai dugu erakusketa honetan, bere poemak; bortizkeriaz eta indarrez beteriko lanak dira hauek, orokorrean gauez idatzitakoak, paregabeak.

Kaseteetan grabatutako bi lan daude entzungai; Espacios sonoros eta Poemas fonéticos; hauen bitartez, Amable Arias eta Maru Rizo bere bikotearen joko poetikoen mundu onirikoa arakatu ahal izango dugu.

Laura Míguez eta Arrate Rodríguez

Artxiboak

Hondotik ondora: itsas ondarearen jardunaldiak Pasaian

Itsas ondareari buruzko “Hondotik ondora” jardunaldien barruan, martxoaren 14an Pasai San Pedroko Udal Aretoan eta apirilaren 15ean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean ospatutakoek gai bera izan zuten hizpide: XVI. mendean zehar, euskaldunek burutu zuten Kanadan arrantza jarduera, hain zuzen ere. Hitzaldi hauen bitartez, Cambridgeko Unibertsitateko Geografian doktore eta Kanadako Gobernuaren aholkulari zientifiko-historiko den Michael Barkhamek, euskaldunek Kanadan eta Ternuan izan zuten arrantza jarduerari buruzko lerro nagusiak jorratu zituen, XVI. mendeko bigarren erdian arreta jarriz.

Ikerketa eta analisi ugari jaso dituen gaia da, zalantzarik gabe; askotan bale-ehizaren ikusgarritasun edo epikaren ildotik jorratutakoa. Barkham doktoreak, baina, berezko joera duen edo idilikoa gerta daitekeen jarduera batetik haratago dagoen ekimena dela ohartarazi zigun.

Era berean, hizlariak abentura hori euskal arrantzuen garapena kontutan hartu gabe ezin dugula ulertu agerian utzi zuen. Hauek Erdi Aroan zehar garatu eta hainbat esparrutan banatu ziren, bajurakoa, Kantauri aldekoa eta alturakoa edo Irlanda-Ingalaterra Hegoaldean sustatutakoa bereiz ditzakegularik. Halaber, hizlariak Kanadara joan ziren lehenengo bidaien nondik-norakoa azpimarratzeko aukera izan zuen. Hauek 1497an Giovanni Cabottok Indiak aurkitzeko saiakeran izan zuten hasiera, eta ondorengo urteetan portugaldar, normandiar eta bretoiak izan ziren espedizio horien bultzatzaileak. Hauen saiakerak ez ziren bale-ehizara bideratu, bakailao arrantzara baizik.

Euskaldunen lehenengo bidaiak 1515ean dokumentatuak baditugu ere, esparru kanadiar horren benetako ustiaketaren antolakuntza eta hedakuntza ez zen XVI. mendeko bigarren erdialdera arte eman, Gaztelako eta Frantziako koroen arteko gerrak edo testuinguru belikoak beherantz egin ahala. Ordutik, eta 25-30 urtez, abenturaren gorenaldia eman zen.

Ekintza hau ez da arriskuetatik at geratuko: bidaian edota egonaldietan sortutako eguraldi txarrak, bale-ehizaren arriskuak edo itzulerako bidaian pairatutako pirata edo kortsario erasoak, besteak beste, sahiestu beharreko elementuak izango dira. Pertsona asko zendu ziren, bai bidaia egiterakoan, baita Ternua eta Kanadako egonaldietan ere. Hala frogatzen dute bertan topatu diren ehun eta berrogeita hamar hezurdurek, edota Orio bezalako herrietako marinelek han, beraien etxeetatik milaka kilometrora, egin zituzten testamentuek. Eskritura hauek, gainera, Kanadako lehen ondare dokumentala osatzen dute. Egoera hau ikusita, ez da harritzekoa hainbat eta hainbat hondoratze jazo zirela jakitea. Batzuk dokumentatuak ditugu. Beste batzuk, aldiz, arkeologiari esker jakinak dira; hor ditugu, adibidez, Red Bay-ko indusketetan topatutako 5 pezioak.

Unibertso hau guztiaren benetako berreskuratzea 70eko hamarkadaren hasieran eman zen, Selma Huxleyren eskutik. Paradoxikoa bada ere, bere interesak ez zuen instituzioen oihartzuna jaso: Kanadako erakundeei egindako beka eskaerak ezezko borobila jaso zuen, sakontasunean ikertuta zegoen gaia zelaren argudiopean. Eragozpen honek ez zuen historialariaren nahia atzera bota, ordutik euskaldunen jarduerari buruzko milaka datu argitaratzera lortu baitu. Hori dela eta, hainbat erakunderen esker ona jaso du; batzuk Kanadakoak, beste batzuk bizkaitarrak.

Finean, Barkham doktorearen hitzaldiak, ikus-entzunezko hainbat material lagun izanik, gure iraganaren arlo oso interesgarri batekin harremanetan jarri gintuen eta hau ulertzeko aukera eman zigun. Itsasoarekin lotutako gaia eta Atlantikoaren bestaldean aztarna nabarmenak utzi dituena.

Iago Irixoa

Erakusketak

Fiona Tan, Point of departure

Nor da Tan? Neska al da? Nongoa da?

Erakusketa honetako hainbat bisitariek egiten dituzten ohiko galderak dira, eta beraiek jakin gabe, urteetan zehar artistak berak bere buruari egindako galderak burutzen ari dira… Nortasunaren inguruko galderak , bere nortasunaren ingurukoak.

May You Life In Interesting Times (1997) lanean Tan bisitariekin bere familiarekin edukitako une intimoak partekatzen ditu, bere haurtzaroko uneak, etxeko bideoetan jasotakoak. Erantzunak aurkitzeko asmoarekin jo du grabazio hauetara, norbere nortasunaren inguruko erantzunak. Lurreko puntu ezberdinetan banatuta dauden bere familia zabaleko kideei elkarrizketak eginik, ez dela ez ekialdeko ez mendebaldekoa sentitzen baieztatzen digu, baizik eta bi gauzak batera eta une berdinean.

Zerk ematen digu nortasuna? Agian familiak, edo hazten gareneko tradizioak, edo izan daiteke bizi gareneko inguruak ematen digula nortasun hori?

Fiona Tanek filmotekatan aurkitzen dituen artxibo eta dokumentuetara jotzen du eta berak egindako grabazioekin elkartzen ditu, bideo-instalazio bat sortuz; proposatzen digun bidaia horren parte bezala zeharkatzen dugun instalazioa. Nork begiratzen du? Nor da begiratua?

Begirada freskatzen dituen irudien artista bezala deskribatua izan da. Kanal bakarreko Seven (2011) instalazioan, 7 orduko iraupenekoa, Fiona Tanek behatzearen ekintzari ematen dion garrantzia sumatzen da, xehetasun txiki bakoitza zainduz. Grabatutako zazpi pertsonen portaerarekin jolasten du, berak deituriko “une fotografikoetan”. Kamera baten aurrean argazki batean erretratatzeko moduan posatzen daudela dirudi, eta ideia hau indartua ikusten da irudiaren egiturarekin.

Lapse of Memory (2007) bideoarekin batera, West Pier-eko argazkiak, Inperio Britainiarraren iragan kolonialaren oroimen dira. Oroimenaren, denboraren eta historiaren azterketa bat, etengabea Tan-en lanen, ikuspen filosofiko batetik orientalismoa gogorarazten diguna.

“Bidaiaren eguneroko” hau, Fiona Tanek erakusketa hau izendatzen duen bezala, bere lan artistikoaren azken 14 urteetan zehar egindako ibilbide bat da. Non, oroimena, denbora eta historiaren azterketa hau eta hauen irudikapena konstante bat diren. Jatorriaren bilaketa bidai infinitu batean bilakatzen da iraganetik orainera eta etengabean errepikatzen dena.

Amaia Pérez eta Laura Míguez

Erakusketak

Elena Asins

Sinplea, eta aurretik pentsatutako sinpletasun geometriko horretan konplexutasuna ezkutatzen da, Asinsen lanaren eta izaeraren isla.

Kontzeptuala. Bere hastapen artistikoetatik planteatzen dituen gaien inguruan sortutako ideien bilgarri diren obrak. Dolmenen errebisioa, kasu honetan bideo formatuan; momentuan, artista, medio honetan lanean aurkitzen da erosoen; piezen osagarri bezala, Gorka Aldak, kontu handiz, soinu elektroakustikoz eratutako musika zorrotz eta indartsua, zeinak, menhirraren mozketa, hutsaren erauzketa ikustea errazten digun.

Musikalitatea, Aldak konposatutako soinu multzoa bideoetan islatzen da, baina soinu banda hau erakusketako ibilbide osoan antzematen da, bereziki menhirren instalazioan, piano teklatua bailitzan tartekatzen baitira zuriak eta beltzak, Asinsen kasuan menhirrak eta hutsak.

Iluntasuna, ia ilunpetan egin beharreko ibilbidea, kobazulo garaikide baten moduan; artistak, oso era neurtuan zabaltzen digu ideia edota erreflexio batera iristeko bidea. Iluntasun honek berak akromatismora garamatza, Elena Asinsen obraren ezaugarri iraunkorra, “Zulo Beltza” deituriko instalazioan aparteko zentzua hartzen duena. Argilunaren muga psikologikoa zeharkatzea da Asinsek proposatzen digun erronka, hutsa sentitzea, ezereza.

<<…nire obra bi atalek osatzen dute: hemen agertzen dena, eta idatzi ez dudan guztia. Bigarren hau da, hain zuzen ere, atalik inportanteena…>> Ludwig Wittgensteinen aipu hau Elena Asinsek bere egiten du erakusketa honetan. Ikuslea bera da erakusketa honetako ibilbide-prozesioa osatzen duena. Gure barnea arakatzera bultzatzen gaitu, gure beldurrak, sinismenak, denbora-unibertso honetan daukagun kokapena, ezerez erraldoi honi, hutsuneari buruz daukagun iritzia.

Arrate Rodriguez Martin eta Laura Míguez Ricón

Erakusketak

Leizeak. Irudiaren labirintoak

Badira 2 hilabete Koldo Mitxelenako Erakustaretoa irudi kontzeptuaren bueltan dabilela bere Leizeak. Irudiaren labirintoak erakusketan, baina haratago, irudiaren presentziak egungo gizartean duen garrantziaren arrastoa nabarmena da.

Hiri berri batera iritsitakoan, gaur egun, gehienetan, ikusi beharrekoa zer den argi izaten dugu. Badaude aurrekariak, informatu gara, lonely planet hartu dugu liburutegian, harro gaude gure jakintzaz, gure lagunen argazkiak ikusi izanaz… Eta bertaratutakoan badakigu, nolako dorrea, edo gaztelua, edo eliza, edo udaletxea ikusiko dugun kalearen bueltan. Askotan, nahikoa zaigu bi dimentsiotan ezagutzen ditugunak errealitatean ikustea, lasaitasuna ematen digu. Bertan daude, guk ezagututakoak, ez geunden oker, ez dira tokiz mugitu. Hiria ezagutzen dugu. Asetu gara. Hortik aurrerakoak plazerra eragin dezaketen gehigarriak baino ez dira, zera osagarriak.

Oso bizitza ilustratua daramagu, tiramisua edo maionesa edo baratza nola egin ez dakigunean youtube-ko bideoak ikusten ditugu, errezeta edo landare liburuak kontsultatu. Gure jakintza zabalduz doa, modu batean edo bestean, baina agian irudimenari uzten diogun tartea txikiagoa da.

Hirurogeigarren hamarkadatik hona, arteari dagokionez, lan egiteko modua aldatu da, irudi komertzialak irudi artistikoekin nahastu dira, eta bertatik jaiotako hibridoak gaur egun arte lagun izan ditugu. Aipatzekoa Bigas Luna zine zuzendariak koipearen kontrako garbigarri ezagun batentzako egindako iragarki polemikoa, esate baterako. Dohainikako telebistan gaur egun egindako sarraldi ausartenetako bat izan dela esango nuke. Pornoa, erotismoa, telenobela, zinea eta produktua bera uztartu ditu airoski. Azken finean, garbigarri ezagun baten erosle profilari dagozkion nahiak eta gogoa azaleratu ditu, hauek ezkutuan mantentzen baldin badira ere, laburmetrai forman. Ikusleak, hortaz, bete du bere papera, obra iritsi zaio, eta kode ezberdinen bitartez ulertu ahal izan du, ekintza honetaz kontziente izan ez bada ere. Bakoitzaren kriterioaren arabera, egunerokotasunean, pieza-iragarki-laburmetrai hori maitatua, gorrotatua edo axolagabetzat hartua izango da.

Froga