Tag: <span>Lazkao</span>

Artxiboak

Herriko dantzen araudia Lazkaon

Folklorea dugu giza-komunitate baten nortasun zantzua. Gizarteak eraldatu ahala, iraganeko ohiturak errekuperatu, gureganatu eta errepikatu egiten dugu. Oso gutxitan, baina, ohituren esanahia aztertzen dugu eta, ia inoiz, ez ditugu usadio horiek modu historikoan pentsatzen. Hau da, betikotasunaren ikuspuntutik hartu eta errepikatu egiten ditugu. Beti izan da horrela, eta beti hala izaten jarraitzeko errepikatu egiten ditugu.

Alabaina, betikotu dugun ohitura askok jaiotze data dute; eta, era berean, beste ohitura batzuk estali egin dituzte.

Udal akta hauetan, hemezortzigarren mendearen erdiko aktetan, gizartea osatzen zutenen arteko harremanak nolakoak ziren, nola aldatu zuten eta aldaketa horiek zeinek bultzatu zituen dago jasota.

Izan ere, bertan herriko dantzak arautzen dira. Alegia, neska eta mutil gazteak moral estu batean sartzeko agindua ematen da, dantzatzeko modua, aisialdiaren denbora eta haien arteko erlazioak murriztuz eta zigortuz.

Danbolina eta doinu zehatzak debekatuz, elkarrekin nonahi musika jo eta dantza egitea jazarriz, zapi-dantzen bidez gorputzak eta ukimena banatuz… Fosilizatu ditugun ohiturak ez ziren ohitura bakarrak, ez ziren ere ohitura nagusiak beste garaietan.

Morala eta ohituren kontrola, moral eta ohitura hertsiak inposatzea, garai hartan inposatzen ari zen liberalismoari aurre egiteko modutzat har ditzakegu gainera.

Bestalde, testuak kultura popularrari lotutako hiztegia ere jasotzen du, debekatzean. Horra hor, esate baterako, danbolina eta albokarekin batera, Aimariak (ama birjinaren bezperako jaiak, dantzak eta suak), tapatan eta unzurraketan dantza erritmoak edo doberajotzaileak (tobera-munstra izenarekin Euskal Herri kontinentalean, herri portaera ez egokiak salatzeko herri antzerkia bezala ezaguna, bertsolaritzarekin edo xaribariekin lotuta beraz).

Irudia: Lazkaoko Udal Artxiboa.
Dokumentu osoa ikusteko esteka: https://lazkao.artxiboa.eus/node/3838

Artxiboak

Jaiak antolatzeak duen lana

Urtero Udalak herriko jaiak antolatzen ditu emozio handiz. Eta helburu gisa aurrekoak baino alaiagoak izan daitezen hurrengoak eta inguruko jendea herrira gerturatu dadin. Eta hala izan ohi da aspalditik. Adibidez,1913 urteko San Prudentzio jaietako ospakizunetarako Udalak Ordiziako musika banda ekarri nahi izan zuen, Baina “por razones ajenas a su voluntad” ezin omen zuten etorri.

Gainera, txirrindan egiteko zinta lasterketa, aurresku dantzaldia,… Baina denetan ikusgarriena: garaiko pilotaririk famatuenetako bat kontratatu zuen: Zapaterito de Lequeitio.

Izenez Valentín Castellanos zen. Bere aita zapataria izanik hortik bere ezizena. 1907 eta 1925 bitartean euskal pilotarien artean ezagunenetakoa izan zen. Asko dira bere partiduen inguruan bilatu ditzakegun datuak.

Eta Lazkaoko Udalak ere kontratatu zuen, noski. Honela dio Udalbatzaren erabakiak: “ Acto seguido el Señor Presidente manifiesta que al pelotari Zapaterito después de haber cruzado algunas cartas con este, le prometió setenta pesetas, caso de que hiciera buen tiempo; que en caso contrario y no pudiendo jugarse el partido, únicamente se le abonarían los gastos del viaje y manutención”. Beste datu batekin alderatuta argiago ikusiko dugu Udalaren saiakera: jaiak antolatzeko urte horretan guztira 485 pezeta aurreikusi ziren.

Hala eta guztiz ere, jaien ondoren ospatutako Osoko Bilkuran alkatea ez dago gustura jasotako emaitzekin eta honakoa dio: “El Señor Alcalde expone que ve con sentimiento lo poco correspondidos que se ven los esfuerzos que ha hecho el Ayuntamiento para atraer gente y con ello aumentar los ingresos”.

*Indalecio Ojangurenek Zapateritori ateratako argazkia Gipuzkoako Artxibo Orokorrean gordeta dago.
*Dokumentuaren irudia: Lazkaoko Udal Artxiboa

Artxiboak

Zein da Lazkaoko Udalbatzaren lehen erabakia?

Jakin badakigu Lazkaoko herria 1743 urtea baino lehenagokoa dela. Artxibo Orokorrean ordea urte honetakoa da Udalbatzaren bilkuren akta libururik zaharrena. Beraz, hau lehenengo erabakia ez den arren, dugun lehenengoa bai. Eta ez da edonolako erabakia. Garai hartako egoera gogorrenetako bati egiten dio aurre Udalak.

Urte horretan, otsailean, Domingo Iztueta eta Josefa Sarasola senar-emazteak zendu ziren. Hauen heriotzaren arrazoien inguruan pistarik ez da ematen. Auskalo.

Senar-emazteek baina 9 seme-alaba zituzten. Denak adingabeak (“…de tierna edad…”) eta gazteentak 12 egun. Honela dio udalbatzak: “… considerando dichos señores constituientes la estrema necesidad y falta de medios con que los huérfanos han quedado por falta de sus padres y en particular el recien nacido…”. Bilkuran erabakitzen da haur jaioberria elikatzeko inude bat bilatzea. Inude honi udalak hilabetero 20 erreal ordainduko dizkio eta alkatea arduratuko da inudea zenbat denboraz arituko den erabakitzen.

Baina Domingok eta Josefak zituzten beste 8 seme-alaben inguruko egoera eta arduraz ez da ezer aipatzen. Zer gertatu ote zen haiekin? Akta liburuetan ez da beste daturik aurkitu. Espedienteen artean ikertu beharko dugu eta egunen batean hauen inguruko ezer irakurtzen badugu beste berri baten protagonista bihurtuko ditugu.

*Irudia: Lazkaoko Udal Artxiboa

Artxiboak

Lazkaoko udal kontuak XIX. mende amaieran

1882ko otsailaren 21 egun mugitua izan zen Lazkaoko udaletxean. Egun hartan Osoko Bilkura bat ospatu zen. Hau da, herriko alkate eta zinegotziak herriaren eta bere kudeaketaren inguruko erabakiak hartzeko bildu ziren. Garai hartan ia astero elkartzen ziren eta ondorioz, gehienetan bilerak motzak eta landu beharreko gai gutxikoak izaten ziren. Egun hartarako ordea gai oso bereziak gorde ziren.

Batetik, Udalak enkantean ateratzen zituen urtero bai udal arielak jasotzeko eskubidea eta baita udaletxea eta bere baratza alokatzekoak ere. Baina hori baldintza batzuen gainean egin behar zen. Baldintza horiek Osokoak onartu behar zituen, bertan zehazten baitzen enkanterako erabiliko zen formula eta baita onartuko ziren prezioak ere. Hau oso ohikoa bazen ere, Lazkaokoak bazuen berezitasun bat: harategia ere udaletxean bertan zegoen eta hori ere alokairuan ematen zen. Ondorioz, harategia kudeatzeko baldintzak ere erantsi dira bertan. Hauek, benetan kuriosoak, beste berri batean aztertuko ditugu akaso.

Gaurkoan, ordea, egun hartan landutako beste gai bati helduko diogu. Udalak bere aurrekontua ere onartu baitzuen. 1901 urtera arte, erakunde guztien aurrekontuek ez zuten urte naturalarekin bat egiten, baizik eta urte bateko uztaila eta hurrengoko ekainaren bitartean ulertutako ekitaldi ekonomikoak gauzatzen ziren. Hau, legeak aginduta, noski. Honela, 1882 urteko otsailaren 21ean, 1882ko uztaila eta 1883ko ekaina bitarteko ekitaldi ekonomikoaren aurrekontua onartu zen.

Bitxiak dira benetan garai hartan Udalak aurreikusten zituen gastu eta diru-sarrerak (pezetatan denak):

Gastuak
Hezkuntza publikoa 2227,50
Idazkaria 750
Diruzaina 133
Udaltzaina 100
Alondegizaina 25
Agiri ofiziala 31
Gaceta agrícola 30
Consultor del Ayuntamiento 40
Idazkariaren bulegoko materiala 191,50
Soldadutza deialdiak 250
Ogasuna 752
Ongintza 730
Obrak 250
Hauteskundeak 80
Herri-bideak 100
Bapatekoak 270
Guztira gastuak 5960

Diru-sarrerak
Udaletxea eta bere baratzaren alokairua 700
Eskolako etxeko alokairua 47
Ardoaren arielagatik 3000
Goiko zubiko tabernaren zergagatik 300
Beheko zubiko tabernaren zergagatik 200
Izen-emateen interesen ondorioz jasotzekoak 150
Medikuaren garia saltzeagatik 160
Pattarra eta beste likoreen arielagatik 875
Guztira diru sarrerak 5432

Gastuen eta diru-sarreren arteko desberdintasuna kalkulatzen badugu Udalaren aurka 528 pezetako defizita geratzen zen. Baina Udalak ez zuen bere diru-sarreren bidez egoera orekatzen. Gastu guztiei aurre egiteko herritar guztien artean diru kopuru hau biltzea erabaki zuen: banaketa egin zuen.

Erabaki hau ordea behin-behinekoa zen. Guztiz onartua izateko herritarren artean aurkeztu behar zen eta ondoren, alegazioen arabera, onartu edo atzera bota. Erabaki honen inguruan hurrengo egunetan eztabaida egon zen arren, behin-betiko onarpena jaso zuten.

*Irudiak: Lazkaoko Udal Artxiboa

Artxiboak

Lazkaomendiko landa eskola

XX. mendearen lehen erdira arte esan daiteke ia inor ez zela herri txiki edota herrixketako eskola eta bertako ume edo gazteen hezkuntzaz arduratu. Oso gutxi ziren ume eskolaratuak, eta hauetako asko sasoi zehatz batzuetan besterik ez ziren joaten, baserrietan lan egitera behartuta baitzeuden. Herrietan bizi zirenek eskola gertuago izatearen abantaila izan ohi zuten, baina mendialdean bizi zirenek eskolarik ere ez zuten gertu. Eskolaratze ezak Lazkaon bertan, beste udalerrietan bezala, analfabetismo maila altua zekarren eskutik. Datuek erakusten duten moduan, Lazkaon 1380 biztanletik 650 inguru ziren analfabetoak, biztanleriaren %47,10 alegia.

Mende hasieratik, erakunde publikoen aldetik auzo edo herrixka urrunenetan ere eskolak sortzeko ahaleginak egiten hasi ziren. Ezin da aipatu gabe utzi XIX amaiera aldera eskola mota hauetako batzuk existitzen zirela euskal lurraldean, baina hauek ez ziren erakunde publikoen bultzadaz ateratakoak. XX. mendera itxaron beharko da erakunde publikoek babestutako landa eskolak agertzen joateko, ekimen partikularrekin batera.

Gauzak honela, 1930ko abenduaren 12an Gipuzkoako Aldundiak landa eskolen eraikuntzarako proiektua aurkeztu zuen, non Aldundia izango zen eskolen eraikuntzan parte hartu eta diruz lagunduko zituen erakunde nagusia. 

Ekimen honen ondorioa izan zen Lazkaomendiko landa eskolaren sorkuntza. Lazkaoko udal akten arabera, 1931ko uztailaren 29ko ohiko bilkuran hartu zen Lazkaomendin landa eskola misto bat jartzeko erabakia, mutil eta neskek ikasgai eta zerbitzu berdinak jasotzen zituzten eskola mota alegia. 1933ko otsailaren 23ko ezohiko bilkuran landa eskola eraikitzeko proiektu eta aurrekontua onartu ziren. Jakin badakigu eskolaren eraikuntza kostua 41.001,28 pezetakoa izan zela. 

Zazpi hilabete beranduago egin zen eraikitze lanen esleipena, 1933ko irailaren 6ko ohiko bilkurako aktak adierazten duenaren arabera. Landa eskola eraikitzeko lanak Telesforo Zabaletari esleitu zitzaizkion.

Eskola martxan jarri zen egunaren aipamen zehatzik ez dagoen arren, pentsa daiteke urte bat beranduago eskola gutxienez bazegoela, 1934eko irailaren 23ko ohiko bilkuran Agueda Lasa Iztuetari eskola eta auzoa garbitzeko agindua eman baitzitzaion. Hala ere, ziur egon gaitezke urte amaiaera arte ez zela klaserik egon, 1934eko urriaren 21eko ohiko bilkuran aipatzen baita eraikuntzarako argiteriaren instalazioa, eta 1934ko abenduaren 2ko ohiko bilkuran hartu baitzen eskolako aurrekontua bideratzeko akordioa.

Xabier Etxeberria

Lazkaomendiko landa eskola izandakoaren eraikina. Iturria: GARMENDIA LARRAÑAGA, J. , MURUA CARTÓN, H., ZABALETA IMAZ, I. (2016): “De la oscuridad de las aulas de los caseríos a las exclusivas y peculiares escuelas rurales de la Diputación de Gipuzkoa (1931-1936)”, Espacios y patrimonio histórico-educativo, 391-417. 

Bibliografia:

  • GARMENDIA LARRAÑAGA, J. , MURUA CARTÓN, H., ZABALETA IMAZ, I. (2016): “De la oscuridad de las aulas de los caseríos a las exclusivas y peculiares escuelas rurales de la Diputación de Gipuzkoa (1931-1936)”, Espacios y patrimonio histórico-educativo, 391-417.