Tag: <span>Abaltzizketa</span>

Artxiboak

Abaltzizketan “En castellano y vascuence”

Urte gehiegi daramatzagu udalen kontestuen barruan euskararen erabileraren eztabaida luzean. Azken urteetan eztabaida hori amaituta zegoela uste bagenuen ere, beti dago zerbait berriro bizten duena.

Sobera jakina da historian zehar udal dokumentazioaren gehiengoa gaztelaniaz aurkitzen dela eta udal osoko bilkuretako aktak ez dira salbuespena. Hala ere, gure udaletxeetan euskararen erabilera etengabekoa izan denaren aztarnak ikus ditzakegu ofizialki erderaz idatzita dauden dokumentuetan.

Abaltzisketaren kasuan, enkanteetan baldintzak euskaraz eta gaztelaniaz irakurtzen ziren.  Osoko bilkurako aktei esker, 1898. urtean zehar idazkariak enkanteari hasiera emateko baldintzak bi hizkuntzetan irakurtzen zituela ikus dezakegu[1].

Abaltzisketako Udal Artxiboa. Signatura: 0006-2_151

… y pliego de condiciones adjunto / el cual ha sido leido por mi, el secretarío, en / voz clara, pública e inteligible en castellano y vascuence..

Irudian agertzen den dokumentuaren kasuan ardoaren arbitrioaren enkanteari buruzko osoko bilkurako akta da. Udalak erremate edo enkantearen bidez ardoaren arbitrioa, hau da, ardoaren salmentaren gaineko udal zerga, alokatzen zuen denbora jakin batez eskaintza onena egiten zion herritarrari. Honi esker udalak diru-sarrera finkoak eta likidezia lortzen zuen. Hori dela eta, Udalaren helburua enkantean ahalik eta pertsona gehienek parte hartzea zen, eskaintza altua lortu ahal izateko.

Funtsean, egun oraindik leku askotan argi geratzen ez bada ere, XIX. mende bukaeran jada konturatuta zeuden herritarren parte hartzea zuten udal prozeduretan beharrezkoa zela nahitaezean hizkuntza bien erabilera.


[1]  Abaltzisketako Udal artxiboa  https://abaltzisketa.artxiboa.eus/node/79577 https://abaltzisketa.artxiboa.eus/node/79572

https://abaltzisketa.artxiboa.eus/node/79573

https://abaltzisketa.artxiboa.eus/node/79576

https://abaltzisketa.artxiboa.eus/node/79578

https://abaltzisketa.artxiboa.eus/node/79641

Artxiboak

Kultu eta elizgizonen kontribuzioari Abaltzisketak ez

“Marca la x a favor de la Iglesia” entzutean askori belarri batetik sartu eta bestetik irtetzeen zaigu baina XIX. mendean kontuak beste garrantzi bat zuen.  Elizari ordaindu beharreko tributua kristau onen eginbeharretako bat zen, baina, ez hori bakarrik, zer eta nola ordainduk ere eztabaidak sortzen baitzituen.

1869 urtean Hondarribian ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiak hamarrena kendu eta kultu eta elizgizonen kontribuzioa (Contribución de Culto y Clero) martxan jartzeko erabakia hartu zuen. Aldaketa honen helburua orain arte herri bakoitzak bere modura biltzen zuen zerga bati uniformetasuna ematea zen. Horrez gain, parrokoen soldata erregulatu eta abadeen kopurua herriaren biztanleriara egokitu zen. Estatu mailan hamarrenaren kentzeko akordioa 1837 urtean hartu zen baina gerra karlistak zirela eta ez zen martxan jarri 1841 urte arte.[1]  Beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusiak ez zuen ezer berririk asmatu. Egun, aldaketa hauek arrazoizkoak iruditu arren, leku askotan 1869an iritzia bestelakoa izan zen.

Horietako herri bat Abaltzisketa izan zen. Udalak 1869ko abuztuaren 20ko Osoko Bilkuran Gipuzkoako Batzar Nagusiak hartutako erabakia mahi gainean jarri zuen eta Udalaren akordioa aho batez dena segoen bezala ustea izan zen.

Abaltzisketako Udal Artxiboa. Signatura: 0003-9_021

Egun batzuk beranduago Aldundiari gutun bat bidaltzea onartu zen gaiari buruzko iritzia azaltzeko asmoz. Laburbilduz, Udalbatzaren iritziz, Eliza kontuetan gobernu zibilak ez zuen zeresanik. Hortaz, Gotzainak agindua eman arte hauek lehen bezalaxe jarraituko zuten ordaintzen. Jakina, Gasteizeko Gotzaina Batzar Nagusiak martxan jarritako kultu eta elizgizonen kontribuzioa ez zuen gogoko. 

Abaltzisketako Udalak erabakia tinko hartuta, ez zuen kultu eta elizgizonen kontribuzioa martxan jartzeko asmorik. Hori dela eta, Aldundiak instantzia eta oharrak bidali zizkion hainbat hilabetez. 1869ko Irailean José Manuel Olascoaga Diputatu Nagusiaren gutuna ere jaso zuten, desobedientzia jarraituz gero neurriak hartu beharko zituela abisatuz, baina Udalaren erantzuna beti berdina zen: ezekoa.

Eztabaida hau 1870ko maiatzaren 7an ebatzi zen, izan ere,  lehen auzialdiko epaileak Udalak bertan behera utzi zuen. Honen ondorioz, Abaltzisketan behin behineko Udala osatu behar izan zen eta, nola ez, gobernu honek hartu zuen lehen erabakia kultu eta elizgizonen aurrekontuen onarpena izan zen.  


[1] http://www.gipuzkoamuseobirtuala.net/teselas90eb.html?id_teselas=210

Artxiboak

Emakumeak artxibo historikoetan

Emakumearen eguna dela eta artxibozainen artean jarduera txiki bat sustatu dugu. Gure artxiboetan zein dokumentazio dugu esanguratsua eta historikoa (50 urte baino gehiagokoa) emakume bat protagonista duena. Abiapuntua tipikoa, edozein ikerketa historiko egiteko erabiltzen dena. Hipotesia ere: dokumentazio historikoan azalduko zaigu alarguna bezala, ezkonkide bezala,… beti bigarren mailako paperak egiten. Emaitza, polita.

3 arlo bereiztu ditugu:

Denbora librea

Arlo honetarako, nola ez, Eibarko Klub Deportiboaren funtsa aukeratu dugu. Elkarte honek azken ehun urteetan itzelezko presentzia izan du Eibarren orohar. Bai kiroletan, eta baita denbora librea eta gizartean bertan ere. Tarteka, Kezka izeneko aldizkaria argitaratzen du elkarteak. Bertan, bazkideek beren kirol frogen inguruko berri ematen dute. 1967 urteko apirileko alean baina hara non kirolaz gain ere beste gai interesgarri bat lantzen den. Emakume batek gainera! “Clima del club” izenburua duen artikulua sinatzen du Amaya Aseguinolazak. Bertan, emakumearen papera klubean eta bere tabernan ausnartzen duelarik: “…las chicas que formamos parte del club, podríamos cambiar el ambiente que ahora reina en nuestra querida sociedad…”.

Eibarko Klub Deportiboaren Artxiboa, signatura: CDE0651

Editorialak berak ere jasotzen du honen inguruko hausnarketa. Hitzak gaur egun bizi dugun momenturako oso aproposak ez diren arren, kontestuan jarrita izugarrizko pisua dutela eta garaian eztabaida sortuko zutela garbi dago: “… Ahora que la mujer ha invadido la Sociedad, ocupando puestos y desempeñando cargos que antaño eran de exclusividad masculina, no es de extrañar que haya puesto sus ojos en nuestro Club Deportivo…”.

Morala

Emakumea beti galtzaile atera da arlo honetan. Bere ardura izan da betidanik (eta gehiegitan baita oraindik ere) zuzentasunaren eta “garbitasunaren” eredu izatea. Emakumeek moraltasuna inposatua zuten jaiotzen ziren momentutik eta horren baldintzapean jardun behar ziren beti. Zarautzeko udal artxiboan 1948 urteko agiri bat aurkitu dugu. Bertan erabakitzen da Isabel zentzategian sartu behar dela: “…la gravedad de su conducta moral, que produce el natural escándalo en la población, aparte del mal ejemplo… entre la juventud…”.

Zarauzko Udal Artxiboa, signatura: 113-17

Zeren, emakumearen ardura zen moralaren aginduak beteaz jokatzea eta bizitzea. Baina baita honen adibide eman eta hezitzea ere. Horregatik, emakumeak izan ohi ziren, besteak beste:

Irakaslea: Villabonan 1793 urtean, María Micaela Atxukarrok eskatu zuen haurren irakasle izateko lana. Udalbatzak eskaera akta liburuan kopiatu eta ardura berari ematen dio. Honela dio: “…suplica se le conceda la enseñanza de niñas y muchachas de esta villa, en leer, escribir, coser, planchar y otras habilidades correspondientes a una mujer…”.

Villabonako Udal Artxiboa, signatura: 0005CF

Serora: eliza eta baselizetako zaindariak, noski ohikoenak, emakumeak. Orendainek 1884 urtean Josefa Antonia Zubillaga izendatu zuen San Sebastian baselizako serora. Bere funtzioen artean soldata eliza garbia mantentzea, santuaren irudiaren aurrean argia jartzea gabetan eta apaizak meza emango duenetan… horiek ohikoak, baina harritu gaituen beste bat: “…de retejar el tejado cuando convenga…”. Langileak deitu eta ordaintzea esan nahiko dute? Ez du zehazten.

Orendaingo Udal artxiboa, signatura: 003-40

Ogibideak

Gorago aipatu ditugu bi, serora eta irakaslea, baina bazeuden emakumeentzako beste ohiko lan batzuek ere: tabernariak, ileapaindegiak, jostunak… beranduxeago baita bulegoetako administrariak ere. 1910 urtean Ibarrako “La Tolosana” paper frabikan lanean hasiko zen Agueda Zinkunegi Lazkano. Baina horretarako lehendabizi aitak baimena eman behar izan zion udaletxean bertan alkatearen eta idazkariaren aurrean. Honela dio aitak: “…otorgaba mi pleno consentimiento y autorización para que como jornalera pueda dedicarse a trabajar…”.

Orendaingo Udal Artxiboa, signatura: 003-40

Baina, gure harridura sortu duten dokumentuak ere aurkitu ditugu ogibideen gaian: hainbat artxibotan topatu ditugu gizonentzako ogibideak izan ohi zirenak emakumeek egiten. Gehienetan, hala beharrez eta aldi batekoak, hutsuneak bete bitartean, baina ez beti eta ez edonolakoak. Hona hemen adibide batzuek:

Villabonan 1805 urtean herria haragiz hornitzeko esleipena zuen gizonezkoa hil zen eta hitzarmenaren epea bete bitartean lan hori Magdalena Garmendiak betetzea onartu zen udalbatzak. Ez hori bakarrik, baldintza berdinak errespetatu zizkioten.

Villabonako Udal Artxiboa, signatura: signatura: 0005CF

Asteasu berriz bi adibide ditugu. Batetik, Guda Zibila hasi zenean idazkaria atxilotua izan zen eta bere alabak ordezkatu zuen hilabete batzutan. Urtebete beranduago, udal arielen administratzailearen kargua ere libre geratu zen eta emakume batek bete zuen. Kasu honetan eztabaida akta liburuan jaso zen. Lehenengo osokoan mahai gainean geratu zen gaia honako arrazoiagatik: “…por encontrar alguna dificultad en que no sea hombre quien haya de desempeñar dicho cargo…”. Pare bat hilabete beranduago ospatutako osokoan berriz aukera hau onartu eta Concepción Esnaola izendatu zuten arielen administratzaile.

Asteasuko Udal Artxiboa, signatura: H280-04

Abaltzisketan 1871 urtean medikua hil eta bere ordez Juliana Onzalo alaba kontratatu zuten berria aurkitu bitartean. Honek garbi uzten du alabak behar adina formakuntza zuela mediku eta zirujau ardura bere gain hartzeko. Kasu honetan ere nabarmentzekoa da aurreko kontratatuaren baldintza berdinetan aritu zela lanean. Honela erabaki zuen osokoak: “…y se obligaban a pagar igual salario que al cirujano anterior y en la misma forma…”.

Abaltzisketako Udal Artxiboa, signatura: 0003-09

Ogibide arrotzetan azken adibide bat. Gipuzkoako Artxibo Orokorrean Anselma Berrotaran Sagarzazuk errege-zergak ordaintzearen salbuespena eskatu zuen Glorioso San Antonio arrantza untzia legeak aginduta bezala herrialdean bertan eraiki bait zuen. 1936 urtean Anselmak untzi bat eraikitzeko hitzarmenak egin zituen Hondarribiako ontziola batean.

Gipuzkoako Artxibo Orokorra, signatura: AGG-GAO DPG JDIT1434

Amaitzeko, hiru multzoetan zuzenean sartu daitekeen espedientea. Hondarribiako Udal Artxiboan gordeta dagoena. 1611 urtean sorginak zirela eta sei emakumek jasandako auzia. Honela zioten: “…brujas maestras que embrujaban y habían embrujado muchas criaturas y las dichas criaturas lo decían, declaraban y manifestaban y que en dicho ofício y secta demoniaca…”. Bi urteko zigor espetxea jasan zuten, baina gero aske utzi zituzten. Orduan hasi omen zen gizartearen pentsatzeko modua aldatzen eta sorginen jazarpena alde batera uzten.

Hondarribiako Udal Artxiboa, signatura: B-1-I-5-2

Ondorioz, emakumezkoak presente daude gure Artxiboetan. Neurri txikiago batean, bai, baina bilaketa egokiak eginda uste duguna baino gehiagotan eta egoera kuriosoetan aurkitu dugu adibidea. Gutxi azaltzen bagara historiako liburuetan, bada dokumentazio asko ez dugulako, baina baita bilatzeko lanak gutxi direlako ere. Honetan guztian sakontzeko beharrezkoa da erakundeek ikerketak sustatzea.

Ereiteneko artxibozainak