Tag: <span>Hondarribia</span>

Liburutegiak Lugorri

2022an Txanogorritxo Hondarribiko Liburutegian

Aurreko urteetan bezala, 2022an Txanogorritxo gaiaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu genituen helburu batzuekin: gaiaren ikuspuntu desberdinak izatea eta komunitatearen beharrei erantzutea.

Eskolako tailerrekin eskolen komunitatearekin aritu ginen; zinemaren bidez natura, helduak edota emakumea ekarri genuen liburutegira; autodefentsa ikastaroa ere izan genuen; Jokin Mitxelenaren, zuzeneko, marrazkiek gure idazleek, beraien testuen, irakurketa lagundu zuten; liburutegian izaten diren idazketa tailerrean aritzen direnen testuekin gure orrimarkatzaileak egin genituen;…

Liburutegia ez doala norabide bakarrean argi dugunez, jasotakoa komunitateari itzuli behar zaio. Horren adibide bat Hondarribiko Liburutegiaren bildumaren lehendabiziko zenbakia da: Txanogorritxo. Bertan Amaia Egidazu-k, Ainara Oscoz-ek eta liburutegiak berak dinamizatutako tailerren materiala bildu eta monografia bezala parte hartu zutenei banatu diegu, eta liburutegian bertan ere denon eskura izango dugu. Horrekin nahikoa ez eta era digitalean ere jarri dugu zabaltzeko asmoz. Hemen dauzkazue Txanogorritxo1 eta Txanogorritxo2

Liburutegiak

Eta dagoeneko lau urte Hondarribiko Liburutegian

2017ko urrian Hondarribiko liburutegian hasi ginetik lau urte pasa dira. Badakigu urtea 365 (366 ere, badakit!) egun direla, baina, kontzeptu bezala hartuta, ez da beti berdina, urtea izan daiteke gorabeheratsua, antzeko xamarra, luzea…. Eta 2017ko urrian ez genekien gurea nolakoa izango zen.

Lasai xamar hasi zen, gure lana batez ere jendearen aurreko zerbitzua bermatu eta funtsa bere tokian mantendu (haur liburutegian batere erraza ez dena!).

2018an lasai hasi bazen ere apirila aldera hortzmugan itsasoa kizkurtzen hasi zen eta gure bizitzan eta Hondarribiako herrian Frankenstein hitza entzuten hasi zen, honek irailean sekulako olatuak ekarri zituen eta olatu handiak herria jan zuen: hiru hilabetetan 17 ekitaldi, eta horretarako eskoletan, dendetan, komunikabidetan, batek daki zenbat eragile… denak blaitu genituen.

2019an olatua ezin joan, noski, gustura zegoen, eragileek, eskolek, erabiltzaileek… denek galdetzen zuten: noiz dator hurrengo olatua? Eta etorri ere… Moby Dick etorri zen. Zer esango dut? Adibide bat: Hondarribiko adin bateko haur guztiek, (eskoletara guztientzako eraman genituen), Moby Dick euskaraz (komikia) irakurri zuten eta guzti horiek (berriz diot, guztiek bai!) Hondarribiko alde zaharrean antolatutako ginkana bat egin zuten. Tsunamia erabatekoa.

2020a etorri zen, eragileak guregana etortzen ziren ideiak ematen, guk gure aldetik gureak lantzen, hau zen momentua, uretako arropa prest genuen, ez genuen kontra egingo, bagenekien igeri egiten horrelakoetan… Baina leviatana etorri zen eta gure arropa ez zegoen prest. Baina zer egin genuen ba HSU kendu funtsatik eta gure sailkapen propioa egin eta jarri, noski baietz!

2021ean poliki hasi ginen, leviatana hortik ari zen oraindik, urruntzen ari zen. Eta badaezpada itsas bazterrean geratu gara.

  • hilero pelikula edota dokumental bat jarri dugu
  • hilero mahai jolasak izaten ditugu
  • fanzine tailerrak, erakusketak…


Urte honetan ere eragileekin harremanak sendotu ditugu:

  • Emeki Hondarribiako emakume elkartekoekin adostu dugu gure liburutegiaren zati bat bertan izango dutela beraien bazkideek hartu ahal izateko eta bi hilabetean behin aldatu diegu funtsa
  • Hondarribia Markaxka Xake klubarekin azarorako sekulakoa antolatu dugu: aldi bateko xake partidak, xakean jolasteko oinarrizkoa ikasteko aukera, erakusketak, liburu baten aurkezpena (edota hitzaldia, oraindik lotu gabe)…
  • Eskoletatik bisitak, edota gu eskoletara
  • ….

2022a? 5. urtea badator, prest zaudete?

Liburutegiak

Hondarribiko Udal Liburutegiko hedapena 2019an

Hondarribiko Liburutegian 2019. urtean hainbat ekitaldi burutu ditugu aitzaki desberdinei helduta: orri markatzaileak, solasaldiak, fanzine tailerrak, ginkanak, itsu-itsuan, bookcrossing, rol jokaldia…

Luzeena eta ekintza gehien jaso dituena Herman Melville idazlearen jaiotzaren 200 urte ospatzeko antolatutakoa izan da. Ekainean hasi eta abendura arte iraun zuen, bi helburu argi zituela: Moby Dick liburua zabaltzea eta ahal genuen jende gehienaren eskuetan jartzea (besteak beste, eskoletan komikia banatu genuen eta gero horren inguruan tailer desberdinak antolatu genituen); eta herriaren bilgunea bihurtzea liburutegia.

Eta gertatu da, guk eskatu gabe ere jendea guregana etorri da laguntzeko, parte hartzeko, beraien ezagupenak partekatzeko. Zerekin gelditzen gara? Nola neurtzen dugu bere arrakasta? Bisita liburuan, Hitzen itsasoan idatzitakoa, sare sozialetan, hitzez hitz esan digutena, aurpegiak… guzti hori ezin da neurtu baina badakigu lan taldean egindako lan izugarriaren emaitza izan dela.

Ikusi laburpena hemen

Liburutegiak

Mary Shelley. 200 urte zatiak josten

Bizitza gorabeheratsua izan zuen Mary Shelleyk (Londres, Ingalaterra, 1797-1851). Haren ama (Mary Wollstonecraft), feminismoaren aitzindarietako bat, Mary jaiotzean hil zen. Aita (William Godwin), berriz, filosofo erradikal ospetsua izan zen, alabarekiko maitasun handirik erakutsi ez zuena. Mary gazte bakartia izan zen, oso irakurzalea. 1814an, Percy Bysshe Shelley poeta erromantikoa ezagutu, eta, hura ezkonduta egon arren, elkarrekin ihes egin zuten. Bikoteak, Lord Byronekin igaro zuen 1816ko uda. Genevatik gertu —Villa Diodati etxean — eman zuten udaldi hura dago, hain zuzen ere, zientzia-fikzioaren aitzindari den Frankenstein eleberriaren sorburuan. 1822an, P. B. Shelley hil egin zen, itsasoan itota. Horrez gain, lau seme-alabatatik bakarra geratu zitzaion bizirik Maryri. Ospe oneko idazlea izan zen bere garaian, eta beste hainbat eleberri ere idatzi zituen (Mathilda eta Valperga, besteak beste), baina ezer ez zen Frankenstein-en parekoa izango…

-x-x-x-x-x-(Zuhaitz genealogikoaren irudia handiago ikusteko)-x-x-x-x-x-
Mary Shelley: Bere bizitzako gertakari esanguratsu batzuk1797
Abuztuaren 30ean jaio zen Londreseko Somers Town barrutian. Pentsalari ezagunetatik eratorritako egilea dugu, bere gurasoak Mary Wollstonecraft pentsalari feminista eta William Godwin filosofoa izan baitziren. Ama, Mary Wollstonecraft, bera jaio eta handik gutxira zendu zen sukar handi baten ondorioz.

1813
Maryren etxean ohikoak izango dira William Godwinen lagun eta jarraitzaileen bisitak, garaiko pentsalari eta jakitunak haietako asko. Honela ezagutuko du Maryk, 16 urterekin, Percy Bysshe Shelley: olerkaria eta bere aitaren jarraitzailea. Berarekin maiteminduko da.

1814
Mary eta Percy Frantziara abiatuko dira elkarrekin. Bi hilabeteren buruan, Ingalaterrara itzuliko dira, dirurik gabe.

1815
Beraien lehen alaba jaioko da, baina egun gutxira hilko da.

1816
• Bikoteak atzerrira alde egingo du berriro, oraingoan Suitzara. Han, Lord Byron eta John William Polidori lagunekin elkartuko dira, eta Byronek Leman lakuaren (Geneva) ertzean alokatutako luxuzko etxe batean igaroko dituzte egunak. Byronek mamu-istorioak idatz ditzaketela proposatzen du jolas gisara. Maryk “Frankenstein” idatziko du.
• Mary eta Percyren semea, William, jaio zen.
• Percyren emazteak, Harrietek, bere buruaz beste egingo du.
• Percy eta Mary ezkondu egingo dira abenduan.

1817
Beraien bigarren alaba jaioko da: Clara Everina.

1818
• “Frankenstein” lehen aldiz argitaratuko dute.
• Shelleytarrek Italiara alde egingo dute eta han Clara Everina hil egingo da.

1819
• William semea hil egingo da. Galera hori kolpe handia izan zen Maryrentzat; eragin traumatikoa izango du beregan.
• Percy Florence semea jaioko da eta bera izango da seme-alaba guztietatik bizirik iraungo duen bakarra.

1822
Maryren senarra, Percy Bysshe Shelley, itota hilko da La Speziako golkoan (Italia) itsas bidaia batean dabilela.

1823
• Mary Ingalaterrara itzuliko da bere seme bakarrarekin. Bizitzan berriro ez ezkontzeko erabakia hartuko du.
• “Valperga” idatziko du, XIV. mendean girotutako maitasun istorioa.
1826“The last man” eleberria idatziko du; XXI. mendean kokatua, gizadiaren amaiera irudikatzen du bertan.

1851Otsailaren 1ean, 53 urte zituela, zendu zen Mary Shelley. Antza denez, burmuineko minbiziak eraman zuen.
-x-x-x-x-x-


-x-x-x-x-x-Frankenstein edo Prometeo modernoa1816ko udaberrian, Percy Bysshe Shelley eta Mary Wollstonecraft Godwin (artean ere elkarrekin ezkondu gabeak), Ingalaterra utzi, eta kontinentera abiatu ziren denboraldi baterako. Haiekin zihoazen haien seme William eta Claire Clairmont, Maryren ahizpaordeetariko bat. Claire haurdun zegoen, eta Lord Byron zenez umearen aita, harekin elkartu nahi zuen kosta ahala kosta. Genevatik gertu, Leman aintziraren ertzean, Byronek etxe handi eta dotore bat alokatua zuen: Villa Diodati, eta hantxe kokatua zen, bere idazkari eta mediku John William Polidorirekin. Percy, Mary eta Claire maiz izaten ziren bisitan Byronenean.

Oso gogoko zuten aintziran nabigatzea eta inguru eder haietan ibilaldiak egitea, baina espero zitekeena baino euritsuagoa izan zen uda hura, eta, eguraldi txarrak etxean geratzera behartzen zituen sarri. Shelley eta Byron poeta handiak ziren ordurako, eta solasaldi luzeak izaten zituzten askotariko gaien inguruan: literatura, filosofia, zientzia… Pentsa zitekeen bi jenio handi haiek izango zirela bilera haien ardatza, ia entzule huts bilakatzeraino beste hiru lagunak, baina “bigarren mailako” kideok arrakasta itzela lortuko zuten gerora.

Gau batez, Phantasmagoriana izeneko liburua irakurtzeari ekin zioten elkarrekin. Beldurrezko ipuinen bilduma bat zen, eta irakurketa hark akuilatuta-edo, “gutako bakoitzak beldurrezko istorio bat idatziko du”, bota omen zuen Byronek erronka modura. Denek onartu zuten haren proposamena. Bi poetak laster nekatu omen ziren prosaren arrunkeriaz, eta bertan behera utzi zituzten beren kontakizunak. Polidori, berriz, gerora Banpiroa izeneko nobela laburra izango zena idazten hasi zen.

Mary, ordea, idorraldian zegoen. Goizero galdetzen omen zioten ea istorioren bat bururatu ote zitzaion, eta berak ezetz erantzun behar izaten zien behin eta berriz. Irakurleak izu eta ikara jarriko zituen istorio bat sortu nahi zuen, jendearen bihotza taupa-taupa jarriko zuena. Ezin ezer asmatu, ordea.

Bien bitartean, Shelleyk eta Byronek solasaldi mamitsuetan murgilduta jarraitzen zuten, eta gau-bilera haietako batean, bizitzaren printzipioaz jardun zuten. Luigi Galvaniren saiakuntzak eta Erasmus Darwinen teoriak izan zituzten hizpide. Orduko zenbait zientzialariren arabera, izaki baten zatiak fabrikatu, horiek batu, eta zer horri bizia emateko aukerak zeuden; edo gorpu bat berpizteko.

Gau hartan, oheratzean, Maryk ezin zuen begirik bildu. Irudimena gogoaz jabetu zitzaion, eta oso argi ikusi omen zuen idatziko zuen istorioaren muina, hots, soin-atalak bildu eta horiei bizia emanez munduaren sortzailea imitatu nahi zuen gizakiaren eta bere sorkariaren arteko harreman lazgarria. Aspaldi idatzia izan arren, gaurkotasun handiko eleberria da Frankenstein edo Prometeo modernoa, zientziaren aurrerapenak eta haren ondorioek gure garaian pizten dituzten eztabaida sutsuei zuzen-zuzenean lotzen zaiena.

Inork gutxik pentsatzen zuen Mary gazteak idatzitako nobela hark berebiziko arrakasta izango zuenik, eta are gutxiago, mito bihurtuko zenik. Edonola ere, munstroak berehala kendu zien lekua bere bi sortzaileei: Victor Frankenstein zientzialariari, fikzioan, izena ere lapurtu baitzion (asko dira munstroaren izena “Frankenstein” dela uste dutenak, baina izakiak ez zuen izenik), eta bere egile Mary Shelleyri, errealitatean, izaki beldurgarriaren itzalak idazlea bera estali zuela esan bailiteke. Hondarribiko Udal Liburutegian antolatu dugun erakusketa —eta ziklo — hau, Mary Shelley idazlearekin dugun zorra kitatzeko helburuarekin taxutu dugu, eleberria argitaratu zenetik 200 urte igaro diren honetan.

-x-x-x-x-x-

Mary Shelley. Frankenstein o el moderno PrometeoElena Odriozola (Donostia, 1967) testuliburuak ilustratzen hasi zen, duela hogei urte inguru, publizitate agentzia batean lanean ari zen bitartean. Gero, gauza batek bestea ekarri zuen, eta ehun bat liburu argitaratu ditu dagoeneko, gehienak haur eta gazteentzako literaturaren alorrean. 2015ean Ilustrazio Sari Nazionala jaso zuen.

1816ko udan, Lord Byronek Percy Bysshe Shelley poeta eta bere bere bikote Mary, gonbidatu zituen Suitzako bere etxera. Egun euritsuak izan ziren, eta etxeko jabeak mamu-istorio bana idazteko proposamena luzatu zien gonbidatuei. Horra nola sortuko den Frankenstein edo Prometeo modernoa, 1818an argitaratua eta zientzia-fikzioaren generoko lehen eleberritzat jo izan dena.

Edizio honetan, Elena Odriozolaren lan grafikoa nabarmentzen da bereziki, zeinak testu klasikoaren irakurketa pertsonala egin duen. Bere paperezko antzokitxoa, irudien bidezko narrazio aukera berriak zabaltzen dituen agertokia da.

Mary Shelley. Frankenstein o el moderno Prometeo
Ilustrazioak: Elena Odriozola
Itzulpena: Francisco Torres Oliver
Nórdica Libros, 2013

-x-x-x-x-x-
Britainia Handia, XVIII-XIX. mendeak, gertakari esanguratsu batzukNapoleon I.aren garaia dugu, gerrate garaia. Bere inperioa ahalik eta gehien zabaldu nahi zuen munduan zehar, eta Britainia Handia ere menpean hartzen saiatu zen.

1780
Luigi Galvani italiar zientzialariaren esperimentuak. Saio ugari egin zituen igelekin; hildako igelen bizkar-muinean korronte elektriko txiki bat aplikatuz gero, animalia horien giharrak bihurritu egiten zirela erakutsi zuen. Deskarga horiei esker, igelaren hankek jauzi egiten zuten, animalia bizirik dagoenean bezalaxe.

1792
Mary Wollstonecraftek “A Vindication of the Rights of Women” lan aitzindari eta iraultzailea argitaratu zuen. Europako literatura eta filosofia modernoaren historian, lehenengo idazki feministetako bat dugu. Bertan, Wollstonecraftek, Jean-Jacques Rousseau pentsalariaren misoginiari erantzuten dio eta emakumeen eskubideen aldeko aldarria egiten du.

1797
Frantziaren porrota Gales menpean hartzeko saiakeran.

1798
Nelson almirante ingelesak eta bere gerlariek Frantzia garaituko dute Niloko Guduan, Egipton.

1799
Zerga bidezko sistema ezartzen da.

1800
Alessandro Volta fisikari italiarrak pila elektrikoa sortuko du.

1801
Lehen zentsua Galesen eta Ingalaterran.

1802

Frantziaren eta Britainia Handiaren arteko gerraren amaiera, bi herrialdeek ‘Amienseko Bakea’ sinatuko dute martxoan. Guda berriro piztuko da.

1803
Napoleon enperadore izendatuko dute.

1804
Nelson eta bere gerlariek Frantziako eta Espainiako itsas armadak garaituko dituzte Trafalgarko batailan.

1807
Esklabotzaren deuseztatzea.

1809
Gas bidezko argiaren erabilera, lehen aldiz, Londres erdialdean.

1812
Spencer Perceval, 1809tik Erresuma Batuko lehen ministro zena, erail zuten.

1814
Robert Stephenson ingeniari ingelesak lurrun bidezko lehen trena eraiki zuen.
Aliatuek nagusitasuna hartuko dute gerrateetan, eta Napoleon I.ak boterea galduko du. Elba uhartera eramango dute atxilotuta.

1815
Napoleonek kartzelatik ihes egingo du martxoan. Agintea berriro hartuko du, baina ekainaren 18an ingelesek eta prusiarrek Waterloon garaituko dute.

1818
“Frankenstein” eleberriaren lehen argitalpena.

1829
Robert Peel Erresuma Batuko lehen ministroak hiriko lehen segurtasun-indarrak sortuko ditu.

1840
Britainia Handiko posta zerbitzua (Penny Post) martxan jarriko dute.

1845
Patataren gosetearen hasiera Irlandan.