

Urte berriaren etorrera gertu dugu eta Getariako liburutegitik, urtero egiten dugun bezala, programazioa gai zehatz baten inguruan landuko dugu. “GU ITSASOAN, ITSASOA GUGAN Komunitatea tantaz tanta”. Horixe izango da aurten landuko duguna. Izan ere, Getariak eta herritarrek lotura handia izan dute betidanik itsasoarekin eta bertako komunitatean eragina izan duela ezin ukatu.
Gauzak horrela, ekintza eta tailer mordoa prestatu ditugu datozen hilabeteetarako:
Izen-ematea liburutegian egingo da eta jarduera guztiak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira. Animatzera eta parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Azaroaren 10 eta 11 bitartean, Amurrioko herria euskal onomastikaren inguruko topaketaren lekuko izango da. Onomastika Elkartea erakundeak bultzatutako bosgarren topaketa izango da hain zuzen ere.
Bi egunetan zehar, partehartzaileek, tartean historialari, idazle, ikertzaile eta itzultzaile zenbaitek, aurreko mendeetako idatziak aintzat hartuz, Onomastika eta Lexikologiaren inguruko esparru desberdinak jorratuko dituzte, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait kasu adibide moduan jarriz, hala nola, Orozko, Zamudio, Goierri, Mutriku eta Leitza.
Josu Larrañaga, David Peterson edo Joseba Sarrionandiarekin batera, gure lankide Iago Irixoak bere tartea izango du topaketa honetan. Gipuzkoako notario-protokoloetan eta udal-aktetan topa daitezkeen ekarpenen berri emango du, Oiartzungo kasuan begirada berezia jarriz.
Saioak, parrokiako Katekesian ospatuko direnak, doakoak dira baina aldez aurretiko inskripzioa derrigorrezkoa da.
Lekuonako Kultura mediazioetaz gain irailan Kukai Dantza taldearekin batera mediazio dinamika bat garatu dugu “Yarin” obraren inguruan.
Izenburua Maya eta Marín abizenekin egindako hitz-joko bat da. Izenburua bera jada obraren esentziaren adierazle da: bi abizen, bi kultura, bi dantza elkartzen diren esperientzia. Bide honetatik Jon Maya eta Andrés Marín dantzariek euskal dantza eta flamenkoa nahasten diren obra bat aurkezten digute. Obra hau 2022ko irailean Sevillako Flamenco bienalean aurkeztuko da (Teatro Central-en), eta 2023ko urtarriletik Euskal Herrian herriz-herri ibiliko da. Bi kulturen arteko nahasketa bat aurkezten da bertan, aniztasuna eta bizikidetza oinarritzat dituen prozesu artistiko baten bitartez.
Orain arte eman diren topaketa ezberdinen bitartez bi artistek elkarrizketa bat sortzen dute, dantza ulertzeko bi ikuspuntu ezberdinetatik. Egungo gizartea geroz eta anitzagoa da, eta oraina eta etorkizuna ezberdinen arteko harremanetik eraiki behar da; bakoitzak bere sustraiak errespetatuz, bidean topatu eta bidelagun izateko.
Kultura, hezkuntza eta gizartearen arteko harremana, ikuspuntu sozial eta politiko batetik, nahitaezkoa da bizikidetza eta aniztasuna oinarri dituen herri bat sortzeko. Horrela, kultura proiektu ezberdinei lotutako mediazio prozesuak beharrezkoak suertatzen dira herritarren partaidetza sustatu eta hauetan lantzen diren gaien inguruko hausnarketa, kritika edo debatea sortzerako orduan. Mediazio prozesu hau 3 egunetan banatu dira:
Irailak 14 / Mediazio saioa.
Bilkurak 90 minutuko luzapena izan du eta 2 zatitan banatu da:
‘3 minutu, bizitza bat’ dinamika:
Elkartuko garen kolektiboekin obrak oinarrian dituen aniztasuna eta bizikidetzaren inguruan hausnartzea garrantzitsua iruditzen zaigu, baina lanketa luzeago bat egiteko aukera faltan, dinamika azkar baina esanguratsu bat proposatu dugu. David Hornback argazkilariak BilbaoArten 2012. urtean egin zuen proiektu baten moldaketa bat da, eta argazkilariarekin berarekin garatuko dugu. Dinamika:
Irailak 15 / Dantza lantegiak
Deskribapena:
Euskal dantza eta flamenkoa uztartuko dituen dantza lantegi bat gauzatu da. Bertan Errenteriako “Muxikoak” eta “Ereintza” taldeko dantzariak bildu dira. Dinamika Jon Maya dantzariarekin hasi dute, Andres Marinekin amaitu dutelarik. Parte-hartzaileek bi kultura ezberdinen arteko harremana landu ahal izan dute dantzaren bitartez.
Ordua: 18:00tan
Lekua: Herri Arte Eskola
Irailak 16 / Yarin
Deskribapena:
Yarin emanaldia Atlantikaldiaren programaren barruan
‘Yarin’ek kulturen arteko topaketa bat proposatzen digu, zeinetan Jon Maya dantzariak eta Andrés Marín bailaoreak, Julen Achiary-ren zuzeneko musikaz lagunduta, elkarrizketa zintzo batean topatzen diren. Euren arteko ezberdintasunak agerian daude, baita, haien bitartez, elkarrekin bide komun bat eraikitzeko eta bihar baterako bide bidai bati ekiteko desioa ere. (https://kukai.eus/yarin/).
Ordua: 13:00
Lekua: Torrekua plazan
Aurreko berrietan azaldu genizuen bezala, aurtengo ikasturtearekin batera Saguzulo haurren irakurkle taldea martxan jarri dugu Uxue Alberdi idazleak, Getariako Liburutegiko Andoni Olaetxea liburuzainak eta Getariako Udalak. Irakurzaletasuna eta hausnarketarako gaitasuna lantzeko espazio bat ez ezik, gozatzeko eta elkar ezagutzeko gune bat izango da Saguzulo.
Irailaren 16an itxi genuen izen ematea eta plaza kopurua ia bere osotasunean bete da, 13 lagunek parte hartuko dute aurtengo edizioan. Irailaren 26an aurkezpen saio bat egin dugu eta bertan aurtengo liburuen zerrenda aurkeztu, bai eta taldearen funtzionamendua zein izango den azaldu ere. Gainera haurrek haien liburu kuttunen bat ekartzeko parada izan dute, taldearen interesak zein diren ezagutzeko.
Urriaren 17an burutuko da estraineko irakurketa saioa, lehen liburua Uxue Alberdik berak itzuliriko “Itsasargia” ipuina izanik, Koos Meinderts autorearena. Horrez gain, zerrendan beste hainbat liburu ditugu: Michael Morpurgoren “Kensukeren mundua”, Jacqminen “Elefantearen tristura”, Harkaitz Canoren “Orkestra lurtarra eta Lur Gallastegiren “Uda bat Senegalen”, besteak beste. Zerrenda osoaren xehetasunak hilabete honetako aurkezpenean ezagutuko dituzte haurrek.
Bestalde, Getariako Udaletxeko Kultur teknikari eta zinegotziak buru belarri ari dira lanean saioak egingo diren liburutegiko eremua goxatzen, espazioa atsegina izan dadin beharko diren materialak eskuratzen.
Andoni Olaetxea
*Irudiaren jatorria: Artzape
Urteen poderioz Ereiten-eko kideok garatu sailkapen kuadro funtzioala duzu honako hau. Urteotan ikasitakoa jasotzen du. Orain, ezagutza hau partekatzeko moduan dagoela uste dugu. Han eta hemen, hau eta beste osatzen segitzen badugu ere, erabilgarri dago. Edozeinek erabiltzeko moduan. Bai eta edozeinek osatu, zuzendu… ikasten jarraituko dugu eta modu kolaboratiboan elkarrekin ikasi eta osatuko dugu are gehiago.
600dik gora etiketa dauzka eta beraz pdf formatuan prestatu dugu edonork deskargatu eta erabiltzeko moduan. Hemen duzue esteka:
Udal Liburutegiak leku publikoak dira, zerbitzu publikoak, beraien izenean jasota dagoen bezala. Beraz komunitarioa ere bada. Beste aldetik, liburutegia ez da soilik eraikina. Liburutegia, barruan dagoena ere bada. Liburutegia erabiltzaileak ere badira. Beraiek ematen diote zentzua. Erabiltzailerik gabe ez zen izango liburutegirik. Baina zer egin dezakegu gure erabiltzaileak ezin badira eraikinera etorri? Liburutegia beraiengana hurbildu. Eta horrela zerbitzu publikoa, komunitarioa, komunitatearena izango da.
Gure lan prozeduren helburu garrantzitsuenetarikoa komunitatea egitea da. Horregatik, Hondarribiko liburutegian urteak daramatzagu helburu hori aurrera eramaten. Urte guzti hauetan liburutegia eraikinetik atera dugu eta eskoletara joan gara, azokan postua jarri dugu, auzoko jaietan egon gara, baita surf jaialdian ere. Eta poliki-poliki gure mapa, gure komunitatearen mapa, osatzen eta handitzen ari gara.
Oraingo honetan erabiltzaile zehatz batzuengana joan nahi genuen: helduen erresidentzietan daudenengana. Arrazoi desberdinengatik han daude eta liburutegira, eraikinera, ezin dute hurbildu.
Baina horretarako gure mapa horren barruan dauden beste lagun batzuekin jarri ginen harremanetan: Nagusilan elkartearekin hain zuzen. Nagusilan, adin nagusikoen boluntariotza elkartea da. Beraiek, besteak beste, erresidentzietara joaten dira laguntza eskaintzera. Lan handia egiten dute bertan. Eta bertako boluntario batekin hitz egin genuen gure ideia azaldu eta praktikan jarri asmoz. Gure sarea osatzeko pausoz pauso egin behar da eta loturak ondo finkatu behar dira. Boluntarioak elkartekoekin hitz egin eta oso egitasmo interesgarria iruditu zitzaien.
Beraz, elkarte honen bidez Betharram erresidentziako arduradunekin harremanetan jarri ginen, eta bertako psikologo eta fisioterapeutarekin bilera egin genuen gure proiektua azaltzeko. Behin onartuta, datak zehaztu eta parte hartzaileen gaitasunen arabera bi talde osatu zituzten. Talde bakoitzean 12 pertsona egongo dira.
Beraien ezagutzarekin Liburutegia osatzea da gure asmoa. Informazioa eta harremana bi noranzkotan jaso nahi baitugu. Guk beraiei esan/eman eta beraiek guri osatuagoa itzuli.
Lehendabiziko saioan Ernesto Goiricelaya-ren “Alde zaharreko gauzak” liburua izan genuen lagun. Hasieran, urduri geunden, eta beraiek ere bai. Baina behin urduritasuna gaindituta, saioa benetan aberasgarria izan zen. Guk beraiei pasarte batzuk irakurri genizkien ozenki eta pasarte bakoitzaren ondoren hitz eta pitz hasi ziren: batek kontu bat horren inguruan, besteak beste bat, hirugarrenak beste zerbait gehitu… Eta horrela sarea osatzen aritu ginen. Komunitatearentzat garrantzitsua da beraien jakituria jasotzea. Beraien altxorra gurea ere badelako.
Honek jarraipena izango du, liburutegia osatzen jarraituko dugulako gure komunitate sareari esker.
Gurea zinearen 75. urteurrena dela eta, bestelako hitzaldi bat emango du Koldo Almandoz zinegileak Villabonan.
Halaxe eman dute kartelean ekimenaren berri:
“Zinemaren hizkuntzaren inguruko saio didaktikoa, Koldo Almandoz zine zuzendariaren eskutik.”
“Zinemaren hizkuntza erabiliz, mapa edo programa berezirik gabe,
zine pantailan barneratuko gara, filmatu ez diren pelikulak ikustera…”
Koldo Mitxelena liburutegiaren web orrirako sortutako berria da honakoa. Martxoaren 17an komikiaren eguna izendatu eta lehen aldiz egun hau ospatuko den honetan jarritako azalpena, eguna aitzakia gisa hartuta. Hemen ikusi dezakezue jatorrizkoa.
Aurten ospatuko da lehen aldiz komikiaren eguna martxoaren 17an. Egun honetakoa da TBO astekariaren lehen alea, 1917 urtekoa hain zuzen. Aldizkari hau 1998 urtera arte argitaratu zen eta urte luzez komikia edonoren etxeetara zabaltzeko bidea izan zen. TBO aldizkariaren izenburutik sortu zen Espainian komikia izendatzeko gehien erabiltzen den hitza bera ere, “tebeoa” alegia. Eta horregatik hautatu dute martxoaren 17a komikiaren eguna.
Gure ingurura hurbilduz eta gure komiki funtsak arakatuz, ez ditugu albo batera utzi nahi euskaraz ere hainbat urtez asteroko edo hilabeteroko maiztasunez argitaratu izan diren komiki aldizkariak. Lehena Txistu (1927), ondoren Poxpolin (1935) eta gerora Ipurbeltz (1977-2008) izan dira XXI. mendera arte milaka etxeetako umeen eskura egon diren euskarazko aldizkariak beste hainbat komikiren artean. Helduentzako komiki aldizkarien artean berriz, ez ditugu aipatu gabe utzi nahi Habeko Mik alfabetizazioak bultzatuta argitaratutako aldizkaria edo Napartheid fanzine munduaren erakusgarri izandakoa. Gaur egun aldizkarien eragina asko apaldu bada ere, Xabiroi aldizkariak ematen du komikia gazteengana eta paperean jasotzeko aukera.
Gaur egun, ordea, komiki aldizkariek baino toki gehiago hartzen dute gurean komiki istorio osoek, dela album moduan, nobela grafiko gisa edo manga motako bolumenetan. Eta horregatik da hain zabala gure komiki mailegagarrien funtsa KMKko Komikiteka gelan, liburutegiko lehen solairuan. Bertan 5000 komiki inguru topatu ditzakezue mailegagarri. Gaurko espreski hautatukoen artean hiru hauek azpimarratu nahi ditugu:
TBO aldizkariari buruzko liburua ‘Ediciones TBO, ¿dígame? : memorias secretas de una secretaria’
Manga atalean abenturazko Billy Bat seriea. Urasawaren manga honetan xaguxar baten ikuspegitik Euskal Herria ere agertzen den komiki unibertsala
Argitaratu berria den eta Angoulemako komiki festibalean saritua izan den ‘Penss y los pliegues del mundo’ nobela grafikoa.
2022 urteko programazioan korapiloak landu ditugu Getariako Udal Liburutegian.
Bideo honetan laburtu eta harilkatuta jaso ditugu.
Korapiloen bidez komunitatea eraikitzen!
Abendua iritsi da Getariako liburutegira. Kaleko freskurak bultzatuta makina bat herritar izan dira azken egunotan gurera gerturaturiko erabiltzaileak, haurrak haien etxekolan eta marrazkiekin, helduak eleberri askotarikoekin. Negua liburutegiaren alde datorren urtaroa izan ohi da, udako hondartza giroa atzean utzi eta apalategien arteko txokoak goxatuz pasatzeko garaia.
Aurten gainera bisita berezia izan genuen abenduak hamabost zituela: Uxue Alberdi idazlea etorri zen bere liburu berria aurkeztera, “La Belle” haurrentzako istorio ilustratua. Alberdik, hogei entzuletik gora bertaratutako arratsalde hortan, liburuaren gai nagusia azaldu zigun, zirkuan ibili zen German Rodriguez “German Txiki” getariarraren ibilbidea, hain zuzen ere. Germanen nondik norakoak kontatu zizkigun eta entzulegoak interes handiz hartu zuen bitxikeri andana hau. Gainera, German Txikiri Artzape aldizkarian eginiko elkarrizketa baten kopiak ekarri zituen, eta liburua osatzeko erabilitako informazio zehatzak azpimarratu zizkigun, gerora idatziriko istorioaren hastapenak eta gakoak zein ziren aurkeztuz. Txikienek harridura handiz jaso zuten liburu bat nondik eta nola hastearen prozesua. “La Belle”-ren pasarte batzuk irakurri zizkigun eta horrela literaturaz bustiriko arratsalde honi amaiera eman genion.
Hau, hala ere, ez da izan urte honen amaierako azkena berria. Izan ere, gabonak direla eta, beste urteetan baina liburu gehiago ekarriko ditugu herriko irakurleentzat, opari gisa. Tartean haurrentzako Txano eta Oscar bilduma osatuko dugu, Agatha Misteryren azken aleak ere gurean izango dira, bai eta liburutegiko langile diren Andoni Olaetxea eta Maite Caballeroren “Fin Barkua” ipuin ilustratua ere. Helduentzako nobedaderik ere badugu, noski, Anari Alberdiren “Gari eta Goroldiozko” eta Nerea Ibarzabalen “Bar Gloria”, besteak beste. Uzta berria gabonetan aterako dugu pixkanaka, erne beraz datozen asteetan. Esan bezala, kaleko giro freskoak ahaztu eta zatoz liburutegira elkarren artean irakurri eta gozatzera. Eta urte berri on!
Andoni Olaetxea
Getariako Liburutegian neguko olatu handiak hartu eta programazioarekin aurrera jarraitzen dugu oholaren gainean. Abenduaren 15ean, arratsaldeko 17.00etan, Uxue Alberdi idazlea etorriko da gurera bere liburu berria irakurri eta aurkeztera: “La Belle”. Haurrentzako kontakizun ilustratu honetan German Rodriguez edo “German Txiki” getariarraren bizipenak kontatuko dizkigu, honek zirkuan izandako gora-beherak direlarik istorioaren muina. Hortaz, Getarian ere abenduako hotzari aurre egiteko, zatoz liburtegira eta gozatu kontakizun honen bitxikeri guztiak eta gehiago entzunez.
Premiazko kontakizuna da hau. Kontatu beharrezkoa, sarraski gehiago izango ez badira. Eta, era berean, kontatu beharrezkoa, ahanzturak jango ez bagaitu.
Baina, gainera, kontatu beharrezkoa da konfederakuntza demokratikoaren historia, ezerezaren erdian antolaketa sozial berri batek aurrera egiten ari denaren historia, hain zuzen ere.
Zerocalcare itzuli da Kurdistanera, Irakaldera oraingo honetan. Ezidiarrei buruzko kronika egiten du komiki honetan, isis-en atzaparretik ihes egin ostean milaka lagun horiek nola antolatu diren azaltzeko. Ihes egitea lortu zutenena, jakina.
Zerok hitza ematen die. Kontakizun gogorra eta epikoa, infernutik aterata, baina umorea eta hausnarketa izango ditugu lagun (armadiloak, ordea, kameo txiki bat baino ez du egingo, protagonista ez baita Zero, Kurdistango herriak baizik)
Komikia urrian agertu da Italian, euskarazkoa da haren lehen itzulpena eta gainera, ohi den bezala, gehigarri berezia du gure edizioak: Italian ere argitaratu ez den istorioa. Idatzi eta aipatu ezin direnei buruz. Galdetzen baduzue: “baina hori halan da?”; gure erantzuna: “Ok. Halan da”.
Autorea: Zerocalcare
Itzultzailea: Koldo Izagirre
Izenburua: No sleep till Shengal
Argitaletxea: Farmazia beltza
Hizkuntza: euskara
Prezioa: 20 kapoi
ISBN: 978-84-123140-6-9
Azaroak 7 Koldo Mitxelena Liburutegiko Komikitekan MANGA KOMIKI TAILERRA emango du Judas Arrieta manga adituak.
Aurten Koldo Mitxelena liburutegitik Luis Gascaren oroimenezko erakusketa antolatu da Okendo Kultur Etxean, eta beste hainbat ekimenen amaiera gisa, astelehenean tailerra eta solasaldi bat burutuko dira KMn bertan:
Tailerra Judas Arrietak emango du Komikiteka gelan 1. Pisuan, 17:00-18:30
https://www.gipuzkoa.eus/kmk/luis-gasca/agenda-hedatua/komikiaren-tailerra/
eta ondoren solasaldi bat izango dugu Aretoan, 19:00tan.
Bertan Amaia Arregi komikizaleak eta zientzia dibulgatzaileak Ooso Argitaletxeko Olga Resina eta ‘Zientzialariak’ saileko Jordi Bayarri sortzailea elkarrizketatuko ditu
https://www.gipuzkoa.eus/kmk/luis-gasca/agenda-hedatua/euskal-komikigintza/
Gainera, ekimen hauen informazio osagarria imstagrameko KMkulturunea atalean ere ikusi dezakezue.
Datorren asteazkenean, urriak 5, 5. korapiloa izango dugu Getariako Udal Liburutegian. Hau da, bertako herritarrekin (itsas korapiloa komunitate loturaren metafora eta irudi gisa erabiltzen ari gara) eta belaunaldi ezberdinetako kideak nahasturik itsas mundua, bidaiak, abenturak, migrazioak eta kultura aniztasuna bezalako gaiak elkarrekin lantzeko eta gozatzeko saioak alegia. Martxo erdialdean hasi ginen korapiloekin eta ordutik korapilo bat landu dugu hilero. Oraingo honetan, kontakizun berezia izango dugu entzungai. Bertan Getariako Izar eta Hodei De La Hoz Agirre anai-arrebek itsasoan bizi izandako abenturak zein esperientziak ekarriko dizkigute. Izar eta Hodeik haurtzaro desberdina bizi izan zuten belaontzi batean bizi izan baitziren 10 urtez. Bizi esperientzia honen berri emango dute liburutegian.
Izar eta Hodei zein gurasoen erronka nagusietako bat haurren hezkuntza izan zen 10 urte horietan zehar. Urrutiko sistema baten bidez ikasi izan dute ama irakasle zutelarik. Honi buruz artikulu honetan irakur dezakezue gehiago.
Etxe gisa erabili izan duten belaontziak ‘Silver Cloud’ izena du eta 12 metro luze da. Honi buruz ere bada Argiak ateratako artikulu bat.
Txanogorritxo aintzat hartuta, honako ekimenak burutuko dira abendura bitartean Hondarribiko liburutegian.
IRAILA. Txanogorritxo, nora zoaz?
URRIA. Amonatxo, zergatik…?
AZAROA. Txanogorritxo ahalduntzen
ABENDUA. Basoan
Eta hala bazan edo ez bazan… gehiago daukagu:
Hitzaldi guztiak Garbiñe Ubeda-k zuzenduko ditu.
Emanaldi eta jarduera guztiak DOAKOAK dira. Aurretik izena ematea gomendatzen da. Ekintza guztiak euskaraz izango dira, pelikulak izan ezik.
Bidasoa Bizirik erakundearekin elkarlanean herriko 11 saltokitako erakusleihoetan Txanogorritxo ikusteko eta entzuteko aukera izango dugu urrian zehar.
Erakusketa. Irailak 1etik abenduak 31 arte izango da Hondarribiko liburutegian.
Errenteriako Lekuona Fabrikan gabiltza 2021eko azaroaz geroztik kultura mediazio lanak burutzen.
Kultura mediazioa lana, hitz gutxitan, Errenteriako Lekuona Fabrika eta orokorrean, kultura alorretik sortzen diren ekitaldi, egitasmo edo sorkuntza lanak herriko eragile, elkarte eta herritarrei zabaldu eta hauekin loturak sortzean datza. Horrela guztion artean oinarrizko ekintza baten informazioa zabaltzeaz gain, hau aberasteko ekimenak sortzen ditugu, kultura alorrean jorratzen diren gaiek herrian oihartzun bat eduki dezaten.
Mediazio lan hau hainbat bidetan zabaltzen da. Alde batetik Lekuona fabrikako Legamia programa dago, Lekuonako Sorlekuan garatzen den arte bizien laguntza programa; Herritar laborategiak, herritarrek sortu eta garatzen dituzten proiektu publikoen programa; Herritar plaza (Liburutegi barruan espazio ezberdinak daude, plaza deiturikoak, bertan lantegi eta ekintza ezberdinak garatzen dira eta Kulturako sailak kudeatzen ditu zuzenean) eta liburutegia.
Ondorengo lerroetan Errenterian Kultura alorrean egin ditugun hainbat mediazio lan:
Uxue Arzelus eta Urtzi Ibarguen
Koldo ALMANDOZ, Aritz TRUEBA
Natasha
Farmazia Beltza, 2022
Nuevo Nueve, 2022
Euskal komiki batek ez gaitu Natashak bezain beste harritu Habekomiken garaitik. Agian ez da beharrezkoa ezer gehiago eranstea. Irakurtzen amaitu ostean, ordea, hainbat detaile etortzen dira burura. Eta ez nolanahiko detaileak, baina.
Frantsesez argitaratu komikietan ez da inoiz gidoilaria agertzen. Hau da: marrazkilaria eta koloremailearekin batera, eszenagilea agertzen da: “scenariste” ala “scenario”. Natasha irakurtzean primeran eta bikain ulertzen da ezberdintasuna. Izan ere, gidoigileak eszenatoki osoa diseinatu duela pentsatzen dugu. Ez soilik kontakizuna: testu ingurua, hizkuntza, pertsonaien ezaugarriak, narratiba bisuala, erregistroak… “gidoia” baino gehiago da hori.
Hori dela eta, orri askoren konposizioa zoragarria da, narrazioa maiz eszenatoki bihurtzen da. Hori ere bai.
Bestalde, pertsonaiak bikain daude ezaugarrituta; ez dira edukiontzi ala marrazki huts edo hutsalak. Koherentzia, izaera eta garapena, bizidunak dira. Berdin gertatzen da hizkuntzarekin, asko zaindua, utzia ematen duenean bereziki.
Jakina, horrela kontzeptualizatutako eszenatokia aurrera ateratzeko teknika handiko marrazkilaria behar da. Eta hemen, talentua, lana, konfiantza eta elkarlana uztartu duen bikotea batu da.
Horrela, komikiaren oinarri klasikoari eutsita, lan ezin modernoagoa sortu dute. Alegia: narratiba grafikoa da komikia, kontakizun bisuala. Zinemaren modukoa, baina paperean. Egitura ez datza idatzizko kontakizunean, hori beste osagai bat gehiago da, eszenan gertatzen dena segitzean baizik. Esan bezala, pertsonaia, hizkuntza, artea, perspektiba, truko grafikoak eta abarrek osatuta. Non eta “eta abar”rean istorioa bat dagoen. Istorioa modernoa da, garaikidea.
Naturalismoan ala errealismo berrian sartzea ez da erokeria. Hau ere ez da ohikoa gure sorkuntza grafikoan.
Ongi etorri XXI. mendera!
Jon BENITO ARANBARRI
Lagun minak
Farmazia Beltza, 2022
296 orrialde
isbn 978-84-123140-4-5
20€
15 zatik osatzen dute puzzlea. Ez larritu lehenaren izena “Hamar” izatea. Autorearengan 10 urteko tartea bizitzaren epe naturala da eta. Beraz, lehen hitzetik idazleak bere asmoen berri ematen digu. Zintzotasunez, bere / gure buruari egindako bi galdera aurkeztu ala bota digu: “Zer gertatu zitzaigun?”, “Zer ginen zauriaz lehen?”.
Erantzunak ezagutzeko ez da amaiera arte itxoin behar, nahiz eta han ere argi mintzo zaigun. Erantzunak ezagutzeko aski da irekiera eta itxiera poemen artean idazleak oparitzen dizkigun kontakizunak irakurtzea. Azken batean, amodioaren eta gorrotoaren, laguntasunaren eta minaren arteko eremuan bizi da / izan da idazlea; ez horregatik bakarrik bizi, toki eta garai zehatzean baizik. Lagunez inguratuta. Edo lagunez barneratua.
Izan ere, ainguratik askatu eta haizeak bultzatutako poemak dira lan honen egitura. Idazlearen ezin egonaren berri ematen digute, idazlearen auto baieztatzearen berri ematen digute. Horien euskarri gorpuzten dira narrazioak.
Bi galdera xinple horiek sortu burutazioak ezagutuko ditugu. Paisaia ezagunek gure arreta piztuko dute; ahaztutako izenak nahiz pertsonak eta pertsonaiak berpiztuko dira gure memorian; gertatu ez bazaizkigu gerta zitzaizkigukeen / litzaizkigukeen egoeratan autorearen burua ez ezik gurea ere ikusiko dugu nahastuta. Jakina, nahasi eta minduko gara, maitasunaren bila, askatasunaren bila, gorrotoaren bila. Eremu ezagunean murgilduko gara.
Ez nolanahi, baina. Bidaia horretarako idazle alimalezko batek lagunduko digu. Hamarnaka dabilen Jon Benitok. Bere unibertso pertsonal nahiz kolektiboa eskaintzen diguna, hizkuntza modernoa, modernizatua, berritua, fina, polisemikoa erabilita.
Autoreak zalantzati galderak plazaratu ditu; edo akaso zalantzak guk genituela pentsatu du. Anabasa horretan ziurtasun bat dago: autorea idazlea da, idazle ona. Izkutuan segitzea barkatzeraino ona, nahiz eta honetan denon aurrean biluzik geratu.
Alegia, gozatu duzu eta harrituko zara liburua irakurtzean. Amaitu ostean, bi urrats gehiago eman, eta galdera korapilatsuek erantzun erraza dutela konturatuko bazara ere. Pirloren pase bat bezala; edo agian, Zarautzen lurrera erori zaizun izotz bolak ematen dizun minaren tamainakoa.
Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa da. Bere helburu nagusia lurraldeko kultura-ondarea gordetzea, babestea eta ezagutaraztea da. Milaka ondare-gai etnografiko, artistiko eta arkeologiko gordetzen dira bertan, bere funtsei buruzko azterketak ere egiten direlarik. 2015. urteaz geroztik, Gipuzkoako Arkeologiaren eta Paleontologiaren biltegia ere bada. Lurralde honetan burutu diren indusketetan eta aurkikuntzetan atzeman diren pieza arkeologikoak eta paleontologikoak zaintzeko helburua ere badu. Gehiago ezagutzeko Gordailuko web orria kontsultatu daiteke.
Bertan, liburutegia ere badago. Baina gordetako materialek ez dute oraindik funtsa antolaturik osatzen. Alegia, liburuak gela egoki batean bilduta daude, baina ez daude deskribatuta, sailkatuta, zuzen apaletan kokatuta. Honela, Ereiten, helburu nagusi batekin dabil Gordailuan. Pixkanaka, liburu eta aldizkariak katalogatu eta eskuragarri jartzeko lanean alegia. Gordailuaren funtsa eta Aldundiaren bilduma nagusia uztartu nahi dira. Hau da, Gipuzkoako Aldundiaren bilduma nagusiaren parte bihurtu Gordailuarena; nahiz eta material hauen gordeleku eta kontsultaleku Gordailua izango den.
Material motari dagokionez, liburuak eta aldizkariak daude gehien bat. Hauekin batera, beste hainbat funts eta bilduma partikular ere aurkitu daitezke. Eskuhartzea egitean, material asko dagoenez, lehentasunak ezarri dira. Lehenik liburuekin hasi gara, zehazki zaharberritzearekin zerikusia dutenak. Gai hauetako materiala oso berezia da eta interesgarria da lehenik hau prest izatea. Gainera bertan asko erabiltzen duten materiala da. Honekin batera, beste hainbat gaietako liburuak ere prestatu dira, hala nola, museologia, etnografia, artea, historia edo arkeologiari buruzkoak.
Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegia Gipuzkoako Foru Aldundiaren liburutegiaren egoitza izanik, bertan ezarritako katalogazio moldea jarraitu da Gordailuko liburutegia katalogatzeko. Hau da, Sailkapen Hamartar Unibertsalaren (SHU) bidez antolatu da funtsa. Behin katalogazioa amaituta, liburuak fisikoki apaletan kokatu dira. Horretarako txaplata eta barra kodeak ezarri zaizkie eta dagokion tokian instalatu dira. Orain arte guztira 2350 liburu prestatu dira eta beste 1000 liburu inguru gelditzen dira katalogatzeko. Liburuekin amaitzean, lehen aipatutako gaiekin loturik dauden aldizkariak ere eskuragarri jarriko dira.
Prestaketa lan guztiarekin bukatzean materiala Koldo Mitxelena liburutegiko katalogoan egongo da ikusgarri. Bertan, funtsetan Gordailua aukeratu eta katalogoan koltsultarako prest egongo da.
Oraingoz lanean jarraituko dugu pixkanaka material guztia katalogatu eta laister prest eta erabilgarri izateko.
Edurne Arocena
**Gordailuko irudia bertako webgunekoa da