Hondarribiko Liburutegian komunitatea nola sortzen dugun

Udal Liburutegiak leku publikoak dira, zerbitzu publikoak, beraien izenean jasota dagoen bezala. Beraz komunitarioa ere bada. Beste aldetik, liburutegia ez da soilik eraikina. Liburutegia, barruan dagoena ere bada. Liburutegia erabiltzaileak ere badira. Beraiek ematen diote zentzua. Erabiltzailerik gabe ez zen izango liburutegirik. Baina zer egin dezakegu gure erabiltzaileak ezin badira eraikinera etorri? Liburutegia beraiengana hurbildu. Eta horrela zerbitzu publikoa, komunitarioa, komunitatearena izango da.

Gure lan prozeduren helburu garrantzitsuenetarikoa komunitatea egitea da. Horregatik, Hondarribiko liburutegian urteak daramatzagu helburu hori aurrera eramaten. Urte guzti hauetan liburutegia eraikinetik atera dugu eta eskoletara joan gara, azokan postua jarri dugu, auzoko jaietan egon gara, baita surf jaialdian ere. Eta poliki-poliki gure mapa, gure komunitatearen mapa, osatzen eta handitzen ari gara.

Oraingo honetan erabiltzaile zehatz batzuengana joan nahi genuen: helduen erresidentzietan daudenengana. Arrazoi desberdinengatik han daude eta liburutegira, eraikinera, ezin dute hurbildu.

Baina horretarako gure mapa horren barruan dauden beste lagun batzuekin jarri ginen harremanetan: Nagusilan elkartearekin hain zuzen. Nagusilan, adin nagusikoen boluntariotza elkartea da. Beraiek, besteak beste, erresidentzietara joaten dira laguntza eskaintzera. Lan handia egiten dute bertan. Eta bertako boluntario batekin hitz egin genuen gure ideia azaldu eta praktikan jarri asmoz. Gure sarea osatzeko pausoz pauso egin behar da eta loturak ondo finkatu behar dira. Boluntarioak elkartekoekin hitz egin eta oso egitasmo interesgarria iruditu zitzaien.

Beraz, elkarte honen bidez Betharram erresidentziako arduradunekin harremanetan jarri ginen, eta bertako psikologo eta fisioterapeutarekin bilera egin genuen gure proiektua azaltzeko. Behin onartuta, datak zehaztu eta parte hartzaileen gaitasunen arabera bi talde osatu zituzten. Talde bakoitzean 12 pertsona egongo dira.

Beraien ezagutzarekin Liburutegia osatzea da gure asmoa. Informazioa eta harremana bi noranzkotan jaso nahi baitugu. Guk beraiei esan/eman eta beraiek guri osatuagoa itzuli.

Lehendabiziko saioan Ernesto Goiricelaya-ren “Alde zaharreko gauzak” liburua izan genuen lagun. Hasieran, urduri geunden, eta beraiek ere bai. Baina behin urduritasuna gaindituta, saioa benetan aberasgarria izan zen. Guk beraiei pasarte batzuk irakurri genizkien ozenki eta pasarte bakoitzaren ondoren hitz eta pitz hasi ziren: batek kontu bat horren inguruan, besteak beste bat, hirugarrenak beste zerbait gehitu… Eta horrela sarea osatzen aritu ginen. Komunitatearentzat garrantzitsua da beraien jakituria jasotzea. Beraien altxorra gurea ere badelako.

Honek jarraipena izango du, liburutegia osatzen jarraituko dugulako gure komunitate sareari esker.