Urte amaiera Getariako Liburutegian

Abendua iritsi da Getariako liburutegira. Kaleko freskurak bultzatuta makina bat herritar izan dira azken egunotan gurera gerturaturiko erabiltzaileak, haurrak haien etxekolan eta marrazkiekin, helduak eleberri askotarikoekin. Negua liburutegiaren alde datorren urtaroa izan ohi da, udako hondartza giroa atzean utzi eta apalategien arteko txokoak goxatuz pasatzeko garaia.

Aurten gainera bisita berezia izan genuen abenduak hamabost zituela: Uxue Alberdi idazlea etorri zen bere liburu berria aurkeztera, “La Belle” haurrentzako istorio ilustratua. Alberdik, hogei entzuletik gora bertaratutako arratsalde hortan, liburuaren gai nagusia azaldu zigun, zirkuan ibili zen German Rodriguez “German Txiki” getariarraren ibilbidea, hain zuzen ere. Germanen nondik norakoak kontatu zizkigun eta entzulegoak interes handiz hartu zuen bitxikeri andana hau. Gainera, German Txikiri Artzape aldizkarian eginiko elkarrizketa baten kopiak ekarri zituen, eta liburua osatzeko erabilitako informazio zehatzak azpimarratu zizkigun, gerora idatziriko istorioaren hastapenak eta gakoak zein ziren aurkeztuz. Txikienek harridura handiz jaso zuten liburu bat nondik eta nola hastearen prozesua. “La Belle”-ren pasarte batzuk irakurri zizkigun eta horrela literaturaz bustiriko arratsalde honi amaiera eman genion.

Hau, hala ere, ez da izan urte honen amaierako azkena berria. Izan ere, gabonak direla eta, beste urteetan baina liburu gehiago ekarriko ditugu herriko irakurleentzat, opari gisa. Tartean haurrentzako Txano eta Oscar bilduma osatuko dugu, Agatha Misteryren azken aleak ere gurean izango dira, bai eta liburutegiko langile diren Andoni Olaetxea eta Maite Caballeroren “Fin Barkua” ipuin ilustratua ere. Helduentzako nobedaderik ere badugu, noski, Anari Alberdiren “Gari eta Goroldiozko” eta Nerea Ibarzabalen “Bar Gloria”, besteak beste. Uzta berria gabonetan aterako dugu pixkanaka, erne beraz datozen asteetan. Esan bezala, kaleko giro freskoak ahaztu eta zatoz liburutegira elkarren artean irakurri eta gozatzera. Eta urte berri on!

Andoni Olaetxea