Getariako liburutegian belaontzian bizitako haurtzaroari buruzko hitzaldia
Datorren asteazkenean, urriak 5, 5. korapiloa izango dugu Getariako Udal Liburutegian. Hau da, bertako herritarrekin (itsas korapiloa komunitate loturaren metafora eta irudi gisa erabiltzen ari gara) eta belaunaldi ezberdinetako kideak nahasturik itsas mundua, bidaiak, abenturak, migrazioak eta kultura aniztasuna bezalako gaiak elkarrekin lantzeko eta gozatzeko saioak alegia. Martxo erdialdean hasi ginen korapiloekin eta ordutik korapilo bat landu dugu hilero. Oraingo honetan, kontakizun berezia izango dugu entzungai. Bertan Getariako Izar eta Hodei De La Hoz Agirre anai-arrebek itsasoan bizi izandako abenturak zein esperientziak ekarriko dizkigute. Izar eta Hodeik haurtzaro desberdina bizi izan zuten belaontzi batean bizi izan baitziren 10 urtez. Bizi esperientzia honen berri emango dute liburutegian.
Izar eta Hodei zein gurasoen erronka nagusietako bat haurren hezkuntza izan zen 10 urte horietan zehar. Urrutiko sistema baten bidez ikasi izan dute ama irakasle zutelarik. Honi buruz artikulu honetan irakur dezakezue gehiago.
Etxe gisa erabili izan duten belaontziak ‘Silver Cloud’ izena du eta 12 metro luze da. Honi buruz ere bada Argiak ateratako artikulu bat.