Martxoak 17: komikiaren eguna

Koldo Mitxelena liburutegiaren web orrirako sortutako berria da honakoa. Martxoaren 17an komikiaren eguna izendatu eta lehen aldiz egun hau ospatuko den honetan jarritako azalpena, eguna aitzakia gisa hartuta. Hemen ikusi dezakezue jatorrizkoa.

Aurten ospatuko da lehen aldiz komikiaren eguna martxoaren 17an. Egun honetakoa da TBO astekariaren lehen alea, 1917 urtekoa hain zuzen. Aldizkari hau 1998 urtera arte argitaratu zen eta urte luzez komikia edonoren etxeetara zabaltzeko bidea izan zen. TBO aldizkariaren izenburutik sortu zen Espainian komikia izendatzeko gehien erabiltzen den hitza bera ere, “tebeoa” alegia. Eta horregatik hautatu dute martxoaren 17a komikiaren eguna.

Gure ingurura hurbilduz eta gure komiki funtsak arakatuz, ez ditugu albo batera utzi nahi euskaraz ere hainbat urtez asteroko edo hilabeteroko maiztasunez argitaratu izan diren komiki aldizkariak. Lehena Txistu (1927), ondoren Poxpolin (1935) eta gerora Ipurbeltz (1977-2008) izan dira XXI. mendera arte milaka etxeetako umeen eskura egon diren euskarazko aldizkariak beste hainbat komikiren artean. Helduentzako komiki aldizkarien artean berriz, ez ditugu aipatu gabe utzi nahi Habeko Mik alfabetizazioak bultzatuta argitaratutako aldizkaria edo Napartheid fanzine munduaren erakusgarri izandakoa. Gaur egun aldizkarien eragina asko apaldu bada ere, Xabiroi aldizkariak ematen du komikia gazteengana eta paperean jasotzeko aukera.

Gaur egun, ordea, komiki aldizkariek baino toki gehiago hartzen dute gurean komiki istorio osoek, dela album moduan, nobela grafiko gisa edo manga motako bolumenetan. Eta horregatik da hain zabala gure komiki mailegagarrien funtsa KMKko Komikiteka gelan, liburutegiko lehen solairuan. Bertan 5000 komiki inguru topatu ditzakezue mailegagarri. Gaurko espreski hautatukoen artean hiru hauek azpimarratu nahi ditugu:

TBO aldizkariari buruzko liburua ‘Ediciones TBO, ¿dígame? : memorias secretas de una secretaria

Manga atalean abenturazko Billy Bat seriea. Urasawaren manga honetan xaguxar baten ikuspegitik Euskal Herria ere agertzen den komiki unibertsala

Argitaratu berria den eta Angoulemako komiki festibalean saritua izan den ‘Penss y los pliegues del mundo’ nobela grafikoa.