Yarin emanaldiaren mediazioa

Lekuonako Kultura mediazioetaz gain irailan Kukai Dantza taldearekin batera mediazio dinamika bat garatu dugu “Yarin” obraren inguruan.

Izenburua Maya eta Marín abizenekin egindako hitz-joko bat da. Izenburua bera jada obraren esentziaren adierazle da: bi abizen, bi kultura, bi dantza elkartzen diren esperientzia. Bide honetatik Jon Maya eta Andrés Marín dantzariek euskal dantza eta flamenkoa nahasten diren obra bat aurkezten digute. Obra hau 2022ko irailean Sevillako Flamenco bienalean aurkeztuko da (Teatro Central-en), eta 2023ko urtarriletik Euskal Herrian herriz-herri ibiliko da. Bi kulturen arteko nahasketa bat aurkezten da bertan, aniztasuna eta bizikidetza oinarritzat dituen prozesu artistiko baten bitartez.

Orain arte eman diren topaketa ezberdinen bitartez bi artistek elkarrizketa bat sortzen dute, dantza ulertzeko bi ikuspuntu ezberdinetatik. Egungo gizartea geroz eta anitzagoa da, eta oraina eta etorkizuna ezberdinen arteko harremanetik eraiki behar da; bakoitzak bere sustraiak errespetatuz, bidean topatu eta bidelagun izateko.

Kultura, hezkuntza eta gizartearen arteko harremana, ikuspuntu sozial eta politiko batetik, nahitaezkoa da bizikidetza eta aniztasuna oinarri dituen herri bat sortzeko. Horrela, kultura proiektu ezberdinei lotutako mediazio prozesuak beharrezkoak suertatzen dira herritarren partaidetza sustatu eta hauetan lantzen diren gaien inguruko hausnarketa, kritika edo debatea sortzerako orduan. Mediazio prozesu hau 3 egunetan banatu dira:

Irailak 14 / Mediazio saioa.

Bilkurak 90 minutuko luzapena izan du eta 2 zatitan banatu da:

  1. Lehen 60 minututan Yarín obra aurkeztuko dugu, horretarako lehen emanaldiko datetan grabatuko den “Making of” bideo bat erabiliko dugularik. Jon Maya bertan egon da eta proiektuaren nondik norakoak aurkeztu dizkigu.
  2. Ondorengo 30 minututan “3 minutu, bizitza bat” dinamika landu dugu.

3 minutu, bizitza bat’ dinamika:

Elkartuko garen kolektiboekin obrak oinarrian dituen aniztasuna eta bizikidetzaren inguruan hausnartzea garrantzitsua iruditzen zaigu, baina lanketa luzeago bat egiteko aukera faltan, dinamika azkar baina esanguratsu bat proposatu dugu. David Hornback argazkilariak BilbaoArten 2012. urtean egin zuen proiektu baten moldaketa bat da, eta argazkilariarekin berarekin garatuko dugu. Dinamika:

  • 100 urte baino gehiago dituen kamera bat erabiliko dugu parte hartzaileen erretratu bat egiteko.
  • Kamera honen funtzionamenduak erretratatuak 3 minutuz geldirik egon behar izatea dakar, argazkia mugitua atera ez dadin.
  • ‘3 minutu denbora asko da! Bizitza bat!’ Bai, hala da. Eta denboraren etete hau baliatu nahi dugu protagonistek hainbat gairen inguruan hausnartu
  • Behin argazkia ateratakoan denbora tarte horretan pentsatutakoak jaso ditugu: idatziz, audio grabaketa bidez, bideoz…

Irailak 15 / Dantza lantegiak

Deskribapena:

Euskal dantza eta flamenkoa uztartuko dituen dantza lantegi bat gauzatu da. Bertan Errenteriako “Muxikoak” eta “Ereintza” taldeko dantzariak bildu dira. Dinamika Jon Maya dantzariarekin hasi dute, Andres Marinekin amaitu dutelarik. Parte-hartzaileek bi kultura ezberdinen arteko harremana landu ahal izan dute dantzaren bitartez.

 

Ordua: 18:00tan

Lekua: Herri Arte Eskola

 

Irailak 16 / Yarin

Deskribapena:

Yarin emanaldia Atlantikaldiaren programaren barruan

Yarin’ek kulturen arteko topaketa bat proposatzen digu, zeinetan Jon Maya dantzariak eta Andrés Marín bailaoreak, Julen Achiary-ren zuzeneko musikaz lagunduta, elkarrizketa zintzo batean topatzen diren. Euren arteko ezberdintasunak agerian daude, baita, haien bitartez, elkarrekin bide komun bat eraikitzeko eta bihar baterako bide bidai bati ekiteko desioa ere. (https://kukai.eus/yarin/).

Ordua: 13:00

Lekua: Torrekua plazan