Archives: <span>Timeline Express Announcements</span>

Donostia 1813, gizarte zibila, gerraren biktima

Pasa den maiatzaren 24an, San Telmo Museoan Demagun Taldeak
antolatuta, gizarte zibilak gudetan duen biktima papera aztertu zuen mahai
ingurua izan zen,1813an jazotako Donostiako setioa abiapuntu hartuta. Bertan,
Arantxa Urretabizkaiaren gidaritzapean, Juan Carlos Mora (Ereiten) eta Lola
Valverde historialariek, Javier Sada idazlearekin batera parte hartu zuten.

6ko 12. Masafumi Yamamoto eta hamaika poeta

Ereiten Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan ikusgai den 6ko 12. Masafumi Yamamoto eta hamaika poeta erakusketan, publikoaren harrera zerbitzuaren arduradun izango da.

Collage eta poema originalez osatutako hamabi liburu biltzen dira erakusketa honetan. Bertan, Bartzelonan bizi den Masafumi Yamamoto artista japoniarraren eta hamaika idazleren arteko fusioa ematen da. Gazteleraz, katalanez, galizieraz eta euskaraz sortutako poema hauen egileak Alfonso Alegre Heitzmann, Vicenç Altaió, Noni Benegas, Juan Bufill, Chantal Maillard, Juan Ramón Makuso, Pello Otxoteko, José María Parreño, Andrés Sánchez Robayna, Benet Rossell eta Eva Veiga dira. Aipatutako Bufill poeta bera, Yamamotorkin batera plastika eta hitza nahasten dituen erakusketa honen koordinatzaileak direlarik.

Erakusketa ekainaren 9 arte zabalik egongo da, asteartetik larunbatera, 16:00tatik 20:00tara.

Eskaner berria Ereitenen

Ereitenek formatu handiko materialen koloretako digitalizaziorako Océ CS4236 eskanerra erosi du. CIS teknologia integratzen duen lehen Océ eskanerra da eta honen bidez, dokumentuak bereizmen handiz (1200 x 1200 ppp) digitalizatu daitezke, hau da, xehetasun txikiena ere atzemateko gai da.  

Gainera, Océ CS4236 eskanerrak energia kudeaketa optimizatzen du, Energy-Star programa amerikarra eta RoHS zuzentaraua betez eta, era berean, bere fabrikazioan ISO 14001 ingurugiroaren kudeaketarako nazioarteko araua errespetatuz.

Bergarako Besarkadaren oroigarria

Bergarako besarkadaren inguruko oroigarria ireki da Bergarako Irizar Jauregian, Maroto general karlistak eta Espartero general liberalak 1839ko abuztuaren 31n Lehen Gerra Karlistari bukaera emango zion hitzarmena berretsi zuten tokian hain zuzen ere.

Ekimen honetarako Besarkadak. Bergarako bake hitzarmena gogoan izenburuko liburuxka prestatu dute David Zapirain (Ereiten) eta Juan Carlos Mora (Ereiten) historialariek.

Ordutegia:

Astelehenetik Ostiralera: 10:00etatik 20:00tara

Jaiegunetan: 10:30etatik 13:30etara

Honekin batera, apirilaren 20an, ostirala, arratsaldeko 19:30tan Irizar Jauregian David Zapirainen hitzaldia antolatu da Bergarako besarkadaren inguruan.

 

Ereiten Donostiako Untzi Museoan

Alvarez de Eulate artista hil da

Xavier Alvarez de Eulate (Donostia, 1919-2012) artista hil da 93 urte zituela Bermeoko frantziskotarren komentuan. Arantzazuko beira-leihoen egile, espiritualitatea eta artea izan zituen bere bizitzako ardatz.

Larraitz Arretxeak (Ereiten) katalogatu zuen bere obra eta iazko azaroan, Mikel Lertxundirekin batera komisariatutako erakusketa antologikoa zabaldu zuten Donostiako Kutxa Boulevard aretoan bere lanekin. 

Arkitektura, noizko?

Ereiten Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan zabaldu den Arkitektura, noizko? erakusketako publikoaren harreraren arduradun izango da.

Erakusketa honek Donostiako Nautiko eraikinaren sortzaile izan ziren Jose Manuel Aizpurua (Donostia, 1902-1936) eta Joaquin Labaien (Tolosa, 1900-1996) arkitektu arrazionalisten zenbait proiektu biltzen ditu. 1927-1936 urteetan burututako hainbat proiektu aurkezten dira bertan, hala nola dokumentu original, argazki, aldizkari, plano eta sekula eraiki ez ziren proiektuen maketak erakusgai jarri dira.

Aizpuruak 1930eko martxoaren 1ean La Gaceta literaria aldizkarian argitaratutako ¿Cuándo habrá arquitectura? artikuluak ematen dio izena erakusketa honi. Bertan ideia erradikalak aukezten ditu, arkitekturak arrazional eta funtzionalagoa izan behar duela baieztatuz, hau gizartearen zerbitzura egoteko beharra azpimarratuz.

Erakusketa Apirilaren 21 arte zabalik egongo da, asteartetik larunbatera, 16:00tatik 20:00tara.

Leizeak. Irudiaren labirintoak

Ereiten Koldo Mitxelena Kulturuneko Erakustaretoan zabaldu den Leizeak. Irudiaren labirintoak erakusketako pedagogia-programa, publikoaren harrera eta bisita gidatuen arduradun izango da.

Ramon Esparza, arte kritikaria eta EHUn ikus-entzunezko komunikazio irakaslea, erakusketako komisarioa da eta bertan, lau artista garaikideren lanak biltzen dira: Iñaki Gracenea (Hondarribia, 1972), Javier Arce (Santander, 1973), Henna Nadeem (Leeds, 1966) eta Sheena Macrae (Kanada).

Frantziako nouveau roman literatur mugimenduak bereganatutako Andre Gideren Mise en abyme (leizean ezartzea) kontzeptua, hau da, kontakizunaren barneko kontakizuna figura erretorikoa du oinarri. Honetan, lau artistek irudiaren eremura ekarri dute,  irudiaren barneko irudia kontzeptuaren irakurketa eginez.

Erakusketa Maiatzaren 26rarte zabalik egongo da.


Bergarako besarkada

Bergaran, laster irekiko den Bergarako Besarkada ospetsuaren inguruko erakusketan lagun izango duzuen liburuxka ekoiztu dugu.

Ereitenek EHUko erakusketa koordinatu du

Azaroaren 21ean, 1936an Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zeneko 75.urteurrena aintzat hartzen duen erakusketa ibiltaria ireki zen: “Amets baten oinordeko gara”. Erakusketa honek biltzen dituen dokumentu eta irudiak ikusgai daude honako helbidean http://www.ehu.es/ametsbatenoinordekogara/ Martxoan zehar ikusgai egongo da Arabako Campuseko Las Nieves aularioan.

Urteko hasikinak ere iritsi dira

Bata, iaz Bilboko Arte Ederretako Museoan hasitako ekimenaren segida, bertako agiriak digitalizatzeari ekingo diogu.

Bigarrena, Gipuzkoako Herri Kiroletako Federaziorako hasitako aplikazioa: http://www.gipuzkoaherrikirolak.eu

Azkenik, beti bezala, uzta oparoa izateko, are gehiago krisi gorrian, etengabeko formakuntzarekin segitzen dugu. Gure hurrengo esparrua agiri elektronikoena izango da, batez ere udaletxeei zerbitzu hobeagoa eskaintze aldera.

Laster gure berri gehiago.

Ereiten Donostiako Aquariumean

Donostiako Aquariumean Ereitengo gidak ere aurkituko dituzue martxotik aurrera, bisita gidatuak edo umeentzako tailerrak egiten.
 
Edukiak, kasu honetan, Aquariumenak dira, eta guk bakarrik lagunduko dugu zabaltzen. 

Arraien artean lan egitea plazerra izango da…

Eureka! Zientzia Museoan jarraituko dugu

Eureka! Zientzia Museoaren atelier eta bisita gidatuen ardura izango dugu laugarren urtez jarraian. Kulturaren hedapena oina duen egitasmoa garrantzitsu honen zati izatea handia da guretzat eta urte hauetan zehar garatu dugun lanari esker eskuratu dugu aukera hau.

Xavier Alvarez de Eulate erakusketa Kutxa Boulevard Aretoan

Azken
ostegunean, azaroak 10ean, Kutxa Boulevard Aretoan Xavier Alvarez de Eulate
erakusketa inauguratu genuen.

Larraitz
Arretxea eta Mikel Lertxundi izan dira erakusketaren komisarioak eta
katalogoaren egileak.

Abenduak
11 arte zabalik egongo da.

Garapen teknologikoarekin bat egiten dugu

EREITEN-ek ETORGAI programako proiektu batean, kultur enpresa moduan,
parte hartzen du beste hainbat enpresa eta zentru teknologikoekin
batera, kultur enpresak garapen teknologikoarekin bat egin eta
eskainitako zerbitzuen kalitatearen hobekuntza eta kultur merkatuan
euren posizioa sendotzeko honen abantailak gehitu beharraren uste osoa
baitu.

Programa honen helburua da sektore estrategikoetan industria-ikerketako proiektu integratuak egiteko aukera bultzatzea, eta lankidetza publiko-pribatua sustatzea Ikerketa eta Garapen Teknologikoan eta Berrikuntzan, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomian trakzio-efektua eragin dezaten, ETEen esku-hartzea eta I+Gko Europako VII. Esparru Programan sartzea ahalbidetuz.

EREITEN buletina



EREITENek
bere bezero, kolaboratzaile, lagun eta kideei igortzen dien buletina jaso nahi
baduzu, info@ereiten.com helbidean eskatu
eta plazer handiz gure harpidetza-zerrendan sartuko zaitugu.