blog

luGORRI

Bloga

Eusko Nekazarien Bazkuna

Nekazarien
eta euskal abertzaletasunaren arteko erlazioa asko ikertu gabeko gaia
den arren, ezin uka daiteke estu lotuta egon direla azken mende eta
erdian, Sabino Aranaren garaitik aurrera alegia. Dena den, XIX. mende
amaierako eta XX. mende hasierako euskal literatura eta arteak nekazal
mundua identitate nazionalaren elementu idiosinkrasiko modura sailkatuta
ere (arraza, hizkuntza eta euskal bertuteen zaindari), euskal
abertzaletasunak ez zuen nekazal programa bat izan XX. mendeko 30.
hamarkadara arte. Horren bultzatzaile nagusi izan zen Euzko Nekazarien
Bazkuna edo Asociación de Agricultores Vascos izenez ezagutzera eman zen
elkarte sindikala, gipuzkoar lurraldean 1933an sortua eta 1934tik
aurrera Getarian presente egon zela jasota dagoena udal artxiboan.

Euzko
Nekazarien Bazkuna katoliko, euskaldun eta solidario modura
autodefinitzen zen. Sortu zen unetik, helburu nagusia euskal nekazariak
baserriaren defentsarako batzea zen, jabetza berrietarako erraztasunak
emanaz, berrikuntza eta alokairu kontratuak babestuz eta erreforma
teknologiko zein higienikorako pizgarriak eskainiz. Horretarako,
kooperatiben eta kreditu zein mutua instituzioen sorkuntzak bultzatu
zituen, betiere, nekazaria gehiegizko fiskalitatetik babesteko asmotan.
Argi dago nekazal munduaren garapen ekonomikorako eta nekazarien bizi
kalitatea hobetzeko baliabideak eskaini zituztela, baina, zergatik?

Bigarren
errepublikaren hasieratik, masen politizazio eta gatazken
hazkundearekin, alderdi politikoen zati handi bat nekazalgoaren botoa
erakartzen saiatu zen, EAJ/PNV alderdiak E.N.B elkartearekin egin zuen
moduan. Aipaturiko alderdiak, elkarte honen bidez, abertzaletasuna
zabaldu eta alderdiaren gertukoak ez ziren sektoreengana gerturatzeko
maniobra egin zuen. Ezin da aipatu gabe utzi, gainerako espainiar
lurraldean gertatzen ez zen moduan, egungo Euskal Autonomi Erkidegoa
osatzen duten hiru lurraldeetan ez zela ezkerreko nekazal sindikaturik
existitzen, Euzko Nekazarien Bazkunari bidea libre utzi ziona.

Udal
aktetako aipamen bakarra 1934ko ekainaren 10ekoa da. Bertan, aipatutako
elkartearen idatzi bat aipatzen da, non aztergai dugun elkartea
udaletxeko nekazal komisioan sartzea komenigarria izango litzatekeela
aipatzeaz gain, udaletxeari ondorengo eskariak egin zizkion:

  • Hiltegiko araudiaren zuzenketa.
  • Nekazal haurtzandegiaren sorkuntza.
  • Bideen konponketa.
  • Egoera txarrean aurkitzen ziren baserrien konponketa egitera behartzea zegokien jabeei.
  • Nekazal produktu onenak saritzeko lehiaketak antolatzea.

Eskari hauek jendea erakarri ahal zuten? Nekazal botoaren gorakada eman zen? Udal artxiboko lanek ekarriko dute erantzuna.

Xabier Etxeberria

*Irudia:
Donostiako Lurdesko Andra Mariaren elizan (kaputxinoak) Euzko
Nekazarien Bazkunak eginiko topaketa 1935ean. Iturria: Kutxa Fototeka

Bloga

Aztarna Karlistak Villabonako artxiboan

Gerra
Zibilaz hitz egiten dugunean beti datorkigu burura berriena, XX.
mendean gertatu zena eta gaur egun oraindik guztien ahoan dagoena
Memoria Historikoari esker. Honetaz gain, ordea, gertatu dira beste hiru
Euskal Herrian eragin zuzena eta handia eduki dutenak baina
kronologikoki urrutiago dauzkagunak, izan ere, XIX. mendean gertaturiko
gerra karlistek gure lurretan liskar garrantzitsuak eragin zituzten.
Hemen aurkeztuko dugun dokumentua lehenengo karlistadan hil ziren
Villabonako herritarren zerrenda bat da, datu pertsonal desberdinak
jakinarazten dituelarik.

Lehenengo
Gerra Karlista 1833 eta 1940 urteen bitartean gertatu zen eta nahiz eta
estatu mailakoa izan, iparraldean gertatu ziren gatazka gogorrenak,
Euskal Herrian eta Katalunian batez ere. Fernando VII. hil zenean 1830
urtean, ondorengotzarako Santzio Pragmatikoa ezarri zuen emakumeak ere
erregina izan ahal izateko, ez baitzuen semerik eduki. Hil ondoren
ordea, bere anaia zen Karlos Maria Isidrok ez zuen Isabel II.a onartu
eta bere burua errege izendatu zuen. Honek eman zion hasiera lehenengo
karlistadari. Alde batetik beraz, karlistak edukiko ditugu,
absolutistak, antzinako erregimenaren aldekoak eta foruen aldekoak,
herritar xumeek osatzen dute talde hau batez ere; eta beste aldetik
isabeldarrak, liberalak, elizaren boterea murriztearen alde daudenak,
burgesak egongo dira hauen artean.

Euskal
Herrian beraz, eta batik bat Gipuzkoan, Donostia izan ezik gainontzeko
herri gehienak karlisten alde egongo dira foruak babestu nahian. Edonola
ere, pixkanaka plazak galduz joango dira, horrela, Hondarribia,
Oiartzun, Andoain edo Irun galduko dituztelarik. 1836 urteko maiatzean,
Donostia setioan zegoen eta karlistak aurrera eginez zihoazen.
Isabeldarrek ordea, atzerriko herrialdeen babesa zuten, izan ere,
Frantzia, Ingalaterra eta Portugal Isabel II.aren eta liberalismoaren
aldekoak ziren. Horrela gauzak, ingelesek laguntza bidali zuten eta
Kontxako badian maiatzaren 5ean Phoenix eta Salamander gerraontziak
erasorako prest egongo dira. Bataila gogorra izan zen isabeldarrek
irabazi zuten hau, hildako askorekin, beste batzuen artean, Jose Antonio
de Echeverria, 5. batailoiko soldadua, Bartolome eta Mª Francisca
Urangaren semea, baserritarra, 21 urtekoa. Karlistek orduan, Hernanira
atzera egin behar izango dute eta Donostiako isabeldarrek, ingelesek
zuzenduta hemendik aurrera, eraso egitea erabakiko dute Ametzagaina
zeharkatuz. Ametzagainako liskarren lekukoa bada gure dokumentua, hor
erori baitzen Juan Jose eta Mª Francisca Isasaren seme zen Jose Antonio
Beñaran artilleroa 21 urterekin 1836ko irailaren 5ean. Hilabete batzuk
beranduago, 1837ko martxoan Oriamendiko gatazka emango da eta ingelesek
Donostiara atzera egin beharko dute.

Esan
beharra dago hala ere, aurkezten ari garen zerrendan agertzen diren
gizon guztiak ez zirela batailetan hil edo gatazken ondorioz jasandako
zauriengatik. Batzuk preso egonda hilko dira. Ignacio de Eguino
Villabonan bertan egin zuten preso 1834ko urtarrilaren 14an eta
Santanderren urriak 9an hilko da askatasuna lortu gabe. Beste batzuk
“peseteroek” erailko dituzte, Francisco Eguibar eta Jose Miguel Genoa
kasu. Lehenengoa 18 urtekoa eta beste anai bat gerran edukiko duelarik,
Segura inguruan hilko dute 1835 urte hasieran; eta bigarrena,
konfidentea, Lizartzako aduanan urte berean. Karlisten artean
“peseteroak” izenarekin ezagutzen ziren Isabel II.aren alde borrokatzen
zuten boluntarioak, egunean pezeta bat irabazten zutelako. Honetaz gain,
“txapelgorri” izena ere jasotzen zuten, janzten zuten txapel
gorriagatik.

Villabonako
artxiboan baditugu hainbat dokumentu Gerra Kalistak gai dituztenak.
Beste batzuen artean 1875 urtean, mikeleteekin bat egiteko 40 eta 50
urte bitarteko herritar boluntarioen izen emateak (sig. 72-19) edo 1876
urteko herriko karlisten zerrenda bat (sig. 611-01) aurki ditzakegu.
Oraingoan hemen aurkezteko ordea, beste bat aukeratu dugu. Honetan
lehenengo karlistadaren garaian eta 1837ko abuztuaren 12 arte gatazkan
edo jasan zituzten zaurien ondorioz ospitalean hil zirenen zerrenda bat
aurkezten zaigu. Dokumentu honetan gizon bakoitzari buruzko datu
desberdinak adierazi dira, lehenengo gauza jaioterria izango da eta
ondoren izen abizenak, Andoaingo bat izan ezik, Villabona eta
Zizurkilgoak denak, hortaz, hasierako aurkezpen bat izango da. Ondorengo
bi kolometan armadako informazioa eskaintzen digute, parte hartu izan
zuteneko batailoia eta klasea, gehienak soldaduak, baina badaude zenbait
sarjentu, kaporal, konfiantzazkoak edo konfidenteak eta artilleroak
ere. Hurrengo koloma “Media filiación y circunstancias” deitzen da,
oraingoan gurasoen izenak, bizi zen etxearen izena, beste anaiaren bat
zuen ala ez eta horrek gudan parte hartu zuen ala ez, lanbidea eta adina
emango dizkigute, orokorrean nekazariak eta 18 eta 35 urte bitartekoak.
Azkenik, nola, noiz eta non hil ziren esaten digu dokumentuak.
Gipuzkoako herri desberdinetan gertaturiko liskarrak aipatzen dira
hemen, Hernani, Tolosa, Bergara, Ibarra, Amezketa, Villabona, Getaria,
Donostia, Berrobi, Ametzagaina, Hondarribia eta Urnieta; baita
Gipuzkoatik kanpoko beste bataila batzuk ere: Urduña, Santander,
Lizartzako aduana eta Bilboko setioa esate baterako.

Dokumentu
baliogarria beraz eskuartean dugun hau ere bai, bai gure arbasoei
buruzko informazioa jaso ahal izateko, baita gure historiaren zati bat
islatzen duelako ere.

Amaia Mendizabal

Bloga

Garaia da

Gipuzkoa
tradizionalean udalaren ardura zen auzokoen oinarrizko bazka bermatzea.
Herriko ostatua ondo eta kalitatez hornituz; laboreen prezioa
murriztuz; salmentetan erabiltzen neurtzeko gailuak kontrolatuz…
Gorputzaren bazka ez ezik, izpirituarena ere zaintzen zuen udalak. Esate
baterako, apaizak hautatzen zituen eta elizaren lanak eta mantenimendua
bere gain hartzen zituen. Izan ere, gure egungo hizkeran, udal
“azpiegiura” zen hura ere.

Tradizioa,
baina, ez zegoen beti berrikuntzarekin borrokan. Tira, bai, gehienetan.
Baina tarteka biak uztartzeko aukera zegoen. Hala gertatu zen orain
dela 120 urte Asteasun. Eliza oso egoera kaxkarrean zegoen; udalak hura
zaharberritzea erabaki zuen, istripurako arriskua oso nabaria baitzen.
Horiek horrela, lanak abiatzear zirela 1896ko maiatzean, alkateak
ordulari berria eta modernoa jartzea proposatu zion udalbatzari.
Proiektu asko omen zeuden mahai gainean herrian, baina jada
komunitatearen bizitza ez omen zen eskilen soinuan mugitzen,
ordulariaren erritmoan baizik. Hala zioen alkateak: El Señor
Presidente manifestó que según noticias iban a dar principio en breve
las obras de reedificación de la torre de la iglesia, y que hallándose,
como es notorio, en muy mal estado el reloj de la misma, sometía a la
deliberación de sus compañeros el punto de si se debía acordar la
adquisición de uno nuevo provisto de esfera y aunque son muchos los
proyectos que el Ayuntamiento desea poner en ejecución en el próximo
ejercicio, animados todos por los mejores deseos para llevar a cabo
obra tan conveniente para el vecindario, se acordó autorizar al mismo
Señor Alcalde para hacer las gestiones convenientes para su adquisición.

Horretarako,
Inazio Zubillaga erlojugilearen eskaintza onartu zuten. Ordulariaren
izaera modernoa beste behin ere uzten dute agerian: Reloj con 8 días
de cuerda, horas con repetición y con cuartos de hora y toda la
maquinaria de bronce, cuerdas metálicas, todo ajustado o arreglado al
estilo de los últimos adelantos y con dos esferas. En 5000 reales.

Are, soldata ez ezik, lana egin bitarteko mantenua ere udalaren kargu dela zehazten da tratuaren baldintzetan: Advirtiendo
que las pesas y mi manutención del tiempo de colocación de dicho reloj
serán a cuenta de ese municipio y todo lo demás así como transporte irá a
mi cuenta. Tratuan beste elementu bat sartu zuten: ordulari zaharra,
hain zuzen ere. Nonbait, Zubillagak haren piezak berriz erabiltzeko edo
gailua bera konpontzeko interesa zuen. Horrela, Referente al nuevo reloj
parroquial de esa (Villa) y sus condiciones, debo manifestarle a Usted y
al Ayuntamiento de su digna presidencia que me comprometo a hacer y a
instalar el nuevo reloj parroquial de esa bajo las condiciones ajustadas
por esa corporación y por la suma de 1000 pesetas y el reloj viejo.

Azkenik, lanak amaitu, erlojua elizan paratu eta funtzionamendua konprobatu egin zuen udalak berak, 1897ko urtarrilean: Y
examinado dicho reloj después de su instalación por un inteligente
declaró que el Ayuntamiento había hecho una excelente adquisición y en
favorables condiciones…

120
urtean behin laguntza eskatzen duen laguna dugu ordularia. Izan ere,
berriz ere matxuratuta dago. Hau konpontzeko auzolana da aukerarik
onena. Denona baita erlojua; ondarea. Etorkizuna eta iragana batzen duen
pieza da, zalantzarik gabe, denboraren tik-tak.

EKAINAREN 14an ORDULARIA NOLA KONPONDU AZTERTZEKO BILERA UDALETXEAN!

Amagoia Piá

Bloga

Aseguru sozialak Getarian

Industria Iraultza eta
mekanizazioaren pixkanakako aplikazioarekin lan-harremanen kontzeptu
berri bat sortuz joan zen. Instituzio eta erakunde ezberdinen gai
sozialekiko kezka edo ardura geroz eta handiagoa bihurtu zen, langile
mugimenduaren bultzadaren ondorioz hein handi batean.

XIX.
mende amaieratik aurrera gai sozialei loturiko legeak ugarituz joan
ziren europar lurralde osoan zehar, baita Euskal Herrian ere. Hala ere,
euskal lurraldeetan hauen ezarpena oso geldoa izan zen, batez ere 1919
urtera arte. 1908an eratutako “Instituto Nacional de Previsión”
izenekoaren eskutik aurrerapauso nabarmenagoak ematen hasi ziren eta
1919tik aurrera Derrigorrezko Aseguru Sozialen sistema aplikatzeko lehen
pausoak ematen hasi ziren, gastu sozialaren hazkundea eraginez. 1919
eta 1935 urteen artean lau derrigorrezko aseguru garrantzitsuenak
aplikatzeko legeak atera ziren argitara, ezarpen erritmo oso
ezberdinekin: Derrigorrezko Langile Erretiroa (1919), Derrigorrezko
Amatasun Asegurua (1922), Derrigorrezko Lanuzte Asegurua (1931) eta
Derrigorrezko Istripu Asegurua (1932).

Getariaren
kasuan lehenengo eta azkeneko aseguruen aipamen zehatzak ditugu
udalbatzarretako aktetan. Lehenengo asegurua diogunean, Derrigorrezko
Langile Erretiroaz ari gara. Aseguru honen hartzaileak 16 eta 65 urte
artean eta urtean 4000 pezeta baina gutxiago jasotzen zituzten
soldatapeko langileak ziren. Legea, ofizialki, 1919an argitara atera
arren, Getariako udalbatzarretako aktetan ez da 1921eko urriaren 20 arte
inongo aipamenik egongo. Bertan Probintziako Aurrezki Kutxako
ikuskatzailearen komunikazio bat irakurtzen da, non udala, urtean 4000
pezeta baina gutxiago jasotzen duten bere langile guztiak Derrigorrezko
Langile Erretiro aseguruan izen ematera behartzen duen. 1921eko
azaroaren 5eko udalbatzarreko aktan aldiz, hartzaileak zeintzuk ziren
zehazten zuen Probintziako Aurrezki Kutxaren zirkular bat irakurri zela
aipatzen da.

Derrigorrezko
Istripu Aseguruen legea, ofizialki, 1932an argitara atera zen, eta
Getariako udalbatzarrean 1933ko apirilaren 6an aipatzen da lehen aldiz.
Bertan Derrigorrezko Aseguru Sozialen ikuskatzailearen komunikazio bat
irakurri ondoren, aipaturiko aseguruaren aplikazioa beste udaletan nola
egin zuten informatzea adostu zuten. 1933ko ekainaren 1eko
udalbatzarrean udal langileak aseguratzea adosten da “en las condiciones
más ventajosas, incluso personal de obras como obreros eventuales”.

Xabier Etxeberria

Irudia: Derrigorrezko Langile Erretiroaren hartzaileak zehazten dituen pasartea (1921-11-5). Iturria: Getariako artxiboa

Bloga

Udal aktak: Gobernuaren mamiaz gain, garaiko gizartera hurbiltzeko tresna

2013
urtetik, Oiartzungo Udalak bertako artxiboan gordetzen den funtsen
edukia hedatzeari ekin dio. Horretarako udal mailan sortutako
dokumenturik esanguratsuenekin hasi da: udal-akta liburuekin hain zuzen
ere. Ez da ekimen berritzailea; hainbat eta hainbat herri dira funts
horien inguruan proiektu ezberdinak egin dituztenak, beti ere gure
iraganaren zati garrantzitsu eta uste baino ezezagunagoak jendearengana
hurbiltze aldera.

Dokumentazio
horri ekiteko irizpide ezberdinak eman dira, bai kronologikoki, bai
proiektuaren beraren mamitik: lana egiteko hautatutako materialak ez du
beti hurrenkera duen denbora-irizpideri izan eta, era berean, batzuetan
digitalizazioa burutu da, beste batzuetan hustuketa eta hainbatetan, bi
lanak uztartu dira: Pasaian edo Errenterian esaterako. Oiartzungo Udalak
aurretik digitalizazioari leku egin zion; aipatutako urtetik, ordea,
hustuketari bideak ireki dizkio, hau da, akta liburuetan gordetzen den
informazioaren ildo nagusiak euskarri informatiko batean islatzeari,
bertako gaien inguruko laburpenak datu base batean ipiniz. Euskara
hutsean egindako lana dugu, gainera. Azken irizpide hau azpimarratzekoa
dugu, batzuetan halako proiektuak elebidunak izaten direlako edo
aitzitik, gaztelaniaz bakarrik daude; alde batetik praktikotasuna bilatu
daiteke, aktak hizkuntza honetan baitaude eta hustuketa lanak azkarrago
egiten dira.

Lana
burutzeko ardatz kronologikoa aintzat hartu da, liburu zaharrenetik
hasi eta hurrenkera kronologikoa jarraituz. Izan ere, materialik
zaharrenak normalean irakurketa aldetik zailtasun handiagoak aurkezten
ditu. Modu honetan, 2013-2016 epean 1658tik hasi eta 1707 urtera arteko
dokumentazioa hustu da: 33 liburu, ia 7.000 orri eta 4.700 fitxa
pasatxo.

Egiari
zor, ez dira oso akta zaharrak. Hau hala izateko arrazoiak anitzak izan
daitezke: bilerak idatziz islatzeko ohitura falta, behar eza, gerrate,
sute, uholde edo bestelako gertakariek eragindako kalteen ondorioz
gertatutako dokumentazio galera… Edonola ere, horrek ez du esan nahi
dokumentazioaren muina antzua dutenik, ezta gutxiago ere.

Datozen
hilabeteotan hori frogatzeko aukera izango dugu. Udalak 2016ko
urtarrilean ateratako oharrak prentsan izan zuen oihartzunaz gaindi (1),
oraingoan beste ekimen bat abian jarri da; egindako lana ikusgarriago
egiteko asmoz eta ildo honetatik, jendeak bere herriak gordetzen duen
dokumentazioak ematen dituen aukerak helarazteko helburuaz. Horretarako,
hilero berri txikien bitartez aktetan topatutako datuei lekua egiten
saiatuko gara: batzuk ezagunak, ohikoak izango dira; beste zenbait,
aldiz, ilunagoak; hainbat eta hainbat, ustekabekoak. Guztiek, baina,
herriaren izena eta izana, iragana eta oraina ulertzen laguntzen dute.
Helburua, funtsean, jendeak “paper zahar eta zatar” moduan hartu
ditzakeen dokumentuak gaur egungo gizartean balioan jartzea da. Honela,
XVII. mendearen erdialdetik XVIII. mende hasiera arteko gertakari edo
erabakien berri emango dugu.

Aktetan
hamaika gai dira jorratzen dira. Horietan udalbatzaren ikuspegia
gailentzen da, eta bereziki bere interesak agerian geratzen dira: garia,
haragia, ardoa, sagardoa edo olioa bezalako oinarrizko produktuen
hornidura; txistularia, organojolea, erlojuzaina, medikua, botikaria edo
maisua bezalako funtsezko hainbat zerbitzuen bermaketa, udal-ondasunen
errentamendua, gastu eta beharrei aurre egiteko dirua lortzeko bideak,
bideen mantenua, basoenganako ardura… Baina horrez gain, oiartzuarren
kezka, eskaera eta arazoei buruzko berriak biltzen dira. Izan ere,
udal-batzarreen ohiko erregistroez gain, sortetan bestelako
dokumentazioa agertzen zaigu: erakunde zein pertsona ezberdinek
udalbatzari zuzendutako idatzi, eskaera, gutun eta abar, hain zuzen ere.

(1) Udaleko web-gunean 2016-I-19an eskegi zen oharra ikusteko: http://oiartzun.eus/eu/Iragarki_Taula/Udal_berriak/20160119/Artxiboaren_hustuketa_euskaraz_hutsez_egiten_ari_da_Udala_lehenengoz).
Bertako, eskualdeko zein Gipuzkoako hainbat hedabideek ere, notiziaren
berri eman zuten. Besteak beste, Aski Prexko-k, 137. zenbakian (2016ko
urtarrila) (https://issuu.com/oiartzungoudala/docs/137_ap); Oarsoaldeko Hitza-k, 19an bertan (http://oarsoaldea.hitza.eus/2016/01/19/xvii-mendeko-udalen-akten-hustuketa-euskara-hutsez-egiten-ari-dira/) eta hiru egun beranduago, El Diario Vasco-k, urtarrilaren 22an: (http://www.diariovasco.com/oarsoaldea/201601/22/artxiboaren-hustuketa-euskara-hutsez-20160122000850-v.html).

Bloga

“…Será observado durante 40 días…”

Denek
dakigu nor den Louis Pasteur (1822-1895), pasteurizazio prozesu
famatuaz gain beste hainbat aurkikuntza egin zituen medikuntzaren
inguruan. Antisepsiaren gurasoetako bat izan zen, ebakuntzetan
erabiltzen zen materialaren esterilizazioari esker heriotza eragiten
zuten hainbat gaixotasun saihestuaz. Baina gainera,
infekzio-gaixotasunen ikertzaile handia ere izan zen. 1880 urtean
hegaztien koleraren inguruko ikerketak egin zituen eta 1885 urtean
amorrua (hidrofobia izenez ere ezaguna) gaixotasunaren aurkako bakuna
lehenengo aldiz frogatu zuen haur batean.

Bitartean
Asteasun Osasun Batzordeak hainbat neurri abian jartzea erabaki zuen
1867 urteko gutun batean ikusi dezakegun bezala. Hidrofobia gaixotasun
kutxakorrak hain eragin beldurgarriak zituen neurri benetan zorrotzak
proposatzen zirela. Batetik, zakurrek gaixotasuna hartu ez zezaten:
“…todos los perros de esa villa (…) se encierren por un periodo
cuando menos de 40 días (…) disponiendo acto continuo la muerte de
todo aquel que se encuentre fuera de su casa…”; bestetik, gizonen bat
kutsatua izan den ikusteko “…el hombre mordido por dicho perro será
observado todos los días por los facultativos(…) durante al menos 40
días (…) y propinándole durante dicha observación los medicamentos que
aconseje la ciencia”; eta gainontzeko aziendak kutsatu badira,
“Respecto a los ganados mordidos se reconozcan todos los días y a la
menor indicación de estar enfermos (…) se matarán sin consideración de
ninguna especie y serán enterrados con una profundidad conveniente.”

Honelako
babes neurriak hartzeko idatzitako 2 gutun ditugu artxiboan, bata 1853
eta bestea 1867 urtekoa. Azken hau da goian aipatutako neurri zorrotzak
agintzen dituena. Lehenengoan, 1853 urtekoan, behi batek zakur gaixotu
baten hozkada jaso zuela eta listua jariatzen zegoenez hil eta sakon
lurperatzeko agindu zuten, baserriko gainontzeko aziendak ere
ikuskaritzapean geratuko zirelarik.

Baina,
1889 urtean Pasteur jaunaren amorruaren inguruko aurkikuntzak ongi
ezagunak ziren. Ordundik aurrera ditugun gutunetan azienden
babes-neurriak berdinak izaten jarraitzen zuten arren, gaixoturik gerta
zitezkeen pertsonenak oso bestelakoak ziren. Honela dio gutunak: “…que
un perro ha mordido al niño José Manuel Sarasola…disponga su envío al
Instituto Pasteur de Paris o al de Ferran de Barcelona…”. Haur honen
kasu zehatzean Parisera bidali zuten gastuak Udalak eta Foru Aldundiak
erdibana ordaindu zituztelarik.

Amagoia Piá

Argazkia: Asteasuko Udal Artxiboa, 0017-02.

Bloga

Desamortizazioa

Zorra.
Jakina da egungo gizartean zor publikoak edozein politika gidatzeko
duen pisua erabakigarria dela. Atzera begiratuz gero, bat azkar
konturatu daiteke historiako pasarte asko ere baldintzatu dituela.

Herri-zorra
denboran zehar oso presente egon den moduan, hau gutxitzeko era
ezberdin eta ugariak erabili izan ditu estatuak. Horren adibide argia
izan zen desamortizazioa. Prozesu horren pasarte bat jasota dago udaleko
artxiboan, azken zatiarena, Madozen desamortizazioarena alegia.

1855an
atera zen argitara Desamortizazioaren Lege Nagusia, Pascual Madoz
Ogasun Ministroaren eskutik. Honen arabera, eliz ondasunak eta udal
lurrak salgai jarri behar ziren. Hala eta guztiz ere, salbuespenez
betetako lege bat izan zen Gipuzkoaren kasuan (baita gainerako euskal
probintzien kasuan ere), foru aldundien eta udalen lege honekiko
aurkakotasuna zela eta. Getariako kasuan, udalbatzarretako aktek argi
erakusten dute aipaturiko aurkakotasun hau.

1856ko
maiatzaren 7ko batzarreko aktan, udalari atentzioa deitzen zaiola
aipatzen da, desamortizazio legeari lotutako ondasun zerrenda aurkeztu
ezaren ondorioz. Ez da ahaztu behar, 1836an Getariako udal artxiboa
erretzearen ondorioz mota honetako erroldak desagertu egin zirela. Hau
dela eta, Probintziako Gobernadore Zibilak, ofizio baten bidez, hiru
eguneko epean ondasunen zerrenda egin eta aurkeztea agindu zion udalari.

Hiru
egunak ondo luzatu ziren. Aipaturiko zerrenda hiru urte beranduago egin
zela islatzen digu 1859ko abuztuaren 1eko udalbatzarreko aktak.
Ondorengo ondasunek osatzen zuten zerrenda:

– Udaletxea. Hasieratik argi uzten zen besterenezina zela, herriak eraikin honen beharra baitzeukan.


Portuko etxola. Hau ere besterenezina zen, 1875. urterarte baitzegoen
alokatuta. 8.000 errealeko balioa zeukan, urteko 160 errealeko errenta
emanaz. Saltzekotan arrantzaleen gremioari akzioak eta etekinak bermatu
behar zitzaizkion.

– San Anton mendia. Urteko 400 errealeko etekinak ematen zituen.


San Anton mendiko bost etxola, arrantzarako materialen deposito modura
erabiltzen zirenak. Udal lurretan eraikita egon arren, jabetza
pribatukoak zirenez, hauek ere besterenezinak ziren.


San Anton gaztelua. Guda garaietan soldadu-taldeez okupatuta egon ohi
zena. Funtzioa ikusita, hau ere besterenezina izango litzateke.

Zerrendaren arabera, San Anton mendia zen salgai jarri zitekeen udal ondasun bakarra.

Xabier Etxeberria

*Irudia: Getariako Udala. http://www.getaria.eus/eu/content/arrantza-eta-arrantzaleak

Bloga

Zumaiako arrantzarako nasak

San
Telmo jaiak direla eta, apirileko artxiboari buruzko idatzia
itsasoarekin edo arrantzarekin lotutako gai baten ingurukoa egiten
saiatzen gara. Oraingo honetan ibai eta itsasadarretan burutu ohi zen
arrantza mota bati buruz idaztea erabaki dugu, nasen inguruan hain
zuzen. Zenbaitentzat agian ezezaguna izango da arrantza mota hau, baina
kostako eta ibai inguruetako hiribilduentzat benetan garrantzitsua izan
zen. Baina zer dira nasak?

Nasa
hitza aipatzen dugunean egungo otar-arrantza etortzen zaigu burura,
abakandoak eta otarrainak harrapatzeko erabiltzen den metodoa. Gaur
jorratuko ditugun nasak, ordea, bestelakoak dira. Ibaietan eta
itsasadarretan egur txikiz, zutabez edo hesolez eta sarez osatutako
egitura finkoak izaten ziren hauek. Hondoan tinkatutako egurrezko
hesolak ziren egitura honen hezurdura. Hesolen arteko tartea egur
txikiekin egindako sare-hesi moduko batekin ixten zen, inbutu formako
eremu itxi bat osatuz. Inbutu honen lepoan arrainak harrapatzeko poltsa
formako sare bat zabaltzen zen. Gehien bat izokiak harrapatzeko
erabiltzen ziren, baina baita beste arrain mota asko ere. Ibai eta
itsasadarretan eraikitzen ziren egurrezko egitura hauek diru-sarrera
garrantzitsuak eskaini zituzten.

Nasa
baten inguruko lehen datuak 1416an aurkitu ditugu Zumaian,
hiribilduaren eta Getariaren artean Urolako kanalaren erabileraren
inguruan adosten den hitzarmenean hain zuzen. Dokumentu honetan, Urolako
kanalean partikularren batek “cierta naza esttacada” eraiki zuela
aipatzen da. Hau dela eta, Getaria eta Zumaiak “ttrattaron e firmaron
que estta la dicha esttacada e naza faga derrivar el dicho concejo de
Zumaia a su propia costa e manera que la ottra esttacada no pueda para
perjuicio al uso de navegar”. Hitzarmen honetan gainera, ibaian
aurrerantzean nasak eraikitzea galarazi zen.

Ibai
eta itsasadarraren eta bertako baliabideen zaintza eta kontrol honek,
Zumaiako kontzejuari bertako ustiapena monopolizatzeko aukera zabaldu
zion. 1584an idatzitako udal-ordenantzetako 59. puntuak horrela dio:
“Que ningún vecino ni estraño, sea osado de hechar treinas, ni red
barredera, ni hacer cerradas en los ríos, ni costa de esta villa, sin
licencia del Alcalde y Regidor de ella”. Aipatutako monopolio honen
adibide, 1584rako hiribilduaren ondasunen artean nasak topatu ditugu.
Urte horretan, Zumaiak zituen ondasunak ikuskatu zituztenean,
Dornutegiko eta Mantzisidorko nasak aipatzen dira, biak Oikia inguruan.

Nasen
ustiapena errentan ematen zen enkante publiko bidez eta, askotan,
diru-sarrera nabarmena izaten zen. Hori zen, adibidez, Orio eta
Usurbilgo hiribilduen kasua XV. mendetik gutxienez. Arrantza mota honen
garrantziaren adibide garbia, XVI. mendeko lehen hamarkadetan, nasetan
burutzen zen arrantza Orioko kontzejuaren diru sarrera nagusia izan zela
dugu. Hau kontutan izanda eta Zumaiarentzat onuragarria izan zitekeela
jakinda, 1585ean Alkateak hiribilduko kanalean nasa berri bat
eraikitzeko proposamena luzatu zuen udalbatzarrean. Gainera, Zumaiak
zituen herriko mendietan bazen nasa berria eraikitzeko beharrezko
hesolak lortzeko nahikoa egur. Udalbatza alkatearekin bat etorri zen eta
Zumaiako nasa berria non eraiki erabakitzeko Orioko edo Usurbilgo maisu
nasagile baten laguntza bilatzea adostu zen.

Ia
hilabete beranduago, Mari Joan Arriola Orioko maisu nasagilearen
laguntzaz, nasa berria eraikitzeko gunerik egokiena Olazabal etxea baino
goragoko ingurua zela zehaztu zen. Momentuz ezin izan dugu ingurune
hori identifikatu, eta kontuan izan behar dugu ez dela XVII. mendekoa
den Olazabal idazkariaren jauregiarekin nahastu behar, baina ziurrenik
herri gunetik gertu egongo zen. Arriolak nasa uda baino lehen
eraikitzeko gomendioa luzatu zion udalbatzari eta hala erabaki zuten.
Nasaren eraikitzearen ikuskaritza Orioko maisu nasagileari eman zitzaion
eta beharrezko egurra herriaren ondasun zen artaditik ateratzeko
baimena, ahalik eta kalte gutxien egin zezan zehaztuz. Nasa berri
honekin Zumaiak beste nasa bat gehitu zuen bere ondasunetara.

Oihana Artetxe

*Irudia: “Ibai eta itsasadarretako arrantzarako nasa”. Iturria: Dideroten Entziklopedia (http://encyclopédie.eu/).

Bloga

Udal Langileen Garbiketa

Garbitu
hitzak toki edo gauza batetik zikinkeria kentzea esan nahi du.
Zikinkeriak berriz, toki edo gauza horretan berezkoa ez den eta kutsu
negatiboa duen zerbait ematen du aditzera. Beraz, zerbait garbitzea toki
edo gauza horrek berezkoa ez duen eta negatiboa den hori
desagerraraztea litzateke. Baina zer gertatzen da pertsonak garbitu edo
baztertzen direnean? Pertsonak zikinkeria izan daitezke? Eta nork
erabakitzen du nor den zikinkeria eta nor ez?

Gerra
Zibilaren eta Frankismoaren garaian pertsona ugari izan ziren
zikinkeria bezala tratatuak. Boterean zeudenen ideiak ziren balio zuten
bakarrak eta desberdin pentsatzen zuen oro jendartearentzat arrikutsu
bihurtu zen. Pertsona horiek defendatzen zituzten ideia politikoak gaitz
kutsakor kontsideratu ziren. Hori izan zen marxista de euskal
abertzaleen kasua. Memoria historiko hori berreskuratu nahian
udal-langileen garbiketa-espedienteen bila ibili gara artxiboan.

1937ko
urtarrilaren 14ko udal-aktak jasotzen du lehenengo aldiz
garbiketa-espedienteen berri Getarian. Izan ere, hilabete horretan,
Gobernadore Zibil Orokorrak udal langileen garbiketa aurrerantzean
udalari egokitzen zitzaizkiola jakinarazi zuen. Momentu horretatik
aurrera Getariako udalbatzaren ardura izan zen bertako langileen gaineko
azterketa politikoa burutzea eta, hala iritziz gero, langile hori bere
lanpostutik kentzekoa.

Lehen
garbiketa-espedienteak udal gordailuzain zen Juan Iriondo Mugerzaren
eta udal danbolin-jole zen Emeterio Isasti Urangaren kontrakoak izan
ziren, euskal abertzale izatea egotzita. Hauek ia modu zuzenean kaleratu
zituzten, baina ondorengo agindu batek udal langile guztiei espediente
bat ireki eta beraien inguruko informazioa biltzera behartu zuen
udalbatza. Espediente hori langilearen inguruan bildutako informazioek
eta langile beraren testigantzek osatu behar zuten, diotenez, arazo
pertsonalak medio gezurra izan zitezkeen testigantzak eta kaleratzeak
ekiditeko. Udal langile oro zegoen susmopean garai haietan.

Urte
berdineko urrian, Emeterio Isasti danbolin-joleari bere lanpostua
itzultzeko agindua jaso zuen udalbatzak, Komandante Militarraren
eskutik. Euskal abertzaletasunaren aldekoa izan arren, danbolin-jole
kargurako aproposa zela iritzi izan zuen eta Emeterio bere lanpostura
bueltatu zen. Emeteriok zortea izan zuen eta azkenean pertsona garbitzat
hartu zutela esan daiteke. Askok, ordea, ezin izan zuten zikintasun
orbana gainetik kendu. Idatzi honek, ideia desberdinak defendatzeagatik
garbiketa-espedienteen ondorioak jasan zituzten guztiak omendu nahi
ditu.

Oihana Artetxe

Irudia: Propaganda Frankistaren parte den kartel bat da. Servicio Nacional de Propaganda delakoak egin zuen.

Bloga

Guztiz suntsituta

Tarte
honetan, orain pare bat urte, Getariako artxiboaren galerari buruz
aritu ginen. Hau Lehen Karlistaldiaren ondorioetako bat izan zen, baina
ez bakarra. XIX. mende hasierako gatazka horrek herria guztiz suntsitu
zuela esan dezakegu.

Getaria
gotorleku garrantzitsua izan da historian zehar. Bere orografiaren
berezitasunek eta kostan duen kokaguneak gune estrategiko bihurtzen
dute. Hori dela eta, gune militar izan da historian behin baino
gehiagotan. XIX. mendearen hasieran bi aldiz militarizatutako plaza izan
zen. Lehena Napoleondar Gerretan eta bigarrena Lehen Karlistaldian. Bi
kasuetan portuak berebiziko garrantzia izan zuen.

Napoleondar
Gerretan frantsesek okupatu zuten Getaria 1808ko martxoaren 5etik
1813ko uztailaren 1era. Egun horretan bertan portuko minak eztanda egin
zuten, Getariako defentsetan kalte handiak eraginez. Gainera, 1814an
tropa ingelesek San Anton mendiko gotorlekua suntsitu zuten.

Getariako
defentsak egoera horretan geratu arren, 1834ko azaroaren 1ean, Lehen
Karlistaldiaren testuinguruan, Getariako soldadu-taldea berrezarria izan
zen. Kasu honetan, Getaria liberalen gune izan zen eta gatazkaren lehen
lerroan egon zen. Egoeraz ideia bat izan dezazuen, 1835eko abenduaren
15ean Herrerieta errebalari su ematea agindu zuen Getariako Alkateak,
karlistak bertan indartu ez zitezen. 1836ko urtarrilean ordea, karlistak
Getarian sartu ziren herria guztiz suntsituz. Soldadu-talde liberalak
1838 arte irautea lortu zuen, tropa isabeldarrek Garate mendia hartu eta
Getariak jasaten zuen blokeoarekin bukatu zuten arte. Guzti honen
ondoren herria nola geratu zen imagina dezakegu…

1938ko
irailaren 11ean Udalbatzak batzorde bat sortu zuen Lehen Karlistaldiak
herrian utzitako kalteak zenbatzeko. Hilabete berdineko 20. eguneko
udalbatzarrean herriaren egoeraren berri eman zuen batzordeak. Karlisten
erasoak udal artxiboa, eskribautza, harresiaren barruko 104 etxe eta
landa eremuko 51 baserri suntsitu zituen. Hiribilduan 15 eraikin
bakarrik salbatu ziren eta horiek ez zuten bertan bizi ahal izateko
adina erosotasun eskaintzen.

Egoera
latz honen aurrean, Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundira laguntza eske
jotzea adostu zuen. Getariarrak herrira bueltatu zitezen eta herria
berreraikitzeko aukera izan zezaten, Getaria zerga eta arieletatik kanpo
uztea eskatu zioten. Hilabete beranduago Udalbatzak erantzuna jaso
zuen. Bertan, zergak eta arielak kentzeaz gain, egoera latzari benetan
aurre egin ahal izateko eta hiribildua guztiz berregin ahal izateko,
urteko 2000 erreal emango zitzaizkiela jakinarazten zen. Horri eta
herritar guztien lanari esker, Getaria errautsetatik birsortzen hasi
zen. Tamalez, ordea, Bigarren Karlistaldia iritsi zen XIX. mendearen
bigarren erdian.

Oihana Artetxe

Irudia: Euskomedia

Bloga

Herriko erlojuaren esferarekin gorabeherak

Egin
ditugun azken bi idatziak herriko erlojuaren ingurukoak izan dira. Bi
kasuetan erlojuaren makineriarekin lotura izan dute. Herriko erlojuaren
inguruko trilogia osatuko duen idatzia izango da hau, baina oraingoan,
erlojuaren esferarekin izandako gorabeheren berri eman nahi dizuegu.

Zumaiako
herri erlojuari buruzko lehen aipamenak XVI. mendekoak direla erakutsi
genuen trilogiako lehen artikuluan. Erlojuaren esferari buruzko lehen
aipamenak berriz, 1903ko irailaren 10ekoak dira. Kontuan izan behar
dugu, erlojuak berak esfera txiki bat eramaten zuela makineriarekin
batera, baina oraingo honetan, kanpandorreko esfera handiari buruz ari
gara. Egun horretan erlojuari kristalezko esfera bat jartzeko erabakia
hartzen da, gauez ere zer ordu den ikusi ahal izateko. Garai horretan,
Udalak Benito Yeregui erlojugilearekin zuen erlojuaren mantenimendurako
eta konponketarako hitzarmena. Hau horrela, Benitori eskatu zitzaion
erlojuaren esfera berria eta hura non jarri erabakitzeko ikuskatze lana.

Ikuskatze lanak
1903ko azaroan egin ziren eta erlojuaren kristalezko esfera 1904ko
apirila bitartean jarri zen. Baina kanpandorreko erlojuaren esfera honek
ez zuen denbora gehiegirik iraun jarritako tokian. 1907ko otsailaren
14an ospatutako udalbatzarrean, bi egun lehenago eta inolako zergati
garbirik gabe, erlojuaren esfera txiki-txiki egin zela jakinarazten da.
Gertaera honen aurrean, udalbatzak Benito Yereguiri hots egin zion
esfera berri bat eskatuz. Honek, apurtutako esferaren berdina jartzeak,
325 pezeta kostatuko lukeela jakinarazi zuen. Benitok momentua
aprobetxatu zuen kostuaren igoera txiki batekin erlojuaren konponketa
orokorra egiteko proposamena luzatzeko eta konponketa honen ondorioz
erlojuak 5 urteko bermea izango zuela jakinarazteko. Oraingoan, Udalak
esfera berria eta erlojuaren konponketa egiteak kostatuko lukeenaren
aurrekontua eskatu zion Benitori. 1907ko martxoan jarri zitzaion esfera
berri hori herriko erlojuari.

Badirudi,
Benito Yereguik kanpandorrean jarritako bigarren esfera honek 1923 arte
iraun zuela. Urte horretan esfera egiteko eskaera Gasteizko Viuda de
Murua etxeari egin zitzaion. Nazioartean ezagun bihurtu zen urtzaile eta
erlojugile etxea zen hau. 1925-1956 bitartean 147 kanpai egin zituen,
baina erlojuak eta esferak ere lantzen zituen. Etxe horrek egindako
esfera Jose Manuel Balenciaga y Compañía enpresak jarri zuen
kanpandorrean. 1949an berriro beste esfera berri baten beharra islatzen
da udal-aktetan, badirudi 1923an jarritako esfera ere apurtu zela.
Aurrekoan bezala, oraingoan ere Gasteizko Viuda de Murua etxeari eskatu
zitzaion esfera berria egiteko aurrekontua.

Ikusi
dugun bezala, esferak maiztasun handiz eman zizkion buruhausteak
Zumaiako herriari. Hau horrela, Viuda de Murua etxeak bi aukera aurkeztu
zizkion oraingoan Udalari. Lehenengoa, aurrekoetan bezala, erlojuaren
esfera zati bakar batean egitea. Bigarrengoa, -eta hauxe gomendatzen
zuen etxeak-, esfera berriro apurtu ez zedin, pieza bakarrean egin
beharrean hamahiru zatitan egitea. Horrek, esferaren garraioa eta
kokapen lanak ere erraztuko zituen. Hamahiru zatitan egindako esferak
3600 pezetako kostua zuen, Gasteizetik Zumaiako tren geltokira
garraiatzea eta kanpandorrean jartzea barne; gauza bera baina pieza
bakar batean egiteak, 4100 pezetakoa. Udalak, adituen gomendioei
jarraiki, hamahiru zatitan egindako esferaren eskaera egin zuen.
Bazirudien hau izango zela esferaren buruhausteekin bukatuko zuen
erabakia, baina Zumaiako Udalak azken ezusteko bat izan zuen. 1951ko
abuztuan Viuda de Murua etxeak bidalitako eskutitz bat jaso zuen,
eskaeran gaizkiulertu bat egon zela adieraziz eta esfera hamahiru
zatitan egin ordez zati bakarrean egin zutela jakinaraziz. Udalari,
pieza bakarrean egina zuten esfera onartzeko eskaera egiten zion
Gasteizeko etxeak. Udalak, ordea, herriko erlojuaren esferak ematen
zituen arazoak albo batera uzteko gogo bizia zuen eta horretarako
hamahiru zatitan egindako esfera nahi zuela aldarrikatu zuen. Ez zuen ba
Viuda de Murua etxeak berak gomendio hori egin! Azkenean, itxuraz,
eskatutako esfera berria 1951ko abendua eta 1952ko urtarrila artean
kokatu zen.

Oihana Artetxe

Irudia: Zumaiako esfera eta erlojua izan zitekeenaren antzerakoa http://felix.ares.fm/?cat=499

Bloga

Plater konbinatuaren aurrekaria

Gaur egun normaltzat hartzen dugu taberna batera joan eta bertan plater konbinatuaren eskaintza topatzea. Behin baino gehiagotan menu oso bat jateko gogo edo beharrik ez eta plater konbinatua hautatzen dugu. Otordu oparo eta ogitartekoaren arteko aukera orekatuena izaten da. Aukera hau, ordea, nahiko berria da gure artean eta, ziurrenik, bat baino gehiago harrituta geratuko da eskaintza honen sorrera ezagutzean.

1936ko urriaren 30ean “Plater bakarraren eguna” izeneko neurria ezarri zen Espainian dekretuz. Erabakia Gobernadore Zibilek jakinarazi zieten lurraldeko Udalei eta azaroaren 15ean jarri zen martxan. Zumaian azaroaren 7ko udalbatzarrean jakinarazi eta onartu zen, maitasunez beteko zuten neurria zela adieraziz. Izan ere, egun hau ospatzeari muzin eginez gero Mugimenduaren kontrakotzat hartu eta zerrenda beltzetan sartzeko edo isuna jasotzeko arriskua zegoen. Baina, zer zen “Plater bakarraren eguna”?

Gerra Zibilean altxamendua burutu zuen bandoak ezarri zuen neurria izan zen. “Plater bakarraren eguna” delakoa hilabeteko lehenengo eta hamabosgarren egunean ospatzen zen. Egun horietan taberna, jatetxe, ostatu eta hoteletan plater bakarra jateko eskaintza egiten zen menu oso baten kostuan. Hau da, bezeroek lehenengo eta bigarren platera eta postrea jango balute bezala ordaintzen zuten, baina praktikan plater bakarra jaten zuten. Eskaintzen zen platera zopa, haragia, arraina edo edozein eltzekari izan zitekeen eta postrearekin laguntzen zen. Apurka, plater bakar hori egungo plater konbinatuaren antzerako zerbait bihurtzen joan zen. Menu baten lehen eta bigarren platera izan zitezkeen jakiak plater bakar batean eskaintzen hasi ziren.

Zumaiako lehen “Plater bakarraren eguneko” diru-bilketa 1936ko azaroaren 16ean egin zen eta 547,85 pezetakoa izan zen. Zerrendan ikusten denez, diru-bilketa kalez kale antolatzen zen. Kale bakoitzeko taberna, jatetxe, ostatu, hotel eta bizilagunek emandako dirua agertzen da bertan zehaztuta.

Denborarekin, “Plater bakarraren eguna” delakoari “Postrerik gabeko eguna” gehitu zitzaion. 1937ko uztailaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jakinarazten denez, bi egun horiek astero bete behar ziren. Hortik aurrera, lehena ostiraletan ospatuko zen eta bigarrena astelehenetan. Egun horiei zegokien diru bilketa, berriz, berdin egiten jarraitu zuten, hilabete bakoitzeko 2. eta 16. egunean. Dirua Espainiako Bankuan sartu behar izaten zen hilabete bakoitzeko 25. egunean. Gainera, otorduak ematen zituztenek, egun bakoitzeko bezeroen zerrenda osatzeko agindua zuten, inolako iruzurrik egon ez zedin.

Hasiera batean, diru-bilketa egiteko ardura herriko Sección Femenina delakoak zuen. Horren adibide dugu artxiboan topatutako 1939ko urtarrilaren 16ko agiri bat. Bertan, bi egun hauetako diru-bilketa egiteaz arduratzen ziren andereñoen izenak agertzen dira, zerbitzu horregatik domina eman zitzaiela zehaztuz. Egun horietan lortzen zen etekina ongintzara bideratzen zen. Herri bakoitzean “Plater bakarreko egunarekin” bildutakoaren erdia Fondo de Protección Benéfico Social delakora joaten zen eta beste erdia, “Postrerik gabeko eguneko” bilketarekin batera, Subsidio pro-combatientes delakoaren alde.

1940an “Plater bakarraren egunaren” zerbitzua jatetxe eta hoteletara mugatu zen. 1941eko otsailetik aurrera berriz, diru-bilketaren kontabilitatea kontu-liburu zehatz batean eramateko agindua eman zen. Zumaian, kontu-liburu horren ardura bertako sorospen batzordeko lehendakariak izan zuen. Zumaiako artxiboan 1936-1941 urte bitarteko “Plater bakarraren eguneko” eta “Postre gabeko eguneko” zerrenda guztiak daude gordeta.

Oihana Artetxe

Irudia: “Plater bakarraren eguneko” ordainagiri bat da.

Bloga

Etxea erre: Udalaren elkartasuna

Villabonako
Udal Artxiboan jasotzen den dokumentazioari esker badakigu 1812. urtean
(Napoleonen Gerran) tropa Frantsesak Villabonan sartu zirela. Akta
liburuak 1810 eta 1814 bitartean ezertxo ere esaten ez duen arren beste
dokumentu mota batzuetan ikusi dugu 1812. urtean frantsesek erangidako
sarraskiak ez zirela gutxi izan. Besteak beste, udaletxea bera orduan
erre eta suntsitutakoa da. Ondoren, berria eraiki behar izan zuten,
Pedro Nolasco arkitektuaren planoetan oinarrituta. Baina hau beste kontu
bat da, eta aurrerago hitz egingo dugu honi buruz luze.

Gaurkoan
Eraustieta etxeari buruz arituko gera. Etxe hau Kale Nagusian zegoen
lehenengo etxea zen, Zubimusu zubiaren parean. Etxe hau ere kaltetua
izan zen egun berean. Francisco Maria Lizarraga bere jabearen hitzetan:
”…que los franceses redujeron a ceniza en la gerra de la
independencia…”.

Udalak
ba omen zuen aspalditik erabaki bat hartuta (honen data zehatza ez dugu
topatu). Horren arabera, etxe bat erretzean, hura berreraikitzeko behar
zuen materialaren erdia baino ez zuen ordaindu beharko jabeak.. Horrela
dio Juan Bautista Lizurumek 1817 urteko tasazio horri baten baster
batean: “La Villa determino por las casas que se quemasen se le yciese
la gracia de la mitad del material que necesitaba y esto se a ouserbado
asta agora.”

Arazoa
ordea Lizurume adituak berak sortu zuen. Etxea eraikitzeko beharrezkoa
den egurraren balioa kalkulatzeko agirian, “…para la casa nueba que
intenta acer…” idatzi zuen 1817 urtean. Badirudi obrek luze hartu
zutela eta 1825 urtea arte etxe ez zen amaitu. Horregatik, ziur gaia
ahaztuta zegoela,, nahiz eta Francisco Mariaren zorra oraindik kobratu
gabe egon. Diruzainak, Lizurumek idatzitako kontzeptua ikusita dena
kobratu nahi izan zuen.

Francisco
Maria Lizarragak eskaeran: “…es cierto que se me franquearon algunos
materiales no para construir casa nueba sino para redificar a la entrada
del pueblo con el nombre de Eraustieta en lugar de otra del mismo
nombre…Todo esto es bien publico, lo sabe todo el becindario y los
individuos de V.S. no lo ignoran…”.

Tira,
denborak, beharren arabera azkarrago edo motelago, gure oroitzapenak
aldatzen ditu, moldatzen ditu. Baina idatziz jasota geratzen dena,
oroitzapenak berreskuratu dezake edozein unetan. Idatzitakoak,
Franciscori bezala, edozeini eragin dakiguke.

Amagoia Piá

Irudia: 1230-01 Escritos varios sobre materiales para construcción de una casa. Francisco Maria Lizarraga. 1817-1825

Bloga

Denboraren menpe

Denboraren menpe (https://www.youtube.com/watch?v=EMmK859xtg8)

Ondarea eta historiaren inguruan lan egiteak denboraren zehar bidaitzeko aukerarekin parekatu dute. Fisikoki hori egiteak dituen arriskuak hartu gabe. gainera. Izan ere, denboran zehar desplazatzea ez da debalde (https://www.youtube.com/watch?v=-uHB4Wxyxr8)

Iraganak beti harrapatzen gaitu etorkizunean. Eta, bai noski, iragana eta etorkizuna gugan gorpuzten dira, orainaldian (https://www.youtube.com/watch?v=z4M2kFPj_mM)

Horregatik da horren garratzitsua gure buruari nahi eta opa diogun etorkizuna orain, haren iraganean, prestatzen hastea. Ekin diogu horri. Formakuntzaren bidez. Etorkizunak harrapatzen gaituenerako, hala administrazioa elektronikoa nola agirien gestio elektronikoaren ingurukoak, hala Ica-Atom nola RDA, hala liderazgoa nola liburutegiaren gamificationea… horretan trebatzen ari gara orain. Geroko.

Alderantziz gertatu zaigu eta. Gure iraganak ere orain harrapatu gaitu. Onerako (uste dugu). Adibidez, Apirilaren 5ean Victor Hugoren etxean (Donibanen) arratsaldeko 19.00etan Zabaldiya 4 aurkeztuko dugu: Pasaia argazki zaharretan. Eta horrekin batera, erakusketa. (http://www.pasaia.eus/eu/-/erakusketa-pasaiako-herritik-pasajes-en-blanco-y-negro)

Era berean, Oreretarako bisita gidatuaren katalogoa osatzen hasi eta Pasaiako egiten hasiko gara. Bai eta Oiartzungo artxiborako hileko berria idazten ere. Etorkizunerako adibideak emateko gai izango al gara?

Hori gutxi ez, eta 2016rako egindako HormekDioteren ondorengoak ere ezin positiboagoak izan. Batetik, Haatik-ek HormekDioteOnStage abiatu du (ez galdu!) (http://www.ereiten.eus/berria.php?uuid=160)eta Gure Hormek laburmetraiak sariz sari segitzen du, orain Malagan.

Hortaz, segi dezagun lanean gogor!

PD: Ah! Gure iraganak zuek harrapatzea nahi baduzu, gogoratu Komikigunean paratu Olariagari buruzko erakusketa ibiltari bihurtu daitekeela.

Bloga

Herriko erlojua eta Yereguitarrak

2016.
urtea bukatzeko herriko erlojuaren lehen datuei buruzko idatzia osatu
genuen. Urte berria hasi dugun honetan, erloju horren historiarekin
jarraitzea erabaki dugu. Izan ere, Zumaiak erlojuaren tiki-taka
soinuaren altzoan jarraitu zuen.

XIX-XX
mendeetan ugaritu egiten da erlojuari buruzko informazioa. Jakin
badakigu 1845ean Juan Manuel Zugastik kanpandorrerako erloju berria egin
zuela, ondoren hau konponduko zuen Benito Yereguik erlojuak zeraman
xaflan jaso zuelako. Bestalde, 1869an adibidez, Udaletxeak erlojua
margotu eta elizaren barruan erlojuarekin batera joko zuen kanpai txiki
bat jartzeko erabakia hartu zuen. Horretarako, ordea, erlojuak nahikoa
indar behar zuela baieztatzea beharrezkoa zen eta, XVIII. mendean egin
zuten bezala, oraingoan ere Azpeitira joan ziren erlojugile aditu bila.
Erabaki honen inguruko berriak hemen bukatzen dira baina.

XIX.
mendearen bukaeran aldaketa nabarmen bat gertatzen da. Ordura arte,
Zumaiako Udalak, Azpeitira jo izan zuen maisu erlojugile bila. 1895ean,
ordea, Benito Yeregui Usurbilgo maisu erlojugilearengana jotzea
erabakitzen du. Honako hau Udalaren eta Yereguitar erlojugile familiaren
arteko harreman luzearen lehen kontaktua izango da.

Urte
horretan, tartean-tartean ohikoa zen bezala, herriko erlojua
matxuratuta zegoen eta Udalak Benito Yereguirengana jo zuen erlojuaren
ikuskatzea egiteko eskatuz. Ordurako, maisu erlojugile honek Zestoan bi
erloju eginak zituen. 1879an gaur egun martxan jarraitzen duen herriko
erlojua eta 1883an geldirik dagoen Aizarnakoa hain zuzen. Ez dakigu zerk
bultzatu zuen Zumaiako Udala Benitorekin kontaktuan jartzera, agian
Zestoako erlojuei buruzko berriek edo gertuko Udal horretako gomendioek.
Kontua da Benitok aztertu zuela kanpandorreko erlojua.

Benito
Yereguik ikuskatutako erlojua 1845ean Juan Manuel Zugastik eginikoa
izan zen, idatzi hau laguntzen duten bi argazkiek (Yeregui Elkarteak
utzitakoak) erakusten duten bezela. Garbiketa sakon batekin eta
minutu-orratza konponduta denboraldi baterako nahiko txukun geratuko
zela jakinarazi zuen. Bere gomendioa ordea, zenbait pieza konpondu eta
kojinete berriak jartzearena izan zen, horrela erloju berri baten
antzera geratuko zela ziurtatuz. Azken aukera honek lehen aukerak baino
50 pezeta gehiago kostatu arren egokiena zela iritzi zuen Udalak. Izan
ere, prezioaren barruan erlojua desmuntatzea, Yereguik Usurbilen zuen
lantegira eramatea eta konponketak irauten zuen bitartean kanpandorrean
beste erloju bat jartzea barne hartzen zuen.

Behin
lana bukatuta, konponketaren faktura 313 pezetetakoa izan zen. Orain
arte ez bezala ordea, Udalak ordaindu beharrekoak 5 urteko bermea
jasotzen zuen. Horrela, Benito Yereguik konpondutako erlojuarekin lotura
izaten jarraitzea lortzen zuen, arazo edo matxuraren bat izango balu
berari deituko ziotela ziurtatuz. Bezeroaren konfidantza irabazteko
estrategia bezala ikus daiteke eskaintza hau. Artxiboan gordetako
datuek, Benito Yereguik bezeroa fidelizatzea lortu zuela adierazten
dute. Izan ere 1922. urtera arte, Yereguitarrak (Benito Yeregui, Benito
Yeregui e Hijo, Yeregui Hermanos eta Yeregui y Compañía) izan ziren
herriko erlojua konpontzeko ardura izan zutenak. Gainera, ezin ahaztu,
Artadiko San Migeleko erlojua ere Benito Yereguik eraiki zuela 1901ean.

Urte
horretatik aurrera topatu ditugun datuak erlojuaren esferarekin
izandako gorabeheren ingurukoak dira. Baina hauek luzerako ematen
dutenez hurrengo idatzirako utziko ditugu. Yereguitarrek ere badute
bertan zerikusirik.

Erlojuari
buruzko datu zuzenak 2001ean agertzen dira berriro. Urte horretan,
parrokiko kanpandorreko erlojuari modernitatea iritsi zaiola deritzon
dokumentuak aditzera ematen duenez, erlojuaren automatizazioa burutu
zen. Atzean geratu ziren erlojua behin eta berriz konpondu beharra, are
eta urrunago erloju horiek muntatu eta desmuntatzeko gai ziren maisu
erlojugileen garaia. Denbora kontrolpean izateko gai ziren mago haien
garaia…

Oihana Artetxe

*Irudia: Yeregui Elkartea

Bloga

Getaria eta Baleak

Gabon
egunetan balea agertu zen Getariako portuan. Gaur egun gutxitan izaten
da aukera itsasertzetik bale bat ikusteko eta asko izan ziren gabonetako
oporrak bertara gerturatzeko baliatu zituztenak. Baleak euskal
kostaldetik urrundu dira, animalia hauen populazioaren beherakadak
bultzatuta. Baina baleek ere memoria historikoa balute, borondatez
urrunduko lirateke euskal arrantzaleen bale ehiztari ospea gogoan.

Euskal
kostaldeko herrietan ohikoa izan da bale ehiza eta Getarian ezin
bestela izan. Herriko armarria begiratzea nahikoa da Getaria eta bale
ehizaren arteko harreman estuaz ohartzeko. Besteak beste, Zarautz
Jauregian 2006an egin zen indusketa arkeologikoak ere harreman honen
aztarnak atera zituen argitara. Bertan XI. mendeari dagokion bale hezur
multzoa topatu zuten arkeologoek. Aztarna hauek Europako bale ehizaren
aztarnarik zaharrenak izan daitezkela uste da.

Getarian
bale ehizak izan duen garrantziaz jakitun, udal artxiboan gai honen
inguruko bilaketa egin dugu oraingoan. Agiri bakarra topatu dugu, baina
nahiko esanguratsua. 1879ko irailaren 24an sinatutako udal-aktak
Getaria, Zarautz eta Orioko arrantzaleen arteko auzia aipatzen du.
Dokumentu honetan, auzian izandako gastuak ordaintzen laguntzeko,
Getariako arrantzaleei 2.800 erreal kuartoko diru-laguntza ematea
adosten da. Baina ze auzi izan zen hau?

Ziur
gaude 1878ko otsailaren 11ak Getariako ahozko memoria historikoan txoko
bat duela. Egun horretan Zarautz, Orio eta Getariako arrantzaleek balea
begiztatu zuten Zarautz parean eta beren txalupetan hura ehizatzera
atera ziren. Roke Etxabe zarauztarrak sartu zion lehen arpoia animaliari
eta hark Moilarri pareraino eraman zituen arrantzaleak. Inguru hartan
lortu zuten arrantzaleek balea menderatu eta hiltzea. Garaiko kronikek
kontatzen dutenez, Getariarrek balea herriko portura eraman zuten,
Zarautz eta Orioko arrantzaleen gaitzespenarekin. Egoera honen aurrean,
Zarautz eta Orioko arrantzaleek auzitara eraman zuten gaia. Hiru
herrietako arrantzaleak 1879ko uztailaren 29 arte egon ziren auzitan.
Azkenean, Azpeitiko Epaitegiak Getariarrei eman zien arrazoia.
Aipatutako Getariako udal-aktak auzi honi egiten dio aipu.

Ehizatutako
balea 6.250 pezetetan balioztatu zuten perituek, baina portuan bertan
usteldu zen epaiaren zain. Balea Donostiara eraman eta bertan erakutsia
izan balitz, 30.000 pezeta baino gehiago lortzeko aukera izan zutela
estimatzen da 1928ko otsailaren 15ean La Constancia: diario integro
fueristan “Konta Katilluk” sinatzen duen artikuluan. Baina Ernest
Hemingway idazlearen “Agurea eta Itsasoa” eleberri famatuan gertatzen
denaren antzera, balearen hezurdura bakarrik aprobetxatu ahal izan zuten
arrantzaleek. Donostiako Udalak erosi zuen bale honen hezurdura eta
gaur egun Donostiako Aquariumean ikusgarri dago. Bale hau izan zen
teknika tradizionalekin euskal kostaldean ehizatu zen azkena.

Oihana Artetxe

Irudia: 1878ko otsailaren 11ean ehizatutako balearen hezurdura. Iturria: www.aquariumss.com

Bloga

Nicolasa Lekanda, hilketa odoltsua

El
constitucional
o sea, crónica ciéntifica, literaria y
política
egunkariaren harpidedunek kronika hau irakurri zuten
1820ko uztailaren 31n: “Tolosa El dia 17 del mes próximo pasado
entre doce y una de la noche se introdugeron ladrones en la casa
mayorazgo de don Hipólito Luis Ozaeta y Berroeta, conjunta persona
de doña María Nicólasa de Loncada
[Lekanda], los
cuales viven en la Plaza nueva de dicha villa.
Ocurrió
que estando dentro aquellos, pasaron á la alcoba de doña María
Nicolasa, en la que se hallaba durmiendo.
Fue
degollada, dejándola atrozmente la cabeza en un hilo, aumentándose
al horroroso atentado, haberla cosido á puñaladas y en una de sus
heridas del costado la dejaron el cu
chillo dentro…”

Ankerkeria begi bistakoa da. Hildakoak 68 urte beteak zituen, lotan
omen zegoen, defentsa gutxi egingo zuen. Sastakadetako bat
hezurretaraino iritsi eta bertan iltzatua geratu zen aiztoa. Dela hil
eta gero lepoa moztu zioten, dela hil eta gero sastakadaz josi
zuten… Hura hiltzeko aukeratu zuten modua amorrua eta gorrotoa
adierazten ditu.

Egunkarian Ozaeta-Berroeta – Lekanda senar-emazteen etxean sartu
zirenak lapurrak zirela adierazten da. Alabaina, eraso mota honek ez
du bat egiten hala XVIII. mendean zehar nola XIX. mendearen hasierako
lapurren jokabidearekin. Alderantzizko jokamoldea da: odoltsua eta
hiri gunean. Lapurreta gauzatzeko ez zen batere beharrezkoa haren
logelan sartu eta etxeko andrea modu horretan akatzea. Gainera, argi
eta garbi zehazten da Lekanda lotan zegoela; beraz, ez zituen
lapurrak geldiarazten saiatu ere egin. Hauek gelan propio sartu
ziren, hura hiltzeko asmoz.

Zeintzuk ziren ba “hauek”? Zein sartu zen Tolosako plaza berriko
etxe horretan gaueko ordu txikitan? Eta nola?

El Constitucional-aren korrespontsalak hamabost egunen buruan ustezko
hiltzaileak atxilotu zituztela argitzen du. Dozena bat lagun. Izan
ere, utzitako arrastoak oso adierazgarria dira. Batetik, labana eta
labana maisuki erabiltzeko gaitasuna; bestetik, etxeko ateak inork
bortxatu gabe barrutik ireki dituzte. Atxilotutakoen artean 4
harakin; eta honen senide hildakoaren neskamerik kuttunena.

Tamalez, epaiketa biltzen duen auzia ez dugu topatu, soilik
han-hemenkako aipuak, udal aktetan, ezer gehiago argitzen ez dutenak.

Eta hildakoa? Zein zen hildakoa? Esan bezala, gertatutakoa ez zen
ohikoa. Hildakoa ere etzen nornahi. Izan ere, bikote hau Gipuzkoan
bizi zirenen artean ondasun handienetako jabe omen zen. Are, 1801.
urtean beste asalto baten biktimak izan ziren; hura, baina,
“normalagotzat”jo dezakegu. Halere, 1801etik 1820 bitartean,
gizarte zein politika giroa asko aldatu dira Probintzian.
Ozaeta-Berroeta – Lekanda aldaketa horren baitan izan genituen.

Azalezko miaketa baten ondoren, abizen hauek auzibideetan oso ohikoak
direla ikusi dugu. Gaiak ere ohikoak dira: etxe barrukoak,
maiztertzak, erreklamazioak… Halere, horiekin batera oso bestelako
datuak agertzen dira. Izan ere, bai Konbentzioneko Gerraren gastuak
ordaintzeko bai eta Napoleonen Gerraren gastuak ordaintzeko ere,
Gipuzkoako herriek euren ondazilegiak, euren herri-lurrak saldu behar
izan zituzten. Hau da, gerrak ordaintzeko herritarrek ordaindu gabe
erabiltzen zituzten lurrak saldu behar izan zituzten gipuzkoarrek.
Saldu eta norbaitek erosi. Horrela, gerraren ondorietako bat dugu
lurraren pribatizazioa, zertarako eta herritarrek pairatutako gerrek
sortutako zorra kitatu ahal izateko. Ondare komun hori galtzeak jende
xume askoren bizi baldintzak kaltetu zituen. Ikerketzeko dago
txirotze prozesuan zenbat lagundu zuen herri lurren galerak. Bi
modutara: modu zuzenean: herritar xumeek garoa, egurra, fruituak eta
abar eskuratzeko eskubidea galtzen zuen (adibidez, etxea berotzeko
aukera galtzen zuen). Bestetik, zeharka ere galtzen zuten: udalerrien
lehentasuna eta obligazioa zorra kitatzea bihurtzen zelako. Ondorioz,
baliabideak hori egiteko erabiltzen zituzten. Gutxiren onurako;
gehiengoaren kalterako. Gonzalo Pontonek “la lucha por la
desigualdad” deskribatu duen prozesua da.

Zer lotura du honek hilketa anker horrekin? Gerra eta hazienda
lokalaren krisia: udal ondasunen eta propioen salmentak Gipuzkoan
1764-1814
lanean (1991) zera idatzi zuen: Hipolito Luis Ozaeta
Berroeta izan zen, bada, ondasun eroslerik handiena. Bergarako Ozaeta
oinetxeko belaunekoa, XIX mendearen hasieran Gipuzkoako landalur
jaberik handienetakoa da. Bai bera bai Maria Nicolasa de Lecanda bere
emaztea, maiz agertzen dira udal kontularitzako mailego inportanteen
hartzekodune bezala; mailegu hauek, gerora, ia gehienak berreskuratu
zituzten udal eta propioen ondasunetan, baina, bide batez, ondasun
horien jabetasuna legitimizatzeko, hain eta hainbat auzi sartu behar
izan zituzten udalen kontra. Hipolito Luis Ozaeta Berroeta eta
Granadako dukea dira, 1810ean, probintziako landalur jaberik
inportanteenak.

Otaeguik berak emandako datuean, Ozaeta-Berroetaren izenean egindako
erosketen balioa 532.154 errealetakoa izan zen (Granadako Dukearen
bikoitza baino gehiago eta bigarren eroslerik handiena, Martin
Ibarzabal, baino 200.000 erreal gehiago. Probintziako %1,85 zuen
Ozaetakoak.

Modu horretan, gainera, berdintasunaren aurkako mugimendua erabatekoa
da. Hau da, gerra ondoko gastuak ez ezik, gerra hornitzeko mailegua
egin zutenak dira orain herrien ondasunak pribatizatu eta
merkaturizatu egiten dutenak. Tartean, noski, kargu publikoak izan
ziren hautako gehienak (Ozaeta, esate baterako, Ahaldun Nagusiaren
ondokoa 1788. urtean, besteak beste).

Egiari zor, erosketak ez zituzten soilik handikiek egin; aukera zuen
guztiak gauzatu zituzten. Dena den, ezin ukatu Ozaeta-Berroeta –
Lekanda senar-emazteek tratu onak egiteko zuten abilizia. Otaeguik
berak jasotzen du Ezkion gertatutakoa. Han, 1812. urtean, 227.768
errealetan tasatu bi baserri 100.000tan eskuratu zituzten, adibidez.
Argitu ezin izan dugun beste auzitan, Tolosako haragi-horniketan eta
honen inguruko zorrak eta ordainketetan agertzen da gure bikotea…

Bada, 1766ko matxinadan patrizioak horrenbeste azaldatu zituen
monstro basatia otzan xamar izan zen; gerra ondoko bidelapurrak
bortitzak eta beldugarriak izan ziren. Hiru-urte liberalean horrelako
ankerkeriaren atzean ez ote zegoen pobreziak, ondorioz, bortizkeriak,
sortutako miseria. Lehen gerra karlista ate joka dago.


David Zapirain

Bloga

Andima Ibinagabeitiaren sare soziala

1936ko gerrak Portugalen
harrapatu zuen lanean; 1935ean atera zen jesuita izateko bidetik eta
gerratik libratu zen, baina gero zailena egin zuen: itzuli Bilbora eta
espioitza lanean hasi zen erbesteko Jaurlaritzaren zerbitzupean, eta
1947ko martxoan, salaketaren bat tarteko, Deustuko etxera joan
zitzaizkion polizia espainolak eta ihes egitea lortu zuen, eta Parisen
kokatu zen. Han, 1954 arte, besteak beste, Jon Mirande eta Txomin
Peillenen irakasle eta akuilu izan zen. Benetako euskaltzale porrokatua
beti; eta jakintsua, bere garaiko jakituriaren jabe: autore grekoak eta
batez ere latindarrak, frantsesak…denetik, eta guztien gainetik euskaraz
ateratzen zen ororen irakurle amorratu.

Orixe
eta Zaitegirekin batean, Euzko-Gogoa (1950-1960) euskarazko kultur
aldizkari miragarria egingarri egin zutenetakoa. Artikulu ederren idazle
eta gutun-idazle amorratua.

Parisetik,
lehenik, eta ondotik Ameriketatik –Guatemalan pare bat urte, eta bere
bizitzako azken 11 urteak Caracasen–, berrehun eta gehiago kideko sare
sozial euskalduna eraiki zuen 1948tik 1967ko azaroaren 2an hil zen arte.

Bizimodua
ateratzeko lana egin hango edo hemengo enpresako bulegoren batean;
etxera heldu eta euskarazko literatur ekoizpena irakurri, eta artikuluak
eta gutunak idatzi euskaraz; bereziki eta nagusiki horretan eman zituen
lanak uzten zizkion eta loari ostutako orduak.

Oso
ondo idazten zuen; euskara batu aurreko euskaraz idazteko, oso batuan;
bera ama-hizkuntzaz bizkaieradun izanagatik –elantxobetarra–, gipuzkeran
oinarrituriko batuan idazten zuen. Eta beti dotore eta fin, oso modu
gustagarrian.

Garai
hartako euskal kultura nolakoa zen, zein gai ziren erabilienak, zein
genero eta zer-nolako trataera ematen zitzaien interesatuz gero, bazka
polita aurkituko duzu hemen. Eta, besterik gabe, euskara ona irakurri
nahi baduzu, erretorika ederrez jantzia, baduzu hemen abagune polita.

Ez
daude, jakina, idatzi zituen gutun guztiak; bere bizitza guztian pare
bat mila idatziko zituen; urte batean saria ere eman zioten (1952) gutun
gehien idazteagatik euskaraz; baina gutunak ez daude biluzik; azalpenez
hornituak datoz eta hiru liburukitan bilduak, bakoitza bere
hitzaurrearekin. Azken liburuan, falta diren gutunak zerrendatuak daude,
nahi izanez gero Bilboko Euskaltzaindiaren Azkue bibliotekan eskatzeko
aukera izateko.

Kulturzale
eta euskaltzale irudikatzen zaitudan horrek, ziur naiz han edo hemen
aurkituko duzula gogobeteko zaituen zerbait, eta hortaz, ez zaizula
damutuko gutunok gainbegiratzeari eta irakurtzeari ekin izana. Hala
izatea espero dudala, jaso prestatzaile honen agurrik beroena eta
adeitsuena.

2017ko urtarrilaren 18an

Pako Sudupe

Andima Ibinagabeitia. Gutunak 1

Andima Ibinagabeitia. Gutunak 2

Andima Ibinagabeitia. Gutunak 3

Bloga

Herriko erlojuaren lehen tiki-taka

Urtea
bukatzen ari da… 2016a agurtu eta 2017ari ongi etorria emateko momentua
hurbiltzen doa… Aurten Urtezahar-gaueko kanpaiak San Telmo baselizatik
emango ditu Euskal Telebistak. Zumaiarrak, ordea, San Pedro parrokiko
erlojuari so egon izan ohi dira urteko azken gaueko hamabiak noiz
iritsiko zain. Kanpandorreko erlojuak adierazten du denbora aurrera
doala, segundoz segundo eta minutuz minutu.

Herriko
erlojua elizako dorrean kokatzea zen ohikoena, gehienbat kanpaiak
bertan zeudelako. Kontuan izan behar da, hasierako erlojuek ez zutela
ordua adierazteko esferarik, kanpai-hotsek ematen zuten horren berri.
Luzaroan, kanpandorreko erlojua izan zen herriko erloju bakarra.
Bizilagunentzat baliagarria zen elementua izaki, udalena izaten zen
erlojua egiteko erabakia; udalek erosten zituzten erlojuak eta bere gain
hartu egoki mantentzearen ardura.

Zumaiako
erlojuari buruzko lehen berriak 1585ekoak dira. Ez dute garai hartako
erlojuaren gaineko azalpen edo deskribapenik eskaintzen, baina bai
erlojuzainaren ingurukoak. Udal artxibategian gordetzen den dokumentu
batek aditzera ematen duenez, ordura arte Domingo Ibarra zen herriko
erlojua, eskola eta sakristia zaintzeaz arduratzen zena. Urte horretako
otsailaren 17an kargua eskuz aldatu zen eta hortik aurrera Julian Loidi
izan zen erlojuaren zaintza bere gain izan zuena.

Datu
honen ondoren, XVIII. mendearen hasiera arte, galdu egiten da
erlojuaren tiki-taka soinua artxiboko liburuetako orrietan. Lehen datuak
antzinako herriko erlojua kronologikoki kokatzen laguntzen du eta bere
zaintzaren gaineko arduradunaren izendapena udalbatzarena zela zehaztu.
Topatu dugun bigarren datuak erakusten du erlojuaren funtzionamendu
egokia zenbateraino zen udalbatzaren ardura.

Dokumentua
1704ko abuztuaren 17ko udal-akta bat da. Bertan azaltzen denez, momentu
hartan hiribilduko erlojuari funtsezko pieza ugari falta zitzaizkion.
Egoera hau nahiko larria zen, gogoan izan behar baitugu San Pedro
parrokiko kanpandorreko erlojuak zehazten zuela Zumaian denboraren
igaroa. Erlojua konpontzeko eskaera Frantzisko Azkarate maisu erlojugile
tolosarrari egin zitzaion, egun haietan Zumaian zegoela aprobetxatuz.
Urtebete lehenago hiribilduak maisu erlojugile berari aurrekontua
eskatua zion, eta orduko hartan 46 erreal zortziko eskatu zituen
erlojuaren konponketarako. Beraz, San Pedro parrokiko erlojuak gutxienez
urte bat zeraman matxuratuta.

San
Pedro parrokiko erloju zaharraren konponketarako 40 zortzi errealeko
aurrekontua aurkeztu zuen bigarren aldian Frantzisko Azkaratek. Prezio
jaitsiera ikusirik konponketa onartzea erabaki zen:

“(…)
atendiendo a esto y a que es cosa que inporta a todos y exencialmente
en una republica se lleve a devida execución dicha proposición y que
luego se desaga dicho reloj y lleve quanto antes pues estaba parado
(…)”.

Hasieran,
lanean hasteko, erreal batzuk eman zitzaizkion maisu erlojugileari eta
handik hamabost egunera 40 zortzi errealekoak ordaindu zitzaizkon.
Oraingoan baina, erlojua konpontzeko gastuak partekatuak izan ziren:

“(…)
ser cosa la mas esencial en una republica, era muy justo en razón, el
que se tomase alguna buena forma poner. El dicho Vicario venia también
en que la Iglesia contribuya en la mitad del gasto que se causase en
componer y afinar dicho reloj (…)”

XVIII.
mendearen hasieran beraz, erlojuaren gaineko ardura partekatzea erabaki
zuten elizak eta hiribilduak. Horrela, gastua bien artean ordaindu
zuten: 20 erreal zortziko udalbatzak eta 20 elizak. Konponketa honi
esker, San Pedro parrokiko antzinako erlojuaren tiki-taka berriro entzun
zen eta Zumaiarrek denboraren igaroaren erreferentzia berreskuratu
zuten.

Aurtengoan
gure begiak San Telmo baselizan jarriak egongo diren arren, Zumaiarren
belarriak San Pedro parrokiko erlojuak astintzen dituen kanpai hotsen
zain egongo dira. Gaurkoan San Pedro elizako erlojuaren lehen aipamenak
ekarri nahi izan dizkizuegu urte amaieraren aitzakian. Erlojuaren
inguruko informazioak ez dira, ordea, hemen bukatzen. Nork daki, agian
datorren urtean eutsiko diogu berriz gaiari… Bitartean, Zorionak eta
Urte Berri On Zumaia!

Oihana Artetxe

Irudia: 1. Fototeka / 2.
Zumaiako erlojuari buruzko 1585eko aipamena. Bertan Domingo Ibarra
erlojugileak postua utzi eta Julian Loidik hartzen duela irakur daiteke.
Z.U.A. 67/1 signatura

Bloga

Irlandarrak Getarian

Gabonak
gerturatzen ari diren garai honetan, Olentzeroren antzera, Getariako
historia aberastuko duen opari txiki batekin gatozkizue. Dakizuenez,
bertako artxiboa Lehen Karlistaldian erre zen eta, ondorioz, ia ez da
1838. urtea baino lehenagoko dokumenturik gorde. Hau horrela,
zenbaitetan beste lekuetan zaindu den dokumentazioaren bitartez
jakinarazten ditugu bertako gertakizunak. Gaurkoan dakarkigun gaia Iago
Irixoa lankideari esker ezagutu dugu. Ikerketa batean murgildurik
zegoela, Adunan eta Sorabillan (Andoain) zeuden 70 irlandar Getaria eta
Zarautzera lekualdatzeko Diputazioaren 1653ko abenduko agindua topatu
baitu. Baina nondik nora irlandarrak gurean?

Irlandaren
eta euskal kostadearen arteko merkatal harremana Erdi Arotik dator.
Euskaldunak Irlandara sardina eta legatza arrantzatzera joaten ziren
eta, horrek, Irlandako merkatal sareetan sartzea ahalbidetu zien. Hala
ere, XVII. mende erdialdekoa ez zen merkatal harremana izan. Irlandarrek
arrazoi politiko-militarrak izan zituzten orduan Euskal Herrira
etortzeko. Garai horretan, Irlandarrak Erresuma Batuko gobernuaren
errepresio eta jazarpena jasaten ari ziren, Ingalaterrak burututako
konkistaren ondorioz. Horretaz gain, Espainiako Koroa barne eta kanpo
testuinguru belikoan murgildua zegoen. Horren barnean 1655-1660
bitarteko guda anglo-hispaniarra deritzona dugu. Azken gatazka hau bi
koroen arteko merkataritza politiken ildotik sortu zen eta Oliver
Cromwell-ek (Ingalaterrako buru politiko eta militarra izan eta Irlanda
eta Eskoziaren konkista burutu zuen kristau protestantea) bultzatu zuen.
Testuinguru liskartsu honetan, katolikotasunaren bermatzaile ziren
Irlanda eta Monarkia Hispanikoaren arteko harremanak estutu ziren.
Horrek Gaztelako Koroa buru zuen armadan irlandarren papera areagotzea
bultzatu zuen XVII. mendearen erdialdean. 1641-1654 artean 22.500
irlandarrek penintsularako bidea egin zutela uste da.

Gipuzkoara
iritsi ziren gehienak Pasaiako portura egin zuten. 1653ko urtarrilaren
6an 3000 infante irlandar iritsi ziren bertara. Etorkin hauen gehiengoa
soldaduak ziren eta beraien etorrerak, oinarrizko beharrei erantzuteko
prestaketez gain, behin baino gehiagotan gehiegikeriak eta liskarrak
sortu izan zituen; ez horiek bakarrik. Muga lurraldea izaki, Gipuzkoan
egoteak soldadu bati baino gehiagori desertatu, ihes egin eta
Frantziara alde egiteko aukera eman zion. Hau saihesteko asmoz,
Probintziak kontingentea sakabanatzeko erabakia hartu zuen 1653ko
maiatzean. Irlandarrak Gipuzkoa barnealdean sakabanatu zituzten, baina
Pasaiatik ez oso urrun, edozein momentutan armada antolatu eta
itsasoratzeko prestakuntzak ahalik eta azkarren egiteko aukera
mantentzeko asmoz. Lehen sakabanaketa honek ez zituen liskarrak eten eta
1653ko abenduan bigarren dispertsioa agindu zen: 70 irlandar Amezketa
eta Abaltzisketara; Asteasu eta Larraulen zeuden 100 irlandarrak Goiatz,
Errezil eta Bidanira; Aduna eta Sorabillako 70ak Zarautz eta Getariara;
eta Zizurkilgo 50ak Oriora lekualdatzeko asmoa agertu zen.

Baina
asmo hori gauzatu zen? Iritsi ote zen irlandarrik Getariara? XVII.
mendeko erdialdeko eliz agiriek zenbait bikote irlandarrek haurrak
Pasaiako badiako elizetan bataiatu zituztela adierazten dute. Agiri
hauek baliatuz, 1650-1660 bitarteko Getariako bataio liburuak miatu
ditugu datu bila. Horrela topatu ditugu irlandar bikote baten bi alabak
izan daitezkeenen bataio-agiriak. 1658ko urtarrilaren 17an Antonia Buler
Moran batailatu zuten, Diego Buler eta Maria Enoranen alaba eta 1660ko
uztailaren 17an bikote beraren bigarren alaba bat, Teressa Buler Moran.
Buler abizena Irlandar jatorriko Butler abizena izan daitekeela
pentsatzen dugu. Moran abizena berriz, fonetikotasun irlandarra duen
amaren Enoran abizenaren moldaera.

Gainera,
ikusi dugu, 1650-1660 bitartean Getarian bataiatutako haurretatik
bederatzik ez dutela amaren edo aitaren daturik jasotzen, bigarren kasua
gailentzen delarik. Hau argigarria suertatzen da 1630-1650 bitartean
horrelako kasu bakarra dagoela aintzat hartzen badugu. Hau Getariara
gizonezko irlandarrak iritsi eta bertako emakumeekin harremanak izan
zituztenaren adierazgarria izan daiteke.

Beraz,
100% ziurtatu ezin badugu ere, bataio liburuetan lortutako datuek Aduna
eta Sorabillan zeuden 70 irlandarrak Getaria eta Zarautz bitartean
sakabanatu zituztenaren hipotesia baieztatzeko pauso bat dela pentsatzen
dugu.

Oihana Artetxe

Irudia: http://www.libraryireland.com