blog

luGORRI

Artxiboak

Luxuaren balioa

Udal guztietan badaude
udalerri bakoitzari eragiten dien arau juridiko batzuk ordenantza bezala
ezagutzen direnak. Udalerrian ordena mantentzeko egiten diren arauak
dira eta Udalak osoko bilkuran onartu behar ditu balekoak izan daitezen.
Mota desberdinetako ordenantzak egiten dira: fiskalitate kontuak
erregulatzen dituztenak, hirigintzako gai desberdinak antolatzen
dituztenak (txabolak, estetika, terrazak e.a.) edo poliziari eragiten
dietenak. Villabonako Artxiboan mota eta garai desberdinetakoak
dauzkagu, zaharrenak XVI. mendekoak izanik. Oraingo honetan ordea,
kronologikoki gertuago dugun bati buruz hitz egin nahi dugu, pasa den
mendeko 70. hamarkadako ordenantza fiskal bati buruz hain zuzen ere.
Gainean ditugun egunak direla eta, aproposa dirudi dokumentu hau
jorratzea. Izan ere denok erosiko ditugu bene-benetan behar ez ditugun
luxuak, jan behar ez ditugun kapritxoak edo tankerakoak.

Aurrean
dugun ordenantzaren izenburua “Luxuzko Gastuen gaineko Udal zergaren
Ordenantza” da (sig. 920-04), hau da, gastu berezien edo bizioen gaineko
zerga bat izango litzateke. Gastu mota desberdinak datoz azalduta
dokumentuan, konkretuki 6 gai dira ordenantza honek arautzen dituenak.
Lehenengoa hoteletan, apartamentuetan edo erresidentzietan ostatu
hartzeari dagokiona izango da, hori bai, beti ere lau izar edo gehiago
dituzten hoteletan egindako egonaldiengatik. Atal honi dagokionean,
zehazki aipatzen da zerga hau zein hotel motetan ezarriko den, nola
kobratuko den, zenbatekoa izango den balioa e.a. Hoteletako egonaldiekin
batera, beste zerga bat ezarriko zaio toki horietan jan eta edaten
denari, baita ere 3 sardexka baino gehiago dituzten jatetxeei, A eta B
kategoria bereziko tabernei eta 3 sardexka dituzten jatetxeak baino
prezio altuagoa duten taberna edo jatetxeei. Hauekin batera, festa
aretoetan sartzeko sarrerak eta edariak ere zerga honen eragina
nabarituko dute. Festa aretoak, dantzalekuak, diskotekak eta ikuskizunak
antolatzen dituzten edonolako kasino edo elkarteetan ere aplikatuko da
zerga hau. Aipatutako kasu hauetan, bezero guztiek ordaindu beharko
dute, baina ez dute banatuta ordainduko, baizik eta edariaren, hoteleko
gelaren edo dantzalekuko sarreraren prezioarekin batera ordainduko dute,
hau da, gaur egun ordaintzen ditugun zerga guztien modura, ordainketa
bakar batean bi gauzak. Ondoren, taberna, hotel edo dantzaleku
bakoitzeko arduradunak lagun pasibo edo ordezkari izango dira, eta
hilero lehenengo hamabostaldian Udalari ordaindu beharko diote zerga
honengatik dagokiona.

Zerga
honek apustuei ere eragingo die. Ikuskizun publikoetan aurrera eramaten
diren apustuetan parte hartzen dutenen artean, irabazleek egin beharko
dute ordainketa. Kasu honetan ordezkaria, enkantea antolatu duen
pertsona izango da. Elkarte pribatuak ere ez dira libratuko zerga hau
ordaintzez, hauen barne sartzen da edozein elkarte mota, bai kasinoak,
bai kirol elkarteak edo klubak. Hori bai, luxuzko gastuak 10.000 pezeta
baino gehiago direnean aplikatuko zaie zerga hau. Etxebizitzen inguruan,
luxuzkoak izango dira 7.000.000 pezeta baino gehiago balio dutenak eta
horiek dira zerga hau jasan beharko dutenak eta urtero ordaindu beharko
dutenak. Hauen kasuan, jabeak dira urtero urtarrilean Udaletxetik pasako
direnak zergaren kitapenerako. Azkenik, arrantza eta ehiza-barruti
pribatuen erabilera ere zerga honekin kargatuko da. Hemen ordezkaria
jabetzaren jabea izango da eta honek egin beharko dio ordainketa Udalari
urtero.

Ordenantza
honek arautzen duen luxuaren gaineko zerga hau ez da berdina izango
aipatzen diren 6 kasu horietarako, baizik eta gastuaren arabera ehuneko
bat edo beste ezarriko da. Horrela gauzak, luxuzko etxebizitza bat
erosten zuenak etxearen balioari %0,60ko karga gehitu behar zion eta
festa areto batera sartzeko sarrera erosi nahi zuenak, balioaren %50eko
karga. Hortaz, gastuaren balioaren arabera ezartzen zen karga edo zerga
hau oso desberdina izango zen egiten zen erosketaren arabera. Hoteletako
egonaldiak ere desberdin kargatuko ziren lau izarreko hotel bat bazen
edo lau izar baino gehiago bazituen.

Aurkeztu
dugun dokumentu hau Udalak onartu zuen 1977 urteko maiatzaren 2ko
udalbatzan. Urte dezente pasa dira ordutik eta dagoeneko aldatu egin
dira gauzak, gaur egun beste zerga batzuk baititugu ordaintzeko.

Amaia Mendizabal

Artxiboak Lugorri

Saskiak

Azkeneko
hilabeteetan ezohiko jarduera bat burutu dugu Ereitenen. Gipuzkoako
Foru Aldundiaren Gordailua eraikinean gordetzen diren 300 saski baino
gehiagoren kontserbazio lanetan laguntzeko aukera izan dugu.

Dakizuen
moduan Gordailua Irunen dago kokatua eta Gipuzkoako Ondare Bildumen
Zentroa da. Artea eta ondare higiezinaz gain, etnogintzari eskainitako
bilduma izugarria dute. Aipatutako saskien kopuru handiena, esaterako,
etnogintzako bilduma horretatik dator eta tipologia ugariren, lanbide
tradizionalen eta jarduera ezberdinen erakusgarri dira. Saski horietatik
ugari urteetan zehar erabili dira baina beste asko, apropos eginak izan
ziren tipologia ezberdinen errepresentazio anitza lortzearren.
Gainontzekoak Untzi Museoak egindako bilketa lanengatik eta bestelako
bildumei esker daude Gordailuan.

Arrantza
eta itsas munduarekin erlazionatutako saskiak (nasak, otarreak, butroik
eta millotarrak, besteak beste), nekazal jarduerekin loturikoak
(kopa-saskiak eta simaur saskiak, adibidez), bestelako lanbideekin
erlazionatutakoak (erlauntzak, okindegiko otarrak etab.) eta
saskigintzaren jarduera berarekin zerikusia duten piezak (tresneria eta
lehengaiak) izan ditugu esku artean. Baliabide eta material modernoek
saskigintza ia gutiz alboratu duten garai honetan, zorteko sentitzen
gara altxor hau gertutik ikusteko aukera izan dugulako.

Sara Etxebeste

*Irudia: Jatorri ezezaguna

Lugorri

Bidebietako Institutua

Irutxulon
irakurri dugu: Bidebietako Institutua itxiko dute. Berri gehiagoren
bila, “ghetto”tzat hartzen dutela irakurri dugu ere. Hara! Sikiera
horrek Dangerous Mindseko Michelle Pfeiffer irakasle gisa izateko balio
izan bazitzaigun!

Orduan
ere ez zen Gipuzkoako ikastetxerik baloratuena; aitzitik, okerrena ez
bazen, azken aurreko okerrena. Barregurea ematen zigun, gu baino pringao
handiagoak zeudela irudikatze hutsak.

Ez
dugu ukatuko: bai, Rob Brownek han ikasi zuela esatea sinisgarria da.
Baina Institutu horretan guk ere Forrester izan genuen alboan.

PC
zer zen inork ez zekienean, irakasle talde batek informatikan hasi
behar ginela erabaki zuen. Sinclairrak eskutan izan genuen; Donostiko
unibertsitate pribatuan, ordenagailua idazten eta bekarekin dirua PC
batean gastatuta joando bakarrak izan ginen. Ghettokoak.

Goizueta
eta Aranotik euskaldunak Bidebietara etortzen ziren. Ez galdetu nola
ematen zen mirari hura. Eraman handi izan zuten gurekin,
nork-nori-norrean trabatuak, euskaltegiko kumeekin. Errespetu handiz
euskaraz egiten ziguten. Are, euskara ikasi beharrean, euskalduberri
heldugabekoak euskaraz ikastera ausartu ginen, euskarazko lehen
liburuak, apunteak… bai eta baten batek zuzenean euskal filologiara
egitera jo ere.

Idazten,
marrazten, galdetzen… lanak bildu eta fanzinea egiten genuen;
fotokopiagailua erabiltzea ez zen eskatu behar egin ere.

Ea, ea… Institutuak M-ak eta Takolo, Pirritx eta Porrotx Trintxerpeko frontoira eraman zituela zin dagizuet.

Sona
handiko politikaria izango zenak literatura irakasten zigun,
Garcilasorekin tematua; jakin gabe bere klaseetan, ipuinak idazten
genituen eta postaz (hau da, kartazala selloa eta dena) elkarri
bidaltzen genizkion. Sasi analfabetoak ginelakoan, Hesse, Tolkien, Ende
(Mikel, sé donde curras y me debes un libro), Asimov, Brecht… (boh,
bale, Vazquez Figueroa ere) ez ziren gure irakurgai bakarrak. Izan
ere…

Oraindik
egun, gure betiko herri horietako bateko institutuan liburutegirik gabe
segitzen duten bitartean, institutuan liburutegia genuen. Presaka eta
korrika iritsi behar, misterioa, nobela beltza eta komikiak (asterix,
tintin, valerian y laureline, el víbora, cimoc-eko ale bereziak)
eskuratzea ez zen batere erraza.

Institutuak
bere espazioa eskaini zion auzoari: non ikasi ez (badakizue nolakoak
diren etxe apostuluak?) eta liburutegia auzo osorako apaltasunez ireki.
Nire CV-tik inoiz kenduko ez dudan aipamena da, Bidebietako
liburutegiaren liburuzaina.

Ikasi?
Jakina. Bizitzen ikasi genuen; Unibertsitatean lanak nola egin, hori
jada Forresterrekin egiten genuen. Jendearekin nola portatu, elkarri
irakatsi genion.

Ortzimuga
gainbaloratua dagoela idatzi zuen batek lehengoan; Bidebietako
institutuko ortzimuga bakarra zen mahaietara igo eta Asuncion-eko
lehioetara begira eta agurtu; labiritinto igotzeak errazten zuen hori,
arratsaldeko unerik zirarragarriena. Etxera hiru aldiz itzulta eta
hirian txirrindaz ibiltzen ikasi bitartean.

Ez,
ez zen xamurra izan. Colowall zeharkatu behar zen: eta Isasa parkea.
Baina hil arteko iraungo duten laguntasunak eta etsaiak sortu ziren. Non
egongo dira lagun galduak? Idatzi bitartean izen eta aurpegi! Izenak
emateko lotsa gehiegi. Ondo al zaudete Fredi, Idoia, Susana, Laura,
Kontxi, Eba, Jone, Mikel, Rober, Guti, Angel, Sergio? Besteak bai, ondo
daude.

Irakasleek
egin gintuzten on. Gu txikitu nahi gintuztenek eta gu maite
gintuztenek. Ghettotik ateratzeko aukera eman ziguten, ghettoa aldatzeko
bidea eman ziguten. Merezi genuelako.

Ikusten
ditut erreportajearen haurren aurpegiak. Ikaskideen seme-alabak izan
zitezkeen. Ez dira inongo ghettokoak. Auzo langilearen alabak dira.
Onera egin duten bi auzokoenak, hain zuzen ere. 49. Matematika
Olinpiadetan brontzea irabazi zuen neskatoa nongoa zen ba? Eta sutean
kaltetuentzat 1420 kapoi bildu zituztenak?.

Itxieraren
arrazoia Trintxerpeko Karmengo Amaren euskarazko DBH berria balitz,
gaitzerdi. (Hori bere baitan itzela baita). Baina honen atzean ez ote
dagoen aurre iritzia eta urtetako utzikeria.

Lagun
on batek bota zidan bezperan. Zein izan zen nire heldutasunerako
urratsa. Amaren iritziaren aurka Bidebietako institutura joatea. Han
ikasitakoa naiz. Hori da gordetzen dudan institutua (une txarrak bera
eta nire artean geratzen dira).

David Zapirain

Artxiboak

Suteak, gaurkotasunez betetako gaia

Aurreko batean meatzeen inguruan jardun gara, Oiartzun inguruetako
ezaugarririk nabarmenetako bat, baina aldi berean dokumentazio
historikoaren aldetik ezezagunenetako bat, jorratuz. Ez dira, ordea,
Bailarak aurreko garaietan zituen gauza azpimarragarri bakarrak; oihanak
ere, hor zeuden.

Basoa aspalditik izan da aberastasun iturri:
jatekoa lortzeko, behar ezberdinetarako materialak eskuratzeko, lanbide
ezberdinen jardunleku… Lurralde zabal nahiz txikiko herrietan, ohiko
baliabide-meatze bihurtu zen. Toki guztietan, baina, ez zuen garrantzia
bera izan. Lekuan lekuko eta unean uneko gizartearen behar eta
garapenaren arabera, oihanaren erabilerak eta ustiaketak maila
ezberdinak ezagutu zituen. Oiartzun bezalako tokietan, burdinola kopuru
handi batekin, basoak eskaintzen zituen produktuekiko eskaera agerikoa
zen, bereziki ikatza egiteko edo arragoetarako egurra lortze aldera.
Baziren, halaber, oihanean beraien premiei erantzuteko gaiak topatu
zituzten beste jarduera batzuk; ontzigintza, eraikuntza eta
abeltzaintzak ere basoa oinarrizko helduleku izan zuten. Modu honetan,
eta baliabide-iturri preziatu bihurtuta, aurreko hamarkada eta
mendeetako gizartea, inguru horretara estuki lotuta ageri zaigu.

Anitz
jende eta ogibideren lan-esparru zen heinean, halako eremu batek presio
nabarmena jasan zuen, arautua zein arautu gabekoa. Esku hartze horiek
hamaika ekintzatan gorpuztu ziren, legez kanpoko zuhaitz mozketak edota
gehiegizko lepatzeak, besteak beste. Egoera hau dela eta, ez zen bat ere
ezohikoa suteak sortzea, naturalak zein gizakiak sortutakoak, nahigabe
edo propio eragindakoak. Horregatik, eta bereziki azken asteotan Galizan
zein Portugalen jazotako egoera lazkarrien ondotik eskuratu duen
gaurkotasunaren ildotik, aurreko mendeetan gaiaren inguruan iritsi
zaigun informazioari buruz galdetu diogu geure buruari.

1.- Etengabeko ardura

Gizakiari
dagokionez, suteak suaren beraren erabilera hasi zenetik sortutako
gertakariak dira. Modu honetan, aktetan topatzen ditugun lehen datuak ez
ditugu beraien hastapen moduan hartu behar. Are gehiago, beste leku
batzuetako dokumentazioak ere Oiartzunen edo oiartzuarren eta suteen
arteko loturak islatzen ditu. Errenteriako udal aktek, adibidez, bere
mendietan Bailarako hainbat auzok sortutako erreketen berri ematen
digute, hala nola 1611n Migel Bidarte ikazkinak sortutakoa, Frantzisko
Arpidek 1647an burututakoa edo beranduago, 1691 eta 1705ean,
eragindakoak.

Oiartzungo udalbatzaren erregistroei dagokienez,
erreketen berriak ugariak dira. Alde batetik etxeek, elizak edo
bestelako eraikinek pairatutakoak ditugu: Añarbe etxea 1658an, Igartza,
Azkue eta Maritxonea etxeak 1697an edo elizako koruan 1707an
gertatutakoak kasu (A-1-1-1, 47 au.-48 au.; A-1-13-2, 188 au.-192 au.).

Ondorengo
lerroetan begirada mendietan jarriko dugu, baina sute-arriskuaren
egunerokotasuna ikusteko, hiri-munduko adibide bat eman nahi genuke,
1707ko abenduan udalbatzak emandako mandatu bat, hain zuzen ere. Orduz
geroztik udaletxeko geletan lasto, ale, gari, egur eta bestelako
trasteak sartzea debekatzeaz gain, une hartan zeudenak kentzeko agindua
eman zen (A-1-13-2, 194 au.-194at.). Honek, etxeetan suak hartzeko
arriskua zuten hamaika gauza pilatzen zirela adierazten du. Ez da
harritzekoa, beraz, udal-agintarien ardurak etengabeak izatea eta
halakoak gertatzen zirenean hainbat pauso finkatuta egotea; izan ere,
edozein unetan garrek beraienak eta bi egin zitzaketen.

Beste hainbat
gertakarirekin lez, ezkilak edo kanpaiak ziren suaren berri emateko
tresnak, 1678, 1683 eta 1691n dakusagun moduan (A-1-3-2, 56 au-at.;
A-1-5-1, 62 au.; A-1-7-1, 38 au.-39 at.). Horiek aditu orduko jendea
elkartzen zen, sutea zegoen lekura joanez. Komunitateko partaideek
betebehar hori barneratuta zuten eta era berean, udalbatzak, ardura
horretan zebiltzanei askaria eta freskagarria emateko obligazioa zuen.

Suteen
kontua aintzat hartzeko gaia zen heinean, hamaika lekutako
udal-ordenantzek haien aurka egiteko neurriak bildu zituzten; hedatuena,
ezbairik gabe, garrak amatatzeko gai moduan sagardoa eta ardoa
erabiltzean zetzan, gure begietara harridura sortu badezake ere. Horrez
gain, Oiartzungo kasuan Elizaldeko iturria funtzio horretara bideratu
zen; are gehiago, 1695an beste inolako erabilerarik ez izatea adostu zen
(A-1-8-3, 101 au.-at.). Dena den, bere erabilera erabilera auzunean
gertatutako suteen aurka bideratuta egongo zen, hau da, gertu ematen
ziren horietara.

Aktek mendietan jazotako suteei buruz dakarten
lehenengo datua 1665ekoa da. Orduko apirileko idatzi batek
Borrokazelaieta edo Borroagazelaieta eremuan izandakoaren berri ematen
digu, bertako herri-larreetan jazotakoa. Agidanez sutea ezin izan zen
segituan itzali; aitzitik, azkar asko hedatu zen. Eremu zabal bati kalte
egin zion, eta besteak beste, ametz ugari erre zituen (A-1-1-2, 21
au.-22 at., 6. foliazioa).

“con gran trabajo se apagó (…) se a quemado partida de amezes”

1686an
Iturrola eta Zumalikarreta artean eta Fagolako sarobean gertatu ziren
bi suteek informazio zehatzagoa dakarte. Lehenengoan hirurogeita hamar
zuhaitz-lepatu eta hamasei ipinabartu erre ziren; bigarrenean, berriz,
hamazazpi lepatu (A-1-5-2, 41 au.-at.). Urte batzuk berandugo Beotegin
gertatutako sutean, aldiz, lepatu eta enborrei dagokienez, hogei ez
beste guztiak kiskalita gelditu ziren, kalteak 180 errealetan baloratuz.
Erretako lursailak aldiz, bi golde edo uztaldiko tamaina zuen, 0’62 bat
hektaera gutxi gorabehera (A-1-9-2, 213 au.-at.) (1).

2.- Errudunak eta zigorrak

Suteen
aurrean, eta kalteak balioztatu eta erantzuleak topatzeko asmoz,
udal-gobernuek beraien taktikak abian jarri zituzten. Horretarako,
justiziak frogaketak egin eta lekukotzak hartzeko ardura zuen. Aipatu
dugun 1686ko bi suteei buruzko informazioa hartzeko, inguruetako auzoak
atxilotzea adostu zen (“se haga cautura de todos los circunbecinos de
los parajes arriua dichos”); 1693an, berriz, susmagarri zirenak deitu
eta atxilotzea erabaki zen (“llamar y prender a los indiçiados”).

Ikazkinak
ziren horrelako jazoerak sortzen zituztenetako batzuk: txondorra egin
eta hau zaintzen zuten bitartean, txinparta batek inguruan jo zezakeen,
suari bidea irekiz. Baina beraiek ez ziren erantzule bakarrak;
abeltzainen jardunak ere ondorio horiek ekarri zituen. Horren lekuko
dugu Hamabiaritzetan eta Beobieta artean Sebastian Oiartzabal eta Martin
Bengoetxeari 1697 urte erdialdean gertatu zitzaiena. Agidanez, biek,
beraien 12-13 urteko morroi Joanes Bengoetxea lagun zutela, otadi zati
txiki bati su eman zioten, azienda xehearentzako bazka sortzeko asmoz:
“con prestesto de que huuiese un poco de pasto para el ganado menudo (…)
dieron fuego a un poco de argomal”. Egindakoak, ordea, esku artetik
ihes egin zien, suak ustekabean indar gehiago hartu eta beheranzko bidea
hartu baitzuen. Itzaltzeko saiakerak antzuak suertatu zirenez, hainbat
kalte eragin zituzten (A-1-9-2, 187 au.-at.).

Beharginek izan
zezaketen arduraz gain, suteen kontua gaur egun hainbat eta hainbatetan
susmoa hartzen diegun kontzientzia txarreko jendearen ekimenak
ziruditen, giroa lagun zutela sortutakoak gainera. Arbide eta Oiartzabal
inguruetan nahita piztutako suteak hori islatzen du, hegoaizea zebilela
piztu baitzen: “alguna persona de mala conciencia auía dado fuego y
yncendió a la juridizión d’este valle junto Arbide y Oyarzabal, que con
la violençia y rigor de los vientos solanos peligrauan los montes y
casas…”.

1705eko otsailean egin zen galdeketan berriz, egilearen
nondik-norakoak ez daude oso argi, baina Pedro Altamira 29 urteko
ikazkin oiartzuarraren esanek nahita eragindako gertakari baten aurrean
gaudela aditzera ematen dute. Hark zioenez, lanean zebilen lekutik
“hiruzpalau moskete tirora”, kapusaia soinean zeraman gizon ezezagun bat
inguruari su ematen ikusi zuen. Altamiraren erreakzioa tipo horri
garrasi egitea izan zen, kargu hartuz eta haren aurkako biraoak botaz:
“vio a vn onbre con ropa de capussay y que estaua encendiendo fuego y le
gritó al tal ombre maldiciéndole, pero no conoció al sugeto” (A-1-12-2,
44 au.-46 at.).

Sutea sortzeko zergatiak zergati eta interesak
interes, erantzulea topatzea ez zen beti samurra izaten; hainbat adibide
dira horren lekuko. 1691ko otsailean Arbide eta Oiartzabal arteko
sutean edo 1693 uztailean Barkardaztegi errotatik gora sortutakoan, hori
lortzeko zailtasunak agerian geratzen dira (A-1-7-1, 38 au.-39 at.;
A-1-8-1, 140 au.-141 au.). Adibiderik azpimarragarriena, ordea, Iturrola
ondoko mendietan gertatutakoari eta bertan kiskali ziren haritzei buruz
1705eko galdeketa dugu. Hori ikertzeko hartu ziren 25 lekukoetatik seik
bakarrik eman zuten nolabaiteko informazioa, laurdenak baino gutxiagok
alegia, baina hobendunari dagokionez, datuak askoz urriagoak izan ziren.

Errudunei
hainbat zigor mota ezarri zitzaizkien: axolagabekeria hutsez jokatzen
zutenei, Jose eta Juan Perez Isasa ikazkinei Txaradin gertatu bezala,
isun batez gain haritz-mintegi bat egiteko ardura ezarri zitzaien 1687an
(A-1-5-3, 56 au.-57 au.). Bederatzi urte beranduago, 1696an, egoerak
okerrerantz egin zuela ematen du. Orduko maiatzaren 19an hartutako
erabakien artean, adierazgarri baino adierazgarriago bat hartu zen:
uda-mendiei su emango zion pertsona orori heriotz-zigorra ezarriko
zitzaion, erreinuko legeetan adostutakoa jarraituz (A-1-9-1, 112
au.-114 at.).


“…ninguna persona sea osado de dar fuego a los
montes y jurisdiciones de este Valle, pena de que el que se probare, se
le dará la pena capital de muerte…”

Azkenik, garrantzitsua deritzogu
beste kontu bat aipatzea: erretako egurra edo sutearen ondoren kalterik
gabe geratzen zen zura aprobetxatzen zen. 1687an Txaradin erre ziren
ikatz-egur zamak, adibidez, enkantean atera ziren (A-1-6-1, 106 au.-107
au.; eta A-1-6-2, 111 au.-at.). Honek, ezbehar baten ondotik sortutakoek
ere nolabaiteko erabilera zutela erakusten du. Eta hori da, basoaren
kasuan, aurreko gizartearekiko desberdintzen gaituena. Salbuespenak
salbuespen, beraien bizitzan gertu eta eskura zituzten oihan, zuhaitz
eta bertako fruitu eta animaliek gurean baino protagonismo zuzenagoa
zuten.

Iago Irixoa

(1) Garaiko neurriei dagokienez, ikus CARRIÓN ARREGUI, I. M.ª: “Los antiguos pesos y medidas guipuzcoanos”. In: Vasconia, 24 (1996), 59-79 orr., bereziki 64 orr. eta 24 oin-oharra.

Artxiboak

Argi galdeketa

Herri
galdeketak eta argiteria elektrikoa. Arrazoi batengatik edo
besteagatik, argi dago Euskal Herrian oso presente dauden bi gai direla,
bestela, saia dadila edozein egungo errealitatea bi hauek gabe
imajinatzen. Baina, gure helburua ez da baten edo bestearen pisua neurtu
edo baloratzea, baizik eta Getariako bien arteko lotura historikoa
zuenganatzea.

Alde
batetik, gai eta eskala ezberdinetako herri galdeketek azken urteetan
izan duten pisua ezin da zalantzan jarri, hauen artean entzutetsuenak,
Gure Esku Dago dinamikaren bitartez eginiko eskualde mailakoak izan
direla esan daitekeelarik. Bestetik, argindarrari dagokionez, pertsona
ororen egunerokotasuna baldintzatzen duen fenomenoa dela ukaezina da,
uneoro erabiltzen ditugun gailu guztiek korronte elektrikoaren bitartez
funtzionatzen baitute. Argindarrik gabe geldituko bagina munduaren
amaieraren pareko zerbait izango litzateke, esaterako, etxetresnak
erabili ahal izateko oinarrizko baliabiderik gabe geldituko ginateke
eta.

Getarian
1896. urtera arte ez zen argindarra herrian aplikatu eta zabaltzeko
imintziorik egin, baina aipatutako urtetik aurrera, inguruko herriak
adibide modura hartuz, Udal Batzordeak hiribilduan argiteria elektrikoa
jartzeko erabakia hartu zuen. 1896. urtean Udalak eginiko herri
galdeketa batek markatu zuen ezagutzen ditugun argindar elektrikoz
betetako etxeak egituratzen joateko lehen pausoa.

Udal
artxiboko dokumentazioak erakusten digunaren arabera, 1896 irailaren
27an, Udal Batzordearen aginduz aguazila bidali zen argindar elektrikoa
etxe partikularretan sartzeko herri galdeketa egitera: “para que en
nombre de la Corporación explorase la voluntad del vecindario acerca de
las luces que se proponen tomar de luz eléctrica”. Dirudienez,
aguazilaren galdeketak ez zuen arrakasta handiegirik izan, 60 inguru
iritzi besterik ez baitzituen jaso garai honetan 1351 biztanle zituen
herri batean. Honen aurrean, Udalak hartu zuen gaiaren inguruan erabaki
bat hartzeko ardura. Horretarako, komisio bat eratzeko erabakia hartu
zuten urriaren 10ean, komisio honen ardura bihurtuz argindar elektrikoa
etxe partikularretan sartzeko nondik norakoak. Udal aktetan aipatzen da
Udalarentzat oso garrantzitsua zela argindar elektrikoaren afera,
betiere, herriaren garapenean oinarrituta. Mende bat igarota,
komisioaren parte izan zirenak hemen egongo balira, Getaria goitik
behera aldatzearen eragileak izan zirela konturatuko lirateke.

Xabier Etxeberria Lasa

Artxiboak

Sepulturak komunitate baten ispilu zirenekoak I: San Pedro Parrokiako…

Gure
lurraldean, erlijio kristauaren barruan, hilotzak elizen inguruan
ehorzten ziren garai batean. Burualdeko gertutasunean santu, elizgizon
eta komunitateko pertsonaia nagusiak eta haien ondoren gainerako
komunitateko kideak. Denborarekin tenpluak handitzen joan ziren eta
kanpoko sepultura horietako asko eliza berrien barrualdean geratu ziren.
Horrek, komunitatearen ehorzketak elizaren barrualdean egitera eraman
zuen. Euskal Herriko zenbait herritan oraindik ikusgai daude elizako
lurzoruan kokatutako hilobiak. Hilobi horietariko bakoitza familia edo
leinu bati egokitzen zitzaion. Hala ere, lehen kanpoan egin bezala,
burualdetik gertuen santu, elizgizon edo komunitateko pertsona nagusiak
hilobiratzen jarraitu zuten, askotan haien omenez eraikitako kapera
berezietan. Zumaian badugu azken horren berri ematen diguten dokumentu
interesgarriak.

1503ko
maiatzaren 13an San Pedro elizako eremu bat, pareta eta guzti, eman
zion Udalbatzak Cristobal Perez de Elorriagari, bertan kapera bat egin
zezan. Ordurako, ordea, Cristobal hilik zegoen. Kontua da, bizirik
zegoela, Alejandro VI.a aita santuaren bulda bat lortu zuela San Pedro
elizan kapera bat eraikitzeko. Bulda horrek, ohikoa zen bezala, bertan
mezak egiteko eta bera eta oinordekoak lurperatzeko baimena zeraman bere
baitan. Iruñeko bikario nagusiak berretsi zuen eta Zumaiako hiribilduak
kapera hori eraikitzeko gunea eman zien Cristobalen emazte zen Catalina
de Osangori eta haien seme Juan Perez de Elorriagari:

“…
desimos e otorgamos que fazemos dotaçión e donaçión e fazemos el dicho
asyento con vos, Juan Peres de Elorriaga, fijo legítimo heredero
universal de el dicho Cristóval Peres de Ellorriaga, vuestro sennor
padre, e a vos Catalina de Osango, muger del dicho Cristóval Peres,
defunto, para que en el lugar por el dicho Vicario General limitado e
sennalado e declarado e en el dicho suelo podádes fazer e fagádes la
dicha capilla a vuestra costa e misyón, e ende podades fazer desir misas
e otros ofiçios dybynos e enterrar a vuestros cuerpos e de vuestros
subçesores a la ladera, debaxo del altar de San Martín, segund y en
conpás que fue esaminado e destajado por vista e esamen de maestre
Martín de Gorryaran, maestre cantero para ello traydo e por maestre
Pedro de Yrunaga, maestre cantero, et dexando por camino e pasaje a la
parte del ospytal, tanto en ancho quanto la medida que está sennalada en
el pilar de piedra del altar de San Juan, con condiçion que la dicha
capilla syenpre aya de estar e esté abierta por parte de dentro de la
dicha yglesia e syn çerradura alguna, y que la dicha capilla sea común
para todo el pueblo para estar e entrar y andar y rrezar en ella e oyr
los ofiçios divinos e para todos los otros ofiçios eclesyásticos e
seglares que sean nesçesarios al dicho concçejo, eçeto que ninguno se
pueda sepelir nin enterrar en la dicha capilla salvo los que quesyeren o
premitieren la dicha muger e herederos de dicho Cristóval Peres, que
poseen e poseyeren su casa, e non otro ninguno. E que para ello la dicha
muger e herederos del dicho Cristóval Peres, que poseen su casa, ayan
de dar e den e paguen luego para la fábrica de la dicha yglesia de
sennor Sant Pedro, que está an mucha nesçesydad, quarenta ducados de
oro. E más dé una sepultura que tiene en la dicha yglesia para que el
dicho vicario e manobreros la puedan vender e vendan para la dicha
yglesia e fábryca e vtelidad d’ella.”

Lehenik,
aipatu beharra dago, dokumentuan argi geratzen dela Zumaiako San Pedro
elizan elizkizunak baino gauza gehiago egiten zirela. Kapera egiteko
eskubidea aita santuak eman zion Cristobali; Iruñeko bikario nagusiak
hori berretsi eta Zumaiako udalbatzak San Pedro elizaren barruan kapera
egiteko gunea eman zion. Bestalde, une horretan San Pedro elizan lanak
egiten dabiltzala ere aipatzen da; eliza handitzeko lanak izango dira,
ziurrenik. Udalak jakinarazten duenez, lan horiek egiteko dirua falta
zuen eta Catalina de Osangori eta Juan Perez Elorriagari urrezko 40
dukat emateko eskatu zitzaien. Horrek elizaren kudeaketa nolakoa zen
azaleratzen du.

Kontuan
izan behar dugu elizak komunitate baten elkargune izan direla eta
historikoki komunitate horrekin lotutako gaiak jorratzeko gune ere izan
direla. Udaletxeak egon baino lehen, adibidez, ohikoa zen batzarrak
elizetan edo eliza ataritan egitea. Elizak komunitateek sortu izan
dituzte gehienetan eta eraikin horiek komunitate horien botere eta
aberastasunaren ikur izan dira. Egun elizaren funtzioak betetzeko
erabiltzen diren eraikin horiek, historikoki komunitateko hainbat
zereginetarako erabili izan dira. Hori horrela, Cristobal Perez de
Elorriagaren izenean eraikiko den kaperak ezin duela itxiturarik izan
ikusi dugu. Elizaren barrualdeak irekia behar zuela guztien igarobidea
bermatzeko eta kapera horren erabilerak ere publikoa izan behar zuela.
Elorriagatarrek zuten eskubide pertsonal bakarra bertan hilobiratzekoa
zen, beraz.

Elorriagatarrek
egin zuten kapera gaur egun Zumaiako Parrokian dagoen San Bernabe
kapera da. Garai eta gizarte hartan elizaren barrualdean gune nabarmen
batean kapera bat izatearen sinbolismoa ikaragarria zen. Azken finean,
elizaren barruan familiaren izenean eraikitako kapera izateak
komunitatean indar handia zuen eta bertan ehorzteko eskubideak familia
horrek komunitatearen barruan zuen botere eta aberastasuna adierazten
zituen. Elizak eta ondoren Udaletxeak komunitatearen botere eta
aberastasun sinbolo izan badira, etxea eta sepultura familia edo leinu
baten boterearen erakusle izan dira. Horregatik, sepultura familia edo
leinuaren ondasun preziatuenen artean zegoen eta maiorazkoaren ondasun
zatiezinen parte izaten zen. Hori ematen du aditzera transkripzioan
irakur daitekeen “que poseen e poseyeren su casa” formulak. Horren
guztiaren atzean, beraz, familiaren nahitasun garbi bat zegoen eta
interes berezia zuten kapera dotorea egiteko eta artelan ederrekin
apaintzeko.

Elorriagatarrek
kapera egin eta bertan lurperatzeko eskubidea lortu zutenez, ordura
arte elizan izan duten sepultura emateko eskatzen zaie dokumentuan.
Horrela, sepultura hori beste familia bati salduko zaio. Pentsa
dezakegu, Elorriagatarrek lehenago erabili zuten sepulturak ere elizan
gune esanguratsua izango zuela. Hori salmentara ateratzeak, komunitateko
beste familia batek sepultura hori eskuratu eta elizan bere leinuaren
edo familiaren tokia hobetzea eta maila gorenago batean jartzea ekarriko
zuen.

Familia
edo leinuaren sepultura elizako gune nabarmenean izatearen garrantzia
ederki adierazten da urtebete geroagoko, 1504ko irailaren 1eko, antzeko
beste dokumentu batean. Baina hori hurrengorako utziko dugu.

Oihana Artetxe


Artxiboak

Testamentuek diotena

Asteasuko artxibo honetan,
beste dokumentu mota desberdinen artean, baditugu gordeta hainbat
testamentu XIX. mende aurrekoak, horien artean zaharrena XVI. mendekoa
izanik. Hortaz hitz egingo dugu oraingoan.

Testamentuek
informazio asko gordetzen dute bere baitan eta oso baliagarriak dira
mota desberdinetako ikerketak egiteko. Beste gauza batzuen artean,
informazio ekonomikoa, erlijiosoa edo juridikoa eskaintzen digute. Baita
ere ahaidetasun erlazioak ezagutzeko edota heriotzaren inguruko
ohiturak ezagutzeko dira erabilgarriak, izan ere, dokumentu mota honen
bitartez heriotzaren momenturako gai pertsonal guztiak argi uztea lortu
nahi zen, horregatik islatzen ziren hainbeste datu testuetan.

Kasu
honetan esku artean dugun testamentua Asteasuko Juan de Bulanori
dagokio. Juanek bere gauzak prest utzi nahi izan zituen hil ondoren
arazoak suertatu ez zitezen bere seme-alaben, ondorengoen eta zordunen
artean. Baina badu beste helburu bat ere testamentua hau egiteko. Zehatz
mehatz adierazten du non nahi duen hilobiratua izatea eta ospatu
beharreko hileta-elizkizunak. Dokumentu hau egin zuenean Etxarri
Aranazen bizi zen, baina jaiotzez Asteasukoa zenez, hil ondoren bere
jaioterrira bueltatu nahi du eta bertako eliza parrokialean hilobiratua
izan nahi du “Joan de Bullano mi hijo a sus propias costas mi cuerpo aya
de llevar y lleve al dicho lugar de Asteasu y sea enterrado en la
iglesia del dicho lugar dentro de la dicha iglesia en la sepultura donde
[a mi Joan mi hijo] y mis herederos les pareciera”. Baita ere idatziz
agintzen du bere omenez bederatziurrena, urteurrena eta beste hiletak
ospatzea nahi duela, guztiak bere semearen kontura.

Behin
bere hiletak argituta, zorren gaira pasatzen da, hil baino lehen ezin
izango zituen denak kitatu eta. Hori dela eta, zerrenda bat egiten du
eta bertan zehazki aipatzen du zeinbait diru (dukat) zor dion nori edo
nork zor dion zenbat berari eta zergatik. Bera hargina zen, beraz
hornitzaile askorekin negozioak egiten zituen, adibidez, Catalina
Lordenarekin (?). Emakume honek kare bizia saldu zion eta ondoren Juan
de Bulanok harriaren inguruko lan batzuk egin zizkionez “son seys
ducados o lo que ella en su conciencia diciere mando le sean pagados”.
Honetaz gain, errementariei, zapatariei eta bestelakoei ere zor zien.
Bestalde, kontrakoak ere badaude, adibidez, Hondarribiako Tomas batek
berari zor zion harategian egindako lan batzuengatik. Modu honetan
zordunen zerrenda 6 orriren bitartean luzatzen da.

Ikusten
da nahiz eta urteak eta mendeak pasa, badaudela hainbat gauza eta
ohitura ez direla aldatu. Aurrean dugun dokumentua 1558 urtean
sinatutakoa da, hau da, orain dela 459 urte, eta urte guzti hauetan
zehar badaude zenbait gauza ez direnak aldatu, alde batetik, eliza
ospakizunak, bederatziurrena eta urteurrena adibidez, oraindik ere
egiten dira. Bestalde, heriotzak harrapatzen gaituen momenturako gure
gai guztiak eta ondorengotza ondo lotuta uztea esate baterako. Izan ere,
testamentuak erromatar garaian ere egiten ziren, beraz, esaten den
bezala, guk ez dugu ezer asmatu.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

XIX. mende amaierako eskolak Getarian

Irailarekin batera hasi dira eskoletarako joan etorriak, honek herri guztietan dakartzan aldaketa guztiekin, udako ohiturekin alderatuz betiere. Inork ez du zalantzan jartzen gaur egun haur edo gazte guztien eskolaratzearen, eta honek dakarren alfabetizazioaren, garrantzia. Baina ziurtatu daiteke hori ez dela horrela izan historian zehar. Udal artxiboak eskeintzen digun dokumentazioarekin, Getariako eskolen inguruko XIX. mende amaierako zenbait argitzapen egin daitezke.

Ezer zehaztu baino lehen, XIX. mende amaierako euskal eskolen azalpen batzuk ezinbestekoak dira garaiko errealitatea ulertzeko. Alde batetik, kontuan izan behar da espainiar estatuak gidatutako uniformizazio politikaren garaiaz ari garela, hezkuntza sistema zentralizatuaren ezarpenaren garaiaz alegia. Berrezarkuntzaren ezarpenetik aurrera eta foruak galdu ziren momentutik, euskal lurraldeek hezkuntzaren gainean zituzten eskumenak galduz joan ziren. Bestalde, eta aipaturiko foruen galerarekin, euskararen presentzia hezkuntzan ia guztiz galduko da, nahiz eta euskararen aldeko eskola planteamenduak agertzen joango diren, ekimen pribatuaren bidez noski.

Hezkuntzaren erregularizazioa Moyanoren legearen (1857) bitartez hasi zen garatzen espainiar estatuan, eta honen arabera, lehen mailako irakaskuntza udalerrien esku geratzen zen. Gauzak honela, udal artxibotik lehen mailako irakaskuntzaren informazioa atera daiteke. Udalbatzarretako aktek hiru eskola publiko zeudela islatzen dute:

  • Escuela pública de niñas de Guetaria: lehen aipamena 1874ko irailaren 20koa da.

  • Escuela pública de niños de Guetaria: lehen aipamena 1882ko martxoaren 19koa.

  • Escuela de niños de Askizu: lehen aipamena 1886ko urriaren 17koa.

Aipaturiko hauetaz gain, beste eskola pribatu bat ere existitzen omen zen:

  • Escuela habitación de Fermina Arizpe: lehen aipamena 1895eko urriaren 20koa.

1897. urtean 1300 biztanle zituen herri batentzako eskola kopuru hau ikusita, eskolaratze maila altua zeukala pentsa daiteke. Baina dokumentazioak hori gezurtatzen digu, 1883ko apirilaren 15eko udalbatzarreko aktan adierazten baita haurrak eskolaratzen zituzten gurasoak sarituak izango zirela. Ukaezina da sariak emateko beharra bazegoen, eskolaratzearen maila oso altua ez zela. Familia guztietan haurrak lan-esku garrantzitsua ziren garai honetan, sariak pizgarri modura erabili zitezkeela pentsa daiteke, gutxienez, haurrak eskoletan izena ematen hasteko.

Xabier Etxeberria Lasa

*Irudia: 1882 urteko Escuela pública de niños de Guetaria­-ko lokalaren planoa. Iturria: Getariako udal artxiboa

Artxiboak

Meatzeak, mundu ezkutu bat?

zArditurriko meatzeek ez
dute aurkezpen handirik behar. Milaka urteetan zehar izan duten
erabileraz gain, duela hainbat denbora abian jarritako interpretazio
zentruak beraien ohiartzuna areagotu egin du. Toponimia arloan ere
jarduera horrek arrastoak utzi du, eta horren adierazle dira “Gazteluko
meatzea”, “Gazteluko meatze zuria”, “Matxin-meatze”, “Meatzegorrieta”
edo “Meatzezuloeta” bezalako leku-izenak.

Dirudienez,
erromatarrek burdinari jaramon handirik ez zioten egin, beste metal
batzuetan interesaturik baitzeuden. Modu honetan, Erdi Aroan Aiako
Harrian material haren erretserbak ia oso-osorik zeuden. XIII. mendeko
bigarren erdialdetik meatzeen ustiaketak garrantzia nabarmena eskuratu
zuela ematen du, inguruetako ibai, lats, erreka edo errekastoean
ezartzen joan ziren ur-olek ongi islatzen duten moduan. Horren lekuko,
erregeak emandako Burdinolen Forua dugu. Araudi hau jaso zuten
lehenengoak Irun eta Oiartzungo olagizonak izan ziren 1328an, nahiz eta
denbora gutxian, handik hamar urtera hain zuzen ere, Gipuzkoako lurralde
osora hedatu. Egia da burdin-mea gehiena inportatu egiten zela, baina
ez dugu ahaztu behar bertakoa gertuen eta eskura zegoela; hortaz, horrek
ere bere eragina izango zuen araudi hori jasotzerako garaian.

1.- Mineral ustiaketa, erregearen esku

Meatzeak
erregalia ziren. Monarkia aginte gorena zuen erakundea izaki, hainbat
esparru eta baliabideren gainean berezko zituen edo berarenak bakarrik
ziren pribilegioak aitortu zitzaizkion, meatzeak horiek artean.
Funtsean, mea ateratzeko baimena emateagatik sari jakin bat jasotzean
zetzan, dirutan zein metaletan. Honek esan nahi du erregea zela
esparruaren gaineko kontrola eta azken hitza zuena.

Hau
hala izanik ere, burdina lurretik ateratzearen inguruko mundua anitza
zela esan daiteke. Erregeak ez zuen gaia zuzenean kontrolatzen eta
zegokiona kobratzearekin nahikoa zuen. Egunerokotasunean, beraz, hamaika
egoera eman ziren: batzuetan meatzeen jabetza herriarena zen, eta auzo
guztiek eskubidea zuten inguruetara hurbildu eta horiek ustiatzeko.
Baina besteetan, denborak aurrera egin ahala, jabetasunak
pribatutasunerantz jo zuen, eta pertsona ezberdinak ziren ondasun hori
kudeatzen zutenak, lan-hitzarmenak sinatuz.

Meatzaritza
munduak, harekin estuki lotutako burdinolekin gertatu bezala, legedi
goiztiarra izan zuen. Nahiz eta korrejidorea mundu horri lotutako
kontuak epaitu eta aztertzen zituena izan, hainbat lekutan meatzariek
garrantzia handia eskuratu zuten. Arrasaten, adibidez, lanbideak berezko
kofradia edo elkarte bat sortu zuen, eta meatzaritzari lotutako hainbat
esparru oso goiz arautzen hasi ziren, 1434 urtea baino lehenago.

Esan
bezala, monarka zen metal-gune horiek ustiatzeko baimena ematen zuena,
gerora Probintziak hori berretsi behar bazuen ere. Erdi Aro eta XVI.
mendean zehar ez dirudi erregeek halako askorik eman zutenik, baina
Oiartzungo udal aktek horren inguruko adibide bat ematen digute, 1706
urtekoa. Orduan Migel Justizkoa erregearen aurrean aurkeztu zen,
Oiartzungo mendietan zeuden “berun, kobre, zilar eta urre” meak bilatu,
aurkitu eta ustiatzeko asmoz. Monarkak plangintza begi onez ikusi zuen
eta baimena eman zion, urriaren 22ko errege-zedula bidez. Bertan,
jarduera hori bideratzeko Justizek beharrezko zituen putzu eta zundaketa
lanetan inolako trabarik jarri ez ziezaioten agintzen zion Bailarari.
Migelek Aldundiaren aurrean aurkeztu zuen dokumentua. Probintzia
ikerketa lanetan hasi zen berehala, jarduera hori Bailararen (eta
Probintzia beraren) kaltetan zihoan ala ez jakiteko asmoz: Agidanez,
azaroaren 28an Oiartzunek emandako erantzuna ikusita, ez zen inolako
eragozpenik ikusi (A-1-13-1, 264 au.-264 at).

2.- Aiako Harriak, herri ezberdinetako meatzarien liskar leku

Meatzaritza
Oiartzuni estuki lotutako gaia bada ere, aktetan topatutako aipamen edo
berriak ez dira ugariak. Horietako hainbatek izaera negatiboa dute,
erran nahi baita Aiako Harrietako lurretan eskumenak zituzten herrietako
auzoen arteko liskarrak emandakoak direla. Gunea herri ezberdinen
arteko mugetan egonik, ohikoa zen batekoen eta bestekoen arteko
eztabaidak sortzea, hala nola Irunen eta Bailarako meatze-gizonen
artekoak. Halakoak 1672, 1679, 1687 edo 1694 urteetan agerikoak dira:
1679ko abuztuan, adibidez, udalbatzak Juan Ribera eta Juan Albisturren
aldeko ordainketa-gutuna eman zuen, Bailararen jurisdikziopeko
meatzetara joan eta bertan topatu zituzten Irungo sei meatzari preso
hartzeagatik (A-1-3-3, 102 at.-104 au.). Hainbat urte berandugo berriz,
1694an, Joanes Makutso oiartzuarrak Aiako Harrietan ustiatzen zuen
meatzean jazotakoa azaltzen zaigu. Dirudienez, Gabriel Irigoienek eta
Irungo beste hainbat auzok hark ateratako mea hartu eta Lesakako Erkazti
burdinolako olagizonari saldu zioten. Kontuak ohiko salaketarako
aitzakia emanik ere, uste baino garrantzia handiagoa zuen, txertatzen
zen testuingurua zela eta. Ordurako Irun eta Oiartzunen arteko tentsioak
agerikoak ziren eta aurreko hilabeteetan herri bateko zein besteko
justiziek aurkariaren meatzarien atxiloketa eta ondasunen bahiturak
burutzen ari ziren.

“…diferentes
cargohauientes de la vnibersidad de Yrun, con comisio´n de la justicia
de Fuenterrabía, ha llebado pressos a algunos menaqueros del Valle que
trabajaban en sacar mena en dicho puesto [Aiako Harrian] y enbargádoles
la bena que tenían echa, como por lo conseguiente la justicia del Valle
ha hecho cautura de diferentes vecinos de Yrun, menaqueros, en el mismo
puesto, y traídolos presos a la cárzel del juzgado de dicho Valle y
enbargádoseles sus bienes” (A-1-8-2, 96 au.-96 at.)

Tentsio
hauek direla eta, gaia Batzar Nagusietan eta errege-auzialdietan
jorratzen hasi zen. Arazoa konpondu bitartean egoerak lehenera egiteko
agindua eman zen, herriek inolako justizia-jardunik burutu gabe egon
beharko zutelarik eta meatzariek beraien jarduna normaltasunez
jorratzeko aukera izango zutelarik. Justizen kasua ikusita, ordea,
mandatu horiek ez zuten eragin handirik izan; ez behintzat meatzeetan
lan egiten zutenen artean.

3.- Meatzariak, Oiartzungo gizartearen parte

Kaletar,
baserritar, ikazkin, olagizon, artzain, unai, behizain eta
bestelakoekin batera, meatzariak Bailarako gizarteko zati ziren, Modu
honetan, udalbatzarentzat ia etengabeko buruhaustea zen bideen
konponketan, antolatzen ziren auzolanetan parte hartzen zuten. Honen
arabera, meatzariek Ergoien aldean bizi edo denbora dezente ematen
zutela dirudi. 1691an adibidez, Olaizola-garrika, “Olaizes-egurregi” eta
Eizagirretik Madariegira bitarteko biztanle eta meatzariei, Sangio edo
Zaingiriko bidea konpontzeko lanetara deitu zitzaien; 1692, berriz,
meatzari, ikazkin eta Ergoiengo auzoak Aiako Harriko eta Gaztelu
barrutiko bideak lamatzera bidali ziren (A-1-7-1, 139 au.-140 au.; eta
A-1-7-2, 169 au.-169 at.)

Behargin
guztien beharra zegoen halako lanetan, bereziki bideak zabaldu edo
handitu nahi zirenean. Meatzariei dagokienez, beraien lanabesak haitzak
puskatzeko oso aproposak ziren, eta horren lekuko dugu 1701 urte
hasierako adibidea. Udalbatzak, bideen konponketa-lanetara aritu behar
zirenak Zistiaga etxera joateko agindua eman zuen. Mandatuaren arabera,
auzoak aitzurrekin joango ziren; itzainak aldiz, idiekin; mandazainak,
zelabereekin; eta azkenik, hargin eta meatzariak harpiko, burdinaga eta
borrekin.

“acudan
todos los menaqueros d’este dicho Valle al puesto y caminos de Sanguio
con sus arpicos y palancas, para adrezar dicho camino y ronper vnas
peñas…” (1691. urtea; A-1-7-1, 140 au.)

4.- Bertako mearen esportazioa, etengabeko arriskua

Burdinolen
lehengai moduan Bizkaiko mineralak lehentasuna izan zuen, hainbat
faktore direla eta: lortzeko erraztasun handiagoa, kalitate hobea eta
Gipuzkoan bertan behar adina mineralik ez zegoela, besteak beste. On
Manuel Lekuona zenak bere Oiartzuni buruzko monografiaren 80 orrialdean,
mearen inportazioari buruzko hainbat datu ematen zituen, 1698an zehar
udalbatzarretan gaia jorratu zela adieraziz. Baina hori guztia hala
izanik ere, horrek ez du esan nahi Gipuzkoan zegoen minerala erabiltzen
ez zenik.

Probintziak
etengabeko ardura izango du bertako meari babesa ematerako garaian eta,
bereziki, Gipuzkoako burdinolei minerala erabiltzeko lehentasuna
ematerakoan. Hau dela eta, ez da harritzekoa aktek burdin esportazioa
debekatzen duten neurrien berri ematea. Are gehiago, liburuetan meatze
munduarekin zerikusia duten lehenengo aipamenak XVII. mendearen bigarren
erdialdekoak dira, eta debeku horren inguruan dihardute.

Probintziak
mea esportatzeko debekua plazaratu zuten 1664 aldera. Bailarako
olagizon eta burdinola jabeentzat onuragarria zen neurria ordea, ez zen
guztien gustuko izan. Erabaki horrek Bailarako meatzariei kalte egiten
zien, gertu zituzten Nafarroako burdinolekin negozio bikaina baitzuten.
Horren lekuko dugu gorago aipatu dugun Makutsoren kasua, baina Lesakako
Erkazti burdinolaz gain, Artikutzakoak ere interesa zuen Oiartzungo meaz
hornitzeko. Honen aurrean debekua saihesten ahalegindu ziren eta
segituan Bailarak Probintziara kexuak adierazi zituen, mea esportazio
horrek bere burdinoletan eragiten zuen kaltea zela. Bailarak argudiatzen
zuenaren arabera, kanporanzko bidea baimentzekotan, bertakoek lehengai
kopuru txikiagoa izango zuketen eta horrez gain, prezioek goranzko
bideari ekingo zioten (A-1-1-2, 5. foliazioa, 19 au.-20 at. eta 32
au.-33 au.).

Probintziaren
xedapenek epe laburrean eragina izan zutela ematen du, baina luzera
mendeetako joera etetea zaila suertatu zen. Aurreko debekua eta hogeita
hamar urtera, 1692an, mea-esportazioak eragiten zuen egoeraren larria
azpimarratzen zen, meatzeak bukatzen ari zirelako eta burdinolentzako
kalte handia zekarrelako: “atento se rreconoce que las meneras se ban
acauando y sino se pone esta prouidencia, en breue se acauarán las
dichas meneras y se quedarían las herrerías sin materiales” (A-1-7-2, 10
au.-10 at.). Agindua berriz ere 1696an eman zen, betetzen ez zelaren
seinale, baina egia da ondorengo urteetan gaiari lotutako informaziorik
ez dugula.

5.- Izen eta protagonista batzuk

Olagizon,
ikazkin eta mendietan, baso eta oihanen ilunetan, lan egiten zuten
beste beharginen antzera, meatzarien bizitzaren nondik norakoen berri
askorik ez dago. Datuak ateratzeko udal aktez haratago doan
dokumentazioa kontsultatu beharko genuke, notario-protokoloak eta
bereziki, auziak. Edonola ere, udalbatzak hartutako erabakien ondotik
informazioa ez da guztiz antzua, eta datu bat izanez gero, haritik
tiraka beste hainbat topatzeko aukerak egon daitezke.

Mea
esportatzeko debekuei esker adibidez, meatzari horien izen batzuk
plazaratzen zaizkigu. Arrazoia, logikoa da: udalbatzak hartutako
erabakien jakinarazpenak akta-liburuetan erregistratzen ziren eta
horietan pertsona jakin batzuen izenak jaso egiten ziren. Halako kasua
1664 urtekoa dugu, honako meatzariak aipatzen direlarik:

– Sebastian Arburu

– Juan Etx[…]

– Felipe Intxaurrandieta

– Juanes Isasa

– Martin Perez Pikabe

– Migel Pikabe

– Martin Perez Altamira

– Juan Olaziregi Arain, gaztea

– Juan Goronezbere (?), Juan G[…]agakoaren morroia

– Bonifazio Etxebeste

– Juanes Ibarburu Beroaltza

– Pedro Maia

– Pedro Isasti

– Juan Makutso Algorri

– Juanes Errekarte, Pedro Larrearen morroia

– Juanes Inda, Pedro Larrearen morroia

Gehienei
buruz ez dugu daturik eta batzuetan beraien izen-abizenek informazioa
jakitea zailtzen dute, garaiko homonimia dela eta. Adibidez, Juanes
Ibarburu bat alkate dugu 1691 eta 1695ean, eta alkateorde 1681ean;
halaber, Sebastian Arburu bat, 1664an “gazte” moduan aipatzen dena,
1677ko haragi hornitzailearen fidatzaileetako bat izan zela. Ezin
ziurtatu, ordea, datuek meatzarien artean agertzen zaizkigun bi
lagunekin lotuta dauden ala ez.

Batzuetan,
berriz, informazioa agerikoa da. Juan Olaziregi Arain gaztea, adibidez,
1674an Iturriozko pisuzain izendatu zen. Pedro Larrearen morroi den
Juanes Inda, berriz, 1701ean dugu. Orduan udalbatzak bere aldeko
ordainketa agindu zuen, erregearen etorrera zela eta bideen
konponketa-lanetan harpiko eta beste lanabesetan izandako kalteengatik.
Baina adibide guzttietan adierazgarriena, zalantzarik gabe, Bonifazio
Etxebesterena dugu. Bere kasuak meatzari eta olagizonen artean zegoen
lotura estua islatzen du, Olaberria burdinolako errentari izan baitzen
1686-1688, 1695-1696, 1701 eta 1705 urteetan gutxienez. Horrez gain,
hainbat mendi-sail enkantean lortu zituen eta 1704an udalbatzak
mendi-ikuskatzaile moduan izendatua izan zuen. Lan mundutik kanpoko
berriei dagokienez, 1689an kapare edo aitonseme moduan aitortu zitzaiola
azpimarratu dezakegu.

Azkenik,
datu azpimarragarri bat meatzarientzat morroi lanetan zihardutenen
ingurukoa da. Aurreko zerrendan egoera horretan daudenak hainbat lagun
dira. Ez da harritzekoa, garaiko gizartean guztiz errotutako kontua
baitzen, beste hainbat ogibidek islatzen duten moduan. Baina informazio
hori 1701 urtean bideak konpontzeko emandako mandatuarekin lotu
dezakegu. Azken honetan datu deigarri bat aditzera ematen da: langileei,
beraien ordez umerik bidali ez zezatela agintzen zitzaien (A-1-11-1, 25
au.). Agidanez, auzolanetan aritu behar zirenek beraien negozioari
lehentasuna ematen zioten, komunitatearekin zuten konpromisoari baino;
baita meatzarien kasuan ere.

Iago Irixoa

Artxiboak

Zementu naturalaren ekoizpenari buruzko aztarnen bila

Zementugintzak
garrantzia handia izan zuen Zumaiako industrializazioan. Ekoizpen honek
eman zion hasiera hain juxtu herriko industrializazio prozesuari XIX.
mendearen erdialdera, eta Urola Beheko zementu fabrikek hartu zuten
garrantziari esker, Zumaiako portua “Interés General de Segundo Orden”
izendatua izan zen 1883an. Zementu naturalak Zumaian izan zuen indarraz
jakitun, artxiboan honen inguruko datuak topatu nahian ibili gara.

Esan
beharra dago ez dugula batere erraza izan, baina honek ez gaitu
ezustean harrapatu. Ekoizpen bati buruzko informazioa lortzeko lehen
iturriak interesatzen zaigun produktua ekoizten zuten enpresak izaten
dira. Gauza jakina da, ordea, enpresen artxiboak pribatuak direla eta
hauek ez direla informazioa publikoki partekatzearen oso aldekoak, ezta
enpresak ateak itxi eta desagertzen denean ere. Hala ere, enpresako
informazioa interesgarri gertatu daitekeenaz jabetzen direnak eta
enpresako agiri funtsa udal artxiboei eskaini izan diotenak ere badira,
Gipuzkoan hauek salbuespen gutxi batzuk izan arren.

Zumaiako
kasuan, tamalez, udal artxiboan oso dokumentu gutxi topatu ditugu
herriko zementu naturalaren ekoizpenaren berri eskaintzen dutenak.
Aurkitu ditugun gehienak Gurruchaga, Lopez y Compañía enpresarekin
erlazionatuta daude. Hauek “Zumaya” izenez ezaguna zen zementu
naturalaren zabalkundearen berri ematen digute. Baita, fabrika horretan
lan egiten zuten langileen izenak jaso eta hauen soldaten berri eman
ere. Datu hauek, ur frexkagarria izan dira desertuan.

Lehenengo
kasuan Gurruchaga, Lopez y Compañíak bere ekoizpena merkaturatzeko
pausoak azaleratzen dituzten posta-trukea dugu. Pedro Gurruchaga
Uriartek, beste bazkide batzuekin batera, 1893an jarri zuen martxan “La
Zumayana” izeneko zementu fabrika. 1903an, Pedro hil ondoren,
Gurruchaga, Lopez y Compañía sozietate kolektiboa sortu zuten, bazkide
berriak sartuz. Sektoreko enpresen artean gazteena zenez, lehiakide
beteranoenei aurre egin behar izan zien. Udaletxean Oviedoko
probintziako “Cuerpo Auxiliar Facultativo de Obras Públicas” izenekoak
1905eko uztailaren 21ean igorritako gutun bat aurkitu dugu. Bertan, (..)
ha de ser difícil luchar con los fabricantes de esa Sres. Corta y
Uriarte, ya acreditados, que desde hace tiempo proveen a contratistas y
al comercio de esta región, vendiendo hoy en idénticas condiciones a las
que VV. proponen”.

Agian,
bertako konpetentzia handiak bultzatuta edo, enpresa honek
nazioarterako pausoa ematea erabaki zuen. Horren erakusgarri da Mexikon
bere ekoizpena merkaturatzeko ahalegina erakusten duen posta-trukea.
Gurruchaga, Lopez y Compañía enpresako arduradunak Mexikoko Felipe
Neumman y Cía. enpresarekin jarri ziren harremanetan 1905ean. Mexikoko
gobernua zenbait obra egitekoa zen garai hartan eta horretarako zementu
naturala behar zuen. Hasiera batean Mexikoko Parlamentua eraikitzeko zen
zementu eskaera, baina hau laster handitu zen. Dirudienez lurraldean
zenbait azpiegitura hidrauliko egin nahi ziren, tartean Xochimilcokora
ura bideratzeko akueduktuak. Hau dela eta, Mexikoko Gobernuak, obra
hauentzako beharrezkoak ziren lehen 100.000 zementu natural upelak nori
erosiko zizkion erabakitzeko lehiaketa deitu zuen. Zumaiako enpresak ez
zuen Allen enpresa alemaniarraren baldintzak hobetzea lortu,
Hamburgotik Veracruzerako fletea merkeago suertatzen zelako. Dirudienez
hemen bukatu ziren Mexikorekin negozioak egiteko saiakerak.

Aurkitu
dugun beste dokumentu interesgarria “La Zumayana” fabrikako langileen
izenak eta postuak islatzen dituzten 1891, 1901, 1903, 1904 eta 1905eko
zerrendak dira. Lehen zerrendan, langileak zementu ekoizpenarekin
lotutako 5 sailetan banatzen zirela ikusten da: xehetze saila, erretze
saila, bapore saila, paketatze saila eta portuko biltegiko arduraduna.
Sail hauek gutxitzen edo langileak bateratzen joan ziren urteak pasa
ahala. Horrela, 1903ko zerrendan xehetze saila eta erretze saila dira
aipatzen diren bakarrak. Langile kopurua ere nabarmen jeitsiko da,
ziurrenik prozesuaren atal baten nolabaiteko mekanizioak bultzatuta edo.
1891ean 18 langile zituen fabrikak, 1901ean 14, 1903an 5, 1904ean 7 eta
1905ean 2. Azken urte honetako bi langileek xehetze eta erretze sailean
batera lan egiten zuten. Langile guzti hauen artean emakume izen bat
topatu dugu 1901eko zerrendan: Clara Olaizola. Honek paketatze sailean
egiten zuen lan zakuak sakabanatzen. Azkenik, datu baliagarri bat:
1891ean eta 1901ean langileen soldatak agertzen zaizkigu. Horren
arabera, 1891ean 2,5 pezeta inguru kobratzen zituen langile batek “La
Zumayana” enpresan eta 1901ean 3,5 pezeta inguru.

“La
Zumayana” zementu fabrikak 1907an utzi zion ekoizteari. Hala ere, egun
ikusgarri daude ekoizpen multzo honen hondarrak. Hauek gertutik
ezagutzeko eta Zumaian zementugintzak izan zuen garrantziaz jabetzeko
aukera paregabea duzue urriaren 7an 10:30ean. Izan ere, Gipuzkoako Foru
Aldundiak urtero antolatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien
baitan, ZIIZ-Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa taldeko
kideek Narrondoko industriagunea ezagutzeko bisita gidatua antolatu
dute. Izen emateko 943 86 10 56 telefonora deitu besterik ez dago.
Hemendik bertara gerturatzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Izan ere,
zementugintzaren inguruan aritzeko zein ZIIZeko kideak baino hobeto?

Oihana Artetxe

*Argazkia: Gurruchaga, López y Cía. enpresaren dokumentu baten buruko irudia

Artxiboak Erakusketak Liburutegiak Lugorri

Zaharrak berri

Euskal sorgortasunaren
adiera nagusiena ematen duen esaera zaharrak bizitasuna eta etengabeko
mugimendua estaltzen du. Ez soilik iraupena. Mugimendua.

Gure
amets (profesional) zaharrenetarikoa berri egin zaigu: Gipuzkoako
artxibategi orokorrean gordeta dagoen auzietako agiriak indexatzea.
Kontu zaharrak modu berrian prestatu; ikerketan lagungarria. Jada COUCI
osoa dago kontsultagai http://www.artxibogipuzkoa.gipuzkoakultura.net/funtsak.php
gunearen bitartez. Urtea amaitu baino lehen, baita besteak ere! Hobe
dugu bai, bestela ametsak betetzea komenigarria ez dela iragartzen duen
bestelako esaera zaharra aipatu beharko dugu.

Aintzinako
lekuko material ez dira soilik agiriak. Bestelakoak gordetzen dira
Aldundiko Gordailuan; eta han ere kolaboratzeko aukera izango dugu
hurrengo asteotan.

Zaharra
dugu ere Komikigunearekiko gure harremana; berria, ordea, urteotako
interes zientifikoa horren agerikoa izatea. Batetik, Kike Infame eta
Mikel Begoñak sortu erakusketa; bestetik, Jose Carlos Torresen tesia,
komikiguneko bilduma oin hartuta Egilleorri buruzkoa. Bidean, batetik
Castañeda eta Pinedaren eta bestetik Tapizen artikuluak errekuperatu
ditugu.

Honek
guztiak udazken beroa aurreratzen du Komikigunean, ohi bihurtu den
bezala. Adi egon, berriak zahar bihurtuko zaizkizue bestela.

Liburutegien
zein artxiboen gaineko formakuntzarekin segitzen dugu, erronkan berrien
aurrean zehar ez geratzeko, hala administrazio elektronikoaren arloan
nola hedapenari dagokienez.

Eta, amaitzeko, HormekDiote zaharberritu da; berriz ere. Horrela, inteneteko berkokatu dugu; honatx: http://hormekdiote.ereiten.eus/home
Eta, gainera, Pasaiako udalaren ekipamendu kultural berria
inauguratzeko zer aukeratu eta… Haatik Dantza Konpainiaren HormekDiote
lana.

Bai, zaharrak berri. Baina ez ahantzi: Dabilen harriari goroldiorik ez.

Artxiboak

Zinematografoa Villabonan

Datozen egunetan Donostiako Zinemaldiaren 65. edizioa ospatzen dela eta, Villabonan zinemak eduki duen garapenari buruzko berri batekin gatoz oraingoan. Gure erara zineari omenaldi xume bat egiteko modua da.

Villabonako artxiboan zineari buruz hitz egiten diguten testu desberdinak dauzkagu, zaharrenak akta liburuetan jasotakoak izanik. Lehenengo erreferentzia mende hasierakoa da, 1909 urtekoa, Lumière anaiek lehen aldiz mugimenduan irudiak kaleratu eta 14 urte beranduagokoa hain zuzen ere. Urte horretako aktei esker, badakigu garai hartan filme proiekzioak aukeratzeko gaur egun egiten diren kontratazioen antzeko sistema erabiltzen zutela. Hau da, pertsona desberdinek euren eskaintzak edo proposamenak egiten zituzten eta ondoren Udalak udalbatzan aukera egokiena, edo beste era batera esanda, merkeena aukeratzen zuen. Kasu honetan bi sesio zinematografiko daude jokoan 1909 urteko uztailaren 20ko udalbatzan. Hau dio testuak:

“Luego se dio cuenta de las proposiciones presentadas para dos sesiones cinematograficas los días veinte y cinco y veinte y seis del actual, por los Sres. D. Hilario Lopez, D. Pedro Lopez Gallego y D. Antonio Martin, mediante las sumas de ciento diez, cien y noventa pesetas respectivamente; y el Aynto. acordó aceptar la última de D. Antonio Martin, por resultar la más económica” (Sig.: 0010.01 CF).

Horrela, XX. mende hasieran bi egunetan eskaintzen ziren zine emanaldiak. Soinu gabeko pelikulak izango ziren hauek, hau da, mutuak izango ziren, soinudunak agertu arte oraindik urte batzuk pasa behar baitziren, eta noski, txuri beltzekoak. Ez dakigu ordea, emanaldi horien maiztasuna eta lekua. Honen inguruan, kronologikoki daukagun hurrengo dokumentuak argitzen digu zerbait. Izan ere, pertsona partikular bat zen zinematografoaren jabe. Francisco Locamorak 1910eko urtarrilaren 18an udaletxeko kapitulu-gelaren erabilera eskatzen du, baina Osoko bilkuran bere eskaera atzera botatzen dute udal ordenantzen aurka joateagatik. Hilabete batzuk beranduago, maiatzean, herriko festak hurbiltzen direnez zinematografoa eskaintzen dio Udalari festetan erabili dezan herritar guztien gozamenerako. Artxiboan dugun dokumentazioari so eginez, ikus daiteke urtero Santioko festetan zine proiekzioak eskaintzen zirela. Zerbait berezia zela garai hartan nabarmen da. Charles Chaplinen pelikularen bat eman ote zuten Villabonako zinean?

Mendearen erdialdekoa izango da Gurea zinemaren inguruko lehenengo aipamena. 1946 urtean eraiki zen kale Berrian Parrokia etxearekin batera, izan ere, hasiera horretan “Acción Católica” izan zen zinemaren sustatzaile. Ez dakigu zehazki zenbait denbora iraun zuen aretoaren eraikuntzak baina badakigu 1955erako martxan zegoela, urte horretako dokumentu batek ikuskizunen gaineko zergaren ezarpenari buruz hitz egiten digu eta.

Beraz, XX. mende erdialderako Gurea zinema eraikita eta bere ibilbidea hasita dago. Garai honetarako oso hedatuta egongo da zinema eta Villabonan badakigu hileroko programazioa zegoela. Kontutan edukita garai hau frankismoaren garaia dela, ez digu harrituko zinema propaganda bezala erabili izana eta bizitzako adar hau ere kontrolatua egotea. Biztanleriari iristen zitzaion informazioa ondo kontrolatu behar zen eta horretarako, hilero Informazio eta Turismoko Ordezkaritza Probintzialetik gutun bat jasotzen zen udaletxean hilabete bakoitzean proiektatuko ziren pelikulen zerrenda jakinarazteko. Modu honetan, sistemaren aurka zihoan pelikularik ez zela argitaratuko ziurtatzen zuten. Garai honetako zineari buruz hitz egitean ezin dugu aipatu gabe utzi frankismoaren propaganda tresna garrantzitsu bat: NO-Doa, “Noticiarios y Documentales”. Pelikulen proiekzioaren aurretik ematen zen NO-DOa eta bertan erregimenaren aldeko berriak eta erreportajek argitaratzen ziren.

1965 urtean Jesusen Bihotza Ikastolaren eraikuntzarekin batera, Gurea zinemaren handitze proiektua ere proposatuko da. Obra proiektu honen sustatzaile Villabonako parrokia izango da eta bere ardurapean egongo da zinea 1991 urtera arte. Momentu honetan Udalari eraikuntzaren lagapena egingo dio eta hemendik aurrera Udalaren esku geldituko da gaur egun arte.

Eraikina eta instalakuntzak eguneratuz joan dira etengabe. Orain dela urte batzuk 3D pelikulak proiektatzeko pantaila bat jarri zen eta instalazioak jarduera anitzetarako erabiltzen dira. Azken 20 urteetan ez da pelikulen proiekzioetarako soilik erabiliko Gurearen eraikuntza, baizik eta ekitaldi kultural desberdineratako. Bertan erakusketak, antzezlanak, musika emanaldiak, hitzaldiak, e.a. ospatuko dira. Hori bai, nahiz eta kulturgintzako arlo desberdineratarako erabilia izan eta izena ere aldatu izan, beti ezagutuko dugu Gurea Zinea bezala eta bere ibilbidearen hasieran bertan proiektatuko zituzten seguruenik Metropolis, Lo que el Viento se Llevó, edo Charloten pelikula desberdinak.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Parte hartzea artxiboan

Badira
bost urte Udal Artxiboko dokumentazioa oinarri hartuta herriaren
inguruko berri bat idazten hasi ginela. Orain arte aukeratutako gaiak
ugariak eta oso desberdinak izan dira. Baina denek izan dute helburu
berdina: herritarren artean artxiboan dauden altxorrak eta bitxiak
zabaltzea, hauek ere bereak bezala ulertu eta sentitu ditzaten. Lan
honetan lagun izan ditugu Asteasuko Udala eta Aiurri aldizkaria. Bieri,
nola ez, gure eskerrik beroenak.

Noski,
berri edo artikulu guztiek izan duten harrera ez da berdina izan.
Gehienek, interesa sortu dute irakurleen artean. Batzuek hainbat
ikerlari edo ikusbera ekarri ditu Artxibora bertara gehiago entzuteko
jakinminez: Argentinatik arbasoen bila, Bandoa euskaraz,… Beste
batzuek eskualdetik kanpo ere oihartzuna izan dute: emakume
bertsolariak, Elizmendiko Guillermo Eizagirreren garbilekua,… Gutxi
izan dira inongo erantzunik gabe geratu direnak.

Azken
hauen artean zegoen duela lau urte Concepción Esnaolari buruz idatzi
genuen artikulua. Bertan esaten genuen bezala 1937 urte amaieran emakume
honek udal administrari eta telefono zaindari karguak eskatu zituen,
Osoko Bilkuran bere gaitasunak zalantzan jarri zituelarik. Zalantzan
jarri bai, baina kargua eman ere eta honela bilakatu zen aintzindari.
Artikuluaren amaieran diogun bezala, urte askotan zehar bete zuen lana
txukun eta zuzen (1953 urtean oraindik ere soldata ordaintzeko erabakiak
daude akta liburuetan). Baina bertan adierazten dugu, baita ere, bere
bizitzari buruz ezer ez dakigula.

Azkenean,
emakume honi buruz Gillermo Etxeberriaren eskutik heldu zaizkigu
hainbat argibide. Concepción Esnaola eta bere ahizpa Florencia Asteasuko
Udal Idazkaria izandako Dario Esnaolaren alabak ziren. Muño Handi
baserrian bizi ziren arren Ikaztegietakoak ziren sortzez. 1935 urtean
zendu zen Dario. Alabak bertan bizitzen jarraitu zuten. Florentxi
maistra zen Muño Handi baserri azpiko gela batean. Azken honek ere,
emango du aurrerago artikulu txiki bat idazteko.

Eta
hau da azken finean blog honetan argitaratzen ditugun berriekin lortu
nahi duguna. Herritarren partehartzeari esker herriko kultura,
jakituria, historia,… elikatu eta balioan jartzea. Irakurleen
elkarlanari esker, Udal Artxiboan gorde ez den informazioa ere denon
zati izan dadila.

Amagoia Piá

Bloga

Oiartzun jai giroan

Uda jai garaia dugu, zalantzarik gabe. Festak hamaika lekutan ospatzen dira, izan hiri, herri edo auzuneak. Sanjoanetatik hasi eta aste luzeetan zehar, ondo pasatzeko giroa nagusi da. Denbora asko ez dela, herrietan ematen ziren ospakizun, festa eta jai gehienak egutegi kristau-katolikoak finkatuak ziren. Errealitate hau askoz adierazgarriagoa izan zen Antzin Erregimenean, Elizaren presentzia gizartearen hamaika esparrutara hedaturik baitzegoen. Edolona ere, hainbat antolakuntzan gizarte zibilaren partaidetza agerikoa zen, leku ezberdinetako auzo eta gobernuek beraien zeregina bete zutelarik. Hori dela eta, udal aktetan maiz agertzen dira mundu horrekin zerikusia duten kontuak.

1. Egutegi finko bat eta ez-ohiko hainbat gertakari

Elizari lotutako ekitaldiez gain (sermoiak, mezak, prozesioak…), Bailaran bestelako jarduerak ospatzen ziren garaiak bost ziren: Pazko garaia, Corpus eguna, uda hasierako San Joan, San Pedro eta San Martzial egunak eta, jakina, Done Eztebe, Oiartzungo zaindaria. Azkeneko biak izan ezik, beste data seinalatuak herriz herri ospatzen ziren; hau da, Mendebaldeko zibilizazioan, eta zehazki herrialde katolikoetan.

Baziren, hala ere, beste egun berezi batzuk, hala nola erregeei lotutako gertakari gogoangarriak: jaiotzak, heriotzak, koroatzeak edo igarotzeak. Orokorrean halakoak alardeekin ospatzen ziren: hor ditugu 1665ean Carlos. II.aren koroatzea zelebratzeko egindakoa edota Felipe V.a bailaratik 1701 eta 1706 urteetan pasatzean burututakoak.

Batzuetan ekitaldiak alor militarretik haratago zihoazen, 1707ko iraila aldera infantearen jaiotza ospatzeko adostutakoak, kasu. Ondorengotza Gerraren ondorioz egoera ekonomikoak okerrerantz egin bazuen ere, Probintziaren idatziak aintzat hartuz, hainbat ekitaldi burutzea pentsatu zen: gozematea, dozena erdi antzarren lasterketa, zezenketak, idi-suzkoa (“que se haga una manta cargada de cuetes para un buey que corra el primer día de los toros”) eta musiganga bat; hau da, mozorro xelebre edo bitxiekin antolatutako herri-festa, bereziki deabru edo animaliak irudikatzen zituztenak.

1702an erregearen guda-garaipena ospatzeko hartu zirenak, berriz, bitxiagoak dira, hainbat auzok aurkeztutako ekimen baten aurrean gaudela ematen baitu eta ez, ordea, udalbatzaren erabaki baten ildotik antolatutakoa. Hasiera batean hainbat gizonezkoek udalbatzari Mikelazulo edo Galardigibel inguruan jaia egiteko asmoa agertu zioten, baina gobernuak Elizaldeko plazan egitea adostu zuen, leku hura zikina egoteaz gain, eremua (“despoblado”) zelako. Horren ordez, Elizaldeko plazan egitea erabaki zen, berri ona ospatzeko asmoa zuten Bailarako beste baserri, basetxe eta auzoekin batera. Ez zen gutxiagorako, izan ere, antzar harrapaketa, txupiñ eta itxaferuez gain, emakumeekin dantzaldia (“baile con nuestras mujeres”) ospatzekoa asmoa agertu zuten; eta badakigu elizak halakoei zer beldur zien.

Erregeari lotutako ospakizunez gain, erlijioarekin zerikusia zuten ez-ohiko festak ere izan ziren. Batetik 1662an Sortzez Garbiaren eguna ospatzeko antolatutako sermoia, suak eta bolbora pizteak. Bestetik, eta Bailaran berebiziko garrantzia izan zuena, Done Eztebe martiriaren erlikiak Errenteriatik Oiartzunerako lekualdatzea ospatzeko 1692ko irailaren 12an antolatu zirenak (1). Adostutakoaren arabera, gorpuzkinei ongi etorria emateko egun horretako goizeko 8’00tan bailarako auzo eta biztanle guztiei Arragoako larrera joatea agindu zitzaien, Errenteria eta Oiartzunen arteko mugara hain zuzen ere, beharrezko zituzten arma, bolbora, soka eta bestelakoekin batera; eliz-kabildokideak berriz, beraien arroparik onenak jantziko zituzten. Horrez gain, predikatzaile bat, zezenak, txupiñak eta itxaferuak, 8 antzarren lasterketa, alardea ospatzeko bi danborjole eta, azkenik, Donostiatik propio ekarritako organojolea eta berarekin batera jarduten zen kornetajolea ekartzea erabaki zen.

Erlikiaren etorrera ospatzeko ekitaldiak islatzen dituen udalbatzarra

2. Jaiak ospatzeko ekitaldiak

Aurreko adibideak ez-ohiko jaiak baziren ere, garaiko ospakizunetan antolatzen ziren ekitaldien nondik-norako nagusien berri ematen digute. Batzuetan Bailararen egoera ekonomikoak gauzak aldatu bazituen ere, ekitaldirik nagusienak txistulariak, dantzak eta zezenketak zirela esan daiteke. Herri-musikariak Bailarakoak zein inguruko herrietakoak izan zitezkeen: Donostia, Irun edo Iparraldekoak, 1679ko San Joan, San Pedro eta San Martzial jaietan aritu ziren Juan Zumakoitz danborjolea eta Martin Etxeberria txistularia kasu. Zernolako musika edo dantzak ziren ez da jakiten erraza. Ezpata-dantza oso ohikoa zen, baina ez bakarra: 1702an emakumeekin batera egiten zirenen adibideaz gain, 1704 urtean Donostiatik etorritako musikariek ezpata-dantza “eta beste dantza berezi batzuk” (“otras danzas particulares”) jo omen zituzten.

1704ko Done Eztebe jaietan parte hartu zuten musikariei buruzko oharrak

Zezenketei dagokienez, antolakuntza nabarmena zuten: hesiak jarri eta kendu, itzainak kontratatu, zezenak bilatu eta bertaratu, hagak lortu… Horrez gain, oholtza bat antolatzen zen Bailarako agintariak esertzeko. Halakoei gozemate edo gozemaitza izeneko askari gozo bat ematen zitzaien. 1704ko Done Eztebe egunekoan, adibidez, bizkotxo-lehorrez egindako gozokiak, azukrea, limoi edo zitroinak, Donostiatik ekarritako elurra, fruta eta ardoz osatutako askaria antolatu zen.

Elizaldek hainbat kontutan ospakizunen zentraltasuna bazuen ere, gehienak, Pazko, San Joan eta San Pedro egunetako ospakizunak besteak beste, Oiartzungo hiru plazetan egiten ziren, Altzibar, Iturriotz eta Elizalden. Dena den, udalbatzak hainbat kasuetarako esparru bereziak antolatzeko asmoa azaldu zuen, 1705eko otsailean Jose Arizabalo eta Antonio Aurelari Madalensoron lizarrak landatzeko emandako mandatuan ageri denez. Bertan, udalbatzak lursail horiek helburu jakin batzuetarako eskuratu zituela adierazten zen: zuhaitzak ipini eta erregeak edo bestelako printzipeen igarotzea ospatzeko burutzen ziren alardeak egiteko, baina baita auzoen aisialdirako: “para vestir de árboles y poner recreo para sus vezinos y usar d’él poniendo su jente en esquadrón en los tiempos de passar por este Valle los señores reyes y otros principes” (2).

Mozorroak, inhauterietatik haratagoko ohitura

Edonola ere, hiru auzune horiek berezko izaera zuten, oso bizia, eta hau Oiartzungo jaien inguruko beste ohitura adierazgarri batean ikus dezakegu: San Juan, San Pedro eta San Martzial egunez antolatzen ziren mozorroen usadioan, hain zuzen ere. Are gehiago, gaur egunean jaien inguruan segurtasun kontuak eta kezkak dauden bezala, orduan ere halakoak agerikoak ziren: mozorrotzearen anonimotasuna aprobetxatuz iskanbilak eta liskarrak sortzen zirelako, bereziki auzune edo plaza ezberdinetako bizilagunen artean.

Egoera hau hainbatetan agertzen zaigu udal-aktetan. Hasieran mugak esparru jakin batzuetan aplikatu ziren: 1668an bi egunen arteko denboran Bailaran zegoen inor, ez bertakorik ez kanpotarrik, armak eta mozorrorik soinean eramateko debekua plazaratu zen (3); 1679an, berriz, bezperak eta arrats-otoitz edo konpletak esan baino lehen eta jendea elizatik atera aurretik, mozorroak ezingo ziren Elizaldeko plazan eta kaleetan zehar aritu; are gehiago, mandatu nagusia Elizalde aldeetarako bazen ere, agindua Altzibar eta Iturriozko plaza eta inguruetara hedatu zen (4).

1682 urtea mugarri izan zen mozorro kontuetan, harik eta guztiz debekatu arte:

“de aquí adelante, para siempre jamás, no se hagan ni salgan ningunas personas de qualquiera calidad, sexo y condición que sea, echo mozorro y disfrazado en los días del señor San Juan y San Pedro ni San Marçial ni en otras fiesta(s) y día alguna, por las plazas y calles d’este dicho valle, de día y de noche, por los yncombenientes que se an experimentado…” (5).

Zer dela eta debeku zorrotz hori? Esan bezala, mozorroen anonimotasunak mendeku, ezinikusi eta bestelako tentsioei bidea egiten zien, batez ere auzune batekoak bestekoen aurka zihoazelako. Urte hartan, ordea, egoerak okerrerantz egin zuen nabarmen, harik eta heriotza ekarri arte; Jose Olaziregirena, hain zuzen ere: “a subcedido este presente año la muerte de Joseph de Olaçiregui, dueño, en el ruido pendencia y alboroto que se hiciera en la plaça de Elizalde (…) entre los dichos vecinos y naturales d’él y mozorros que salieron mascarados…” (6)

Jose Olaziregiren heriotza aipatzen den zatia

Debekuak hurrengo urteetan berritu ziren. Gertakaria jazo eta 4 urtera, 1686an, gainera, mozorrotzeari heriotzarekin eta ondasunen bahiturarekin zigortu zen; dantza eta txistularien jardun-ordutegia arautu zen eta jaialdi horietan plaza bateko auzoei besteetara joatea debekatu zitzaien. Izan ere, liskarren zein Olaziregiren heriotzaren atzetik plaza ezberdinetako auzo eta biztanleen arteko ezinikusiak omen zeuden. Heriotza horren ildotik hartutako debeku-erabakiak gauez eta hiru plazen artean zebiltzan dantza eta mozorroek sortutako liskarren ondorioa ziren; hala adierazten zen 1697 urtean: “para que por este medio se euiten enemistades, odios, recelos, heridas y muertes que an suzedido entre los dichos vecinos y yncomuenientes que pueden resultar encontrándose los de la parzialidad de un barrio con otro” (7). Azken urte horretan, udalbatzaren aginduak aintzat hartu gabe, San Juan eta San Pedro arteko gau batez Altzibarko gazteek dantza bat antolatu eta bertatik atera ziren. Elizaldetik igarotzean zalapartak sortu omen ziren, protagonistetako hainbat atxilotuz.

Modu honetan 1697 horretako uztailaren 13an xedapen zorrotzak eman ziren, beste behin ere. Done Joane egunetik San Martzial ospatzen zenera arteko 8 egunetan, Altzibar, Elizalde eta Iturriotzek, bakoitzak bere aldetik, ospakizunak antolatzeko baimena zuten, baina hainbat mugarekin: txistulari eta dantzariek ez zuten danborjoeen laguntzarik izango; ekitaldi guztiak kera-dei edo etxeratzeko aginduaren ondoren amaituko ziren (gaueko 21’00etan); eta 1679an bezala, bezperen aurretik ospatzen ziren eguneko kalejirak debekatu egin ziren. Hau guztia betetzen ez zuenari Bailaratik deserriratzeko zigorra ezarriko zitzaion.

Egiari zor, mozorroen aurkako zorroztasunak bere eragina izan zuela ematen du, 1697ko gertakaria salbu, 1683tik aurrera gaia ez baita aktetan jorratzen. Debeku hauek guztiak, ordea, ez ziren doakoak. Askotan, horien atzetik zegoen erakundea Eliza zen. Ortodoxia katolikoa, Trentoko Kontzilioaren eta Kontraerreformaren inguruko xedapenek ezarritako moraltasuna bultzatu nahian, aurreko garaietako hainbat ohitura eta usadio debekatu edo moldatzeko asmoz hamaika ekimen abian jarri ziren. Oiartzungo mozorroen kasuan halakorik egon zela pentsa dezakegu: debeku gehienak udalbatzaren aldetik etorri baziren ere, ezin dugu ahaztu 1682ko akordioek Bailaran misiolari moduan zeuden bi Jesuiten parte-hartze zuzena izan zutela.

Iago Irixoa

(1) A-1-7-2, 163 au.-164 au. folioak.

(2) A-1-12-2, 53 au.-at. folioak

(3) A-1-1-3, 43 au.-45 au. folioak.

(4) A-1-3-3, 97 au.-98 au. folioak.

(5) A-1-4-2, 174 at. folioa.

(6) A-1-4-2, 175 au. folioa.

(7) (A-1-9-2, 216 au.)

Bloga

Jakingo al zenuke 1344ko leku-izenak gaurko Zumaiako mapan kokatzen?

Orain
urte batzuk arte, egungo herriak hiri-gutuna lortzearekin batera
sortzen zirenaren ustea zegoen. Hiri-gutunarekin hiribildu berri bat
sortzen zen, bai. Horrek, ordea, ez du hiribildua sortu aurreko
populazio eza adierazten. Bai dokumentazioak, bai arkeologiak,
hiribilduak sortu aurreko populazio guneak zeudela erakutsi dute eta
hiribilduen sorrera populazio horren nahiaren emaitza direla.

Beharrak
edota nahiak bultzatuta, ingurune horietan bizi zirenek gune libre bat
behar zutela erabaki zuten; lege, epaile eta arau propioak zituena.
Hiribilduak izaki politikoak dira eta hauek ez dira ezerezetik sortzen.
Gizakien borondatea dute abiapuntu eta bizimodua hobeto antolatzeko
sortzen dira. Hiri-gutunaren aurreko dokumentuek ingurune populatuen
berri ematen digute, baita azken urteotako lan arkeologikoek ere. Azken
hauek ezinbestekoak gertatzen dira dokumentazio falta nabaria denean.

Zumaiako
Udal artxiboan hiri-gutuna lortu aurreko dokumentazioa topatzeko zortea
dago. Zumaiari aipamen zuzena egiten dion lehenengo dokumentua 1292koa
da. Bertan “monasterio de Sancta María de Çumaya, que es en Guipúzcua”
irakur daiteke. Dokumentu honek, ordea, ez du zehaztasun handiagorik
ematen. Hori dela eta, oraingoan, artxiboan gordetzen den 1344ko
dokumentuari erreparatu diogu. Zumaiak hiri-gutuna lortu baino 3 urte
lehenagoko dokumentua da hau.

Tamalez
nahiko egoera txarrean dagoen dokumentu honek1, 1344ko Zumaiako
biztanle eta populazio guneen berri ematen digu. Zumaiako bizilagun
nagusiek, bertako apaiz den Beltran Martinez de Ochangori
prokurazio-gutuna ematen diote, Zumaiako Andra Mari monasterioak dituen
zenbait lur eta ondasunen lagapenerako enfiteusi-zentsu baten kontratua
formaltzeko. Idatzian agertzen diren Zumaiako bizilagun nagusiak Beltran
Yuaynes de Dornutegui, Beltran de Arteaga, Iohan Martiniz de Ochango,
Martin Lopiz de Liaouiaga eta Pero Yuaynes de Matauca dira.

Hau
izango da, Zumaiako bizilagunek hiri-gutuna lortu aurretik,
antolakuntza amankomunerako emango duten lehen pausoa. Bertan, Zumaia
eta inguruak populatzen zituztenek, Andra Mari monasterioarenak ziren
zenbait lurren eta ondasunen gaineko eskubideak lortzen dituzte, urtean,
Done Mikel egunean, Orreagako ospitaleari 440 marai ordaintzearen
truke. Helburua “que puedan en el dicho logar de Çumaya poblar et ffaçer
puebla nueua e hy habitar en tal manera et conditión que ellos et
aqueyllos que por todos tiempos serán enpués d’eyllos”. Hau da,
dokumentu honek Zumaiako lehen lurralde antolakuntzaren berri ematen
digu.

Zumaiako
ingurunean bizi zirenek, Zumaia izeneko gunea hiribildu gisa antolatzeko
toki aproposa zela pentsatu zuten. Beraz, hiribildu titulua jasotzeko
beharrezko lehen pausoa emana zuten. Dokumentu honek komunitate baten
nahia adierazten digu. Zumaiaren proiektua inguruko biztanleek bultzatua
izan zela argi geratzen da hemen. Baina, zein lur eremu eta zein
ondasun bildu zituen Zumaiak?

“Ardança
e Yçurun e Narruondo con la meytat de la rrueda de Narruondo e con las
pertenencias que sson desde el dicho [logar de Narruondo fasta Çumaya e
entre el camino dende es el agoa, et otrossí vna tierra labrada que es
clamada] Picote et otrossí Çabaliaga e Sarasgarate et Otabarça et el sel
d’Olano en el término de Yçiar [et la presa de Yrure] et Vitarte et
Barçusta et Çumayegui con ssu arenal, et Yregui con ssu parte de la
rrueda, et Ozpide dos pieças e en Obilos vna pieça, et en Orebia e en la
rribera de Atecherbia vna pieça, en Larrançadi vna pieça e delante la
iglesia [de Sant Bartolomé de Oiquina vna pieça, et en Urteaga una
pieça, et otrossí el logar que sse clama Aguirre con la casa] et con
todas ssus pertenençias, et la parte de la rrueda de Yregui”

Datu
hauek aurrean izanik, joku bat proposatu nahi dizuegu. Zumaiako 1344ko
lurralde antolakuntzaz jabetzeko, Zumaiako mapa toponimikoa hartu eta,
bertan, dokumentuan aipatzen diren izenak egungo toponimoekin
identifikatzen saiatu. Batzuk identifikatzen errazak dira, besteak
zailagoak eta beste batzuk galdu direla konturatuko zarete. Ariketa
honekin, ordea, 1344ko biztanleek lortu zuten lur eremu eta ondasunen
zabaleraz jabetuko zarete eta Zumaiako toponimo zaharrenak ezagutuko
dituzue. Honek, gainera, gune horien antzinatasunaz ohartaraziko
zaituzte. 1344ko lurralde antolakuntzak, hein batean, egungo mapa
toponimikoan fosilizatuta jarraitzen duela ikusiko duzue.

Oihana Artetxe

Bloga

Istiluak Zumaiako nasen inguruan

Apirileko
idatzian arrantzarako nasak ekarri genituen txoko honetara. Nasa horiek
zer eta nolakoak ziren ikusi genuen, baita hiribilduen ekonomian izan
zuten garrantzia azaleratu ere. Arrantzarako egitura horien kokapenak,
ordea, istilu eta auzi ugari sortu zituzten ibaien erabileraren
inguruan. Gaiari jarraipen txiki bat egin nahirik, nasa hauekin Zumaian
egon ziren zenbait istilu jorratuko ditugu artikulu honetan.

Nasetako
arrantza jarduera handikoa izaten zen, baina gehienbat abendutik
apirila bitarteko hilabeteetan. XV. eta XVI. mendeetan ohikoa zen leinu
handien, eliz erakundeen eta kontzeju eta hiribilduen ondasunen artean
arrantzarako horrelako azpiegiturak topatzea. Aurreko idatzian aipatu
genuen bezala, nasa baten lehen datuak 1416koak dira Zumaian.
Azpiegitura horien hedapenak, ordea, ibaien nabigazioan arazo handiak
sortzen zituen. Alde batetik, ibaian gora kokatzen ziren hiribilduak
kexu agertzen ziren, beren ekonomiarako ezinbestekoa zen burdinolen
jarduera kaltetzen zuelako. Bestalde, ibaien ibilgua ixten zuten egitura
horien erruz, hondoratze eta heriotza asko izan ziren. Hain handia
izanik arazoa, 1484rako Ordiziako Batzar Nagusietan horien egitura,
kokagunea eta forma arautzeko xedapenak zehaztu zituzten. Ibaietako
nabigazioan sortzen zituzten arazoak eta ibaien itxiera osoa saihesteari
begira, nasa guztiek ibaiaren ibilguaren heren bat libre utzi behar
zuten. Arau horri esker, burdinolen industriarako beharrezkoa zen ibai
nabigazioa bermatzen zen, eta arrainek (bereziki izokinek) ibaian gora
egin ahal izatea ahalbidetzen zuen.

Bestalde,
ibaian egiten ziren jarduera anitzak kontuan izanik, ez zen harritzekoa
egurrezko egitura horiek gehienez urtebete irautea. Horregatik,
beharrezkoa zen etengabe ikuskatzea eta behar zenean konpontzea.
Ikuskatze horietako batean aurkitu dugu Zumaiako nasen inguruko lehen
arazoa. 1610. urtean Dornutegiko nasa behar bezala zaindu gabe zegoela
erreparatu zuen kontzejuak. Dirudienez, Dornutegiko errotaren
errentatzaile zen Domingo Arbeztainek nasa kaltetu zuen errotaren
onurarako. Hori zela eta, Domingori nasa konpontzeko gastuak bere gain
hartzea agindu zitzaion eta errotaren jabeari isuna jarri.

Bigarren
istilua 1680an dugu. Kasu horretan Zumaiako kontzejua eta Oikiako
bikarioa topatu ditugu aurrez aurre. Oikiako bikarioak, beste hiribildu
batzuetan eliz erakunde eta jauntxoek egiten zuten moduan, Urola ibaian
nasa propioa eraiki zuen. Gogoratu behar dugu, ordea, Zumaiako 1584ko
udal ordenantzetako 59. puntuak aditzera ematen duen bezala, ibaietako
arrantzaren monopolioa kontzejuak zuela. Beraz, beste hiribilduetan ez
bezala, Zumaian legez kanpokoa zen norbanako batek arrantzarako egiturak
ibaian eraikitzea. Oikiako bikarioak, ordea, udal legeari muzin egin
eta Eskazabal baina gorago nasa bat eraiki zuen. Horren aurrean,
kontzejuak Miguel Elkano, Erramus Arrona eta Martin Beruin bidali zituen
nasa hori ibaitik kentzera. Martxoaren 24ko udal agindu horretan nasa
kentzeko gastuak hiribilduak bere gain hartu behar izan zituela agertzen
da, Oikiako bikarioari nasa eraikitzeko baimena errejidoreak berak eman
ziola eta. Baina kontua ez zen hor bukatu. Oikiako bikarioak kontzejua
probintziako korrejimendura eraman zuen auzitara, berak errejidorearen
baimenarekin eraikitako nasa kendu izanagatik. Gainera, hiribilduaren
esanak bete zituzten Miguel, Erramus eta Martin atxilotzeko agindua ere
jaso zuen aguazil nagusiak. Auziak aurrera jarraitu zuela dirudi, baina
Zumaiako artxiboan ez dugu horren inguruko datu gehiago aurkitu.

Zumaian
nasekin gertatutako arazo eta istilu horiek probintzia osoan
gertatutakoaren isla xumea dira. Nasen jabeen eta ibaian gorako
hiribilduen arteko liskarrak ohikoak izaten ziren. Baita hiribilduen eta
eliz erakunde edo jauntxoen artekoak ere. Hala ere, Ordiziako Batzar
Nagusietako arauditik ia bi mende pasa ziren Probintziak arrantza eta
nasen inguruko araudi berri bat eman arte. Badirudi arrantza jarduerak
bigarren plano batean egon zirela garai hartako oligarkia
ekonomikoarentzat. Izan ere, itsas inbertitzaile handiak ez zuten
arrantzaren inguruan interesik izan ontzigintza eta itsas
merkataritzaren beherakada gertatu zen arte. 1696ko Tolosako Batzar
Nagusietan udalbatza bakoitzak ibaiko arrantzaren inguruko araudia
jorratzeko agindua eman zen, baina udalbatzek muzin egin zioten. Hori
ikusirik, 1709ko Azkoitiko Batzar Nagusian bertako ibai arrantzarako
udal araudia probintziako araudi bihurtzea erabaki zen. Araudi horrek
kainaberarekin eta nasekin egindako arrantza baimentzen jarraitu zuen,
egitura horien errentagarritasuna agerian utziz. Zumaiako artxiboan
topatu dugun aipamen baten arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak nasen
erabilera 1876ko abuztuan debekatu zuela dirudi.

Oihana Artetxe

Irudia: Desagertutako Eskazabal baserria. Argazkia: German Azumendi ; Iturria: Javier Carballo

Bloga

1957ko San Pedrotako egitaraua: jai egitarau bat baino gehiago

San Pedrotan murgilduta
dago Zumaia egunotan. Herriko zaindariari eskainitako jai hauek
aspaldidanik ospatzen dira. Gaur egun San Telmoak nagusitasuna kendu
dieten arren, gustora murgiltzen dira zumaiarrak festagiro epeleko jai
udatiar hauetan.

San
Pedro jaien inguruan gehiago jakin nahian gerturatu gara oraingoan udal
artxibora. Jaietako programak miatzea izan da gure lehen asmoa, baina
1957ko egitarauak bereganatu du gure arreta. Orain 60 urte ospatutako
San Pedro jaietako egitarauak bertan burututako ekintzen berri ematen
du, ezin bestela izan. Urte horretan San Pedroak ekainaren 28tik
uztailaren 7ra bitartean ospatu ziren, jai egunak ekainaren 28, 29, 30
eta uztailaren 1 eta 7 izanik. Azken egun honek “errepikapen igande”
izendapena jasotzen zuela ikusi dugu.

Egitarau
honetan jaiei hasiera ematen dien ohiko txupinazoa ez aurkitzeak
harritu gaitu. Pentsatu baino ohitura berriagoa dela dirudi. Izan ere,
urte horretan, Lizarrako dultzaineroek lagunduriko buruhandi eta
erraldoien kalejirak eman zion hasiera jaiei. Ekintza desberdinez
beteriko jai egunak etorri ziren jarraian. San pedroetan ohikoak diren
elizkizun, pilota partidu, diana, dantzaldi eta su artifizialez gain,
argazki eta Langile Eskolako ikasleen lanen erakusketak, San Pedro
egunari ongi etorria emateko danborrada nagusia, txirrindulari
lasterketa, plater-tiroketa lehiaketa, batel estropada, sokamuturra,
jokoak eta ahate eta antzara lasterketa besteak beste.

1957ko
San Pedro jaietako egitarauaren orriek, ordea, beste zenbait informazio
ere eskaintzen dituzte. Hala nola, garai hartan Zumaian zeuden enpresa,
jatetxe, kafetegi eta saltokien ispilu bezala agertzen da. Izan ere,
jaietako programaren orriak iragarkiak txertatzeko leku ezin hobeak
ziren. Herriko etxe guztietara iristen den zerbait izanik, norberaren
negozioaren promozioa egiteko aukera paregabea dira. Kasu honetan,
denbora gutxian, kontuan izan 60 urte besterik ez direla pasa, Zumaia
zenbat aldatu den konturatzeko balio izan digu. Batzuk oraindik
gogoratuko dira egitarauan iragartzen diren zenbait enpresa eta
zerbitzuetaz. Gaztetxoenak, ordea, Zumaia ezezagun bat topatuko dute
egitarau honen orrietan. Izan ere, agertzen diren saltoki eta enpresa
bat edo beste oraindik edo orain gutxi arte martxan egon den arren,
gehienak desagertu dira.

Alde batetik Zumaiako industri iragana gogora ekartzen duten enpresen iragarkiak ditugu: Carmelo
Unanue S.A., Julian Eguiguren, Cementos de Zumaya S.A., Talleres
Mecanicos Beal, Autornifer S.A., Carmelo Echave, Otto Holke, Simon
Olaizola, Balenciaga S.A., Francisco Aizpurua, Mendiaraiz, Yeregui
Hermanos S.A., Conservas Ortiz, S.A., Artaza y Compañía
, eta abar.

Bestalde, Zumaian zeuden zerbitzuei buruzko iragarkiak: Juan Cearreta alokatzeko bizikletak eta mota guztietako konponketak, Viuda de Aguinagalde jatetxea, Juan Goicoechea eta Fermin Lopez Sarasa ardo salmentak, Venancio Múgica eta Juan Olaizola ileapaindegiak, Hotel Zumaya, Foto Gar, Juan Solano Uriarte dentista, Jose I. Otaño Farmazia eta laborategia, Otaño drogeria eta opari denda, Gau-Chori Sagardotegia, Artadiko Chiquito taberna jatetxea, Gran Hotel y Cine Amaya, Valentin Manterola elektrikaria, Francisco Berasategui denetariko denda, Jose Corta okindegia, Lopez Txurro eta izozki egilea, Alberdi gozotegi eta denda, Sarra taberna, Leoncio Mugica burdindegi eta alokairuzko kotxe zerbitzua, La Zumayana txurro-denda, Uranga Hotela, Martiarena inprimategia eta abar luze bat.

Baina
iraganeko Zumaia ezagutarazteko elementu bat izateaz gain, 1957ko San
Pedrotako egitarau honek azken ezusteko bat gordetzen du orrien artean.
Jaietako egitaraua agertzen den orriekin txertatuta, garai hartan udalak
gauzatu nahi zituen hiru egitasmoen ilustrazioak topa ditzakegu.
Lehenengoa egin zaigu bitxiena eta uda garairako egokiena: paolazpian
itsasoko urez beteriko igerileku naturala. Ideia hau behin baino
gehiagotan entzun izan da Zumaian, baina honen inguruko ilustrazio bat
ikusten dugun lehen aldia da. Ziur irakurleari ere bitxi zein eder
suertatuko zaiola. Bigarren ilustrazioa egungo Amaiako Plazarekin bat
etorri daitekeela dirudi. Bertan “Plaza de Galvez Cañedo, calle de
enlace a la carretera de Izurun” irakurri daiteke. Hirugarren
ilustrazioak, hobeto esanda hirugarren elementuari dagozkion hiru
ilustrazioak, eraikin erlijioso bat erakusten dute. Bertan ez da inolako
aipamen argigarririk ageri eta ezin izan dugu elementua guztiz
identifikatu. Arritokieta baseliza izan daitekela pentsatu dugu, baina
ezin 100% ziurtatu. Ea ilustrazioak ikustean zuek identifikatzeko gai
zareten!

Oihana Artetxe


Bloga

Kutsu magikoz beteriko pertsonaiak: Amorratzaileak Oiartzunen

1. Lanbide berezi baten nondik-norakoak

Historian
zehar, eta gizartearen beharren arabera, lanbide mota ezberdinak
sortzen joan dira, esparru ezberdinak hartuz. Prozesu orokor horren
baitan, ogibide batzuk beren horretan diraute, hainbatek moldatu behar
izan dute eta beste asko, desagertu egin dira edo desagertzeko zorian
daude. Gaur egungo begietatik, antzinako gizarteetan murgiltzen garenean
atentzioa ematen diguten hainbat topa daitezke, erakargarritasun, xarma
edo berezitasun handiagoa baitute; hala nola borreroa, ehortzailea,
zirujau-bizargina, albaitaria… Horien guztien artean bazen beste bat,
kondaira edo aurreko mendeetako gizartearen sinismenekin estuki lotuta
egon dena, eta XX. mende hasieran ordaindik bere jarduna mantentzen
zuena: amorratzaile edo salutadorea, hain zuzen ere.

Amorrua
oso hedatua zegoen gaixotasuna zen, bereziki landa eremuan. Bere eragin
handiak eta aurre egiteko tresna mugatuek, gaitzaren inguruan hamaika
sinismenen sorrera ekarri zuten. Amorratzaileak gaixotasun horren
sendaketaren baitan sortu ziren, nahiz eta bestelako gaitzak ere jomugan
izan zituzten. Lan egiteko prozedura misteriotsua zen, benetan: beraien
arnasa, hatsa edota listua erabiliz sendatzen zuten, baita pixa ere,
eta hori egiten zuten bitartean otoitzak eta konjuruak burutzen
zituzten. Izaera bitxia hortik haratago zihoan: gizartean barneratua
zegoen sinismen arabera, halako jardunean aritzen zirenak bikote bereko
zazpigarren semea edo alaba ziren, beti ere tartean kontrako sexuko
umerik jaio gabe; ohikoena gizonezkoen baitan garatutako lanbidea bazen
ere, ezagun da emakumeak zeregin horretan aritu zirela. Horrez gain,
Gabon Gauean edo Ostiral Santuan jaiotakoek ere amorratzaile-dohaiak
garatzeko joera omen zuten. Hori guztia gutxi balitz, gorputzean, eta
beraien patuaren adierazgarri, markak garatzen zituzten; ezagunenak
mingainpean, ahosabaian, hanketan, bularrean edo esku-azpian
gurutze-seinaleak ziren, ezbairik gabe. Modu honetan, halako ezaugarri
guztiak edo horietako hainbat izatea, pertsona horri dohai misteriotsuak
ematen zizkion, amorratzaile lanak egiteko funtsezkoak zirenak.

Horiek
alde batera utzita, salutadoreak gizarteak zuen eskari bati emandako
erantzuna izan zirela aitortu behar dugu; bereziki, esan dugunez,
amorruari aurre egiteko garaian. Zeregin horietan oso ohikoa zen
gaixotasuna pairatzen zuten udalerrietatik kanpoko pertsonak ekartzea.
XVII. mendeko Hernanin, adibidez, Alegi eta Gabiriako auzoak aritu ziren
amorratzaile lanetan, batzuetan 10 urterako kontratuak eginez;
Antzuolan salutadore lanetan Ezkio, Ormaiztegiko eta Oñatiko auzoak
arituko dira; Errezilen, berriz, Albizturko auzo zen Martin
Aranburukoarekin 6 urterako kontratua adostu zen 1742 urtean. Ikus
daitekeenez, hamaika lekutatik zetozen, baina badirudi
Ezkio-Gabiria-Ormaiztegi alde horrek (eta Albizturrek) amorratzaileen
gune kuttuna osatzen zuela, baita Oiartzunen ere.

2. Frantzisko Altube, Oiartzungo amorratzailea (1696-1707)

Bailarako
udal aktei erreparatuta, XVII. mende amaiera arte ez dugu sendagile
misteriotsu horien arrastorik, 1696. urtera arte hain zuzen ere. Ordutik
eta hamarkada luze batez, Gabiria-Ormaiztegi aldeko auzo bat ibili zen
lan horretan: Frantzisko Altube edo Anduaga izenekoa (bi abizenak
agertzen dira, lehenengoa ugariena delarik). Berari buruz datu gutxi
eskuratu ditugu, eta ez dira oso argiak. Ezkioko bataio-agirietan,
Frantzisko Altube Mendia agertzen zaigu 1654ko maiatzaren 25ean. Bere bi
abizenak aintzat hartuta, hiru anai-arrebetan nagusiena izan zela
ematen du. Ondorioz, amorratzaileen inguruko kondariak ezarritako
hainbat baldintza betetzen ez zituen pertsona baten aurrean gaudela
ematen du, ez datari dagokionez, ez zazpi anai-arreben inguruko
konturari dagokionez. Badirudi 1674ko uztailean Ormaiztegira ezkondu
zela, bertan izen bereko baten eta Angela Agirrezabalen arteko lotura
dokumentatua baitugu. Herri horretan bertan zendu zen, 1711n, otsailak
25 zituela (2).

Oiartzunen
izan zuen jarduerari dagokionez, 1696ko otsaila inguruan aritu zen.
Lehen datua hil horren 19koa da eta horren arabera, Maria Angela
Urbietarenean zortzi egunez apopilo hartuta egon zen, egonaldiaren
gastuak udalbatzaren gain gelditu zirelarik (A-1-9-1, 41 au.).

Altube
ez zen hamar urte luze horietan era finko batean jardun; aitzitik,
iduri du bere zerbitzuak aldizkakoak izan zirela. Kontsultatutako aktek
behintzat, ez dute berarekin sinatutako hitzarmen, kontratu edo
akordioei buruzko daturik ematen, eta badirudi garaian garaiko beharren
arabera dei egin zitzaiola. Honela, lehenengo aztarnak izan eta
hamarkada luze bat arte ez dugu gurean ikusiko. Urtea 1707 zen eta
gaixotasuna uste baino hedatuagoa zegoen. Hasiera batean, amorratzailea
martxoa erdialdera iritsi eta egun gutxi batzuk egin zituen. Handik 3
astera, ordea, berriz deitzeko erabakia hartu zen. Arrazoia apirilaren
9an Jeronimo Unseinek udalbatzaren aurrean agertu zuen: salutadoreak
bere lana amaitu eta Oiartzun utzi ondoren, zakur amorratu batek
Jeronimoren eta beste hainbaten abelburuei kosk egin zien (A-1-13-2, 58
au.-at.).

Amorratzailea Oiartzunen egon zelaren lehenengo datua: Maria Angela Urbietarenean apopilo egon zenekoa (1696ko otsaila)

3. Salutadorean jarduna gurean

Bailararen
hedadura aintzat hartuta, amorratzailearen lanak errazte aldera eta
funtsezkoak ez ziren gastuak saihesteko asmoz, barruti bakoitzean
elkartze-puntu jakin bat adostu zen, bertan auzo ezberdinen azienda
bildu eta hauen ikuskatze lana egiteko: “se les encarga alos vecinos
que tengan promptos y recojidos a un paraje los ganados (…) de forma que
(…) tengan los vecinos este alivio y se eviten los gastos supérfluos
” (A-1-13-2, 61 au.-62 au.).

Esan
bezala, XVIII. mendera arte ez dirudi Oiartzunen salutadorearekin
inolako hitzarmen formalik egin zenik eta agian, horregatik, baldintzen
artean ez zegoen soldata edo eskupeko zehatzik finkatu. Gurean,
udalbatzak lismona bat antolatzen zuen baserri eta etxeen artean, eta
auzo bakoitzean jardungo ziren biltzaileak izendatzen zituen. Ohikoena
dirutan ordaintzea zen, baina gutxi batzuek artotan ere egin zuten. Modu
berean, normalean familia bakoitzari erreal bateko lismona ezarri
zitzaion, baina batzuetan guztiek ez zuten diru-kopuru bera ordaindu:
1696ko otsaileko etxeen zerrendak ikusita, gehienek erreal bat eman
zuten, baina bazeuden 0’5, 2, 2’5 edo 3 eman zituztenak ere, Berueta eta
Markola etxeak kasu (A-1-9-1, 20bis au.-20bis at.). Hamaika urte
beranduago, aldiz, egoera bestelakoa zen. Espainiako Ondorengotza Gerra
medio, Bailararen baldintza ekonomikoek okerrerantz egin zuen eta etxe
bakoitzari erreal bateko limosna emateko agindua eman bazen ere,
udalbatzak gastuak bere gain hartzen amaitu zuen, auzoengandik
kobratzeko zailtasunak agerikoak baitziren (A-1-13-2, 166 au.-at.).

Salutadorearentzako limosna ordaindu zutenen etxeen zerrenda (1696)

Idatziek
ez digute jardunaren inguruko aztarnarik ematen; ez da gaixotasunerako
zernolako botikak, sendagaiak edo prozedurak erabilerari buruzko
aipamenik egiten. Dena den, akta liburuek oso datu adierazgarri bat
ematen digute; 1707ko apirilaren 16ko batzarrean, Frantzisko Altube
amorratzaile moduan aipatzen zen, baina ez edozein, Inkisizio Santuak
onartutakoa baitzen:

…de
Francisco de Altuue, vecino de la villa de Ormaiztegui, saludador
aprouado por la Santa Ynquisición, que vino a este Valle para remedio…
” (A-1-13-2, 60 au.).

Ogibideak
biltzen zituen hamaika zurrumurru eta kondairaren aurrean eta
amorratzaileek gizartean guztiz txertatuta zeudela ikusita, erakunde,
ofizialtasun edo garaiko ortodoxiak nolabait beraien jardunari oniritzia
eman zion. XVI. mendetik aurrera beraien jardunak ezagutu zuen
gorakadarekin batera, amorratzailearen inguruan eztabaida sakon bat
ematen hasi zen, beraien jarduna egokia zen ala ez erabakitze aldera:
salutadoreak zer ezaugarri zituen eta bere lanaren natura (jankotiarra
edo deabruzkoa) zalantzan zegoen, baita teologoen artean ere. Hau dela
eta, Elizak nolabaiteko eskuhartzea egin zuen, amorratzaileen ezaugarri
eta jarduna aztertuz (3).

Horrez
gain, Probintziak berak XVIII. mende erdialdetik salutadoreak
jo-puntuan izan zituen eta haien aurkako hainbat xedapen eman zituen.
Orain arte hustutako aktekin Oiartzunen honek guztiak zer eragin izan
zuen ezin dugu jakin, baina ziur gaude artxiboko funtsetan informazio
gehiago topatzeko aukera dagoela.

Iago Irixoa

Oharrak

(1) Ikus AGUIRRE SORONDO, A.: “Los saludadores”. In: Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 56 (1990), 307-319 orr.; Antzuolarako http://irinmodo.blogspot.com.es/2015/12/salutadorea-antzuolan.html.
Errezilgo kasurako: Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa
(AHPG-GPAH) 2/2413, 182 au.-183 au. Salutadoreen ikuspegi negatibo
baterako, GOROSABEL, P.: Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa, vol. 1., Tolosa: E. López, 1899, 360-362 orr. (II. Liburua, II. Kapitulua, III. Atala; http://www.ingeba.org/klasikoa/noticia/marnotie.htm helbidean kontsultagarri).

(2) Datu hauetarako, ikus http://mendezmende.org/eu.

(3) ALAMILLOS ÁLVAREZ, R.: Hechicería y brujería en Andalucía en la Edad Moderna. Discursos y prácticas en torno a la superstición en el siglo XVII. Córdoba 2015 (http://helvia.uco.es/xmlui/handle/10396/12669)

Bloga

Les esclaves oubliés de Tromelin

Sylvain Savoia

Les esclaves oubliés de Tromelin

Dupuis, 2015 (Aire Libre)

Orain dela aste batzuk Garbiñe Ubedak komikia eta historiaren arteko loturaz idatzi zuen http://www.berria.eus/www.berria.eus/paperekoa/1812/038/001/2017-06-23/fikzioa_da_bidea.htm

Ubedari berari esker Les esclaves oubliés de Tromelin zirarragarria
eskuratu dugu. Komiki honek Garbiñek egindako galdera askori erantzuten
diotelakoan gaude. Istorio txiki bat ekartzen du gogora Savoia
komikilariak, Historia handiak ezkutatzen duen zati argigarri
horietakoa, hain zuzen ere.

Ahoa
betetzen dugu gure deskubrimenduekin, gure arbasoen griñarekin, gure
abenturarako izpiritua, munduan zehar barraietu dugun zibilizazioa, gure
mariñel ausartak…

Gure burua horrela ezaugarritu dugu. Compagnie française des Indes Orientales elkargoaren 1760ko bidaia honek, baina, horren atzean zegoena uzten du agerian.

1700
metro bider 700 metroko uhartea, 8 metroko altuera gehienez, koralez
eta ondarrez osatua, nabigazio bideetatik aldenduta… L’Utile itsasontzia han jo zuen hondoa. Eskifai txuriak han utzi zituen esklabuak, 15 urtez.

Gordinkeria eta lukurreria batetik; bizi irauteko grina eta gaitasuna bestetik.

Savoiak
berak uhartean izan zen, indusketa arkeologiaren lekuko. Bere
kontakizunak are gordinago bihurtzen du gertatutakoa. Izan ere, bere
bizipena eta orain dela 250 urte han 15 urtez bizirik iraun zutenena
alderatzea ezinbestekoa egiten da. Autoreak ez du egiten. Irakurleak
egiten du.

Gizatasuna Europan jaio omen zen garai horretan.

David Zapirain

Bloga

Gobernu onerako autoak: gizartearen ohituretan murgilduz

Udal
aktek populazio gune bateko arduradun edo gobernuaren akordioak
islatzen dituzte. Askotan, hauek tokian tokiko edo unean uneko kezken
ondorioz sortutako erabaki eta akordioak dira. Baina hauez gain, udal
gobernuek bazituzten ohikoagoak ziren kezkak edo gaiak, maiztasun
handiagoz esku artean zituztenak, hamarkada edo mendeen poderioz
eguneroko bihurtu zirenak edo etengabeko kezka zekartenak.

XVII.
mende erdialdetik aurrera hainbat gertakari saihesteko edo halakoei
aurre egiteko neurriek formaltasuna hartu zuten: nolabaiteko bilduma
antolatu bat osatu zuten, inprimatu eta argitaratu arte. Dokumentu hauek
gobernu onerako auto izenez ezagunak ziren. Prozesu honetan guztian
erdibideko fase bat ere egon zen, unean uneko xedapenetatik txukun
bilduta egon arte. Hau udal aktetan argi dakusagu; izan ere,
udalbatzaren erabakiak biltzen dituzten liburuetan, horiek jendaurrean
jakinarazteko meza garaia baliatuz.

Oiartzunen
halakoak urteko lehenengo egunetan egiten ziren. Jarduna ekitearekin
batera, udalbatza berriak hainbat mandatu ematen zituen zenbait
jokamolde, jokabide, jarduera edo begi onez ikusten ez ziren ohitura edo
usadio debekatuz edo arautuz. Hori zen gobernu onerako autoen helburu
nagusia. Agintarien xedea elkarbizitza ona bermatzea zen, beti ere
garaiko gizarte katolikoaren baitan. Gehienetan izaera orokorra zuten.
Beste batzuetan, eta gureari dagokionez, Oiartzunekin zerikusia zuten
kontuak ziren, bailaran espreski gertatutakoei zegozkienak.

Artxiboan
gordetzen diren lehen akta-liburuetatik aurrera ikus daitezke. Honek
garaiko gizarteari buruz berebiziko informazioa ematen digu:
aspaldikoenek beren horretan bazirauten, aldaketarik izan zuten, xedapen
berriak sartu baziren… Errepikatzeak islatzen du debekuek oso eragin
mugatua zutela. Mendeen poderioz gauza batzuk ez direla aldatu ematen
du; gaur egunean pairatzen ditugun arazoen antzekoak edo aurrekari
moduan ikusi ditzakegu.

Armak eta kera deiak

Armak
soinean eramatearen debekuak ia lehenengo akta liburuan azaltzen
zaizkigu: 1658tik aurrera. Askotan su-armak izaten ziren helburu nagusia
(eskopetak, karabinak edota pistolak), baina txokolantzak,
pordoi-ziriak, daga luzeak, sastagai edo labanak ere aipatzen ziren.

Agidanez,
armak zorroetatik ateratzea arras arrunta zen, aitzakia edozein zelarik
ere. Baziren, halakoak jazotzea laguntzen zuten giroak, taberna eta
jokoari lotutakoak kasu. Horregatik, emakume-tabernari zein bentariei
iluntzean kartarik ez ematea agintzen zitzaien; neguan 20:00etatik eta
udan 21:30etik aurrera. Ez zen momentu bakarra: meza eta ofizio sakratu
garaian ere naipe eta pilotan jokatzea debekatua zegoen.

Jokoa
eta alkohola konbinazio latza ziren gertakari bortitzak emateko.
Horregatik, tabernari eta bentariei kera dei edo etxeratzeko aginduaren
ondoren pattarra edo ardoa eman edo saltzea debekatzen zitzaien,
erosleak bere etxerako bideratua ez bazuen. Era berean, dei horren
ondoren jendea apopilo hartzea debekatua zuten, eta 1688an apopilo
arlote, alfer edota ogibiderik ez zuen inor ez zuten hartuko. Arlote eta
eskaleei lan egitea agintzen zieten aginduak ere bazeuden (1694).

Eliza ingururako debekuak

Liskarrak
sortzea eta mokoka aritzea ez zen joko edo taberna kontua bakarrik.
Hala, kalean oihuka eta zalapartaka gauez aritzea debekatua zegoen, eta
Abemaria (iluntze garaia) eta eliz ofizio garaeitan danborjoleei
danborra jotzea debekatzen zitzaien. Are gehiago, eliza kanpoan zein
barruan, garaiko herri zein gizartearen espazio sakratuena zen horretan,
edota bere inguruetan ere, hilerrian kasu, zalaparta sortzea ohiko
kontua omen zen. Hori saihesteko hainbat xedapen eman ziren: hilerriari
dagokionez, bertatik jendea suilak edo saskiak buru gainean zituztela
igarotzea debekatu zen. Harrigarria gerta dakiguke, ordea, tenpluari
dagozkionak: elizan ezin zen ilea bilduta edo zarata handia ateratzen
zuten eskalapoin zapatekin ibili. Gizon eta emakumeak elkarrekin
esertzea ere etengabe debekatu zen: elizako koroazpian, bankuetan edo
hilerrira zihoazen eskaileretan ezin ziren bi generoak nahastu. Era
berean, elizako atea egunsentira arte ez zabaltzea adostu zen 1699an eta
1700an, gazteek hamaika kalte sortzen baitzituzten barrura sartzean.

Elizaren
errespetagarritasuna tenplua beraien bizimoduaren ardatz nagusitzat
zuten horien jokabideengatik hasten zen. Trentoko Kontzilioa ospatu eta
mende luze batera gurean, horren katolikoa zen euskal gizartean
elizgizonen portaera morala nahiko zalantzagarria zen. Oiartzunen
emandako xedapenak argiak dira. Gutxienez 1691 eta 1694 urteetan apaiz
eta gizon ezkonduen ohaideak Bailaratik atera daitezela agindu zen: “que
ninguna muger corruta amenzabada o que de mal exemplo con hombre
clérigo, casado o con otro de qualquiera estado, salga d’este valle
dentro de nube días con apercebimiento que se sacarán publicamente de
dicho balle”. Beste askotan bezala, araua ez zihoan gizonen aurka,
emakumeen aurka baizik.

Ordutegiak eta garbitasun-kontuak

Gaur
egun bitxikeria moduan ikus dezakegun kontuetako bat ordutegia da.
Ezkilen joaldiak ziren ordutegi eta gertakariren berri ematen zutenak.
Agintariek eguneroko bizitza arautzen zuen ordutegia ezarri zuten,
eguzki-argia ardatz zuena. Pazko Astearen arabera arautua zegoen: ordura
arte 20:00etan zen deia; ordutik aurrera, eguna luzatzen zela
profitatuz, 21:30ean. Ez zen beti horrela izan: 1696 urtean neguko
ordutegia 19:00ak arte zen eta udakoak 20:00etan zuen muga. Horrez gain,
bazegoen ordutegi berezirik: neska gazteei kera aginduaren ondoren
etxeratzeko agindua eman zitzaien behin edo behin (1699). Bereziena
morroi, soldatapeko gazteei edota nerabeei zuzendutakoa zen. Besteena
baino goiztiarragoa zen: 18:00etan eta 20:00etan (1686) edo 19:00etan
eta 20:00etan (1694). Talde hau arauen jo-puntu zen; besteak beste,
ezkondutako gizonek eta agureek gauez eta tabernetan mutilekin tratu edo
jokoan aritzea debekatu zuten; 1700 urtean zera agintzen zen: “que los
mozos que están a soldada y los que están debajo de la patria potestad
se recogan para la hora de la queda en el invierno y en berano como se
oseruaua antes (…) y que los hombres casados y ancianos de noche en
tauernas ni en otras partes no tomen conuersasión de juego ni otro con
los mozos ni de los que están a soldada”.

Era
berean, garbitasuna, osasuna eta txukuntasuna bilatzen zituzten
neurriak zeuden. Besteak beste, edateko ura hartzeko erabiltzen ziren
iturrien garbitasuna bermatu nahi zen, bereziki Elizaldekoa. Horregatik
arropa, liho, pitxar, galdara, suil, arrain, barazki edota haragia
garbitzea, edota gauzak botatzea debekatu zen; 1662an, adibidez, arraska
erabiltzea agindu zen.

Norberaren
baratzeetan herriko jendeak egiten zituen lapurretak saihesteko sendi
edo familia bakoitzak bere baratze propioa izatea agindu zen; antza
denez, merkeago, azkarrago edo erosoagoa zen besteen kontura jatea,
lurra erein eta zaintzea baino.

Iago Irixoa