Bloga

Aseguru sozialak Getarian

Industria Iraultza eta
mekanizazioaren pixkanakako aplikazioarekin lan-harremanen kontzeptu
berri bat sortuz joan zen. Instituzio eta erakunde ezberdinen gai
sozialekiko kezka edo ardura geroz eta handiagoa bihurtu zen, langile
mugimenduaren bultzadaren ondorioz hein handi batean.

XIX.
mende amaieratik aurrera gai sozialei loturiko legeak ugarituz joan
ziren europar lurralde osoan zehar, baita Euskal Herrian ere. Hala ere,
euskal lurraldeetan hauen ezarpena oso geldoa izan zen, batez ere 1919
urtera arte. 1908an eratutako “Instituto Nacional de Previsión”
izenekoaren eskutik aurrerapauso nabarmenagoak ematen hasi ziren eta
1919tik aurrera Derrigorrezko Aseguru Sozialen sistema aplikatzeko lehen
pausoak ematen hasi ziren, gastu sozialaren hazkundea eraginez. 1919
eta 1935 urteen artean lau derrigorrezko aseguru garrantzitsuenak
aplikatzeko legeak atera ziren argitara, ezarpen erritmo oso
ezberdinekin: Derrigorrezko Langile Erretiroa (1919), Derrigorrezko
Amatasun Asegurua (1922), Derrigorrezko Lanuzte Asegurua (1931) eta
Derrigorrezko Istripu Asegurua (1932).

Getariaren
kasuan lehenengo eta azkeneko aseguruen aipamen zehatzak ditugu
udalbatzarretako aktetan. Lehenengo asegurua diogunean, Derrigorrezko
Langile Erretiroaz ari gara. Aseguru honen hartzaileak 16 eta 65 urte
artean eta urtean 4000 pezeta baina gutxiago jasotzen zituzten
soldatapeko langileak ziren. Legea, ofizialki, 1919an argitara atera
arren, Getariako udalbatzarretako aktetan ez da 1921eko urriaren 20 arte
inongo aipamenik egongo. Bertan Probintziako Aurrezki Kutxako
ikuskatzailearen komunikazio bat irakurtzen da, non udala, urtean 4000
pezeta baina gutxiago jasotzen duten bere langile guztiak Derrigorrezko
Langile Erretiro aseguruan izen ematera behartzen duen. 1921eko
azaroaren 5eko udalbatzarreko aktan aldiz, hartzaileak zeintzuk ziren
zehazten zuen Probintziako Aurrezki Kutxaren zirkular bat irakurri zela
aipatzen da.

Derrigorrezko
Istripu Aseguruen legea, ofizialki, 1932an argitara atera zen, eta
Getariako udalbatzarrean 1933ko apirilaren 6an aipatzen da lehen aldiz.
Bertan Derrigorrezko Aseguru Sozialen ikuskatzailearen komunikazio bat
irakurri ondoren, aipaturiko aseguruaren aplikazioa beste udaletan nola
egin zuten informatzea adostu zuten. 1933ko ekainaren 1eko
udalbatzarrean udal langileak aseguratzea adosten da “en las condiciones
más ventajosas, incluso personal de obras como obreros eventuales”.

Xabier Etxeberria

Irudia: Derrigorrezko Langile Erretiroaren hartzaileak zehazten dituen pasartea (1921-11-5). Iturria: Getariako artxiboa