Bloga

Udal aktak: Gobernuaren mamiaz gain, garaiko gizartera hurbiltzeko tresna

2013
urtetik, Oiartzungo Udalak bertako artxiboan gordetzen den funtsen
edukia hedatzeari ekin dio. Horretarako udal mailan sortutako
dokumenturik esanguratsuenekin hasi da: udal-akta liburuekin hain zuzen
ere. Ez da ekimen berritzailea; hainbat eta hainbat herri dira funts
horien inguruan proiektu ezberdinak egin dituztenak, beti ere gure
iraganaren zati garrantzitsu eta uste baino ezezagunagoak jendearengana
hurbiltze aldera.

Dokumentazio
horri ekiteko irizpide ezberdinak eman dira, bai kronologikoki, bai
proiektuaren beraren mamitik: lana egiteko hautatutako materialak ez du
beti hurrenkera duen denbora-irizpideri izan eta, era berean, batzuetan
digitalizazioa burutu da, beste batzuetan hustuketa eta hainbatetan, bi
lanak uztartu dira: Pasaian edo Errenterian esaterako. Oiartzungo Udalak
aurretik digitalizazioari leku egin zion; aipatutako urtetik, ordea,
hustuketari bideak ireki dizkio, hau da, akta liburuetan gordetzen den
informazioaren ildo nagusiak euskarri informatiko batean islatzeari,
bertako gaien inguruko laburpenak datu base batean ipiniz. Euskara
hutsean egindako lana dugu, gainera. Azken irizpide hau azpimarratzekoa
dugu, batzuetan halako proiektuak elebidunak izaten direlako edo
aitzitik, gaztelaniaz bakarrik daude; alde batetik praktikotasuna bilatu
daiteke, aktak hizkuntza honetan baitaude eta hustuketa lanak azkarrago
egiten dira.

Lana
burutzeko ardatz kronologikoa aintzat hartu da, liburu zaharrenetik
hasi eta hurrenkera kronologikoa jarraituz. Izan ere, materialik
zaharrenak normalean irakurketa aldetik zailtasun handiagoak aurkezten
ditu. Modu honetan, 2013-2016 epean 1658tik hasi eta 1707 urtera arteko
dokumentazioa hustu da: 33 liburu, ia 7.000 orri eta 4.700 fitxa
pasatxo.

Egiari
zor, ez dira oso akta zaharrak. Hau hala izateko arrazoiak anitzak izan
daitezke: bilerak idatziz islatzeko ohitura falta, behar eza, gerrate,
sute, uholde edo bestelako gertakariek eragindako kalteen ondorioz
gertatutako dokumentazio galera… Edonola ere, horrek ez du esan nahi
dokumentazioaren muina antzua dutenik, ezta gutxiago ere.

Datozen
hilabeteotan hori frogatzeko aukera izango dugu. Udalak 2016ko
urtarrilean ateratako oharrak prentsan izan zuen oihartzunaz gaindi (1),
oraingoan beste ekimen bat abian jarri da; egindako lana ikusgarriago
egiteko asmoz eta ildo honetatik, jendeak bere herriak gordetzen duen
dokumentazioak ematen dituen aukerak helarazteko helburuaz. Horretarako,
hilero berri txikien bitartez aktetan topatutako datuei lekua egiten
saiatuko gara: batzuk ezagunak, ohikoak izango dira; beste zenbait,
aldiz, ilunagoak; hainbat eta hainbat, ustekabekoak. Guztiek, baina,
herriaren izena eta izana, iragana eta oraina ulertzen laguntzen dute.
Helburua, funtsean, jendeak “paper zahar eta zatar” moduan hartu
ditzakeen dokumentuak gaur egungo gizartean balioan jartzea da. Honela,
XVII. mendearen erdialdetik XVIII. mende hasiera arteko gertakari edo
erabakien berri emango dugu.

Aktetan
hamaika gai dira jorratzen dira. Horietan udalbatzaren ikuspegia
gailentzen da, eta bereziki bere interesak agerian geratzen dira: garia,
haragia, ardoa, sagardoa edo olioa bezalako oinarrizko produktuen
hornidura; txistularia, organojolea, erlojuzaina, medikua, botikaria edo
maisua bezalako funtsezko hainbat zerbitzuen bermaketa, udal-ondasunen
errentamendua, gastu eta beharrei aurre egiteko dirua lortzeko bideak,
bideen mantenua, basoenganako ardura… Baina horrez gain, oiartzuarren
kezka, eskaera eta arazoei buruzko berriak biltzen dira. Izan ere,
udal-batzarreen ohiko erregistroez gain, sortetan bestelako
dokumentazioa agertzen zaigu: erakunde zein pertsona ezberdinek
udalbatzari zuzendutako idatzi, eskaera, gutun eta abar, hain zuzen ere.

(1) Udaleko web-gunean 2016-I-19an eskegi zen oharra ikusteko: http://oiartzun.eus/eu/Iragarki_Taula/Udal_berriak/20160119/Artxiboaren_hustuketa_euskaraz_hutsez_egiten_ari_da_Udala_lehenengoz).
Bertako, eskualdeko zein Gipuzkoako hainbat hedabideek ere, notiziaren
berri eman zuten. Besteak beste, Aski Prexko-k, 137. zenbakian (2016ko
urtarrila) (https://issuu.com/oiartzungoudala/docs/137_ap); Oarsoaldeko Hitza-k, 19an bertan (http://oarsoaldea.hitza.eus/2016/01/19/xvii-mendeko-udalen-akten-hustuketa-euskara-hutsez-egiten-ari-dira/) eta hiru egun beranduago, El Diario Vasco-k, urtarrilaren 22an: (http://www.diariovasco.com/oarsoaldea/201601/22/artxiboaren-hustuketa-euskara-hutsez-20160122000850-v.html).