blog

luGORRI

Bloga

Pentsatu baino beranduago, baina jadanik hasi dira Zumaiako barradera…

Pentsatu
baino beranduago, baina jadanik hasi dira Zumaiako barradera edo
kanpoko dikea konpontzeko lanak. Azken itsasaldi bortitzak kalte handiak
eragin zituen Urolako itsasadarreko sarreran eta denbora luzez egon da
barrako pasealekurako bidea itxita. Gune kaltetuenetariko bat antzinako
barraren zatia izan zen. Hori dela eta, oraingoan, Zumaiako barraren
lehen zati hura eraiki zeneko informazio bila joan gara udal artxibora.

Zumaiako
porturako sarrera beti izan da arriskutsua. Gogoratu behar dugu,
antzinako portua egungo Amaiako plazan kokatzen zela eta kanpoko dikerik
gabe itsasontziek gorriak ikusten zituztela bertara iristeko. Tarte
honetako aurreko idatzi batean aipatu genuen nola itsasontziek atoian
sartu eta irten behar izaten zuten itsasadarretik.

Gune
arriskutsuena Aitzabalgo uharria zen, gehienetan olatuen erasoen menpe
egoten zena. Hura izaten zen Zumaiako portura iritsi nahi zuten
itsasontziek saihestu beharreko lehen oztopoa. Behin hori atzean utzita
Puntako Haitza topatzen zuten aurrez aurre. Haitz hau itsasadarraren
erdian kokatzen zen eta korronte bortitzak eragiten zituen.

Hasiera
batean, nabigazioa hobetzeko, aipatutako arriskuak seinaleztatu ziren.
Lehenik itsasargia eraiki zen. Honek itsasadarreko sarrera non dagoen
adierazten du 1870. urtetik. Ondoren Aitzabalgo uharria seinaleztatzeko
baliza bat eraiki zen, 1881ean. Honek nabarmen hobetu zuen egoera,
sarrerako arriskuak agerian uzten baitzituen, baina ez zen nahikoa.

Hau
dela eta, XIX. mendeko laurogeigarren hamarkadan, merkataritza moila
eta kanpoko dikea eraikitzeko erabakia hartu zen. Urte haietan
Frantzisko Lafargak aurkeztutako egitasmoaren helburu nagusiak ibaiko
kanala bideratzea, Aitzabalgo uharria itsasadarreko sarreratik
banantzea, mendebaldeko olatuak saihestea eta itsasontziei sarrera
egokia eskaintzea ziren. Horretarako diseinatu zen Zumaiako kanpoko
dikea.

Frantzisko
Lafargak 1883 eta 1885 bitartean garatu zuen Zumaiako itsasadarrean
egin beharreko lanen egitasmoa. Honek Errepide, Kanal eta Portuetako
Aholkulari Batzordearen berrikuspena jasan zuen eta, zenbait aldaketa
eginda, 1887an onartu zen. Besteak beste, ondorengo lanak zehazten
ziren:

1.
Arbustaingo irlatxotik itsasargiaren azpian kokatzen zen Puntako
Haitzeraino ibaia bideratzeko 590 metro zituen dikea eraikitzea.

2. Puntako Haitzeko zabalgunea egitea (Kresala eta kanpoko dikeko sarreraren artean).

3. Itsasadarraren sarrera bideratzeko Puntako Haitzetik itsasorako 150 metroko kanpoko dikea egitea.

4. Kanpoko dikearekin bat egingo zuen 93,50 metroko kai-muturra altxatzea.

Kanpoko
dikeak eta kai-muturrak ibaiko korronteak gidatzea zuten helburu,
mendebaldeko erribera bideratuz. Gainera, bihurgune formako kai-muturrak
itsasontziak ipar-mendebaldeko denboraleetatik babestu eta olatuak
geldiarazi eta bokaletik desbideratuko lituzke. Hau horrela, Lafargaren
lehen egitasmoan proposatzen zen olatu desbideratzailea ez egitea
erabaki zen, diseinatutako kai-muturrak itsasadarreko nabigazioa nahikoa
hobetuko zuelakoan.

Lafargaren
proiektuan lanak burutzeko beharrezko materiala zorrozki zehazten zen.
Artxiboan gordeta dagoen proiektu horretan adibidez, erabili beharreko
harrien eta zementuaren ezaugarriak agertzen dira. Horrela, harriak
hareharri edo kareharri tinkoa zuten harrobietatik atera behar ziren,
eta harri-lubetak nolakoak izan behar ziren ere zehaztuta zegoen, beteko
zuten funtzioaren arabera: gainean estrukturaren bat izango zuten
harri-lubetak eraikitzeko, harriek gutxienez metro kubiko baten laurdena
izan behar zuten; aldiz, harri-lubeta betelan edo babes gisa
erabiltzeko bazen, 25 kilo izatearekin nahikoa zen; harri-horma egiteko
harriek 35-50 zentimetro bitartekoak behar zuten eta abar. Bestalde,
dikearen azpialdean eta zimenduetan, harriak elkarri lotzeko erabili
beharreko zementuak lehortze azkarra izan behar zuen. Hori Zumaian ez
zen arazoa, izan ere, mota horretako zementua ekoizten espezializatutako
herria baitzen; Zemento Zumaya izeneko zementu naturala hain zuzen.
Beraz, lanak burutzeko behar zuten materiala inguruan eskuragarri izan
zuten.

Lan hauek
Frantzisko Aierdi ingeniariak gauzatu zituen. 1893ko otsailerako
Arbustain eta Puntako Haitzaren arteko dikea eta zabalgunea bukatuak
zeuden. Ibaiaren erdian agertzen zen Puntako Haitza ere mozten hasiak
ziren. Kanpoko dikeko lanak, ordea, atzeratu egin ziren eta 1896 arte ez
zuten zati hori bukatzea lortu. Aurrerago, 1927an, Zumaiako
itsasadarreko sarrera nahikoa hobetu ez zela ikusirik, kai-muturrari
beste dike zati bat gehitu zitzaion eta itsasadarrean sartzen zen
Puntako Haitza gehiago moztu zen.

Azken
obra hauetarako, kanpoko dikeraino beharrezko materiala eramango zuen
tren txiki bat jarri zen martxan Arbustainetik Puntako Haitzera. Hau
meategietan erabiltzen zirenen antzekoa zen, lokomotora txiki bat eta
atzean materiala garraiatzeko bagonetak. Rafael del Pilarrek idatzi duen
“Arrangoleta 1945-1951 Memorias de un Barrio” liburuan agertzen denez,
itsasargiaren azpiko zabalgunean Aitzabaldik ateratako harriei forma
egokia ematen zitzaien, baita zementuzko blokeak egin ere. Hau horrela,
pentsatzekoa da Lafargaren proiektua gauzatu zeneko harriak ere
Inpernupe ingurutik atera zituztela, are gehiago egin beharreko lanetako
bat Puntako Haitza moztea izan zela aintzat hartuta. Litekeena da,
haitz mutur hori moztetik lortutako harria ere dikea altxatzeko lanetan
erabili izana.

Ez
zen azkenengo aldia izango Aitzabal, Inpernupe eta Malparaje inguruak
harria lortzeko erabiliko zirena. Aipaturiko lan hauen ondorioz,
bokalean ibaiak ekarritako hondar eta limoak pilatzen hasi ziren. Hori
ekidin nahian, 1935ean, itsasadarraren beste aldean harri-lubeta bat
eraikitzea erabaki zen. Lan hauetarako beharrezko harria Inpernupe eta
Malparaje inguruetatik atera zen. Orduan ere, aurreko lanetan bezala,
harrobi horietatik ateratako harria garraiatzeko tren txiki bat ezarri
zen. Honek, paraje horretatik ibairaino garraiatzen zuen materiala eta,
bertan, gabarretan zamatzen zen ibaiaren beste aldera eramateko. Gaur
egun ikusgarria izango litzateke horrelako muntaia bat. Imajinatzen
duzue egiten ari diren kanpoko dikearen konponketa horrela egin beharko
balitz?

Oihana Artetxe

Bisita gidatuak Erakusketak

HORMEKDIOTE: Did I do that? (Steve Urkel)

Urte
baten buruan Hormek sarri hitz egin dute. Urte bete pasa ondoren, egun
Hormek zer dioten, ez da hori galdera makala. Halere, galdetzeak berak
egun Hormek hitz egiten segitzen dutela ematen du aditzera.

Izan
ere, Hormek diote guk urte honetan zehar asko ikasi dugula. Orain dela
urtebete (pasatxo) gure baliabide eta ezagutzarekin lan bati ekiten
geniola uste genuen. Errealitateak, baina, bestela erakatsi digu. Hau
da, lana, agindutakoa eta zehaztu bezala bete dugu. Ez ordea orduan
genekienarekin, ekinaren poderioz ikasi dugunari esker baizik.

Horrela, Hormek esan ez ezik, erakatsi egin digute. Besteak beste:

– Besteon lana gehiago errespetatzen eta baloratzen

– Kultura komuna partekatzen dugun lagunekin lana egita pribilejio dela

– Saldias zuzen zela, eta… lagunekin bai!

– Kultura popularra kultura unibertsalaren zati bat dela eta horri esker identitea propioa eta komuna dugula

– Edertasuna sortzean datzala

– Akaso Sor/tzaileak gure Sor/ginak direla

– Artearekiko, artearen funtzio sozialarekiko interesa berpiztu zaigula

– Aurre iritzi sobera ditugula.

Era
berean, “ondoretza” lehengoz aipatu zigutela harrituta geratu baginen
ere, harro ikusten ari gara legatu zehatza utzi dugula: elkarren
ezagutza, denborari eusten dioten muralak, jabetza pribatuak ezabatu
duen murala, bidaiatzen hasiak diren “Gure Hormek”, buruan ditugun ideia
berriak, ezagutu dugun jende eskuzabala, Haatik Dantza Taldeak
taularatuko duen espektakulu berria… Esperimentua ondo atera da,
beraz.

Horiek
horrela, hormatu ez garela uste dugu. Zintzo jokatu dugula eta helburuak
bete ditugula. Kontraesanak zamalkatu ditugun edo ez, ez dakigu, baina
zizelkatu bai, zizelkatu behar izan ditugu. Alegia, elkarbizitza ekimen
artistikoetan bezain beste, proiektuak sortu dituen harremanetan bizi
izan dugu. Eta ederra izan da.

Urkelekin hasi eta Hannibal Smithekin amaitu: I love it when a plan comes together

David Zapirain

Bloga

Kontu bitxiak artxiboetan: idazkera frogak eta zirriborroak

Dagoeneko
blog honetan plazaratu diren artikuluek artxiboetako funtsetan hamaika
gauza daudela frogatu dute; bai espero daitezkeenak, baita aurreikusten
ez direnak ere. Egoera berezi honek modu askotan aurkezten den
informazioa topatzea dakar, logika duena edo logikarik gabekoa; azken
finean, ohikoagoak direnez gain, antzinako paperen artean gauza bitxiak
eta atentzioa ematen duten batzuk topatzen dira. Xelebretasunaren
munduan mamitsuenetarikoak, zalantzarik gabe, idazkera frogak dira; hau
da, notario edo eskribauen ikasleek edo apopiloek beren etorkizuneko
lanean trebatzeko idazten zituzten zirriborroak.

Halakoek
anitz gauza islatzen dituzte; deigarriena, adibidez, non idazten ziren
ikustea da. Izan ere, idazkera froga hauek edozein lekutan egin
zitezkeen, baita balio juridiko-administratiboa zuten dokumentuetan ere.
Notario-eskriturak horren lekuko bikaina dira, adibideak ugariak
direlarik; halako idatziak gordetzen dituzten sortetan, orduko zein
beranduagoko idazkera frogak topa daitezke. Baina ez dira hor bakarrik
ageri: Asteasuko 1558-1559 urte bitarteko kontu liburuek ere, adibide
asko aurkezten dituzte.

Deigarria
gerta dakiguke dokumentazio originala zirriborroak egiteko
aprobetxatzea. Hori egiteko arrazoiak ugariak izan daitezke. Batzuk
ematearren, bi aipatu ditzakegu. Batetik, irakurketa gaitasun eza; hau
da, mutiko horietako askok, eta beraien maisuek, ez zekiten aurreko
mendeetako edo hamarkada luze batzuk lehenago sortutako dokumentaziorik
irakurtzen; gaur egungo “orri zikinen” funtzioa betetzen zutela esan
genezake.

Bestetik,
dokumentuari berari garrantzia gutxi ematea. Aurreko urte, hamarkada
edo mendetan idatziak izaki, iraganari lotuak hartzen ziren eta modu
honetan, sortu eta urte gutxiren buruan beraien balizko balioa pasata
zegoela uste zen. Udal-kontuei dagokienez, behin kontuen ikuskatzea egin
eta azaltzen ziren zenbatekoei adostasuna emanda, “benetako” balioa
galtzen zutela ematen du. Gorde, gorde egiten ziren, baina iraganeko
kontutzat hartzen ziren eta honela, kontserbatzeko edo (ber)erabiltzeko
irizpideak gaur egun izan ditzakegunen oso bestelakoak ziren.

Aipatzen
ditugun zirriborro horietan modu askotakoak aurkitu daitezke. Badaude
ariketa matematikoak islatzen dituzten frogak; hauetan bitxienetako bat
beste batean jaso genuen euskarazko zenbakiekin harremana du. Izan ere,
halako idazkera froga moduan euskarazko testuak edo esaldi gutxi batzuk
topatu izan dira, Asteasu beraren kasuak edo Gipuzkoako Protokoloen
Artxibo Historikoarenak ondo adierazten duten bezala(1).

Asteasuko
udal kontuetan ikus ditzakegun zirriborro horiek beste hainbaten
ezaugarriak dituzte. Froga horietan ohikoenak hizki solteak dira,
bokaleak edo kontsonanteak, silabak, baina hitz osoak ere egon daitezke,
edo pertsonen izenak. Honela, aipatutako kontu-liburuetan “Domingo de
Camio”, “Don Antonio de Çauala. Don Miguel de Aguirre”, edota “Don Pedro
de Ayalde, beneficiado de la tierra” bezalakoak ikus ditzakegu.

Beste
batzuetan notario-dokumentu baten hasierako esaldi edo hitzak jaso
ditzakete, hala nola: “Joanes de Lizarraga, vezino de la tierra de
Asteassu, a diez días del mes de setiembre de mill e quinientos y
cinquenta”, “La merced que V. Merced hizo a mi hermano”, “memoria de los
maravedís (?)”,“De la memoria de mí, Marticho”, eta abar. (Ikusi 1.go irudia)

Askotan,
gehienetan, froga hauek ez dute zentzurik edo esanahi argirik; azken
finean, zirriborroak edo trebatzeko ariketak baitira, besterik gabe.
Baina hainbatetan, eguneroko bizitzaren printzak eskeintzen dizkigute,
gerora gutun edo beste dokumentuen zati izango ziren zatiak hain zuzen
ere:

“La merced
que V. Merced hizo a mi hermano la hestimo en ssumo grado por (… ) Vesso
a V. M. las manos ynfinitas vezes. Escríueme que pague a V. M. (…)
treynta mill reales. Escríueme que pague a V. M. treynta e nueue mill
reales. Escríueme que pague a V. M. treynta”. (Ikusi 2.garren irudia).

Edota:

“Sepan
quantos esta carta de testamento y postrímera voluntad. Ayer a la
mañana escriuí a V. M. largo con el hordinario. Después acá, lo que se
ofresce es que Antonio de Armora, Ascenio [sic] de Armora, a uenido a
ssu casa con entera salud y larga vida”. (Ikusi 3.garren irudia).

Are
interesgarriakoak dira filosofia erlijiosoaz bustitako testu luze zein
motzak, garaiko pentsamolde, heziketa eta hezkuntzaren lekuko direnak.
Batzuetan otoitz liturgiaren esaldi motz batzuen amaigabeko zatiak dira,
irakurriz gero mantra baten modukoak liratekeenak:

“María
Santíssima, conceuida sin pecado oreginal, amén. María Santíssima,
conceuid [sic] sin pecado oreginal, amén. María Santíssima, conceuida
sin pecado oreginal, amén. María Santissi”. (Ikusi 4.garren irudia).

Baina bertzeetan idatziek mami gehiago dute:

“Todo
fiel christiano es muy obligado a tener deuoción de todo coraçón de la
Santa Cruz de Christo, nuestra luz, pues en ello quisso María por nos,
redemir de la cautiuidad de nuestro pecado y del enemigo malo. Y por
tanto, te as de acostumbrar a signar y santigoar aciendo tres cruzes: la
primera en la frente, la segunda en la boca, la tercera en los pechos.
Ablando con Dios, nuestro Señor, mostrad cómo en el nombre del Padre y
del Hijo y del Espíritu Sancto, amén, por qué os signastes en la frente
porque nos libre Dios de los malos pensamientos. La segunda en la boca,
porque nos…

Todo fiel cristiano es muy obligado a tener debozión de todo…”. (Ikusi 5.garren irudia).

Funtsean,
balio juridikorik gabeko idatziak dira, esanahi argirik gabeko testuak,
besterik ez; baina batzuetan, zirriborro horietatik tanta batzuk
izatetik, zuku eder bat ateratzera iritsi gaitezke; garaiko gizartera
hurbiltzen uzten diguna.

Iago Irixoa

(1) Asteasurako, http://www.ereiten.eus/blog_view.php?uuid=24&cat=Asteasu;
AZPIAZU ELORZA, J. A.: “Palabras y textos vascos antiguos”. In:
Cuadernos de Sección. Hizkuntza eta Literatura, 7 (1988), 7-14, bereziki
12. orr. (http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/literatura/07/07007014.pdf);
eta batez ere, IRIGOYEN, A.: “Dos textos arcaicos del siglo XVI”. In:
IRIGOYEN, A.: De re philologica linguae vasconicae II. Bilbo: Deustuko
Unibertitsatea, 1987, 231-235 orr. Azken testu hauen irudiak artikuluan
bertan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko artxiboen web-ean ere ikus
daiteke: http://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKAVisorArchivoJSWEB/estatico/index.html?consulta=GPAH&fich=GPAH70097_A_000100v.jpg&numImages=2&sec=null.

Lugorri

The Balde: agur eta ohore

89.a da azkena. Denbora pasa da gero! Pentsa, lehen alearekin Osasuna taldean Balde futbolaria aritzen zen!

Magazine
honen jaiotza gertutik ezagutzeko pribilejio izan genuen. Garai betean
“prentsa arrosa” eta txutxu-muxuak gaitzat hartu zuen Napartheid hura
ekarri dit beti gogora. Amaiera ez dugu ere oso urrundik kausitu.
Bidean, ale zoragarriak. Are, heldu ahala ikaragarri ondu dela iruditzen
zaigu.

The Balde
ez da ohiko argitalpena izan. Ez da normala izan. Ez hizkuntza
trataeragatik, ezta gaiagatik, ezta estiloagatik ere. Hori da bere
xarma. Gure bizarrokeriaz edo berezitasunean murgildu beharrean, gauza
bizarroak hartu ditu hizpide. Bizarroak, kulturetak, tendentziazkoak,
kuriositateak, modak, artea… Alegia unibertso urbanoa, unibertsala,
horri buruz euskaraz idaztea normala izan beharko luke. Horregatik
aldizkari hau a-normala zen. Kultura popularra lantzen zuelako, eta
kultura popularizatzen zuelako dramarik gabe eta modu arinean.

Askotan
The Balden irakurritakoa edo The Balden agertu datua osatzeko beharra
izan dugu. The Baldian Cards faltan izango dugu aurrerantzean. Hori da
kultura egitea. Hori bideratzen zuen. Horregatik ere, aldizkari
garrantzitsua izan da.

Gure unibertso kuriosoa murritzago baita 2017tik aurrera.

Alabaina,
The Baldek erakutsi du posiblea dela. Orain, itxierarekin, negarrak eta
hau bezalako agur melengeak hasiko dira. Negarrak baino, eredua hartu
eta itxiera ez dadila debalde izan.

David Zapirain

Bloga

Getariako abere hiltegia (I)

Garai
batean animaliak etxeetan hazi eta hiltzen ziren, baina denborarekin
guzti hori aldatzen joan da apurka. Nekazal guneetan txerribodekin
mantendu da gehien, baina gaur egun oso toki gutxitan egiten dira. Izan
ere, gaur egun haragia non-nahi erosi dezakegu, gure beharretara
egokituz.

Herri
eta hirietako haragi eskaria bideratzeko, XIX. mendean hiltegiak
eraikitzen hasi ziren. Herriguneko etxeetan abereak hiltzea, jadanik, ez
zen egokitzat hartzen, higiene kontuak zirela medio, osasunarentzat
arriskutsua izan zitekeelako. Getarian 1889koa da hiltegiaren buruzko
lehen aipamena. Urte horretan, herria haragiz hornitzeko ardura zuen
Jose Elosuk herriko hiltegi publikoaren egoera txarraz kexu da, bertan
egin beharreko garbiketa lanak egiteko, ur hornidura eskasa dela
ohartaraziz. Hau dela eta, behin-behinean, abelburuak Francisco Enbilen
etxean hiltzeko baimen eskaera onartzen dio udalak.

Udal
hiltegiaren egoera tamalgarriaren aurrean, 1901ean udal batzorde bat
eratu zen hiltegi berria eraikitzeko kokaleku egokia aztertzeko.
Batzorde horrek Gaztetape izendatu zuen hiltegi berria eraikitzeko
herriko toki egokiena bezala, itsasoko aireak abelburuak freskoago
mantentzen lagunduko zuela argudiatuz. Hau horrela, herriko albaitariak
eta haragi ikuskatzaileak, batzordekideekin batera, “Marcobe” (egungo
Malkorbe) izendatu zuten Gaztetapeko gunerik egokiena, baina toki honek
ez zuen perituen oniritzia lortu. Azkenik, herrigunean zegoen Katrapona
enparantza aukeratu zen hiltegi berria egiteko gune.

Tokirik
egokiena Katrapona-andia izenekoa zen, baina bertan ontziola bat omen
zegoen kokatuta. Ontziola hori udal lurretan zegoen eta, bertan
kokatzeko baimena lortu zuenean, udalak lurzorua herritarren
ongizaterako beharko balu eraisteko aginduko zuela hitzartu zen. Egoera
honek ez zuen herriko bizilagun guztien onarpena lortu. Alde batetik
hiltegia herrigunean kokatzea osasunarentzat arriskutsua izan zitekeela
eta herri arrantzale batean ontziolaren beharra aldarrikatzen zuten
ontziolako jabe eta lagunak zeuden. Hauek tokirik egokiena Malkorbe zela
defendatzen zuten. Bestalde, udalaren erabakia babesten zuten
herritarrak zeuden.

Azkenean,
udalaren erabakiak aurrera egin zuen eta, Donostiako Domingo Ezeiza
maisuak eginiko planoa jarraituz, hiltegi berria eraikitzeko obren
esleipena Juan Eizagirre Orioko bizilagunaren aldekoa izan zen.
Eraikuntzak 5401,63 pezetako kostua izan zuen udalarentzat eta 1903ko
otsailerako amaitua zegoen. Hiltegi berriko araudia urte bereko martxoan
ezarri zen.

Oihana Artetxe

Bloga

Isiltasunaren garrasia: 1936ko altxamendu militarraren ondorena Zumaian

Hilabeteroko
tarte honetan artxibora jotzen dugu, bertan gordea dagoen
informazioaren zatitxo bat zuei gerturatzeko asmoz. Gai baten inguruko
datuen bila ibiltzen gara eta informazioa behar izaten dugu argitaratzen
ditugun idatzi xumeak osatzeko. Udalak memoria historikoa lantzeko
egitasmoa abiatu duen honetan, Gerra Zibilari hasiera eman zion
altxamendu militarra gogora ekarri nahi izan dugu. Uztailean 80.
urteurrena izan zen eta horri eutsi diogu oraingoan.

Beti
bezala artxibora joan gara eta informazio bila hasi. 1936ko aktak
jasoak dituen liburua esku artean hartu eta uztaileko aktaren bila hasi
gara. Isiltasuna. Hori da topatu duguna 1936ko uztailetik irailerako
tartean. Isiltasuna bai, baina eztanda bortitz baten ondorengo
isiltasuna. Bere baitan garrasi ozen bat daraman isiltasuna.

Ikertzaileok
datuez baliatzen gara, baina datu eza ere informazioa da. Kasu honetan,
uztaileko altxamendu militarrak Udaletan izan zuen eraginaren
erakusgarri gertatzen da. Zumaian ez zen udalbatzarrik ospatu 1936ko
uztailaren 10etik irailera bitartean. Udal idazkari funtzioak zituen
idazkari ofizialaren diligentzia bat besterik ez da agertzen denbora
tarte horretan. Uztailaren 25ean egin behar zen udalbatzarra eta
ondorengoak bertan behera geratu zirela azaltzen du, denbora horretako
ezohiko gertaera bortitzek bultzatuta.

1931n
Bigarren Errepublika ezarri zenetik, nahiko egoera politiko nahasia
bizi izan zen. 1931ko apiriletik urrira bitartean behin-behineko
gobernua egon zen agintean. Ondoren, 1933ko azaroraino iraun zuen
biurteko erreformista etorri zen. Garai korapilatsua izan zen biurtekoa,
greba eta erreformez betea. 1933ko hauteskundeak eskuindarrek irabazi
zituzten eta, besteak beste, biurtekoan egindako erreformak atzera bota
zituen gobernu berriak. 1936ko otsailean egin ziren hauteskundeak
berriz, alderdi ezkertiar eta abertzaleek osatutako Herri Fronteak edo
Frente Popularrak irabazi zuen. Aldaketa hau ez zen eskuindarren
gustukoa izan eta Espainiako armadaren zati handi batek Uztaileko
Altxamendu Militarra bultzatu zuen, estatu kolpe bat bilatuz.
Altxamenduak Espainiako populazioa bitan zatitu zuen eta Gerra Zibilaren
pizgarria izan zen.

Altxamendu
militarra gertatu zen garaian, Zumaiako udalbatza Victoriano Arrate
alkateak eta Martin Elorriaga, Alejandro Lartigue, Gabriel Betondo,
Manuel Urruzuno, Eduardo Zubia eta Sotero Azpeitia zinegotziek osatzen
zuten. Altxamenduaren ondoren udalbatza horren egunerokotasuna bortizki
etenda geratu zen. Aipatutako diligentzian agertzen diren hitzak ekarri
nahi izan ditugu hona, irabazleek gertaera nola ikusi zuten adierazteko.

“…
dejaron de celebrarse las sesiones ordinarias por este Ayuntamiento de
la Noble y Leal Villagrana de Zumaya, con motivo de los sucesos graves y
extraordinarios ocurridos durante ese periodo de tiempo; durante el
cual y hasta su huída de elementos marxistas y separatistas, estuvo
constituído en los locales del Ayuntamiento, un comité revolucionario
denominado Frente Popular, y consecuentemente, quedó paralizada y
entorpecida la vida municipal, de sus reuniones y sesiones, fecha en que
quedó liberada esta villa por el Glorioso Ejército, Requetés y
Falange.”

Garrasiz
beteriko isiltasun horren ondorengo lehen udal-aktak, udalbatza berria
osatzeko premia adierazten du. Botere aldaketa garbia gertatu zen
Zumaian 1936ko irailean. Gipuzkoako Gerra Batzorde Karlistaren aginduz,
udalbatzar berria osatzeko, Gabriel Vallejo, Luis Olaizola, Mariano
Gurrutxaga, Vicente Larrañaga eta Romualdo Etxabe elkartu ziren dira
Udaletxean. Udal-akta honetan jasotzen denez, Espainiako Nazioa
salbatzeko helburuarekin, behin behineko udalbatzarra horrela osatu zen:

Alkatea: Gabriel Vallejo Bretón

Lehen alkateordea: Luis Olaizola Azkue

Bigarren alkateordea eta sindikoa: Mariano Gurrutxaga Buenetxea

Zinegotzi eta Oikiako Alkatea: Vicente Larrañaga Etxeberria

Zinegotzi eta Artadiko Alkatea: Romualdo Etxabe Etxabe

Bitarteko idazkaria: Jose Maria Odriozola Zaldua.

Udalbatza
hau urriaren 13ko udalbatzarrean berretsi eta osatu zen, baita udal
batzordeak osatu ere. Baina udalbatza honek ez zuen gehiegi iraun eta
urriaren 28an, Zarautzeko Komandanteburu militarraren aginduz eta
proposamenez, Carmelo Unanue, Acisclo Alberdi, Carlos Irigoien, Pedro
Uranga, Ignacio Izpizua, Mariano Gurrutxaga, Estanislao Etxabe, Juan
Jose Zinkunegi eta Vicente Larrañaga udalbatza berria osatzera deituak
izan ziren. Bertaratutakoek zenbait kexa plazaratu zituzten agindutako
karguak betetzeko. Baina azkenean, egoera berri horretan espainiar
abertzaletasun betebeharrek bultzatuta, Zumaiako udalbatza honela osatu
zen:

Alkatea: Carmelo Unanue Trueba

Lehen Alkateordea: Juan Jose Zinkunegi Zubia

Bigarren Alkateordea: Acisclo Alberdi Etxezarreta

Sindikoa: Pedro Uranga Linazisoro

Lehen errejidorea: Mariano Gurrutxaga Buenetxea

Bigarren errejidorea: Vicente Larrañaga Etxeberria

Hirugarren errejidorea: Ignacio Izpizua Artetxe

Laugarren errejidorea: Estanislao Etxabe Etxabe

Bosgarren errejidorea: Carlos Irigoien Sorasu

Udal-akta
liburuetan isiltasunak amaiera izan zuen, baina garrasiek jarraipen
luzea izan zutela ezin uka. Ondorengo urteetako egoera ez zen erraza
izan herrian eta Zumaiar askok kanporako bidea hartu behar izan zuten.

Oihana Artetxe

Bloga

Ricardo Martín. Fotógrafo y espectador.

La sala KUBO nos abre una nueva ventana al pasado. Un pasado que nos resulta familiar y nos sorprende, al mismo tiempo. Una mirada moderna a un territorio cambiante, abierto a las novedades.

Seguramente los visitantes de esta exposición sentirán una sensación extraña de déjà vu, porque lo que se le ofrece es una selección de fotografías realizadas entre 1914 y 1936 por Ricardo Martín, que recrean una época de la que estamos acostumbrados a ver imágenes. Y es que Martín fue el fotógrafo de una época muy importante de la ciudad de San Sebastián que los donostiarras conocemos especialmente.

Sin embargo, encontrarán muchas y agradables sorpresas, al descubrir la vida en la ciudad a través de la mirada curiosa del fotógrafo que, incansable, recorría con su moto cada rincón, para obtener cada instantánea, cada documento gráfico de una crónica que nos acerca automáticamente a aquellas vidas ajenas. Qué inmenso poder de emocionarnos tiene la fotografía…

Esta exposición es una crónica de la modernidad, pero también muestra la continuidad en el tiempo, la perdurabilidad de ciertas cosas, ya que, aunque deja patente que las cosas han cambiado, si las miramos bien, tampoco lo han hecho tanto. Nos reconocemos en esas personas que hace cien años recorrieron los mismos espacios que nosotros, y entendemos que no cambia lo importante: la alegría de las celebraciones y las fiestas, de relajarse con los amigos, el esfuerzo del deportista, la timidez del adolescente, la pulsión de sentirse enamorado, la tristeza inconsolable de la madre que despide a su hijo que se va a la guerra, el aburrimiento de los niños en los eventos de los mayores. Todo eso ocurrió antes y ocurrirá.

Y es que esta visita es un viaje al pasado para reencontrarnos en el mismo sitio, al salir por esa puerta, en el presente.

HORARIO:

De martes a domingo: 11:30h-13:30h / 17:00h-21:00h

EREITEN y el proyecto educativo de sala KUBO

http://www.sala-kubo-aretoa.eus/index.php/es/exposicio/actual/2-uncategorised/860-ricardomartineduccion

Larraitz Arretxea

Bloga

Ricardo Ugarte

Abendu
bukaera arte zabalik egongo da Ricardo Ugarteri eskainitako erakusketa.
Trintxerpeko Ciriza Etxean eta San Pedroko udal aretoan, bere ibilbide
artistikoaren zati bat aurkituko dugu, non, materia eta hutsaren arteko
elkarrizketa, eta itsasoa diren gai nagusiak. Tamaina ezberdinetako
eskulturek, obra grafikoak eta zenbait artelanen maketek osatzen dute
artistari eginiko omenaldi xume baina hunkigarri hau.

Erakusketaren
irekiera egunean Ricardo bera ezagutzeko aukera izan nuen. Presentzia
handiko gizona iruditu zitzaidan; heldutasunak ematen duen
zuhurtasunaren atzean, bere begirada biziak arreta deitu zidan. Berekin
bi hitz trukatu orduko ohartu nintzen bere adeitasunaz. Plazer eta
apaltasun handiz erantzun zituen erakusketara hurbildu ziren ikusleen
galdera zein eskaerak.

Zabalik
daraman denbora honetan adin eta baldintza guztietako pertsonak pasa
dira erakusketaz gozatzera. Baina bada bereziki interesatzen zaidan
pertsona mota bat. Atea zeharkatu orduko artean ezjakinak direla
komentatzen didaten horiek, alegia. Kontu handiz hurbiltzen dira
eskulturetara eta arretaz aztertzen dituzte beste mundu bateko objetuak
izango balira bezala. Baina badago eskultura bat gainontzekoetatik
bereizten dena: “Txalaparta”. Izenak aditzera ematen duen moduan, mailu
txiki batzuekin kolpatuz musika sortu daiteke eskultura honekin.
Beharbada horregatik, edo nahi gabe jolasarekin erlazionatzen dugulako,
ikusleak mailuarekin kolpatzen duen unean arteari izaten zaion beldur
moduko hori desagertaraztea lortzen du. Ideia eta aurreritzi guztien
gainetik, altzairuari lapurtzen dizkioten nota horiek benetako
gozamenaren isla dira.

Sara Etxebeste

Bloga

Arritokietako Baseliza eta Ospitalea

Irailean
Arritokieta eguna ospatzen da Zumaian eta hau aitzaki ezin hobea
iruditu zaigu udal artxiboan gordeta dagoen 1690 eta 1886 urte bitarteko
kontu-liburuko zenbait datu hona ekartzeko.

Kontu-liburu
hau Arritokietako baseliza eta ospitalari buruz kontserbatzen den
zaharrena da. Hau dela eta, bertako informazio zaharrena iruditu zaigu
aipagarriena. Oraingoan eraikin multzo hau zaintzeko eta kudeatzeko
ardura zuten bi karguetan jarri nahi izan dugu arreta: diruzaina eta
serora.

Diruzaina,
izenak dioen bezela, Arritokietako kontuak eraman eta diruaren
kudeaketaz arduratzen zen. Kontu-liburuan agertzen diren dokumentuei
esker, liburu hau baino lehenagoko zenbait diruzainen izenak jakin ahal
izan ditugu:

– 1633-1640: Jose Arbizu

– 1647-1649 eta 1652: Frantzisko Aldalur

– 1653-1660: Lazaro Etxabe

– 1686an eta 1690ean: Pedro Etxabe Etxazarreta

– 1687-1689 Nikolas Sarasua

Pedro
Etxaberen aurreko diruzainek egindako ez ordaintzeek arazoak sortu
zituzten, eta hain zuzen, arazo horien berri ematen duten dokumentuei
esker lortu dugu izenen zerrenda hau osatzea. Izan ere, diruzainak,
baselizak eta ospitaleak zituzten maileguak eta jasotzen zituzten
limosnak kudeatzeko ardura zuten. Hau horrela, bertako kontuak eramaten
zituztenak ziren, beharrezko ordainketak eta erosketak eginez.
Kontu-liburu honetan, Arritokietako urteroko kontuak jasotzen dira 1886.
urtera arte. Urteroko kontu hauek artzain-bisitetan berrikusten eta
onartzen ziren behin betiko. Elizako liburuak ikuskatzeko apezpikuak edo
artzapezpikuak egiten zituen bisitak ziren artzain-bisitak, eta orduan
geratzen zen agerian diruzainak elizbarrutiarekin urte horretan zuen
zorra, hau da, azken artzain-bisitatik Arritokietan egondako irabazien
zenbatekoa.

1692ko
artzain-bisitan, Pedro Etxabe diruzainak 43.799 maraiko zor zituela
zehazten da eta diru kopuru hau bi urteren buruan ordaintzeko agindua
ematen zaio, eskumiku mehatxupean. Baina kasu honetan, zor handi hau ez
zen Pedrok bere diruzain karguan zeraman denboran pilatutako zorra
bakarrik. Pedrok zor zuenari bere aurretik karguan egondakoek ordaindu
gabeko kopurua gehitu zitzaion, hain juxtu, Jose Arbizuk, Frantzisko
Aldalurrek, Lazaro Etxabek eta Nikolas Sarasuak zor zutena. Pedro
Etxabek guzti hauen zorra ordaindu zuen eskumikatua izan ez zedin, baina
Probintziako Korrejimenduan eginbide judizialak burutu zituen aurreko
diruzainen kontra. Garai haietan baselizak eta ospitaleak nola kudeatzen
zirenaren adibide ederra dugu hau.

Bestalde,
serora kargua dugu. Udal akta bati esker, 1584an Arritokietan hiru
serora zeudela dakigu, baina 1699ko uztailaren 25eko serora izendapenak
kargu bakarra aipatzen du. Egun horretan Josefa Altuna izendatzen da,
aurreko seroraren heriotzaren ondoren. Kargu hartzea jasotzen duen
dokumentua, urte horretan baselizak eta ospitaleak zituen ondasun
higigarrien isla da. Izan ere, serorari zegokion baselizak eta
ospitaleak zituen ondasun higigarrien zaintza. Hau dela eta,
izendapenarekin batera, ondasun guztiak banan-banan zehazten ziren.

Arritokietako berri jakin nahi duenak, beraz, badu aukera Zumaiako artxiboan!

Oihana Artetxe

Bloga

Kantauriko Arrantzale Aterpetxea

Getaria
Kantauri kostaldeko itsasontzi askoren babesleku nagusia izan da
denborale eta enbatetan. XX. mendearen hasieran ordea, eskaintzen zituen
azpiegiturak oso eskas geratzen ziren horrelakoetan jasotzen zuten
itsasgizon kopuruarentzat. 1902an portua handitzeko egitasmoa idatzi
zuen Jose Maria Aranbarri getariarrak, Elkano Arrantzaleen Kofradiak
bultzatuta. Portu berriaren helburua kabotaje-ontzientzat eta
arrantza-ontzientzat babesleku egokia izatea zen.

Helburu
horrek ordea, Getarian lehorreratzen ziren arrantzale eta itsasgizonak
artatzeko gune baten beharra sortzen zuen. Ordurako, euskal itsasgizonak
Kantauriko itsasgizonentzat aterpetxe baten beharra aldarrikatzen
hasiak ziren. Honi erantzuna eman nahirik, Kantauriko Arrantzale
Aterpetxea Getarian eraikitzeko erabakia hartu zen. Itsasgizonen babes
beharraz jakitun, Elkano Arrantzaleen Kofradiak proiektua gauzatzeko
batzorde bat osatu zuen eta 1918ko uztailaren 16an aurkeztu zuen.
Aterpetxea portuan kokatzea eta Kofradiaren egoitza, arrain salmentarako
gela eta itsasgizonentzako aterpetxea barne hartzea proposatzen zen
bertan.

Eraikina
1919an, Elkanoren mundu biraren IV. mendeurrena ospatzeko ekintzen
baitan, inauguratu zuten. Beheko solairuan salmenta gela, arrain
biltegia, ikatz eta gatz biltegiak eta itsasgizonentzat atseden gela
ezarri ziren. Azken hau beheko solairuaren erdigunean kokatu zen eta
itsasgizonak atseden hartzeko bankuak eta arropak lehortu ahal izateko
esekigailuak zituen, erdian kokatzen zen tximinia handiaren inguruan
antolatuta. Lehenengo pisuan, berriz, aterpetxearen arduradunaren gela,
Kofradiakoa bilera aretoa eta 200 pertsona baino gehiago jasotzeko lekua
zuen logela handia egokitu ziren. Bertan egur eta olanezko oheak eta
higiene zerbitzuak ezarri ziren. Azkenik, bigarren pisuan, beharrezko
guztia zuen erizaindegia prestatu zen: esku-ohea, ebakuntzetarako
mahaia, itsasoan zauritu eta gaixotuak artatzeko oheak…

Gaur
egun Getariako portuan egoera tamalgarrian ikus daitekeen eraikinak,
berebiziko garrantzia izan zuen Kantauri itsasoan arrantzan eta
merkataritzan ibili ziren itsasgizonentzat. Getarian babesleku ezin
hobea zutela jakiteak, ingurune arrotz batean lan egiteak zituen
arriskuak gozatzen lagunduko zien ziurrenik.

Oihana Artetxe

* Argazkia: Indalecio Ojanguren bilduma

Bloga

Othoi çato etchera

Othoi çato etchera: Le Dauphin itsasontziko euskarazko gutunak (1757)

Lamikiz, Xabier; Padilla Moyano, Manuel; Videgain, Xarles

Baiona: Lapurdum, 2016

Azken bolada honetan, Historia errelatoak garai bateko Disney ipuinen itxura hartu duten honetan, Lamikizek, Moyanok eta Videgainek elkarrekin egindako ikerketa lana itsas argia bezain distiratsu agertu zaigu lehorrean.

Historia antzeztea dugu modakoa. Antzezlana ez litzateke alferrik izango, antzezten denak errealitate historikoa erabat ezabatu eta ordezkatuko ez balu.

Antzezten den horrek hartzen du egiazko kutsua eta mito bihurtzen da: betikoa horrela zen, egun errekonstruitu edo antzezten dugun bezala. Historia ulertzeko modu horretan, gainera, interes partikularrak ezkutatzen dira. Horiek dira, hain zuzen ere, antzeztutakoaren edo berriz eraikitzen den objektuaren muga zehazten dutenak.

Horregatik, XVIII. mendeko eskutitz sorta honen inguruan aipatu hirukoteak egineko ikerketa, bikaina iruditzen zaigu. Mitoak birrintzea helburu ez zuen akaso izango, baina praktika historiko zuzena gauzatzeak halakoa dakar.

Euskararen eta euskaldunen inguruko mitoa da birrintzen den lehena. Orpustan, Goienetxe, Madariaga… hauek iragarritakoari segituz.

Halere, gure ikuspuntutik, kortsuzaleen bizibaldintzak eta motibazioak azaltzearekin batera agertzen den irudia da berritzaileena. Erromantizismoa, abentura, euskaldun sena… ezta arrastorik ere. Balentria haiek bizi irauteko saio bihurtuta, migrazio mota bihurtuta, euskaldunen historia, unibertsala bihurtzen da. Komuna esan nahi dugu. Gertakizun bitxiak burutu beharrean, antzezlan modukoak edo ohiko errekonstrukzio historiko gatz gabekoen modukoak, euskaldunek gertakizun historikoak burutu zituzten: testuinguru jakin batean, baldintza batzuren pean, orduko koordenada historikoen baitan…

Denok ditugu gure mitoak, noski. Adibidez, kortsu negozio hauei lotutako beste hirukote ospetsuarekin egin dugu topo, Pasaiako garapen ekonomikoarekin lotutako hirukotearekin, hain zuzen ere: Lalane, Laboa, Cabarrus familiekin.

Alegia, ez gaitu harritzen argitalpen honen lehen edizioa agortua izateak.

David Zapirain

Bloga

A Juan Antonio Bonachía Hernando, in memoriam

El pasado día 21 nos comunicaron la triste noticia del fallecimiento de Juan Antonio Bonachía Hernando. Catedrático de Historia Medieval en la Universidad de Valladolid y todo un referente en la historiografía, no podemos sino dejar de sentir su pérdida. Tuvimos la fortuna de conocerle, pero sobre todo de tratarle y de tener la gran ocasión de trabajar con él. Aunque no pudo formar parte del tribunal de nuestra tesis, vio el trabajo definitivo, y siempre recordaremos el apoyo y ánimos que nos dio tanto para ése como para otros trabajos. Con todo, lo que más echaremos en falta serán su personalidad y buen humor. Se ha ido un gran historiador y una mejor persona.

Nuestro más sincero pésame a la familia y a la comunidad investigadora, especialmente a la de Valladolid.

Goian bego. Descanse en paz.

Iago Irixoa

Bloga

Odieta pilotalekuak azpian gordetzen duena

Ekainaren
bukaeran Aitzuri pilotaleku berriak ateak zabaldu zituen Zumaian.
Denbora behar izan du proiektuak, baina jadanik errealitatea da herrian:
Zumaiak badu pilotaleku berria.

Inaugurazio
batek beste bat ekarri digu gogora. Hau dela eta, pilotaleku berriaren
itzalean Odieta zaharrera begira jarri gara oraingoan. Jatorrizko Odieta
pilotalekua 1856an eraiki zen, Foru Enparantzan zegoen pilota-jokoa
ordezkatzeko asmoz. Badirudi ordea, 1882rako pilotalekua ez zegoela
egoera onean eta berritzeko eskaerak jaso zituen garaiko udalbatzak.
Lanak atzeratu egin ziren, Paoleko bidea eraikitzen ari ziren garai
hartan eta diru premia zegoen. Azkenean, ia osorik eraberritzeko ezohiko
aurrekontua onartzea erabaki zen. Luis Aladren arkitektoari egin
zitzaion proiektuaren eskaera, Donostiako Kasinoko arkitektoa izan
zenari.

1888ko
uztailean hasi ziren Odieta eraberritzeko lanak. Eraikin berri bat
altxatzen den bakoitzean bada ohiko zeremonia bat, lehen harriarena hain
zuzen. Zeremonia honekin eraikuntzari hasiera ematen zaio eta
autoritateek egun edo garai horretako zerbait gordetzen duen kaxa bat
jartzen dute lurpean. 1888ko uztailaren 26ko udal-aktak lehen harria
ezartzeko zeremoniaren inguruko berri ematen du. Odieta pilotalekuaren
azpian zer gordetzen den jakin nahi duzue? Ziur baietz…

Udalbatza
osoaren adostasunarekin akta bat idatzi zen eta berunezko xafla batean
txertatu. Xafla hau pilotaleku berriaren lehen silarriaren azpian kokatu
zen. Honako hau da berunezko xaflan txertatutako aktan jartzen duena:

“En
la villa de Zumaya a, veintiseis de julio de mil ochocientos ochenta y
ocho, Don Eusebio Gurruchaga alcalde presidente, Don Lino Ostolaza
primer teniente alcalde, Don Manuel Aldaz segundo teniente, Don
Estanislao Echave primer regidor y Don Andrés Balenciaga síndico regidor
han presenciado la colocación del primer sillar del nuevo frentón que
se levanta en mismo local en que existió el construído en el año 1856 y
bajo cuya piedra queda depositada esta acta firmada por los presentes.
Además de estos han presenciado el acto Don Matías Artega maestro de
obras y los canteros Don Juan María Zequería, Don Pedro José Odriozola y
otros varios. De todo lo cual doy fe, yo, el infraescrito secretario.”

Akta
hau Eusebio Gurrutxagak, Lino Ostolazak, Manuel Aldazek, Estanislao
Etxabek, Andres Balentziagak eta Fenando Truebak sinatu zuten.

Honek
kuriositatea piztu digu…. Aitzuri pilotalekua eraikitzen hasi
zirenean egin ote zen lehen harriaren zeremonia? Eta horrela bada, zer
ote da bertan gorde zena?

Oihana Artetxe

*Irudia: Zumaiako Fototeka, Zuloaga eta Ortega y Gasset pilotan jokatzen

Bloga

Txistularien lana 1956ko Salbatore jaietan

Uztaila
aurrera doa eta gero eta gertuago ditugu Salbatore jaiak. Ez da lehen
aldia lerro hauetara gai hau ekartzen duguna. Artxiboan topatutako
dokumentu batek jarri digu amua oraingoan ere eta, jaien gertutasunari
erreparatuta, irenstea erabaki dugu.

Jaietan
eta festa giroan musika beti dago presente gurean. Egun berezi hauek
alaitzeko erantzukizuna izateaz gain, burutzen diren ekitaldiak
handitasunez janztekoak ere badituzte musikariek. Horien artean,
jaietan, danbolin-jole edo txistulariak protagonismo berezia izaten
dute. Izan ere, danbolina eta txistua ezin aproposagoak suertatzen dira
soinean hartu eta, kalez kale alde batetik bestera, herria girotzen
ibiltzeko.

1956ko
Salbatoretan eta Elkanoren jaian txistulariek egin beharreko lanak
jasotzen dituen dokumentua topatu dugu gure bilaketan. Hona hemen
txistularien egitarau hura.

Abuztuak 4, larunbata:

20:00tan Buruhandi eta Erraldoiak lagundu.

Abuztuak 5, igandea:

7:00tan Alborada

9:00tan herriko kaleetan zehar ohiko Biribilketa

Gauean, musika bandarekin batera, dantzaldia

Abuztuak 6, astelehena (Salbatore eguna):

7:30tan Diana eta Alborada

9:30tan herriko kaleetan zehar ohiko Biribilketa

9:45etan udaletxe aurrean Alkate soinua (jantzi tradizionalekin)

Meza Nagusiaren ondoren, herriko agintariei elizatik udaletxerako bidean lagunduz Alkate soinua.

Ondoren, udaletxearen aurrean, Agur Jaunak agintariak desfilatzen duten bitartean.

Arratsaldean, 21:00ak arte, musika bandarekin batera, dantzaldia

Abuztuak 7, asteartea:

8:00tan Diana eta herriko kaleetan zehar ohiko Biribilketa

Arratsaldean, 21:00ak arte, musika bandarekin batera, dantzaldia

Oihana Artetxe

Bloga

Balsa dantzatzeagatik zigortuak

Dantza beti egon da festari lotuta. Euskal Dantzen kasuan, baita ekitaldi ofizialei lotuta ere. Besteak beste, dantzak harremanak sortu eta estutzeko balio duela esan daiteke. Festa eta parranda giroan, ligatzeko aitzakia ederra ere izan ohi da.

Euskal Herrian euskal dantzak dira dantza tradizionalak. Garai batean dantza horiek ziren jaietan eta ekitaldi ofizialetan dantzatzen ziren doinu bakarrak. Ez zen besterik ezagutzen. Gaur egun, ordea, dantza horiek folklorearen parte bezala ikusten ditu jende gehienak; euskal kulturaren parte bai, baina egungo festa giroan protagonismoa galdu dutela eta gero eta urrunago sentitzen direla esan daiteke.

1891-1894 bitarteko Zumaiako udal akta liburuetan, plazako dantzaldietara doinu eta dantza berriak gehitzen hasi zirenean sortutako egoeraren berri ematen duten dokumentuak aurki ditzakegu. 1891. urtean jadanik, Zumaiako plazan egiten zen dantzaldian ez ziren euskal dantzak bakarrik dantzatzen. Atzerritik iritsitako doinuek tarteka protagonismoa hartzen zutela dirudi. Besteak beste, zumaiarrak, bals doinuak dantzatzen hasi ziren.

Aldaketak, ordea, beti izaten dira eztabaidagai; batzuentzat onargarriak eta beste batzuentzat onargaitzak. Antza denez, Zumaiako alkatetzari ez zitzaizkion onargarriak iruditu dantza berri hauek eta 1891ko abuztuaren 13an bando bat kaleratu zuen “prohibiendo el vals y otros bailes que no sean peculiaren y propios del pais, en las plazas y sitios públicos de este término municipal”. Orduan Tiburcio Beobide zen Zumaiako alkate; bera izan zen dantzaldietan atzerriko doinuak debekatzeko neurriaren sustatzaile nagusia. Dantza horiek Zumaiako izaerarekin ez zetozela bat eta ez zeudela herriko ohiturei egokituak argudiatu zuten.

Neurri berria betetzen ez bazen, debekatutako doinuak dantzatzen zituztenak isun batekin zigortuko zituztela erabaki zen. Horrela gertatu zitzaion herriko gazte talde bati, 1892ko urtarrilaren 6an herriko plazan bals doinuak dantzatzeagatik bakoitzari 5 pezetako isuna jarri zietenean. Isuna jaso zutenen artean Pedro Linazisoro zegoen. Honek, egoera berriarekin eta jarritako zigorrarekin ados ez zegoenez, Gobernadore Zibilaren aurrean errekurtsoa jartzea erabaki zuen.

Garai hartan Patricio Aguirre de Tejadak zuen kargu hori eta, antza denez, Zumaiako alkatetza ez zegoen honen sintonia politiko berean. Udalbatzarrak 1892ko maiatzean jaso zuen Gobernadore Zibilaren erantzuna, Pedro Linazisorori arrazoia emanez. Honen iritziz, Udalak ez zuen dantzen inguruko araudia egiteko eskumenik. Norbanakoaren askatasunaren kontrako neurri gisa ikusi zuen Gobernadore Zibilak, eta bere ikuspuntutik balsa zilegizko dantza zintzoa zela azaldu. Beraz, Zumaiako alkatetzak hartutako neurria legez kanpokoa izan zela adierazi eta ezarritako zigorra eta araua atzera botatzeko agindua eman zuen. Udalak Gobernadore Zibilaren eskaera onartu eta bete zuen, baina kontua ez zen hemen bukatu…

Hilabete gutxi batzuk besterik ez ziren igaro Udalbatzarrean Herriko Plazan dantzatzen ziren doinuen inguruko gaia berriro jorratu zenean. Abuztuaren 1ean Beobide Alkateak berriro jarri zuen gaia mahai gainean, oraingoan, dantza berri hauek moralitatearen eta ohitura onen lotsagarri eta iraingarri zirela argudiatuz. Hau horrela, Udalak bando berri bat kaleratzea onartu zuen, herriko plazan eta leku publikoetan emakume eta gizonezkoen artean helduta dantzatzea debekatuz, eta arau berriari muzin eginez gero isunak jarriko zirela adieraziz. Oraingo honetan, udal araudiak Diputazioaren babesa jaso zuen.

Arauak arau eta debekuak debeku, Zumaiako plazan balsa dantzatzen jarraitu zen. Horren adierazle da 1893an neska talde batek jaso zuen isuna. Horien artean Remigia Olaizola zegoen. Honek, Pedro Linazisorok egin zuen bezala, Gobernadore Zibilaren aurrean errekurtsoa jarri zuen. Oraingoan ordea, Gobernadorea Udalaren alde jarri eta errekurtsoa atzera bota zuen. Dirudienez, balsa dantzatzearen kontuak kutsu politikoa zuen atzean… Aurreko urtean ez bezela, Zumaiako Alkatetza Aguirre de Tejada Gobernadore Zibilaren politikara gerturatua zen eta sintonia onean zeuden.

Zumaiarrek ez zuten amore eman eta balsa dantzatzen jarraitzeaz gain, beren kexak ministeriora bideratu zituzten. Dantzen inguruko desadostasunak 1894ko otsaila arte iraun zuten. Urte horietan gainera, herriko gaia zena Probintzian ere eztabaidagai bihurtu zen. Garaiko prentsan izan zuen oihartzunari erreparatuz, gipuzkoarren artean zalaparta handia sortu zuen gai bat izan zela dirudi. Horren adibide dira urte horietako prentsan, gai honen inguruan, behin baino gehiagotan azaltzen diren idatzi eta iritziak.

Azkenean, ministroak debekuaren kontra egin zuen eta Zumaian balsa dantzatzea legezkoa bihurtu zen.

Oihana Artetxe

*Irudia: Thomas Wilson dantza maisuaren eskuliburuko irudia

Bloga

Villabona-Amasan automobilismo lasterketak XX. mende hasieran

Gaur egun automobilismo lasterketak ez zaizkigu arraro iruditzen, ez harrapatzen dituzten abiadurak ezta gu guztiontzat ezagunak diren protagonistak ere. Baina, duela 113 urte nolakoak ziren imajinatzen badugu? Eta gure herritik horrelako lasterketa bat pasatzeak ze eragin izan zitzakeen pentsatzen badugu?

Ba 1903ko maiatzaren 26an zoritxarra gertatu izan ez balitz, ondorengo hau jazoko zen: Europan, XX. mende hasieran hasi ziren kotxe lasterketak ospatzen. Garai hartan, automobilismoaren industriak garapen izugarriak lortu zituen, ehun zaldi baino gehiagoko makinak egiten hasi ziren, 130 kilometro orduko abiaduratik gora lortzen zituztenak. Zortzi urte lehenago, 1895ean, hau guztiz pentsaezina zen, non kotxeek 25 kilometro orduko abiadura aparta hartzen zuten. Lehenengo lasterketa hauek txirrindularitzakoen formatuak kopiatzen zituzten; bi puntuen arteko distantzia luzeak ziren, errepide irekian (ohizko trafikoarekin), eta etapa desberdinetan banatuak.

Honela antolatu zen Paris-Madril Europako lehen lasterketa handia, “heriotzaren lasterketa” izenez ezagutzen zena, eztabaidaz eta istripuz josita, eta ikusmin handia sortu zuena. 1.307 kilometroko Paris-Madrila hiru etapatan zatitu zen: 1903ko maiatzaren 24an París-Burdeos, maiatzaren 25an Burdeos-Gasteiz eta 26an Gasteiz-Madril. 1903ko maiatzaren 24an Versallesen, hasi zen lasterketaren lehenengo etapa 300 ibilgailu baino gehiagoko partaidetzarekin, eta ondorengo motako ibilgailuez eratua: 127 kotxe, 23 voiturettes eta 47 motozikleta. Lasterketa hau lehena eta azkena ere izan zen, Frantziako eta Espainiako Gobernuek suspenditu baitzuten. 99 ibilgailu besterik ez ziren Burdeoseko helmugara iritsi, bidean istripu ugari, atsekabea, zauritu asko eta zortzi hildako utziz, horien artean Marcel Renault, Renaulteko sortzaile izan zen Louis Renaulten anaia. Honela, lasterketa hauen arriskuaz jabetu ziren eta errepide irekiko motorreko ibilgailuen lehiaketen amaiera izan zen.

Baina Billabonako lasterketaren antolakuntzan ez zitzaion diruari aditu, herritik pasatuko zen lasterketaren berri ematen zuten bandoak inprimatu eta zabaldu ziren, ondorengo mezuarekin: “chimista bezela pasako diran automóvil izena duten eta, baforiaren bidez, neurririk gabe korritzen duten gurdi edo koche mota berriyakiñ”. Gobernu Zibiletik arretaz ibiltzeko hartu beharrezko neurriei buruzko idatziak jaso ziren, baita Espainiako Real Automóvil Clubeko gomendioak, hala nola; “que se enviaran a los hijos pequeños a la escuela donde deberán quedar bajo la vigilancia de sus maestros durante todo el tiempo que pasen los coches”. Idatzi guzti hauek Udaleko artxiboan gordetzen dira. Tamalez, lehenago esan dugun bezala, lasterketa bertan behera gelditu zen eta ezin izan zen horrelako ikuskizunaz gozatu Villabonako kaleak zeharkatzen.

Lasterketa honen aldi berean, Espainiako Real Automóvil Clubek, automobilismoaren zaletasun handia zuen Alfonso XIII.ren babesarekin, eta Frantziako Automóvil Clubarekin, jarraitzaile, zale eta turisten karabana bat antolatu zuten. Paristik lehenago atereaz Madrilera lasterketarekin batera iristea espero zuten, 13 etapetako ibilbide alternatibo bat hartuaz. Donostiatik Bilbora bidean istripu bat gertatu zen, Zarautzera heldu baino lehen kotxe batek zuhaitz baten kontra jo zuen, amildegian behera eroriaz eta ikusle bat kotxe azpian harrapatuz, honen ondorioz ikusleak bi hanken haustura izan zuen, baina ibilgailuaren barruan zeudenei ez zitzaien ezer gertatu. Karabana hau Villabona-Amasatik pasa zenaren ziurtasunik ez dugu hala ere.

Villabona-Amasako biztanleek honelako ikuskizun itzela gozatu ezin izan arren, zenbait urte beranduago, zehazki 1909ko eta 1910eko udetan, Donostian “Fiestas Automovilísticas” izenarekin ezagutzen ziren jaietan, Alfonso XIII.aren babesarekin, Billabona eta Irura artean “carrera del kilometro” edo “carrera del kilómetro lanzado” deritzon lehiaketak ospatu ziren. Leku hauetatik iragan zen: “Entre la casa de Isidro Enea y a la entrada del caserío Arre de Villabona, siendo todo el recorrido recto”(1). Zoritxarrez artxiboan ez da honi buruzko dokumenturik agertzen, baina garaiko egunkariei esker gertatutakoaren ezagutza daukagu, eta bi dira honen fede ematen dutenak. Lehena 1910. urtekoa, Alfonso XIII eta bere segizio guztia herrira etorri zenekoa, non Udalbatza osoak harrera egin zion. Eta bigarrena, 1909koa, gelditzen diren garai hartako argazkiei esker.

Honako hauek dira berriak:

La Correspondencia de España

Madrid.-Martes 28 de Septiembre de 1909

La carrera de automóviles del kilómetro, verificada en el llano de Irura á Villabona, ha resultado muy interesante, adjudicándose los diez primeros premios. La Copa de Guipúzcoa la ganó Rossel, haciendo el recorrido en veintiocho segundos. Sumado el tiempo con la carrera del sábado, se adjudicaron los siguientes premios: En velocidad, primera categoría: reloj de los Infantes doña Teresa y D. Femando, y mil pesetas del Automóvil Club Español, á la Hispano-Suiza, guiada por Demier. Segunda categoría: Copa del Infante don Carlos y mil pesetas; á la misma marca, guiado por Zaccarelli. Segundo: 250 pesetas y medalla de plata; á Vinius, de D. Juan Rodas. Tercera categoría: Copa de la Infanta Isabel y mil pesetas, á Picard Pictat, de Garnier. Segundo: 300 pesetas y medalla de plata; á Fiat, de D. Eduardo Olea. Cuarta categoría: Copas de SS. MM. el Rey y la Reina doña María Cristina, y mil pesetas; á Du Rosse, de Gasté. Segundo: 300 pesetas y medalla de plata; á Darínler, de D. F«aix Jaume. La «Gymkhana» se suspendi, y se verificará hoy lunes.

La Correspondencia de España

Madrid.-Martes 27 de Septiembre de 1910,

La Reina Cristina asistió también en automóvil á la carrera Irura-Villabona. Desde la tribuna donde estaban los señores Dato, ministro de Gracia y Justicia, otras personalidades y las autoridades, presenciaron los Reyes la prueba.

Durante éste se sirvió a los Reyes un lunch.

El Rey distribuyó premios a cinco camineros y un capataz de los que se han distinguido en el mejor cuidad de la carretera.

El alcalde de Villabona recibió a los Reyes y entregó á las Reinas preciosos ramos de flores.

El primer premio, consistente en la copa de Guipúzcoa para el automóvil que invirtiera menos tiempo en la carrera, lo ganó Natiile. La copa del Rey la ganó el marqués de Monteagudo Diaz Vice


Almudena Coronado

(1) http://www.diariovasco.com/pg060316/prensa/noticias/Tolosa/200603/16/DVA-SUB-253.html

Bloga

Plater bakarraren eguna

“Plater
bakarraren eguna”, horrela deitu zitzaion 1936ko Urriaren 30ean
Espainian dekretuz hartu zen neurria. Erabakia Gobernadore Zibilek
jakinarazi zieten lurraldeko Udalei eta Azaroaren 15ean jarri zen
martxan. Getarian Azaroaren 14ko udalbatzarrean jakinarazi zen. Baina,
zer zen “Plater bakarraren eguna”?

Gerra
Zibilean altxamendua burutu zuen bandoak ezarri zuen neurria izan zen.
“Plater bakarraren eguna” delakoa hilabeteko lehenengo eta hamabosgarren
egunean ospatzen zen. Egun horietan taberna, jatetxe, ostatu eta
hoteletan plater bakarra jateko eskaintza egiten zen menu oso baten
kostuan. Hau da, bezeroek lehenengo eta bigarren platerra eta postrea
jango balute bezala ordaintzen zuten, baina praktikan plater bakarra
jaten zuten. Eskaintzen zen platera zopa, haragia, arraina edo edozein
eltzekari izan zitekeen. Bezeroak horietariko bat hautatu behar zuen eta
postrearekin laguntzen zen.

Otordu
horietan lortzen zen etekina ongintzara bideratzen zen. Diru-bilketa
hurrengo hilabeteko bigarren egunean egiten zen, legea betetzeko agindua
zuten establezimenduetan eta etxe partikularretan. Ordaindu
beharrekoak, gutxienez, egun horretako irabazien %25a izan behar zuen
eta, gainera, otorduak ematen zituztenek egun bakoitzeko bezeroen
zerrenda osatzeko agindua zuten, inolako iruzurrik egon ez zedin.

Getariako
lehen “Plater bakarraren eguneko” diru-bilketa 180,75 pezetakoa izan
zen. Egun hori ordea, ez zen hilabetero bete. 1937ko urtarrilean
diru-bilketa hori egiteari utzi zitzaion, besteak beste, Udalak
Laredotik ihesean etorritako errefuxiatuak eta, portua itxirik mantendu
zen bitartean, herriko arrantzale pobreak laguntzeko diru-bilketa
berezia egin behar izanagatik. Otsailean eguna berriro martxan jarri eta
350 pezeta bildu zituzten. 1939ko ekainetik abendura bitartean berriro
etenda egon zen. Orduan, diru-bilketa egiteko ardura zuen herriko
Sección Femeninak ez zuelako eginbeharra bete. Udalbatzarrak, egoeraren
jabe, sei hilbeteengatik badaezpadako 460 pezetako ordainketa egitea
erabaki zuen. Izan ere, “Plater bakarraren eguna” ospatzeari muzin
eginez gero “Mugimenduaren” kontrakotzat hartu eta zerrenda beltzetan
sartzeko edo isuna jasotzeko arriskua zegoen.

Oihana Artetxe

*Irudia: “Plater bakarraren egunaren publizitate kartela (Iturria: http://www.elespanol.com)”

Bloga

Gaueko zaindariak

Galdurik dagoen lanbide baten inguruan jardungo dugu gaurkoan, sereno edo gauzainaren inguruan hain zuzen. Elektrizitaterik ez zegoenean, gauetan segurtasuna bermatu ahal izateko, kalea argiztatzen zuten argiontziak zaintzea beharrezkoa suertatzen zen. Apurka, ordea, gauetan argiztapena zaintzeaz gain beste behar batzuk sortu ziren. Farolariek serenoei bidea zabaldu zieten, postuaren aurrekariak izan zirela esan daiteke. Udal langile mota hau XVIII. mendean sortu zen.

Serenoak edo gauzainak gaueko aguazilak ziren. Horrela, gauean kaleak zelatatu eta araudia errespetatzen zela egiaztatu behar izaten zuten, baita argiteria zaindu ere. Espainian dokumentatuta dauden lehen serenoak 1715 urtekoak dira, baina 1834 urtera arte ez ziren hauen zereginak arautu eta legeztatu.

Zumaiako dokumentazioan 1866an agertzen zaizkigu lehen aldiz lanpostu honen inguruko berriak. Urte horretan sereno edo gauzain postuak ezartzeko dekretua ematen da. Lanpostu hau betetzen zuten pertsonen lehen izenak berriz, 1872an agertzen dira: Pedro Ibarra, Victor Trueba, Jose Labaniz eta Ligorio Urruzuno. Hauei gainera, iruzurgileak atzemateko eginkizuna eman zitzaien.

Udal artxiboan gordetzen diren espediente batzuei esker, postu hau lehiaketa publikora ateratzen zela egiaztatu dugu. 1954ean sereno izateko 25 eta 35 urte bitartean izan behar ziren; 1,60 zentimetro baino gehiago neurtu; idazten, irakurtzen eta aritmetikako lau eragiketak eta hauen buruketak egiten jakin; osasuntsu egon eta lana egin ahal izateko zailtasun fisiko eza; jokabide egokia eta Mugimendu Nazionalaren aldekoa; eta Udal araudiak eta zirkulazio kodearen ezagutza.

Espediente horiek erakusten duten bezela, hautagaiek eskatutakoa ziurtatu behar zuten eta horretarako jaiotza-agiria, portaera ona ziurtatzen zuen Alkatetzaren agiria, aurrekari penalak, osaun-ziurtagiria eta “Mugimenduari” atxikimendua erakusten zuen ziurtagiria aurkeztu behar zituzten. Dokumentazioa egiaztatu ondoren, onartutakoek azterketa bat burutzen zuten. Bi ariketa mota egin behar izaten zituzten, idatzizkoa (irakurketa, diktaketa eta aritmetika eragiketak) eta ahozkoa (kargurako ezagutzak eta araudiak betetzen zituztela frogatzeko).

Gaueko zaindari hauek buruan txapel gorria zutela uniformatuta eta pistolaz armatuta joaten ziren. Hasieran argiontzia ere eramaten zuten.

Zumaian ondorengo serenoak egon ziren:

1872tik aurrera: : Pedro Ibarra, Victor Trueba, Jose Labaniz eta Ligorio Urruzuno

1927tik aurrera: Pedro Treku (Udaletxeko gauzaina izan zen)

1931tik aurrera: Emiliano Lopez Areta

1932tik aurrera: Francisco Osa Uranga eta Francisco Egaña

1954tik aurrera: Antonio Pablos Bernardo

1961 arte: Manuel Pedrouso Vazquez

1962tik aurrera: Manuel Gallardo Fernandez

1963tik aurrera: Jose Luis Gonzalez Oiarzabal eta Manuel Albizu Idiakez

Oihana Artetxe

*Irudia: 1954ean sereno posturako lehiaketan egin beharreko aritmetika frogaren adibidea

Bloga

XIX. mendean Getaria eta Donostiaren arteko komunikazioa hobetzeko saiakera

Bideak: lurrean edo uretan puntu bat beste batekin lotzeko irudikatutako lerroak. Pertsonak ez ezik, produktuak eta ideiak eremu batetik bestera bidaiatzea ahalbidetzen duten elementu estrategikoak dira. Historikoki interes desberdinak asetzeko sortuak. Zainduak eta zelatatuak; beharren arabera itxi edo zabalduak.

Bideak eta komunikabideak herrien eta herrialdeen bilakaera eta garapena baldintzatu duten faktore garrantzitsuak izan dira, baita izaten jarraitu ere. Beharrezkoak dira merkataritza eta giza harremanetarako. Pentsa daitekeen bezala, merkantzia desberdinak garraiatzeaz gain, bideak pertsonak alde batetik bestera mugitzeko balio izan dute eta, haiekin batera, ideiak eta kultur eraginak zabaltzeko. Interes politiko eta militarretan ere funtzeskoak dira komunikabideak.

Ondo komunikatuta egoteak, herri edo eskualde baten aurrerapena ekar dezake. Komunikazio ezak, berriz, isolamendu gordina. Getariarrek ondo dakizue zer den erdi isolatuta geratzea. Kostaldeko errepidea ixten duten bakoitzean nahiko egoera desatsegina pairatzea egokitzen zaizue. Batek baino gehiagok, halakoetan, Getariatik Donostiarako edo Zumaiarako bidea errepidez egin baino, itsasontziz egitea azkarragoa dela pentsatu izan du ziurrenik. Horixe bera pentsatu zuten Getariarrek 1839an.

Herriak dituen berezitasun orografikoek itsas komunikaziorako egoki bihurtzen dute; lurreko komunikazioak ordea, beste kontu bat dira. Kostako errepidea eraiki baino lehen, Garate mendiko bidea erabili behar izaten zuten inguruko herriekin eta hiriburuarekin lurrez komunikatzeko. Hau horrela, Getariarrek ez zuten lurreko komunikazio erraza… itsasoz alde batetik bestera ibiltzea azkarragoa eta egokiagoa gertatuko zen ziurrenik.

1839ko uztailaren 22ko aktak aditzera ematen duenez, Getaria Donostiarekin komunikatzeko itsasontzi zerbitzu bat ezartzeko proposamena egin zuen Udalbatzak. Gobernadoreari Getaria hiriburuarekin lotzeko txalupa bat eskatu zitzaion, komunikazioa erraztu eta maiztasuna erregulatzeko helburuarekin. Eskaera bideratu zen eta Donostiako portu agintaritzarekin harremak hasi ziren, baina artxiboko dokumentuek ez dute datu gehiago eskaintzen. Beraz, artxiboa bakarrik kontsultatuz, ezin jakin azkenean zerbitzu hori martxan jartzea lortu zen edo ez. Agian, zuetariko norbaitek arbasoengandik izango zuen honen berri…


Oihana Artetxe

Bisita gidatuak Erakusketak Lugorri

Hormen artean dantzan

Haatik Dantza Konpainiak Hormek Diote ekimenaren helburuak jarraituz, Horma ezberdinetan egindako muraletan oinarritu eta bizikidetza ardatz izan duten bost sorkuntza aurkeztuko ditu. Dantza, kaleko arte bezela ere aldarrikatuz.

2015eko urte amaieratik oso izaera eta lengoaia ezberdineko hiru dantza-sortzaile elkartu ziren proiektu hau aurrera eramateko. Hauetako bakoitzak ikuspegi pertsonal batetik abiatuz gure gizarteak elkarbizitzeko dituen konplexutasun eta gabezietaz hausnartu eta konpainiako dantzarien bitartez agertzeko erronka izan du.

Guztira Pascal Gaignen musikarekin sortutako 5 koreografia labur izango dira. Horretaz gain, emanaldi bakoitzean proiektuaren beste sorkuntzen aurrerapen bat eskeiniko da ere.

Emanaldi bakoitzaren iraupena: 30 minutu.

Emanaldi eta sorkuntzak:

* Altza Ekainak 29, 19tan. “Drawing Sounds” Vitali Safronkine

* Intxaurrondo uztailak 7, 19tan. “Timeless Moments” Vitali Safronkine

* Trintxerpe, Uztailak 14, 19:30tan. “Korronteeri aurre eginez” Aiert Beobide

* Errenteria. Uztailak 24, 20tan. “70+1” Iker Arrue

* Urumea uztailak 29, 19tan. “Black Chain Link Fence” Iker Arrue

Haatik-eko dantzariak: Anne Jauregi, Irati Sorondo, Itziar Dohyarzabal, Nerea Ezenarro, Nagore Zabala, Iker Sanz, Iñigo Etxeberria eta Aiert Beobide.

Jantzi aholkularitza: Ramon Garcia

Haatikeko ekoizpen arduraduna: Iurre Aranburu


Haatik Dantza Konpainia