Bloga

Guztiz suntsituta

Tarte
honetan, orain pare bat urte, Getariako artxiboaren galerari buruz
aritu ginen. Hau Lehen Karlistaldiaren ondorioetako bat izan zen, baina
ez bakarra. XIX. mende hasierako gatazka horrek herria guztiz suntsitu
zuela esan dezakegu.

Getaria
gotorleku garrantzitsua izan da historian zehar. Bere orografiaren
berezitasunek eta kostan duen kokaguneak gune estrategiko bihurtzen
dute. Hori dela eta, gune militar izan da historian behin baino
gehiagotan. XIX. mendearen hasieran bi aldiz militarizatutako plaza izan
zen. Lehena Napoleondar Gerretan eta bigarrena Lehen Karlistaldian. Bi
kasuetan portuak berebiziko garrantzia izan zuen.

Napoleondar
Gerretan frantsesek okupatu zuten Getaria 1808ko martxoaren 5etik
1813ko uztailaren 1era. Egun horretan bertan portuko minak eztanda egin
zuten, Getariako defentsetan kalte handiak eraginez. Gainera, 1814an
tropa ingelesek San Anton mendiko gotorlekua suntsitu zuten.

Getariako
defentsak egoera horretan geratu arren, 1834ko azaroaren 1ean, Lehen
Karlistaldiaren testuinguruan, Getariako soldadu-taldea berrezarria izan
zen. Kasu honetan, Getaria liberalen gune izan zen eta gatazkaren lehen
lerroan egon zen. Egoeraz ideia bat izan dezazuen, 1835eko abenduaren
15ean Herrerieta errebalari su ematea agindu zuen Getariako Alkateak,
karlistak bertan indartu ez zitezen. 1836ko urtarrilean ordea, karlistak
Getarian sartu ziren herria guztiz suntsituz. Soldadu-talde liberalak
1838 arte irautea lortu zuen, tropa isabeldarrek Garate mendia hartu eta
Getariak jasaten zuen blokeoarekin bukatu zuten arte. Guzti honen
ondoren herria nola geratu zen imagina dezakegu…

1938ko
irailaren 11ean Udalbatzak batzorde bat sortu zuen Lehen Karlistaldiak
herrian utzitako kalteak zenbatzeko. Hilabete berdineko 20. eguneko
udalbatzarrean herriaren egoeraren berri eman zuen batzordeak. Karlisten
erasoak udal artxiboa, eskribautza, harresiaren barruko 104 etxe eta
landa eremuko 51 baserri suntsitu zituen. Hiribilduan 15 eraikin
bakarrik salbatu ziren eta horiek ez zuten bertan bizi ahal izateko
adina erosotasun eskaintzen.

Egoera
latz honen aurrean, Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundira laguntza eske
jotzea adostu zuen. Getariarrak herrira bueltatu zitezen eta herria
berreraikitzeko aukera izan zezaten, Getaria zerga eta arieletatik kanpo
uztea eskatu zioten. Hilabete beranduago Udalbatzak erantzuna jaso
zuen. Bertan, zergak eta arielak kentzeaz gain, egoera latzari benetan
aurre egin ahal izateko eta hiribildua guztiz berregin ahal izateko,
urteko 2000 erreal emango zitzaizkiela jakinarazten zen. Horri eta
herritar guztien lanari esker, Getaria errautsetatik birsortzen hasi
zen. Tamalez, ordea, Bigarren Karlistaldia iritsi zen XIX. mendearen
bigarren erdian.

Oihana Artetxe

Irudia: Euskomedia