
El
constitucional o sea, crónica ciéntifica, literaria y
política egunkariaren harpidedunek kronika hau irakurri zuten
1820ko uztailaren 31n: “Tolosa El dia 17 del mes próximo pasado
entre doce y una de la noche se introdugeron ladrones en la casa
mayorazgo de don Hipólito Luis Ozaeta y Berroeta, conjunta persona
de doña María Nicólasa de Loncada [Lekanda], los
cuales viven en la Plaza nueva de dicha villa. Ocurrió
que estando dentro aquellos, pasaron á la alcoba de doña María
Nicolasa, en la que se hallaba durmiendo. Fue
degollada, dejándola atrozmente la cabeza en un hilo, aumentándose
al horroroso atentado, haberla cosido á puñaladas y en una de sus
heridas del costado la dejaron el cuchillo dentro...”
Ankerkeria begi bistakoa da. Hildakoak 68 urte beteak zituen, lotan omen zegoen, defentsa gutxi egingo zuen. Sastakadetako bat hezurretaraino iritsi eta bertan iltzatua geratu zen aiztoa. Dela hil eta gero lepoa moztu zioten, dela hil eta gero sastakadaz josi zuten... Hura hiltzeko aukeratu zuten modua amorrua eta gorrotoa adierazten ditu.
Egunkarian Ozaeta-Berroeta – Lekanda senar-emazteen etxean sartu zirenak lapurrak zirela adierazten da. Alabaina, eraso mota honek ez du bat egiten hala XVIII. mendean zehar nola XIX. mendearen hasierako lapurren jokabidearekin. Alderantzizko jokamoldea da: odoltsua eta hiri gunean. Lapurreta gauzatzeko ez zen batere beharrezkoa haren logelan sartu eta etxeko andrea modu horretan akatzea. Gainera, argi eta garbi zehazten da Lekanda lotan zegoela; beraz, ez zituen lapurrak geldiarazten saiatu ere egin. Hauek gelan propio sartu ziren, hura hiltzeko asmoz.
Zeintzuk ziren ba “hauek”? Zein sartu zen Tolosako plaza berriko etxe horretan gaueko ordu txikitan? Eta nola?
El Constitucional-aren korrespontsalak hamabost egunen buruan ustezko hiltzaileak atxilotu zituztela argitzen du. Dozena bat lagun. Izan ere, utzitako arrastoak oso adierazgarria dira. Batetik, labana eta labana maisuki erabiltzeko gaitasuna; bestetik, etxeko ateak inork bortxatu gabe barrutik ireki dituzte. Atxilotutakoen artean 4 harakin; eta honen senide hildakoaren neskamerik kuttunena.
Tamalez, epaiketa biltzen duen auzia ez dugu topatu, soilik han-hemenkako aipuak, udal aktetan, ezer gehiago argitzen ez dutenak.
Eta hildakoa? Zein zen hildakoa? Esan bezala, gertatutakoa ez zen ohikoa. Hildakoa ere etzen nornahi. Izan ere, bikote hau Gipuzkoan bizi zirenen artean ondasun handienetako jabe omen zen. Are, 1801. urtean beste asalto baten biktimak izan ziren; hura, baina, “normalagotzat”jo dezakegu. Halere, 1801etik 1820 bitartean, gizarte zein politika giroa asko aldatu dira Probintzian. Ozaeta-Berroeta – Lekanda aldaketa horren baitan izan genituen.
Azalezko miaketa baten ondoren, abizen hauek auzibideetan oso ohikoak direla ikusi dugu. Gaiak ere ohikoak dira: etxe barrukoak, maiztertzak, erreklamazioak... Halere, horiekin batera oso bestelako datuak agertzen dira. Izan ere, bai Konbentzioneko Gerraren gastuak ordaintzeko bai eta Napoleonen Gerraren gastuak ordaintzeko ere, Gipuzkoako herriek euren ondazilegiak, euren herri-lurrak saldu behar izan zituzten. Hau da, gerrak ordaintzeko herritarrek ordaindu gabe erabiltzen zituzten lurrak saldu behar izan zituzten gipuzkoarrek. Saldu eta norbaitek erosi. Horrela, gerraren ondorietako bat dugu lurraren pribatizazioa, zertarako eta herritarrek pairatutako gerrek sortutako zorra kitatu ahal izateko. Ondare komun hori galtzeak jende xume askoren bizi baldintzak kaltetu zituen. Ikerketzeko dago txirotze prozesuan zenbat lagundu zuen herri lurren galerak. Bi modutara: modu zuzenean: herritar xumeek garoa, egurra, fruituak eta abar eskuratzeko eskubidea galtzen zuen (adibidez, etxea berotzeko aukera galtzen zuen). Bestetik, zeharka ere galtzen zuten: udalerrien lehentasuna eta obligazioa zorra kitatzea bihurtzen zelako. Ondorioz, baliabideak hori egiteko erabiltzen zituzten. Gutxiren onurako; gehiengoaren kalterako. Gonzalo Pontonek “la lucha por la desigualdad” deskribatu duen prozesua da.
Zer lotura du honek hilketa anker horrekin? Gerra eta hazienda lokalaren krisia: udal ondasunen eta propioen salmentak Gipuzkoan 1764-1814 lanean (1991) zera idatzi zuen: Hipolito Luis Ozaeta Berroeta izan zen, bada, ondasun eroslerik handiena. Bergarako Ozaeta oinetxeko belaunekoa, XIX mendearen hasieran Gipuzkoako landalur jaberik handienetakoa da. Bai bera bai Maria Nicolasa de Lecanda bere emaztea, maiz agertzen dira udal kontularitzako mailego inportanteen hartzekodune bezala; mailegu hauek, gerora, ia gehienak berreskuratu zituzten udal eta propioen ondasunetan, baina, bide batez, ondasun horien jabetasuna legitimizatzeko, hain eta hainbat auzi sartu behar izan zituzten udalen kontra. Hipolito Luis Ozaeta Berroeta eta Granadako dukea dira, 1810ean, probintziako landalur jaberik inportanteenak.
Otaeguik berak emandako datuean, Ozaeta-Berroetaren izenean egindako erosketen balioa 532.154 errealetakoa izan zen (Granadako Dukearen bikoitza baino gehiago eta bigarren eroslerik handiena, Martin Ibarzabal, baino 200.000 erreal gehiago. Probintziako %1,85 zuen Ozaetakoak.
Modu horretan, gainera, berdintasunaren aurkako mugimendua erabatekoa da. Hau da, gerra ondoko gastuak ez ezik, gerra hornitzeko mailegua egin zutenak dira orain herrien ondasunak pribatizatu eta merkaturizatu egiten dutenak. Tartean, noski, kargu publikoak izan ziren hautako gehienak (Ozaeta, esate baterako, Ahaldun Nagusiaren ondokoa 1788. urtean, besteak beste).
Egiari zor, erosketak ez zituzten soilik handikiek egin; aukera zuen guztiak gauzatu zituzten. Dena den, ezin ukatu Ozaeta-Berroeta – Lekanda senar-emazteek tratu onak egiteko zuten abilizia. Otaeguik berak jasotzen du Ezkion gertatutakoa. Han, 1812. urtean, 227.768 errealetan tasatu bi baserri 100.000tan eskuratu zituzten, adibidez. Argitu ezin izan dugun beste auzitan, Tolosako haragi-horniketan eta honen inguruko zorrak eta ordainketetan agertzen da gure bikotea...
Bada, 1766ko matxinadan patrizioak horrenbeste azaldatu zituen monstro basatia otzan xamar izan zen; gerra ondoko bidelapurrak bortitzak eta beldugarriak izan ziren. Hiru-urte liberalean horrelako ankerkeriaren atzean ez ote zegoen pobreziak, ondorioz, bortizkeriak, sortutako miseria. Lehen gerra karlista ate joka dago.
David Zapirain
- Log in to post comments