Bloga

Eusko Nekazarien Bazkuna

Nekazarien
eta euskal abertzaletasunaren arteko erlazioa asko ikertu gabeko gaia
den arren, ezin uka daiteke estu lotuta egon direla azken mende eta
erdian, Sabino Aranaren garaitik aurrera alegia. Dena den, XIX. mende
amaierako eta XX. mende hasierako euskal literatura eta arteak nekazal
mundua identitate nazionalaren elementu idiosinkrasiko modura sailkatuta
ere (arraza, hizkuntza eta euskal bertuteen zaindari), euskal
abertzaletasunak ez zuen nekazal programa bat izan XX. mendeko 30.
hamarkadara arte. Horren bultzatzaile nagusi izan zen Euzko Nekazarien
Bazkuna edo AsociaciĆ³n de Agricultores Vascos izenez ezagutzera eman zen
elkarte sindikala, gipuzkoar lurraldean 1933an sortua eta 1934tik
aurrera Getarian presente egon zela jasota dagoena udal artxiboan.

Euzko
Nekazarien Bazkuna katoliko, euskaldun eta solidario modura
autodefinitzen zen. Sortu zen unetik, helburu nagusia euskal nekazariak
baserriaren defentsarako batzea zen, jabetza berrietarako erraztasunak
emanaz, berrikuntza eta alokairu kontratuak babestuz eta erreforma
teknologiko zein higienikorako pizgarriak eskainiz. Horretarako,
kooperatiben eta kreditu zein mutua instituzioen sorkuntzak bultzatu
zituen, betiere, nekazaria gehiegizko fiskalitatetik babesteko asmotan.
Argi dago nekazal munduaren garapen ekonomikorako eta nekazarien bizi
kalitatea hobetzeko baliabideak eskaini zituztela, baina, zergatik?

Bigarren
errepublikaren hasieratik, masen politizazio eta gatazken
hazkundearekin, alderdi politikoen zati handi bat nekazalgoaren botoa
erakartzen saiatu zen, EAJ/PNV alderdiak E.N.B elkartearekin egin zuen
moduan. Aipaturiko alderdiak, elkarte honen bidez, abertzaletasuna
zabaldu eta alderdiaren gertukoak ez ziren sektoreengana gerturatzeko
maniobra egin zuen. Ezin da aipatu gabe utzi, gainerako espainiar
lurraldean gertatzen ez zen moduan, egungo Euskal Autonomi Erkidegoa
osatzen duten hiru lurraldeetan ez zela ezkerreko nekazal sindikaturik
existitzen, Euzko Nekazarien Bazkunari bidea libre utzi ziona.

Udal
aktetako aipamen bakarra 1934ko ekainaren 10ekoa da. Bertan, aipatutako
elkartearen idatzi bat aipatzen da, non aztergai dugun elkartea
udaletxeko nekazal komisioan sartzea komenigarria izango litzatekeela
aipatzeaz gain, udaletxeari ondorengo eskariak egin zizkion:

  • Hiltegiko araudiaren zuzenketa.
  • Nekazal haurtzandegiaren sorkuntza.
  • Bideen konponketa.
  • Egoera txarrean aurkitzen ziren baserrien konponketa egitera behartzea zegokien jabeei.
  • Nekazal produktu onenak saritzeko lehiaketak antolatzea.

Eskari hauek jendea erakarri ahal zuten? Nekazal botoaren gorakada eman zen? Udal artxiboko lanek ekarriko dute erantzuna.

Xabier Etxeberria

*Irudia:
Donostiako Lurdesko Andra Mariaren elizan (kaputxinoak) Euzko
Nekazarien Bazkunak eginiko topaketa 1935ean. Iturria: Kutxa Fototeka