Archives: <span>Timeline Express Announcements</span>

Arrate Rodriguez KMKn

Koldo Mitxelena Kulturunean zabalduko den Biblioteka eta jakintza erakusketaren kontestuan Arrate Rodriguezek liburutegiko kristaleran interbentzioa egin du.

Gerturatu ikustera!

Mikel Lasaren ‘Bidai kaierak’

Mikel Lasa Alegria olerkariaren Bidai kaierak erakusketa ikusgai egongo da Koldo Mitxelana Kulturuneko Ganbara aretoan martxoaren 4tik apirilaren 26ra. Bertan, publiko harreraren ardura izango dugu.

Azken 10 urtetan bizikletaz egin dituen ibilbideen aztarnak bildu dira, bere bidai fisiko eta intelektualak akuarela, pastel eta marrazkien bidez aurkeztuz. Gehienak formatu txikiko lanak dira eta hauekin batera, Eugenio Montale, Robert Frost, Ted Hughes, Seamus Heaney edo Fernando Pessoa bezalako poeta eta idazleen erretratuak erakutsiz.

Ordutegia
Asteartetik ostiralera: 16:00 – 20:00
Larunbatetan: 11:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00

‘Badu, bada’ Bilbon

Ereitenek AlhóndigaBilbaon otsailaren 24an zabaldu den ‘Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean‘ erakusketako giden formakuntzan eta gidoien egokitzapenean parte hartu du. Erakusketa hau San Telmo Museoan gauzatu zen 2012an eta orduan Ereiten dokumentazio lanetan aritu zen. Donostiatik Badu, bada Baionara eta Gasteizera ere joan zen, eta orain berriz, Bilbora iritsi berria da.

AlhóndigaBilbaon erakusketa otsailaren 24tik maiatzaren 4a bitartean egongo da zabalik. Sarrera eta bisita gidatuak doan izango dira.

Ordutegia
Asteartetik ostegunera: 11:00-20:00. Ostirala, larunbata, igande eta jaiegunetan: 11:00-21:00. Astelehenetan itxita.

Bisita gidatuak
Ikastetxeak, hizkuntza eskolak eta euskaltegiak: Otsailaren 25etik apirilaren 30era, asteartetik ostiralera: 10:00, 11:00, 12:00, 16:00 eta 17:00 / 60 min Euskaraz eta gaztelaniaz.
Jende guztiarentzat: Otsailaren 28tik maiatzaren 2ra. Ostiraletan. 18:00 euskaraz / 19:00 gaztelaniaz
Bisita gidatuen inguruko informazio gehiago Infopuntuan: AlhóndigaBilbaoko Kulturen Ataria. Telefonoa: 944 014 014

Blogean berrienak!

Gure blogaren jarduna handituz doa eta azken hilabetean egindako ekarpena primerakoa izan da! Historia istorioak sarrerarekin Oihana Leundak eta Paula Estevezek Donostiako Untzi Museoan ireki berri den erakusketaren edukietara gerturatu gaituzte. Amagoia Piak, beste behin ere, Villabonako artxiboan gordetako altxor txikien berri eman digu, inudeen inguruan topatutakoa aurkeztuz. David Zapirainek, ordea, Zumaiako hiribilduaren sorrerari erreparatu dio, Zumaiako udal artxiboko dokumentazioa abiapuntu hartuz.

Ea gustoko dituzuen!

Harrizko aurpegiak: mundu galdu bateko biografiak

San Telmo Museoak 133 hilarriz osatutako bilduma bat dauka eta horietako 28 biltegi batean jarri ditu ikusgai. Juan Carlos Morak (Ereiten) hilarri hauen azterketan parte hartu du eta horietako zortzi oroitarriren jabeen inguruko ikerketa burutu du, Donostia modernoko bizitza sozial, ekonomiko eta politikoaren hainbat datu plazaratuz.

Ikerketa honen emaitzarekin eta Harrizko aurpegiak: mundu galdu bateko biografiak izenburupean, San Telmo Museoak Miaka. Ikerketa-koadernoak bildumari hasera eman dio, bere bildumei buruzko ikerketa eta hedapen ekintzak abiatuz.

Honekin batera, ikerketaren aurkezpenerako Juan Carlos Morak urtarrilaren 30ean, 19:00etan, hitzaldi ireki bat eskainiko du, museoaren ekitaldi-aretoan.


Gipuzkoako itsasaldea artean

Ereitenek Donostiako Untzi Museoan ireki berri den Gipuzkoako itsasaldea artean erakusketan kolaboratzaile gisa lan egingo du.

Ekainaren 29a arte zabalik egongo den erakusketan honetan gipuzkoako kosta ikus daiteke hainbat olio pintura, akuarela, grabatu eta litografien hautatuen bidez.

Ordutegia:
– Asteartetik larunbatera: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
– Igande eta jaiegunetan: 11:00etatik 14:00etara.
Astelehenetan itxita.

Bisita gidatuak:
Asteartetik ostiralera: Taldeei zuzenduak eta erreserbarekin
Asteburuetan bisita gidatu irekiak:
– Larunbatetan, 17:00etan euskaraz eta 18:00etan gazteleraz
– Igandetan, 12:00etan euskaraz eta 13:00etan gazteleraz

Zenbait gogoeta (arte) sistemaren inguruan

Gaur 8, Peio Aguirreren Zenbait gogoeta (arte) sistemaren inguruan mintegia izango da Artelekun, urtarrilaren 16an eta 17an.

Artista Berrien Lehiaketari lotutako jarduera paralelo hau mintegi moldean garatuko da. Horren bidez, asmoa da artearen praxian inplikatutako edozein artista edo eragilerentzat funtsezkoak diren zenbait kontu aztertzea: buru-kontzientzia eta gogoetarako gaitasun kritikoa, sistemaren kontzientzia hartzea, profesionalizatzearen paradigmak, instituzioa, merkatua eta galeria sistema, kritikaren zeregina eta komisariotza zein komisarioak instituzio-arte horretxen partea dela onartu beharra. Arte ekoizpenak kapitalismoaren garapenaren era paraleloan eboluzionatu du, eta, beraz, «lan immaterial edo kognitiboa», «post-produkzioa», «bitartekaritza», «ikerketa» eta «globalizazioa» bezalako gaiak funtsezkoak gertatzen dira edozein arte praktika birpentsatu nahi denean.

Izen emateak Artelekuko webgunean.
http://www.arteleku.net/eu/reflexiones-sobre-el-sistema-del-arte 

Errenteria-Europa: harremanak XVI. mendean

Errenteriako Andre Mariaren Jasokundean gordetzen den Ama Birjinaren Koroatzea erretaulak historia bitxia du. Gipuzkoako ondarearen garrantzitsua izateaz gain, Europa osora zabaltzen ziren merkatal harremanen primerako isla da. Izan ere, Flandrian egindakoa dugu eta kondairaren arabera, Ingalaterratik ekarri zen. Artelan garrantzitsua izaki, azkeneko urteetan bere zaharberritzeari ekin zaio eta baita amaiera eman ere, dagokion lekura itzuliz. Lan honek, gainera, oso hipotesi zein ideia interesgarriak utzi dizkigu. Hau dela eta, ez da harritzekoa prozesu guztiaren nondik norakoa liburu batean argitara ematea.

Honela, erretaularen atzetik dagoen istorioa eta zaharberritzea aprobetxatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteriako Udalak datorren astean, hilaren 14-16ra bitartean, hiru hitzaldiz osatutako jardunaldiak antolatu dituzte Errenteriako udaletxean. Bakoitzak kontzeptu beraren alderdi ezberdinak jorratuko ditu: batetik, erretaularen zaharberritzearen nondik norakoa azalduko dute horren arduradun nagusi eta Albayalde enpresako buru diren Maite Barrio eta Ion Berasainek.

Ondasun hau ematen duena baino sakonagoa den arte-merkatu baten zati zen. Harrigarria gerta daiteke Gipuzkoara iritsi ziren eta gaur egun kontserbatzen diren atzerriko piezak. Horietako batzuk, Ingalaterran (eta bereziki Notthingham-en) burutzen ziren alabastrozko irudiak ditugu. Hauen inguruan hitz egingo du Xabier Martiarenak, Foru Aldundiko ondarearen errestauratzaileak.

Azkenik, erretaula gure artean egotea orduko nazioarte mailan ematen ziren merkataritza harremanen zati denez, testuinguru zabalago batean txertatzen da. Honela, Ereiten enpresako Iago Irixoak, Errenteria (eta, hedaduraz, Pasaiako badia) eta Ingalaterraren arteko harremanak aztergai izango ditu. Izan ere, XVI. mendean zehar oso hartueman sakona izan zuten.

EREITEN 18 (2015eko martxoa)

Dagoeneko martxoaren 8ra heldu gara, oharkabean, azken bi hilabete hauetan, urteotan jorratutako lanak hasi gara ixten.

Calcinor enpresaren historia, adibidez, bi urteko lanaren emaitza izan da. Erro familiarrak badituzte ere, ez da ohikoa gure inguruko enpresek haien historia biltzea eta argitaratzea. Harritzekoa da halako gabezia, historia, nortasuna, egindako bidea… enpresa baten sendotasuna baita. Calcinorrek hala egin du, eta oraingo honetan, gu gara harritu garenak.

400. Horiek bai urte andana. Gipuzkoako egitura politikoa orain dela 400 urte errotik eraldatu zen. Zegamari dagokionez, gurekin partitu nahi izan du urtebetetzea. Hasi gara horretan eta hala segituko dugu hurrengo hilabeteetan.

Azken urteotan behin eta berriz entzun dugu artxiboek leku falta dutela. Horretan laguntzeko xahuketa jarri dugu abian hainbat udaletxetan. Villabona, Getaria eta Olaberria dira jada horretan ari direnak.

Lagun zaharra da ere Kaderazar bandoleroa. Datu berriak topatzen ditugunean, ezin ditugu gorde.

Azkenik, luzaroko beste bi proiektuk ikusi dute argia aurten.

Bata, herri kulturaren inguruko erakusketa, Rockomikiak. Izugarria izan da honen inguruan sortutako giroa; lagun ezin hobeak gerturatu dira rocka, komikia, kultura, literatura,… aitzaki, gure askoren kultura ezkutukoa aldarrikatuz. Gainera, erakusketaren bertsio hobetua prestatu dute Oihanederren Lazarraga Elkarteko lagunek.

Bigarrena, Angulemako Cité de la Bande Dessinéera egindako bidaia, eta bertan eskaini diguten arreta. Altxor polita ekarri dugu handik.

Izan ere, Hannibali bezala, planak ondo ateratzea laket zaigu guri ere.

Zumaia: iraganaren jakintza, bertako udal artxiboaren bidez

Kultura hedatzerako garaian, informazio iturrien nondik norakoa plazaratzeak berebiziko eragina du. Hau da, datuak non gordetzen diren adieraztea eta horien balioa agerian uztea. Berdin erakunde handi zein xumeagoetan.

Honela, eta beste leku batzuetan jorratu bezala, Ereitenek herrietako iragana plazaratzeko beste hitzarmen bat adostu du; oraingoan Zumaiako Udalarekin. Inolako handiusterik gabe, helburua ez baita analisi sakonak edo bost duroko hitzez osatutako ikerkuntzak burutzea. Asmoa, hilean berri txiki bezain interesgarriak aditzera ematea da. Horretarako, bertako udal artxiboan gordetzen diren iturrietatik gertakariak berreskuratuko dira. Bai iragana plazaratzeko, baina baita herritarrek etxe ondoan dituzten funtsen garrantziaz jabetzeko.

Espaliú abarrak

Aurrekoetan bezala, Ereiten Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan inauguratu den ESPALIÚ-ABARRAK: akzioak eta ondarea Donostian (1992-1994) erakusketan publiko harreraren arduradun izango da.

Oraingoan abenduaren 17an hasi den erakusketan Pepe Espaliú (1955-1993) artista kordobarrari buruzko lana dugu. Bertan bere azken urteak gogora ekartzen dira, Donostian eman baitzituen. Gure hiriarekiko harremana 1989an hasi bazuen ere, 1992tik aurrera bere gorenaldia ezagutu zuen; Artelekun arte eta pentsamendu tailerreko zuzendaria izan zenetik aurrera, hain zuzen ere. Erakusketaren epe kronologikoa 1994an bukatzen da, hil baino lehenago Artelekuri dohaintzan eman zion liburutegi pertsonala hara iritsi zenean.

Bi data horiek ardatz hartuta, eta Artelekuko funtsetan gordetzen diren bere materialen bidez, Espaliú-ren irudia gogora ekarri nahi da. Ez da bere heriotzaren 20. urteurrenaren oroitzapen bat soilik, bere obrak dituen aukerak eta eragina plazaratzea baizik. Horregatik, 1992-1998 artean Espaliú-ren tailerrean The Carrying Society deritzon kolektiboak burutu zituen lanak hartuz, artista honen sakabanatutako memoria eta materialak berreskuratu nahi dira.

Erakusketa 2014ko urtarrilaren 25a arte zabalik egongo da, eta bere ordutegia honakoa da:

Asteartetik ostiralera: 16:00 – 20:00

Larunbatetan: 11:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00

Gipuzkoako Artista Berrien erakusketa

Gipuzkoako Artista Berrien erakusketa zabaldu berri da Koldo Mitxelena Kulturuneko Erakustaretoan. 44. lehiaketaren ondoren, Kutxaren babesa jasotzeari utzi dio ekimenak, eta oraingoan, bere osotasunean Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako honek, planteamendua aldatu du, bizi ditugun garai hauetara moldatuz. Aimar Arriolak komisariatutako erakusketa da emaitza; bertan, aurreko uztailean irekitako deialdira aurkeztutako lanen artean aukeratutako 7 artistenak erakusten dira.

Julen Agirre Egibar, Oier Iruretagoiena, Sahatsa Jauregi, Antonio Macarro, Daniel Mera, Mikel Otxoteko eta Ainize Sarasolak ia 3 hilabetez izango dituzte ikusgai haien piezak.

Guztien artean, bideo batez (XB / ADE, 2013, 2’28’’) eta instalazio batez (Goods. Ondasuna, 2013) eratzen den Sahatsa Jauregiren lana izan da saritua.

Erakusketa hau otsailaren 22ra arte egongo da zabalik; asteartetik ostiralera arratsaldez 16:00tik 20:00ra eta larunbatetan egun osoz 11:00tik 14:00ra eta 16:00tik 20:00ra.

Erakusketara sarrera zein jardueretan parte hartzea doakoa da eta interesa duen orori zabalik dago. Programazio hemen kontsulta daiteke.

Zerbitzu pedagogikoa Ereitenen kontu dago eta adin ezberdinetako ikusleei zuzendutako tailerrak prestatzen ari da, zeinak gure boletinean, KMKulturuneko Facebookean zein webgunean zintzilikatuko diren. Tailer hauen asmoa, ikuslegoa arte garaikidera gerturatu eta sormena lantzea da.

Ohiko programazioarekin jarraituko dugu bisita gidatuei dagokienez, aurrez erreserba eginez. Bestalde, esatea, nahi duzuenerako aretoan izango garela, esandako ordutegian, eskatzen duen orori azalpenak emateko gertu.

Zebra efektua

Koldo Mitxelenako Gasca Bilduman, Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren Zebra efektua komikiaren aurkezpenean parte hartzeko aukera paregabea izan genuen.

Lehenak gidoiaren ardura eta bigarrenak marrazkiarena, elkarlanean sortu duten bigarren komikia da. Ikastolen Elkarteak argitaratu eta Dani Fano buru duen Xabiroi aldizkariaren seigarren komiki bilduma da.

AEBetako New Orleansen kokatua, Zebra efektuak thriller-a eta kontakizun historikoa batzen ditu, likantropiaren bertsio propioa aurkeztuz: ilargi beteak azal kolorez aldatzen dituen pertsonaiak.

Aurkezpenaz haratago, komikia eta komikigintzari buruzko hainbat hausnarketa interesgarri plazaratu ziren. Harkaitz Canok komikia zinema perfektua dela eta komikirik ez duen herriak ez duela ez zineman, ez eta ikus-entzunezko ekosisteman erreferenterik izango baieztatu zuen. Iñaki Holdagok bere lanaren gehiena AEB eta estatu frantseserako egiten du eta Frantzian komikia eleberriaren mailan dagoela adierazi zuen. Dani Fanok bere aldetik, euskarazko komiki kulturarik ez dagoela esaten den arren, sortzen denean erantzuna badagoela azaldu zuen, badago komiki gose bat asetu behar dena.

“Badu, bada” Gasteizen

“Badu, bada”. Euskara mundu eleanitzean erakusketak ateak berriro zabaldu ditu Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean. San Telmo Museoan izan genuen iaz eta orduan, Ereiten dokumentatze lanetan aritu zen.

Erakusketa 2014ko urtarrilaren 11 arte egongo da ikusgai.

Ordutegia

Astelehenetik ostiralera: 10:00-14:00 eta 16:00-20:00

Larunbatetan: 10:00-14:00

Sarrera doakoa da. Ohiko bisita gidatuez gain (asteartetik ostiralera arratsaldez), ostegunero bisita gidatu bereziak egongo dira. Izena-emateko 945.18.19.44 telefonora deitu edo emailez ccultura@alava.net helbidean.

Emakume pasaitarren historia

Pasaiako Berdintasun Mahaiak antolatutako ikastaro eta jardueren testuinguruan Emakume pasaitarren historia ekimena antolatu da. Helburua Pasaiako emakumeen historia ezagutzea eta Pasaiak bizitako bilakaeran egindako ekarpena ezagutzea eta jasotzea da. Horretarako, pasaitar emakumeek beraien haurtzaro, hezkuntza edota gizartean izandako bizipenak plazaratzeko gunea eskainiko zaie grabatuko diren 4 jardunaldiren bitartez. Bertan Ereiteneko kolaboratzaile den Estibalitz Gonzalez historian doktoreak dinamizatzaile lana egingo du.

Urriaren 8an Antxoko Kultur etxean hasiera eman zitzaion eta ondoren gainontzeko barrutietara zabalduko da: urriaren 28an, Trintxerpeko Alkateordetzan, azaroaren 18an San Pedroko Udal Aretoan eta abenduaren 4an Donibanen.

Hausbero 1813-2013

1813-2013 ekimenaren testuinguruan Donostiako udalarentzat osatu dugun gazteentzako gida-didaktikoa argitaratu dugu, Hausbero. 200 urte atzerago Donostiak jasandako erasoaren ostean hiri berri baten eraikuntzari ekin zitzaion, askatzaileek txikitutako hiria hain zuzen ere. Argi-ilun ugari dituen gertakari historikoa izanda, gida honen bidez hezkuntza-komunitatean gaia landuz, honen inguruko ezagutza zabaltzea izan dugu helburu.