Zebra efektua
Koldo Mitxelenako Gasca Bilduman, Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren Zebra efektua komikiaren aurkezpenean parte hartzeko aukera paregabea izan genuen.
Lehenak gidoiaren ardura eta bigarrenak marrazkiarena, elkarlanean sortu duten bigarren komikia da. Ikastolen Elkarteak argitaratu eta Dani Fano buru duen Xabiroi aldizkariaren seigarren komiki bilduma da.
AEBetako New Orleansen kokatua, Zebra efektuak thriller-a eta kontakizun historikoa batzen ditu, likantropiaren bertsio propioa aurkeztuz: ilargi beteak azal kolorez aldatzen dituen pertsonaiak.
Aurkezpenaz haratago, komikia eta komikigintzari buruzko hainbat hausnarketa interesgarri plazaratu ziren. Harkaitz Canok komikia zinema perfektua dela eta komikirik ez duen herriak ez duela ez zineman, ez eta ikus-entzunezko ekosisteman erreferenterik izango baieztatu zuen. Iñaki Holdagok bere lanaren gehiena AEB eta estatu frantseserako egiten du eta Frantzian komikia eleberriaren mailan dagoela adierazi zuen. Dani Fanok bere aldetik, euskarazko komiki kulturarik ez dagoela esaten den arren, sortzen denean erantzuna badagoela azaldu zuen, badago komiki gose bat asetu behar dena.