Errenteria-Europa: harremanak XVI. mendean

Errenteriako Andre Mariaren Jasokundean gordetzen den Ama Birjinaren Koroatzea erretaulak historia bitxia du. Gipuzkoako ondarearen garrantzitsua izateaz gain, Europa osora zabaltzen ziren merkatal harremanen primerako isla da. Izan ere, Flandrian egindakoa dugu eta kondairaren arabera, Ingalaterratik ekarri zen. Artelan garrantzitsua izaki, azkeneko urteetan bere zaharberritzeari ekin zaio eta baita amaiera eman ere, dagokion lekura itzuliz. Lan honek, gainera, oso hipotesi zein ideia interesgarriak utzi dizkigu. Hau dela eta, ez da harritzekoa prozesu guztiaren nondik norakoa liburu batean argitara ematea.

Honela, erretaularen atzetik dagoen istorioa eta zaharberritzea aprobetxatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteriako Udalak datorren astean, hilaren 14-16ra bitartean, hiru hitzaldiz osatutako jardunaldiak antolatu dituzte Errenteriako udaletxean. Bakoitzak kontzeptu beraren alderdi ezberdinak jorratuko ditu: batetik, erretaularen zaharberritzearen nondik norakoa azalduko dute horren arduradun nagusi eta Albayalde enpresako buru diren Maite Barrio eta Ion Berasainek.

Ondasun hau ematen duena baino sakonagoa den arte-merkatu baten zati zen. Harrigarria gerta daiteke Gipuzkoara iritsi ziren eta gaur egun kontserbatzen diren atzerriko piezak. Horietako batzuk, Ingalaterran (eta bereziki Notthingham-en) burutzen ziren alabastrozko irudiak ditugu. Hauen inguruan hitz egingo du Xabier Martiarenak, Foru Aldundiko ondarearen errestauratzaileak.

Azkenik, erretaula gure artean egotea orduko nazioarte mailan ematen ziren merkataritza harremanen zati denez, testuinguru zabalago batean txertatzen da. Honela, Ereiten enpresako Iago Irixoak, Errenteria (eta, hedaduraz, Pasaiako badia) eta Ingalaterraren arteko harremanak aztergai izango ditu. Izan ere, XVI. mendean zehar oso hartueman sakona izan zuten.