EREITEN 18 (2015eko martxoa)

Dagoeneko martxoaren 8ra heldu gara, oharkabean, azken bi hilabete hauetan, urteotan jorratutako lanak hasi gara ixten.

Calcinor enpresaren historia, adibidez, bi urteko lanaren emaitza izan da. Erro familiarrak badituzte ere, ez da ohikoa gure inguruko enpresek haien historia biltzea eta argitaratzea. Harritzekoa da halako gabezia, historia, nortasuna, egindako bidea… enpresa baten sendotasuna baita. Calcinorrek hala egin du, eta oraingo honetan, gu gara harritu garenak.

400. Horiek bai urte andana. Gipuzkoako egitura politikoa orain dela 400 urte errotik eraldatu zen. Zegamari dagokionez, gurekin partitu nahi izan du urtebetetzea. Hasi gara horretan eta hala segituko dugu hurrengo hilabeteetan.

Azken urteotan behin eta berriz entzun dugu artxiboek leku falta dutela. Horretan laguntzeko xahuketa jarri dugu abian hainbat udaletxetan. Villabona, Getaria eta Olaberria dira jada horretan ari direnak.

Lagun zaharra da ere Kaderazar bandoleroa. Datu berriak topatzen ditugunean, ezin ditugu gorde.

Azkenik, luzaroko beste bi proiektuk ikusi dute argia aurten.

Bata, herri kulturaren inguruko erakusketa, Rockomikiak. Izugarria izan da honen inguruan sortutako giroa; lagun ezin hobeak gerturatu dira rocka, komikia, kultura, literatura,… aitzaki, gure askoren kultura ezkutukoa aldarrikatuz. Gainera, erakusketaren bertsio hobetua prestatu dute Oihanederren Lazarraga Elkarteko lagunek.

Bigarrena, Angulemako Cité de la Bande Dessinéera egindako bidaia, eta bertan eskaini diguten arreta. Altxor polita ekarri dugu handik.

Izan ere, Hannibali bezala, planak ondo ateratzea laket zaigu guri ere.