Artxiboak

XIX. mende amaierako eskolak Getarian

Irailarekin batera hasi dira eskoletarako joan etorriak, honek herri guztietan dakartzan aldaketa guztiekin, udako ohiturekin alderatuz betiere. Inork ez du zalantzan jartzen gaur egun haur edo gazte guztien eskolaratzearen, eta honek dakarren alfabetizazioaren, garrantzia. Baina ziurtatu daiteke hori ez dela horrela izan historian zehar. Udal artxiboak eskeintzen digun dokumentazioarekin, Getariako eskolen inguruko XIX. mende amaierako zenbait argitzapen egin daitezke.

Ezer zehaztu baino lehen, XIX. mende amaierako euskal eskolen azalpen batzuk ezinbestekoak dira garaiko errealitatea ulertzeko. Alde batetik, kontuan izan behar da espainiar estatuak gidatutako uniformizazio politikaren garaiaz ari garela, hezkuntza sistema zentralizatuaren ezarpenaren garaiaz alegia. Berrezarkuntzaren ezarpenetik aurrera eta foruak galdu ziren momentutik, euskal lurraldeek hezkuntzaren gainean zituzten eskumenak galduz joan ziren. Bestalde, eta aipaturiko foruen galerarekin, euskararen presentzia hezkuntzan ia guztiz galduko da, nahiz eta euskararen aldeko eskola planteamenduak agertzen joango diren, ekimen pribatuaren bidez noski.

Hezkuntzaren erregularizazioa Moyanoren legearen (1857) bitartez hasi zen garatzen espainiar estatuan, eta honen arabera, lehen mailako irakaskuntza udalerrien esku geratzen zen. Gauzak honela, udal artxibotik lehen mailako irakaskuntzaren informazioa atera daiteke. Udalbatzarretako aktek hiru eskola publiko zeudela islatzen dute:

  • Escuela pública de niñas de Guetaria: lehen aipamena 1874ko irailaren 20koa da.

  • Escuela pública de niños de Guetaria: lehen aipamena 1882ko martxoaren 19koa.

  • Escuela de niños de Askizu: lehen aipamena 1886ko urriaren 17koa.

Aipaturiko hauetaz gain, beste eskola pribatu bat ere existitzen omen zen:

  • Escuela habitación de Fermina Arizpe: lehen aipamena 1895eko urriaren 20koa.

1897. urtean 1300 biztanle zituen herri batentzako eskola kopuru hau ikusita, eskolaratze maila altua zeukala pentsa daiteke. Baina dokumentazioak hori gezurtatzen digu, 1883ko apirilaren 15eko udalbatzarreko aktan adierazten baita haurrak eskolaratzen zituzten gurasoak sarituak izango zirela. Ukaezina da sariak emateko beharra bazegoen, eskolaratzearen maila oso altua ez zela. Familia guztietan haurrak lan-esku garrantzitsua ziren garai honetan, sariak pizgarri modura erabili zitezkeela pentsa daiteke, gutxienez, haurrak eskoletan izena ematen hasteko.

Xabier Etxeberria Lasa

*Irudia: 1882 urteko Escuela pública de niños de Guetaria­-ko lokalaren planoa. Iturria: Getariako udal artxiboa