Bloga

Gobernu onerako autoak: gizartearen ohituretan murgilduz

Udal
aktek populazio gune bateko arduradun edo gobernuaren akordioak
islatzen dituzte. Askotan, hauek tokian tokiko edo unean uneko kezken
ondorioz sortutako erabaki eta akordioak dira. Baina hauez gain, udal
gobernuek bazituzten ohikoagoak ziren kezkak edo gaiak, maiztasun
handiagoz esku artean zituztenak, hamarkada edo mendeen poderioz
eguneroko bihurtu zirenak edo etengabeko kezka zekartenak.

XVII.
mende erdialdetik aurrera hainbat gertakari saihesteko edo halakoei
aurre egiteko neurriek formaltasuna hartu zuten: nolabaiteko bilduma
antolatu bat osatu zuten, inprimatu eta argitaratu arte. Dokumentu hauek
gobernu onerako auto izenez ezagunak ziren. Prozesu honetan guztian
erdibideko fase bat ere egon zen, unean uneko xedapenetatik txukun
bilduta egon arte. Hau udal aktetan argi dakusagu; izan ere,
udalbatzaren erabakiak biltzen dituzten liburuetan, horiek jendaurrean
jakinarazteko meza garaia baliatuz.

Oiartzunen
halakoak urteko lehenengo egunetan egiten ziren. Jarduna ekitearekin
batera, udalbatza berriak hainbat mandatu ematen zituen zenbait
jokamolde, jokabide, jarduera edo begi onez ikusten ez ziren ohitura edo
usadio debekatuz edo arautuz. Hori zen gobernu onerako autoen helburu
nagusia. Agintarien xedea elkarbizitza ona bermatzea zen, beti ere
garaiko gizarte katolikoaren baitan. Gehienetan izaera orokorra zuten.
Beste batzuetan, eta gureari dagokionez, Oiartzunekin zerikusia zuten
kontuak ziren, bailaran espreski gertatutakoei zegozkienak.

Artxiboan
gordetzen diren lehen akta-liburuetatik aurrera ikus daitezke. Honek
garaiko gizarteari buruz berebiziko informazioa ematen digu:
aspaldikoenek beren horretan bazirauten, aldaketarik izan zuten, xedapen
berriak sartu baziren… Errepikatzeak islatzen du debekuek oso eragin
mugatua zutela. Mendeen poderioz gauza batzuk ez direla aldatu ematen
du; gaur egunean pairatzen ditugun arazoen antzekoak edo aurrekari
moduan ikusi ditzakegu.

Armak eta kera deiak

Armak
soinean eramatearen debekuak ia lehenengo akta liburuan azaltzen
zaizkigu: 1658tik aurrera. Askotan su-armak izaten ziren helburu nagusia
(eskopetak, karabinak edota pistolak), baina txokolantzak,
pordoi-ziriak, daga luzeak, sastagai edo labanak ere aipatzen ziren.

Agidanez,
armak zorroetatik ateratzea arras arrunta zen, aitzakia edozein zelarik
ere. Baziren, halakoak jazotzea laguntzen zuten giroak, taberna eta
jokoari lotutakoak kasu. Horregatik, emakume-tabernari zein bentariei
iluntzean kartarik ez ematea agintzen zitzaien; neguan 20:00etatik eta
udan 21:30etik aurrera. Ez zen momentu bakarra: meza eta ofizio sakratu
garaian ere naipe eta pilotan jokatzea debekatua zegoen.

Jokoa
eta alkohola konbinazio latza ziren gertakari bortitzak emateko.
Horregatik, tabernari eta bentariei kera dei edo etxeratzeko aginduaren
ondoren pattarra edo ardoa eman edo saltzea debekatzen zitzaien,
erosleak bere etxerako bideratua ez bazuen. Era berean, dei horren
ondoren jendea apopilo hartzea debekatua zuten, eta 1688an apopilo
arlote, alfer edota ogibiderik ez zuen inor ez zuten hartuko. Arlote eta
eskaleei lan egitea agintzen zieten aginduak ere bazeuden (1694).

Eliza ingururako debekuak

Liskarrak
sortzea eta mokoka aritzea ez zen joko edo taberna kontua bakarrik.
Hala, kalean oihuka eta zalapartaka gauez aritzea debekatua zegoen, eta
Abemaria (iluntze garaia) eta eliz ofizio garaeitan danborjoleei
danborra jotzea debekatzen zitzaien. Are gehiago, eliza kanpoan zein
barruan, garaiko herri zein gizartearen espazio sakratuena zen horretan,
edota bere inguruetan ere, hilerrian kasu, zalaparta sortzea ohiko
kontua omen zen. Hori saihesteko hainbat xedapen eman ziren: hilerriari
dagokionez, bertatik jendea suilak edo saskiak buru gainean zituztela
igarotzea debekatu zen. Harrigarria gerta dakiguke, ordea, tenpluari
dagozkionak: elizan ezin zen ilea bilduta edo zarata handia ateratzen
zuten eskalapoin zapatekin ibili. Gizon eta emakumeak elkarrekin
esertzea ere etengabe debekatu zen: elizako koroazpian, bankuetan edo
hilerrira zihoazen eskaileretan ezin ziren bi generoak nahastu. Era
berean, elizako atea egunsentira arte ez zabaltzea adostu zen 1699an eta
1700an, gazteek hamaika kalte sortzen baitzituzten barrura sartzean.

Elizaren
errespetagarritasuna tenplua beraien bizimoduaren ardatz nagusitzat
zuten horien jokabideengatik hasten zen. Trentoko Kontzilioa ospatu eta
mende luze batera gurean, horren katolikoa zen euskal gizartean
elizgizonen portaera morala nahiko zalantzagarria zen. Oiartzunen
emandako xedapenak argiak dira. Gutxienez 1691 eta 1694 urteetan apaiz
eta gizon ezkonduen ohaideak Bailaratik atera daitezela agindu zen: “que
ninguna muger corruta amenzabada o que de mal exemplo con hombre
clérigo, casado o con otro de qualquiera estado, salga d’este valle
dentro de nube días con apercebimiento que se sacarán publicamente de
dicho balle”. Beste askotan bezala, araua ez zihoan gizonen aurka,
emakumeen aurka baizik.

Ordutegiak eta garbitasun-kontuak

Gaur
egun bitxikeria moduan ikus dezakegun kontuetako bat ordutegia da.
Ezkilen joaldiak ziren ordutegi eta gertakariren berri ematen zutenak.
Agintariek eguneroko bizitza arautzen zuen ordutegia ezarri zuten,
eguzki-argia ardatz zuena. Pazko Astearen arabera arautua zegoen: ordura
arte 20:00etan zen deia; ordutik aurrera, eguna luzatzen zela
profitatuz, 21:30ean. Ez zen beti horrela izan: 1696 urtean neguko
ordutegia 19:00ak arte zen eta udakoak 20:00etan zuen muga. Horrez gain,
bazegoen ordutegi berezirik: neska gazteei kera aginduaren ondoren
etxeratzeko agindua eman zitzaien behin edo behin (1699). Bereziena
morroi, soldatapeko gazteei edota nerabeei zuzendutakoa zen. Besteena
baino goiztiarragoa zen: 18:00etan eta 20:00etan (1686) edo 19:00etan
eta 20:00etan (1694). Talde hau arauen jo-puntu zen; besteak beste,
ezkondutako gizonek eta agureek gauez eta tabernetan mutilekin tratu edo
jokoan aritzea debekatu zuten; 1700 urtean zera agintzen zen: “que los
mozos que están a soldada y los que están debajo de la patria potestad
se recogan para la hora de la queda en el invierno y en berano como se
oseruaua antes (…) y que los hombres casados y ancianos de noche en
tauernas ni en otras partes no tomen conuersasión de juego ni otro con
los mozos ni de los que están a soldada”.

Era
berean, garbitasuna, osasuna eta txukuntasuna bilatzen zituzten
neurriak zeuden. Besteak beste, edateko ura hartzeko erabiltzen ziren
iturrien garbitasuna bermatu nahi zen, bereziki Elizaldekoa. Horregatik
arropa, liho, pitxar, galdara, suil, arrain, barazki edota haragia
garbitzea, edota gauzak botatzea debekatu zen; 1662an, adibidez, arraska
erabiltzea agindu zen.

Norberaren
baratzeetan herriko jendeak egiten zituen lapurretak saihesteko sendi
edo familia bakoitzak bere baratze propioa izatea agindu zen; antza
denez, merkeago, azkarrago edo erosoagoa zen besteen kontura jatea,
lurra erein eta zaintzea baino.

Iago Irixoa