
Aurreko batean meatzeen inguruan jardun gara, Oiartzun inguruetako ezaugarririk nabarmenetako bat, baina aldi berean dokumentazio historikoaren aldetik ezezagunenetako bat, jorratuz. Ez dira, ordea, Bailarak aurreko garaietan zituen gauza azpimarragarri bakarrak; oihanak ere, hor zeuden.
Basoa aspalditik izan da aberastasun iturri: jatekoa lortzeko, behar ezberdinetarako materialak eskuratzeko, lanbide ezberdinen jardunleku… Lurralde zabal nahiz txikiko herrietan, ohiko baliabide-meatze bihurtu zen. Toki guztietan, baina, ez zuen garrantzia bera izan. Lekuan lekuko eta unean uneko gizartearen behar eta garapenaren arabera, oihanaren erabilerak eta ustiaketak maila ezberdinak ezagutu zituen. Oiartzun bezalako tokietan, burdinola kopuru handi batekin, basoak eskaintzen zituen produktuekiko eskaera agerikoa zen, bereziki ikatza egiteko edo arragoetarako egurra lortze aldera. Baziren, halaber, oihanean beraien premiei erantzuteko gaiak topatu zituzten beste jarduera batzuk; ontzigintza, eraikuntza eta abeltzaintzak ere basoa oinarrizko helduleku izan zuten. Modu honetan, eta baliabide-iturri preziatu bihurtuta, aurreko hamarkada eta mendeetako gizartea, inguru horretara estuki lotuta ageri zaigu.
Anitz jende eta ogibideren lan-esparru zen heinean, halako eremu batek presio nabarmena jasan zuen, arautua zein arautu gabekoa. Esku hartze horiek hamaika ekintzatan gorpuztu ziren, legez kanpoko zuhaitz mozketak edota gehiegizko lepatzeak, besteak beste. Egoera hau dela eta, ez zen bat ere ezohikoa suteak sortzea, naturalak zein gizakiak sortutakoak, nahigabe edo propio eragindakoak. Horregatik, eta bereziki azken asteotan Galizan zein Portugalen jazotako egoera lazkarrien ondotik eskuratu duen gaurkotasunaren ildotik, aurreko mendeetan gaiaren inguruan iritsi zaigun informazioari buruz galdetu diogu geure buruari.
1.- Etengabeko ardura
Gizakiari dagokionez, suteak suaren beraren erabilera hasi zenetik sortutako gertakariak dira. Modu honetan, aktetan topatzen ditugun lehen datuak ez ditugu beraien hastapen moduan hartu behar. Are gehiago, beste leku batzuetako dokumentazioak ere Oiartzunen edo oiartzuarren eta suteen arteko loturak islatzen ditu. Errenteriako udal aktek, adibidez, bere mendietan Bailarako hainbat auzok sortutako erreketen berri ematen digute, hala nola 1611n Migel Bidarte ikazkinak sortutakoa, Frantzisko Arpidek 1647an burututakoa edo beranduago, 1691 eta 1705ean, eragindakoak.
Oiartzungo udalbatzaren erregistroei dagokienez, erreketen berriak ugariak dira. Alde batetik etxeek, elizak edo bestelako eraikinek pairatutakoak ditugu: Añarbe etxea 1658an, Igartza, Azkue eta Maritxonea etxeak 1697an edo elizako koruan 1707an gertatutakoak kasu (A-1-1-1, 47 au.-48 au.; A-1-13-2, 188 au.-192 au.).
Ondorengo lerroetan begirada mendietan jarriko dugu, baina sute-arriskuaren egunerokotasuna ikusteko, hiri-munduko adibide bat eman nahi genuke, 1707ko abenduan udalbatzak emandako mandatu bat, hain zuzen ere. Orduz geroztik udaletxeko geletan lasto, ale, gari, egur eta bestelako trasteak sartzea debekatzeaz gain, une hartan zeudenak kentzeko agindua eman zen (A-1-13-2, 194 au.-194at.). Honek, etxeetan suak hartzeko arriskua zuten hamaika gauza pilatzen zirela adierazten du. Ez da harritzekoa, beraz, udal-agintarien ardurak etengabeak izatea eta halakoak gertatzen zirenean hainbat pauso finkatuta egotea; izan ere, edozein unetan garrek beraienak eta bi egin zitzaketen.
Beste hainbat gertakarirekin lez, ezkilak edo kanpaiak ziren suaren berri emateko tresnak, 1678, 1683 eta 1691n dakusagun moduan (A-1-3-2, 56 au-at.; A-1-5-1, 62 au.; A-1-7-1, 38 au.-39 at.). Horiek aditu orduko jendea elkartzen zen, sutea zegoen lekura joanez. Komunitateko partaideek betebehar hori barneratuta zuten eta era berean, udalbatzak, ardura horretan zebiltzanei askaria eta freskagarria emateko obligazioa zuen.
Suteen kontua aintzat hartzeko gaia zen heinean, hamaika lekutako udal-ordenantzek haien aurka egiteko neurriak bildu zituzten; hedatuena, ezbairik gabe, garrak amatatzeko gai moduan sagardoa eta ardoa erabiltzean zetzan, gure begietara harridura sortu badezake ere. Horrez gain, Oiartzungo kasuan Elizaldeko iturria funtzio horretara bideratu zen; are gehiago, 1695an beste inolako erabilerarik ez izatea adostu zen (A-1-8-3, 101 au.-at.). Dena den, bere erabilera erabilera auzunean gertatutako suteen aurka bideratuta egongo zen, hau da, gertu ematen ziren horietara.
Aktek mendietan jazotako suteei buruz dakarten lehenengo datua 1665ekoa da. Orduko apirileko idatzi batek Borrokazelaieta edo Borroagazelaieta eremuan izandakoaren berri ematen digu, bertako herri-larreetan jazotakoa. Agidanez sutea ezin izan zen segituan itzali; aitzitik, azkar asko hedatu zen. Eremu zabal bati kalte egin zion, eta besteak beste, ametz ugari erre zituen (A-1-1-2, 21 au.-22 at., 6. foliazioa).
“con gran trabajo se apagó (…) se a quemado partida de amezes”
1686an Iturrola eta Zumalikarreta artean eta Fagolako sarobean gertatu ziren bi suteek informazio zehatzagoa dakarte. Lehenengoan hirurogeita hamar zuhaitz-lepatu eta hamasei ipinabartu erre ziren; bigarrenean, berriz, hamazazpi lepatu (A-1-5-2, 41 au.-at.). Urte batzuk berandugo Beotegin gertatutako sutean, aldiz, lepatu eta enborrei dagokienez, hogei ez beste guztiak kiskalita gelditu ziren, kalteak 180 errealetan baloratuz. Erretako lursailak aldiz, bi golde edo uztaldiko tamaina zuen, 0’62 bat hektaera gutxi gorabehera (A-1-9-2, 213 au.-at.) (1).
2.- Errudunak eta zigorrak
Suteen aurrean, eta kalteak balioztatu eta erantzuleak topatzeko asmoz, udal-gobernuek beraien taktikak abian jarri zituzten. Horretarako, justiziak frogaketak egin eta lekukotzak hartzeko ardura zuen. Aipatu dugun 1686ko bi suteei buruzko informazioa hartzeko, inguruetako auzoak atxilotzea adostu zen (“se haga cautura de todos los circunbecinos de los parajes arriua dichos”); 1693an, berriz, susmagarri zirenak deitu eta atxilotzea erabaki zen (“llamar y prender a los indiçiados”).
Ikazkinak ziren horrelako jazoerak sortzen zituztenetako batzuk: txondorra egin eta hau zaintzen zuten bitartean, txinparta batek inguruan jo zezakeen, suari bidea irekiz. Baina beraiek ez ziren erantzule bakarrak; abeltzainen jardunak ere ondorio horiek ekarri zituen. Horren lekuko dugu Hamabiaritzetan eta Beobieta artean Sebastian Oiartzabal eta Martin Bengoetxeari 1697 urte erdialdean gertatu zitzaiena. Agidanez, biek, beraien 12-13 urteko morroi Joanes Bengoetxea lagun zutela, otadi zati txiki bati su eman zioten, azienda xehearentzako bazka sortzeko asmoz: “con prestesto de que huuiese un poco de pasto para el ganado menudo (…) dieron fuego a un poco de argomal”. Egindakoak, ordea, esku artetik ihes egin zien, suak ustekabean indar gehiago hartu eta beheranzko bidea hartu baitzuen. Itzaltzeko saiakerak antzuak suertatu zirenez, hainbat kalte eragin zituzten (A-1-9-2, 187 au.-at.).
Beharginek izan zezaketen arduraz gain, suteen kontua gaur egun hainbat eta hainbatetan susmoa hartzen diegun kontzientzia txarreko jendearen ekimenak ziruditen, giroa lagun zutela sortutakoak gainera. Arbide eta Oiartzabal inguruetan nahita piztutako suteak hori islatzen du, hegoaizea zebilela piztu baitzen: “alguna persona de mala conciencia auía dado fuego y yncendió a la juridizión d’este valle junto Arbide y Oyarzabal, que con la violençia y rigor de los vientos solanos peligrauan los montes y casas…”.
1705eko otsailean egin zen galdeketan berriz, egilearen nondik-norakoak ez daude oso argi, baina Pedro Altamira 29 urteko ikazkin oiartzuarraren esanek nahita eragindako gertakari baten aurrean gaudela aditzera ematen dute. Hark zioenez, lanean zebilen lekutik “hiruzpalau moskete tirora”, kapusaia soinean zeraman gizon ezezagun bat inguruari su ematen ikusi zuen. Altamiraren erreakzioa tipo horri garrasi egitea izan zen, kargu hartuz eta haren aurkako biraoak botaz: “vio a vn onbre con ropa de capussay y que estaua encendiendo fuego y le gritó al tal ombre maldiciéndole, pero no conoció al sugeto” (A-1-12-2, 44 au.-46 at.).
Sutea sortzeko zergatiak zergati eta interesak interes, erantzulea topatzea ez zen beti samurra izaten; hainbat adibide dira horren lekuko. 1691ko otsailean Arbide eta Oiartzabal arteko sutean edo 1693 uztailean Barkardaztegi errotatik gora sortutakoan, hori lortzeko zailtasunak agerian geratzen dira (A-1-7-1, 38 au.-39 at.; A-1-8-1, 140 au.-141 au.). Adibiderik azpimarragarriena, ordea, Iturrola ondoko mendietan gertatutakoari eta bertan kiskali ziren haritzei buruz 1705eko galdeketa dugu. Hori ikertzeko hartu ziren 25 lekukoetatik seik bakarrik eman zuten nolabaiteko informazioa, laurdenak baino gutxiagok alegia, baina hobendunari dagokionez, datuak askoz urriagoak izan ziren.
Errudunei hainbat zigor mota ezarri zitzaizkien: axolagabekeria hutsez jokatzen zutenei, Jose eta Juan Perez Isasa ikazkinei Txaradin gertatu bezala, isun batez gain haritz-mintegi bat egiteko ardura ezarri zitzaien 1687an (A-1-5-3, 56 au.-57 au.). Bederatzi urte beranduago, 1696an, egoerak okerrerantz egin zuela ematen du. Orduko maiatzaren 19an hartutako erabakien artean, adierazgarri baino adierazgarriago bat hartu zen: uda-mendiei su emango zion pertsona orori heriotz-zigorra ezarriko zitzaion, erreinuko legeetan adostutakoa jarraituz (A-1-9-1, 112 au.-114 at.).
“…ninguna persona sea osado de dar fuego a los
montes y jurisdiciones de este Valle, pena de que el que se probare, se
le dará la pena capital de muerte…”
Azkenik, garrantzitsua deritzogu beste kontu bat aipatzea: erretako egurra edo sutearen ondoren kalterik gabe geratzen zen zura aprobetxatzen zen. 1687an Txaradin erre ziren ikatz-egur zamak, adibidez, enkantean atera ziren (A-1-6-1, 106 au.-107 au.; eta A-1-6-2, 111 au.-at.). Honek, ezbehar baten ondotik sortutakoek ere nolabaiteko erabilera zutela erakusten du. Eta hori da, basoaren kasuan, aurreko gizartearekiko desberdintzen gaituena. Salbuespenak salbuespen, beraien bizitzan gertu eta eskura zituzten oihan, zuhaitz eta bertako fruitu eta animaliek gurean baino protagonismo zuzenagoa zuten.
Iago Irixoa
(1) Garaiko neurriei dagokienez, ikus CARRIÓN ARREGUI, I. M.ª: “Los antiguos pesos y medidas guipuzcoanos”. In: Vasconia, 24 (1996), 59-79 orr., bereziki 64 orr. eta 24 oin-oharra.
- Log in to post comments