Category: <span>Bloga</span>

Bloga

Duela mende erdiko Salbatore jai haiek…(1)

Ederki
gogoratzen ditut jai egun haiek, hura zen hura festa giroa gure
lagunartekoa. Salbatore jaietan ohitura zen bezela herriko kale eta
balkoiak gogoz apainduak agertzen ziren nolanahiko egunak ez zirela
jakinaraziz.

Jaiei
abuztuaren 5eko arratsaldean eman zitzaien hasiera eta ondoren gaueko
ordu batak arte luzatu zen dantzaldia. Ziur bat baino gehiago ederki
luzatu zela festen lehenengo egunean.

Jaietako
egun handia Salbatore Deun eguna izan ohi da, urte horretan ere horrela
suertatu zen. Abuztuaren 6ari goizeko zazpiretako txistulari dianak
eman zion hasiera. Getariako kaletan zehar entzuten zen txistu eta
danbolin hotsek zenbaiten lo goxoa aztoratuko zuen seguruenik. Baina
herriko jaietan nor gelditzen da oheko izara goxoen artean? Ez al dira
kaleko soinuak erakargarriago suertatzen? Beraz, dianari kasu egin eta
bederatzietako kalejirarekin bat egitea onena! Gorputza dantzan esnatu
ondoren, herriko zaindariaren omenezko meza nagusia eta agintarien
mokadua ezin ziren falta gaurko egunez. Goiza borobildu eta gosea
pizteko berriz 12:30tako dantzaldia. Bazkalostean eta indarberrituta
eskupilota partiduaz gozatzeko aukera izan genuen, baina ezin pilotarien
izenak gogoratu… Festa giroan jarraitu eta zein izan ziren ahaztu
zitzaigun eta! Izan ere, zazpiretatik bederatzietara jo eta ke ibili
ginen jazbanak jotzen zituen piezak dantzatuz. Hori da hori sasoia! Su
artifizialen ikuskizunak eman zigun tregua ondo baino hobeto etorri
zitzaigun arnasa berreskuratu eta berriro dantzaldira bueltatzeko.

Abuztuaren
7a, egun handiaren ondorena… gorputza jadanik ez zegoen lehen egunean
bezain fresko, baina goizeko diana hotsa entzun bezain azkar egin genuen
ohetik salto. Salbatore jaiak urtean behin izaten dira eta!
Konturatzerako erraldoi eta buruhandiekin batera ginen kalejiran.
Gainera, bazkalordua baino lehen txontxongilo ikuskizun ederraz
gozatzeko eta dantzaldian zangoak astintzeko aukera izan genuen. Trago
eta mokadu batzuk ere hartu genituen lagunartean; ezin jaiak lagunik
gabe ulertu. Egun hauetako gorabeherek urte osoko kontakizunak bete izan
ohi dituzte gure koadrilan! Elkartean bapo asetu ginen bigarren egunez…
Kontu kontari eta kantuan amaitu genuen bazkaria eta itsas-jokoetaz
gozatzera irten ginen kalera. Berriro ere eguna jazbanaren doinuak
dantzatzen joan zitzaigun, nahiz eta bat edo bestek konpainia topatu
zuen gaua goxotasunean amaitzeko.

Konturatzerako
abuztuaren 8a iritsi zen, jaien azken eguna. Urte osoa Salbatore jaiak
noiz iritsiko zain eta bazihoazen… Eguna aprobetxatu beharko! Diana…
txistu eta danbolin hotsek ez gintuzten egun horretan ohetik hain azkar
altsatu, ordu erdi beranduago izan arren. Hamabietako euskal dantzetara
azaltzea lortu genuen, esnatzen eta indarberritzen lagundu zigun gosari
oparoaren ostean. Ondorengo kontzertua entzuteko gogorik ez eta nahiago
izan genuen indarrak arratsaldeko erromeriarako gorde. Fandango eta
arin-arin doinuek altsarazi gintuzten eta gaueko jazbanak bere azken
notak jo zituen arte ez genuen treguarik izan. Azken jai eguna, azken
notak… Aio Salbatore jaiak, datorren urtera arte!

Oihana Artetxe

(1) 1965eko Salbatore Jaietako festa egitarauan oinarritutako kontakizuna.

Bloga

Urola zeharkatuz

Uda
garaia iristen denean, Zumaian Urolako itsasadarra zeharkatzen duen
ontzi zerbitzua jartzen da martxan. Gehienek herrigunetik Santiago
hondartzarako joan etorria egiteko baliatzen dute. Zerbitzu honek,
ordea, Zumaiako historian sakontzen den sustrai luzea du.

Herriaren
garapenari erreparatzen badiogu, Zumaiaren itsuraldaketa ikusgarriaz
ohartzen gara. Garai batean, gaur egun alde zaharra kokatzen den muinoa,
urez eta padurez inguratua zegoen eta Getaria eta Zumaia lotzen zituen
bidearentzat Urola ibaiaren itsasadarra eten bat zen. Horrela,
Getariatik Zumaiara edo Zumaiatik Getariara joan nahi zuenak itsasadarra
zeharkatzeko beharrarekin egiten zuen topo. Bide hau gainera,
Probintziako hiru bide nagusienetariko bat zen, Bizkaia eta Frantzia
lotzen zituen ibilbidea hain zuzen.

Komunikabideak
zuen oztopo hau gainditzeko, Urola zeharkatzen zuen ontzi zerbitzua
jarri zen abian. Kostaldeko herrietan horrelako zerbitzuak topatzea
nahiko arrunta izan ohi da; portu eta baietan bidaiariak alde batetik
bestera eramatea beharrezkoa baitzen. Zumaiak izan zuen lehen
herri-zerbitzua izan zela esan daiteke.

Bidaiari
ontzi honen inguruko lehen aipamenak 1583ko udal aktetan topatu ditugu.
XVI. mendeko idatziek, ordea, ez dute zerbitzu honi buruzko informazio
gehiegirik eskaintzen. Hori bai, 1585 urterako bidaiari ontziaren
zerbitzua Udalak enkantean jartzen zuela ematen da aditzera. Gainera,
urte horretan bertan, enkantea irabazten duenak ontzi berria eraikitzeko
ardura izango duela jakinarazten da. XVI. mende bukaerako idatzi hauek
Urolako itsasadarra zeharkatzen zuen ontzi zerbitzua lehenagotik martxan
zegoela adierazten digute.

Behin
XVII. mendean sartuta berriak ugaritu egiten dira. Udalak enkantean
jartzen jarraitzen zuen bidaiari ontziaren zerbitzua, honen kudeaketa
eskaintzaile onenak eramaten zuelarik. Udala ontzia eraiki eta
konpontzeaz arduratzen zen, baina errentariak bi baldintza bete behar
izaten zituen:

– Zumaiarrak ontzian alde batetik bestera doan eramatea.

– Bere kontura ontzia urtean bi aldiz karenatzea.

1690eko
agiri batek ontziaren enkantea Jose Iriarteren aldekoa izan zela
erakusten digu. Urtean 17 dukat ordaintzeko eskaintza eginez 4 urterako
kudeaketa lortu zuen. Kontsultatutako agirien arabera, ontziaren
kudeaketa 4-6 urte bitartekoa izaten zen eta honekin Udalak lortzen
zituen etekinak oso desberdinak izan zitezkeen enkantetik enkantera.
Hala ere, etekinak etekin, Udalarentzat ezinbesteko zerbitzua zen
bidaiari ontzia.

Erabilerarekin
ontziak konponketa ugari behar izaten zituela pentsatzekoa da.
Zenbaitetan ontzi berria egiteko beharra ere suertatzen zen, Udalaren
ezintasun ekonomikoa agerian geratzen da sarri horrelakoetan. Ontzi
berria eraikitzeko ezintasunak ontzi zaharra behin eta berriz konpondu
behar izatera eramaten zuen. Herria Donostiako bide komertzialarekin
lotzen zuen bidaiari zerbitzu hau oztopoko guztien gainetik mantentzen
saiatu zen Udala. Mendeetan luzatu zen; itxura denez 1886an kostaldeko
bideak Zumaia eta Getaria lotu zituen arte.

Oihana Artetxe

Bloga

Txirrindak aberatsentzat dira

Askotan entzuten dugu gaur egun udal tasa edo zerga bitxi bat jartzeko asmoa duela hemengo edo hango Udalak, eta gure jarrera beti izaten da berdina: hauek beti gauza geroz eta arraroagoak asmatzen!, ez dut inoiz horrelakorik ikusi.

Ba tira, Asteasuko artxiboan barna atzera jo dugu denboran zehar eta hara non topatu dugun tasa oso berezi bat: bizikleten gainekoa. Bai, bizikletak. 1942. urtean onartu zen Udalbatzarrean bizikleten gaineko tasa bat jasotzeko ordenantza berria.

Egia esateko ez zen lehenengo herria izan ordenantza hori onartzen zuena, askok jarri zuten. Txirrinda bat zuen edonorek ordaindu behar zuen. Herriko bizikleta guztiak Udalean erroldatu behar ziren eta matrikula plaka bat ematen zitzaien. Urtero 8 pezetako tasa bat ordaindu behar zen bakoitzeko. Bidean zehar matrikularik gabe ibiliz gero isuna 10 pezetakoa zela esaten du ordenantzak.

Ordenantza hau 1942. urtekoa bada ere, Asteasun gordetzen den lehenengo errolda 1944. urteko da. Orduan, 98 bizikleten alta eman zelarik.

Amagoia Piá

Irudia: Bicicletas Clásicas Leo

Bloga

Zezenak Santio jaietan

Villabonako
jaiek badituzte hainbat jarduera urtero-urtero errepikatzen direnak.
Hauetako batzuek urteetan zehar ohitura bihurtu direnez Santioak ez
lirateke izango hauek antolatu gabe. Baina guztietan aintzindariena,
musikarekin batera noski, zezenen inguruko tradizioa da.

Gaur
egun sokamuturra egiten da Santio eta San Inazio egunetan. Egun
haundiak dira eta egiten diren jarduera ugarien artean hauek dira
bereziki jendea biltzen dutenak. Hesien atzean zaletu asko biltzen da
ateratzeko irrikaz, beldurrez, jostakin, kurioso,… ausartei begira,
noiz errekorte ederrak egin edo noiz hankaz gora ikusiko dituzten zain.

Hau
izan zen 1909. urtean Jose Otegik Udalari bigantxak jartzeko
dirulaguntza bat eskatzeko erabili zen aitzakia: “…pidiendo una
subvención para la novillada que proyectan celebrar en honor de nuestro
patrono Santiago, al objeto de dar variedad al programa de festejos que
anualemnte tienen lugar, en atención a que se trata de un espectáculo
que ha de atraer afluencia de forasteros…” (Villabonako Udal Artxiboa.
0010-01 cf). Dirulaguntza eman zioten noski.

Baina
ez da hau zezenen inguruan dugun erreferentzia bakarra. 1678. urtean,
San Martin jaietarako hesi berriak eraikitzeko erabakia hartu zen, han
egiten den zezenketarako, “…por quanto para la corrida de toros que
por las fiestas de San Martin se hace en frente de la parrochial yglesia
del Señor San Maratin de esta Villa no ay barreras…” (Villabonako
Udal Artxiboa. 0002-01 cf). Badirudi, garai batean zezenketarako zegoen
ohitura oraingoa baino zabalagoa zela, bigantxez gain zezenketak ere
egiten bait ziren, eta Santiotaz gain San Martinetan ere ospatzen bait
zituzten.

Hala
ere, gure artxiboan badago hau baino zaharragoa den dokumentu bat. 1622.
urteko kontu liburu bat da. Liburu honetan hainbat zezen eta bigantxa
jaietarako ekarri direla eta hoien truke ordiandutakoaren zerrenda ikusi
dezakegu. “… a Domingo de Acolodi y Echeverria por un toro que dio
para correr en los festejos de Señor Santiago de este año dos
ducados…”. Beraz, 1622. urtean Villabonan entzerruak egiten zirela
baieztatu daiteke.

Ez
dugu zerrenda hau bukatu nahi azken datu bat erantsi gabe. Edozein
ikerketa lan ezin da ontzat eta amaitutzat eman gai horren inguruan
beste artxibo batzuetan dauden dokumentuen kontsulta egiten ez bada.
Gure blog honetako asmoa ez da inoiz ikerketa lanak aurkeztea izan,
baizik eta gure herrietako artxiboetan topatzen ditugun dokumentu eta
istorio bitxien berri ematea. Baina oraingo honetan, eta duela 15 bat
urte Udal honek eta Tolosaldeako beste batzuek sustatutako lanei esker,
Gipuzkoako Artxibo Orokorrean dauden dokumentuen artean bilatu dugu.
Bertan, gure artxibokoa baino pixka bat zaharragoa den dokumentua topatu
dugu: 1605. urtekoa da eta bertan Amasako Migel Artetxek eta Amezketako
Joanes Loidik Villabonako Udalari zezen bat zaltzen diote jaietarako.
Honela ba, 5 mendeko ohitura da hau.

Amagoia Piá

Bloga

Turismoari begira

Maiatzaren
bukaeran Zumaiako Kanpina zabaldu zen. Herriak kanpoko bisitariei
eskaintzen dien turismora zuzendutako instalakuntza berriena da hau.
Zumaiak bisitari ugari jasotzen ditu, batez ere udan. Hala ere, azken
urte hauetan, bisitari kopuruak etengabe gora egin du eta urte osoan
zehar turistak jasotzen dituen kostaldeko herri bihurtu da.

Turismoa
Zumaian, ordea, ez da zerbait berria. Arrazoi desberdinengatik
mugituta, herri honek beti jaso ditu bisitariak. Denbora libreaz
gozatzera etorritako bisitariak XX. mendearen hasieran hasi ziren
ugaritzen; Loiolako Santutegiak eta Zestoako Bainuetxeak sortzen zuten
erakarpenaren ondorioz eta komunikabide azpiegituretan eginiko
hobekuntzek bultzatuta.

Itzurun
eta Santiago hondartzen inguruan mugitzen zen udako turismoa izan zen
hasieran. Aurreko udako artikuluetako batean hondartzetako zerbitzuen
aitzindari izan zen Itzurungo “bainu beroen” inguruan hitz egin genuen.
Hala ere, hondartzek sortzen zuten erakarpena indartzeko eta bisitari
kopurua sendotzeko, herrian zenbait ekintza antolatzen hasi ziren.

Gero
eta turista gehiago gerturatzen ziren Zumaiara, eta honek, bisitariei
ostatu emango zien azpiegituren beharra jarri zuen agerian. Egoera berri
honi irtenbidea emateko gauzatu zen egitasmo garrantzitsuena Luis
Martinez Kleiser idazleak sustatutako Gran Hotel Amaya izenekoa izan zen. Hemen hotelaren beharraren inguruko Martinez Kleiserren hitzak: “Pensando
en la clase de construcción más conveniente para dar vida y animación a
la villa de Zumaya, atendiendo indicaciones de los forasteros que
verían con gusto disponer de un Hotel donde hospedarse en verano y
convencidos de que la importancia de la villa crecerá notablemente, no
sólo en verano sino durante el invierno, proporcionando cómodo albergue
a los que por razón de industria y comercio tengan que ir a Zumaya,
han resuelto construir un Hotel amplio, moderno y cómodo, que reúna
cuantos servicios gozan hoy los grandes Hoteles.”

1922an
hasi ziren eraikuntza lanak. Urte horretan bertan, hasierako
planteamenduan zenbait aldaketa eman ziren. Hotel bat eraikitzeko
proposamenari, 600 pertsona baino gehiagoko edukiera izango zuen
antzokia gehitu zitzaion. Kategoria honetako azpiegitura turistikoak
gainera, bere ingurua atontzea ere eskatzen zuen. Horrela, ordura arte
marisma izandako inguruak, aisialdirako gune izateko pausoa eman zuen.

Hotela zabaldu eta gutxira gerra zibila piztu zen. Garai latz haietan, Gran Hotel Amaya
ospital bezala erabili zen. Azkenik, 1943ko udan inauguratu zen behar
bezela. Antzokiaren gaineko pisuak, hotelaren azken handitze lanak,
urte horretan bukatu ziren baita ere. Lan horiek 1923an baimendu zen
egitasmoaren arabera burutu zirela erakusten dute Udal artxiboan
gorderik dauden dokumentu eta planoek.

Gran Hotel Amaya
lehen klaseko hotela izan zen; antzokiaz gain, ibilgailuentzako
aparkalekuak, igerilekua eta lorategi zabalez hornitua. Bisitari ugari
jaso zituen, ez bakarrik turistak baita Zumaiak zuen industriak
erakarrita etortzen ziren negozio gizonak ere. Gaur, haren izena daraman
plazak oroitarazten digu Zumaiako turismoaren ikur izan zen eraikina.

Oihana Artetxe

Bloga

Harresiak itota

Getaria,
hiribildu harresitua izan zen. Erdi Aroko harresia lehenik eta baluarte
modernoa ondoren. Harresiak babeserako elementu garrantzitsua izan dira
historian zehar; kanpoko erasoak saihesteko modurik egokiena. Getariako
orografiak babesgune naturala eskaini arren, kostako eta lurreko hegalak izan
ziren gehien sendotu zirenak.

1859an,
harresia oraindik babes elementu bezela ikusten zen Getarian. Hau botatzeko
errege aginduaren aurrean, Getariarrek mendebaldeko eta hegoaldeko haizeetatik
babesteko baliagarria zela argudiatu zuten. Urte gutxi batzuk geroago, ordea,
haizetik babestea baino garrantzitsuagoa zen behar bat agerian geratu zen.
Historian zehar modu eraginkorrean hiribildua babestu eta defendatu zuten
pareta horiek, elementu itogarri bilakatu ziren. Horrela irakur daiteke 1881eko
agiri batean:

“…en
atención al aumento de población que se nota hace algunos años, se hacía ya
preciso darle algún ensanche para poder edificar casas en que puedan habitar
los vecinos que se hayan aglomerados en viviendas sumamente reducidas, y que al
efecto convenía se solicitase del Gobierno de Su Magestad el Rey el derribo de
sus murallas.”

Eskaera honek
erantzuna izan zuen. 1885eko espediente batean Getariako lurreko hegaleko
harresia eta honen kontra eraikitako kuartela eraisteko baimena aurki daiteke.
Kuartela eta harresia bota ondoren libre geratzen ziren lurrak (268m luzeran
eta 2m zabaleran) udaletxeari eman zitzaizkion bide publikoa zabaltzeko aukera
izan zezan. Udalak berriz, elementu
hauek eraisteko lanen gastua bere gain hartu zuen. Bestalde, eraikuntza hauek material
erabilgarri ugari eskaintzen zuten. Material hau, ingeniari militarrek tasatu
ondoren, enkante publikoan saltzeko eta jasotako diruaren zati bat Gerra
Ministerioari emateko agindu zen. Gainera, libre geratuko ziren lursailean
Udalak eraikitzeko erabakia hartuko balu, eraikitzeko partzela bakoitzaren
salneurriaren %3a Estatuari entregatzeko klausula zehaztu zen. Urte bereko
ekainaren 27an burutu zen tasazioa: lurreko hegaleko harresi zatiak emango zuen
materiala 537,50 pezetetan estimatu zen eta kuartelarena 1.394 pezetetan.

Lehenik
kuartela bota zen. Materiala Sebastian Etxanizek eskuratu zuen abuztuaren 2an
egindako enkante publikoan eta tasatutako prezioan. Lurreko hegaleko harresiak,
ordea, tente jarraitu zuen. 1906ko azaroaren 24ko udalbatzarrean hartu zen hau
eraisteko erabakia. Egoera txarrean
zeuden herri-bideak konpontzeko beharra zegoen eta betelanerako materialak
harresitik ateratzea pentsatu zen. Gainera, horrela, Kale Nagusia libre
geratzen zen, plazatik eta errepidetik eliza ikusten zelarik. Gertakari honek
Getariaren zabaltzea eta lotura ekarri zituen. Baina ez pentsa lurreko hegaleko
harresi zati osoa desagertu zenik! 1907an, harresiko materialen jabe zen Juan Eizagirre
harginak zati bat frontoia egiteko eman zuen. Gaur egun, frontoiaren atzealdeari
erreparatzen bazaio, honen paretak lurreko harresiaren zati bat aprobetxatuz
eraiki zirela ikus daiteke.

Oihana Artetxe

Bloga

Udal Gobernuaren Lehen Antolamendua

Aurtengo maiatza hauteskunde hilabetea
da. Udala osatuko duen gobernua eta Batzar Nagusietako eserlekuak nola banatuko
diren aukeratzeko zita dugu bertan.

Hauteskundeak aitzaki, Zumaian Udal antolaketari buruzko lehen
datuen bila ibili gara. Noizkoak dira Udal gonernuaren inguruko lehen
aipamenak? Eta zer da dokumentu hauek erakusten dutena?

Zumaiaren kasuan zortea izan dugu. Funts
dokumental garrantzitsua gordetzen du eta, beste udal artxiboekin alderatzen
badugu, antzinako dokumentuak aurki ditzakegu. Hau horrela, Udal antolaketari
eta gobernuari buruz zuzenean jakinarazten duen dokumentu zaharrena 1569ko
Errejimendurako hauteskundeak jasotzen dituen dokumentua da. Hala ere, gai
honen inguruko dokumentu mamitsuena 1584. urtekoa da. Dokumentu luze honetan
garai hartako Udal Ordenantzak jasotzen
dira 73 artikuluetan banatuta.

Ordenantza edo arau sorta hau,
Probintziako Korrejidorearen aginduz osatu zen. “Porque la buena Governación de las Repúblicas, consiste lo principal,
en que los oficiales e Juezes que los han de Regir, e Governar sean personas de
buena conciencia, y celosos dela honra, y servicio de Dios nuestro Señor, y de
su Rey, y de mantener en paz, y justicia su República…”.
1584ko maiatzaren
21eko udalbatzar irekian izendatu ziren araudi hau lantzeko aukeratuak.
Francisco Bouquer de Barton Alkatea eta Domingo Iceta Sindikoaz gain, Francisco
de Elorriaga, Juan García de Villafranca, Francisco de Narruondo, Pedro de
Arteaga, Sebastian de Duana eta Martín de Aranza izendatu zituzten diputatu.
Ordenantzak osatzeko bilera Francisco de la Torreren oinordekoen etxean egin
zen 1584ko maiatzaren 23an eta ekainaren 10eko udalbatza irekian onartu ziren.

Zumaiako ordenantzak jasotzen dituen
1584ko dokumentuak Udal karguen eta hiribilduaren funtzionamenduaren inguruko
informazio ugari eskaintzen du, baina oraingoan Udalaren antolakuntzari buruz
arituko gara. Ordenantza hauek, aurretik zegoen gobernatzeko modua berrikusi
eta idatzita uztea zuten helburu. Horren erakusle dira 1569-1576 bitartean
ospatu ziren Errejimendurako hauteskundeak.
Hauteskunde hauek jasotzen dituzten dokumentuak eta 1584ko ordenantzen
dokumentua alderatzen baditugu, ordea, Udal karguetan eta hauek hautatzeko moduan
zenbait aldaketa agerian geratzen dira. Guk gaurkoan bi nabarmenduko ditugu.

Lehenengo aldaketa Errejimendua osatzen
duten karguetan dago. 1584 aurretik Alkateak, Alkateordeak, Sindikoak eta
Prebosteak osatzen zuten. Ordenantzen ostean, oinarrian, Alkateak,
Alkateordeak, Errejidoreak, Prebosteak eta Prebosteordeak osatuko dute.
Hauteskunde egunean ere, bost diputatu aukeratzen ziren, elizan benefiziodun
karguren bat hutsik geratuz gero hura betetzeko. Aurrerago, Errejidoreorde
kargua azalduko da eta Oikiako eta Seazeko (Aizarnazabalgo) Hamabi Nagusia eta
Hamabi Txikia, ere izendatuko dira. Hauetaz gain, udal eskribaua eta diruzaina
ere izendatzen ziren.

Bigarren aldaketa Udal karguen
hauteskunde egunean dago. 1584ko ordenantzen aurretik, ekainaren 24ko meza
nagusiaren ondoren ospatzen ziren urtero. Ordenantzak osatu eta gero abenduaren
27ko meza nagusiaren ondoren ospatzen hasi ziren. Bi egunak San Juan egunak
izaki. Eguna aldatu arren, tokiak berdina izaten jarraitu zuen, “el lugar acostumbrado, del cementerio,
debaxo y dentro del atrio dela puerta mayor dela yglesia de Señor San Pedro”
.
Baita modua ere… Lehenik udalbatzarrean zeuden auzo guztietatik 6 pertsona
hautatzen ziren: “Nombrando, primeramente
seis personas electores de entre los dichos vecinos, y que estos sean quienes
tengan en la Villa a lo menos una casa suia o de su muger, y las demás
circunstancias de ser admitidos en las Elecciones con los hijosdalgo de esta
Villa. E metiendo en un cántaro, o sombrero, los nombres de todos los tales que
al tiempo dela Elección se hallaren presentes; y que los seis primeros
charteles, y nombres que salieren, sean los electores, teniendo orden en que
como salga el primero para Elector, el Alcalde que está presente, le llame y
reciba juramento de si ha rogado, sobornado, e inducido por alguna persona,
para que nombre, o le dé la suerte si le cayere de ser Elector…”
Ondoren,
hautatutako 6 pertsona hauek, udal kargu desberdinak osatzeko zerrendatik
egokiena iritzi zuten izena txartel batean idatzi eta “metidos los seis charteles cada Elector el suio se rebuelban mui bien;
y que un muchacho saque uno de ellos…”
Horrela, banan-banan, Udal kargu
bakoitza betetzen joaten ziren.

Errejimenduko hauteskundetara aurkeztu
ahal izateko ondasun kopuru jakin bat izan behar zen, hiribilduaren kontrako
edo kalterako erabakiren bat hartuz gero ondasun horiekin erantzun ahal
izateko. Aipaturiko ordenantzetan honako eskakizunak jasotzen ziren: gutxienez
lau miliareko ondasunak izatea, Zumaian jaioa edo Zumaiako auzo izatea,
kaparetasuna probatua izatea, irakurtzen eta idazten jakitea, aurreko bi
urtetan Alkate edo Errejidore kargua bete ez izana eta zegozkion zergak
ordainduta izatea. Imagina dezakegun
bezela, baldintza guzti hauek bete behar izateak asko murrizten zuen Udal karguetan
aritzeko aukera zuten auzoen kopurua. Honek, pertsona berdinek kargu
desberdinak behin eta berriz betetzea ekarri zuen.

Oihana Artetxe

Bloga

Alkatetzako zigiluak

Artxiboetan
lan egitean, gehienetan,dokumentuen edukiari erreparatzen diegu;
gutxitan berriz dokumentuaren egiturari edo ezaugarri fisikoei. Baina
begiek ez dute letra artean dantza egiten bakarrik, irudiak ere gogoko
izan ohi dituzte eta oraingoan Getariako Alkatetza zigiluetan egin dute
geldialdia.

1849ko
urriaren 7ko udal akta batean irakur daiteke nola, garai hartan,
Getariako Udalak ez zuen inolako zigilurik. Probintziaren agindu bati
jarraituz, zigilua egiteko beharra ikusi eta horrela erabakitzen da:

“…Careciendo
esta corporación del sello en cuestión, acordó que inmediatamente se
mande construir uno con las armas de la Villa…”

Aipamen
honen aitzakian, artxiboko paperak astintzen ibili gara zigiluen bila.
Egindako bilaketan 6 zigilu desberdin aurkitu ditugu 1873tik 2015era.
Modu batera edo bestera, denak dute Getariako sinboloa den balearen
irudia. Zigilu desberdinak begiratzen baditugu, ordea,momentuko modari
jarraituz edo, estetikoki nola aldatu diren ikus daiteke. Gainera, urte
batzuetan zigilu desberdinak batera existitu zirela ikusi dugu.

1873.
urteko dokumentu batean aurkitu dugu lehen zigilua, zaharrena hau dela
esan daiteke (1. zenbakia). Bertan, balea edo balearen errepresentazioa
izan nahi duen animalia bat agertzen da gaztelu edo dorre baten azpian.
Inguruan “Alcaldía de Guetaria” testua irakurri daiteke. Modu honetan,
Getarian bale arrantzak izan zuen garrantzia islatzen da gotortutako
hiribildu bat izan zela adierazten den bitartean. Zigilu hau da
guztietan berezi eta desberdinena. Aurrerantzean ez zaio hiribildu
gotortuari erreferentziarik egingo eta zigilu desberdinetako
protagonista nagusi eta bakarra balea izango da. Zigilu honekin batera
bada beste bat (2. zenbakia). Lehen aldiz 1886. urtean agertzen da eta
bestearekin alderatzen badugu, desberdintasun nabariak ikus daitezke.
1873ko zigiluan gaztelua eta balea genituen protagonista; oraingoan
berriz balea izango da protagonista bakarra, “Alcaldía de la Villa de
Guetaria” testua lagun duela. Aurrerantzean agertuko diren zigilu
berrien aitzindaria da, gailenduko den sinboloaren sustatzailea: bale
handi bat, itsasoaren gainean arpoia bizkarrean duela.

XIX.
mendearen bukaeran beste zigilu berri bat egin zen (3. zenbakia), guk
1897an aurkitu dugu lehen aldiz. Arpoia bizkarrean sartua duen balea
agertzen da buztan aldeko ikuspuntu batetik begiratuta eta “Alcaldía de
la N. y L. Villa de Guetaria” testuaz inguratuta. Zigilu honek, aurreko
bi zigiluak ordezkatu zituen. Denbora gutxi iraun zuen ordea. Izan ere,
XX. mendearen hasieran beste aldaketa bat egin zen (4. zenbakia). 1909an
topa dugu lehen aldiz eta mende erdiraldera arte erabili zen. Zigilu
berri honetan itsas munstro moduan irudikatutako hortz zorrotzak dituen
bale bat agertzen da “Alcaldía de la N. L. e Invicta Villa de Guetaria”
testuaz inguratuta. Ziligu honek bigarren fase bat izan zuela ere ikusi
dugu (5. zenbakia), balearen munstro itxura mantenduz baina irudia apur
bat sinplifikatuz. Honen ondorengo zigilua (6.zenbakia) gaur egun
erabiltzen den zigiluaren (7. zenbakia) aurrekaria dela esan daiteke.
XX. mendearen erdialdera hasi zen erabiltzen eta bertan ikus dezakegun
irudia aurrekoak baino sinpleagoa eta estilizatuagoa da. Balea itsas
olatu garbi batzuen gainean agertzen da, arpoia bizkarrean duela eta
“Ayuntamiento de la N.L. e Invicta Villa de Guetaria-Alcalde” testuaz
inguratuta.

Oihana Artetxe

Bloga

Zegamaren independentzia 1615ean. 400 urte irudietan

Zegamak orain 400 urte lortu zuen independentzia. Hori dela eta, Zegamako udalak erakusketa bat antolatu du. Argazkiak, grabaduak, mapak, taulak eta idatziak prozesu hori ulertzeko lagungarriak ditugu, orain laburbildurik aurkezten duguna.

Lorpen hau baino lehenago, beste maila juridiko bat izan zuen eta beste Udal erakunde baten gobernuaren menpe egon zen.

Zegamaren independentziaren sustraiak bilatzeko Erdi Aro betera egin behar da atzera. 1320an agertzen da Zegama lehen aldiz dokumentu batean idatzita. 64 urte beranduago, Zegama, eskualdeko beste herrixkekin batera, Segura hiribildura auzotuko da. Honen zergatia? Garai hartako segurtasun eza. Lapurretek, erasoek, erailketek eta banderizoen arteko liskarrek Segura hiribilduko harresiek eskaintzen zuten babesaren beharra sustatu zuten.

200 urte baino gehiagoz bizi izan zen Zegama Seguraren menpe. Auzokoak Segurako alkateak epaitzen zituen; honek, gainera, Zegamarren gaineko eskumen fiskal eta militarrak zituen. Denborarekin, Segurak zituen Zegamaren gaineko eskumen hauek liskar ugariren iturri izan ziren, batez ere XVI. mendetik aurrera. Garai hartan, Zegamak eta Seguraren menpeko eskualdeko gainontzeko herrixkek, desadostasun nabariak izan zituzten Segurako erregimenduak ezarritako zerga errepartimendu eta inposaturiko beste zenbait betebeharrengatik. Mende horren bukaeran, ezinegon horiek liskar judizial bihurtu ziren.

Legazpiak 1608an lortu zuen Seguratik bereiztea. Honek independentzia nahi zuten gainontzeko herrixkei bidea zabaldu zien. Bi egoerek lagundu zuten helburua lortzen. Alde batetik, Gaztelako monarkian guda egoerak sortutako gastuek diru-sartze beharra ekarri zuten eta hau lortzeko baliabide bat hiribildu tituluen salmenta izan zen. Bestalde, Donostia eta Tolosa, Ordizia eta Segura aurrez aurre ipini zituen Gipuzkoako Batzar Nagusien kontrol politikoaren borroka. Hiru hiribildu horien garrantzia, hauetara auzotutako herrixkek ematen zituzten boto kopuruan zegoen. Horiek gabe, boto portzentaiak nabarmen egiten zuen behera Donostiaren alde. Beraz, hau izan zen 1615ean probintzian eman zen herrixken banatze mugimenduaren arrazoi nagusiena.

Horrela, 1615eko urtarrilaren 26ko errege eskumenaren idazpenaren bidez Zegamaren desanexioa sinatu zen. Felipe III. Gaztelako erregearen baieztapena eta botere hartzearen mandatua urte bereko otsailaren 4koak dira. Beraz, Zegama hiribildu burujabea zen jadanik. Aurrerantzean, auzotarren artean sorturiko lehen instantziako liskarrak epaitzeko alkatea eta sortu berri zen Udalbatza osatzen zuten zenbait udal kargu izango zituen.

Hiribilduko titulua lortzea, ordea, oso garestia izan zen; ia hiru milioi marai izan ziren Zegamak ordaindu zuena. Gara hartan 310 auzotar zituen hiribilduak eta bakoitzari 25 dukateko ordaina egokitu zitzaion. 3.571.875 maraiko mailegu bat eskatu behar izan zen ordainketari aurre egiteko eta, urte batzuk beranduago, zorrari aurre egin ahal izateko udal lurren salmentari ekin zitzaion.

Lortutako nortasun berriarekin, Zegama, probintziako botere organoetako partaide izango da hiribildu burujabe bezala. Hala ere, 1615eko otsailean estreinatutako izaera berri honek ez zituen auzokoen arazoak desagerrarazi; bai, ordea, hauen kudeaketa beraien esku utzi.

Juan Carlos Mora

Bloga

Porturik gabeko Getaria posible ote?

Egun
hauetan arrantza-ontziak atzera eta aurrera ikusten dira. Portuan sartu
eta itsasora atera, portura bueltatu eta itsasora berriz. Antxoa
arrantzatzeko garaia izaten da urteko sasoi honetan eta buru belarri
dabiltza arrantzaleak. Getaria Gipuzkoako arrantza portu
nagusienetarikoa da gaur egun, azken urteotan bere flota gutxitu arren
zenbait arrantza-ontzi mantentzen jakin izan duena. Atzera begiratzen
badugu ordea, Getariako portuaren garrantzia handia izan dela ikusten
dugu.

Getariaren
orografia eta kokapenak Gipuzkoako itsas babesgune nagusienetarikoa
bihurtzen dute. Portuko instalakuntzak agertu baino lehenago ere, San
Anton mendiaren babesean zabaltzen zen Markorbeko badiak gune ezin hobea
eskaintzen zuen ontziak lotzeko. Badia horri esker, Gipuzkoako
kostaldeko gune aberats eta estrategikoenetariko bat izan da historian
zehar; arrantza ez ezik merkatal gune oparoa eta kostaldea defentatzeko
funtsezko kokaleku militarra.

XVI.
mendearen lehen erdian, Getariako portuak zuen babesgune izaera hori
areagotu zen eta 1521. urtetik aurrera kostako babesgune
garrantzitsuenetarikoa izan zen, baita kosta zaintzeko leku
esanguratsuenetarikoa Hondarribia eta Donostiarekin batera. Garrantzia
honetaz jakitun, Getariak kai berri bat eraikitzeko asmoa agertu zion
erregeari. Martin Larraondoguno izan zen portua egiteko arduraduna.
Momentu honetan lotzen da, Belsua Ugarte harginak egindako dike baten
bidez, San Anton uhartea Getariako penintsulara.

Gure
kostaldeko gune nagusienetariko bat izan arren (1883ko ekainaren 8ko
legeak Kantauri kostaldean ibiltzen ziren ontzien babes portu ofizial
izendatu zuen), XX. mendera arte Getariako portuak ez zuen instalakuntza
zaharkituen berrikuntza sakon bat burutu. Mende horren lehen erdian,
arrantza eta merkatal portu handi batean bilakatzeko egitasmoa jarri zen
mahai gainean; trenbidea bertara eramatea ere pentsatzen zen. Baina
errealitateak irudimena gailendu zuen oraingoan eta portuko egituran
momentuko beharrei erantzuten zioten zenbait hobekuntza besterik ez
ziren gauzatu.

Egitasmoa
Elkano Marinel Kofradiaren ekimena izen zen. Jose Maria Aranbarri
Getariarrak portuaren azalera 4.900m2 tatik 22.200 m2 zabaltzeko lanen
proposamea egin zuen. Helburu nagusiak arrantza eta kontserba-industria
bultzatuko zuen portuaren edukiera handitzea eta Bilbotik Pasairako
bidea egiten zuten kabotajeko itsasontziei babesa eskaintzea ziren,
baita itsasoarekin erlazio zuzena ez duten beste sektore batzuk
bultzatzea ere. Egitasmoaren gauzatzearekin portuko bokalea 30 metrokoa
egin zen, iparraldeko dikea altsatu zen enbatetatik babesteko, kaiaren
babesa handitzeko beste nasa bat eraiki zen, portuaren barruko nasak
sortu ziren ontzietako zamaketa lanak errazteko eta abar. Getariako
portua berritzeko egitasmoa Celestino Mendizabalek gauzatu zuen eta
1919an bukatu eta inauguratu zen, kofradia eta arrantzale
aterpetxearekin batera.

Gaur
egun Getariako portuak duen itxura XX. mendearen bukaerako lanen fruitu
da, baina baita bilakaera luze baten ondorio. Izan ere, porturik gabeko
Getaria posible ote?

Oihana Artetxe

Bloga

San Telmo Kofradiaren sorreraren bila

Apirila
izanik, ezin ahaztu herriko festa esanguratsuena ospatzen den hilabetea
dela. Zumaiako zaindaria San Pedro izan arren, San Telmo santuarekin
loturiko festek esangura berezia dute zumaiarrengan. San Telmo
itsasoarekin lotura estua duen deitura erlijiosoa da eta izen bereko
festak ere itsas kutsu nabaria mantentzen jarraitzen du. Oraingoan,
ordea, ez gara jaien inguruan arituko, San Telmo Kofradiaren sorrerari
buruz baizik.

Zumaiako
artxiboan Kofradia honen sorreraren berri jakin nahian ibili gara.
Marinel eta arrantzale Kofradiaren inguruko zenbait dokumentu topatu
ditugu gure bilaketan: kontu liburuak, fakturak, diruzain eta diruzain
laguntzailea hautatzeko bozkak, kideen zerrendak… Hala ere, bertan
gordetzen diren agiriek ez dute bere sorrerari buruzko informazio
argirik ematen; ez dugu sorrerako bileraren aktarik bilatu, ezta
lehenengo liburua ere.

Artxiboan
gordetzen den San Pedro Gonzalez Thelmo Kofradiari buruzko dokumentu
argigarri eta zaharrena 1610an Paulo IV Aita Santuak Kofradiaren alde
emandako bulda da. Zeharka Kofradiari aipamen egiten dioten zenbait
dokumentu daude (1701ko mailegu bati buruzkoa, San Telmo Kofradiako
kideek hilabetero laugarren igandean ospatzen zen mezaren eta
argizariari buruzko 1714ko araudiaren kopia eta 1764an San Telmo
Kofradiako kide diren Ignazio Manzisidor eta Juan Arronak Jose eta
Juakin Urbietaren kontrako auzia). 1774 eta 1775 urteko bi dokumentu
dira Kofradia osatzen duten kideen berri ematen duten lehenak. Horiei
esker, 1774an 102 kide zituela eta 1775an 106 jakin daiteke; tartean
bikarioa, alkatea eta errejidorea. Bi kasuetan, kide bakoitzaren izen
eta abizenak jasotzen dituen zerrendak dira, denak gizonezkoak.

Kofradiari
erreferentzia zuzena egiten dion dokumentu zaharrena XVII. mendekoa
izan arren, itsasoari eta itsas jarduerei loturiko Kofradia hau
lehenagokoa dela agerian geratzen da. Alde batetik, Kofradiarekin
estuki lotuta dagoen San Telmo baselizaren aipamen zaharrena 1540ko
artzain-bisita batek ematen du. Bestalde, 1787ko Kofradiako liburuan,
kabildoaren artxiboan gorderik dauden eta Kofradiarenak diren aurreko
liburuen berri ematen da. Zehazki, bost liburu direla aipatzen da eta
hauetariko zaharrena 1601. urtean hasten den kontu liburua dela.
Badirudi ordea, kontu liburu hau eta 1787ko aipamenak adierazten dituen
gainontzeko lau kontu liburuak (1633, 1669, 1701 eta 1735 urtean hasten
diren kontu liburuak) galdu egin zirela.

Pentsatzekoa
da Kofradiako liburuak galtzeak buruhauste ugari sortu zituela.
Gertaera honek, San Telmo Kofradia inoiz existitu izan ez balitz bezala
uzten zuen eta bertako kideak berriro ia hutsetik hastera derrigortzen.
Sorrerako araudi edo ordenantzak galduta, iraganean ikertu behar izan
zuten ordenantza berriak egin eta Kofradia berriro legeztatzeko. Honek,
ordea, ez zien sorrerari buruzko daturik eskaini; horrela antzeman
daiteke 1787ko liburuaren hasieran irakurri daitekeen eta ondorengoa
dioen idatzian:

Año
de 1787, libro de la Santa Cofradía del señor San Thelmo de la Noble y
Leal Villagrana de Zumaia, erigida en la dicha villa sin que se pueda
lograr en que tiempo se instituyó y fundó; no se sabe su principio y
tiempo de la fundación.

Hala
ere, goian aipatutako datuei erreparatzen badiegu eta San Telmo
baseliza San Telmo Kofradiak sortua izan zenaren hipotesiarekin lotzen
badugu, 1540rako herriko arrantzale eta marilenen kofradia sortua
zegoela pentsa daiteke. Hau, baina, hipotesi bat besterik ez da eta ezin
ziurta daiteke zumaiako artxiboko dokumentuak kontsultatuz bakarrik.
Ukatu ezin dena berriz, 1601. urterako Kofradia martxan zegoela da,
horrela adierazten baitu artxiboan topatutako urte horretan hasten den
kontu liburuaren berri ematen duen aipamenak.

Artxiboan
egindako bilaketak eskainitako datuekin, San Telmo Kofradia, ziurrenik,
XVI. mendean sortu zela esan daiteke. Hala ere, kasu honetan, bilaketa
beste iturri eta artxibo batzuetara zabaltzea komeniko litzateke. Hau,
ordea, beste baterako utziko dugu…

Oihana Artetxe

Bloga

Villabonako artxiboak badu zer esanik

Gure
artxiboak ere, herritarrek bezala, Guda Zibileko ondorio latzak jasan
zituen. Herrian bertan enfrentamendu militarrik egon ez zen arren,
dokumentuak suntsitu ziren, espedienteak desagertarazi, material asko
bidean “galdu”…

Gure
artxiboak ere, herritarrek bezala, jasan zituzten ondorengo
errepresio urte luzeak. Bizitzako gauzarik ohikoenak bezala
egunerokotasun gogorrak irudikatuaz, normaltasun itxura lortuaz
hainbat espediente latzetan…

Gure
artxiboak ere, herritarrek bezala, egun haiei buruz galdetzen
diotenean erantzuten du. Kontatzen digu urte haiek nolakoak izan ziren,
nola bizi ziren eta nola aldatzen joan ziren…

Aritza Kultur Elkarteak eta Villabonako Udalak sortu berri duten web orri honetan,
besteak beste, Villabonako Udal Artxiboan aurkitutako dokumentu eta
espedienteen deskribapenak eta irudiak ikusgai daude. Artxiboan,
urteetan zehar Udalaren kudeaketaren ondorioz sortutako espedienteak
gordetzen dira. Gure lana da, herritarrena, espediente guzti horien
azterketa egin eta interpretazio ahalik eta zuzenenak ematea.

Ereitenek
gure artxibotik eta Aritza Kultur elkarteak bildutako beste artxibo
batzuetatik ekarritako materialak deskribatu ditu web orri honetan.
Benetan lan hunkigarria izan da, herritarrek kontatu digute, artxiboek
kontatu digute, eta guzti horren deskribapena eta interpretazioak
jaso dira tresna itzel honetan.

Gure
artxiboak, lan honi esker, asko kontatu digu. Baina oraindik gehiago
kontatzeko irrikitan dagoela ziur gera. Eta kontatuko digu. Jakin
dezagun entzuten eta ulertzen.

Amagoia Piá

Bloga

Ordenantza zaharrak

Asteasun
gordetzen den Udal Ordenantzarik zaharrena 1534 urtekoa da, apirilaren
14ean Udalak eta Carlos I erregeak onartutakoak hain zuzen. Badira ba
481 urte ordenantza hau onartu zenetik. Ordenantzak herriaren barne
funtzionamendurako eragina zuten gaiei buruzko udal legeak ziren,
horregatik herri bakoitzak bere ordenantza propioak egiten zituen.

Ordenantza
honek badu berezitasun bat, denbora luzez galdua egon zela. Bere kopia
bat bakarrik gordetzen zen. Baina 1896 urtean, Tomas Egibar Asteasuko
apaizak, bere paperen artean topatu eta Udalari itzuli zion gutun
batekin batera.

Pergaminozko
tapak dituen 35 bat foliotako liburuxka bat da. Bertan 81 lege edo
puntu desberdin lantzen dira. Denak 3 gai orokorren barruan sartuko
ditugunak:

1-
Politika: Udal karguen izendapena eta betebeharrak. “Hauteskundeak”
ekainaren 24.ean egiten ziren “…de tiempo inmemorial aca…”, meza
nagusiaren ondoren herri guztia bildu eta kargu bat nahi zutenek
(herrian zergak ordaindu eta etxea zutenek bakarrik, noski) beren izena
txartelean idatzi eta txapel batean sartzen zituzten. Handik ateratako
izenak izango ziren urte hartan herriko alkate, diruzain, zinegotzi,…
Hauek egindako kudeaketaren kontu zehatzak nola aurkeztu agintzen da,
besteak beste, udal diruarekin bazkari bat bakarra egingo dutela
aginduaz edo ta bere karguak irauten duen bitartean ezingo dutela
harategi, taberna edo okindegirik izan.

2-
Ekonomia: (3 gai nagusi) alde batetik, lur komunalen eta fruituen
hustiaketa. Ordenantzen %80 gai honen ingurukoak dira. Lur komunalen
enkateak nola egin, bertan eragindako kalteen zigorrak, hainbat
fruituren salmenten nondik norakoak (gaztaina, intxaur, sagar,
ezkurra…), enkanteak ez egiteagatik zigorrak, zuhaitzak mozteko
baimenak eta gabe mozteagatik zigorrak, ikatzik ez egitea,… Beste alde
batetik, kanpotik sartutako produktuen kudeaketa: ardoa, arraia,
argizaria, txingarra,… eta beste hainbat gauza enkantean nola eta noiz
atera, Udalak eta garraiolariek bete beharrekoak,… Azkenik, zergak
jasotzeko eskubideak ere enkantean ateratzen ziren eta ordenantzan
enkante honen baldintzak deskribatzen dira.

3- Beste herriekin mugak. Mugak noiz eta ze baldintzapean aztertu behar diren.

Bistan
da beraz, XVI mendeko Udal Ordenantzen helburua guztiz praktikoa zela,
udal karguen eta ondasunen kudeaketaz arduratzen bait zen bereziki.
Aurrerago erakutsiko dizuegu ordenantza hauek nola joan ziren aldatzen,
XIX mendeko kutsu moralista hartu arte.

Amagoia Piá

Bloga

Villabonako armarria

Villabonako udal artxiboan berri asko eta interesante dago. Gaur aurkezten duguna, baina, bereziki erakargarria da. Gainera, ez dira Gipuzkoan asko horrelako espedienterik duten herriak. Villabona-Amasako armarriaren ziurtagiriari buruz ari gera. Ziurtagiri hau ez da edonolakoa, 1671 urtean egindakoa bait da. Bertan idatziz jaso ziren bere ezaugarriak (bai armarria, eta baita Gipuzkoa eta Villabonaren hainbat berezitasun ere) eta eskuz marraztu zer armarri koloreduna.Guzti hau pergaminoak eginik dago eta marrazkia babesteko oihal bat josi zioten. Juan Mendoza, Carlos II erregearen kronista zenak egin zuen lan guztia.

Marrazkian ikusten degu ohiko armarria, hau da, zuhaitz bat zelaian eta inguruan bost lore (lis loreak), guzti honen atzean lumaz beteriko kasko bat dago (gudarako erabiltzen ziren Erdi Aroko kasko haundi horietakoa) eta hau lauki batean sartua. Lauki hori inguratuz gudarako erabiltzen diren tresna ugari marrazti zituen: jantziak, ezkutuak, armak, kainoiak, danborrak,…). Ikusgarria benetan.

Armarriaren esanahiari buruz, deskribapenean diotenez: “…manifiesta su antiguedad la qual segun las leyes araldicas espresamente representa el arbol siendo simbolo de ella (antigüedad) y de duración, como las flores de lis el interes que enseña las victorias de franceses tubieron sus arrestos y operaciones valerosas, y el campo de oro en que todo esta colocado el poder, la constacia, el acierto y la nobleza que sucesivamente en ellas se manifesto…”

Testuan ugariak eta kuriosoak dira Gipuzkoa eta euskararen historiaren inguruan egindako deskribapenak, baina hauek aztertzen gehiegi luzatuko ginateke eta ez da gure helburua espediente honen ikerketa zehatza egitea baizik eta herritarrei artxiboan bertan ikusi daitezkeen bitxiak ezagutaraztea. Honengatik, amaituko dugu azken datu bitxi bat kontatuaz. Zertarako egiten ziren ziurtagiri hauek?”…y para que conste que de las referidas armas puede usar la villa de Villabona provinçia de Guipuzcoa poniendolas en sus sellos, anillos, reposteros, tapices, pinturas, casas, portadas, capillas y en todas las demas partes y alhajas que les convenga…”.

Amagoia Piá

Bloga

Altxor txikiak berreskuratzen direnean

Hilabete hauetan Getariako artxiboa antolatu eta eguneratzeko lanetan murgilduta gabiltza. Paper eta kartoizko kaxa artean igerian. Horrelako lanetan aritzen garenean, noizean behin gertatu izan zaiguna gertatu zaigu oraingoan ere. Kaxa batean gordeta zegoen altxor txiki bat berreskuratu dugu. Altxor grafiko bat.

Kristalezko 13 negatibo eta 20 bat fotograbatu agertu dira artxiboan gordeta. Toki desberdinetako argazkiak dira, tartean Getariako eta Pasaiako badiako zenbait argazki zahar eta oraindik identifikatu gabeko beste batzuk. Udaletxean bazuten negatibo hauen berri eta guk orain digitalizatzeko ardura hartu dugu.

Negatiboak Don Federico Olive Prieto herriko botikaria izan zenarenak direla jakin dugu. Federico Madriletik etorri zen 1910 inguruan eta herriko botikaren ardura hartu zuen. Itxuraz argazkizale amorratua zen, argazki ugari egiten dituzten horietarikoa. Bera hil zenean, 1949 urtean, Jose Domingo eta Fermin Olascoaga Rotetak botikariak alokatua zuen etxeko garbiketa egin eta bertako trasteak zabortegira eraman zituzten. Hala ere, bertan bota zituztenean, pilatutako traste guzti haien artean, diztira egiten zuen zerbait zegoela konturatu ziren. Gerturatu eta orduan ikusi zuten diztira hura kristalezko negatibo eta fotograbatuek sortzen zutela. Gordetzeak pena merezi zuela pentsatu, topatutako guztiak bildu eta udaletxera eraman zituzten bertan gorde zitezen. Ordutik artxiboko kaxa batean egon dira gordeta.

Oihana Artetxe

Bloga

Kale izendapena

Pertsonek izenak jartzen ditugu inguratzen gaituena bereizteko. Pertsonak izendatzen ditugu, objetuak, animaliak eta baita kaleak ere. Hiribildua osatzen zuten kaleak aspaldi izendatuko zituzten zumaiarrek eta herria hazten joan den heinean kale eta izendapen berriak sortuz joan dira. Baina noiz hartu zen kaleak errotulatzeko lehen erabakia?

Herriko kale izenak, kale bakoitzeko etxe kopurua eta baserriak identifikatu eta errotulatzeko erabakia 1856ko abenduaren 19ko errege-aginduaren ondorio izan zen. Artxiboan gordetzen den 1859ko martxoaren 27ko agiri batek garai hartako Zumaiaren berri ematen digu. Alde betetik, kaleak errotulatzeko garaian emandako izenak jasotzen dira; bestetik, kale hauek izendatzen diren lehen aldia den, aurretik berdin izendatzen ziren edota izena aldatu zaien adierazten du. Azkenik, kale bakoitzean zenbat etxe zeuden agertzen da*:

Izen berria (1859)

Izen zaharra (<1859) Etxe kopurua

Plaza Mayor

Plaza Mayor

8

Subida Arridoquieta

Barrio de Eizaguirre

13

Calle de San José

Barrio de San José

11

Barrio de Odieta

Barrio de Odieta

12

Travesía de la Carnicería

Aurretik ez zuen izenik

1

Calle Zumbillo

Calle Zumbillo

6

Calle de la Carnicería

Albizucoa

14

Calle del Secretario

Calle del Secretario

5

Plazuela de San Juan

Aurretik ez zuen izenik

5

Calle Mayor

Calle Mayor

10

Calle Nueva

Calle Nueva

9

Calle San Telmo

Zubi-aurre

13

Paseo del Muelle

Aurretik ez zuen izenik

8

Calle del Puerto

Aurretik ez zuen izenik

13

Travesía de San Pedro

Buelta a la Calle de Iglesia

3

Calle de la Rivera

Aurretik ez zuen izenik

9

Travesía de la Aduana

Aurretik ez zuen izenik

3

Feligresías y caserios en despoblado

Barrios de Oiquina y Artadi y caserios de esta villa

67

*1859ko dokumentuan oinarritutako taula. Kale izenak dokumentuan agertzen diren bezela jaso dira.

1856ko Zumaiako isla den zerrenda hau ikusita, garai hartan herrian 210 etxe zeudela jakin daiteke, 143 herrigunean eta 67 Artadi eta Oikia auzoetako etxeak eta herriaren lurretan zeuden baserriak kontutan hartuta.

Aipatutako dokumentuak Zumaiako lehen kale errotulazioaren berri ematen digu, baina ez da gai honen inguruko dokumentu bakarra. 1896ko abenduaren 3ko beste dokumentu batek herriko kaleak euskaraz eta gaztelaniaz errotulatzeko erabakiaren berri ematen du. Bertan, euskara sustatzea helburu zuen “Consistorio de Juegos Florales” delakoak abenduaren 20rako herri bakoitzeko kale izendegiaren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak prestatzeko agindua zabaldu zuen. Zumaiarrek Domingo Agirre jauna izendatu zuten herriko kale izendegia euskaratzeko. Kontsultatutako agirietan ez dugu errotulazio elebidun honi buruzko izen zerrendarik topatu, baina argi dago egitasmoak aurrera jarraitu zuela. 1897ko maiatzaren bukarean kale izen berriak jartzeko aurrekontua onartu zen eta uztailaren hasieran Paulino Elejalderi 206,40 peseta ordaindu zitzaizkion errotulatzeko materialarengatik. Beraz, Zumaiako kaleak urte horretako ekainean errotulatu ziren euskaraz lehen aldiz.

Oihana Artetxe

Bloga

Herriko memoria industriala berreskuratzen

Tarte hau Zumaiako artxiboan aurki daiteken informazio oparoaz aritzeko erabili izan dugu. Zumaiako historia gordetzen duten liburu eta orri horiek eman dezaketen informazioaren erakusleiho bezala. Bertan gordeak dauden dokumentuetan murgildu, igerian egin eta lerro hauek beteko dituzten altxor txikien bila ibiltzen gara horretarako.

Oraingoan, ordea, ez gara gu izan artxiboan murgilduta ibili garenok herriko historiaren sarea josten duten harien korapiloak askatuz. Kalean ibili bazarete, konturatuko zineten herriko zenbait txokoetan informazioz beteriko panel berriak jarri direla. Herriaren iragan industrialaren erakusgarri izan nahi duten 10 panel hain zuzen.

Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa (ZIIZ) izeneko herriko taldeak jarri ditu Udalaren eta Geoparkearen laguntzaz. Panel hauen helburua, gure hilabetekari xume honen antzera, herriaren iraganaren berri ematea da. Taldeak urte batzuk daramatza bertako industri ondarea ikertzen eta informazioa biltzen. Iturri desberdinak erabili dituzte horretarako; horien artean Zumaiako artxiboa ezinbestekoa izan da iragan industrial oparoa ezagutzeko.

Garena ulertzeko nondik gatozen ezagutzea ezinbestekoa dela esan ohi da sarritan. Ziur behin baino gehiagotan entzun dugula iragana ezagutu behar dela gertatutakoa berriro errepika ez dadin. Talde hau ondarearen balioaren eta herriaren memoria ez galtzearen garrantziaren jakitun da. Han eta hemen informazioa biltzeko ardura izateaz gain, informazio hori ezagutzera emateak duen garrantzia ere ezagutzen dute. ZIIZekoek jarri dituzten panelek Zumaiako iragan industriala ezagutzera eman eta ez ahazten laguntzen dute. Herriak azken urtetan bizi izan duen aldaketa nabarmenena gogora ekartzen dute. Harrigarria da paneletan agertzen diren argazkiak ikusi eta herria nola itxuraldatu den ikustea.

Pertsonak animalia sozialak gara. Taldean bizitzeko beharra dugu. Hau horrela, iragan pertsonal bat dugun bezala, ezin dugu ahaztu iragan kolektibo bat dugula. Gure familia eta arbasoen argazki eta dokumentuak maitasunez gordetzen ditugun bezala, artxiboetan gure iragan kolektiboaren dokumentu eta irudiak gordetzen direla konturatu behar gara. Bertako informazioak erakusten digu Zumaia nola iritsi den gaur egun ezagutzen dugun bezala izatera. Horregatik, familiako argazki eta dokumentuak baloratzen ditugun bezala baloratu beharko genituzke artxiboko agiriak ere.

Herrian kokatu diren panel hauek iraganaren zati bat argiztatu dute eta, besteak beste, Udal artxiboko dokumentuek gorde dezaketen informazioaren erakusle dira. Hemendik, Zumaiako artxibora gerturatu eta bertan gordetzen diren altxorrak deskubritzera animatu nahi zaituztegu. Familiako argazki albuma noizean behin berrikusten dugun bezala, noizean behin ere artxiboa bisitatzeko ohitura hartzera. Alzheimer kolektiboan erortzea saihesten duen pauso garrantzitsu bat ematera.

Oihana Artetxe

Bloga

Asteasuko emakumeen antzezlana

Asteasun ederki uztartu dituzte emakumeen eguna, historia, Udal
Artxiboko lanak eta berdintasun aldarrikapenak. Umore onez egin dute
gainera. Herriko Emakumeen Elkarteak antzezlan bat eskaini zuen atzo
Asteasuko hainbat emakumeren gertakizunak kontatuaz indarkeriaren eta
desberdintasunen aurkako borrokan beren zatitxoa jartzeko. Horretarako
Udal Artxibora jo zuten benetako gertakizunak ikusi nahian eta
topatutakoen artean hautatuetako bat, nola ez, gure emakume bertsolarien
istorioa. Hona hemen guzti honen emaitzaren zati bat.

Bloga

A modo de historia: Calcinor

El
Grupo Calcinor S.L. ha confiado en Ereiten para poner en tinta su
pasado. Esta empresa minera de capital familiar, líder en la fabricación
de cal y sus derivados y presente en 3 continentes, ante el cambio
generacional en su dirección ha decidido la salvaguarda de un importante
activo en su capital, el pasado.

Conocer
los avatares de la empresa ha supuesto dar voz a sus antiguos
empleados, bucear en los recuerdos de sus dirigentes, recuperar
documentación y elementos gráficos, conocer diferentes culturas
empresariales, pero sobre todo, ha sido una forma activa de reflexionar
sobre sus aciertos y fracasos.

Una
historia de éxito empresarial que comienza en la década de los 50 del
siglo pasado desde unos modestos inicios, vinculados a la construcción y
la minería de cal, pero que supo ver las oportunidades que alumbraba el
crecimiento industrial vasco.

Visión
de futuro, apuesta por la tecnología más puntera en cada momento y
creencia en las posibilidades del equipo humano han sido los pilares que
desde la década de los 70 han permitido a esta empresa posicionarse en
lo más alto de su actividad industrial.

Igualmente
es importante señalar la clara vocación de reinversión del beneficio en
aras de implementar constantes mejoras en el equipamiento e
infraestructura industrial independientemente de los ciclos económicos
atendiendo a que los planes industriales obedecen a decisiones
estratégicas a medio y largo plazo.

Pero
Grupo Calcinor, S.L. es mucho más que esto. Como sociedad con vocación
de liderar su segmento industrial atendiendo siempre las necesidades de
sus clientes ha ido ampliando su actividad calera añadiendo otras líneas
de producción (ladrillos refractarios, hormigón, asfalto y
pavimentación, carbonato cálcico precipitado…) que amplían el abanico de
productos disponibles en el mercado.

Una
empresa viva determina una historia abierta, sin concluir. Las líneas
que vendrán a continuación nos son desconocidas. Pero si el conocimiento
del pasado tiene algún valor más allá de la mera erudición es el
trasladar información que deviene en instrumento de decisión que no por
intangible signifique que deba ser rechazada. Al contrario. Hoy más que
nunca es necesario disponer del conocimiento de diferentes modelos sobre
el que articular las decisiones.

Juan Carlos Mora

Bloga

Sus laborales

Iritsi
da aurtengo martxoaren 8a, emakumeok gure baldintza eta eskubideak
aldarrikatzeko eguna. Iritsiko da ere aldarrikapenerako beharrean, egun
hori ospakizunerako erabiliko dugun tenorea. Noizbait. Baina bitartean,
egun honetan, emakumeen aurka egiten diren gutxiespen, kalte, eraso eta
bestelako asko salatzeko erabiltzen jarraitu beharko dugu. Eta Asteasuko
Udal artxiboan, oraingo honetan, hezkuntzaren arlotik jotzea erabaki
dugu.

Garai
batean, Udal Eskolako irakasleek haurrei erakatsi beharrekoen materien
nondik norakoak Udalari jakinarazten zien. Garai haietan eskolak bitan
zatituak zeuden: neskak alde batetik eta mutilak bestetik. Posible
bazen, eskola bitan zatitzen zen eta bi sarrera desberdin zeuden
bakoitzarentzat. Bestela bi eraikin erabiltzen ziren. Irakasleak ere
horrela banatzen zituzten: emakume bat nesken eskolan eta gizonezko bat
mutikoen eskolan.

Hau berez larria dela iruditzen zaigu, haurrek txikitatik ikusten baitute beste sexukoa desberdin eta “ukiezin” bezala.
Baina are larriagoa da kontutan hartzen badugu eskola bietan ematen zen
materia oso bestelakoa. Askotan entzun diegu gure amonei josten,
brodatzen, barrenak hartzen,… eskolan ikasi zutela. Gure aitonei ez.

Gure
artxiboan ikusi ditzakegu 1896-1898 urteetan eskolan ikasten ziren
materien nondik norakoak. Neskek erlijioa, geografia, matematika,
irakurketa, eta gramatika materia orokorrak ikasten zituzten, beti ere
mutikoek baino maila baxuagoan. Gainera, mutikoek nekazaritza eta
ekonomia orokorreko materiak ikasten zituzten bitartean, neskek
“Economia” izeneko ikasgaia ere bazuten. Baina bertan ikasi beharreko
ikasgaiak oso bestelakoak ziren. Besteak beste: “qué importancia tiene
en la familia el ama de casa”, “qué debe hacerse en cada uno de los días
de la semana”, “hay necesidad de madrugar?”, “¿qué debe hacer el ama así que se levante”… Galdera hauei erantzun emateko honako liburu hau erabiltzen zuten.

Hezkuntza
mota honen ondorioa da, gaur, egun hori aldarrikatu behar dugula.
Beraz, oraingo haurrek jasotzen duten hezkuntza egokitzea eta zuzentzea
beharrezkoa dira etorkizunean ospakizun bihurtu dezagun.

Amagoia Piá

Irudia: http://historiadelafamiliaarrando.blogspot.com.es