Category: <span>Bloga</span>

Bloga

Elkanoren izenean hiribildua biziberritzen

Aski ezaguna da Getaria munduari bira ematen
lehena izan zen itsasgizonaren sorterria dela. Juan Sebastian Elkano zenaren
presentzia etengabea da Gipuzkoako kostaldeko herri honetan. Elkano izeneko
kale, jatetxe eta arrantzale-kofradia; pertsonaiaren bi estatua eta monumentua;
bere jaiotetxea non zegoen adierazten duen plaka… Baina bada lau urtetik behin
errepikatzen den eta munduaren lehen zirkumnabigazioarekin lotura duen ekintza
bat ere. Itsasgizonaren memoria harriaren zurruntasunetik aldendu eta bizirik
mantentzeko ahaleginean edo, 1522an Victoria naoa San Lucar de Barrameda-ko
portura iritsi zeneko momentua antzezten dute Getariako herritarrek. Noiztik
egiten da ordea Elkanoren Lehorreratzea?

1922ko Irailaren 6an, Magallaesek hasi eta
Elkanok bukatu zuen espedizioaren IV. mendeurrena betetzen zen. Data
esanguratsu hori gogora ekartzeko eta herriko seme den itsasgizon handia
goresteko nahiak, egun horretan ospakizun berezi bat antolatzera bultzatu
zituen Getariarrak. Elkanoren izena nazioartean goraipatzeko asmoz ekintza
sorta bat antolatu zen eta bertako eta atzerriko erakunde eta pentsonaia
entzutetsuei bertaratzeko gonbidapena luzatu zitzaien. Programaturiko ekintzen
artean Elkanoren desfilea zegoen, hori izan zen Elkanoren Lehorreratzea
antzeztu zen lehen aldia.

Egun berean, Elkanoren Monumentua bezala
ezagutzen den eraikinaren lehen harria jarri zen eta Ramón de Cortazar, Casa
Torres-eko Markesa, Ignacio Zuloaga eta Elias Salaberria herriko semetzako
izendatu zituzten, besteak beste. Ospakizun hauetan, Alfonso de Churruca jauna
izan zen, Getariako udaletxearen eta mendeurrenaren batzordearen izenean,
gonbidatuen aurrean hitz egiteaz arduratu zena.

Lehen Elkanoren festa hau ezin hobeto joan
zela dirudi. Izan ere, festaren biharamunean eginiko udal batzarrean baloraketa
oso positiboa egin zen. Pozik azaldu ziren Getariara mendeurrena ospatzera
etorri ziren pertsona eta ordezkaritzak ikusita, tartean Espainiako Erregeak
eta munduko potentzia garrantzitsuenen itsas ordezkaritzak.

Festaren prestakuntza, ordea, 1919. urte
inguruan hasi zen. Donostian ohorezko batzorde bat eta zuzendaritza batzorde
bat osatu ziren eta Elkanoren urteurrena ospatzeko batzordetarako ordezkariak
aukeratu ziren Getarian. Hauek festaren egitaraua zehazteaz eta hori gauzatzeko
beharrezkoa zen dirua lortzeaz arduratu ziren, besteak beste. Baina Elkanoren
festa egituratzeaz gain, Getariarrek herrian zenbait hobekuntza egiteko aukera
paregabea ikusi zuten IV. mendeurrenaren antolakuntza aitzaki. Aipatzekoa da
ospakizunak antolatzeko lortu zuten diru laguntzaren zati bat herrian zenbait
obra eta berrikuntza egiteko aprobetxatu zela. Hau horrela, 1922ko uztailean,
batzordeko idazkari nagusia zen Ramon Luis de Camio jaunak, mendeurrena
ospatzeko Getariako udaletxea egokitzeko beharra azaldu zuen. Udaletxeari beste
eraikin bat gehitzea zen asmoa, eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldunditik eta
Estatutik jasotako dirulaguntzak baliatzea adostu zuten. 50 urte beranduago
ere, 1972ko Elkanoren festa antolatu zenean, Getariarrek antzeko zerbait egin
zuten. Oraingo honetan, aukera udaletxe zahar eta berrian zenbait berrikuntza
egiteko eta Elkanoren Monumentuan zenbait aldaketa burutzeko baliatu zuten. Hau
ikusirik eta V. mendeurrena begien bistan dagoen honetan, zer izango dute esku
artean Getariarrek?

Oihana Artetxe

Bloga

Espetxealdiko liburuak

Hau da ene ondasun guztia

Daitort. Ez dut liburua amaitu. Hasi baino ez. Baina aurrera atzera ibili dut. Ta, nola esan? Zirraragarria. Urduritasuna.

Daitort. Lotsa ere badut, une batez poza ere sentitu dudalako. Poza espetxean idatzitako liburu batean aipatua izanagatik?

Zer egingo diogu ba.

Nire alde esan behar dut: Dut, Laboa, Gantzarain, Anestesia, Kuraia, No time for love, Ama Say, Rosencof, Sarrionandia … hauen ondoan nork bere izena ikustea egoa puzten du. Elkarrekin aipatzeak argi-urteak murrizten ez baditu ere.

Bale. Autokonplazentzia. Aitortza eta lotsa. Berehala, baina, garuna eta odola bor-bor.

Próxima estación esperanza

Ormazabal Esperantza pilotalekutik eramandako gazteetako bat izan zen. Gure etorkizunak inoiz jasandako kolperik latzena, latzenetarikoa. 2007ko otsailean. Esajeratua? Bakoitzaren balore eskalaren arabera. Urte askotako garapena, bilakaera, eredu berri baten urratsak ziren. Eta gizartean ekintzaile politikoak izango ziren asko 6 urteko zulo batean sartu zituzten. Bakoitzak jakingo du ezintasuna eta amorrua noiz sentitu duen. Nik badakit.

Multi Viral

2007ko otsailean Ormazabalek aipatzen duen liburua, doktorego-tesia, aurkeztear nengoen. Patua edo kasualitate ergela. Batek daki. 2007ko otsailetik aurrera bakoitzari egokitu bidea ezin alderatu.

Preso egon denaren gogoa

Ordea, ez da Kasualitatea esaldi horrek liburuari hasiera ematea. Hori horrela da. Gogoa hara itzultzen zaigunoi badakigu. Egonaldia laburra izanagatik ere, hara bueltatzen da gogoa.

Ormazabalek aipatzen duen eta nik sinatzen dudan liburua horren isla da. Ormazabalek bere liburua idatzi izana horren isla da.

1993an Alvaro Reizabalek “En estas casas ya se sabe” idatzi zutenetik ez dira gutxi espetxealdiaren kontura bota ditugun irri karkailak. Urberuaga edo Orbegozoren komikiek ere barre eta negarra bultzatzen dute aldi berean. Sarriren kartzela aldikoek Urainen estolda aldrebesatuak, Agirretarren ibilaldiek, zaharrek eta berriek, Antzaren absurdoak…

Ormazabalek, ordea, absurdo horri musikatik, literaturatik, eta batez ere irrazionala dena arrazoitzeko beharretik heltzen dio.

Monstruaren hezurdura

Berak baino egonaldi laburra eta ezberdina izan arren. Edo izanagatik. Ez dakit zerk bultzatu duen Ormazabal horrelako liburu ederra idazten. Ederra eta (inplizitoki bada ere) Espetxea esaldi berean: oximoron.

Ez dakit etxekoen sostenguagatik, aitaren harrotasunagatik, agian berak ere Juancarri zor ziolako,… ez dakit. Ez dakit kaiola hartan bere burua ikustean kaiolak egitea zeini eta zergatik otu zitzaion berari ere otu zitzaion. Edo espetxeak denboran eta gizarteetan zehar unibertsalak ote ziren bere buruari galdetu zion. Ez dakit.

Baina gogoa hara itzultzen denez, eta han zer pairatu daiteken, eta egoera irrazional hori arrazional bihurtzeko beharrak nola bultzatzen zaituen…

Halere, Martutenen hartutako erabakia zerbaiterako balio du. Gazte batek liburu bat idazten laguntzeko balio izan du lehen espetxealdi hark. Zirkulu intelektualoidetik at izan du oihartzuna. Lagun bati bizi zuen bizi-pena ulertzen lagundu diola pentsatzen dut. Horrek poza ematen du. Egundokoa.

Alta kalean eta lidergoan behar zuen… Horrek mina ematen du. Itzela.

No más presos

Lasaitu naiz. Liburuarekin gozatzen segituko dut. Mila esker Markel.

David Zapirain

Bloga

Esperantza

Uda hastear dago. Argitsu dago Udaleko udalbatzarren gela. Gainera, estropadetan irabazitako banderek antzerki itxura ematen diote.

Han egongo al dira bandera zaharrak? 1896koak, esate baterako?

Arregiren agindupean arraun egin zuten Basurto, Azkue, Alberdi, Urreta, Oliden, Aizpurua, Ezenarro, Silveti, Irigoien eta Manterolak irabazitakoak?

“Esperantza” ontziak ez al zuen arrastorik utzi gure artxiboan? Posible al da 1896ko irailean Kontxa eta Bilbo (eta Portugalete) jarraian irabazitako banderek ez al dute aipurik merezi gure udal aktetan?

Ez zen ba jai txikia antolatu herrian 1896ko iraila hartan. Bi aldiz ere ospatu egin zituzten garaipenak: irabazi ondoko musika, sua… Jai nagusia hilaren 20an: herriko bazkaria, diana, musika banda (Zumaia ala Zarautzen lortu beharrekoa), suziriak, su artifizialak,… Donostian irabazitako 1000 pezeta non xahutuko zituzten arrantzale haiek? Arregi beraren tabernan agian?

Bandera Udalari oparitu zioten, irailean 9an hala egin zuten. Bilatuko dugu banderen artean, banan bana. Aurkituko al dugu?

Beharbada, ustekabean, artxiboko txoko batean, Bilbon irabazitakoa topatuko dugu; zain, arrantzale haiek lortutako balentria neskek irabazitako bandera berrien ondoan paratzeko zain.

Arrantzaleek. Neskak. Denbora ez da alferrik pasa. Artxiboa geratzen zaigu.

David Zapirain


*Irudia: getaria.net

Bloga

Zarautzen turista izan gara

Erronka ez zen makala. Gure kostaldeko herri bisitatuenetariko bat hartu eta turismoaren inguruan dituzten kexak aztertu.

Hori egiteko, noski, laguntza beharko. CICtourGUNE bidelagun.

Hausnarketa ez da makala izan. Arrakastatsua ematen duen eredua ahula ez ote den galdetzeraino.

Arrakasta
ezin da zenbakiekin parekatu, bisita kopuru altuekin, hain zuzen ere.
Bisitariak ez baditugu lurralde garapeneko zati bihurtzen, bisitariek
ez badituzte guk komunikatu nahi ditugun baloreak bereganatzen (edo
sikiera entzuten!), bisitari gehienek gure lurraren zati bera betetzen
badute… asko izan arren, asko izanagatik, guretzat kalte.

Horregatik,
bi norabidetako lana bilakatu da. Epe motzean, egoera aztertu,
ulertu, tokiko eragileen kezkak eta ideiak jaso,… eta berehalako
erantzuna proposatu. Bigarrena, ordea, CICtourGUNEn esku geratuko da:
hemen ikasitakoa Gipuzkoa osoari (EH osoari) eragiten diolakoan.

Bloga

Harriak

Herrian zehar paseatzeak ustekabeak ematen ditu. Txio sortari hasiera eman dion argazkia lekuko. Harri horiek buruan, Luzuriagako langileei buruzko liburua gogoan. Orduan idatzitakoa eta liburu bera errekuperatzea otu zaigu. Honatx.

Der Bilbao-Song idatzi eta urte batzuetara, Bertold Brechtek Langile baten galderak liburu baten aurrean (Fragen eines lesenden Arbeiters) 1930eko hamarraldian idatzi zuenean ez zuen galdetu zeinek egina zen Kontxako baranda ospetsua: Liburuetan Errege izenik baizik ez da ageri. Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar handiak?… Lima distirant hura eraiki zuten langileak, ze etxetan bizi ote ziren? Txinako Harresia bukatu zen iluntzean: nora jo zuten harginek?… Hamar urtez behin gizon handi bat. Nork ordaintzen zituen haren gastuak?… Laboak gerturatu zizkigun galdera horien artean, ordea, baluke lekurik beste hark. Galdera-erantzunak Historia bezainbeste dira eta. Galde-erantzunetan eta langileen Historian datza, hain zuzen ere, liburu honen muina.

Erantzunak emateko, baina, milaka langile, mila istorio dugu. Ezinbestean, bizipen asko gelditzen dira jaso gabe, bildutakoak baino apalagoak akaso, baina hauek bezain interesgarriak. Hor dugu, bistan dena, lan ildo bat urratua. Beste bat gehiago. Hautaketa beharrezkoa zen. Emaitza ikusgarria izan da. Garai baten lekukotasuna, langileen kulturaren ereduak.

Hemen jasotako historia pertsonal batzuek, denek ez esatearren, beste mundu batekoak dirudite. Egun nagusi dugun espekulazioaren ekonomia amoral mundu honetakoak ez dira bederen. Aitzitik, lanaren kulturakoak dira. Gizonek eta emakumeek gauza praktikoak ekoizten zituzten orduan. Balorea eta balioa zuten gauzak. Hauetako lan batzuk mitologiatik ateratako izaki erraldoiek egin zituztela ematen badu ere gure aiton-amonek, gure gurasoek egin zituzten, liburua irakurri ahala ikusiko dugun bezala. Bai, Kontxako baranda eta beste anitz.

Gipuzkoako kostaldean Pasaia salbuespena izan da urteotan. Hiria, ezen ez herria. Industriala, ezen ez tradizionala. XX. mendearen hasieran abiatu zen eraldaketa industrialak gizarte modernoa sortu zuen; eta XX. mendeko garairik ilunenetan argi izpia ez zen amatatu. Alderantziz, badiaren inguruko dinamoek argi hori indartu baino ez zuten egiten. Eta horrekin batera, dinamoez arduratzen ziren gizon-emakumeak. Industriala baita gure ondarea, gure nortasuna. Onerako eta txarrerako.

Erantzunak onak, apasionatuak, ikusgarriak badira ere, galderak ez dira makalak. Oakley Hall-ek esana, Egiaren berri ematea fikzioaren lana da. Eta Koldo Izagirreren fikziozko lanaren atzean egia, errealitatea, dago. Askotan, gainera, Pasaian kokatua. Oraingo honetakoa, baina, ez da fikzioa, askotan hala irudituko zaigun arren. Gertatuak dira. Ez urrutiko jendearenak, oso gertuko senide eta lagunenak baizik. Haien ahotsa da jarraian duguna, zuzenean jasoa, lanaz, politikaz eta bizitzaz.


David Zapirain

Iturria: Luzuriaga: voz y vida obrera, hogeitabost lekukotasun

Bloga

Zubimusuk badu beste altxor bat

Villabona eta Zizurkil batzen dituen Zubimusu izeneko zubiak baditu 3 begi. Gaur egun bi bakarrik dira arku erdikoak, baina garai batean hiruak ziren horrelakoak. Harrizkoa, antzinakoa, oso garrantzitsua bi herrientzat, baita ingurukoentzat,… Tira, ongi xamar ezagutzen ditugu zubi horren ezaugarri eta berezitasunak. Bestalde, erantsi dezakegu askotxo izan direla jasan dituen kalte eta berrikuntzak.

Hauetatik bat bereiztu nahi dugu, 1847 urtean egin zitzaiona, bere egoera oso txarra eta arriskutsua omen zen herritarrentzako eta nahitaezkoa zen berrikuntza bat egitea. Honela ba, artxiboan dugun espedientea ikusitakoaren arabera (1092-10), eskuhartze potoloetako bat egitea erabaki zen.

Horretarako Pedro Nolasko Telleria arkitektua kontratatu zen. Honek proiektua eta aurrekontua prestatu zituen. 20860 Real gastatuko ziren arku nagusiko dobelak kendu eta berriak jarri, harri-hormarako betelanak egin eta kareletako harlanduzko materialak jartzen. Bi Udalek Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntza eskatu zuten hain gastu haundiari aurre egiteko.

Proiektuaren plano bakarra gorde da gaur egun arte. Bertan ikusten da obra guztia egin ahal izateko erabiliko den zinbria izeneko estrukturaren kokapena, honen lana zen arkua osorik mantentzea obrak egin bitartean eta bere kabuz eusteko gai den arte. Plano hau benetan ederra da, txikia, folio baten neurrikoa, baina ederra. Eskuz egina dago, tinta beltza eta grisa erabiliaz. Eskala oinetan (pies) dago eta langileek erabiliko duten aldamioaren kokapena ere zehazten du.

Esan beharra dugu arkitektu honek (Pedro Nolasko) diseinatu zuela urte batzuk lehenago udaletxearen gorputz nagusia gaur egun ezagutzen dugun bezala. Baina hori beste egun batean erakutsiko dugu.

Amagoia Piá

Bloga

Apirila

Iñigo Aranbarriren nobela berria da Apirila.
Interesantea izateaz gain, liburua bikaina da. Bizia, gordina. Bukatu
arte ezin askatu horietakoa. Idazleak zenbat gauza kontatu dituen
pentsatzen uzten duen horietakoa.

Historialariok egin ez duguna egin du Aranbarrik. Gure lana zertarako balio duen ere gogoratu digu.

Ez
da txikia 1766ko matxinoek narrazioan duten tartea. Izan ere,
neoliberalismoaren gordintasuna hobeto ulertzeko liberalismoaren
hasierara jo du Aranbarrik. Aranbarrik erabilitako dokumentazioaren
artean, aspaldian topatu eta aipatu genuen euskarazko testu bat dago.
Eskutitz bat da: jauntxo batek jasotako jipoia kontatzen zuen; eta
horren ildotik aleen prezioa jaisteko eskatzen zien lagunei, badaezpada.

Honetan
ere, Aranbarri ohartu zen gu oharkabean pasatzen utzitako datua.
Eskutitza matxinadak eztanda egin baino lehen idatzia zen!

Irakatsitako historia hiltzaileek idatzi zuten. Eta ikasi genuena sinetsi ere egin genuen.

https://www.youtube.com/watch?v=rYajweIwqxI&feature=kp

Hiltzaileek. Edo izainek.

David Zapirain

Bloga

Elkarrizketan: Nikanor Lertxundi

Udalaren ekimenez hilero artxiboari buruzko berri bat argitaratzen da Artzape aldizkarian. Egindako lana errepasatzeko une aproposa dela pentsatzen dugu. Horretarako, Getariako alkate Nikanor Lertxundi elkarrizketatu dugu.

Zergatik hileko artxiboaren berri bat?

Gipuzkoako historian toki esanguratsua da Getaria. Hainbat pasarte garrantzitsu eman ziren gurean. Artxiboan baino, oso berri historiko dugu, hainbatetan erre egin zuten eta. Hutsune hori konpontze nahian eta, era berean, artxiboak ere funtzio sozial bat duela aldarrikatzeko, gure artxibo historikoa zaintzen laguntzen digun Ereiten enpresaren ideia ontzat eman genuen: artxiboko berria argitaratzea hilean behin, hain zuzen ere.

Artxiboak ba al du funtzio soziala?

Bai noski. Artxiboa Udaletxearen memoria da. Udaletxearena ez ezik, Udalarena esango nuke nik. Artxiboak gure jarduna gordetzen du. Urteak joan urteak etorri, alkateak joan alkateak etorri, funtzionarioak jubilatu ahala… artxiboan geratzen da dena jasota. Eskubideak eta bete beharrak bermatzen ditu. Ezinbestekoa da egunerako kudeaketa. Horregatik, egindakoaren berri ematen duelako, nolakoak izan garen islatzen du. Egungo egoera ulertzeko ezinbestekoa da. Ondorioz, talaia ona da aurrera begiratzeko. Datu asko ematen digu gure izaera komunikatzeko, kultura lantzeko, aisialdian erabiltzeko…

Historiarekin lotzen gaitu beraz?

Bai, baina horrek ez du esan nahi egindakoagatik kondenatuta gaudenik. Getariako Udalak egin duena hor dago jasoa. Getariako Udalak edo Getariako auzotarrek egin nahi dutena, baina, ez dago inon jasoa. Hori guk erabakiko dugu gure beharren arabera, gure aurrekoek egin zuten bezala: unean uneko erabakiak hartzea.

Hileko berri hau da artxiboan egindako lan bakarra?

Ez, ez. Gure artxiboa informatizatuta dago (ikusten? Historian zehar inoiz ez da horrelakorik izan, noski!), eguneratuta eta ondo gordeta. Udal aktak, adibidez, interneten bidez daude eskuragarri, www.getariakoartxiboa.net helbidean. Digitalizatzea ez ezik, edukiak ere deskribatu egin ditugu, bilaketak egin ahal izateko. Aurten, gainera, Getariari buruzko Angel Gorostidi Gelbentzuren eskuizkribua ere digitalizatu dugu. Jaurlaritzaren eta Aldundiaren diru laguntzak probestu ditugu horretarako.

Bloga

Zumaiako Alondegia

Alondegia dugu Zumaiako kulturaren ikurretako bat. Eraikin modernoa, adimentsua deitzen den horietakoa. Behar bada ohituraren poderioz toki arrunta irudituko zaigu jada. Nahiz eta azken solairuan dugun atalaia ohitura betikotzeko modukoa izan.

Alondegia, berez, kultur etxe, liburutegi, bilgune, mediateka, lantoki, Oxford, erakusketa aretoa… dugu.

Alondegia bat, baina, zer da?

Izan ere, horrekin ere, izenarekin ere, ohitu gara. Eta honetan izenak eta erabilerak jatorrizko funtzioa estali dute. Izenak, noski, arabiera du jatorria eta bere funtzioa biltegiarena zen. Zumaian biltegi honen funtzioa itsas lanakin lotu behar dugu. Biltegia eta hornidura udalaren ardura izanik, udaletxean zegoen jatorrizko alondegia.

Eraikin bikain hau, baina, XIX. mendearen amaieran eraiki zen. Bikaintasun honi esker, biltegia ez ezik eskola, maisu-maestren etxebizitza, telegrafo eta bestelako erabilerak atertu zituen hasieratik. Artean, udalak gelak alokatzeko eta, ondorioz, diru sarrerak lortzeko erabili zuen ere.

Kultur Etxearen kontzeptua berria, garaikidea, bada ere, jada 1892an udal liburutegia kokatu zen bertan.

Hortaz, kultura biltegiratzea eta hedatzea dugu ere biltegi berezi honen aleen artean. Eraiki eta 120 urte beranduago.

Azkenik ezin aipatu gabe utzi Sebastian Kamio arkitektoa.
XIX. mendearen bukaerako industria aroak aurrera egin ahala, Gipuzkoako herriek
behar berriak izan zituzten. Arkitekto ugari aritu zen herriz herrietako ekipamendu
berriak egiten. Ekipamendu deitzen diegu gaur: eskola, azoka, biltegi,
lantegi… gutxi ezagutzen ditugu arkitekto horiek. Gainera, hauek egindako
erakinak gutxiesteko joera dugu, ez baitziren ikusgarri. Ez bederen hiri
handietan egiten zirenen modukoak. Kamioren lanak Andoainen (alondegia,
eskolak) eta Pasaian (hiltegia) topatu ditugu guk.

David Zapirain

Bloga

Mikel Lasaren ‘Bidai kaierak’

“Idaztea eta marraztea, gaua eta eguna bezain desberdinak dira niretzat”

Eta hau da erakusketa honetan barneratzean antzemango dugun lehena. Ezaguna dugun Mikel Lasa, hirorugeigarren hamarkadan Euskal olerkigintza berritu zuen humanista malenkoniatsua alde batera utziz, gure aurrean bizitasun eta alaitasunez beteriko Mikel Lasa margolaria azaltzen zaigu.

Erretiratu ostean betidaniko amets bat burutu ahal izan du olerkariak, eta honen lekuko, bizikletaz eginiko bidai ugariren 200 marrazki baino gehiago daude ikusgai Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan. Paretetan zehar aurrera egiten goazen heinean gu ere bidai hauen partaide bihurtzen gara. Frantziako akuarela paisaietan edo eta Gaztelako zelaiak marraztuak izan diren tren lehiatilen atzean geure burua imaginatuz, ikusleak turista bilakatzen gara.

Badago Mikel Lasaren olerkiak eta margolanak estu lotzen dituen zerbait ordea, eta honek bat-batekotasuna du izena. Deigarria gertatzen zaion zeozer ikustean, segituan sortzeari ekiten dio Mikelek, inongo akatsik zuzendu gabe, azkartasun honek dakartzan hutsak onartuz, baina aldi berean honek lanari ematen dion freskotasuna kontuan hartuz.

Olerkariaren bidai hauek ez dira bidai fisikoak soilik, intelektualak ere badira. Bidaiatu dituen lurralde desberdinetan zehar, Mikelek askotan bere artista eta idazle maitatuen pausuak jarraitu izan ditu. Honen adibide dira erakusketan aurkituko ditugun Probenzako St Remy herrian egindako marrazkiak, non Van Gogh-ek urte bete eman zuen ospitale psikiatrikoan sartuta. Honekin batera, idazle ezberdinei egindako erretratuak eta geometria diferentzialeko ilustrazio batzuk daude ikusgai, Mikel Lasaren bizitzaren zutabe izan diren marrazketa, idazketa eta matematika erakusketa honen baitan elkartuz.

Paula Estevez

*Irudia Koldo Mitxelena Kulturunea

Bloga

Bandoa euskaraz

Asteasuko Udal Artxiboa berriz ere euskararekin lotua agertzen zaigu. Aurrekoan bezala, gure lankide Amagoia Piá-k bertan egindako lanei esker gure eskura jarri digu aurreko mendeetako euskal hitz, esaldi, paragrafo edo testuak jasotzen dituen dokumentua. Aurrekoan ez bezala, aurkezten duguna garaikideagoa da. 1925eko apirilaren 5eko udalbatzarrean onartu zen bando bat, hain zuzen ere. Bertan, bost neurri aditzera ematen ziren, horietako batzuk aurreko mendeetan jakinarazten zirenen oso antzekoak, hala nola azienda edo txerriak kalean ibiltzea edo ur-zikinak lehioetatik behera kalera botatzea.

“BANDO
Erriya ontaco Alcate Jaunak jartzen ditu bertaco jendiaren jaquiñaren gañian bost gauza oyek:
1. Emendik aurrerá oso prohibituba izango dá errico placetan eta caletan leraquiñ carguetan ibiltzia.
2. Iñork ecarri biar badu errirá ó bialdu camporá material ó trunco aundiyak, placetan eta caletán pasatzeko biar du alcha lau curpillaren gañian, lurrik ez jotzeko moduan, camiyotan pasatzeiran bezela.
3. Modu berian prohibituba dago errico plazán petrallez barrendik sartzia gurdi, carro eta beste eocin coche clase, cargatuta edo utsik.
4. Ez dá permitithuco ere plaza eta plaza ingurutan ez ganarurik eta ez cherririk larrian.
5. Lenago esana dagon becela, eche ataritan prohibituba dago zapik jagoatzea eta ur ziquinak calea botatzea.
Gauza oitacon batian iñork faltatzen badu, jasoco du ordenanzak marcatzen duben multa.”

(Iturria: AUA, 280-2).

Dirudienez, oraindik ezezaguna ala oso ezaguna ez den dokumentua dugu. Horregatik, eta aurretik artxibo berean eskutan izan ditugun adibideak aintzat hartuz, testuinguru historikoari edo gaiari baino, interesgarria deritzogun beste gai baten inguruko hausnarketa egin nahi dugu. Beste behin ere, oraingo bandoak agerian uzten du gure hizkuntzaren aztarnak eta ezagueran sakontzeko, artxiboek gordetzen duten dokumentazioan murgiltzea ezinbestekoa dela. Horrek gure herriaren iragana ezagutzeaz gain, euskararen nondik norakoen berri emango digu, eta errealitatearekin zerikusia duten hipotesiak jorratzen lagundu.

Aurreko mendeetako dokumentazioak oraindik sorpresa handiak eman ditzake; Historiaz gain, baita Filologia eta Hizkuntzalaritza esparruetan ere. Horregatik, ezinbestekoa deritzogu arlo horietan lan egiten dutenek aurreko mendeetako eskrituren irakurketan duten hutsunea betetze aldera lan egitea. Honen bidez funts ezberdinetan gorde daitezkeen datu eskasak ikertzeko aukera handiagoa izango lukete, eta ez lituzkete filologiaz kanpoko irizipideak erabiltzen dituzten transkribaketak erabiliko. Ez dugu ahaztu behar askotan hauen helburua historikoa dela, filologikoa baino. Azken finean, formakuntza hobeak gaur egun hainbatetan azaltzen diren emaitzen partzialtasuna ekidingo luke. Honela, behin baino gehiagotan ikusten ditugun ustezko egiak edo frogatu gabeko hipotesiak alde batera utziko lirateke edo oinarri zientifiko handiagoa izango lukete.


Iago Irixoa

Bloga

Planoak ere, iraganaren irudi

Artxiboetan ez da dokumentazio idatzia gordetzen soilik. Herriaren iragana erakusten diguten beste hainbat iturri ere badira. Horien artean azpimarragarrienetakoak, ezbairik gabe garaian garaiko krokis, mapa, planoak dira. Batzuetan gaur egungo egoera islatzen dute; beste hainbatetan, aldiz, gure begien aurrean dugu herriak beste izan zuen itxura erakusten digute. Edonola ere, bai kasu batek zein besteak, aurreko hamarkada zein mendeetan eman den eraldaketa fisikoa neurtzeko oso erabilgarriak dira; zer esanik ez argazkirik ez zegoen garai baten inguruan direnean edota eraldaketa hori oso handia izan denean.

Horrek, geografia edo geologia arloetan ez ezik, Historian sakontzeko balio digu. Halako tresnek testu idatzietan hizki eta esaldien bidez deskribatzen diren gauzak hobeto ikusten laguntzen digute; honela, gure arbasoen eguneroko egoera, lana, bizitokia eta beste hainbat esparru era osatuago batean irudikatzeko aukera daukagu.

Plano ikusgarri honetan, Zumaiak XIX. mendearen bigarren erdialdean zuen itxura ageri zaigu. Ipar-hegoranzko bidea eginez, kostatik sartalderako bidea erakusten du, ibilaldia Urola ibaiaren bokalean dagoen hiribildutik hasiz eta Iraetaran amaituz.

Irudian Zumaiako barrutia mugatzen duten 26 mugarri azpimarratzen dira. Beste plano batzuetan 27 ageri dira; hemen, berriz, ipar-mendebaldean Pikote baserritik gertu baina kostaldetik gertuago dagoena ez da irudikatzen. Edonola ere, espedienterik gabeko plano honek muga edo mugarritzeen gai horrekin zerikusia duela uste dugu.

Era berean, oso ongi azpimarratzen da ibaiaren alboan, bailara eta mendien behekaldean finkatutako biztanleria eta goikaldean, hainbat metroko alturean ezarri diren bizilekuak; goian, baserriez gain, Santa Klara eta mugaz bestalde dauden San Lorentzo, Ibañerrieta eta Elkano ditugu. Behean aldiz, Iraeta, Aizarnazabal, Oikia eta, azkenik, Zumaia; hauek dira populazio gehien biltzen duten guneak.

Irudi honek kontzeptu bat azpimarratzeko balio badu, lurraldearen handitasuna eta “botere gune” sinbolikoaren txikitasun geografikoa da. Hau da, Zumaiako populazio-guneak zein gune zabala kontrolatzen duen.

Iago Irixoa

Bloga

Historia istorioak

Duela
hiru aste ireki zen Untzi Museoko aldibaterako erakusketa berria,
Gipuzkoako itsasaldea artean deiturikoa. Bertan Gipuzkoako itsasaldeko
paisaiaren eta portuen irudikapen grafiko eta piktorikoen bilduma zabala
dago ikusgai, XVI. Mendeko irudietatik hasita gaur egungo
adierazpenetaraino. Honetarako, Untzi Museoak 20 urtetan zehar egin duen
ondare berreskurapena azaleratu egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren
eta beste erakunde ezberdinen obrekin batera. Aurrez publikoan inoiz
erakutsi gabeko bilduma partikularretako lan kopuru eder batek
borobiltzen du erakusketa.

Jarraian, erakusketak eskaintzen diguna lau puntutan laburbildurik:

Lehen eta orain.
Txikitako argazki albumak begiratzera jartzen garenean bezala,
erakusketa honi esker Gipuzkoako kostaldearen bilakaera ikusi eta
jarraitu ahal dezakegu Hondarribiatik hasi eta Mutrikuraino, herriz
herri, eremu geografiko honetan denboraren igaroa hautemanez.

Kostaldeko bizimoduan murgiltzea.
Aipatutako bilakaera hori ez da paisaia fisikora mugatzen. Erakusketa
honetarako hautatu eta bildu diren lanetariko asko ikuspegi
antropologiko eta etnografikotik begiratu ditzakegu. Alegia, paisaia
humanoa, geografia honetan bizi izan diren pertsonak nola bizi izan
ziren: euren ohitura eta ofizioak, azken batean, itsasoarekiko zuten
lotura.

(Gipuzkoako) artearen historian zeharreko bidaia.
Gipuzkoaren kostaldearen lekukotza historikoa ikusiko dugu bertan.
Lekukotza historiko-artistikoa, arte plastikoen dimentsio figuratiboen
bidez emana eta, baita, arteak berak izan duen garapena ere, formei,
estiloei eta espresibitateari dagokionean ere.

Teknika aniztasuna.
Azkenik, bi solairuetan dauden irudikapen grafiko eta piktorikoak
ezberdinak dira, erabilitako inprimatze eta pintura teknikei dagokionez,
prozedura grafikoetan interesa dutenen gozagarri: grabatuak,
litografiak, tinta txinatarra, olio pinturak, urkoloreak, guaxeak,
arkatzak, pastelak,…

Ezagunak diren paisaiak atzemango ditu ikusleak, baina begiratuan ezberdinak dira denak. Horixe da erakusketa honen magia.

Oihana Leunda eta Paula Estévez

Bloga

Bigarren Komunikazio Publikoa

Pasa den urtarrilaren 3an, 2014. urtea hastearekin batera, KMKulturunean azaro amaieratik martxan dagoen Artista Berrien Programaren barruan, Bigarren Komunikazio Publikoa izan zen. Lehena, abenduaren 27an, Areto nagusian izan zen, Ainize Sarasolaren Tarot Night eta Antonio Macarroren A filme- Expedición ikusi ahal izan ziren. Joan den astean, Oier Iruretagoiena, Sahatsa Jauregi, Daniel Mera, Mikel Otxoteko eta Julen Agirreren ekimenak dastatu ahal izan genituen.

Arratsaldeko lehen orduan, Agirrek, bere aretoko marrazkien gerturatze saioa egin zuen, interesa pizten dioten eraikinen irudiak erakutsiz, bere lanen arteko loturak azaltzen zituen bitartean. Bisita gidatu berezia eskaini zuen, bere irudien barruan ikusten duguna eta ikusten ez duguna erakutsi zigun, batetik bestera bidaia egiten genuen bitartean. Zigurat-ak, bista isometriko-axonometrikoak, David Lynch-en aztarnak eta gehiago asmatu genituen paper zuriko ingerada beltzetan.

Ondoren, patiora pasa ginen, talde-lanean arituz aulkiak jarri eta Sahatsa Jauregiren hitzei erreparatu genien. Bere Tabloid lana aurkeztu zen protagonista gisa hasiera batean, baina poliki-poliki, zementu gris eta argazki koloretsuen artean turista bilakatu ginen, inguruko objektu koloretsuak arakatuz, marko bakoitzean istorio ezberdin bat imaginatuz. Halako batean, kameraren mugimendu trakets batek bueltatzen zaitu fikziozko errealitatera; gela huts, hotz, eguzkitsu batean aurkitzen garen horretara, marmolezko lurzorua eta egurrezko aulki beltzak dituen horretara, bakar bakarrik, argiak piztu direnean bueltatuz.

Aulkiak pilatu eta Mikel Otxotekoren intimotasunean murgildu ginen berehala. Ilunpetan testu mutu bat irakurtzera behartu gintuen, ezkerretik eskuinera eta ondoren erdira eta berriz eskuinera, ezkerrean amaitzeko. Lasaitasuna, goxotasuna, isiltasuna. Zarata ezeroso batek gure lekuan jartzen gintuen noizean behin, eta lokartu beharrean, irakurtzen jarraitzen genuen. Amaieran, bertan geratzeko desira bortitza, hitz egiteko ahalmenik edo gogorik gabe. Esfortzu txiki bat egin eta gure gorputzak erakustaretoko beste muturreko iluntasunera arrastatu genituen.

Tartean, ez dut oso ondo oroitzen zein momentutan, Merak, bere instalazioaren berri eman zigun. Bederatzi minutuko bideoa, erakustaretoko eskaileratan, kanpoan, kokatu zuen, loopean, etengabe biraka. Ordurako, artalde moduan mugitzen ginen, denok batera hara eta hona, eta, barne ahots batek esan izan baligu bezala, adostu genuen azken ekimenaren ondoren, taldean joango ginela eskaileratan esertzera.

Kuxinetan burua pausatu eta gorputza luze-luze jarrita hasi zen Oier Iruretagoiena abestiekin jolasean. Abestiak prestatuta ekarri zituenez audizioa omen zen eskaintzen zuena, eta ez kontzertua. Ez dakit zehazki zer zen ukitzen zuena, bolumena, tonua, botoiak… Egiten utzi genion, begiak itxita, buruak eraikitzen. Berrogei minutuz egunerokotasunaren atsedenaldia burutu zen, eta isiltasunarekin, pixkanaka, nor ginen eta zer egin behar genuen ulertu genuen berriro, goizero ohetik jaikitzerakoan bezala.

Arrate Rodriguez

Bloga

Genero-indarkeriaren aurkako borroka negozio bihurtu arte

Azken 10 urteetan 702 emakume dira beren bikoteen edo bikoteoihen eskuetan hildakoak. Bat bakarra izanda ere zenbakia altuegia litzateke. Gaur nazioarteko zerbait “ospatzen” da gertakizun horren inguruan. Zergatik urtean behin bakarrik egiten da hainbeste zarata? zergatik ez da urte osoan zehar gehiago esaten? Genero-indarkeriaren aurkako borroka negozio bihurtuko balitz, bestelakoa izango litzateke, ziur.

Hemendik, emakume guzti horiei guru omenalditxoa egin nahi diegu. Eta guk dakigun era bakarra erabiliko dugu. Dokumentu “zaharrak” erakutsiaz, antzinako gertakizun ahaztuak berpiztuaz eta zigorrik gabeko gizon hiltzailearen arimaren aurkako pentsamenduak elikatuaz.

Beraz, badakizue gure gaurko kontakizun hau nola amaituko den. Gaizki, oso gaizki, ezin okerrago. Josefa Olaskoaga da gure protagonista. Jose Iribarrekin ezkondu behar zen. 1721 urteko arratsalde batean, etxean bazkaldu ondoren, Aiako Endaia baserrirako bidea hartu zuen bere ahizparekin. Erdibidean, lasai egoteko eta berak bakarrik egingo zuela gainontzeko zatia, egin beharrekoak amaitzean itzuliko zela eta berandutuz gero biharamunean joango zela etxera.

Baina Agedak bere ahizpari buruz jaso zuen hurrengo berria “… en el puesto llamado Larreguicoerreca… en una carvonera antigua que se halla quasi pegante al riachuelo…estaba tendida en el suelo y muerta una mujer no conocida tapada y cubierta de cintura havajo con una camisa de lienzo blanco bien tratada y descubierta de pechos con unas mangas del mismo lienzo blanco, que asi mismo tenia puestas sin mas bertuaxe ni otra cosa alguna…“. Zirujauak esandakoaren arabera:”...reconocido el cadaver de la muxer…alla en el una estocada que al pareser emepezo por la boca y siguio por la garganta asta la parte yzquierda del cuello echa con un arma punzante y otra herida sobre el hueso parietal a la parte ezquierda segun de muestra echa con la misma arma, y dos contusiones sobre el hueso coronal echas segun vestixios con instrumento contundente...”.

Jose Iribar hurrengo egunean desagertu zen eta epaileak bere aurkako epaian eman zuen arren honela amaitzen da esku artean dugun bere idatzia: “…debo mandar que en qualquiera parte donde pueda ser havido sea preso y reducido a la caarcel publica de esta villa y dentro de ella sea puesto a question y tormento y en el se le hagan las preguntas que subministraren los autos en razo a si el fue el perpetrador del homicidio de la dicha Josefa de Olascoaga y del robo de sus vestidos…

Amagoia Piá

Bloga Lugorri

Hausbero: 1813-2013 gazteentzako gida

Gaurkotasun gaia ematen du. Tiranoen eskutik lurraldea askatzeko, lurraldea txikitzea. Atzo eta gaur, inork ez du kolokan jartzen askatzaileen interesak, motiboak…

Gaiaren inguruan osatu dugun unitate didaktiko honen helburua, baina, ez zen atzoko eta gaurko gertakizunak alderatzea eta enpatia edo ulermena sortzea. Tira, hori ere bilatzen du, noski. Testuinguru bat eman prozesu historikoak ulertzen laguntzeko.

Halere, unitate hau txikizioaren ondoko egunean kokatzen da. Hauts beroetan. Zero egunaren ondokoan.

Izan ere, Donostia berreraikitzea erabaki zuten orduan.

Lehenik eta behin, borondate irmoa, irauteko gogoa, sugarraren luzapena,… ez zen erraza izango, anabasa, mina, odola, errea, etsipena, eromena,… Donostia ez eraikitzea, Donostia beste toki batera eramatea, Donostia ahaztea,… aukera asko ziren.

Era berean, eraikitzea ez zen guztiz erabaki inuxentea. Eraikitzeko ere ereduak hamaika ziren. Baina lurraren jabeek euren interesak nagusitu eta berriz ere eredu hertsia antolatu zuten. Hori ere gure historia da.

Hirigintza oso erabaki politikoa delako.

Hori ere gaurkotasun handiko gaia da. Hiriaren eredua eztabaidagai izan daitekelako.

Hortaz, hauts beroan jorratu unitate honek horretarako laguntzaile izan nahi du.

Unitateari, baina, balio anitza ere eskatu zitzaion. Horregatik, gida modukoa da ekoiztu duguna. Irakasleentzako gida, haurrek familiarekin edo lagunekin Donostia deskubritzeko gida, edo bisitan etortzen denari gure hiri modernoaren jatorria ezagutzeko gida.

David Zapirain

Bloga Lugorri

Zer egin nahi dugu dakigunarekin?

Azken
10 urteotan informazioaren antolaketa eta hedapena landu dugu.
Informazioa antolatzea zegoen gure lanaren abiapuntua, baina laster
konturatu ginen oso joera desbiazionista genuela! Orain lasaiago gaude,
edukien marketina deitzen baitzaio gure kabuz guk ere jorratu genuen
bidea. Ufa! Eskerrak Pulizziri eta Franki.

Informazioa,
datuak, edukiak, espedienteak… erabilgarritasuna, horizontaltasuna,
ezagutza barraietzea,… artxiboetako, liburutegietako, bildumetako
informazioa ezagutza bihurtu. Aisialdian erabili, kulturan, lanean,
formakuntzan…

Informazioa, esan gabe doa, garesti kotizatzen den gaia dugu. Ezin genuen imajinatu XVIII. mendeko tesi baten amaieran Echelon eta Patriot Act-i buruz hitz egingo genuenik.

Baina
behin aipatzen hasita, nazioarteko zuzenbidea egunero txikitzen den
garai honetan eta seguritatearen izenean zaintza lehenesten den honetan,
informazioaren kontrolari lotutakoak topatzeak ez gaitu harritzen.

Galdera erraza: zeinek zaintzen ditu zaintzaileak? Quis custodiet ipsos custodes? Galdetzen zuen Juvenalek. Horri erantzun zion Alan Moorek. Zorionekoak guk, kudeatzen dugun informazioaren artean komikiak ere badaude eta.

Juvenal
esan dugu, lastima Horatio ez izatea. Aitzakia perfektua baitzen CSItik
NCISera salto egiteko. Laburragoa, ordea NCIS NSAra, ta abiapuntuan
gaude. Zertarako nahi dugu informazioa? Zeinen esku uzten dugu gure
informazioa? Zer egiten dugu guk zure erakundearen informazioarekin?

Zer egin nahi dugu dakigunarekin?

David Zapirain