Bloga

Duela mende erdiko Salbatore jai haiek…(1)

Ederki
gogoratzen ditut jai egun haiek, hura zen hura festa giroa gure
lagunartekoa. Salbatore jaietan ohitura zen bezela herriko kale eta
balkoiak gogoz apainduak agertzen ziren nolanahiko egunak ez zirela
jakinaraziz.

Jaiei
abuztuaren 5eko arratsaldean eman zitzaien hasiera eta ondoren gaueko
ordu batak arte luzatu zen dantzaldia. Ziur bat baino gehiago ederki
luzatu zela festen lehenengo egunean.

Jaietako
egun handia Salbatore Deun eguna izan ohi da, urte horretan ere horrela
suertatu zen. Abuztuaren 6ari goizeko zazpiretako txistulari dianak
eman zion hasiera. Getariako kaletan zehar entzuten zen txistu eta
danbolin hotsek zenbaiten lo goxoa aztoratuko zuen seguruenik. Baina
herriko jaietan nor gelditzen da oheko izara goxoen artean? Ez al dira
kaleko soinuak erakargarriago suertatzen? Beraz, dianari kasu egin eta
bederatzietako kalejirarekin bat egitea onena! Gorputza dantzan esnatu
ondoren, herriko zaindariaren omenezko meza nagusia eta agintarien
mokadua ezin ziren falta gaurko egunez. Goiza borobildu eta gosea
pizteko berriz 12:30tako dantzaldia. Bazkalostean eta indarberrituta
eskupilota partiduaz gozatzeko aukera izan genuen, baina ezin pilotarien
izenak gogoratu… Festa giroan jarraitu eta zein izan ziren ahaztu
zitzaigun eta! Izan ere, zazpiretatik bederatzietara jo eta ke ibili
ginen jazbanak jotzen zituen piezak dantzatuz. Hori da hori sasoia! Su
artifizialen ikuskizunak eman zigun tregua ondo baino hobeto etorri
zitzaigun arnasa berreskuratu eta berriro dantzaldira bueltatzeko.

Abuztuaren
7a, egun handiaren ondorena… gorputza jadanik ez zegoen lehen egunean
bezain fresko, baina goizeko diana hotsa entzun bezain azkar egin genuen
ohetik salto. Salbatore jaiak urtean behin izaten dira eta!
Konturatzerako erraldoi eta buruhandiekin batera ginen kalejiran.
Gainera, bazkalordua baino lehen txontxongilo ikuskizun ederraz
gozatzeko eta dantzaldian zangoak astintzeko aukera izan genuen. Trago
eta mokadu batzuk ere hartu genituen lagunartean; ezin jaiak lagunik
gabe ulertu. Egun hauetako gorabeherek urte osoko kontakizunak bete izan
ohi dituzte gure koadrilan! Elkartean bapo asetu ginen bigarren egunez…
Kontu kontari eta kantuan amaitu genuen bazkaria eta itsas-jokoetaz
gozatzera irten ginen kalera. Berriro ere eguna jazbanaren doinuak
dantzatzen joan zitzaigun, nahiz eta bat edo bestek konpainia topatu
zuen gaua goxotasunean amaitzeko.

Konturatzerako
abuztuaren 8a iritsi zen, jaien azken eguna. Urte osoa Salbatore jaiak
noiz iritsiko zain eta bazihoazen… Eguna aprobetxatu beharko! Diana…
txistu eta danbolin hotsek ez gintuzten egun horretan ohetik hain azkar
altsatu, ordu erdi beranduago izan arren. Hamabietako euskal dantzetara
azaltzea lortu genuen, esnatzen eta indarberritzen lagundu zigun gosari
oparoaren ostean. Ondorengo kontzertua entzuteko gogorik ez eta nahiago
izan genuen indarrak arratsaldeko erromeriarako gorde. Fandango eta
arin-arin doinuek altsarazi gintuzten eta gaueko jazbanak bere azken
notak jo zituen arte ez genuen treguarik izan. Azken jai eguna, azken
notak… Aio Salbatore jaiak, datorren urtera arte!

Oihana Artetxe

(1) 1965eko Salbatore Jaietako festa egitarauan oinarritutako kontakizuna.