Artxiboak

Lazkaomendiko landa eskola

XX. mendearen lehen erdira arte esan daiteke ia inor ez zela herri txiki edota herrixketako eskola eta bertako ume edo gazteen hezkuntzaz arduratu. Oso gutxi ziren ume eskolaratuak, eta hauetako asko sasoi zehatz batzuetan besterik ez ziren joaten, baserrietan lan egitera behartuta baitzeuden. Herrietan bizi zirenek eskola gertuago izatearen abantaila izan ohi zuten, baina mendialdean bizi zirenek eskolarik ere ez zuten gertu. Eskolaratze ezak Lazkaon bertan, beste udalerrietan bezala, analfabetismo maila altua zekarren eskutik. Datuek erakusten duten moduan, Lazkaon 1380 biztanletik 650 inguru ziren analfabetoak, biztanleriaren %47,10 alegia.

Mende hasieratik, erakunde publikoen aldetik auzo edo herrixka urrunenetan ere eskolak sortzeko ahaleginak egiten hasi ziren. Ezin da aipatu gabe utzi XIX amaiera aldera eskola mota hauetako batzuk existitzen zirela euskal lurraldean, baina hauek ez ziren erakunde publikoen bultzadaz ateratakoak. XX. mendera itxaron beharko da erakunde publikoek babestutako landa eskolak agertzen joateko, ekimen partikularrekin batera.

Gauzak honela, 1930ko abenduaren 12an Gipuzkoako Aldundiak landa eskolen eraikuntzarako proiektua aurkeztu zuen, non Aldundia izango zen eskolen eraikuntzan parte hartu eta diruz lagunduko zituen erakunde nagusia. 

Ekimen honen ondorioa izan zen Lazkaomendiko landa eskolaren sorkuntza. Lazkaoko udal akten arabera, 1931ko uztailaren 29ko ohiko bilkuran hartu zen Lazkaomendin landa eskola misto bat jartzeko erabakia, mutil eta neskek ikasgai eta zerbitzu berdinak jasotzen zituzten eskola mota alegia. 1933ko otsailaren 23ko ezohiko bilkuran landa eskola eraikitzeko proiektu eta aurrekontua onartu ziren. Jakin badakigu eskolaren eraikuntza kostua 41.001,28 pezetakoa izan zela. 

Zazpi hilabete beranduago egin zen eraikitze lanen esleipena, 1933ko irailaren 6ko ohiko bilkurako aktak adierazten duenaren arabera. Landa eskola eraikitzeko lanak Telesforo Zabaletari esleitu zitzaizkion.

Eskola martxan jarri zen egunaren aipamen zehatzik ez dagoen arren, pentsa daiteke urte bat beranduago eskola gutxienez bazegoela, 1934eko irailaren 23ko ohiko bilkuran Agueda Lasa Iztuetari eskola eta auzoa garbitzeko agindua eman baitzitzaion. Hala ere, ziur egon gaitezke urte amaiaera arte ez zela klaserik egon, 1934eko urriaren 21eko ohiko bilkuran aipatzen baita eraikuntzarako argiteriaren instalazioa, eta 1934ko abenduaren 2ko ohiko bilkuran hartu baitzen eskolako aurrekontua bideratzeko akordioa.

Xabier Etxeberria

Lazkaomendiko landa eskola izandakoaren eraikina. Iturria: GARMENDIA LARRAÑAGA, J. , MURUA CARTÓN, H., ZABALETA IMAZ, I. (2016): “De la oscuridad de las aulas de los caseríos a las exclusivas y peculiares escuelas rurales de la Diputación de Gipuzkoa (1931-1936)”, Espacios y patrimonio histórico-educativo, 391-417. 

Bibliografia:

  • GARMENDIA LARRAÑAGA, J. , MURUA CARTÓN, H., ZABALETA IMAZ, I. (2016): “De la oscuridad de las aulas de los caseríos a las exclusivas y peculiares escuelas rurales de la Diputación de Gipuzkoa (1931-1936)”, Espacios y patrimonio histórico-educativo, 391-417.