Artxiboak

Lazkaoko udal kontuak XIX. mende amaieran

1882ko otsailaren 21 egun mugitua izan zen Lazkaoko udaletxean. Egun hartan Osoko Bilkura bat ospatu zen. Hau da, herriko alkate eta zinegotziak herriaren eta bere kudeaketaren inguruko erabakiak hartzeko bildu ziren. Garai hartan ia astero elkartzen ziren eta ondorioz, gehienetan bilerak motzak eta landu beharreko gai gutxikoak izaten ziren. Egun hartarako ordea gai oso bereziak gorde ziren.

Batetik, Udalak enkantean ateratzen zituen urtero bai udal arielak jasotzeko eskubidea eta baita udaletxea eta bere baratza alokatzekoak ere. Baina hori baldintza batzuen gainean egin behar zen. Baldintza horiek Osokoak onartu behar zituen, bertan zehazten baitzen enkanterako erabiliko zen formula eta baita onartuko ziren prezioak ere. Hau oso ohikoa bazen ere, Lazkaokoak bazuen berezitasun bat: harategia ere udaletxean bertan zegoen eta hori ere alokairuan ematen zen. Ondorioz, harategia kudeatzeko baldintzak ere erantsi dira bertan. Hauek, benetan kuriosoak, beste berri batean aztertuko ditugu akaso.

Gaurkoan, ordea, egun hartan landutako beste gai bati helduko diogu. Udalak bere aurrekontua ere onartu baitzuen. 1901 urtera arte, erakunde guztien aurrekontuek ez zuten urte naturalarekin bat egiten, baizik eta urte bateko uztaila eta hurrengoko ekainaren bitartean ulertutako ekitaldi ekonomikoak gauzatzen ziren. Hau, legeak aginduta, noski. Honela, 1882 urteko otsailaren 21ean, 1882ko uztaila eta 1883ko ekaina bitarteko ekitaldi ekonomikoaren aurrekontua onartu zen.

Bitxiak dira benetan garai hartan Udalak aurreikusten zituen gastu eta diru-sarrerak (pezetatan denak):

Gastuak
Hezkuntza publikoa 2227,50
Idazkaria 750
Diruzaina 133
Udaltzaina 100
Alondegizaina 25
Agiri ofiziala 31
Gaceta agrícola 30
Consultor del Ayuntamiento 40
Idazkariaren bulegoko materiala 191,50
Soldadutza deialdiak 250
Ogasuna 752
Ongintza 730
Obrak 250
Hauteskundeak 80
Herri-bideak 100
Bapatekoak 270
Guztira gastuak 5960

Diru-sarrerak
Udaletxea eta bere baratzaren alokairua 700
Eskolako etxeko alokairua 47
Ardoaren arielagatik 3000
Goiko zubiko tabernaren zergagatik 300
Beheko zubiko tabernaren zergagatik 200
Izen-emateen interesen ondorioz jasotzekoak 150
Medikuaren garia saltzeagatik 160
Pattarra eta beste likoreen arielagatik 875
Guztira diru sarrerak 5432

Gastuen eta diru-sarreren arteko desberdintasuna kalkulatzen badugu Udalaren aurka 528 pezetako defizita geratzen zen. Baina Udalak ez zuen bere diru-sarreren bidez egoera orekatzen. Gastu guztiei aurre egiteko herritar guztien artean diru kopuru hau biltzea erabaki zuen: banaketa egin zuen.

Erabaki hau ordea behin-behinekoa zen. Guztiz onartua izateko herritarren artean aurkeztu behar zen eta ondoren, alegazioen arabera, onartu edo atzera bota. Erabaki honen inguruan hurrengo egunetan eztabaida egon zen arren, behin-betiko onarpena jaso zuten.

*Irudiak: Lazkaoko Udal Artxiboa