Artxiboak Villabona

Uraren erabilera: “Una mala inteligencia”

Ura beti izan da lehenengo mailako beharra. Gure gorputzaren %75 ura dugu eta horrek, bizitzeko nahitaezko elementu bihurtzen du. Hortaz gain, gure baserrietako larreak mantentzeko ere behar dugu, eta baita gure animalien elikadurarako ere, hau da, gure bizitzako edozer gauzarako behar dugu ura. Beste maila batzuetako gauzetarako ere erabiltzen dugu, higienea mantentzeko, arropa garbitzeko, elikagaiak prestatzeko… Oso baliabide garrantzitsua da eta artxiboan uraren erabilerari buruzko dokumentazio ugari dugu. Oraingoan, Villabonako bizilagunek Udalari egindako eskaera sorta batekin gatoz (sig. 692-02).

Mota desberdinetako eskaerak topatu ditugu, batzuetan baserritarrek euren larreak ureztatu ahal izateko ubide batetik ura hartu nahi dute; beste batzuetan, bizilagunen batek bere lurretan putzu bat du eta horren erabilerarako bide edo lur publikoak okupatu behar ditu; edo bizilagunen arteko liskarrak direla eta, hauek Udalari eskatzen diote arazoari irteera “inteligente” bat bilatzeko. Mota honetako gutun asko daude 1862 urtetik aurrera, baina antzematen da, urteak pasa ahala herritarren beharrak aldatu egiten direla eta beste mota bateko kezkak dituztela. Izan ere, XX. mende hasieratik aurrera, herriko edo kalean bizi diren herritarren eskaerak geroz eta gehiago dira herriko saneamenduagatik eta ur zikinen tratamenduagatik kezkatuta.

Mota horretako eskaeren artean, 1926 urteko abuztuaren 26ko gutun bat aurkitu dugu, herriko harraska publikoaren baldintzen inguruan. Bizilagun desberdinek sinatzen duten eskaera hau, Tokiko Osasun Batzordeari zuzenduta dago eta harraskako ur kutsatuaren arazoa konpontzeko eskatzen diote. Testuak dioenez, ur horniduran aldaketak egon ziren eta ondorioz, harraskako ura, ur-emari gutxi zuen ubide batetik iristen zen: “una mala inteligencia en la distribución de las aguas ha sido la causa de los hechos que sometemos a la consideración de esa Junta”. Horrek bi arazo nagusi suposatu zituen, batetik, ur hori oso erraz kutsatu zitekeela abereengatik eta bertatik pasatzen ziren gurdiengatik, pertsonen osasunari kalte larriak eragiteko arriskuarekin. Eta beste alde batetik, estolda nagusiko hondakinak eramateko indar gutxi zuen ubideak, eta horrek usain jasanezinak eragiten zituen. Bizilagunek euren gutunean, aldaketen aurreko egoerara bueltatzeko eskatzen dute, hau da, harraska iturburuetako urarekin hornitzeko eskatzen dute.

Dokumentu sorta honetako beste eskaera baten bidez jakin dezakegu, Udalak bizilagun hauen eskaerari erantzun pozgarria eman ziela.

Amaia Mendizabal