Bloga Liburutegiak

Kontrabandoa Hondarribiko liburutegian

Pierre Loti idazle frantsesaren heriotzaren mendeurrena 2023an ospatu genuen. Idazle honen lanak munduko literaturan oihartzun handia izaten jarraitzen du. Lotiren eleberriak urrutiko herrialde eta lurraldeei buruzkoak izan ziren, baina “Ramuntcho” eleberriarekin ohitura horrekin apurtu zuen. Bertan, Ipar Euskal Herriko ohitura eta usadioen goraipamena egiten du. Gai korapilatsuak ere jorratzen ditu, hala nola kontrabandoa, liburuan zehar berebiziko garrantzia harturik.

Kontrabandoaren gaia aztertuz, Hondarribiko hiru eskolekin elkarlanean egindako proiektu batean murgilduta ibili gara. Ikasleei kontrabandoaren gaia ulertzeko jarduera batzuk prestatu genituen.

Lehendabizi, Rosa Arburua historialariak, eskoletan kontrabandoaren ikuspegi sakona ulertzeko hitzaldi bat eskaini zuen. Gero, ikasleak etxean elkarrizketak egitera animatu genituen, familiekin hitz eginez ezkutuko istorioak eta kontrabandoarekin lotutako esperientziak entzun eta jaso asmoz.

Azkenik liburutegian talde dinamika bat burutu zen, non 12 eta 13 urteko 180 ikasle (bi txandatan) elkarrekin nahastuta aritu ziren lanean. Kontrabandoari buruzko ezagutzekin lan egin zuten, elkarrekin ideiak trukatuz eta gaia jorratuz. Momentu jakin batean, taldez aldatu ziren kontrabandoaren esanahiari kasu egin eta gaian barneratuz aktiboki, merkantzia zein pentsamenduen trukea gauzatzeko.

Emaitza, paperean islatuta liburuxka moduan, parte hartzaile guztiei banatu genien eta liburutegiaren parte ere izan direnez bertako funtsa bezala ere gorde dugu denon eskura egon dadin aurrerantzean. Interneten ere eskuragarri dago hemen. Beste aldetik, gazte guztiak grabatu genituen beraiek kontrabandoarekin egin zuten lotura hitz batean deskribatzeko eskatuta eta bideo hau ere lotura honetan duzue ikusgai. Emaitza hauek gazte horiek iragana lurpetik ateratzeko eta berrinterpretatzeko egindako ahalegin kolektiboa islatzen dute, belaunaldien arteko zubiak sortuz eta tokiko historiaren aberastasuna sendotuz.

Nekane Barandiaran