Artxiboak

Kultu eta elizgizonen kontribuzioari Abaltzisketak ez

“Marca la x a favor de la Iglesia” entzutean askori belarri batetik sartu eta bestetik irtetzeen zaigu baina XIX. mendean kontuak beste garrantzi bat zuen.  Elizari ordaindu beharreko tributua kristau onen eginbeharretako bat zen, baina, ez hori bakarrik, zer eta nola ordainduk ere eztabaidak sortzen baitzituen.

1869 urtean Hondarribian ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiak hamarrena kendu eta kultu eta elizgizonen kontribuzioa (Contribución de Culto y Clero) martxan jartzeko erabakia hartu zuen. Aldaketa honen helburua orain arte herri bakoitzak bere modura biltzen zuen zerga bati uniformetasuna ematea zen. Horrez gain, parrokoen soldata erregulatu eta abadeen kopurua herriaren biztanleriara egokitu zen. Estatu mailan hamarrenaren kentzeko akordioa 1837 urtean hartu zen baina gerra karlistak zirela eta ez zen martxan jarri 1841 urte arte.[1]  Beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusiak ez zuen ezer berririk asmatu. Egun, aldaketa hauek arrazoizkoak iruditu arren, leku askotan 1869an iritzia bestelakoa izan zen.

Horietako herri bat Abaltzisketa izan zen. Udalak 1869ko abuztuaren 20ko Osoko Bilkuran Gipuzkoako Batzar Nagusiak hartutako erabakia mahi gainean jarri zuen eta Udalaren akordioa aho batez dena segoen bezala ustea izan zen.

Abaltzisketako Udal Artxiboa. Signatura: 0003-9_021

Egun batzuk beranduago Aldundiari gutun bat bidaltzea onartu zen gaiari buruzko iritzia azaltzeko asmoz. Laburbilduz, Udalbatzaren iritziz, Eliza kontuetan gobernu zibilak ez zuen zeresanik. Hortaz, Gotzainak agindua eman arte hauek lehen bezalaxe jarraituko zuten ordaintzen. Jakina, Gasteizeko Gotzaina Batzar Nagusiak martxan jarritako kultu eta elizgizonen kontribuzioa ez zuen gogoko. 

Abaltzisketako Udalak erabakia tinko hartuta, ez zuen kultu eta elizgizonen kontribuzioa martxan jartzeko asmorik. Hori dela eta, Aldundiak instantzia eta oharrak bidali zizkion hainbat hilabetez. 1869ko Irailean José Manuel Olascoaga Diputatu Nagusiaren gutuna ere jaso zuten, desobedientzia jarraituz gero neurriak hartu beharko zituela abisatuz, baina Udalaren erantzuna beti berdina zen: ezekoa.

Eztabaida hau 1870ko maiatzaren 7an ebatzi zen, izan ere,  lehen auzialdiko epaileak Udalak bertan behera utzi zuen. Honen ondorioz, Abaltzisketan behin behineko Udala osatu behar izan zen eta, nola ez, gobernu honek hartu zuen lehen erabakia kultu eta elizgizonen aurrekontuen onarpena izan zen.  


[1] http://www.gipuzkoamuseobirtuala.net/teselas90eb.html?id_teselas=210