Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 3.5 Fisika – Haiti

Will Smithi, ala bere lagunen bati, Alexander Dumas beltza zela entzun genion. Ez genion sinetsi. Gero, Tom Reissen The black count irakurri genuen. Haitiko iraultzaile abolizionistek Napoleonen armada garaitu zutela ere nekez sinistuko duzue; agian Alejo Carpentierren El reino de este mundo edo El siglo de las luces irakurtzen pasako zaizue.

Pasako ez dena da, ordea, Haitik mundu pobrezian duen rankiña. Horrekin ba al du zer ikusirik Colonek bertan lurra hartu izanak eta, esan bezala, iraultza frantsesaren garaian esklabo beltz batzuk bertan progresoen ideiari heldu nahi izateak? kasualitatea ala kausalitatea?

Halere, harrigarriagoa da 1795ean Frantzia eta Espainiak Haiti erdia (egungo Errepublika Dominikarra) eta Gipuzkoa elkarrekin trukatu izana.

Alegia, Konbentzioneko gerra bitartean, Gipuzkoako agintariek Gipuzkoa Gaztelako korotik banandu zuten. Gertakizuna objektiboa da. Getarian bildu ziren Batzar Nagusiek hala erabaki zuten. Bitxia da, 1397an Getarian ere hasi baitzen gorpuzten Gipuzkoa lurralde politiko gisa.

Historialariek gutxietsi egin dute gertakizun hori. Zilegitasuna kendu diote. Horretarako, gerora Debagoienan bultzatu kontrako mugimendua goraipatu dute; edo, independientzia aldarrikatu eta Errepublikarekin bategitea lideratu zutenei errepresentatibitate falta egotzi diete. Tartean Berroeta-Zarautz-Aldamar edo Zuaznabar bezalako izenak egoteak ez omen die ezer esaten.

Gipuzkoak eskatu foruak, erlijioa, milizia eta abar Frantziako Errepublikak inoiz ez lukeela onartuko, eta ez zutela onartu, esango dute gainera. Moncey jeneralaren hausnarketa ere ez zaie aski iruditzen:

Ondo ala gaizki atera, gure ustez esanguratsuena da teoria politikoak praktikara eramateko gaitasuna izan zutela. Jakina, interes zehatzen arabera. Hau da, gainontzeko guztiek bezala. Ez baitago praktika politiko naturalik. Indar harremanek sortzen dituzten abaguneak eta erabakiak baizik.

Bestalde, episodio hau perspektiba historikoan jartzea ere badago: hala Garaten proiektua nola Bakea eta Foruak leloaren ildo berean, hain zuzen ere. Bigarren horretan, gainera, Berroeta-Zarautz topatzen dugu berriro. Aita 1793an Larralde-Diustegirekin nola, semea orain Harizpekin hala.

Azkenik, Konbentzio gerraren bestelako eragina soziala izan zen. Bi esparrutan. Lehena, gerra gastuak Gipuzkoak berak ordaindu zituen; Godoyentzat gertatutakoak oso nabarmena izan zela ematen du eta. Ordainketa nola? Udal jabetzak eta ondazilegiak pribatizatzen. Eta, beraz, tokiko komunitateek babeserako zituen ondasunak gutxitzen. XIX. mendean zehar areagotuko dena: ondazilegiak pribatizatzea gerra-zorra ordaintze aldera.

Bigarrena, segurtasun falta eta lan egiteko aukera eza medio, bidelapurren urrezko aroa.

EHko XVIII. mendearen nondik norakoak berridazketa oso bat merezi du; patrizioen arteko harremanak eta zuzendaritza politiko-ekonomikoan izandako iraupena barne. Imizcozen lanen ildotik, esaterako. Edo Cécile Mary Trojan-en bidetik: L’écriture de l’amitiè dans l’Espagne des Kumières; la RSBAP d’apres la source épistolaire 1748-1775. Press Universitaires du mirail, 2004.

Erlazionatutako artikulua etzi.pm atarian
Irudiaren jatorria: turismovasco.com