Liburutegiak

Armagintza eskolaren funtsa katalogatzen Portalean

Eibarreko liburutegian uda hasieratik hona aritu gara lanean Portalea eraikinean, lehengo arma fabrika zaharrean berreraikitako kultura-etxe laberintiko honetan. Bertan Armeria Eskolako XX. mendeko liburutegiko funtsa katalogatzen ari gara. Azken dokumentuekin gabiltza jada, amaitzear dugun lantxo honetan. Hauek batez ere ingeniaritza munduko testu-liburu, aldizkari eta katalogoak dira.

Azken apalategietan Estatu Batuetako pasa den mende hasierako enpresa askoren katalogoak aurki ditzakegu, eskuz egindako ilustrazio ederrekin apaindutako katalogoak dira. Gainera, Eibarrek 50. eta 60. hamarkadetan edukitako hazkunde industriala funts honetako dokumentuetan irudikatzen da, bertako enpresen txostenak, esku-liburuak eta aktak direla medio. Eibarren maila handiko teknologia ingeniariak zituztela ezin da zalantzan jarri!

Armagintzaren inguruan ez da gauza handirik agertu, atal horren inguruko dokumentazioa Armagintza Museoan baitago.


Andoni Olaetxea