Artxiboak

Meatzeak, mundu ezkutu bat?

zArditurriko meatzeek ez
dute aurkezpen handirik behar. Milaka urteetan zehar izan duten
erabileraz gain, duela hainbat denbora abian jarritako interpretazio
zentruak beraien ohiartzuna areagotu egin du. Toponimia arloan ere
jarduera horrek arrastoak utzi du, eta horren adierazle dira “Gazteluko
meatzea”, “Gazteluko meatze zuria”, “Matxin-meatze”, “Meatzegorrieta”
edo “Meatzezuloeta” bezalako leku-izenak.

Dirudienez,
erromatarrek burdinari jaramon handirik ez zioten egin, beste metal
batzuetan interesaturik baitzeuden. Modu honetan, Erdi Aroan Aiako
Harrian material haren erretserbak ia oso-osorik zeuden. XIII. mendeko
bigarren erdialdetik meatzeen ustiaketak garrantzia nabarmena eskuratu
zuela ematen du, inguruetako ibai, lats, erreka edo errekastoean
ezartzen joan ziren ur-olek ongi islatzen duten moduan. Horren lekuko,
erregeak emandako Burdinolen Forua dugu. Araudi hau jaso zuten
lehenengoak Irun eta Oiartzungo olagizonak izan ziren 1328an, nahiz eta
denbora gutxian, handik hamar urtera hain zuzen ere, Gipuzkoako lurralde
osora hedatu. Egia da burdin-mea gehiena inportatu egiten zela, baina
ez dugu ahaztu behar bertakoa gertuen eta eskura zegoela; hortaz, horrek
ere bere eragina izango zuen araudi hori jasotzerako garaian.

1.- Mineral ustiaketa, erregearen esku

Meatzeak
erregalia ziren. Monarkia aginte gorena zuen erakundea izaki, hainbat
esparru eta baliabideren gainean berezko zituen edo berarenak bakarrik
ziren pribilegioak aitortu zitzaizkion, meatzeak horiek artean.
Funtsean, mea ateratzeko baimena emateagatik sari jakin bat jasotzean
zetzan, dirutan zein metaletan. Honek esan nahi du erregea zela
esparruaren gaineko kontrola eta azken hitza zuena.

Hau
hala izanik ere, burdina lurretik ateratzearen inguruko mundua anitza
zela esan daiteke. Erregeak ez zuen gaia zuzenean kontrolatzen eta
zegokiona kobratzearekin nahikoa zuen. Egunerokotasunean, beraz, hamaika
egoera eman ziren: batzuetan meatzeen jabetza herriarena zen, eta auzo
guztiek eskubidea zuten inguruetara hurbildu eta horiek ustiatzeko.
Baina besteetan, denborak aurrera egin ahala, jabetasunak
pribatutasunerantz jo zuen, eta pertsona ezberdinak ziren ondasun hori
kudeatzen zutenak, lan-hitzarmenak sinatuz.

Meatzaritza
munduak, harekin estuki lotutako burdinolekin gertatu bezala, legedi
goiztiarra izan zuen. Nahiz eta korrejidorea mundu horri lotutako
kontuak epaitu eta aztertzen zituena izan, hainbat lekutan meatzariek
garrantzia handia eskuratu zuten. Arrasaten, adibidez, lanbideak berezko
kofradia edo elkarte bat sortu zuen, eta meatzaritzari lotutako hainbat
esparru oso goiz arautzen hasi ziren, 1434 urtea baino lehenago.

Esan
bezala, monarka zen metal-gune horiek ustiatzeko baimena ematen zuena,
gerora Probintziak hori berretsi behar bazuen ere. Erdi Aro eta XVI.
mendean zehar ez dirudi erregeek halako askorik eman zutenik, baina
Oiartzungo udal aktek horren inguruko adibide bat ematen digute, 1706
urtekoa. Orduan Migel Justizkoa erregearen aurrean aurkeztu zen,
Oiartzungo mendietan zeuden “berun, kobre, zilar eta urre” meak bilatu,
aurkitu eta ustiatzeko asmoz. Monarkak plangintza begi onez ikusi zuen
eta baimena eman zion, urriaren 22ko errege-zedula bidez. Bertan,
jarduera hori bideratzeko Justizek beharrezko zituen putzu eta zundaketa
lanetan inolako trabarik jarri ez ziezaioten agintzen zion Bailarari.
Migelek Aldundiaren aurrean aurkeztu zuen dokumentua. Probintzia
ikerketa lanetan hasi zen berehala, jarduera hori Bailararen (eta
Probintzia beraren) kaltetan zihoan ala ez jakiteko asmoz: Agidanez,
azaroaren 28an Oiartzunek emandako erantzuna ikusita, ez zen inolako
eragozpenik ikusi (A-1-13-1, 264 au.-264 at).

2.- Aiako Harriak, herri ezberdinetako meatzarien liskar leku

Meatzaritza
Oiartzuni estuki lotutako gaia bada ere, aktetan topatutako aipamen edo
berriak ez dira ugariak. Horietako hainbatek izaera negatiboa dute,
erran nahi baita Aiako Harrietako lurretan eskumenak zituzten herrietako
auzoen arteko liskarrak emandakoak direla. Gunea herri ezberdinen
arteko mugetan egonik, ohikoa zen batekoen eta bestekoen arteko
eztabaidak sortzea, hala nola Irunen eta Bailarako meatze-gizonen
artekoak. Halakoak 1672, 1679, 1687 edo 1694 urteetan agerikoak dira:
1679ko abuztuan, adibidez, udalbatzak Juan Ribera eta Juan Albisturren
aldeko ordainketa-gutuna eman zuen, Bailararen jurisdikziopeko
meatzetara joan eta bertan topatu zituzten Irungo sei meatzari preso
hartzeagatik (A-1-3-3, 102 at.-104 au.). Hainbat urte berandugo berriz,
1694an, Joanes Makutso oiartzuarrak Aiako Harrietan ustiatzen zuen
meatzean jazotakoa azaltzen zaigu. Dirudienez, Gabriel Irigoienek eta
Irungo beste hainbat auzok hark ateratako mea hartu eta Lesakako Erkazti
burdinolako olagizonari saldu zioten. Kontuak ohiko salaketarako
aitzakia emanik ere, uste baino garrantzia handiagoa zuen, txertatzen
zen testuingurua zela eta. Ordurako Irun eta Oiartzunen arteko tentsioak
agerikoak ziren eta aurreko hilabeteetan herri bateko zein besteko
justiziek aurkariaren meatzarien atxiloketa eta ondasunen bahiturak
burutzen ari ziren.

“…diferentes
cargohauientes de la vnibersidad de Yrun, con comisio´n de la justicia
de Fuenterrabía, ha llebado pressos a algunos menaqueros del Valle que
trabajaban en sacar mena en dicho puesto [Aiako Harrian] y enbargádoles
la bena que tenían echa, como por lo conseguiente la justicia del Valle
ha hecho cautura de diferentes vecinos de Yrun, menaqueros, en el mismo
puesto, y traídolos presos a la cárzel del juzgado de dicho Valle y
enbargádoseles sus bienes” (A-1-8-2, 96 au.-96 at.)

Tentsio
hauek direla eta, gaia Batzar Nagusietan eta errege-auzialdietan
jorratzen hasi zen. Arazoa konpondu bitartean egoerak lehenera egiteko
agindua eman zen, herriek inolako justizia-jardunik burutu gabe egon
beharko zutelarik eta meatzariek beraien jarduna normaltasunez
jorratzeko aukera izango zutelarik. Justizen kasua ikusita, ordea,
mandatu horiek ez zuten eragin handirik izan; ez behintzat meatzeetan
lan egiten zutenen artean.

3.- Meatzariak, Oiartzungo gizartearen parte

Kaletar,
baserritar, ikazkin, olagizon, artzain, unai, behizain eta
bestelakoekin batera, meatzariak Bailarako gizarteko zati ziren, Modu
honetan, udalbatzarentzat ia etengabeko buruhaustea zen bideen
konponketan, antolatzen ziren auzolanetan parte hartzen zuten. Honen
arabera, meatzariek Ergoien aldean bizi edo denbora dezente ematen
zutela dirudi. 1691an adibidez, Olaizola-garrika, “Olaizes-egurregi” eta
Eizagirretik Madariegira bitarteko biztanle eta meatzariei, Sangio edo
Zaingiriko bidea konpontzeko lanetara deitu zitzaien; 1692, berriz,
meatzari, ikazkin eta Ergoiengo auzoak Aiako Harriko eta Gaztelu
barrutiko bideak lamatzera bidali ziren (A-1-7-1, 139 au.-140 au.; eta
A-1-7-2, 169 au.-169 at.)

Behargin
guztien beharra zegoen halako lanetan, bereziki bideak zabaldu edo
handitu nahi zirenean. Meatzariei dagokienez, beraien lanabesak haitzak
puskatzeko oso aproposak ziren, eta horren lekuko dugu 1701 urte
hasierako adibidea. Udalbatzak, bideen konponketa-lanetara aritu behar
zirenak Zistiaga etxera joateko agindua eman zuen. Mandatuaren arabera,
auzoak aitzurrekin joango ziren; itzainak aldiz, idiekin; mandazainak,
zelabereekin; eta azkenik, hargin eta meatzariak harpiko, burdinaga eta
borrekin.

“acudan
todos los menaqueros d’este dicho Valle al puesto y caminos de Sanguio
con sus arpicos y palancas, para adrezar dicho camino y ronper vnas
peñas…” (1691. urtea; A-1-7-1, 140 au.)

4.- Bertako mearen esportazioa, etengabeko arriskua

Burdinolen
lehengai moduan Bizkaiko mineralak lehentasuna izan zuen, hainbat
faktore direla eta: lortzeko erraztasun handiagoa, kalitate hobea eta
Gipuzkoan bertan behar adina mineralik ez zegoela, besteak beste. On
Manuel Lekuona zenak bere Oiartzuni buruzko monografiaren 80 orrialdean,
mearen inportazioari buruzko hainbat datu ematen zituen, 1698an zehar
udalbatzarretan gaia jorratu zela adieraziz. Baina hori guztia hala
izanik ere, horrek ez du esan nahi Gipuzkoan zegoen minerala erabiltzen
ez zenik.

Probintziak
etengabeko ardura izango du bertako meari babesa ematerako garaian eta,
bereziki, Gipuzkoako burdinolei minerala erabiltzeko lehentasuna
ematerakoan. Hau dela eta, ez da harritzekoa aktek burdin esportazioa
debekatzen duten neurrien berri ematea. Are gehiago, liburuetan meatze
munduarekin zerikusia duten lehenengo aipamenak XVII. mendearen bigarren
erdialdekoak dira, eta debeku horren inguruan dihardute.

Probintziak
mea esportatzeko debekua plazaratu zuten 1664 aldera. Bailarako
olagizon eta burdinola jabeentzat onuragarria zen neurria ordea, ez zen
guztien gustuko izan. Erabaki horrek Bailarako meatzariei kalte egiten
zien, gertu zituzten Nafarroako burdinolekin negozio bikaina baitzuten.
Horren lekuko dugu gorago aipatu dugun Makutsoren kasua, baina Lesakako
Erkazti burdinolaz gain, Artikutzakoak ere interesa zuen Oiartzungo meaz
hornitzeko. Honen aurrean debekua saihesten ahalegindu ziren eta
segituan Bailarak Probintziara kexuak adierazi zituen, mea esportazio
horrek bere burdinoletan eragiten zuen kaltea zela. Bailarak argudiatzen
zuenaren arabera, kanporanzko bidea baimentzekotan, bertakoek lehengai
kopuru txikiagoa izango zuketen eta horrez gain, prezioek goranzko
bideari ekingo zioten (A-1-1-2, 5. foliazioa, 19 au.-20 at. eta 32
au.-33 au.).

Probintziaren
xedapenek epe laburrean eragina izan zutela ematen du, baina luzera
mendeetako joera etetea zaila suertatu zen. Aurreko debekua eta hogeita
hamar urtera, 1692an, mea-esportazioak eragiten zuen egoeraren larria
azpimarratzen zen, meatzeak bukatzen ari zirelako eta burdinolentzako
kalte handia zekarrelako: “atento se rreconoce que las meneras se ban
acauando y sino se pone esta prouidencia, en breue se acauarán las
dichas meneras y se quedarían las herrerías sin materiales” (A-1-7-2, 10
au.-10 at.). Agindua berriz ere 1696an eman zen, betetzen ez zelaren
seinale, baina egia da ondorengo urteetan gaiari lotutako informaziorik
ez dugula.

5.- Izen eta protagonista batzuk

Olagizon,
ikazkin eta mendietan, baso eta oihanen ilunetan, lan egiten zuten
beste beharginen antzera, meatzarien bizitzaren nondik norakoen berri
askorik ez dago. Datuak ateratzeko udal aktez haratago doan
dokumentazioa kontsultatu beharko genuke, notario-protokoloak eta
bereziki, auziak. Edonola ere, udalbatzak hartutako erabakien ondotik
informazioa ez da guztiz antzua, eta datu bat izanez gero, haritik
tiraka beste hainbat topatzeko aukerak egon daitezke.

Mea
esportatzeko debekuei esker adibidez, meatzari horien izen batzuk
plazaratzen zaizkigu. Arrazoia, logikoa da: udalbatzak hartutako
erabakien jakinarazpenak akta-liburuetan erregistratzen ziren eta
horietan pertsona jakin batzuen izenak jaso egiten ziren. Halako kasua
1664 urtekoa dugu, honako meatzariak aipatzen direlarik:

– Sebastian Arburu

– Juan Etx[…]

– Felipe Intxaurrandieta

– Juanes Isasa

– Martin Perez Pikabe

– Migel Pikabe

– Martin Perez Altamira

– Juan Olaziregi Arain, gaztea

– Juan Goronezbere (?), Juan G[…]agakoaren morroia

– Bonifazio Etxebeste

– Juanes Ibarburu Beroaltza

– Pedro Maia

– Pedro Isasti

– Juan Makutso Algorri

– Juanes Errekarte, Pedro Larrearen morroia

– Juanes Inda, Pedro Larrearen morroia

Gehienei
buruz ez dugu daturik eta batzuetan beraien izen-abizenek informazioa
jakitea zailtzen dute, garaiko homonimia dela eta. Adibidez, Juanes
Ibarburu bat alkate dugu 1691 eta 1695ean, eta alkateorde 1681ean;
halaber, Sebastian Arburu bat, 1664an “gazte” moduan aipatzen dena,
1677ko haragi hornitzailearen fidatzaileetako bat izan zela. Ezin
ziurtatu, ordea, datuek meatzarien artean agertzen zaizkigun bi
lagunekin lotuta dauden ala ez.

Batzuetan,
berriz, informazioa agerikoa da. Juan Olaziregi Arain gaztea, adibidez,
1674an Iturriozko pisuzain izendatu zen. Pedro Larrearen morroi den
Juanes Inda, berriz, 1701ean dugu. Orduan udalbatzak bere aldeko
ordainketa agindu zuen, erregearen etorrera zela eta bideen
konponketa-lanetan harpiko eta beste lanabesetan izandako kalteengatik.
Baina adibide guzttietan adierazgarriena, zalantzarik gabe, Bonifazio
Etxebesterena dugu. Bere kasuak meatzari eta olagizonen artean zegoen
lotura estua islatzen du, Olaberria burdinolako errentari izan baitzen
1686-1688, 1695-1696, 1701 eta 1705 urteetan gutxienez. Horrez gain,
hainbat mendi-sail enkantean lortu zituen eta 1704an udalbatzak
mendi-ikuskatzaile moduan izendatua izan zuen. Lan mundutik kanpoko
berriei dagokienez, 1689an kapare edo aitonseme moduan aitortu zitzaiola
azpimarratu dezakegu.

Azkenik,
datu azpimarragarri bat meatzarientzat morroi lanetan zihardutenen
ingurukoa da. Aurreko zerrendan egoera horretan daudenak hainbat lagun
dira. Ez da harritzekoa, garaiko gizartean guztiz errotutako kontua
baitzen, beste hainbat ogibidek islatzen duten moduan. Baina informazio
hori 1701 urtean bideak konpontzeko emandako mandatuarekin lotu
dezakegu. Azken honetan datu deigarri bat aditzera ematen da: langileei,
beraien ordez umerik bidali ez zezatela agintzen zitzaien (A-1-11-1, 25
au.). Agidanez, auzolanetan aritu behar zirenek beraien negozioari
lehentasuna ematen zioten, komunitatearekin zuten konpromisoari baino;
baita meatzarien kasuan ere.

Iago Irixoa